Revision 14141 of "Ekonomia politikoareneta tributazioaren printzipioak" on euwikisource{{header|title=Ekonomia politikoareneta tributazioaren printzipioak|author=David Ricardo|previous=|next=|section=|year=1817|translator=Beleren Bakaikoa|notes=[https://www.ehu.eus/ehg/klasikoak/ Klasikoen Bildumaren] parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu [[:Kategoria:Klasikoen bilduma]]}}
<div class="text">
{{c|{{font|David Ricardo|LT=200}}}}
{{c|{{font|'''Ekonomia politikoaren eta tributazioaren printzipioak'''|LT=300}}}}
{{Custom rule|sp|40|d|4|sp|5|c|10|sp|5|d|4|sp|40}}
{{c|{{font|Itzultzailea:Baleren Bakaikoa|LT=140}}}}
{{c|{{font|Klasikoen bilduma|LT=120}}}}
{{Custom rule|sp|40|d|4|sp|5|c|10|sp|5|d|4|sp|40}}
{{c|{{font|Aurkibidea|LT=140}}}}
* [[Ekonomia politikoaren eta tributazioaren printzipioak/Hitzaurrea|Hitzaurrea]] (Milagros García Crespo)
* [[Ekonomia politikoaren eta tributazioaren printzipioak/Bibliografia|Bibliografia]]
egilearen hitzaurrea
Lurraren ekoizpena, hau da, lurrazaletik eratorritako guztia, lana, makineria eta kapitala hirurak batera erabiliz, komunitateko hurrengo hiru klaseen artean banatzen da: lurraren jabea, stock edo lantzeko beharrezkoa den kapitalaren jabea eta lantzeko erabiltzen diren langileen artean.
Halaber, gizartearen garai desberdinetan, lurraren ekoizpen guztia hiru klase hauen artean esleitu da, eta klase bakoitzak eskuratutakoari errenta, irabazia edo alokairua deitu zaio, hirurak diferenteak izango direlarik; bestalde, ekoizpen hau, gaur egungo lurraren emankortasun, kapital-metaketa eta populazioaren menpe egongo da, baita trebetasun, erraztasun eta nekazaritzan enplegatzen diren lanabesen menpe ere.
Ekonomia politikoaren arazo nagusia, ekoizpenaren banaketa erabakitzen duten legeak ezagutzean datza: Turgot, Stuart, Smith, Say, Sismondi eta beste batzuek zientzia asko hobetu duten arren, oso informazio gutxi eman digute errentaren, irabazien eta alokairuen bilakaerari buruz.
1815ean, Malthus jaunaren Inquiry into the Nature and Progress of Rent eta Oxfordeko University Collegeeko lankide baten Essay on the Application of Capital to Land, ia une berean idatzitako bi lan hauek aurkeztu zioten munduari errentaren benetako doktrina: honen ezagutzarik gabe ezinezkoa da aberastasunaren bilakaerak irabazi eta alokairuen gain duen eragina ulertzea, ezta behar den bezala azaltzea ere zergapetzeak duen eragina komunitateko klase desberdinen gain, bereziki, zergatzen diren merkantziak lurretik berehala datozenak direnean. Adam Smithek eta aipatu ditudan beste idazle trebe batzuek ez dituzte zuzen ikusi errentaren printzipioak, eta nire ustez, egia garrantzitsu asko azaletik pasa dituzte; errenta behar den bezala ulertu izan balute, ordea, horrelakorik ez zen gertatuko.
Hutsune hau behar den moduan gainditzeko, hurrengo orrialde hauek idatzi dituen idazlearen trebetasunak, berez daukana baino handiagoa izan beharko luke; hala ere, gai honi ahalik eta arreta gehien eskaini ondoren -gorago aipatutako idazle ospetsuen laguntzari esker, hala nola azken urteetan eta epe laburrean burutu diren gertakizun ugariek egungo belaunaldiari eskainitako eskarmentu baliagarria eskuratu ondoren-, ez du uste harrokeria izango denik irabaziak eta alokairuak erregulatzen dituzten legeei eta zergen eragiketei buruzko bere iritziak azaltzea. Berak uste dituen printzipioak zuzenak badira, trebeagoak diren beste batzuen esku egongo da ondorio garrantzitsu guztiak aurkitzea.
Egileak, jasotako iritziak eztabaidatzean, egokia ikusi du Adam Smithen idazkien pasarteak aipatzea bien arteko desberdintasunak nabarmenak direnean; baina horrek ez du pentsarazi behar Smith doktorearen lan sakonaren jarraitzaile eta miresle ez denik, Ekonomia politikoari ekarpen eskergak onartu dizkioten beste egile asko bezala.
Gauza bera esan daiteke Say jaunaren lan paregabeari buruz, Smithen printzipioak erabat zuzen erabili dituen Kontinenteko lehen idazlea edo lehenetarikoa izateaz gain, beste inork baino gehiago egin baitu honelako sistema argi eta onuragarria Europako nazioetan aholkatzeko. Gainera, zientzia hau era logiko eta irakasgarriagoan ipini du, baita eztabaida jatorrizko, zuhur eta sakon ugarirekin aberastu ere1. Baina jaun honen lanekiko errespetuak ez du idazlea baldintzatu pentsatzen dituen irazkinak askatasun osoz egiteko, zientzia honentzat onuragarria baita honela ekitea; eta egin ere honela egin da Economie Politique-n ikuspuntu desberdinak azaltzen diren pasarte guztietan.
Hirugarren argitalpenari egindako oharra
Argitalpen honetan Balioari buruzko zailtasunak aurrekoan baino sakontasun handiagoz azaltzen saiatu naiz; hori dela-eta, zenbait gehigarri erantsi dizkiot lehenengo kapituluari. Makineriari buruzko kapitulu berri bat ere sartu dut oraingo honetan, baita makineriaren hobekuntzak estatuko klase desberdinen interesen gain duen eraginari buruzkoa ere. Balio eta Aberastasunaren arteko Ezaugarri Bereziei buruzko kapituluan, Say jaunak gai garrantzitsu honen inguruan dituen doktrinak aztertu ditut, eta bere laugarren eta azken argitalpenean egindako aldaketak ere kontuan hartu ditut. Azken kapituluan, lehen egin nuena baino zuhurrago azaltzen saiatu naiz herrialde batek diruzko zerga gehigarri bat ordaintzeko duen gaitasuna, bere merkantzien diruzko balio agregatuak jaitsi egin behar badu ere; eta hau hala gertatzen da herrialde honetan laborea ekoizteko behar den lan-kantitatea, hobekuntzak egin direla- -eta, gutxitu delako, edo laborearen zati bat atzerritik merkeago ekartzen delako, honen ordez fabrikatutako merkantziak esportatuta. Kontsiderazio hau garrantzi handikoa da, agerian uzten baitu atzerriko laborea neurririk gabe inportatzeko auzia, batez ere Nazio-zor handia izatearen ondorioz, diruzko zerga finko astunak dituen herrian. Frogatzen saiatu naiz, halaber, zergak ordaintzearen gaitasuna ez dagoela merkantzien diruzko balio gordinaren menpe, ezta lurjabe eta kapitalisten diruzko sarreren balio netoaren menpe ere; aitzitik, biztanle bakoitzak duen sarreren diruzko balioa, pertsona horrek normalean kontsumitzen dituen merkantzien diruzko balioarekin erkatzean datza.
1821eko martxoaren 26a.
I. Kapitulua
Balioaz
I
Merkantzia baten balioa, edo berorrengatik ganbiatuko den edozein merkantziaren kopurua, beronen ekoizpenean erabili behar den
lan-kantitate erlatiboaren menpe dago eta, inola ere ez, lan honengatik ordaintzen den konpentsazio handi edo apalagoaren menpe
Adam Smithek aipatzen zuenez, "balio hitzak bi adiera desberdin ditu. Batzuetan objektu jakin baten baliagarritasuna adierazten du, eta besteetan, hori edukitzeak beste gauza batzuk erosteko ematen duen ahalmena". Lehenengoari erabiltzeko balio deitzen zaio; eta bigarrenari ganbio-balio. Gauzek, -jarraitzen du- erabiltzeko balio handia dutenean, normalki, ganbio-balio txikiena edo inolako baliorik ez dute izaten; bien bitartean, ganbio-balio handia dutenek, baliagarritasun-balio txikiena edo batere baliorik ez dute izaten. Ura eta airea oso erabilgarriak dira; berauek behar-beharrezkoak dira bizitzeko, baina baldintza normaletan, ezer gutxi erdiets daiteke hauen truke. Urrea, aldiz, nahiz eta aire edo urarekin alderatuz baliagarritasun txikia izan, beste gauza ugariz ganbiatu ahal izango da.
Beraz, baliagarritasuna ez da ganbio-balioaren neurria, nahiz eta guztiz funtsezkoa izan honetarako, hots, ganbio-balio izateko. Merkantzia batek inolako erabilgarritasunik ez balu -edo bestela esanda, gure nahiak inola ere asetuko ez balitu- ez luke ganbio-baliorik izango; beraz, urria izan arren, edo hura lortzeko beharrezko kantitatea edozein izanik ere, ez luke ganbio-baliorik izango.
Baliagarritasuna edukiz, merkantziei bi iturritatik datorkie ganbio-balioa: bere urritasunetik eta beraiek erdiesteko behar den lan-kantitatetik.
Badago, egon ere, zenbait merkantzia, zeinen balioa, beren urritasunak bakarrik erabakitzen duen. Lanak ezin dezake ondasun horien kantitatea gehitu, eta beraz, beren balioa ezin daiteke gutxitu eskaintza inkrementatuta. Hauen artean honako hauek egon daitezke: pintura eta estatua bitxi batzuk, liburu eta txanpon urriak, lur berezi eta urritasun handiko mahatsez egindako ardo bereziak; ondasun hauek guztiak sar daitezke lehenago aipaturikoen artean. Merkantzia hauen balioa, berez ekoizteko behar den lan-kantitatearekiko guztiz independientea da, eta hauek eskuratu nahi dituztenen aberastasunaren eta jarreren arabera aldatzen da beraien balio hori.
Merkantzia hauek, ordea, egunero merkatuan ganbiatzen direnen zati txiki bat suposatzen dute. Halaber, honela desiratzen diren ondasun gehienak lanaren bidez eskura daitezke; eta inolako esleipen-mugarik gabe biderkatuak izan daitezke, ez bakarrik lurralde batean, askotan baizik, baldin eta ondasun horiek lortzeko behar den lana egiteko prest bagaude.
Merkantziez, beren balioaz, eta berauen prezio erlatiboak determinatzeko legeez mintzatzen garenean, beti, zera adierazi nahi dugu, alegia, giza jarduera erabiliz merkantzia hauen kopurua inkrementa daitekeela eta, bestalde, beren ekoizpenean lehiak etengabe eragiten duela.
Gizartearen lehenengo garaietan, merkantzia hauen ganbio-balioa, edo bat erdiesteko bestetik zenbat ondasun eman behar diren finkatzen duen araua, bakoitzaren ekoizpenean gastatutako lan-kantitatearen menpe egoten da gehien bat.
"Edozein gauzaren prezio erreala" dio Adam Smithek, "hori eskuratzea gizakiari benetan kostatzen zaiona, berau erdiesteko jasan behar dituen neke eta arazoetan datza. Ondasun bat erdietsi eta horretaz baliatu edo beste batez ganbiatu nahi duenarentzat duen balio erreala, hori egiteak berari aurreztuko dion eta besteei eragingo dien neke eta arazoetan datza". "Lana, gauza guztiak ordaintzeko jatorrizko erosketa-dirua, lehen prezioa, izan zen". "Historia aurreko gizartean, kapital-metaketa eta lurraren jabetzapena gertatu aurretik, beharrezko lan-kantitateen proportzioek erabakitzen zituzten objektu ezberdinen ganbio-arauak. Adibidez, ehiztari-nazio batean, normalki, kastorea hiltzeak ematen zuen lana oreina hiltzeak ematen zuenaren bikoitza bazen, kastorea bi oreinez trukatuko zen, edo bere balioa, haren bikoitza izango zen. Ondasun bat ekoizteko bi egun edo bi orduko lana egin behar bada, eta beste bat ekoizteko egun bat edo ordu batekoa, guztiz normala da batek bestearen balio bikoitza izatea, lan-denbora ere horrelakoa baita1.
Hau da, izan ere, lanaren bidez inkrementa ezin daitezkeen ondasunak kenduz gero, gauza guztien ganbio-balioaren benetako oinarria, eta beraz, garrantzi ezin handiagoa duen kontzeptua Ekonomia politikoan. Balioaren kontzeptua argi ez edukitzearen ondorioz, errore anitz egin izan dira zientzia honen bidean.
Ganbio-balioa merkantzietan gauzatutako lan-kantitateak erregulatzen badu, lan-kantitatearen edozein gehikuntzak, dagokion merkantziaren ganbio-balioa handitu egingo du, eta edozein murrizketak ganbio-balio hori txikitu.
Adam Smith, ganbio-balioaren jatorrizko iturria horren zorrotz definitu zuen hori, gauzak balio handiago edo txikiagokoak bihurtzea, beren ekoizpenean erabiltzen den lana gehitu edo gutxitzearen araberakoa zela defenditzera behartuta zegoen. Berak, honez gain, beste balio-neurri bat ere definitu zuen eta gauzen balio handiago edo txikiagoa, neurri estandar honen kantitate gehiago edo gutxiagoko proportzioan ganbia daitekeenaren araberakoa dela zioen. Kasu batzuetan laborea erabiliko du neurri estandar bezala eta beste batzuetan lana; baina ez edozein objektu ekoizteko behar den lan-kantitatea, merkatuan erabilgarria dagoena baizik: bi espresio hauek baliokideak bailiren erabiltzen ditu, eta beraz, gizaki batek lanaren eraginkortasuna bikoiztuko balu, gizaki honek merkantzia baten kantitate bikoitza ekoizteagatik, ondorioz, lehen ganbiatzen zuen kantitatearen bikoitza eskuratuko ahal izango balu bezala.
Hau benetan egia balitz, lan-saria beti egin duenaren proportziokoa balitz, merkantzia bat ekoizteko egindako lan-kantitatea, eta merkantzia horrekin eros daitekeen lan-kantitatea berdinak izango lirateke eta biek, zehazki, neurtu ahal izango lituzkete gainontzeko gauzen aldaketak; baina biak ez dira berdinak. Lehena, baldintza askoren menpe, estandar aldagaitza da eta gainontzeko gauzen aldaketak zuzen adierazten ditu; baina bigarrenak, berarekin alderatzen diren merkantziek dituzten fluktuazio berberak ditu. Adam Smithek gainontzeko gauzen balio aldakorra kalkulatzeko urrea eta zilarra bezalako neurri aldakorren ezintasuna trebezia handiz frogatu ondoren, haiek bezain aldakorrak diren neurriak hautatu zituen: laboreak eta lana, alegia.
Urrea eta zilarra, zalantzarik gabe, ez dira fluktuazioetatik at geratzen, meategi berri eta aberatsagoak aurki baitaitezke; baina honelako aurkikuntzak oso arraroak dira, eta berauen ondorioak, indartsuak izan arren, denboraldi laburretara mugatzen dira. Berauek ere fluktuazioen menpe daude koalifikazio eta makineriaren hobekuntzak ezartzen direnean meategietan; hobekuntza hauek direla eta, ondorioz, kantitate handiagoak erdiets daitezke lan berarekin. Gerora, fluktuazioak egongo dira, meategietan emankortasuna gutxitzen denean, hauek agortuz joaten baitira denbora luzean zehar mundua hornitu ostean. Baina, zein fluktuazio-iturritatik ihes egin dezake laboreak? Alde batetik, nekazaritzako makinerian eta erabilitako lanabesetan hobekuntzak egon direlako, edota beste herrialdetan landu daitezkeen eta inportazioak libre diren merkatu guztietan, laborearen balioari eragingo dioten lur emankorragoak aurkitu direlako, ez ote da, bada, balio hori ere aldatuko? Ez al da, bestalde, laborearen balioa garestituko, inportazioak galarazi edo populazio eta aberastasuna inkrementatu direlako, eta eskaintza gehitzeko aurkitzen diren oztopoen eraginez edo lan-kantitate gehiago behar izateagatik, lur kaskarragoak landu behar direlako? Ez al da lanaren balioa bera ere aldakorra? Edozein gauzaren balioa bezala, lanaren balioa ere eskari eta eskaintzaren proportzioaren araberakoa izango da, hau da, komunitatean uniformeki gertatzen den edozein baldintzaren aldaketen menpekoa, baita janari eta beste oinarrizko ondasun-prezioaren aldaketen araberakoa ere; azken finean, ez al dira lan-alokairuak gauza hauetan gastatzen?
Herrialde berean eta une jakin batean, beste garai batean behar izan zitekeena baino lan-kantitate bikoitza behar izan daiteke emandako janari- eta oinarrizko ondasun-kantitatea ekoizteko; bien bitartean, gerta liteke langileen saria zertxobait txikiagoa izatea. Lehenengo denboraldiko langilearen saria janari- eta oinarrizko ondasun-kopuru jakin bat izan bazen, langile honek, ziur aski, ez zuen bizirauterik izango, eskuratutako kopuru hori gutxitu izan bazen. Janariek eta oinarrizko ondasunek, kasu honetan, ehuneko 100 igo beharko zuten, berauek ekoizteko egindako lan-kantitatean neurtzen badira; bien bitartean, ez da erraza izango balioa igotzea, horiekin ganbiatuko den lan-kantitatearen arabera neurtuz gero.
Ohar bera egin beharko litzateke bi edo herrialde gehiago kontuan hartuta. Amerika eta Polonian ustiatutako azken lursailetan, langile-kopuru jakin batek ekoiztutako laborea askoz ere gehiago izango da urte batean, lursail hori Ingalaterran egongo balitz baino. Dena den, hiru herrialde horietan gainontzeko oinarrizko ondasun guztiak, neurri berean direla merkeak suposatzen bada, ez al litzateke astakeria handia izango, labore-kantitatetan neurtutako langile bakoitzaren saria, herrialde bakoitzeko ekoizpen-erraztasunaren proportziotan egiten dela ondorioztatzea?
Makineria hobetu ondoren, langilearen oinetakoak eta arropa ekoizteko behar den lana, lehen behar zenaren laurdena bada, ziur aski, beren balioa ehuneko 75 eroriko litzateke; baina egiatik urrun ibiliko ginateke esango bagenu langileak posible izango zukeenik, iraunkorki, lau beroki edo lau oinetako-pare kontsumitzea, horietatik bana kontsumitu ordez; probabilitate asko dago, konkurrentziaren ondorioz, luze baino lehen langile horien alokairuak doituak izan daitezen, eta populazioak gehitzeko izango duen pizgarriaren bidez, alokairu horiek gastatu diren beharrizanen balio berriei egoki aurre egin diezaien. Aipatutako hobekuntza horiek langilearen kontsumorako diren ondasun guztietara hedatuko balira, guk langile hau urte gutxiren buruan, ziurrenik, gozamen gutxirekin aurkituko genuke, baten bat eskuratzekotan, nahiz eta merkantzia hauen ganbio-balioak, fabrikazioan inolako hobekuntzarik izan ez duten beste edozein merkantziarenarekin alderatuta, beherakada aipagarria izan; eta nahiz eta ondasun horiek ekoizteko, nabarmen, lan-kantitate gutxiago behar izan.
Beraz, ezin daiteke zuzena izan Adam Smithek zioena, alegia, "lanak, batzuetan, ondasun-kopuru handiagoa eta beste batzuetan txikiagoa eros dezakeenez, ondasun hauen balioa da aldatzen dena, eta ez ondasun horiek erosten dituen lanaren balioa"; beraz, "lan horrek, berak bakarrik, ez du inolako aldaketarik izaten bere balioan, eta azken finean, jatorrizko neurri estandar erreala da, eta ondorioz, merkantzia guztiak lanaren arabera neurtu eta alderatuko dira edozein toki eta garaitan". Aitzitik, zuzena da lehenago Adam Smithek zuhurki zioen bezala, honakoa esatea: "objektu ezberdinak erdiesteko beharrezko lan-kantitateen arteko proportzioak dirudi, objektu hauek elkartrukatzeko arauren bat eman dezakeen zirkunstantzia bakarra"; edo beste hitz batzuetan, lanak ekoiztuko duen merkantzi kantitate konparatiboa dela, hain zuzen, egungo eta iraganeko balioa erabakitzen duena, eta ez langileari bere lanaren truke eman zaizkion merkantzi kantitate konparatiboak.
Bi merkantzien balio erlatiboak aldatzen dira eta bietako zeinek izan duen benetako aldaketa jakin nahi dugu. Guk gaur egungo merkantzia baten balioa oinetako, galtzerdi, kapela, burdina, azukre eta gainontzeko merkantzien balioarekin alderatzen badugu, berau, lehen bezala, merkantzia haien kopuru berarekin ganbiatuko dela ikusiko dugu. Bigarren ondasuna aipatutako merkantzia berarekin alderatzen badugu, haiekiko guztiekiko aldatu egin dela ikusiko dugu: guk, orduan, probabilitate handi baten barruan, aldaketa merkantzia honetan izan dela ondorioztatuko dugu, eta ez alderatu ditugun beste merkantziatan. Merkantzia hauen guztien ekoizpenarekin lotuta dauden zirkunstantziak xehetasun bereziarekin aztertzen baditugu, zehatz-mehatz, oinetako, galtzerdi, kapela, burdina, azukre eta abar ekoizteko lan- eta kapital-kantitate berdina erabili dela aurkituko dugu; baina balio erlatiboan aldaketa izan duen merkantzia ekoizteko ez dela lehen behar zen kantitatea behar, eta beraz, probabilitatea ziurtasun bihurtzen da, eta ziur jakingo dugu aldaketa merkantzia horretan bakarrik eman dela: aldaketaren zergatia ere aurkituko dugu horrela.
Nik ontzurre bat goian aipatutako merkantzia guztien kantitate txikiagoz eta beste askoz ganbiatuko litzatekeela aurkitzen badut, eta gainera, meategi berri eta emankorragoa aurkitu delako edo makineria egokiagoa ipini delako, urre-kantitate jakin bat lan-kantitate gutxiagorekin erdiets daitekeela ikusten badut, orduan, urrearen balioak gainontzeko merkantziekiko aldaketa erlatiboa jasan duela esan eta justifikatuko nuke, eta aldaketa hau, urrearen ekoizpena erraztu delako edota bera erdiesteko beharrezko lan-kantitatea gutxitu delako izan dela. Era berean, gainontzeko gauzekin alderatuta, lanaren balioa nabarmen erortzen bada, eta bide batez, langilearentzat labore eta beste oinarrizko ondasunen ekoizpena asko erraztu delako, erorketa hori eskaintza ugariren ondorioa izan dela aurkitzen badut, zuzena izango litzateke esatea, nire ustez, labore eta oinarrizko ondasunen balioak erori egin direla eta lan-kantitate urriagoa behar dela berauen ekoizpenerako; eta langilearen sostengurako dagoen horniketa-erraztasun honen ondorioz, lanaren balioa erori egin dela. Ezetz diote Adam Smith eta Malthus jaunek; urrearen kasuan arrazoi zenuen -diote-, honen aldaketa bere balioaren jaitsieratzat hartzean; izan ere, laboreak eta lana aldatu ez diren bitartean, orain, urre-kopuru berarekin urre-ekoizpenean aldaketak eman aurretik baino labore eta lan gutxiago eros daitekeenez, gainontzeko ondasunekin gertatzen den bezala, zuzena da ondasun guztien balioak finko mantentzen direla eta urrearena aldatu dela defenditzea. Baina laboreak eta lana balioz erortzen direnean, berauek izanez neurri estandar gisa aukeratu ditugun merkantziak, aldaketa sortu duena edozein izanda ere, gauza bera defenditzea ez litzateke guztiz bidezkoa izango; adierazpen zuzena, laborea eta lana finko mantendu direla esatea izango litzateke, eta gainontzeko ondasunen balioek igoera izan dutela.
Nik, orain, adierazpide honen aurka protestatzen dut. Zehazki, nire ustez, urrearen kasuan lez, labore eta beste gauzen arteko aldaketaren zergatia, laboreak ekoizteko behar duen lan-kantitate urriagoan datza, eta beraz, arrazoiketa zuzen baten ondorioz, behartuta nago laboreetan eta lanean jazotako aldaketa hauen balioaren jaitsieragatik izan dela esatera, eta ez hauekin aldatzen diren gauzen balioek igoera izan dutelako. Langile bat astebeterako kontratatu behar badut, eta 10 shilling-en ordez 8 ordaintzen badizkiot, diruaren balioa aldatzeke, gerta daiteke langile honek elikagai eta oinarrizko ondasun gehiago eskuratzea orain 8 shillingekin lehen 10ekin baino; baina hau ez da izango bere alokairuaren balio errealak gora egin duelako, baizik eta Adam Smithek esaten duen moduan eta berriki Malthus jaunak baieztatu bezala, alokairuak gastatzen direneko gauzen balioek behera egin dutelako; beraz, gauza guztiz desberdina. Alabaina, honi alokairuen balio errealaren beherakada deitzen diodanean, hizkera berri eta arraroa erabiltzen dudala esaten didate, zientziaren egiazko printzipioekin bat etor ez daitekeena, alegia. Nire irudirako, ni ez naiz hizkera arraroa erabiltzen ari, bai ordea nire arerioak, ohartzeke erabiltzen duten arren.
Demagun langile bati bushel bat labore ordaintzen zaiola astebeteko lanagatik eta laurden bat laborearen prezioa 80 shillingekoa dela, eta bushel eta laurden bat ordaintzen zaiola prezioa 40ra jaisten denean. Demagun ere, langile honek eta bere familiak, astean, batezbeste, bushel erdi bat labore kontsumitzen dutela eta gainontzeko laboreak beste gauza batzuekin ganbiatzen dituztela, ikatza, xaboia, kandela, tea, azukrea, gatza, eta abar eskuratzeko adibidez. Geratzen zaizkion bushelaren hiru laurdenen laboreagatik, kasu batean, eskuratzen duen ondasun-kopurua, bestean bushel erdiarekin erdiesten zuena baino txikiagoa bada, handitu ala gutxitu egin da lanaren balioa? Adam Smithek handitu egin dela esan beharko du, bere neurria labore-kopurua delako, eta nekazariak, orain, gari gehiago eskuratzen du lan-kantitate berdinaren truke, hau da, astebeteko lanaren truke. Gutxiagotu egin dela esan beharko du Adam Smithek, "gauza baten balioa, gauza hori edukitzeak beste gauzak erdiesteko ematen duen ahalmenaren araberakoa baita" eta lanak eskuratze-ahalmen txikiagoa izango du.
II
Kualitate ezberdinetako lanek sari ezberdinak dituzte.
Hau ez da merkantzien balio erlatiboaren aldaketa-zergatia
Lana balio guztien funtsa edo oinarria dela, eta merkantzien balio erlatiboa, gehienbat, lan-kantitate erlatiboak erabakitzen duela adierazteak, ez du esan nahi lan-kualitate guztiak ordu bateko edo egun bateko lana lanpostu batean edo denbora berdineko lana beste enplegu batean erkatzeko dauden zailtasunak kontuan hartzen ez ditudanik. Lan-kalitate ezberdinen garrantzia, berehala geratzen da doituta merkatuan, nahiko zehatz eta helburu praktiko guztietarako gainera; azken batean, langilearen trebezia erlatiboaren eta gauzatutako lanaren intentsitatearen menpe baitago. Eskala eratuz gero, aldaketa gutxi izango du. Bitxigile baten egun bateko lana langile arrunt baten egun batekoa baino baliagarriagoa izango da, baina erlazio hori, aspaldidanik doituta egongo da merkatu guztietan eta balio-eskaletan bere benetako posizioetan kokatuta2.
Beraz, denboraldi ezberdinetako gauza beraren balioak alderatzen baditugu, gauza hori ekoizteko enplegatu den lanaren trebeziak edo lan-intentsitateak, ez du kontuan hartzea merezi, zeren eta denboraldi bietan berdin eragiten baitu. Lanaren deskripzioa berdina da bi garaietan; ekoizpeneko lan-kantitatea, hamarren, bosten edo laurden bat gehitu edo gutxitzen bada, merkantziaren balio erlatiboari gauza bera gertatuko zaio, harekin proportzionalki lotuta baitago.
Ehun-zati baten oraingo balioa lientzo batenaren bikoitza bada eta hemendik hamar urte barruko ohiko ehunaren balioa lau lientzo-zatirena baldin bada, ehuna ekoizteko lana gehitu edo lientzoa egitekoa gutxitu, edota biek eragin dutela ondoriozta dezakegu.
Azterketa honen bidez irakurlea merkantzien balio erlatiboaren aldaketez ohartarazi nahi dudanez, eta ez bere balio absolutuarenaz, garrantzi txikia du giza lan ezberdinek duten garrantzi-maila aztertzeak. Guk zuzen ondoriozta dezakegu edozein izanda ere hastapeneko desberdintasuna, edozein izanda ere trebezia edo ofizioa ikasteko beharrezko denbora, ofizio batean edo bestean, hauek, normalki, berdintsuak izaten jarraitzen dutela belaunaldi batetik bestera; edo gutxienez, aldaketa ez dela oso nabaria izaten urte batetik bestera, eta beraz, aldaketa hauek merkantzien balio erlatiboaren gain efektu txikiagoa izaten dutela denboraldia laburra denean.
"Lan eta kapitalaren enplegu diferenteetako alokairu- eta irabazi-tasa ezberdinen arteko proportzioan, ez dirudi asko eragiten duenik, jadanik ikusi denez, gizartea aberatsago edo txiroago izateak, edo gizarte horren izaera aurrerakoiago, egonkorrago edo atzerakoiagoa izateak. Izan ere, gizarte-ongizatearen aldaketa horiek, nahiz eta alokairu- eta irabazi-tipo orokorrei eragin, azken finean, eragin bera izango dute enplegu guztietan. Horregatik, berauen arteko proportzioak berdin mantenduko dira, eta ondorioz, ezingo dira aldatu, denbora batez behintzat, honelako iraultzak direla eta"3.
III
Merkantzien balioa ez du zuzeneko lanak soilik eragiten;
lan hori egiteko lagungarri diren lanabes, erreminta
eta eraikinek ere eragiten dute
Adam Smithek aipatzen digun hasierako gizarte hartan ere, ehiztariak bere ehizagaia hiltzeko zenbait kapital beharrezkoa zuen, nahiz eta ehiztari berak egin edo metatua izan. Inolako armarik gabe ezin zezakeen harrapatu edo hil, ez oreinik, ezta kastorerik ere; eta beraz, animalia hauen balioa erregulatzeko, ez ziren nahikoak beren suntsipenerako behar ziren lana eta denbora, baita ehiztariaren kapitala sortzeko behar zen lana ere, hau da, animalia akabatzeko erabili zen arma ekoizteko egindakoa.
Demagun kastorea hiltzeko behar zen arma ekoizteko, oreina hiltzeko behar zena ekoizteko baino lan gehiago egin behar zuela, kastorearengana hurbiltzea zailago zenez, arma finagoa behar baitzen; arrazoi horregatik zehazki, kastore baten balioa bi oreinena baino handiagoa izango zen, orokorki, lan gehiago egin beharko baitzen bera suntsitzeko. Edo demagun, lan bera behar zela bi arma horiek ekoizteko, baina biak iraupen ezberdinekoak zirela; iraupen luzeagoko armak lan gutxi transferituko lioke berari dagokion merkantziari, hots, harrapatzen den ehizagaiari eta, bien bitartean, iraupen laburreko armak lan gehiago transferituko lioke berari dagokion ehiza-ondasunari.
Kastorea eta oreina akabatzeko erabilitako lanabes guztiak gizaki-klase batenak izan daitezke eta suntsitzeko egindako lana beste klase batek horni dezake; kasu honetan, oraindik ere, prezio erlatiboak gaur egun enplegatzen den lanaren proportzioan egongo lirateke, beti ere biak kontuan hartuta, hau da, animaliak suntsitzeko zuzenean enplegatutako lana eta kapital horren eraketan behar dena. Kapitalaren oparotasun edo urritasuneko zirkunstantzia berezietan, lanarekin alderatuta, gizonak bizirauteko elikagai edo oinarrizko ondasunen oparotasun edo urritasuneko zirkunstantzia ezberdinetan, enplegu baterako edo besterako kapital berdina hornitzen dutenek, erdietsitako ekoizpenetik erdia, laurdena edo zortzirena erdiets lezakete eta gainontzekoa lana hornitzeko ordaintzen diren alokairuetarako geratuko da; hala ere, banaketa honek ezin diezaioke animalien balio erlatiboari eragin, nahiz eta kapitalaren irabaziak handiagoak edo txikiagoak izan, berauek ehuneko 50, 20 edo 10 izan, edo lanaren alokairuak altuak edo apalak izan, nolanahi ere, bi enpleguetan berdin eragingo lukete; eta balio erlatibo berdina izango lukete bi enplegu horietan.
Demagun gizartearen betebeharrak zabaldu egiten direla, eta batzuek kanoak eta arrantza-tresnak hornitzen dituzten bitartean, beste batzuek haziak eta antzinako nekazaritzan erabiltzen zen makineria zaharra hornitzen dutela; kasu honetan ere, lehen aipaturiko printzipio berak balioko luke, hau da, ekoiztutako ondasunen ganbio-balioa, orain ere, ekoizteko gastatu den lanaren araberakoa izango da: ez bakarrik zuzenean erabili den lanarena, baita ekoizpen partikular honetan erabilitako lanabesek edo makinek erantsi dioten lanarena ere.
Arteak eta merkataritza garatu diren eta aurreratuagoa den gizarte baten egoerari begirada bat ematen badiogu, hemen ere, merkantzien balioa printzipio honen arabera aldatzen da: galtzerdien ganbio-balioa zenbatesterakoan, adibidez, aurkituko dugu, berauen balioa, gainontzeko gauzekin alderatuta, berauek ekoizteko eta merkatura eramateko behar den lan-kantitatearen menpe dagoela. Lehenbizi, kotoia lantzeko lursailean egin den lana dago; bigarrenik, galtzerdiak ekoiztuko diren herrialdera eramateko gastatzen den lana dago, kontuan hartu behar delarik, bere proportzio egokian, garraioa egingo duen untzia eraikitzeko gastatutako lana, zein pleiten ordainketaren bidez islatzen den; hirugarrenik, irule eta ehulearen lana dago; laugarrenik, ingeniari, arotz eta zurginaren lanaren proportzioa, eraikinak eta makineria eraiki baitituzte galtzerdien ekoizpenari lagun diezaioten; bosgarrenik, saltzaile eta aipatzeke geratuko diren bitartekari guztien lana. Lan ezberdin hauen guztien batuketa agregatuak erabakiko du galtzerdi hauen truke ganbiatuko den gauzen kopurua, eta bien bitartean, kontsiderazio bera eginez, gauza hauek daukaten lan-kantitate ezberdinek gobernatuko dute galtzerdien truke emango diren gauzen proportzioa.
Ganbio-balioaren benetako oinarria aipatu dugun hau denaz geure buruak konbentzitzekotan, suposa dezagun edozein prozesutan hobekuntza bat sartu dela, lehengaiak galtzerdi bihurtu aurretik, gero, hauek merkatura eraman eta zenbait gauzaren ganbioan eman ahal izateko; eta ikus dezagun hobekuntza honen ondorioak zeintzuk diren. Gizaki gutxiago behar bada kotoia lantzeko, edo marinel gutxiago nabigatzeko, edo langile gutxiago garraiatzeko untziak eraikitzeko; pertsona gutxiago enplegatzen badira eraikinak eta makineria egiteko, eta behin hauek eraikita, eraginkorragoak bihurtzen badira, zalantzarik gabe, galtzerdien balioa jaitsi egingo litzateke, eta ondorioz, berauen truke gauza gutxiago eskuratu ahal izango litzateke. Galtzerdiak ekoizteko beharko litzatekeen lan-kantitatea txikiagoa litzatekeenez, jaitsi egingo litzateke hauen balioa, eta beraz, beste ondasunen kopuru txikiagoren truke ganbiatuko lirateke, beste hauen ekoizpenean ez baita egon lan-kantitatearen murrizketarik.
Eskulanaren aurrezkiak, beti, gauzaren balio erlatiboa gutxitzen du, bai beronen ekoizpenerako beharrezko lana murrizten delako, bai beronen ekoizpenean laguntzeko erabiltzen den kapitalaren eraketan denbora gutxiago igarotzen delako. Kasu bietan, galtzerdien balioa jaitsi egingo litzateke; hau da, berdin izango da zuritzaile, irule eta ehuleen kopurua gutxitzea, zein marinelena, ingeniariena edo arotzena izan jaisten dena, nahiz eta hauek zeharkako lana egin. Lehenengo kasuan, eskulanean aurreztutako guztiak galtzerdien balioaren gain zuzeneko eragina izango luke, beren ekoizpenean zuzenki enplegatutako pertsonak baitira; bigarren kasuan, aldiz, aurreztutakoaren proportzio bat besterik ez litzateke joango galtzerdietara, gainontzekoa, eraikin, makineria eta untzi horien bidez ekoizten diren merkantzia guztietara igorriko baita.
Demagun gizartearen hastapeneko ehiztariaren arkuak eta geziek zuten balioa eta iraupena, arrantzalearen kanoak eta lanabesek zuten balio eta iraupen berdinekoak zirela, bi kapital-multzoek beren ekoizpenean lan-kantitate berdina behar izateagatik. Honelako baldintzetan, oreinaren balioak, ehiztariaren egun bateko ekoizpenak, arrainaren balio berdina izango luke, zehazki, arrantzalearen egun bateko lanaren ekoizpena. Arrain eta ehizatutako oreinaren balio alderatua, gauzatutako lan-kantitateak erregulatuko luke erabat, edozein izanda ere alokairu edo irabazien ekoizpen-kopurua. Demagun arrantzalearen kanoa eta lanabesen balioa 100£koa, eta iraupena 10 urterako kalkulatua izanik, 10 gizaki enplegatzen zituela, eta urte bakoitzeko alokairu-kostua 100£koa zela, egunero 20 izokin harrapatzen zituztelarik. Bestalde, ehiztariak erabilitako armen balioa ere 100£koa eta beren iraupena 10 urterako kalkulatua izanik, 10 gizaki enplegatuz gero urte bakoitzeko 100£ko alokairu-kostuaz, egun bakoitzean 10 orein harrapatzen bazituzten, orduan, orein bakoitzaren prezio naturala bi izokinen parekoa izango zen, edozein izanda ere ekoizpen orotik gizaki horiek eskuratutako proportzioa. Hain zuzen ere, proportzio honek izugarrizko garrantzia du irabaziak zehaztean; horregatik, berehala ikusten da irabaziak garaiak direnean alokairuak apalak direla eta alderantziz, hau da, alderantzizko proportzioan daudelako; baina honek ezin zezakeen aldatu, inola ere, arrain eta oreinaren arteko balio erlatiboa, nahiz eta alokairuak garaiagoak edo apalagoak izan denbora berean eta bi lanbideetan. Ehiztariak argudiatuko balu bere ekoizpenean proportzio handia ordaintzen dela, edo bere ehizaren proportzio handia alokairuetara doala eta horregatik arrantzalea konbentzitu nahi izango balu oreinaren truke arrain gehiago eman liezaion, arrantzaleak ere argudio bera erabil lezake, arrazoi berdinak eragingo bailioke; beraz, nahiz eta alokairu eta irabazien arteko aldaketak egon eta kapital-metaketaren ondorio guztiak ezagutu, egun bakoitzeko lanarekin lortutako arrain- eta ehiza-kopurua berdinak izaten jarraitzen duen bitartean, ganbio-tasa erreala, orein bat bi izokinen trukekoa izango da.
Lan-kantitate berdinarekin arrain-kantitate gutxiago edo ehiza-kantitate gehiago lortzen bada, arrainaren balioa igo egingo da ehizakoarekin alderatuta. Alderantziz, lan-kantitate berdinarekin ehiza-kantitate gutxiago edo arrain kantitate gehiago erdiesten bada, ehiza igo egingo da arrainarekin alderatuta.
Balio aldagaitza duen merkantziarik balego eta arrain eta ehizaren balioa merkantzia estandar onenarekin alderatuko balitz, orduan jakin ahal izango genuke zenbatekoa izan den arrainaren balioak eragin duena eta zenbatekoa ehizarenak.
Demagun moneta dela merkantzia hori. Izokin batek 1£ balioko balu eta orein batek 2£, orein batek bi izokin balioko lituzke. Baina gerta liteke orein baten balioa hiru izokinen balioa bihurtzea, oreina harrapatzeko lan gehiago behar izateagatik, edo gutxiago izokina eskuratzeko, edota bi gertakizun hauek batera eman litezkeelako. Guk, aipatutako estandar aldagaitza bagenu, erraz jakin ahal izango genuke zein mailatan eragiten duen batak edo besteak. Izokina 1£n saltzen jarraitzen bada, oreinak 3£ balio dituen bitartean, oreina harrapatzeko lan gehiago behar dela ondoriozta genezake. Oreinaren prezioak berdin jarraitzen badu, hau da, 2£, eta izokina 13 shilling eta 4d.n saltzen bada, orduan, gu ziur geundeke izokin bat lortzeko lan gutxiago beharko litzatekeela; eta oreina 2£ 10s.ra igotzen bada eta izokina 16s 8d.ra jaitsi, orduan, gu konbentzituta egongo ginateke bi zergatien ondorioz eman direla merkantzien balio erlatiboen aldaketak.
Alokairuen inolako aldaketak ezingo luke bi merkantzia hauen balio erlatiboan aldaketarik sortu; demagun alokairuak igotzen direla bi merkantzien ekoizpenean; baina honek ez luke inolako lan-kantitate gehikuntzarik suposatuko beren ekoizpenean, nahiz eta lana gehiago ordaindu, eta beraz, beren prezioak igotzeko arrantzale eta ehiztariek dituzten arrazoi berberak bultzatuta, urre-meategiko jabeak ere gauza bera egingo luke, hau da, bere urrearen prezioa altxatu. Kausa hauek une berean gertatzen badira, hasierako egoera erlatibo berdinera iritsiko da, prozesua bukatzen denean, hau da, alokairuak igoz gero, ehiza, arrantza eta urregintzako balio erlatiboak hasieran bezala geratuko lirateke, aldatzeke. Alokairuak ehuneko 20 igo daitezke eta hauen ondorioz, proportzio handiago edo txikiagoan, baita irabaziak ere, baina hala ere, merkantzia hauen balio erlatiboa ez litzateke aldatuko.
Demagun orain, lan eta kapital finko berdinarekin arrain gehiago harrapa litekeela, baina ez da gauza bera gertatzen ehiza eta urrearen kasuan, orduan, arrainaren balio erlatiboa eroriko litzateke urre edo ehizaren balioarekin alderatuta. Hogei izokinen ordez hogeita bost harrapatuko balira egun bakoitzean, orduan, izokinaren prezioa 16 shillingekoa izango litzateke libera baten ordez eta bi izokin beharrean, bi izokin t’erdi emango dira orein baten truke, oreinaren prezioak 2£ izaten jarraituko balu ere, lehen bezala. Era berean, lan eta kapital berdinarekin arrain gutxiago harrapatuko balira, orduan, arrainaren balio erlatiboa igo egingo litzateke. Beraz, arraina ganbio-balioan igo edo jaisteko arrazoi bakarra, kopuru berdina eskuratzeko lan gehiago edo gutxiago behar izatea litzateke, eta inoiz ez litzateke igo edo jaitsiko, ekoizteko behar den lan-kantitatearen igoera edo jaitsieraren proportzioa baino gehiago.
Beste merkantzien aldaketak neurtu ahal izateko neurri aldagaitza bagenu, azken muturreko mugara etengabe igo litekeen neurria, merkantziaren ekoizpenean behar den lan-kantitate gehigarriarekiko proportzionala dela ikusiko genuke, beti ere suposatu ditugun baldintzen barruan ekoiztuta; eta bere ekoizpenerako lan-kantitate gehiago beharko ez balitz, bere balioa ez litzateke igoko. Alokairuen igoerak ez luke diruzko moneta-balioa igoko, ezta beste merkantziekiko erlatiboki ere, merkantzia hauek beren ekoizpenetan lan-kantitate gehiagorik behar ez, eta kapital finko eta zirkulatzailearen proportzio berdina enplegatuko luketelarik, iraupen berdineko kapital finkoa izanez, gainera. Gainontzeko merkantzien ekoizpenerako lan-kantitate gehiago edo gutxiago beharko balitz, jadanik esana dugunez, honelako egoera batek, berehala, balio erlatiboaren aldaketa ekarriko luke, baina aldaketa hau ekoizpenean behar den lan-kantitateak emana dator, eta ez alokairuen igoerak.
IV
Merkantzien ekoizpenean enplegatutako lan-kantitateak bere balio
erlatiboa erregulatzen duela adierazten duen printzipioa, asko aldatzen da makineria edo beste kapital finko edo iraunkorra enplegatzean
Aurreko atalean izokina eta oreina harrapatzeko lanabes edo armek iraupen berdina zutela, eta lan-kantitate bera erabiltzen zela suposatu dugu, eta ikusi dugu orein eta izokinaren balio erlatiboaren aldaketak, soilki, berauek erdiesteko beharrezkoa den lan-kantitatearen aldaketaren menpe daudela; baina gizartearen egoera historiko bakoitzean, jarduera desberdinetan enplegatzen diren erremintek, lanabesek, eraikinek eta makineriak, normala denez, iraupen desberdinak dituzte eta era berean, kapital hau ekoizteko lan proportzio diferenteak izaten dituzte. Lanari lagunduko dion kapitala ere proportzio desberdinetan egon daiteke eta antzeko zerbait gerta daiteke erreminta, makineria eta eraikinetan ere, hauen ekoizpenean enplegatzen den kapitalak ere konbinaketa anitz izan baititzake. Kapital finkoaren iraupen desberdinak eta bi kapital-motak konbinatzeko modu ezberdinak, merkantzien balio erlatiboaren aldaketak sorrarazten dituzten beste zergatiak dira, lehenago aipatu dugunaz gain, hain zuzen, merkantzien balio erlatiboaren aldaketak, beren ekoizpenean behar den lan-kantitate gehiago edo gutxiaren menpe daudenak.
Langileak kontsumitutako arropa eta elikagaiak, lana egiten dueneko eraikinak, bere lanean erabiltzen dituen lanabesak, guztiak, suntsikorrak dira. Hala ere, iraupen guztiz desberdina dute kapital ezberdin hauek; lurrun-makinak untziak baino gehiago irauten du; untziak langilearen arropak baino gehiago; langilearen arropak beronek kontsumitzen dituen elikagaiak baino gehiago.
Kapitala, suntsitu eta maiz berrekoiztu behar bada, edo astiro kontsumitzen bada, bi horietakoa izatearen arabera, kapital zirkulatzaile edo finko gisa sailkatuko dugu4. Garagardo ekoizleak, bere eraikin eta makineria baliagarri asko baditu, kapital finkoaren proportzio handia duela esango da; aldiz, oinetakogileak bere kapitala, hein handi batean, alokairuak ordaintzeko erabiliko du, gero langileak elikagaiak eta arropa erosten gastatuko duena; hauek denak merkantzia suntsigarriak direnez gero, kapital zirkulatzailearen proportzioa handia dela esango da.
Ikusi behar da ere, kapital zirkulatzaileak oso epe ezberdinetan zirkulatzen duela edo itzul dakiokeela enplegatzaileari. Nekazariak erosten duen garia kapital finkoa da okinak ogia egiteko erosten duenarekin alderatzen badugu. Lehenak, garia erein eta errendimendua hurrengo urtean eskuratuko du; besteak, berriz, xehetuta irin bihurtuko du eta bezeroei ogi moduan salduko die; aste baten buruan beste negozioren bat hasteko edo lehengoarekin jarraitzeko moduan edukiko du bere kapitala.
Bi jarduera hauek kapital-kopuru berdina enplega dezakete; baina kapital finko eta zirkulatzailearen arteko proportzioa desberdina izan daiteke.
Industria batean oso kapital gutxi enplega daiteke kapital zirkulatzaile moduan, hau da, zuzeneko lanaren euskarri gisa, eta bereziki makineria, lanabes eta eraikinetan inbertituta egon daiteke, bestea baino kapital finko eta iraunkorragoan, alegia. Beste industria batean kapital-kopuru berdina erabil daiteke, baina bereziki kapital gehiena zuzeneko lan gisa inbertitua egonez, eta oso kapital gutxi lanabesetan, eraikinetan eta makinerian. Alokairuak igotzen badira, egoera batean eta bestean era desberdinez eragingo du igoera honek merkantzien gain, oso zirkunstantzia ezberdinetan ekoiztuak izan direlako.
Halaber, bi enpresarik kapital finkoaren eta kapital zirkulatzailearen kopuru berdina enplega dezakete; baina kapital finkoen iraupena arras desberdina izan daiteke. Batek 10.000£ko lurrun-makina izan dezake eta besteak balio berdineko untziak.
Ekoizleek makineriarik erabili gabe, lana besterik ez balute enplegatuko, eta denbora berdina hartuko balute merkantzia horiek merkatura iristen, orduan, ondasun horien ganbio-balioa, zehazki, enplegatutako lan-kantitatearen proportzioan egongo litzateke.
Biek balio berdineko kapital finkoa enplegatuko balute, biena iraupen berdinekoa izanik, orduan, ekoiztutako merkantzien balioa berdina izango litzateke eta berauen arteko aldaketa, beren ekoizpenean enplegatutako lan-kantitate gehiago edo gutxiagoren araberakoa izango litzateke.
Baina antzeko zirkunstantziatan ekoiztutako merkantzien balio erlatiboa, bakarrik, beren ekoizpenean enplegatzen den lan-kantitate gehiago edo gutxiago behar dutelako aldatzen bada, edozein izanda ere eragin duen zergatia, orduan, kapital finkoaren kantitate-proportzio berdinaz ekoizten ez diren ondasunekin alderatuta, nik lehen aipatutako zergatiaren ondorioz aldatuko da; hau da, eskulanaren igoera emateagatik, nahiz eta ondasun bata edo bestearen ekoizpenean lan-kantitate gehiago edo gutxiago ez egin. Garagarrak eta oloak bata bestearekiko erlazio berdina mantentzen jarraituko dute edozein alokairu-aldaketa izanda ere. Kotoizko ondasun eta arroparen artean gauza bera gertatuko da, baldin eta bien ekoizpena antzeko zirkunstantziatan ematen bada; baina, orain, alokairuen igoera edo jaitsierarekin, garagarrak balio handiagoa edo apalagoa izan lezake kotoizko ondasunekin alderatuta, eta gauza bera oloak, arroparekin alderatuta.
Demagun bi enpresarik, bakoitzak ehun langile enplegatuz, urtebetean bi makina ekoizten dituztela; eta nekazari batek ehun gizon enplegatzen dituela laborea lantzeko. Makina bakoitzak urtearen amaieran bildutako laborearen balio berdina izango du, hiru gauzak ekoizteko lan-kantitate berdina behar baita. Demagun orain makina horietako jabe batek, hurrengo urtean, ehun langileen laguntzaz arropa egiteko erabiltzen duela, eta beste makinaren jabeak ere beste ehun langileen laguntzaz kotoizko ondasunak egiten dituela, nekazariak lurra lantzen jarraitzen duen bitartean bere ehun langileekin. Bigarren urtean, enpresari bakoitzak lan-kantitate berdina enplegatuko du, baina lehen enpresariaren ehuna eta makineria urteko berrehun pertsonen lan-kantitatearen emaitza izango da; berdin gertatzen da bigarren enpresariaren kasuan ere; edo hobeto esanda, ehun langileen bi urteko lana. Bien bitartean, laborea urte osoan ehun langilek ekoiztuko dute; ondorioz, laborearen balioa 500£ bada, ehule eta makinaren balioaren baturak 1.000£koa izan beharko du eta berdin kotoizko ondasun eta makinaren balioak ere, honek laborearen bikoitza balioko baitu. Baina laborearen balioa bikoiztuta baino handiagoa izan behar du ehulearenak zein kotoi-enpresariarenak, zeren eta ehulearen kapitalak eta bestearenak lehenengo urtean emandako irabaziak beraien kapitalei erantsi behar baitzaizkie, nekazariarena gastatua eta gozatua izan den bitartean. Beraz, kapitalaren iraupen-gradu ezberdinak kontuan hartuta, edo bestela esanda, merkatura eraman aurretik denbora luzeago edo laburragoa behar izan dutelako, aipatu merkantziak ez dira zehaztasunez baloratuko bere ekoizpenean enplegatutako lan-kantitatearen proportzioan. Erlazioa ez da 2:1 izango, zertxobait handiagoa baizik; balio handienekoa merkaturaino iritsi arte beharko duen denbora luzeagoa nolabait konpentsatu behar baita.
Demagun langile bakoitzari urtean 50£ ordaintzen zaizkiola alokairu gisa, edo 5.000£ko kapitala erabiltzen dela eta irabaziak ehuneko 10ekoak direla. Orduan, makina bakoitzaren balioa eta laborearena, lehenengo urtearen amaieran, 5.500£koa izango litzateke. Bigarren urtean, enpresariek eta nekazariak, bakoitzak, berriro 5.000£ erabiliko dituzte alokairuak ordaintzeko, eta beraz, beraien ondasun guztiak 5.500£n salduko dituzte; baina lehenengo bi enpresariek nekazariaren parean egoteko, ez dituzte 5.500£ bakarrik eskuratu behar alokairuak ordaintzeko erabili duten 5.000£ko kapital berdinengatik, baita beste 550£ko (5.500£ren %10) kopuru gehigarria, makinerian 5.500£ inbertitu baitira, eta ondorioz, hauen ondasunak 6.050£n saldu behar dira. Hemen, beraz, beren ekoizpenetan urtero lan-kantitate berdina enplegatzen duten kapitalak ditugu, eta hala ere, kapital horiekin ekoizten diren merkantzien balioak desberdinak dira, kapital finkoaren edo jarduera bakoitzean enplegatutako lan metatuaren kopuruak diferenteak baitira. Oihal eta kotoizko ondasunek balio berdina dute, berauek lan-kantitate berdinarekin eta kapital finkoaren kantitate berdinarekin ekoizten baitira; baina laboreak ez du merkantzia horien balio berdina, kapital finkoari dagokionez baldintza desberdinetan ekoizten delako.
Baina nola eragin lezake lan-balioaren igoerak, merkantzien balio erlatiboaren gain? Garbi dago oihal eta kotoizko ondasunen arteko balio erlatiboek ez dutela inolako aldaketarik izango, ondorio berdina jasango baitu ondasun batek zein besteak aipatutako baldintzetan; gari eta garagarraren balio erlatiboek ere ez dute inolako aldaketarik izango, lehen aipatutako zirkunstantzia berdinak mantentzen badira, kapital finko eta zirkulatzaileari dagokienez; baina labore eta oihal edo kotoizko ondasunen arteko balio erlatiboa aldatu egingo da lanarena handitu delako.
Ezin daiteke lan-balioaren igoerarik egon irabaziak erortzeke. Laborea nekazari eta langilearen artean banatu behar bada, zenbat eta proportzio handiagoa eman bigarrenari, orduan eta gutxiago geratuko da lehenengoarentzat. Horregatik, oihal edo kotoizko ondasunak langile eta ugazabaren artean zatitzen badira, gero eta gehiago jaso lehenengoak, orduan eta gutxiago izango du bigarrenak. Demagun, orduan, alokairuak igo direla eta irabaziak ehuneko 10etik ehuneko 9ra jaisten direla. Merkantzien prezio arruntari (5.500£) 550£ erantsi ordez kapital finkoaren irabaziak direla eta, enpresariek, ehuneko 9 besterik ez diote erantsiko, 495£ alegia, eta beraz, prezioa 5.995£ izango da 6.050£ren ordez. Laborea 5.500£n saltzen jarraituko denez, ekoiztutako ondasunek kapital finko gehiago enplegatzen dutenez, erlatiboki jaitsi egingo dira laborearen balioarekiko edota kapital finkoaren proportzio txikiagoa sartzen deneko beste edozein ondasunen balioarekiko. Ondasunen balio erlatiboen aldaketa-maila, lanaren igoera edo jaitsiera dela eta, kapital finkoak enplegatutako kapital guztiarekiko duen proportzioaren menpe egongo litzateke. Edozein ondasun balio handiko makinerian ekoizten bada, edo balio handiko eraikinetan, edo denbora asko hartzen badu merkatura iritsi aurretik, balio erlatibo txikiagoa izango luke eta bien bitartean, ondasun horien ekoizpenean gehien erabiltzen dena lana bada, edota merkatura fite eraman badaitezke, balio erlatiboa igo egingo litzateke.
Hala ere, irakurleak kontuan izan behar luke zergati honek oso eragin apala duela merkantzien prezio-aldaketaren gain, ondorioek honela adierazten dutenez. Irabaziak ehuneko bat jaitsarazteko gai diren alokairu-igoeren bidez, nik suposatu ditudan baldintzetan ekoiztutako merkantzien prezio erlatiboa ehuneko bat soilik aldatuko da; irabazien tamaina bereko jaitsierarekin bere prezioa 6.050£tik 5.995£ra jaitsiko da. Ondasun hauen prezio erlatiboetan alokairu-igoerak eragin dezakeen gorakada handienak ezin du ehuneko 6 edo 7koa baino handiagoa izan, irabaziek ezin izango bailukete, inola ere, depresio orokor eta iraunkorragoa onartu.
Ez da gauza bera jazotzen merkantzien balioaren aldaketa hauek beste arrazoi garrantzitsuagoek eragiten dituztenean; hau da, berauek ekoizteko beharrezko lan-kantitatea gehitu edo gutxitzen denean. Laborea ekoizteko ehun langileren ordez laurogei lagun beharko balira, laborearen balioa ehuneko 20 eroriko litzateke, edo 5.500£tik 4.400£ra. Oihala ekoizteko ehun gizakien lanaren ordez laurogeiena nahikoa balitz, oihala 6.050£tik 4.950£ra eroriko litzateke. Irabazi-tasaren aldaketa iraunkorra, neurri nabari batean, urteetako eraginaren ondorioz ematen da, baina merkantziak ekoizteko beharrezko lan-kantitatearen aldaketak egunero jazotzen dira. Makineriak, erremintek, eraikinek, lehengaien ekoizpenak izandako edozein hobekuntzak, beti, lana aurreratzen du eta hobekuntza horrek guri merkantzia honen ekoizpena errazten digu, eta ondorioz, bere balioa aldatu egiten da. Beraz, merkantzien balio-aldaketen zergatiak zenbatesterakoan, oker egongo litzateke lanaren ordainketaren igoera edo jaitsierak izandako eragina kontuan ez hartzea, baina ez litzateke zuzena izango ere eragin horri garrantzi gehiegi ematea; eta ondorioz, liburu honen ondorengo kapituluetan, noizbehinka aldaketa-zergati hau aipatu dudan arren, gauzen balio erlatiboetan gertatutako aldaketa handi guztiak, horiek ekoizteko behar den lan-kantitate handiago ala txikiagoak sortutakoak direla kontsideratuko dut.
Ez dago esan beharrik ekoizteko lan-kantitate berdina behar duten merkantziek ganbio-balio diferentea izango dutela, baldin eta merkatura heltzeko denbora desberdinak behar badituzte.
Demagun hogei langile enplegatzen ditudala urteko 1.000£ko gastua eginez merkantzia bat ekoizteko, eta urtearen amaieran beste hogei langile hartzen ditudala 1.000£ko gastu berria eginez, merkantzia bera bukatzeko edo hobetzeko, eta gero merkantzia hori bi urteren buruan eramaten dudala merkatura; irabazi-tasa ehuneko 10ekoa bada, nire merkantzia 2.310£n salduko da; lehenengo urtean 1.000£ erabili ditut eta 2.100£ bigarrenean. Beste pertsona batek lan-kantitate berdina enplegatzen du, baina dena lehenengo urtean; honek berrogei langile enplegatzen ditu 2.000£ gastatuz eta lehenengo urtearen amaieran eransten dion irabazi-tasa ehuneko 10ekoa bada, merkantzia 2.200£n salduko du. Hemen bi merkantzia dauzkagu eta bietan lan-kantitate berdina enplegatu da, eta hala ere, bata 2.310£n saltzen da eta 2.200£n bestea.
Kasu hau eta aurrekoa desberdinak direla dirudi; baina zehazki berdinak dira. Bi kasuetan merkantzia baten prezioa handiagoa da denbora gehiago behar duelako merkatura iritsi aurretik. Lehenengo kasuan, makineria eta oihalaren balioa laborearen balioaren bikoitza baino handiagoa zen, nahiz eta, doi-doi, lan-kantitate bikoitza enplegatu bi merkantzia haietan. Bigarren kasu honetan, merkantzia batek besteak baino balio handiagoa du, nahiz eta bere ekoizpenean lan gehiago enplegatu ez. Balioen arteko diferentzia hau, irabaziak kapital bezala metatu direlako izan da, eta beraz, irabaziak denbora luzeagoan gorde direnez, prezio altuagoarekin konpentsatzen da.
Argi dago, beraz, industria desberdinetan erabilitako fondoen kapital finko eta zirkulatzailearen arteko proportzio desberdinak, ekoizpenean ia erabat eskulana erabiltzen denean aplikazio unibertsala duen honako araua aldatu egiten duela, alegia, gauzen balioa ez dela aldatzen, horiek ekoizteko behar den lan-kantitatea handiagoa ala txikiagoa izan ezean. Atal honetan, lan-kantitatearen aldaketarik ez badago, horren balioaren igoerak, ekoizteko kapital finkoa erabiltzen deneko ondasunen ganbio-balioaren jaitsiera besterik ez duela eragingo egiaztatu da: kapital finkoa zenbat eta handiagoa izan, jaitsiera are eta handiagoa izango da.
V
Balioa ez duela alokairuen igoerak edo jaitsierak aldatzen, kapitalaren iraupen desberdinek eta ugazabari hori itzultzeko azkartasunak ere
aldatzen dutela dioen printzipioa
Aurreko atalean, bi okupazio desberdinetan erabilitako kapital berdinek, kapital finko eta zirkulatzaileen proportzio desberdinak zituztela suposatu dugu; demagun orain biek proportzio berdina, baina iraupen desberdina dutela. Kapital finkoak zenbat eta iraupen laburragoa izan, orduan eta gehiago hurbiltzen zaio kapital zirkulatzaileari. Kapital hori kontsumitu egingo da eta bere balioa denbora laburragoan berrekoiztuko da, enpresariaren kapitala manten dadin. Ikusi dugu industria batean kapital finkoaren proportzioa nagusia bada, alokairuak igotzen direnean, industria horretan ekoiztutako merkantzien balioa, erlatiboki apalagoa dela kapital zirkulatzailea nagusi den industrian ekoiztutako merkantzien balioarekin erkatuta. Iraupen laburragoko kapital finkoak, zenbat eta kapital zirkulatzaileari gehiago hurbildu, ondorio bera izango du.
Kapital finkoa iraupen luzekoa ez bada, urtero lan-kantitate asko beharko du hasierako eraginkortasun maila mantenduko badu; baina, honela enplegatutako lana, ekoiztutako merkantzian gastatu dela kontsidera daiteke eta horregatik, merkantzia honen balioak lan horren proportzioa eraman behar du. Nik 20.000£ balio duen makina badut eta makina horrekin lan gutxi beharko balitz merkantziak eraginkorki ekoizteko, makina horren narriadura arbuiagarria balitz eta irabazi-tasa orokorra ehuneko 10ekoa, nire ondasunen prezioari ez nioke 2.000£ baino askoz gehiago erantsi beharko ekoizpen horretan makina hori enplegatu dudalako; baina makinaren narriadura handia balitz, makina hori egoera egokian mantentzeko urtero berrogeita hamar langile behar balira, nik neure merkantzien prezioari kopuru gehigarria erantsi beharko nioke eta gehigarri hau, berrogeita hamar pertsona enplegatzen dituen enpresariak, makinarik gabe, bere merkantziei ipiniko dien kopuru berdina izango litzateke.
Baina alokairuen igoerak ez die berdin eragingo merkantziei, hauek iraupen luzeko makinerian edo iraupen laburrekoan ekoiztuak izan. Baten ekoizpenean, lan-kopuru handia, etengabe transferituko litzaioke ekoiztutako merkantziari, bestean oso gutxi ordea. Edozein alokairu-igoerak edo, gauza bera dena, edozein irabazi-jaitsierak, kapital iraunkorragoarekin ekoiztutako merkantzien balio erlatiboa jaitsaraziko luke, eta galkorragoa den kapitalarekin ekoiztutako merkantziena proportzionalki igoaraziko luke. Alokairu-beherakadak alderantzizko ondorioa sortuko luke.
Jadanik esan dut kapital finkoak iraupen-gradu ugari duela. Demagun, orain, makina batek, industria partikular batean, urte batean, ehun langilek egiten duten lana burutzen duela eta, bakarrik, urtebete iraun dezakeela. Demagun ere, hori 5.000£ kostatu dela, eta ehun langileri urtean ordaindutakoa 5.000£ direla; kasu honetan ekoizleari berdin litzaioke makina hori erosi edo ehun langileak enplegatu. Baina orain, demagun eskulanaren prezioa igo egiten dela, eta ondorioz, ehun langileen urtebeteko alokairuak 5.500£ra igotzen direla; orain argi dago, ekoizleak honelako egoera baten aurrean zalantzarik ez duela izango eta beraz, makina erosteko interesa izango lukeela, bere lana 5.000£z burutzeko. Baina, ez al da makina ere garestituko, ez al da eskulanaren prezioa igo dela eta, makinaren prezioa ere 5.500£ra igoko? Makinaren prezioa hori egiteko kapitalik enplegatuko ez balitz, eta bere egileari irabazirik ordaindu beharko ez balitzaio, igo egingo litzateke. Adibidez, makina ehun langileren lanaren parekoa balitz, urtebetean lan egin ondoren bakoitzari 50£ ordainduz, makinaren prezioa 5.000£ izango litzateke; alokairu hauek 55£ra igoko balira, makinaren prezioa 5.500£ izango litzateke. Baina kasu hau ezin liteke izan. Ehun langile baino gutxiago enplegatzen dira edo, bestela, ezin daiteke 5.000£n saldu, zeren eta 5.000£ horietatik kapitalaren irabaziak ordaindu behar baitira. Demagun bakarrik laurogeita bost pertsona enplegatzen direla, bakoitzarekin 50£ gastatuz, edo 4.250£ urteko, eta 750£ direla makina eraikitzeko langileei alokairuak ordaindu ostean geratzen den soberakina, ekoizleak kapitalarekin lortzen duen irabazia hori izanik. Alokairuak ehuneko 10 igotzen direnean, ekoizleak 425£ko kapital gehigarria enplegatu beharko du, eta 4.675£ enplegatuko ditu 4.250£ren ordez; orduan, bere kapitalari, besterik gabe 325£ko irabazia aterako dio, baldin eta makina 5.000£n saltzen jarraitzen badu; baina kasu hau da, hain zuzen, ekoizle eta kapitalista guztiena; alokairu-igoerak guztiei eragiten die. Beraz, makinaren egileak, alokairuak igo direla eta, berau garestituko balu, kapital gehigarria era honetako makinak eraikitzeko enplegatuko litzateke, beren prezioak ohiko irabazi-tasa barneratu arte5. Ikusi dugu, beraz, alokairu-igoeraren ondorioz, makinen prezioak ez lukeela igoerarik izango.
Hala ere, ekoizleak, alokairu-igoera orokor baten aurrean bere merkantzien ekoizpen-kostuak igoko ez dituen makina berri bat eskuratu eta bere ondasunen prezioak berdin mantentzea lortuko balu, egoera abantailatsuaz gozatuko luke; baina jadanik ikusi dugunez, bere merkantziak merketu egin beharko lituzke edo, bestela, kapitalak industria horretara etorriko lirateke, irabaziak maila orokorrera berriro erori arte. Beraz, honela profitatzen da makineriaz: eragile mutu hauek, beti, ordezkatzen dituztenek baino lan-kantitate gutxiago behar izaten dute, nahiz eta diruzko balio berdina izan. Horren eraginez, alokairuak igoko lituzkeen oinarrizko ondasunen prezioaren inkrementuak, pertsona gutxiagori eragingo die; aurreko adibidean bezala, ehun lagunengana ordez laurogeita bostengana helduko da, eta ondorioz, lortuko den aurrezkia ekoiztutako merkantzien prezioan islatuko da. Ez makinen, ezta ere berauekin egindako merkantzien balio errealak, ez dira igotzen, baina makinekin egindako merkantzia guztiek balio txikiagoa izango dute, eta hori beren iraupenaren proportzioan emango da.
Ikusten denez, gizartearen lehen garaietan, iraupen luzeko makineria erabiltzen hasi aurretik, kapital berdinekin ekoiztutako merkantziek ia balio berdina zuten, eta beren balio erlatiboa igo edo jaistea, horiek ekoizteko lan gehiago edo gutxiago behar izatearen arabera gertatuko zen; baina ekoizpenean lanabes garesti eta iraunkorragoak sartu ostean, kapital berdinekin honela ekoiztutako merkantziek balio desberdina izango dute, eta oraindik ere, igoera edo jaitsiera erlatiboa, beren ekoizpenean behar den lan gehiago edo gutxiagoren eraginez ematen den arren, beste aldaketa bati ere lotuko zaio, hau da, alokairu eta irabazien igoera edo beherakadari, nahiz eta honen eragina txikiagoa izan. Gerta daiteke 5.000£n saldu diren ondasunak eta 10.000£n saldu diren beste batzuk, kapital berdin-berdinarekin ekoiztuak izatea. Hala ere, beraien ekoizpenean erdietsitako irabaziak berdinak izango dira. Alabaina, irabazi hauek desberdinak izango dira merkantzien prezioak irabazi-tasaren igoera edo beherakadarekin batera aldatzen ez badira.
Ikusten da ere, edozein ekoizpen-motatan enplegatutako kapitalaren iraupenaren arabera, kapital iraunkor hori enplegatu deneko merkantzien prezio erlatiboak, alokairuekiko alderantzizko proportzioan aldatuko direla; alokairuak igo ahala prezio erlatiboak jaitsi egingo dira, eta igo alokairuak jaitsi ahala. Aldiz, prezioa zenbatesteko erabiltzen den neurria baino kapital finko gutxiagorekin edo iraupen laburragoarekin eta nagusiki eskulana erabiliz ekoiztutako ondasunenak, alokairuak igo ahala, igo egingo dira, eta haiek jaitsi ahala, jaitsi ere.
VI
Balioaren neurri aldaezinaz
Merkantzien balio erlatiboek aldaketarik izaten dutenean, desiratzekoa izango litzateke, zeinen balio erreala izan den erori dena eta zeinena igo dena jakiteko bitartekoak izatea, eta hori, gainerako gauzei eragiten dieten inolako gora-beheren menpe ez legokeen balio aldaezineko neurriren batekin behin eta berriro erkatuz besterik ez daiteke lor. Honelako merkantzia existitzea ezinezkoa da, ez baitago berez aldaketa-arriskurik ez duen merkantziarik, neurtu behar ditugun merkantzien balioek ez duten bezala, hauek etengabe aldatzeko arriskua baitute; hau da, ez dago merkantziarik ekoizteko lan gehiago edo gutxiago eskatzen ez duenik. Baina neurri estandar honen aldaketak eragiten dituzten zergatiak ezabatu ahal balira, -hori ahalgarria balitz, adibidez, gure diruaren ekoizpenak, beti, lan-kantitate berdina eskatuko balu-, oraindik ere ez litzateke balioa neurtzeko estandar perfektu eta aldagaitza izango, zeren eta lehen esplikatzen saiatu naizenez, edozein aldaketa erlatiborekin aurkituko bailitzateke; izan ere, aldaketa erlatibo hauek alokairuen gorakadak edo beherakadak sortuko lituzke, edota dirua ekoizteko behar diren kapital finko eta zirkulatzailearen arteko proportzioa aldatzeak, edo aldaketak neurtu nahi dizkiegun merkantzien ekoizpenean enplegatzen den kapital finko eta zirkulatzailearen arteko proportzioak aldatzeak. Aldaketa hauek ere lotuta egon litezke diruaren ekoizpenean enplegatzen den kapital finkoaren iraupen-gradu desberdinak daudelako, -baita berarekin erkatu behar diren merkantzietan ere-, edo merkatura heltzeko merkantziek behar duten denbora luzeago edo laburragoa delako, balio erlatiboa determinatu nahi diegun merkantziek behar dutena baino; zirkunstantzia hauek guztiek ezinezkoa egiten dute neurri egoki eta perfektuko merkantzia hori aurkitzea.
Adibidez, neurri estandar gisa urrea hautatu nahi izango bagenu, argi dago metal honek, gainontzeko edozein merkantzia bezala, lana eta kapital finkoa eskatzen dituela ekoizteko. Beste edozein merkantziatan bezala, bere ekoizpenean lana aurrezteko hobekuntzak sar daitezke, eta ondorioz, beste ondasunekiko bere balio erlatiboa jaitsi daiteke, hain zuzen, berorren ekoizpenerako erraztasunak handitu direlako.
Aldaketa honen zergatiak desagertzen direla suposatzen badugu, eta urre-kantitate berdina lortzeko beti lan-kantitate berdina behar dela, oraindik urrea ez litzateke gainontzeko ondasun guztien aldaketa zehatzak ezagutzeko balio-neurri perfektua izango, zeren eta urrea ez bailitzateke lehengo kapital finko eta zirkulatzailearen arteko konbinaketa berdinaz ekoizten jarraituko, gainontzeko merkantziek egingo ez duten bezala; eta ez bailuke ere, merkatura heltzeko denbora berdina beharko: Zehazki, bera bezalako zirkunstantzia berezietan ekoizten diren ondasun guztientzat neurri ezin hobea izango da, baina ez besteentzat. Adibidez, oihala eta kotoizko ondasunak ekoizteko suposatu ditugun zirkunstantzia berak ematen badira, ondasun hauentzat balio-neurri perfektua izango litzateke, baina ez laborea, ikatza, eta beste merkantzientzat, hauen ekoizpenean kapital gehiago edo gutxiago erabiltzen bada; ikusi dugunez, irabazi-tasa iraunkorreko edozein aldaketak bere eragina izango luke ondasun horien guztien balio erlatiboan, beren ekoizpenean enplegatutako lan-kantitatean edozein aldaketa izanda ere. Urrea laborea ekoizten den baldintza berdinetan egingo balitz, nahiz eta hauek inoiz aldatuko ez direla suposatu, arrazoi beragatik, ez litzateke oihal eta kotoizko ondasunen balioarentzat neurri perfektua izango. Ez urrea, ezta beste edozein merkantzia ere, inoiz ezin daitezke ondasun guztientzat balio-neurri perfektua izan; baina nik jadanik azpimarratu dut irabazien aldaketak ondasunen prezio erlatiboen gainean sortutako ondorioa, konparatiboki txikia dela, ondorio garrantzitsuenak, ekoizpenean eskatutako lan-kantitatearen aldaketak sortzen baititu; eta beraz, aldaketa-arrazoi garrantzitsu hori urre-ekoizpenetik desagertzen dela suposatzen badugu, ziur aski, balio-neurri estandar horretara hurbilduko gara, nahiz eta bakarrik teorikoki pentsatua izan daitekeen. Ezin al daiteke suposa, urrea gauza gehienak ekoizteko erabiltzen diren bi kapital-moten proportziotara hurbilduko den tamainan ekoiztuko dela? Ezin al daiteke pentsa, proportzio hauek bi muturretatik, hau da, kapital finko gutxiena enplegatzen duenetik eta lan gutxiena enplegatzen duenetik distantzia berdinera daudela, eta bien artean batezbesteko proportzio zehatza osatu?
Beraz, neurri estandarretik nahikoa hurbil dagoen balio-neurria badaukadala suposa badezaket, beste ondasun guztietan ematen diren balio-aldaketez ziur mintzatzeko gai izango naiz, prezioak eta balioak determinatzeko estandarrak aldaketarik izan dezakeen ala ez aldiro aztertzen aritu gabe.
Orduan, azterketa honen objektua errazteko, urrezko dirua gainontzeko ondasunen aldaketekin lotuta dagoela ohartzen naizen arren, hala ere, aldagaitza dela suposatuko dut, eta beraz, edozein merkantziaren prezio aldaketak, beren balio-aldaketek sortu dituztela suposatuko dut.
Gai hau utzi aurretik, egokia izan daiteke aipatzea Adam Smithek eta bere idazlanen jarraitzaile guztiek, salbuespenik gabe nik dakidanez, mantentzen zutena, hau da, lanaren prezioaren igoerak merkantzia guztien igoera uniformea ekarriko lukeela. Espero dut iritzi honen oinarri eza frogatu izana, eta beraz, prezio igoera hori izango duten merkantziek, balio estandarrak duen batezbesteko kapital finkoa baino txikiagoa izan beharko dute; eta kapital finko hori handiagoa badute, alokairuak igotzen direnean prezioa erori egingo da. Alderantziz, alokairuak erortzen badira, balio estandarra ekoizteko enplegatzen den kapital finkoaren proportzioa baino txikiagoa erabilita ekoizten diren merkantzien prezioa jaitsiko da; proportzio hori handiagoa duten guztiek prezio-igoera izango dute.
Azpimarratu behar dut nik ez dudala esan merkantzia batek behar duen lana 1.000£ kostatu delako eta 2.000£ beste batena, batak 1.000£ko balioa izango duela eta 2.000£koa besteak; nik esan dudana, bata bestearekiko balio-erlazioa bitik baterakoa dela da, eta proportzio honetan ganbiatuko direla. Doktrina honentzat ez du garrantzirik merkantzia bat 1.100£n saltzen bada eta bestea 2.200£n, edo bata 1.500£n eta 3.000£n bestea; arazo hau ez dut ikertzen; nik honako hau baieztatu nahi dut: merkantzien arteko balio erlatiboak beren ekoizpenean erantsitako lan-kantitate erlatiboek gobernatzen dituztela6.
VII
Diruaren balioan izandako aldaketek sortzen dituzten efektu
desberdinak,-diruaren balioa izanez, beti, prezioa adierazteko
neurria-, edo diruz erosten diren merkantzien balioan
emandako aldaketek sortutakoak
Jadanik adierazi dudanez, diruaren balioa aldagaitza dela kontsideratu dudan arren, gainontzeko merkantzien balioan kausatzen diren aldaketa erlatiboak ahal den gardenkien azaltzeko asmoz, egokia izan daiteke ohartzea zeintzuk izango diren ondasunen prezio-aldaketek sortarazitako efektu desberdinak, hain zuzen, nik jadanik aipatutako zergatiek eragindakoak; hau da, ondasun horiek ekoizteko behar diren lan-kantitate desberdinak eta diruaren balioa alteratu delako sortutako alda-
ketak.
Dirua merkantzia aldaezina izanik, diruzko alokairuen igoera, normalki, diruaren balioa erori egin delako izango da. Zergati honek sortutako alokairu-igoera, nahitaez, merkantzien prezioan emango den gorakadarekin batera gertatuko da; baina kasu horietan aurkituko dugu lanak eta merkantziak, batak bestearekiko, ez dutela aldaketarik izan, eta aldaketak, bakarrik, diruan eman direla.
Dirua etengabeko aldaketekin lotuta egotearen arrazoiak anitzak dira: atzerrian erdietsitako merkantzia izatea, herrialde zibilizatu guztien arteko ganbio-neurri orokorra izatea eta merkataritza eta makinerian sartutako hobekuntzak direla eta, herrialdeen arteko diruaren banaketa-proportzioak, beti, aldatzen aritzea, eta populazio-gehikuntza dela eta elikagaiak eta oinarrizko ondasunak erdiesteko zailtasunak gehitzea. Ganbio-balioa eta prezioa erregulatzen dituzten printzipioak azaltzerakoan, derrigorrez, merkantziak berez dituen aldaketak eta balio-neurria zenbatesten edo prezio-neurria azaltzen duenak eragindakoak berezi behar ditugu.
Alokairuen igoerak, diruaren balio-aldaketak bultzatu badu, efektu orokorra sortzen du prezioan, eta arrazoi horregatik ez du inolako eraginik irabazietan. Aldiz, alokairu-igoera hori langilea gehiago saritzeko bada, edo oinarrizko ondasunak eskuratzen alokairuak gastatzeko zailtasun gehiago dagoelako bada, salbuespen batzuk eginez gero, ez du prezio-igoerarik eragiten, baina irabaziak beheratzen izugarrizko eragina du. Lehenengo kasuan, herrialde honetan ez da urteko lanaren proportzio handiagorik erabiltzen langileak mantentzeko; bigarrenean bai ordea, proportzio handiagoa erabiltzen da.
Irabazi, errenta eta alokairuen artean igoera edo beherakadarik eman den epaitu ahal izateko, etxalde bateko ekoizpen osoa hiru klaseen artean banatuta hartu beharko da, hau da, lurjabe, kapitalista eta langilearen artean; eta ezingo dugu erabili ekoizpen honen balioa zenbatesteko erabiltzen den neurria, dakigunez, neurri hori aldakorra baita.
Irabazi-, errenta- eta alokairu-tasa, ekoizpen hori erdiesteko beharrezkoa den lan-kantitateak zehaztuko dizkigu zuzenki, ez ordea edozein klasek eskuratzen duen ekoizpen-kantitate absolutuak. Nekazaritza eta makineria hobetuz ekoizpen osoa bikoitz daiteke; baina alokairuak, errentak eta irabaziak bikoizten badira, hiru klase hauek lehengo proportzioak mantenduko dituzte, eta ezin izango da erlatiboki aldatu direnik esan. Baina alokairuek ez balute inkrementu honetan parte hartuko, bikoiztu ordez, ehuneko 50 besterik ez balira igoko, errenta ere bikoiztu ordez ehuneko 75 igoko balitz, eta gainontzeko inkrementu guztia irabazira joango balitz, zuzen nengoke errenta eta alokairuak erori eta irabaziak igo direla esatean; ikusi ahal izango genuke ere, ekoizpen honen balioa neurtzeko estandar aldagaitza bagenu, langile- eta lurjabe- klaseentzat balio gutxiago legokeela, eta klase kapitalistarentzat, gehiago, lehenago lortzen zutenarekin erkatuta. Aurkituko genuke ere, adibidez, merkantzien kantitate absolutua bikoiztu den arren, lehengo lan-kantitate berdinaz ekoiztu direla. Ekoiztutako ehun kapela, traje eta labore laurden bakoitzeko:
Langileek lehen 25
Lurjabeak lehen 25
Kapitalistak lehen 50
100
eskuratzen bazuten.
Eta behin merkantzia hauen egun bakoitzeko kantitatea bikoiztu ondoren:
Langileek orain 22
Lurjabeak orain 22
Kapitalistak orain 56
100
eskuratzen badute.
Kasu honetan nik esango nuke alokairuak eta errentak erori diren bitartean irabaziak igo egin direla, nahiz eta klase guztiek merkantzia gehiago eskuratu; izan ere, langile eta lurjabeei ordaindutako kantitatea 25etik 44ra igo da, proportzioa txikiagoa bada ere. Alokairuak bere balio errealean zenbatetsi behar dira, hau da, beraiek ekoizteko enplegatzen den lan- eta kapital-kantitatearen arabera, eta ez bere balio nominaletan, hau da, kapelatan, trajetan, dirutan, edo laboretan. Nik suposatu ditudan egoeretan, merkantziak bere lehengo balioen erdira eroriko dira, eta dirua aldatu ez bada, baita lehengo prezioen erdira ere. Beraz, neurri honen balioa erortzeke mantenduz gero, langileen alokairuak erori egingo dira, baina ez da beherakada erreala izango, zeren eta alokairu txikiago horiekin langileak merkeago diren merkantzi kantitate handiagoa eskuratuko baitu, lehengoekin erkatuta.
Diruaren balio-aldaketak, nahiz eta oso handia izan, ez du irabazi-tasen gaineko eraginik; demagun fabrikante baten ondasunak 1.000£tik 2.000£ra igotzen direla, hau da ehuneko 100; erabiltzen duen kapitalaren balioak ere, diru-aldaketak direla eta, ekoizpeneko balioaren efektu berdina badu, eta beraz, makineria, eraikinak eta merkatal kapitala ehuneko ehun igotzen badira, fabrikante horrek irabazi-tasa berdina izango du eta herrialde horretako lanaren ekoizpen-kantitate berdina eskuratuko du, ez gehiago.
Balio jakineko kapitalarekin, eskulana aurreratuz, ekoizleak ekoiztutako kantitatea bikoiztu ahal badu, eta ondorioz, merkantziak lehengo prezioaren erdira jaisten badira, ekoizpen honek kapitalarekiko lehengo proportzio bera mantenduko du, eta ondorioz, irabazi-tasa ere ez da aldatuko.
Kapital bera enplegatuz ekoizten den kantitatea bikoizten bada eta diruaren balioak, edozein gora-behera dela eta, lehengoaren erdia balio baldin badu, ekoizpen horren diruzko balioa bikoiztu egingo da; baina ekoizpenean enplegatzen den kapitala ere lehengoaren bikoitza izango da, eta beraz, kasu honetan ere, lehengoan bezala, ekoizpenaren balioak kapitalaren balioarekiko duen proportzioa mantendu egingo da: nahiz eta ekoizpena bikoiztu, errenta, alokairuak eta irabaziak, hiru klaseen arteko banaketa-aldaketen araberako proportziotan besterik ez dira aldatuko.
II. Kapitulua
Errentaz
Orain lurraren jabetzak eta beronek sortzen duen errentak merkantzien balio erlatiboaren aldaketan nolabaiteko eraginik baduen ikusi behar dugu, ekoizpenean enplegatutako lan-kantitatea edozein dela ere. Gai honen zati hau behar den moduan uler dadin, errentaren jatorria eta bere igoerak eta jaitsierak erregulatzen dituzten legeak aztertu behar ditugu.
Errenta, lurraren jatorrizko eta suntsiezinezko ahalmena erabiltzeagatik, lurjabeari ordaintzen zaion lurraren emaitzaren zatia da. Sarritan, kapitalaren interes eta irabaziarekin nahasten da eta, mintzaira arruntean, maizterrak bere lurjabeari ordaintzen dion kopurua adierazteko erabiltzen den terminoa da. Neurri berdineko eta emankortasun berdineko etxalde bi hartuta, horietako batek eraikuntzek ematen dituzten abantailak izateaz gain, lurra ongi iraulia, goroztuta, egoki sailkatuta, hertsita badu eta hormaz inguratuta badago, bigarren lurrak abantaila hauek ez dituen bitartean, normala denez, gehiago ordainduko da lehenengo lurra erabiltzeagatik bigarrenagatik baino; hala ere, bi kasuetan, ordaintzen den diru-kopuruari errenta deitzen zaio. Baina garbi dago, hobetutako etxaldeagatik ordaintzen den diru-kopuruaren zati bat besterik ez dela izango lurrak duen suntsiezinezko eta jatorrizko ahalmena konpentsatzeko; beste zatia, kapitala ordaintzeko izango da eta, jakina, kapital hau lur-kalitate emankorragoa lortzeko eta ekoizpena hobeto gordetzeko eraikinak egiteko erabiltzen da. Adam Smith, errentaz diharduenean, batzuetan nik eman nahi diodan zentzuan mintzo da, baina sarriagotan hizkera arruntean duen esanguraren edukia ematen dio. Berak dioenez, Hego Europako herrialde gehienetako egur eskariak eta horren ondoriozko prezio-igoerak kausatzen omen dute Norvegiako oihanak ustiatzeagatik ordaintzen den errenta, ordurarte inolako errentarik sortzen ez zutenak. Baina ez al dago argi Adam Smithek errenta deitzen duena ordaindu zuen pertsonak, lurraren gainean zegoen merkantziagatik ordaindu zuela eta berehala berrordaindu zitzaiola, irabazi eta guzti, behin egurra saldu zuenean? Egurra bildu ostean, jabeari lurra erabiltzeagatik, zuhaitzak landatzeagatik edo beste edozein ekoizpenarengatik konpentsazioren bat eman bazitzaion, gerorako eskariari begiratuta, honelako konpentsazioa bai izan daitekeela, justu, errenta, zeren eta lurraren ekoizpen-ahalmenagatik ordainduko bailitzateke; baina Adam Smithek aipatzen duen kasuan, konpentsazioa, egurra moztu eta saltzeko ahalmenagatik egiten zen eta ez lantzeko ahalmenagatik. Meategi eta harrobietan ordaintzen den errentez ere mintzo zaigu eta ohar berak egiten ditu, hau da, meategi edo harrobiengatik egiten den konpentsazioa ikatz edo harriaren prezioan ordaintzen da, eta ez du lurrak duen jatorrizko eta suntsiezinezko ahalmenarekin inolako erlaziorik. Bereizketa honek garrantzi handia du errenta eta irabaziak aztertzeko orduan; zeren eta errentaren bilakaera erregulatzen duten legeak irabaziaren bilakaera erregulatzen dutenetatik guztiz desberdinak baitira, eta oso kasu gutxitan izaten dira norabide berekoak. Aurreratutako herrialde guztietan, lurjabeari urtero ordaintzen zaiona -errenta eta irabaziaren etengarriak dituen ordainketa bestalde-, kontrajarritako kausen ondorioak direla eta, batzuetan, aldatzeke mantentzen da; eta beste batzuetan aurreratu edo atzeratu egiten da, nagusitzen den kausaren arabera. Lan honen hurrengo orrialdeetan, beraz, lurraren errentaz mintzatzen naizenean, lurjabeari suntsiezinezko eta jatorrizko lurra erabiltzeagatik ordaintzen zaion konpentsazioaz arituko naiz.
Lehenbiziko aldiz herrialde bat kolonizatzen denean, bertako lurrak aberatsak eta emankorrak badira, eta beraz, lurgune horretako populazioak bizirauteko, lur horren zati txiki bat lantzea nahikoa bada, edo landutako lurretan populazioaren kapital erabilgarria ipintzen baldin bada, kasu honetan ez da errentarik egongo; oraindik jaberik gabeko lur ugari dagoela eta, landu nahi duenaren esku nahi adina lur badago, orduan ere, ez da errentarik ordainduko.
Eskari eta eskaintzaren printzipio arrunten arabera, lur horregatik ez litzateke errentarik ordainduko; airea edo ura erabiltzeagatik ezer ordaintzen ez den bezala edo naturak ugari ematen digun edozein oparirekin gertatzen den moduan, gauza bera izaten da lur ugari dagoenean. Emandako material-kantitate jakin batekin, atmosferaren presioaren laguntzarekin, eta lurrunaren elastikotasunarekin, makinek lana egin dezakete, neurri handi batean giza lana erraz dezaketelarik; baina naturaren laguntza horien erabilpenagatik ez da ezer kobratzen, berauek agortezinak izateaz gain, edozein gizakiren esku baitaude. Era berean, garagardogileak, distilatzaileak eta margolariak aire eta ur ugari erabiltzen dute beren merkantziak ekoizteko; baina natur ondasun horien eskaintzek mugarik ez dute, eta beraz, ez dute preziorik1. Lur guztiek ezaugarri berak balituzte eta kantitatea mugagabea eta kalitatea uniformea balitz, orduan, lur horiek erabiltzeagatik ez litzateke ezer ordainduko, kokapen egokiagoa izateagatik, bakarren batek abantailaren bat ez balu behintzat. Orduan, errenta, lurra mugatua eta kalitate ez-uniformekoa delako eta populazioa ugaritzen den heinean kalitate kaskarragokoak erabili behar direlako edo kokapen desegokiagoan daudenak landu behar direlako ordaintzen da. Gizartearen aurrerapena ematen denean eta bigarren mailako emankortasuna duten lurrak lantzen hasten direnean, lehenengo kalitatekoan errenta sortzen da eta errentaren kopurua bi lur zati horien kalitateen aldeak zehaztuko du.
Hirugarren kalitate-mailako lurra lantzen hasten denean, berehala sortuko da errenta bigarren mailakoan eta lehen bezala erregulatuko da, hau da, produktibitate-ahalmenen diferentziaren arabera. Aldi berean, lehen kalitateko lurraren errenta ere igo egingo da, eta horregatik, beti, bigarren kalitatekoaren gainetik egongo da; diferentzia, kapital eta lan berdina enplegatuta lortzen diren errendimendu desberdinen emaitza izango da. Populazioaren hazkundeak aurrera egin ahala, herrialdea kalitate kaskarragoko lurrak landu beharrean egongo da, eta bere elikagai-eskaintza gehitzerakoan lur emankorrago guztien errentek gora egingo dute.
Demagun hiru lur-mota -1, 2 eta 3 zenbakikoak- ditugula eta hiruretan enplegatzen diren kapitalak eta lan-kantitateak berdinak direla; era honetan erdietsitako ekoizpen netoa 100, 90 eta 80 laurden labore izango da. Populazioarentzat lur emankor ugari dagoen eta 1 zenbakiko lurra lantzea nahikoa den herrialde berri batean, nekazarientzat izango da ekoizpen garbi guztia, eta aurreratzen duen kapitalaren irabazia izango da. Populazioa handitu ahala, 2 zenbakiko lurrak landu beharko dira, eta hemendik, laurogeita hamar laurden labore besterik ez dira aterako, langileei beraiei dagokiena eman ostean, eta orduan, 1 zenbakiko lurra errenta ordaintzen hasiko litzateke; beraz, edo nekazaritzako kapitalak bi irabazi-tasa behar ditu edo 1 zenbakiko ekoizpenari hamar laurdenen balioa kendu behar zaio beste helburu batzuetarako. Lur horren jabeak edo beste edozein pertsonak 1 zenbakiko lursaila lantzen badu, hamar laurden horiek errenta osatuko dute; 2 zenbakiko saila lantzen duenak, emaitza berdina izango du bere kapitalarekin 1 zenbakiko saila lantzen badu errenta gisa hamar laurden ordainduz, edo 2 zenbakikoa lantzen jarraitzen badu errentarik ordaindu gabe. Era berean, 3 zenbakiko saila lantzen hasten bada, orduan hamar laurdeneko errenta edo beronen balioa ordaindu beharko du 2 zenbakiko saila ustiatzeagatik, eta bien bitartean, 1 zenbakiko sailaren errenta hogei laurdenera igoko litzateke; 3 zenbakiko saila lantzeagatik nekazariak erdietsiko lituzkeen irabaziak, 1 zenbakikoan erdietsiko lituzkeenaren berdinak izango lirateke, baina hogei laurden ordaindu beharko lituzke errenta gisa, edo 2 zenbakikoan ere irabazi berdinak izango lituzke, errenta moduan hamar laurden ordaindu ondoren; 3 zenbakiko horretan irabaziak berdinak izango dira, baina errentarik ez da ordainduko.
Sarritan gertatzen da 2, 3, 4, 5 edo maila apalagoko lursailak lantzen hasi aurretik, kapitala ekoizkortasun handiagoz enplegatzen dela jadanik lantzen ari ziren lursailetan. Kasu batzuetan gerta daiteke 1 zenbakiko lurretan kapitala bikoiztea; honela ez da ekoizpena bikoiztuko, hau da, ez da beste 100 laurden haziko, baina bai laurogeita bost laurden, eta kantitate gehigarri honek, kapital bera 3 zenbakiko lurrean enplegatuta erdiets lezakeen ekoizpena ere gaindi lezake.
Honelako kasuan, kapitala, ziurrenik, lur zaharrean enplegatuko litzateke, eta errenta berdin-berdin sortuko litzateke; zeren eta errenta, beti, kapital eta lan berdinak enplegatuta lortzen diren ekoizpenen arteko diferentzia baita. Maizter batek 1.000£ko kapitalarekin bere lurretik 100 laurden gari atera baditu eta 1.000£ko bigarren kapitala enplegatuta beste laurogeita bost laurden gari lortzen baditu, bere lurjabeak botere nahikoa izango luke, bien arteko kontratua amaitzerakoan, hamabost laurden gari edo beronen baliokidea ordainarazteko, errenta-gehigarri gisa; zeren eta ezin baitaiteke bi irabazi-tasa egon. Bigarren 1.000£ko kapitala enplegatu ostean errendimendua hamabost laurden gutxitu delako pozik badago, honek adierazi nahi du kapital horrek ez duela erabilpen emankorragorik. Ohiko irabazi-tasa proportzio honetan egongo litzateke eta lehenengo maizterrak uko egingo balio ere, besteren bat desiratzen egongo litzateke irabazi-tasa gainditzen duen soberakin hori, lurra ustiatzen uzten dion jabeari emateko.
Kasu honetan, bestean bezala, enplegatutako azken kapitalak ez du errentarik ematen. Lehenengo 1.000£ren ahalmen produktiboa handiagoa delako, hamabost laurden ordainduko dira errenta gisa, eta bigarren aldiz beste 1.000£ enplegatu ostean, ez da errentarik ordainduko. Hirugarren aldiz kopuru berdineko kapitala lur berean enplegatuko balitz, errendimendua hirurogeita hamabostekoa izango litzateke; orduan, bigarren kapitalak ere errenta ordaindu beharko luke eta errenta-kopurua bi ekoizpenen arteko aldea (85-75), edo hamar laurden, izango litzateke; aldi berean, lehenengo 1.000£k sortuko duten errenta hamabost laurdenetik hogeitabostera igoko da; bien bitartean azkeneko 1.000£k ez dute errentarik ordainduko.
Beraz, lur onak ugari badaude eta hauetan ekoizten diren elikagaiak nahikoak badira etengabe hazten den populazioaren beharrizanak asetzeko, edota kapitalaren enplegua ere etengabe gehituko balitz lur zaharraren errendimendua gutxitzeke, orduan ezin liteke errenta-igoerarik egon; zeren eta errenta, beti, enplegatutako lan-gehigarriak sortzen baitu, errendimendua proportzionala baino txikiagoa delako.
Lehenbizi, lur emankorrena eta egokien kokatutakoa landuko da, eta lur honetan ekoiztutako ondasunen ganbio-balioa beste edozein ondasunena bezala finkatuko da, hau da, ekoizteko enplegatzen den lan-kantitatearen arabera, bere era guztietan, hasieratik bukaera arte, hots, ekoizpenaren hasieratik merkatura heldu arte. Kalitate apalagoko lurra lantzen ipintzen denean, ekoiztutako ondasunen ganbio-balioa igo egingo da, orain, ondasun horiek ekoizteko lan gehiago behar baita.
Merkantzia guztien ganbio-balioa, nahiz fabrika, meategi edo baratzean ekoiztutakoak izan, inoiz ez da ekoizteko lan-kantitate gutxiena behar denaren arabera erregulatuko, hau da, ekoizpena guztiz aldeko zirkunstantzietan eta erraztasun guztiak betetzen dituzten pertsonek burutzen dutenaren arabera; aitzitik, ganbio-balio hori beraien ekoizpenean lan-kantitate gehiena enplegatzen duenak erregulatuko du, hain zuzen, ekoizteko erraztasun makurrenak dituenak; baldintza txarrenetan ekoizten jarraitzen dutenek finkatuko dute ganbio-balioa; baldintza txarrenetan ekoiztearen esangura zera da: ondasunaren kalitatera heltzeko baldintza txarrenetan ekoizten da, hots, zirkunstantzia kaltegarrienetan egiten dira ondasun horiek.
Beraz, karitatezko erakundeetan, non txiroek ongigileen diruarekin lan egiten duten, honelako lanaz ekoiztutako merkantzien prezio orokorrak ez dituzte langile berezi hauen erraztasunek zehaztuko, gainontzeko ekoizleek dituzten ohiko zailtasun arruntek baizik. Honelako erraztasunik ez duen fabrikanteak merkatutik kanpo geratzeko arriskua izan lezake, baldin eta langile abantailatsu horien eskaintza komunitatearen nahiak betetzeko nahikoa balitz; baina fabrikante honek ekoizten jarraitzen badu, bere kapitalaren ohiko irabazi-tasa orokorra erdietsi beharko du; eta hori emateko, bere merkantzia sal litekeen prezioa, bere ekoizpenean enplegatzen den lan-kantitatearen proportzioan egongo litzateke2.
Egia da lur hoberenean, oraindik ere, ekoizpen berdina erdietsiko dela lehengo lan-kantitate berarekin, baina bere balioa igo egingo da lur txarragoan lan eta kapital berria enplegatu ostean emankortasuna gutxitu delako. Beraz, lur emankorragoaren abantailak ez dira galduko, baina nekazariak edo kontsumitzaileak lurjabeari transferituko dizkio abantaila horiek; zeren eta lur apalago hauetan lan gehiago beharko baita eta lur-mota hauei esker erantsi ahal izango baitiogu gure ekoizkinari eskaintza gehigarri hori; era honetan, ondasun horren balio erlatiboa, iraunkorki, lehengoa baino altuagoa izango da, eta ondorioz, kapela, arropa, oinetakoak eta abar gehiagoz truka daiteke, azken hauen ekoizpenerako lan-kantitate gehigarririk behar ez baldin bada behintzat.
Beraz, lehengaiaren balio erlatiboaren igoeraren arrazoia, ekoizkin honen azken zatia erdiesteko lan gehiago behar izatean datza. Laborearen balioa, emandako lur-mota jakinean, ekoizpenean enplegatzen den lan-kantitateak erregulatzen du edo errenta ordaintzen ez duen kapital-zatiak. Laborea ez da garestia beragatik errenta ordaintzen delako, baizik errenta ordaintzen da laborea garestia delako; eta zuhurki ikusi da laborea ez dela merketuko, nahiz eta lurjabeak errenta kobratzeari utzi. Honelako neurriak zenbait nekazari jauntxoen moduan bizitzea ahalbideratuko luke, baina hala ere, ez luke emankortasun apaleneko lurretan ekoiztutako lehengaiek behar duten lan-kantitatea gutxiaraziko.
Guztiz normala da gainontzeko ekoizpen-iturri baliagarriekin alderatuta lurrak dituen abantailez hitz egitea, errenta moduan soberakina ematen baitu. Hala ere, lurra oso ugaria, emankorra eta ekoizkorra denean ez du errentarik ematen; bere kemena erortzen denean eta lanaren emankortasuna murrizten denean, horrelakoetan soilik izango da hasierako produkzio emankorrenetik zati bat errentarako. Benetan bitxia da lurrak duen ezaugarri hau; izan ere, inperfekzio gisa kontsideratu beharko litzatekeena fabrikaziorako lagungarri diren eragile naturalekin erkatuko balitz, ezaugarri honek, azken finean, bere nagusitasun berezia adieraziko bailiguke. Aire, ur, lurrun-elastikotasun eta atmosferaren presioa kalitate ezberdinetakoak balira, hauek eskuratzea posible balitz eta kualitate bakoitzekoa ugaritasun mugatuan egongo balitz, orduan, lurrak bezala, kalitate apalagokoak jardueran ipini ahala, errenta bati aurre egin beharko liokete. Kalitate apalagokoa enplegatuta fabrikatuko liratekeen merkantzien balioak gora egingo luke, lan-kantitate berdinak produktibitate txikiagoa izango lukeelako. Gizakiak bere izerdiaz gehiago egingo luke eta gutxiago naturak; eta lurra ez litzateke hobea izango, bere produkzio-ahalmenak mugatuak direlako.
Lurrak errenta moduan ematen duen ekoizpen-soberakina abantailatzat hartzen bada, desiragarria litzateke urtebetean ekoizten den makineria aurreko urtekoa baino eraginkortasun gutxiagokoa balitz, orduan, zalantzarik gabe, ganbio-balio handiagoa erantsiko bailieke ekoiztutako ondasunei; izan ere, esandako hau ez litzateke bakarrik makineria honekin gertatuko, erreinuko gainontzeko makineria guztiarekin baizik; eta orduan, makineria produktiboena daukaten guztiei errenta ordainduko litzaieke3.
Errentaren igoera, beti, herrialdeko aberastasunak duen hazkundearen eta populazio hazkorrak elikagaiez hornitzeko dituen zailtasunen ondorio da. Sintoma bat izango da, baina inoiz ez aberastasun-kausa; zeren eta aberastasuna, sarritan, oso azkar inkrementatzen baita, errenta egonkorra edo beherakorra den bitartean. Errenta inkrementatu egiten da erabilgarria den lurrak bere produkzio-ahalmena galdu ahala, eta zenbat eta azkarrago galdu kemen hau, orduan eta fiteago haziko da errenta. Aberastasuna fiteago hazten da lur erabilgarri emankorragoa duten herrialdeetan, inportazioek oztopo gutxien dituzten herrialdeetan eta nekazal hobekuntzak direla eta, ekoizpena erraz biderka daitekeen herrialdeetan -azken hauetan lan-kantitatea proportzionalki inkrementatu beharrik ez baitago, eta beraz, errentaren aurrerapena mantsoa baita herrialde hauetan-.
Laborearen prezio altua errentaren kausatzat hartu beharrean, ondorio gisa hartuko balitz, prezioari, proportzionalki, errenta altuek edo apalek eragingo liokete, eta errenta prezioaren osagarri izango litzateke. Baina lan-kantitate handienaz ekoizten den gariak erregulatzen du labore honen prezioa; eta errenta benetan ez da sartzen eta ezin daiteke inola ere sar bere prezioaren osagai bezala4. Beraz, hau ikusiz gero, Adam Smith ezin daiteke zuzen egon, merkantziaren ganbio-balioa erregulatzen duen oinarrizko printzipioa, hau da, berau ekoizteko behar den lan-kantitate erlatiboa, lurraz jabetuta eta errenta ordainduta aldatu egin daitekeela suposatzen duenean. Merkantzia gehienen osagaien artean lehengaiak sartzen dira, baina lehengai hauen balioa, laborearena bezalaxe, errentarik ordaintzen ez duen lur horretan enplegatu den azken kapital-zatiaren ekoizkortasunak erregulatzen du, eta beraz, errenta ez da merkantzien prezioaren osagaia.
Herrialde bateko lurrak indar ekoizkor ezberdinak dituenean, aberastasun eta populazioaren aurreramendu naturalak errentaren gain dituen ondorioak ikusi ditugu orain arte, eta ikusi dugu emankortasun apalagoko lurretan enplegatutako kapital gehigarri-zatiko bakoitzarekin, errenta handitzen dela. Printzipio berari jarraituz, edozein zirkunstantziatan gizarteak kontsideratzen badu ez dela beharrezkoa kapital-kopuru berdina enplegatzea lur horretan, eta beraz, enplegatutako kapitalaren azken zatia ekoizkor bihurtuko balitz, honek errenta erorraraziko luke. Langileen sostengurako fondoak materialki gutxituz, kapital-urritze handia ematen den herrialdean, lehen aipatutako ondorio bera sortuko litzateke. Populazioa, berarengan enplegatzen diren fondoek erregulatzen dute, eta beraz, kapitalak egiten duenaren arabera inkrementatu edo gutxituko da. Kapital-urritze bakoitzari, nahitaez, laborearen eskari eraginkor gutxiagok jarraituko dio, eta beraz, prezio-erorketa egongo da eta lursail gutxiago landuko da. Joera horren alderantzizkoa izango da kapital-metaketa eta errentaren arteko erlazioa; izan ere, metaketak gora egiten badu, errentak ere gora egingo du, eta hark behera egitean, honek ere bai. Ekoizkortasun handiagoko lurrak jarraian utziz joango dira eta ekoizpenaren ganbio-balioa erori egingo da: kalitate hobeko lurrak azkenean lantzeko utziko dira, eta orduan, hauek ez dute errentarik ordainduko.
Bestalde, ondorio berdinak eman daitezke herrialdeko aberastasuna eta populazioa inkrementatzen direnean; baldin eta inkrementu hori nekazaritzan egindako hobekuntzekin bat badator, honen ondorioa lur kaskarragoak lantzeko premia gutxitzea bezalakoa izango da, edo kapital-kopuru berdina lur-zati emankorragoetan gastatzearen antzekoa.
Populazio jakin bat elikatzeko milioi bat laurden labore behar bada, eta hori dena erdiesteko 1, 2, eta 3 kalitate-mailako lurrak erabiltzen badira; hobekuntza bat eriden ostean aipatutako kopuru hori 1 eta 2 kalitate-mailako lurretan erdiesten bada, 3 zenbakikoa erabiltzeke geratuko da eta berehalako ondorioa errenta erortzea izango da; orduan, 3 zenbakiko lurraren ordez, 2 zenbakikoak ez du errentarik ordainduko; eta
1 zenbakiko lurraren errenta 3 zenbaki eta 1 zenbakiko ekoizpenaren arteko aldea izan ordez, 2 zenbaki eta 1 zenbakikoen arteko diferentzia izango da. Populazio berarekin, gehiagorik gabe, laboretik ez da batere kantitate gehigarririk eskatuko; 3 zenbakiko lursailean enplegatutako kapitala eta lana, komunitateak gogoko dituen beste merkantziak ekoizteko erabiliko dira, eta ondorioz, ezin izango dute errentarik altxatu, merkantzia hauek egiteko enplegatzen diren lehengaiak, lurrean kapitala horrenbesteko abantailaz erabili ezean lortu ezin badira behintzat, eta kasu honetan, 3. mailako lurra berriro landu beharko litzateke.
Inolako zalantzarik gabe, egia da ondasun gordinaren prezio erlatiboaren beherakada nekazaritzan ematen den hobekuntzaren ondorio dela, edo hobeto esanda, bere ekoizpenean lan gutxiago enplegatzeak, metaketa inkrementatzera eroango lukeela; haatik, kapitalaren irabaziak asko handituko lirateke. Metaketa honek, lan-eskaria inkrementatu, alokairu altuagoetara eraman, populazioaren inkrementua bultzatu, ondasunen eskaria handitu eta lur gehiago lantzera behartuko luke. Bestalde, populazioa inkrementatzearekin bakarrik, errenta lehen bezain altua izatera iritsiko litzateke, hau da, 3 zenbakiko lurra lantzen hasi ostean gauzatzen den bezalakoa. Bien bitartean, denboraldi nahikoa luzea iragango litzateke errentaren beherakada positiboa gertatu zenetik orain arte.
Baina nekazaritzako hobekuntzak bi motakoak dira: lurraren produkzio-ahalmena inkrementatzen dutenak eta geure makineria hobetuta, ekoizpen berdina lan gutxiagoz erdiesten laguntzen dutenak. Bi kasu hauetako hobekuntzek lehengaien prezioa beherantz bultzatzen dute; bi kasuetako hobekuntzek errentari eragiten diote, baina bi kasuetan ez dute berdin eragiten. Lehengaien prezioan beherakadarik ez balute eragingo, ez litzateke hobekuntzarik egongo; zeren eta hobekuntzen oinarrizko kualitatea, lehen edozein merkantzia ekoizteko behar zen lan-kantitatea gutxitzea baita; eta gutxitze hau ezin daiteke eman prezio edo balio erlatiboa erori gabe.
Lurraren produkzio-ahalmena inkrementatzen duten hobekuntzak, beste batzuen artean, labore-errotazio trebeagoak eta ongarri-hautaketa egokiagoak izan litezke. Hobekuntza hauek bestalde, lursail murritzagoz ekoizpen-kopuru berdina lortzea ahalbideratzen dute. Arbia lantzen hasita nire artaldea elika badezaket, nire laborea ekoizteaz gain, lehen artaldea elikatzeko erabiltzen nuen lursaila beharrik gabeko bihurtuko zait eta lehengaiaren kantitate berdina erdietsiko da lur-kantitate urriagoa enplegatuta. Lursail bateko labore-ekoizpena ehuneko 20 gehituko didan ongarririk aurkitzen badut, orduan, emankorra ez den nire etxaldeko lursailetik kapital-zatia erretira dezaket. Baina, lehen azpimarratu dudanez, errenta gutxitzeko ez da beharrezkoa lurra lantzeari uztea: ondorio horretara heltzeko nahikoa da lursail berean, elkarren jarraian, kapital-zati desberdinak enplegatzea eta emaitza kaskarrena ematen duen zatia lantzeari uztea. Arbia lantzen hasten banaiz, edo ongarri aberatsagoa erabiltzen badut eta ekoizpen berdina erdiets badezaket kapital gutxiago enplegatuz eta elkarren jarraiko kapital-zatien produkzio-ahalmena aldatzeke, orduan, ni errenta gutxitzen ariko naiz; zeren eta zati desberdin eta emankorrena izango baita batezbesteko erreferentzia, hain zuzen gainontzeko guztiak neurtuko dituena. Adibidez, elkarren jarraiko kapital-zatiek ekoiztuko dutena 100, 90, 80 eta 70 bada; lau zati hauek enplegatzen ditudan bitartean, errenta 60 izango da, hau da, ondorengo hauen arteko aldea:
eta zati hauek enplegatzen ditudan bitartean errentak berdina izaten jarraituko luke, zati bakoitzaren ekoizpenak hazkunde berdina izango lukeen arren. 100, 90, 80, eta 70en ordez, ekoizpena 125, 115, 105 eta 95era igoko balitz, errentak, orain ere, 60 izaten jarraituko luke, edota diferentzia hauek:
Baina eskaria batere hazi gabe5, ekoizpenak honelako inkrementua badu, orduan, ez litzateke inolako arrazoirik egongo hainbat kapital lur honetan enplegatzeko; zati bat erretiratuko litzateke, eta ondorioz, azken kapital-zatiak 105 emango luke, 95en ordez, eta errenta 30era eroriko litzateke, edo ondoko diferentzia hauetara:
eta eskaria, berriz, 340 laurden izango da. Baina badaude hobekuntzak, laborezko errenta gutxitzeke, ekoizpenaren balio erlatiboa gutxi dezaketenak, nahiz eta hobekuntza hauen ondorioa lurraren diruzko errenta jaitsaraztea izan. Honelako hobekuntzek ez dute lurraren produkzio-ahalmena inkrementatzen, baina ekoizpen berdina lan gutxiagoz lortzea ahalbidetzen dute. Hobekuntza hauek, gehien bat, lurra erabiliz, kapitalaren eraketara zuzentzen dira, lurra bera landu ordez. Nekazal lanabesetan egiten diren hobekuntzak, goldea esaterako, abeltzantzan enplegatutako zaldien erabilpen urriagoak, eta albaitaritzaren aurreramenduak dira, hain zuzen, mota honetakoak. Lurra lantzeko kapital gutxiago enplegatuko da eta, azken finean, hori lan gutxiago behar izatearen antzekoa da; baina ekoizpen berdina erdiesteko, ezin daiteke inola ere lur gutxiago enplega. Bestalde, honelako hobekuntzek labore-errentari eragiten dioten ala ez jakiteko, kontuan hartu behar da ea enplegatutako kapital-zati desberdinek ekoizpenen arteko aldea inkrementatu, berdin izaten jarraitu edo gutxitu duten. Lau kapital-zati, 50, 60, 70 eta 80, lursail batean enplegatuko balira, bakoitzaren emaitza berdina bada eta kapital horren gaineko edozein hobekuntzek lursail bakoitzetik 5 unitate erretiratzeko aukera emango balit, orduan, kapital-zati horiek 45, 55 65 eta 75 izango lirateke eta ez litzateke laborezko errentan aldaketarik egongo; baina hobekuntzak, kapital-zati hori guztia enplegatu den emankortasunik gabeko lursailetik erretiratzen utziko balit, orduan, laborezko errenta berehala eroriko litzateke, zeren eta kapital-ekoizkortasun handien eta txikiena dutenen arteko aldea laburtu egingo bailitzateke; eta errenta, diferentzia hau da.
Adibideak biderkatzeke, nire ustetan nahikoa esan da eta frogatuta geratu da, lursail berri edo lursail berean enplegatzen den elkarren jarraiko kapital-zatiekin erdietsitako ekoizpenen arteko diferentzia gutxitu ahala, errentak jaisteko joera hartzen duela; desberdintasun hori handitzen denean, aldiz, alderantzizko ondoriora heltzen gara, eta errentak igotzeko joera hartzen du.
Lurjabearen errentaz mintzatzerakoan, batik bat, edozein etxaldetan emandako kapital-mota batekin lortutako ekoizpenaren zatia dela suposatu dugu, bere ganbio-balioari inolako erreferentziarik egin gabe; baina zergati berak, hau da, ekoizpen-zailtasunak, ekoizpen gordinaren ganbio-balioa igoarazten du, eta igo egiten da lurjabeari errenta gisa ordaintzen zaion ekoizpen gordinaren proportzioa; jakina da, gainera lurjabea bi bidetatik profitatzen dela ekoizpen-zailtasunak direla eta: lehenbizi, zati handiagoa eskuratzen du, eta bigarren, lurjabeari ordaintzen zaion merkantziak balio handiagoa dauka6.
III. Kapitulua
Meategien errentaz
Metalak, beste gauzak bezala, lanaren bidez erdiesten dira: Egia da Naturak ekoizten dituela; gizakiaren lanak, hain zuzen, lurraren barnetik atera eta geure zerbitzurako egokitzen ditu.
Meategiek, lurrak bezala, bere jabeari errenta sorrarazten diote; eta errenta hau, lurrarena bezala, bere ekoizkinen balio garaiaren ondorioa da eta inoiz ez zergatia.
Emankortasun berdineko meategi ugari baleude eta horiez jabetzea edozeinen eskura balego, orduan meategi horiek ez lukete errentarik sortuko; beren ekoizpenaren balioa meategitik atera eta merkatura heltzeko behar den lan-kantitatearen menpe egongo litzateke.
Baina badaude, egon ere, kalitate ezberdineko meategiak, guztiz errendimendu diferenteak dituztenak, nahiz eta lan-kantitate berdinak erabili. Ustiatzen den meategi txiroenean ekoiztutako metalak, gutxienez, nahiko ganbio-balio izan beharko du, ez bakarrik jarduera honetan ari direnen arropa, elikagaiak zein beste gauza batzuen kontsumoari aurre egiteko eta metala merkatura eramateko, baita ustiapen horretarako kapitala aurreratu dionari ohiko irabaziak emateko ere. Meategi txiroenean kapitalak erdietsiko lukeen errendimenduak ez luke errentarik ordainduko, baina gainontzeko meategi emankorragoen errenta erregulatuko luke. Meategi honetako kapitalak ohiko irabaziak ematen dituela suposatzen da. Gainontzeko meategi guztiek irabazi horien gainetik egon behar dute eta diferentzia, meategien jabeei errenta ordaintzeko izango da. Printzipio hauxe bera lurrari buruz aritu garenean erabili dugunez, ez dugu gehiago sakontzea beharrezkotzat jotzen.
Nahikoa da metalentzat ekoizpen gordinaren balioa eta fabrikatutako merkantziarena erregulatzen duen arau bera aplikagarri dela azpimarratzea; berauen balioa ez dago irabazi-tasaren menpe, ez alokairu-tasaren menpe, ezta meategien ustiapena dela eta ordaintzen den errentaren menpe ere; metal hori eskuratzeko eta merkaturatzeko behar den lan-kantitate ororen menpe dago ordea.
Metalen balioa, gainontzeko merkantziena bezala, aldaketei lotuta dago. Meagintzan erabiltzen diren makinerian eta lanabesetan hobekuntzak egon daitezke, eta hauek, hein handi batean, eskulanaren erabilera gutxi dezakete; meategi berriak eta emankorragoak aurki daitezke, lan berdinaz metal gehiago eskuratzea ahalbidetuz; edo metala merkaturatzeko erraztasunak gehi daitezke. Nolanahi ere, metalen balioa erori egingo litzateke, eta beraz, gauza gutxiagorekin ganbiatu ahal izango litzateke. Bestalde, metala eskuratzeko zailtasunak gehi daitezke meategiaren sakonera handiagoan lan egin behar delako, ura metatzen delako edo beste edozein gora-behera gertatzen delako; orduan, metalaren balioa, gainontzeko ondasunenarekin erkatuta nabarmen handituta gera daiteke.
Arrazoi osoz esan denez, nahiz eta herrialde bateko moneta diru-neurri estandarrera hurbil daitekeen, moneta hau urrez edo zilarrez egina baldin badago, oraindik gora-beherak izan ditzake, ez bakarrik ezustekoak eta behin-behinekoak, baita iraunkorrak eta naturalak ere, beste edozein merkantziak izan dezakeen bezala.
Amerika eta hango meategi aberats eta ugarien aurkikuntzak eragin handia izan du metal preziatu horien prezio naturalean. Askoren ustetan, gainera, eragin hori ezin daiteke amaitutzat eman oraindik. Baina baliteke, bestalde, Amerika aurkitzeak metalen balioan sortu zituen ondorioak amaituak egotea; eta azken urte hauetan beren balioan beherakada eman bada, meategien ustiapen-eratan sartutako hobekuntzei egotzi beharko zaie.
Honen eragilea edozein izanda ere, honen ondorioa hain mantso eta mailakatua izan da, eragozpen praktiko gutxi egon dela urreak eta zilarrak gainontzeko ondasunek duten balioaren neurriak zenbatesteko. Nahiz eta, zalantzarik gabe, metal horien balioak ere aldagarriak izan, ez dago hain aldaketa txikia duen beste merkantziarik. Metalen abantaila honi beste batzuk erantsi behar dizkiogu: gogortasuna, malgutasuna, zatigarritasuna eta beste. Abantaila hauek guztiak direla eta, leku gehienetan, herrialde zibilizatuetan, diru-patroia izateko lehentasuna eman zaie.
Errentarik ordaintzen ez duen meategitik, uneoro lan-kantitate eta kapital finkoaren kantitate berdinak erabiliz, urre-kantitate berdinak ateratzerik balego, urreak, gauzak diren bezala ezagututa, ia balio-neurri aldaezina izango luke. Kantitatea handitu egingo litzateke eskariarekin, baina bere balioa aldaezina eta benetan egokia izango litzateke gainontzeko gauza guztien balio aldakorra neurtzeko. Liburu honen lehenbiziko zatian urrea uniformitate honekin hornituta dagoela kontsideratu dut eta hurrengo kapituluan hori bera egiten jarraituko dut. Beraz, prezio aldakorraz mintzatzerakoan, aldaketa, beti, aztertzen den merkantzian gertatuko da, eta inoiz ez neurtzeko erabiltzen den ondasunean.
IV. Kapitulua
Prezio naturalaz
eta merkatu-prezioaz
Merkantziek duten balioaren oinarria eskulanean dago eta merkantzia hauek ekoizteko beharrezkoa den lan-kantitate alderagarriak, ondasun bakoitzeko trukatuko den beste baten kantitatea determinatzeko arauak finkatzen ditu; baina honek ez du esan nahi, noizbehinkako eta behin-behineko merkantzien egungo edo merkatuko prezioak, bere lehengo prezio edo prezio naturalarekiko desbideraketarik ez duenik.
Eguneroko gertakizunen aurrean, ez dago denbora luzearen buruan giza beharrizan eta premiak asetzeko eskaintza zehatza izan dezakeen merkantziarik; eta beraz, ez dago noizbehinkako edo behin-behineko prezio-aldaketarik ez duen merkantziarik.
Aldaketa horien ondorioz, kapitala beharrezko proportzio zehatzetan esleitzen da, merkatuan dagoen merkantzia desberdinen eskariari aurre egin diezaion. Prezioaren igoera edo jaitsierarekin, irabaziak bere maila orokorretik gora igo edo behera uzkurtuko dira; eta prezio-aldaketa izan duen sektoreak kapitala jarduera honetan sartzeko erakarriko du, edo bertatik ateratzeko bultzatuko du.
Gizaki bakoitza librea da bere kapitala egokia deritzon tokian enplegatzeko, baina, normala denez, abantaila handiena duen jarduera aurkitzen saiatuko da; jakina, ez da pozik egongo ehuneko 10eko irabaziarekin, baldin eta bere kapitala higituz ehuneko 15eko irabazia lor badezake. Kapitalaren jabeek irabazi apalenekoa utzirik, abantaila gehiagoko negoziora joateko izan ohi duten nahiak, negozio guztien irabazi-tasak berdintzeko, edo berauen arteko proportzioak finkatzeko eragina du, eta proportzio honek, interesatuen zenbatespenen arabera, jarduera batek beste batekiko izan dezakeen, edo baduela dirudien edozein abantaila konpentsa dezake. Agian, zaila izan daiteke aldaketa hauek ematen dituzten urratsak antzematea: ziur aski, fabrikanteak egingo du, baina ez du bere kapital guztia lehen zeukan enplegutik aldatuko, enplegu horretan daukana gutxi dezake ordea. Herrialde aberats guztietan badago, egon, dirudun klasea osatzen duten zenbait gizaki; gizon hauek ez dira industriara dedikatzen; gizon hauek beren diruaren interesez bizi dira; izan ere, diru hori letrak deskontatzeko edo komunitateko industriariei maileguak emateko erabiltzen da. Bankariek ere dirutza handiak enplegatzen dituzte helburu berarekin. Honela enplegatutako kapitalak, kapital zirkulatzailea osatzen du eta kopuru handikoa da; eta herrialdeko industria desberdin guztietan, proportzio handiago edo txikiagoan enplegatu egingo da kapital zirkulatzailea. Ez dago, aberatsa izan arren, dituen fondoak bezainbesteko negozioak egingo dituen industriaririk: beti izango du kapital flotatzaile honen zatiren bat, ondasun horren eskariaren arabera gehitu edo gutxituko dena. Zetaren eskaria inkrementatzen denean eta oihalena gutxitu, oihalgileak ez du bere kapitala zetazko industriara eroaten, baina zenbait langile kalera bidaliko du, eta bankariari edo dirudunari egiten dion mailegu-eskaria murriztu egingo du, erabat ezabatzen ez badu behintzat; bien bitartean, zetagilearen kasua alderantzizkoa izango da: langile gehiago beharko ditu, eta beraz, mailegu berriak eskatzeko motibatuta dago; mailegutan diru gehiago hartzen duenez, kapitala enplegu batetik bestera transferitzen da fabrikanteek beren ohiko okupazioa aldatzeke. Hiri handiko merkatuei so egiten diegunean ohartuko gara nolako erregularitasunez hornitzen diren barne- eta kanpo-merkantziekin, beharrezko diren kantitateetan gainera; hau eskariaren aldaketa guztietan gertatzen da, nahiz eta aldaketa horiek gustuen nahikariak edo modak, edo populazioaren kopuru-aldaketak sortu; eskaintza ugariegia delako, edo alderantziz, eskaintza eskariarekiko apalegia delako, prezioa gehiegi igo gabe, ez da lar soberakinik sortzen. Aitortu behar dugu, kapitala prorrateatzen duen printzipioak uste baino egokiago funtzionatzen duela eta industria desberdinen artean burutzen den kapital-banaketa, kantitate zehatzetan egiten dela.
Kapitalistak bere fondoen erabilera egokiena bilatzean erabilera batek gainerakoekiko dituen alde onak hartuko ditu kontuan. Bere diruak ematen dizkion irabazien zati bat sakrifikatzeko prest egon liteke, segurtasun, garbitasun, erraztasun edo beste edozein abantaila erreal edo itxurazkoren truke; kapitalaren enplegu batek besteekiko dituen abantailak kontsideratuko dira.
Zirkunstantzia hauek kontuan hartuta, kapitalaren irabaziak doituta baleude, eta beraz, industria batean ehuneko 20 balitz, beste batean ehuneko 25 eta hirugarrenean ehuneko 30, orduan, ziurrenik, elkarren arteko diferentzia hauek etengabe iraungo lukete, baina diferentzia erlatiboak mantenduz; nolanahi ere, industria bateko irabazia ehuneko 10 igoko balitz, igoera hori behin-behinekoa izango litzateke, eta berehala eroriko litzateke bere ohiko mailara, edo gainontzekoen irabaziak igo egingo lirateke proportzio berdinean.
Gaur egungo egoerak salbuespen azpimarragarria dirudi. Gerraren amaierak lehen Europan zegoen enpleguaren zatiketa hankaz gora bota du, eta egin behar izan den zatiketa berrian kapitalista guztiek ez dute beren tokia aurkitu.
Demagun merkantzia guztiak beren prezio naturalean daudela, eta enplegu guztietan dauden kapitalen irabaziek, zehazki, tasa berdina dutela, edo zertxobait diferitzen dutela, edo interesatuen iritziz duten edo izateari uzten dioten abantaila erreal edo itxurazkoaren baliokidean bakarrik aldentzen direla. Demagun orain moda-aldaketak zetaren eskaria gehitu eta artilearena gutxitu egiten duela; beren prezio naturala, hau da, ekoizteko behar den lan-kantitatea aldatzeke geratuko litzateke, baina zetaren merkatu-prezioa igo egingo litzateke eta artilearena erori; ondorioz, zeta-ekoizlearen irabaziak, irabazi-tasa orokor eta doituaren gainetik ipiniko lirateke eta artile-ekoizlearenak behetik. Ez lirateke irabaziak izango behera egingo luketen bakarrak, enplegu hauetako langileen alokairuei ere eragingo bailieke. Zeta-eskariaren inkrementu honek, berehala izango luke eskaintzaren erantzuna, lana eta kapitala artile-industriatik zeta-industriara transferituko bailirateke; zeta eta artilearen merkatu-prezioak beren prezio naturaletara hurbiltzean, merkantzia hauen ekoizleek berriro ere ohiko irabaziak erdietsiko lituzkete.
Kapitalista guztien nahiek, denbora luze baino lehen merkatu-prezioa prezio naturalaren gainetik edo behetik egotea ekidinarazten dute, kapitala enplegu txarragotik hobera joaten baita. Lehiaketa da, azken finean, merkantzien ganbio-balioa doitzen duena, eta beren ekoizpenerako beharrezkoa den lan-alokairuak eta enplegatutako kapitalaren hastapeneko eraginkortasun maila eskuratzeko egiten diren gastuak ordaindu ondoren, industria bakoitzean geratuko den aparteko balioa edo soberakina, enplegatutako kapitalaren balioarekiko proportzioan egongo da.
Wealth of Nations liburuaren zazpigarren kapituluan arazo honi dagozkion alderdi guztiak trebetasun handiz aztertuta daude. Badakigu, jakin ere, kapitalaren hainbat erabilera berezitan, ez-ohiko kausek merkantzien prezioen eta lan-alokairu eta kapital-irabazien gain eragin dezaketela, nahiz eta ondorio horiek behin-behinekoak izan; baina zergati horiek ez dute eragingo merkantzien prezio orokor, alokairu eta irabazien gain, efektu hauek eraginkorrak izan direlako gizartearen etapa guztietan; horregatik, guk ez ditugu aintzakotzat hartuko; gure helburua, hain zuzen, prezio naturalak, alokairu naturalak eta irabazi naturalak erregulatzen dituzten legeak aztertzea baita, eta bidenabar, ez-ohiko kasu hauen efektuetatik independienteak dira. Beraz, merkantzien ganbio-balioaz edota merkantzia baten eros-ahalmenaz hitz egiterakoan, nik beti adierazi nahi izaten dut merkantzia honek izango lukeen erosteko ahalmena, ez behin-behineko zergatiek eraginda eratutako prezioa, baizik eta merkantziaren prezio naturalak sortutakoa.
V. Kapitulua
Alokairuez
Lanak, erosten eta saltzen den eta kantitatean gehi eta urri daitekeen beste edozein gauzak bezala, bere merkatu-prezioa eta prezio naturala ditu. Lanaren prezio naturala, batezbeste, langileak bizirauteko eta bere arrazari iraunarazteko beharrezkoa duen prezioa da, populazioa berean mantenduta.
Langileak bere burua eta, langile-kopurua egokia izaten jarrai dadin, bere familia mantentzeko izan behar duen gaitasuna, ez dago alokairuetatik jasoko duen diru-kantitatearen menpe, baizik eta elikagai, oinarrizko ondasun-kantitate eta erabilpenak premiazkoak egiten dituen bestelako ondasunak erosteko beharrezkoa den dirutzaren menpe. Beraz, lanaren prezio naturala, elikagaien, oinarrizko ondasunen eta une horretan behar dituen ondasunen prezioaren menpe egongo da. Elikagai eta oinarrizko ondasunen prezioaren igoerarekin, prezio naturalak gora egingo du; beraien prezioak behera egiten badu, lanaren prezio naturalak ere behera joko du.
Gizartearen aurrerapenarekin, lanaren prezio naturalak, beti, hazteko joera du; hau hala da, lanaren prezio naturala erregulatzen duen merkantzia nagusietako baten ekoizpenak, etengabe, zailtasun handiagoak dituelako, eta ondorioz, garestiagoa izaten delako. Hala ere, nekazaritzako hobekuntzek eta merkatu berrien aurkikuntzek -hornidurak inportatzea ahalbidetu dezaketenak-, denboraldi batez behintzat, oinarrizko ondasunen igoera galga dezakete, eta gerta daiteke ere bere prezio naturaletik behera erortzea; jakina, zergati hauek lanaren prezio naturalean ondorio berdinak edo antzekoak sor ditzakete.
Merkantzia guztien prezio naturalak, lurreko ekoizpen gordinarena eta lanarena ezik, aberastasun eta populazioren aurreramenduarekin batera apaltzeko joera du; hau da, alde batetik, beren prezio errealak gora egiten du, berauek egiteko erabiltzen diren lehengaien prezio naturalak gora egiten duelako; baina igoera hau konpentsatuta geratzen da makinerian sartutako hobekuntzak, lanaren banaketa, zatiketa eta trebetasun zientifikoa edota eskuzkoa direla medio.
Eskulanaren merkatu-prezioa, bere eskaintza eta eskariaren arteko eraketa naturalak finkatutako prezioa da; lana garestia da urria denean; eta merkea, ugaria denean. Hala ere, lanaren prezioa bere prezio naturaletik asko desbidera daitekeen arren, edozein merkantziaren prezio naturalari gertatzen zaion moduan, honenak ere, prezio naturalera hurbiltzeko joera du.
Lanaren merkatu-prezioa prezio naturalaren gainetik dagoenean, langilearen egoera ona eta oparoa izaten da; zeren eta oinarrizko ondasun eta bizitzaz gozatzeko ondasun gehiago eskuratzeko moduan baitago, eta beraz, familia ugariagoa hazteko ere gaitasun handiagoa izango du. Baina alokairu garaia populazioa inkrementatzeko pizgarria da, eta ondorioz, langile-kopurua ere inkrementatu egiten da, ondoren, berriz ere, alokairuak bere prezio naturalera eroriz; batzuetan gainera, erreakzioaren ondorioz, prezio naturaletik behera jaisten dira.
Lanaren merkatu-prezioa bere prezio naturalaren azpitik dagoenean, langilearen egoera okerragoa izaten da: txirotasunak ez dio uzten behar-beharrezkoak diren ondasunak eskuratzen ere. Kontsumo-urritasunak langile-kopurua gutxitu, edota lan-eskaria gehitu bezain azkar, lanaren merkatu-prezioak bere prezio naturalerantz gora egingo du; horra iritsi ostean, langileak konfortak bereganatuko ditu, une horretan, alokairu errealak egoera hobe honi aurre egiteko adinekoak baitira.
Nahiz eta alokairuen joera beren tasa naturalerantz jotzea izan, aurrera doan gizartean, gerta daiteke beren merkatuko tasa haren gainetik egotea, denboraldi luzez gainera; kapital-inkrementuak lan-eskarian duen erantzuna bukatu bezain laster, beste kapital-inkrementuak ere ondorio berdina sor dezake; eta beraz, kapital-inkrementua graduala eta etengabea bada, eskulanaren eskari hau, populazioa inkrementatzeko eragile iraunkorra izan daiteke.
Kapitala, ekoizpenean enplegatzen den herrialdearen aberastasunaren zatia da; bere osagarriak elikagaiak, jantzia, erremintak, lehengaiak, makineria eta abar dira, hain zuzen, lana gauzatzeko beharrezkoak direnak.
Kapitala kantitatean inkrementa daiteke, eta denbora berean bere balioak gora egin dezake. Herrialdeko elikagaiak eta arropak gehi daitezke, eta aldi berean lehen baino lan gehiago behar izan daiteke kantitate gehigarri hori ekoizteko; kasu horretan, kapital-kantitatea ezik, horren balioa ere gehitu egingo da.
Kapitala gehi daiteke kantitatean bere balioa inkrementatzeke, eta fenomeno hori ere eman daiteke nahiz eta bere balioak behera egin; herrialde bateko elikagai eta arropak makineriaren laguntzaz gehi daitezke, ekoizteko behar den lan-kantitatea inkrementatzeke, baita proportzionalki lan-gutxitze absolutuz ere. Kapital-kopurua hazi daiteke, bere balio guztiak edo zati batenak lehen baino balio gehiago izateke, eta gerta daiteke ere gutxiago izatea.
Lehenengo kasuan, lanaren prezio naturalak gora egingo du, beti, elikagai, arropa eta beste oinarrizko ondasunen prezioen menpe baitago; bigarren kasuan, egonkor iraungo du edo erori egingo da; baina bi kasuetan alokairuen merkatu-tasa igo egingo da, lan-eskaria kapital-inkrementuaren proportzio berdinean haziko baita; lan-eskaria, azken finean, egin behar den lanari egokituko zaio.
Bi kasuetan ere, lanaren merkatu-prezioa bere prezio naturalaren gainetik jarriko da, eta bi kasuetan merkatu-prezio honek prezio naturalera hurbiltzeko joera izango du; baina lehenengo kasuan hurbilketa hori fiteago egingo da. Langilearen egoera hobetuko da, baina ez asko, zeren eta elikagai eta oinarrizko ondasunen prezioaren inkrementuak, alokairu-hazkundearen zati handia irentsiko baitu. Ondorioz, lan-eskaintza txikiak edo populazioaren gehikuntza txikiak lanaren merkatu-prezioa berehala jaitsiko du bere prezio natural berrira.
Bigarren kasuan, langilearen egoera guztiz hobetua geratuko da; langileak diruzko alokairu garaiagoak jasoko ditu, berak eta bere familiak kontsumitzen dituzten merkantzien prezio altuagoak ordaintzeke, eta agian, prezio horiek apalagoak izan daitezke; eta populazioaren gehikuntza handia eman arte, ez da lanaren merkatu-prezioa bere prezio natural apal eta urritura eroriko.
Beraz, gizartearen hobekuntza guztiekin, kapitalaren inkrementu guztiekin batera, lanaren merkatu-alokairuak igo egingo dira; baina igoera honen iraupena, lanaren prezio naturalak igoerarik izan duen ala izan ez duenaren menpe egongo da; eta hau, berriro, lanaren alokairuekin erosten diren oinarrizko ondasunen prezio naturalaren menpe egongo da.
Lanaren prezio naturala, elikagai eta oinarrizko ondasunetan zenbatetsita ere, ez da erabat konstante eta finkoa denik ulertu behar. Prezio natural hori aldatu egiten da garai ezberdinetan, nahiz eta herrialde bera izan; eta desberdintasun materialak ditu herrialde batzuen eta besteen artean1. Prezio naturala, funtsean, herriaren ohituren menpe egoten da. Langile ingeles bati alokairua eskasegia irudituko zaio bere familia mantentzeko, baldin eta bere alokairu horrekin patatak erosteko besterik ez bazaio iristen, eta adobezko txabola baino bizileku hoberik ez badu, eta beraz, bere alokairuak tasa naturaletik behera daudela kontsideratuko du; eskaera moderatu hauek aitzitik, sarritan nahikotzat hartzen dira "gizakiaren bizitza merkea" den, eta beraz, bere nahiak erraz asetzen diren lurraldeetan. Gaur egun edozein baserri ingelesetan gozatzen diren erosotasun asko, luxuzkoak zirela pentsatuko zen gure historiaren aurreko edozein garaitan.
Gizarteak aurrera egin ahala, fabrikatutako merkantziak beti behera egiten ari direnez, lurreko lehengaiek gora egiten duten bitartean, epe luzean beren arteko balio erlatiboaren desproportzioa sortzen da; eta herrialde aberatsetan, langile batek bere elikagaien kantitatea pixka bat gutxituta, lasai estal ditzake gainontzeko beharrizanak.
Nahiz eta diru-balioaren aldaketek nahitaez diru-alokairuei eragin, hemen diruak beti balio bera mantentzen duela suposatu dugunez, aldaketa hauek inolako eraginik ez dutela kontsideratuko dugu; beraz, diru-balioaren aldaketa hauetatik at, badirudi alokairuek, ondorengo bi zergati hauengatik izango dituztela igoerak edo beherakadak:
1. Langile-eskari eta -eskaintza.
2. Lan-alokairuak gastatzen direneko merkantzien prezioa.
Gizartearen garaietan zehar, kapital-metaketa, edo lana enplegatzeko bitartekoena, nahikoa azkarra izan ohi da eta kasu guztietan lanaren kemen produktiboaren menpe egon behar du. Orokorrean, lanaren produkzio-ahalmena handiagoa da lur emankorra ugaria denean: denboraldi horietan, askotan, metaketa hain fitea izaten da, ezen eskulanaren eskaintzak ezin diola kapitalaren hazkundeari jarraitu.
Baldintza egokietan populazioa hogeita bost urtetan bikoiztu egin daitekeela kalkulatu da, baina baldintza berdinetan aitzitik, herrialde bereko kapitala denboraldi laburragoan bikoitz daitekeela. Honelakoetan, denboraldi guztian zehar alokairuek hazteko joera izango lukete, lan-eskaria lan-eskaintza baino fiteago handituko litzatekeelako.
Herrialde berrietan, beste aurreratuago batzuetako arte eta jakintzak sartzen direnetan, litekeena da kapitalak populazioak baino azkarrago hazteko joera izatea; eta langile-eskasi hori populazio handiagoko herrialdeetako jendez hornituko ez balitz, lanaren prezioak gora egiteko joera hartuko luke. Herrialde hauetako populazioak handiagoak egiten diren heinean, eta kalitate txarragoko lurrak lantzen hasten direnean, kapitala gehitzeko joera ahuldu egiten da, zeren eta bizi den populazioa asetu eta gero geratzen den ekoizpen-soberakinak, ekoizpen-erraztasunarekiko zuzenki proportzionala izan beharko bailuke; hau da, ekoizpen horretan enplegatzen den pertsonen kopurua zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta handiagoa litzateke soberakina. Baldintza mesedegarrienetan, produkzio-ahalmena ziur aski populazioarena baino handiagoa bada ere, honek ez du luze iraungo, zeren eta, lurra kantitatez mugatua eta kalitatean desberdina izanik ere, bertan enplegatutako kapitalaren gehikuntza bakoitzeko, ekoizpen-tasa gutxitu egiten baita, populazio-kemenak beti berdina izaten jarraitzen duen bitartean.
Lur emankorra izanik, bertako biztanleria ezjakina, nagia eta basatia izateagatik, goseak sortarazitako ondorio guztiak pairatzeko arriskua duten herrialdeetan, non, esan bezala, populazioak bizirauteko bitartekoen aurka presionatzen duen, hauetan hartzen diren neurriek, herrialde zaharretan hartu behar diren neurrien desberdinak izan behar dute; izan ere, azken hauetan gehiegizko populazioagatik pairatzen diren kalamitateak, lehengaien eskaintza-tasak behera egin duelako izaten baitira. Lehenengo kasuan, ongiezaren arrazoiak, gaizki gobernatzea, jabetzaren segurtasun-eza, eta jende-mota guztien hezkuntza-nahia ez betetzea dira. Zoriontsuagoa izateko nahikoa litzateke hobeto gobernatuta eta hezita egotea, kapital-hazkundea populazio-hazkundea baino handiagoa izatea, derrigorrezko emaitza besterik ez bailitzateke izango. Populazioan inkrementurik ez egotea ere, oraindik handiegia izan daiteke, honela lurraren ekoizpen-kemena ere handiagoa baita. Bigarren kasuan, populazioa, bera eusteko behar den dirutza baino azkarrago hazten da. Industrian egindako edozein esfortzuk, populazioan inkrementu-tasa urritu ezean, egoera txartu egingo du, ekoizpenak ezin baitiezaioke ildo horri jarrai.
Bizirauteko bitartekoen aurka presionatzen duen populazioarentzako bi irtenbide daude: populazioa gutxitu edo kapital-metaketa bizkortu. Lur emankor denak landuta dauden herrialde aberatsetan, azken emendioa ez da batere egingarria, ezta desiragarria ere, zeren eta esfortzu hori burutzen bada, gizarte horretako klase guztiak txiroago bihurtuko baitira. Baina, ezkutuan bederen, ekoizpen-bitarteko ugari gordeta dituzten eta oraindik lur emankorrenak lantzeke dauden herrialde txiroetan, egoera txar hori gainditzeko bide ziurrena eta eraginkorrena bigarrena da, zeren eta ondorioa herriko klase guztiak profitatzea izango baita.
Gizateriaren lagunek ezin dezakete herrialde guztietako langile klaseek konfortak eta plazerrak eskura ditzaten baino desiratu; eta hauek guztiak eskuratzeko, bitarteko legeek lagungarri izan beharko lukete. Populazio lar ugariaren kontrako ezer hoberik ez dago. Langile-klase hauek beharrizan urrienak dituzten herrialdeetan, eta beraz, elikagai merkeenekin konforme direnetan, herriak arrisku gehiago dauka miseria gorrian erortzeko. Ez dago kalamitateetatik ihes egiteko babesik; ezin dezake egoera apalago batean ziurtasunik aurkitu, jadanik hain behean dagoenez, ezin baitaiteke beherago joan. Bizirauteko behar duten oinarrizko ondasun nagusia urritu baldin bazaie, eta honen ordezko gutxi badaude, urritasun hori, beti, gosearen ondorio txarrenekin batera joango da.
Gizartearen aurrerapen naturalean, eskariak eta eskaintzak lan-alokairuak erregulatzen dituztenean, hauen joera behera egitea da, ezen, langile-eskaintzak tasa berean inkrementatzen jarraitzen baitu, eskariak berez tasa apalagoan egiten duen bitartean. Adibidez, alokairuak kapitalaren urteko ehuneko 2ko hazkunde-tasa izateko erregulatuta badaude, eta metaketa hori ehuneko 1,5ekoa baino ez balitz, alokairuak ere erori egingo lirateke; are gehiago eroriko lirateke hazkunde-tasa hori ehuneko 1 edo 0,5ekoa izango balitz; eta honela jarraituko luke kapitala egonkor bihurtu eta gaur egungo populazioaren kopurua mantentzeko nahikoa izan arte. Nik zera diot, alegia, egoera hauetan alokairuak langile-eskariak eta -eskaintzak, bakar-bakarrik, erregulatuko balitu, eroriko liratekeela; baina ez dugu ahaztu behar alokairuak, bestalde, hauek gastatzen direneko ondasunen prezioek ere erregulatzen dituztela.
Populazioa handitzen den heinean, oinarrizko ondasunen prezioa, derrigorrez, igo egingo da, berauek ekoizteko lan gehiago beharko baita. Diruzko alokairuak jaitsiko balira, lan-alokairuak gastatzen direneko merkantzien prezioa igo egiten diren bitartean, orduan, langileari bi aldetatik eragingo litzaioke eta berehala geratuko litzateke bizirauteko bitartekorik gabe. Beraz, diruzko alokairuak erori ordez igo egingo lirateke, baina ez langileak lehen bezainbesteko konfort lortu eta oinarrizko ondasun erosi ahal izateko adina. Bere urteko alokairuak lehen 24£koak ziren, edo sei laurden gari, laurden bat garik 4£ balio zuenean; kasu honetan, ziurrenik, laurdena 5£ra igotzen denean, bost laurdenen balioa besterik ez luke eskuratuko. Baina bost laurden 25£ kostatuko lirateke; beraz, alokairu gehigarria eskuratuko luke dirutan, nahiz eta gehigarri honekin ez lituzkeen eskuratuko lehen bere familiak kontsumitzen zituen gari- eta merkantzia-kopuru berdinak.
Haatik, langileari lehen baino gutxiago ordainduko zaion arren, alokairu-igoera honek ekoizlearen irabaziak derrigorrez apalduko lituzke, zeren eta honen ondasunak ez bailirateke prezio altuagoetan salduko eta, bestalde, berauek ekoizteko kostuak inkrementatu egingo bailirateke. Puntu hau, hain zuzen ere, irabaziak erregulatzen dituzten printzipioen azterketa egiterakoan kontsideratuko da.
Badirudi, beraz, errenta goratzen duen kausa berak, hau da, lan-kantitate proportzional berdinarekin elikagai-kantitate gehigarria hornitzeko zailtasunaren inkrementuak, alokairuak ere igo egiten dituela; beraz, diruaren balioa aldagaitza bada, errentak eta alokairuek, biek, aberastasun eta populazioaren aurrerapenarekin igotzeko joera izango dute.
Baina funtsezko desberdintasuna dago errenta eta alokairuen igoeraren artean. Izan ere, dirutan ematen den errentaren balioaren igoera, ekoizpenaren proportzioan ematen den inkrementuarekin bat dator; lurjabearen diru-errenta handitzeaz gain, bere laborezko errenta ere gehitu egingo da; lurjabe honek labore gehiago eskuratuko du eta gari honen neurri zehatz bakoitza, balioan igo ez diren beste ondasunen kantitate handiagoz ganbiatuko da. Langilearen egoera okerragoa izango da; honek alokairu handiagoak eskuratuko ditu dirutan, egia da, baina bere laborezko alokairuak gutxitu egingo dira; bere labore-eskaeraz gain, bere egoera orokorra ere txartuta geratuko da, lan-merkatuko alokairu-tipoak bere tasa naturalaren gainetik mantentzea zaila izango baita. Laborearen prezioa ehuneko 10 igotzen den bitartean, alokairuak, beti, ehuneko 10 baino gutxiago igoko dira, baina errenta, bidenabar, gehiago igoko da beti; langilearen egoerak, orokorki, okerrera joko du eta bien bitartean, lurjabearena hobetu egingo da.
Gari-laurden bakoitzeko 4£ ordaintzen zirenean, demagun langile baten urteko alokairua 24£koa zela, hau da, sei laurden laboreren balioa, eta demagun ere dirutza horren erdia laborea erosiz gastatzen zuela eta beste erdia, edo 12£, beste gauzak erosten. Langileak jasoko lukeena honakoa litzateke
24£ 14s., garia 4£ 4s. 8d.n zegoenean, edo 5,83 laurdenen balioa
25£ 10s., garia 4£ 10s.n zegoenean, edo 5,66 laurdenen balioa
26£ 8s., garia 4£ 16s.n zegoenean, edo 5,50 laurdenen balioa
27£ 8s., garia 5£ 2s 10d.n zegoenean, edo 5,33 laurdenen balioa.
Langile honek ondoko alokairuak eskuratu beharko lituzke lehen bezala, ez hobekiago, bizitzeko; zeren eta labore laurdena 4£n balego, hiru laurdeneko honako hau gastatuko luke:
3 laurden, 4£ bada laurdena 12£
beste gauzetan 12£
24£
Labore laurdena 4£ 4s. 8d kostatuko balitz, be-
rak eta bere familiak kontsumitutako hiru laur-
denen kostua honakoa izango litzateke 12£ 14s.
beste gauzetan, hauen prezioa aldatzeke 12£
24£ 14s.
Labore laurdena 4£ 10s. kostatuko balitz 13£ 10s.
beste gauzetan 12£
25£ 10s.
Labore laurdena 4£ 16s kostatuko balitz 14£ 8s
Beste gauzetan 12£
26£ 8s
Labore laurdena 5£ 2s 10d., orduan, hiru laur-
den labore hauen kostua 15£ 8s 6d
Beste gauzetan 12£
27£ 8s 6d
Laborea garestiago bihurtzen den heinean, garizko alokairu apalagoak jasoko lituzke langile honek, baina bere diruzko alokairuak, beti, gehituko lirateke eta bien bitartean, bere gozamenak aurreko balizkoetan aipatutako berberak izango lirateke. Baina gainontzeko merkantzien prezioa igo egingo litzateke, beraien osaketan sartzen diren lehengaien proportzioan, eta beraz, langile hori merkantzia batzuengatik gehiago ordaindu beharrean egongo litzateke. Nahiz eta bere te, azukre, xaboi, kandela eta alogera, ziur aski, garestiago ez liratekeen izango, gehiago ordaindu beharko luke urdail, gazta, gurin, ehun, oinetako eta arropa erosteko; eta beraz, nahiz eta lehen aipatutako alokairu-gehikuntza eman, langilearen egoera konparatiboa okerragora joango litzateke. Baina esan liteke, alokairuek prezioan duten eragina kontsideratu dudanean, urre edo dirua egina dagoen metala, alokairuak aldatzen diren herrialdean egindako ondasuna dela suposatu dudala; eta nik ateratzen ditudan ondorioek gaur egungo egoerarekin adostasun gutxi dutela, urrea kanpotarrek ekoizten duten metala baita. Zirkunstantzia honek, hau da, urrea kanpoan ekoiztutako ondasuna izateak, ez du argudio honen egiatasuna baliogabetuko, zeren eta, azken finean, etxean ekoiztua edo kanpotik inportatutakoa izanda ere, ondorio berdinak dituela froga baitaiteke.
Alokairuak igotzen direnean, normalean, aberastasuna eta kapitala inkrementatu direlako izaten da; inkrementu honek eskulan-eskaria handitzen du eta, nahitaez, merkantzi ekoizpenaren gehikuntzak jarraituko dio. Merkantzia gehigarri hauek zirkularazteko, nahiz eta lehengo prezio berdinak izan, derrigorrez, diru gehiago behar da; izan ere, dirua egiten den atzerritar merkantzia horretatik gehiago behar da eta hori erdiesteko modu bakarra, inportatzea da. Merkantzia batetik lehen baino gehiago nahi denean, bere balio erlatiboa igo egiten da, berau erosteko erabiltzen diren merkantziekin konparatzen bada. Kapela gehiago nahi izango balira, beren prezioa igo egingo litzateke eta urre gehiago eman beharko litzateke kapelengatik. Urre gehiago beharko balitz, honen prezioa igo egingo litzateke eta kapelen prezioa erori, kapelen eta gainontzeko gauzen kopuru handiagoa beharko bailitzateke urre-kopuru berdina erosteko. Baina, suposatutako kasuan, hau da, merkantziek alokairuak igo direlako gora egin dutela esatea, kontraesan bat baieztatzea da; lehenik, urrea eskariaren ondorioz balio erlatiboan igo egin dela esan dugu eta, bigarrenik, balio bera erori egingo dela prezioen balio erlatiboa igo egingo delako. Bi efektu hauek bata bestearekiko guztiz bateraezinak dira. Merkantzien prezioak igo direla esatea, diruaren prezio erlatiboa jaitsi egin dela esatea bezala da, zeren eta urrearen balio erlatiboa merkantzietan zenbatesten baita. Beraz, merkantzia guztien prezioak igoko balira, urrea ez litzateke atzerritik etorriko merkantzia garestiago hauek erosteko, baina urre hori herrialdetik irtengo litzateke, konparatiboki merkeagoak diren kanpo-merkantziak erosita, era onuragarriagoetan enplegatzeko. Badirudi, beraz, alokairuen igoerek merkantzien prezioak ez dituztela igoko, nahiz eta dirua egiteko metala, bertan edo atzerrian ekoiztu. Merkantzia guztiak ezin daitezke denbora berean igo, diru-kantitatean gehikuntzarik emateke. Gehikuntza hau ezin daiteke herrialde berean erdiets eta jadanik erakutsi dugunez, ezin daiteke ere kanpotik inporta. Atzerrian urre-kopuru gehigarria erosteko, merkantziek etxean merkeago izan behar dute, ez garestiago. Urre-inportazioa eta urrea erosi edo ordaintzen den etxean egindako merkantzia guztien prezio-igoera, efektu bateraezinak dira. Diru-paperaren erabilpena hedatzeak ez du arazo hau aldatzen, zeren eta diru-paper hau, urrearen balioarekiko doitu egiten da edo doitu egin beharko bailitzateke, eta beraz, bere balioari, metal honen balioa aldarazten duten kausek besterik ez baitiote eragiten.
Hauek dira, beraz, alokairuak erregulatzen dituzten eta edozein komunitateko gehiengoaren zoriontasuna zuzentzen duten legeak. Beste kontratu guztiak bezala, alokairuak, merkatuko lehiaketa libre eta gardenak erabaki beharko lituzke, eta inoiz ez lituzke legegileak kontrolatu beharko.
Txiro-legeen joera garbia eta zuzena printzipio nabari hauen aurka dago: hau ez da legegilearen borondate onak nahi zuena, hau da, txiroen egoera hobetzea, txiro eta aberatsaren egoera okertzea baizik; lege hauek txiroa aberasteko ordez, aberatsa txiroago bihurtzeko eginda daude; gaur egungo legeak indarrean dauden bitartean, logikoa eta guztiz gauza naturala da txiroak mantentzeko dirutzak progresiboki gehitzea, herrialdeko errenta garbi guztia irentsi arte, edo, gutxienez, estatuak guri utziko digunaren zatira arte, inoiz jaisten ez diren gastu publikoen eskariak estali ostean2.
Joera kaltegarri hauen legeak jadanik ezagunak dira; izan ere, Malthus jaunaren esku arretatsuak erabat garatu du; eta txiro hauen edozein lagun adoretsuk lege hauek bertan behera utz ditzaten desiratuko du. Zoritxarrez, lege hauek aspaldi jarri ziren eta txiroen jokaera eta ohiturak hauen arabera eratu dira; orain bertan behera uzteko, geure sistema politikoa auzitan ipintzeke, arreta eta kontu handiz ibili behar da. Lege hauek bertan behera utzi nahi dituzten guztiak ados daude, errorez indarrean ipini eta profitatzen diren pertsonen kalamitate handiagoak ekidin nahi badira, lege horiek epeka deuseztu behar direla.
Zalantzarik gabe egia da, txiroen ongizateak eta erosotasunak ezin daitezkeela betiko ziurtatu, hauen aldetik esfortzurik egiteke edo legegileen aldetik laguntzarik jaso gabe; azken hauen eginkizuna txiroen kopuru-gehikuntza erregulatzea beharko luke izan, ezkontza goiztiarrak eta desegokiak gutxiagotan gerta daitezen. Txiro-legeen funtzionamendua txiroentzat guztiz aurkakoa izan da. Izan ere, murrizkor bihurtu dira eta zuhurtasuna azalekoa egin da eta, azken finean, zuhurtasun-ezari atea zabaldu zaio, lanaren eta zuhurtasunaren ondorio izan beharko lukeen alokairuen zatia eskainiz3.
Oker honen jatorriak berak erakusten digu konponbidea: txiro-legeen aplikazio-eremua pixkanaka murriztuz; txiroak independentziak duen balioaz ohartaraziz; karitatea ezin daitekeela laguntza-bide gisa sistematikoki edo kasualki ikusi erakutsiz; benetako euskarria beraien indarra dela, eta zuhurtasuna eta aurrikustea bertute beharrezkoak eta baliagarriak direla irakatsiz; era honetan, mailaka bederen, egoera osasuntsuago eta perfektuagora hurbilduz joango gara.
Txiro-legeen emendakin-proiektuek ez dute inolako interesik, baldin eta azken helburua lege hauek bertan behera uztea ez bada; eta helburu hori segurtasun osoz eta biolentziarik gabe nola lortu esateko gauza denak, txiroen eta gizateriaren kausaren lagunik onenatzat hartzea merezi du. Okerra ezin daiteke arindu, txiroak babesteko dirutzak lortzeko bide desberdinak erabiliz. Honek ez luke, inola ere, egoera hobetuko, aldiz, ezabatu nahi den egoera txarra okertuko luke, nahiz eta dirutzak kopuruz gehitu edo, azken bolada honetan esan den bezala, herrialde osoa orokorki zergapetu. Gaur egungo diru-bilketarako erak eta lege horien aplikazioak, ondorio kaltegarriak apaltzeko balio izan dute. Parrokia bakoitzak bere txiroei laguntzeko fondo berezia eratzen du. Horregatik, txiro hauen egoera hobetzeko, interesgarria eta praktikoagoa da erresuma osoan zerga-tasa apalagoak mantentzea, fondo bat zergen bidez eratzea baino. Parrokia interesaturik dago edozein zergaren diru-bilketa zuhurra egiten, gero txiroen artean zuzenki banatzeko; era honetan, aurreratzen den guztia parrokiarentzat abantailatsua izango da, beste ehundaka parrokiak parte hartuko balute ordea, ez.
Arrazoi honi eskertu behar zaio, txiro-legeek oraindik herrialdeko errenta garbi guztia zurgatu ez izana; txiro-legeen aplikazioaren zuzentasunari esker, ez da oraindik guretzat zapaltzaile bihurtu. Laguntza behar duen gizabanako bakoitzak legearen bidez jasoko duenaz ziur egongo balitz, hau da, nahi duena erdietsiko duela, bere bizimodua erosoa izatera heltzeko moduan, orduan teoriak, gainerako zerga guztiak batuta txiroen onurarako zergak baino arinagoak liratekeela pentsatzera eramango gintuzke. Grabitate-printzipioa ez da hau baino ziurragoa, alegia, lege hauen eraginek aberastasuna eta kemen guztia miseria eta ahultasun bihurtzen dituztela; lanaren esfortzua bizirauteko sortu behar denetik urrundu besterik ez da egingo; bereizketa intelektual guztia nahasi besterik ez da egingo; burua etengabe okupatuta egongo litzateke gorputzaren nahiak asetuta baleude, eta azkenik, klase guztiak txirotasun unibertsalera iritsi arte kutsatuko lirateke. Zorionez, lege hauek guztiak indarrean egon diren denboraldia, egoera aurrerakoiarekin bat etorri da, langileen mantenurako fondoak etengabe gehitu diren bitartean eta populazio-gehikuntza ere aurrikusi denean. Baina gure aurrerapena mantsoagoa bihurtuko balitz, egoera egonkorragora helduko bagina, eta espero dut oraindik urrun egotea, orduan, lege hauen ondorio kaltegarriak, nabari eta kezkagarriagoak bihurtzen dira; eta lege hauek bertan behera uzteko zailtasunak areagotu egingo dira.
VI. Kapitulua
Irabaziez
Ikusi dugunez, enplegu ezberdinetako kapitalaren irabaziek, elkarrekiko proportzioa gordetzen dute, eta gradu eta norabide berean aldatzeko joera dute; orain, irabazi-tasetan ematen den aldaketa iraunkorren, eta ondorioz sortzen diren interes-tasaren aldaketa iraunkorren zergatia zein den jakitea geratzen zaigu.
Ikusi dugu laborearen prezioa1, bera ekoizteko behar den lan-kantitateak erregulatzen duela, errentarik ordaintzen ez duen lurraren kapital-zati horren bidez. Ikusi dugu halaber, fabrikatutako merkantzia guztien prezioak igo edo jaitsi egiten direla beren ekoizpenerako behar den lanaren proportzioak gora edo behera egiten duenean. Ez prezioa erregulatzen duen lursail-kantitatea lantzen duen nekazariak, ezta merkantziak ekoizten dituen enpresariak ere, bietako inork ez du errentarako ekoizpen-zatirik sakrifikatzen. Beren merkantzien balio guztia bi ataletan besterik ez da zatitzen: bata kapitalaren irabaziek osatzen dute eta lanaren alokairuek bestea.
Demagun laborea eta fabrikatutako ondasunak, beti, prezio berean saltzen direla; hala balitz, alokairuak garaiak edo apalak izatearen arabera izango lirateke irabaziak apalak edo garaiak. Demagun laborea igotzen dela bera ekoizteko lan gehiago behar delako; arrazoi honen eraginez ez litzateke igoko ekoizteko lan-kantitate gehigarririk behar ez duten ondasunen prezioa. Orduan, alokairuak berdin mantentzen badira, enpresarien irabaziek ere berdin jarraituko dute; baina, erabat ziurra denez, laborea igotzen bada, alokairuek ere gora egingo dute eta enpresarien irabaziak, nahitaez, erori egingo dira.
Enpresari batek bere ondasunak beti prezio berdinean saltzen baditu, 1.000£n esaterako, bere irabaziak ondasun hauek ekoizteko beharrezkoa den lanaren prezioaren menpe egongo dira. Bere irabaziak txikiagoak izango lirateke alokairuak 600£ izan ordez 800£ balira. Beraz, alokairuak igotzen diren proportzioan irabaziak behera joango dira. Baina lehengaien prezioa inkrementatuko balitz, galdetzekoa litzateke ea nekazariak, gutxienez, irabazi-tasa berdina ez lukeen izango, alokairuengatik kopuru gehigarria ordaindu arren. Ziur ezetz: zeren eta ekoizleak egin behar duen bezala, nekazariak ez baitu enplegatzen duen langile bakoitzagatik alokairu gehigarria bakarrik ordaindu beharko, errenta ordaintzera behartua egongo da, edo ekoizpen berdina erdiesteko langile-kopuru gehigarria enplegatzera derrigortua; eta oinarrizko lehengaien prezio-igoera, berorri dagokion errenta edo langile-kopuru gehigarri horien alokairuekiko proportzionala izango da, eta inola ere ez da izango enpresaria konpentsatzeko, alokairu-igoera hori dela eta.
Enpresariak eta nekazariak, biek, hamar langile enplegatuko balituzte eta urteko alokairua 24£tik 25£ra igoko balitz, orduan, bakoitzak urte osoan ordaindu beharko lukeen diru-kopurua 250£koa izango litzateke 240£ren ordez. Hau da, hain zuzen, enpresariak ordaindu behar lukeen diru gehigarria merkantzi kantitate berdina erdiesteko; baina nekazariak, lursail berri batean, ziur aski, langile bat gehiago enplegatu beharko luke, eta beraz, alokairuengatik 25£ gehiago ordaindu beharko lituzke; eta lursail zaharreko nekazariak 25£ko kopuru gehigarria ordaindu beharko luke errenta gisa; lan gehigarri hori gabe, laborea ez litzateke igoko, ezta errenta gehitu ere. Horietako batek alokairuengatik 275£ ordaindu beharko luke eta besteak kopuru berdina alokairu eta errentengatik; bakoitzak fabrikatzaileak baino 25£ gehiago: azken 25£ hauengatik nekazaria konpentsatua izango da lehengaien prezioari gehigarria erantsita, eta beraz, bere irabaziak fabrikatzailearen irabaziekin parekatuko dira. Proposamen hau garrantzitsua da, eta horregatik, aurrerago sakontasun handiagoz aztertuko dut.
Demostratu dugu gizateriaren lehen garaietan lurjabeak eta langileak, biek, lurraren ekoizpenaren baliotik zati txikia eskuratzen zutela; eta zati hori aberastasunaren aurrerapenaren eta elikagaiak erdiesteko zailtasunaren proportzioan gehituko zela. Frogatu dugu ere, elikagaien balioa handitzeagatik, langilearen zatiaren balioa gehitu arren, langile horren zati erreala gutxitu egingo dela; bien bitartean, lurjabearen zatia balioan igotzeaz gain, kantitatean ere gehituko da.
Langile eta lurjabeari ordaindu ondoren, lurraren ekoizpenaren soberakina nekazariari dagokio nahitaez, eta bere kapitalaren irabazia dateke. Hala ere, gizarteak aurrera egin arren, bere balioa igotzen den bitartean enpresariak eskuratzen duen ekoizpena proportzionalki erortzen dela alega daiteke; hala balitz, lurjabeak eta langileak bezala, balio handiagoa eskuratu ahal izango luke.
Esan daiteke, adibidez, garia 4£tik 10£ra igotzen denean, lursail onenean lortzen diren 180 laurdenak 1.000£n sal daitezkela 720£n saldu ordez; eta beraz, nahiz lurjabeak eta langileak errenta eta alokairu garaiagoak erdiesten dituztela frogatu, oraindik, nekazariaren irabaziak ere gehi daitezke. Hau, hala ere, ezinezkoa da eta ni hala adierazten saiatuko naiz.
Lehenengo, laborearen prezioa, kalitate txikiagoko lurretan ekoizteak suposatzen duen zailtasunaren igoerarekiko proportzioan igoko litzateke soilik.
Jadanik azpimarratu denez, kalitate jakineko lursailean hamar langileren lanak 180 laurden labore erdiesten badu, eta laurden bakoitzaren balioa 4£ bada, edo, orotara, 720£, eta hamar gizon gehiagoren lanarekin, lur berean edo beste batean, 170 laurden gehiago erdiesten badira, orduan, garia 4£tik 4£ 4s.8d.ra igoko litzateke; zeren 170:180 :: 4£: 4£ 4s. 8d. baita. Beste hitzetan esanda, 170 laurden ekoizteko 10 nekazariren lana behar da kasu batean, eta bestean, 9,44 nekazarirena besterik ez, eta beraz, igoera 9,44tik 10erakoa izango da edo, prezioan, 4£tik 4£ 4s. 8d.rakoa. Era berean demostra daiteke, hamar langile gehiagoren lanak ekoiztutakoa 160 laurden bada, prezioa 4£ 10s.ra igoko litzatekeela; 150 ekoiztuko balira, 4£ 16s.ra, eta abar.
Errenta ordaintzen ez zen lursailean 180 laur-
den ekoizten zirenean eta laurden bakoitzaren
prezioa 4£ zenean, denetara 720£ zen,
eta errenta ordaintzen ez zen lursailean 170
laurden ekoizten zirenean eta laurden bakoitza-
ren prezioa 4£ 4s. 8d. zenean, denetara, orain-
dik ere 720£ zen.
Halaber, bakoitzaren prezioa 4£ 10s. zenean
ere, 160 laurden, orotara 720£ zen,
eta bakoitzaren prezioa 4£ 16s. zenean ere,
150 laurden, orotara 720£ zen.
Dena den, begi-bistakoa da nekazaria ekoiztutako balio berdinaren aurrean dagoela; eta kasu batean, nekazariak ordaindutako alokairuak, gariaren prezioa 4£ izanez erregulatuta egongo dira, eta beste batzuetan, alokairuak garaiagoak direnean, bere irabazi-tasa gutxitu egingo da, hain zuzen, laborearen prezio-igoeraren proportzioan.
Kasu honetan, beraz, nire ustez argi eta garbi frogatuta geratzen da, nekazariaren diruzko alokairuak igoarazten dituen gariaren prezioaren igoerak, nekazariaren mozkinaren diruzko balioa jaitsarazi egiten duela.
Baina lur hobea eta zaharragoa duen nekazariaren kasua, ez da inola ere ezberdina izango; honek ere alokairu altuagoak ordaindu beharko ditu eta bere prezioa edozein izanda ere, inoiz ez du ekoizpenaren zati handiagorik gordeko; 720£ko kopurua, beti, bera eta bere 10 langileen artean zatitu beharko du; eta hauek gehiago eskuratzen badute, berak, proportzio berdinean, gutxiago eskuratuko du.
Gariaren prezioa 4£ zenean, 180 laurden guztiak hazlearentzat ziren eta 720£n saltzen zituen. Laborea 4£ 4s.8d.ra igo zenean, bere hamar laurdenen balioa errenta ordaintzeko erabili behar zuen eta 180 laurdenetik berari geratzen zitzaion 170 laurdenen balioa ez zen 720£tik igarotzen; prezio hori 4£ 10s.ra igo zenean, hogei laurden edo beronen balioa errenta ordaintzeko zen eta ondorioz 160 laurden geratzen zitzaizkion; baina oraindik 720£ mantentzen ziren sari gisa.
Ikusi denez, laborearen prezioak duen igoera nolanahikoa izanik, derrigorrez, lan edo kapital gehiago enplegatu behar da ekoizpen gehigarri zehatza lortzeko eta igoera hori, beti, errenta gehigarriaren balioaren edo enplegatutako lan gehigarriak sortutako balioaren neurri berdinekoa izango da; beraz, laborearen salneurria edozein izanda, hau da, 4£, 4£ 10s., edo 5£ 2s. 10d. delarik ere, behin errenta ordaindu eta gero, nekazariak beti balio erreal berdina eskuratuko du. Ikusi da, nahiz nekazariari dagokion ekoizpena 180, 170, 160 edo 150 laurden izan, berak, beretzat, beti, 720£ erdietsiko dituela, prezioaren gehikuntza kantitatearekiko alderantzizko proportzioan egongo baita.
Dirudienez, errenta kontsumitzailearen gain erortzen da eta inoiz ez nekazariaren gain; nekazariaren ekoizpen uniformea 180koa baldin bada, prezioaren igoera batekin, kantitate txikiago baten balioa beretzat jasoko du eta bere lurjabeari kopuru handiagoren balioa emango dio; hala ere, kenkari hori kenduta, nekazariari geratuko zaion balioa 720£koa izango da.
Berehala ikusiko da ere, kasu guztietan 720£ko kopuru berdina banatuko dela alokairu eta irabazien artean. Lurretik ekoiztutako lehengaien balioak 720£ko kopurua gainditzen badu, soberakin hau errentara doa, edozein izanda ere bere kopurua. Soberakinik ez badago, errentarik ez litzateke egongo. Alokairuak edo irabaziak igo edo jaitsi, azkenean, 720£ko kopuru hori bietara esleitu beharko da. Alde batetik, irabaziak ezin daitezke hainbat igo: 720£ horietatik gehiegi kentzen bada, langileentzat derrigorrezko beharrizan absolutuak asetzeko adina ez da geratuko. Beste aldetik, alokairuak ere ezin daitezke hainbateko kopurutik igo, irabazientzat behar den adinako zatirik uzteke.
Beraz, kasu guztietan, nekazaritzako irabaziak, industriakoak bezala, erori egiten dira lehengaien prezioa igotzen denean, igoera hau alokairuen gorakada batekin batera egiten bada behinik behin2. Errenta ordaindu eta gero nekazariari geratzen zaion laboretik balio gehigarririk lortzen ez badu, ekoizleak fabrikatu dituen ondasunetatik balio gehigarririk lortzen ez badu, eta biak alokairuengatik balio garaiagoak ordaindu beharrean badaude, ez al da garbi geratzen irabaziak erori egiten direla alokairuak igotzen direnean?
Nekazariak, nahiz eta bere lurjabeari errentarik ez ordaindu, errenta hau ekoizpenaren prezioa erregulatu eta beti kontsumitzaileen gain erortzen baita, badu, hala ere, errenta apalak izateko, edo hobeki adierazita, ekoizpenaren prezio naturaletik behera mantentzeko interes berezia. Nekazari hori lehengai eta beste ondasun batzuen kontsumitzailea bada eta ekoizten duen produktuaren osagai direlako, ondasun hauek guztiak lehengai gisa erabiltzen baditu, normala da prezioak apalak izan daitezen nahi izatea. Baina, hala ere, laborearen prezio garaiak gehiago kezkatzen du, honek alokairuei eragiten baitie. Laborearen prezio-igoera bakoitzarekin batera, 720£ko kopuru aldaezinetik alokairu gehigarriaren ordainketari aurre egin beharko dio, orain ere hamar langile enplegatzen jarraitzen duela suposatzen baita. Alokairuak aztertzerakoan ikusi dugunez, lehengaien prezioa igotzen denean, beti, alokairuek ere gora egiten dute. XX. orrialdean kalkuluaren helburuetarako suposatu diren oinarrien arabera, ikusiko da, laurden bat gari 4£n dagoenean, urteko alokairuak 24£ izango direla,
Dena den, 720ko fondo aldaezina, langile eta nekazarien artean banatuko da.
Eta nekazariaren hastapeneko kapitala 3.000£ zela suposatzen bada, bere kapitalaren irabaziak, lehenengo kasuan 480£ badira, irabazi-tasa ehuneko 16 izango litzateke. Bere irabaziak 473£ra erortzen direnean, irabazi-tasa ehuneko 15,7koa izango da; eta
465£ %15,5
456£ %15,2
445£ %14,8
Baina irabazi-tasa oraindik gehiago eroriko da, nekazariaren kapitala lehengai, belar, gari gordin, zaldi eta behiek osatzen dutelako eta hauen prezioak gora egingo baitu ekoizpenarenak gora egiten duenean. Bere irabazi absolutuak 480£tik 445£ 15s.ra eroriko dira; baina aipatu dudan zergatia dela eta, bere kapitala 3.000£tik 3.200£ra igoko da, eta ondorioz, irabazi-tasa, gariak 5£ 2s 10d. balio duenean, ehuneko 14tik behera jarriko da.
Fabrikatzaile batek bere negozioan 3.000£ko kapitala enplegatu badu, alokairuen igoeraren eraginez kapitala gehitzera behartuta egongo da, negozioak aurrera egingo badu behintzat. Bere merkantziak lehen 720£n saltzen baziren, orain prezio berean saltzen jarraituko da; baina langileen alokairuak lehen 240£ ziren eta orain, gariak 5£ 2s 10d. balio duenean, 274£ra igoko dira. Lehenengo kasuan enpresariak 480£ko irabazia izango luke 3.000£ko kapitalaren gainean eta bigarrenean aldiz, 445£ 15s.ko irabazia, kapital handiago baten gain. Beronen irabaziak beraz, nekazariaren irabazi-tasa berrira egokituko lirateke.
Lehengaien prezioa igotzen denean merkantzia gutxiren prezioak geratzen dira aldaerarik gabe, zeren eta lehengaiak, normalki, osagai bezala sartzen baitira merkantzia gehienetan. Kotoizko ondasunen, harizkoen eta ehunezkoen prezioak, denak igotzen dira gariaren prezioa igotzen denean; baina igoera hori, lehengaiak ekoizteko lan-kantitate gehiago enplegatzen delako izango da, eta inola ere ez, ekoizleak merkantzia horiek ekoizteko langile gehiago enplegatzen dituelako.
Kasu guztietan, merkantziak beren ekoizpenean lan gehiago erabili delako igotzen dira eta ez gastatu den lanaren balioa garaiagoa delako. Bitxiak, altzairuzko ondasunak, zilarrezkoak eta kobrezkoak ez lirateke igoko, berauen osaketan ez baitira lurretik ateratzen diren lehengaiak sartzen.
Badirudi lehengaiek gora egitearekin batera diruzko alokairuak igo egingo liratekeenaren zalantzarik egiten ez dudala, baina hau ez da, haatik, derrigorrezko ondorioa, gerta baitaiteke langilea gozamen gutxiagorekin pozik egotea. Gerta daiteke langileen alokairuak maila altuagoan egotea, eta geroxeago, murrizketa bat izatea. Honela bada, irabazien erorketarik ez litzateke emango; baina ezin daiteke alokairuen prezioa, dirutan neurtuta, erori edo egonkor manten daitekeenik ulertu, lehengaien prezioa gradualki gehitzen bada; eta beraz emantzat har daiteke, nahitaez baldintzaren barruan, lehengaien prezio-igoera ezin daitekeela iraunkorra izan alokairuetan igoerarik eragiteke edo igoera hau aurretik emateke.
Irabazien gain sortuko dituen ondorioak berdinak izango dira, edo berdintsuak, elikagaiak ez diren beste oinarrizko ondasunen prezioan igoeraren bat ematen bada, beti ere alokairuak ondasun hauetan gastatzen badira. Langilea behartuta egongo da lehengai haiengatik prezio garaiagoa ordaintzera eta horregatik alokairu handiagoak eskatuko ditu; eta alokairuak igotzen direnean, nahitaez, irabaziak erori egingo dira. Baina demagun zetaren, balusaren, altzarien eta langileak behar ez dituen beste ondasunen prezioa igotzen dela: igoera honek ez al lieke irabaziei eragingo? Ziur ezetz, zeren eta irabaziei alokairuek bakarrik eragin baitiezaiekete; zeta eta balusa ez ditu langileak kontsumitzen, eta beraz, ezin ditzakete alokairuak igo.
Ulertu behar da ni irabazi orokorrez ari naizela mintzatzen. Jadanik azpimarratu dut ondasun bat bere eskari berriak eskatzen duena baino gutxiago ekoiztu bada, honen merkatu-prezioak bere prezio naturala edo beharrezko prezioa gainditu egin dezakeela. Egoera hau behin-behineko efektua da ordea. Merkantzia hori ekoizteko enplegatu den kapitalaren irabazi garaiak, normala denez, industria horretara erakarriko ditu kapitalak; behin premiazkoak ziren fondoak hornitu ondoren, eta merkantzia honen kantitatea nahikoa gehituz gero, beronen prezioa erori egingo da eta industria horretako irabaziak ere maila orokorrera egokituko dira. Irabazi-maila orokorraren erorketa, ez da inola ere kapitalaren erabilpen berezi batean emandako igoera partzial batekiko bateraezina. Irabazi ezberdinak direlako higitzen da kapitala, erabilpen batetik bestera igaroz. Beraz, alokairuak igo eta populazio hazkorraren beharrizanak hornitzeko dauden zailtasunak gehitu direlako irabazi orokorrak erori eta maila apalagoan finkatzen diren bitartean, nekazariaren irabaziak, iraupen laburrean bederen, lehengo mailakoak baino altuagoak izan daitezke. Epealdi batean zehar, aparteko pizgarritasuna eman diezaioke atzerri edo kolonietako merkataritzaren adarren bati; baina gertakizun hau onartu arren, ez da inola ere gure teoria baliorik gabe geratzen; hau da, irabaziak alokairuen menpe daudela; alokairuak oinarrizko ondasunen prezioaren menpe; eta oinarrizko ondasunen prezioa, batik bat, elikagaien prezioaren menpe; hau guztia, beste betebehar guztiak mugarik gabe gehi daitezkeelako gertatzen da.
Oroitu beharko litzateke, prezioak, beti, merkatuan aldatzen direla, lehenbizikoz, eskari eta eskaintzaren egoera erlatiboaren arabera. Ehuna yardako 40s.n hornitzerik balego, prezio horretan kapitalari irabazi normalak emanez, gustuak aldatu direla edo beste zergatiren baten ondorioz prezioa 60s. edo 80s.ra igo daiteke, bat-batean eta itxaroteke, eskaria gehitu edo eskaintza gutxitu delako. Arropagileak denboraldi batean zehar aparteko irabaziak izango lituzke eta orduan kapitalak industria horretara joko luke, eskaintza eta eskaria bere oreka-egoera iritsi arte; hau da, arroparen prezioa, berriro, 40s.ra jaitsiko da eta hau bere prezio naturala edo beharrezko prezioa izango da. Era berean, laborearen eskaria gehitzen den aldiro, berorren prezioa hainbat igoko da eta ondorioz nekazariaren irabazi-maila orokorraren gainetik ipiniko da. Nahikoa lur emankor balego, laborearen prezioa bere aurreko prezio estandarrera jaitsiko litzateke eta beharrezkoa den kapital-kantitatea laborea ekoizteko enplegatu ostean, irabaziak lehengora helduko dira; baina lur emankor nahikorik ez balego, edo kantitate gehigarri hori ekoizteko nahitaeza baino kapital-kantitate edo lan-kantitate gehiago beharko balitz, orduan, laborearen prezioa ez litzateke lehengo mailara eroriko. Bere prezio naturala igoko da eta nekazariak irabazi garaiagoak iraunkorki erdietsi ordez, irabazi-tasa apalagoarekin pozik egon beharko du; izan ere, irabazien murrizketa hau, oinarrizko ondasunen prezioaren igoera dela eta, alokairuek derrigorrez izan duten igoeraren ondorioa baita.
Irabazien joera naturala behera egitea da, zeren eta gizarte eta aberastasunaren aurrerapenarekin, behar den elikagai-kopuru gehigarriak erdiesteko gero eta lan gehiago sakrifikatzen baita. Beherantz jotzeko irabazien joera hau, zorionez, noizean behin galgatu ahal izaten da, oinarrizko ondasunak ekoizteko erabiltzen den makineriaren hobekuntzak sartu direlako edo nekazal industrian aurkikuntzak egon direlako; horrela, langilearentzat behar diren oinarrizko ondasunak ekoizteko lana gutxitu egiten da, eta ondorioz, beren prezioa jaitsi. Oinarrizko ondasunen eta alokairuen prezio-igoera mugatua izaten da; alokairuak 720£ra iritsi bezain azkar (lehengo kasuan aipatu dudan bezala), hori guztia nekazariaren sarreren berdina izanez gero, metaketa amaitu egingo da; izan ere, ez da egongo irabazirik emango duen kapitalik, eta ez da lan gehigarririk eskatuko; ondorioz, populazioak bere gailurra joko du. Gailur honetara iritsi baino askoz lehenago, irabazi-tasa apalak metaketa guztia geldiaraziko du, eta behin langileei ordaindutakoa kenduta, ia herrialdeko ekoizpen oro, lurjabe, eliza (hamarrenen eskuratzaile) eta zergentzat izango da.
Beraz, nire aurreko kalkuluaren oinarria ez-perfektutzat hartuz gero, bazirudien laurden bat labore 20£n zegoenean, herrialdeko sarrera neto guztia lurjabeentzat zela, zeren eta lehen 180 laurden ekoizteko behar zen lan-kantitate berdina beharko bailitzateke orain 36 ekoizteko. Izan ere, 20£:4£:: 180:36. Beraz, 180 ekoizten zituen nekazariak (bakarren bat balego, zeren eta lursailean enplegatutako kapital zahar eta berria hain nahasita egongo liratekeenez, zaila izango bailitzateke beren arteko bereizketa egitea), honela salduko luke:
180 laurden, 20£ laurden bakoitzeko edo 3.600£
144 laurdenen balioa lurjabearentzat errentarako,
180 eta 36 laurdenaren aldea 2.800£
36 laurden 720£
36 laurdenaren balioa hamar langileentzat 720£
eta ez litzateke irabazietarako ezer geratuko.
Nik suposatzen dudanez, prezioa 20£ izanez gero,
langile bakoitzak urtean hiru laurden kontsumi-
tzen jarraituko du edo 60£
eta gainontzeko merkantzietan 12£
Hau da, langile bakoitzagatik 72£
Eta beraz, hamar langile badira, kostu orokorra 720£ko izango da.
Nire kalkulu guztien bidez, printzipioa bakarrik argitu nahi izan dut, eta ez da beharrezkoa aipatzea nire oinarrizko suposamen guztia zoriz hartu dudala, adibide moduan emateko. Emaitzek, nahiz eta mailari dagokionez ezberdinak izan, printzipioz berdinak izan behar lukete, edozein izanda ere hastapeneko ezberdintasuna langile-kopurua finkatzeko, populazio hazkorraren premiak asetzeko behar den labore-kantitatea erdiesteko, langilearen familiak kontsumitzen duen kantitatea lortzeko, eta abar. Nire helburua gaia sinplifikatu eta erraztea izan da eta horregatik ez dut kontuan hartu langileentzat diren gainontzeko oinarrizko ondasunen prezio-igoerarik, elikagaienak salbu; oinarrizko ondasun horiek eginda dauden lehengaien balioa gehitzen bada, ondorioz, oinarrizko ondasunena igo egingo da eta alokairuak ere inkrementatuko dira, irabaziak murrizten diren bitartean.
Jadanik esan dut prezio-igoera hau iraunkorra bilakatu aurretik kapital-metaketarako motibaziorik ez litzatekeela egongo, zeren eta inork ez baitu metatzen baldin eta metaketa hori emankorra ez bada, eta horrek, kapitala enplegatzen denean, irabaziak sortzea eskatzen du. Motibaziorik gabe ezin liteke metaketarik egon, eta ondorioz, honelako prezio-igoerarik ezin liteke eman. Nekazaria eta enpresaria ezin daitezke irabazirik gabe bizi, langilea alokairurik gabe bizi ezin daitekeen moduan. Metatzeko duten motibazioa gutxitu egingo da irabaziak murrizten diren bakoitzean, eta bertan behera geratuko da erabat, sortutako arazoak konpentsatzeko adinako irabazi egokiak lortzen ez direnean, edo kapital ekoizkorrak bere enpleguan aurkitzen duen arriskuari aurre egiteko adina erdiesten ez duenean.
Azpimarratu behar dut, irabazi-tasa nik neure kalkuluetan zenbatetsi dudana baino azkarrago eroriko litzatekeela; ekoizpenaren balioa, aipatu ditudan balizko zirkunstantzietakoa bada, nekazariaren kapitalaren balioa asko handituko litzateke, kapital hau osatzen duten ondasun ugarien balioak ere gora egin duelako. Garia 4£tik 12£ra igo aurretik, ziurrenik, bere kapitalaren ganbio-balioa bikoiztu eta 3.000£koa izan ordez, 6.000£ra helduko litzateke. Bere irabazia hastapeneko kapitalarekiko 180£ izango balitz, edo ehuneko 6koa, irabazi-tasa ez litzateke ehuneko 3tik baino gorago egongo; baldintza hauetan, 6.000£ko kapitala duen nekazaria besterik ez litzateke sartuko nekazal negozio honetan.
Industria anitzek alde handixeago edo apalxeagoa erdietsiko lukete era berean. Garagardogile, distilatzaile, ehungile edo irulearen irabaziak erortzen direnean, hein batean bederen, konpentsatuta geratuko lirateke lehengaietan erabiltzen duen kapitalaren eta amaitutako ondasunen balioak igo direlako; baina, burdingile, bitxigile eta merkantzia askoren egileak, baita kapital gehiena uniformeki dirutan erabiltzen duten kapitalistak, hauek denak, irabazi-tasaren beherakadak harrapatuko lituzke, konpentsaziorik gabe gainera.
Espero liteke ere, kapitalaren irabazi-tasak behera asko egin dezakeen arren, nekazaritzako kapital-metaketaren eta alokairuak igotzearen ondorioz, oraindik, irabazi-kopuru orokorra gehitu egingo dela. Beraz, demagun 100.000£ behin eta berriro metatu ostean irabazi-tasa ehuneko 20tik ehuneko 19ra, gero 18ra, 17ra... etengabe erortzen dela, erortze-tasa konstante batean; kasu honetan itxaron dezakegu bata besteren atzetik jabeek jasoko duten irabazi-kopuru guztia progresiboa izango dela; berau handiagoa izango da kapitala 200.000£ denean 100.000£ denean baino; oraindik handiagoa 300.000£ denean; eta honela jarraituko dute, kapitala gehitu ahala irabaziak gehituz, nahiz eta tasa beherantz joan. Progresio hau denboraldi batez baino ez da emango; beraz, ehuneko 19, 200.000£ko kapitalaren gain handiagoa da ehuneko 20, 100.000£ren gain baino; era berean, ehuneko 18 300.000£ren gain, ehuneko 19 200.000£ren gain baino handiagoa da; baina kapitala kopuru handian metatu eta irabaziak erori ostean, hurrengo metaketak irabazi agregatua txikiagotu egiten du. Demagun metaketa 1.000.000£ra heldu dela eta irabaziak ehuneko 7koak direla. Beraz, irabazi-kopuru guztia 70.000£ izango da; lehengo kapitalari 1.000.000£ eransten badizkiogu eta irabaziak ehuneko 6ra erortzen badira, orduan, kapitalaren jabeek 66.000£ eskuratuko dituzte edo 4.000£ko kopuruan gutxituko da kapitalaren jabeek jasoko dutena, nahiz eta kapitalaren kopuru osoa 1.000.000£tik 1.100.000£ra handitu.
Ezin daiteke kapital-metaketarik egon kapitalak irabazirik ematen ez duen bitartean, eta hala denean, ekoizpenean gehikuntza emateaz gain, bere balioan ere berdin gertatuko da. 100.000£ko kapital gehigarria enplegatuz, lehen enplegatutako kapital-zatiak ez dira produktibitate apalagoko bihurtuko. Herrialde horretan lurrak eta lanak ekoiztutakoa gehitu beharko da eta bere balioa ere igo egingo da, ez bakarrik azkena ekoiztu denaren balioa lehengo balioari eransten zaiolako, baizik eta lurrak ekoizten duen balio gehigarri guztia ekoizteko aurkitzen dituen zailtasunak balioa bera gehitzen duelako. Kapital-metaketa oso handia bihurtzen denean bestalde, balioaren gehikuntza hori era bitxiz banatuko da eta banaketa horretan irabaziei lehen baino gutxiago esleituko zaie, errenta eta alokairuentzat gehiago izango den bitartean. Beraz, 100.000£ko gehigarri bakoitzarekin, irabazi-tasa ehuneko 20tik ehuneko 19ra eroriko da, gero ehuneko 18ra, 17ra, eta abar, eta urteroko ekoizpena kopuruan gehitu egingo da eta kapital gehigarri bakoitzak ekoizteko kalkulatuta dagoen balioaren gehigarria baino handiagoa erdietsiko da. 20.000£tik 39.000£ra baino gorago igoko da, gero 57.000£ baino goragora, eta lehen suposatu dugun bezala, enplegatutako kapitala 1.000.000£koa izango denean, eta beroni beste 100.000£ erantsita, irabazi agregatuak lehen baino apalagoak badira, gutxienez, 6.000£ erantsi beharko zaizkio herrialdeko errenta guztiari, baina hau guztia lurjabe eta langileentzat izango da; ekoizpen gehigarria baino gehiago erdietsiko dute hauek eta beren egoera dela eta, posible izango dute kapitalisten antzinako irabazietatik zurrupatzea. Beraz, demagun laurden bat laboreren prezioa 4£ dela eta, kalkulatu denez, 720£ bakoitzetik, errenta ordaindu ostean, nekazariarentzat 480£ geratzen direla eta 240£ langileei ordaintzen zaiela; labore-laurdenaren prezioa 6£ra igotzen denean, langileei 300£ ordaindu beharko die eta irabazi kontzeptuan, 420£ besterik ez litzaizkieke geratuko: 300 ordaindu beharrean egongo litzateke, era honetan, lehen kontsumitzen zuten oinarrizko ondasun-kopuru berdina eskura dezaten, ez gehiago. Dena den, inbertitutako kapitala hain handia balitz, eta beraz, 720£ko etekina ehun mila aldiz biderkatzen dela kontsideratuko bagenu, hau da, etekin hori 72.000.000£koa balitz, irabazi agregatua 48.000.000£koa izango litzateke laurden bat laborek 4£ balio izaterakoan; eta enplegatutako kapital handiago horrek 720£ko etekina 105.000 aldiz biderkatuko balu, laurden bat laborek 6£ nahiz 75.600.000£ balio duenean, irabaziak errealki 48.000.000£tik 44.100.000£ra -105.000 bider 420£- eroriko lirateke, eta alokairuak 24.000.000£tik 31.500.000£ra igoko lirateke. Alokairuak igo egingo lirateke proportzionalki kapitalarekiko langile gehiago enplegatuko direlako; eta langile bakoitzak diruzko alokairu handiagoak jasoko lituzke, baina demostratu dugunez, langilearen egoera txarragoa izango litzateke, zeren eta ekoizpenaren kopuru txikiagoa eskuratuko bailuke. Irabazle erreal bakarrak lurjabeak izango lirateke; berauek errenta garaiagoak jasoko lituzkete, lehenik, ekoizpenak balio handiagoa izango lukeelako, eta bigarrenik, ekoizpen honen proportzio handiagoa eskuratuko luketelako.
Nahiz eta balio handiagoa ekoiztu, behin errenta ordainduta, balio honetatik geratzen den proportzio handiena ekoizleek kontsumitzen dute eta proportzio honek irabaziak erregulatzen ditu. Lurrak ugari ematen duen bitartean, alokairuak behin-behinekoz igo daitezke eta ekoizleek nahitaez proportzioa baino gehiago kontsumi dezakete; baina honela, populazioari emango zaion pizgarria dela eta, langileak berehala jaitsaraziko ditu nahitaez kontsumora. Lur txiroagoak lantzen hasten direnean ordea, edota nahitaez lurrean kapital eta lan gehiago erabiltzen direnean, errendimendu txikiago lortuz, efektuak behin-betikoa izan beharko du. Behin errenta ordaindu dela, kapitalaren jabe eta langileen artean banatzeko geratzen den ekoizpenaren proportzio handiagoa langileek eskuratuko dute. Hauetako pertsona bakoitzak gutxiago eskura dezake edo eskuratuko du kantitate absolututan; baina langile gehiago enplegatzen denez, nekazariak gordetzen duen ekoizpen orokorrarekiko proportzioan, ekoizpen osoaren proportzio handiagoa alokairuentzat izango da. Lege naturalek horrela jokatzen dutelako gertatzen da hau, azken finean arrazoi honek mugatzen baitu lurraren ekoizpen-ahalmena eta kemena.
Beraz, berriro ere, ondorio berara iristen gara, hain zuzen, lehen finkatzen saiatu garen ondorio berberara: hau da, herrialde guztietan eta garai guztietan, irabaziak, errenta ordaintzen ez den lurrean, langileak hornitzeko edo bizirauteko, oinarrizko ondasunek ekoizteko behar duten lan-kantitatearen menpe daudela. Metaketaren ondorioak, beraz, ezberdinak izango dira herrialde bakoitzean, eta gehienbat, lurraren emankortasunaren menpe egongo dira. Herrialde handia izanda ere, lurra kalitate txarrekoa bada eta herrialde honetan elikagaien inportazioak galarazita badaude, kapital-metaketa moderatuena ere, irabazi-tasaren beherakada handiekin batera joango da eta bien bitartean errenta fite joango da gorantz; aldiz, herrialde txikia izanik lurra emankorra badu, batez ere elikagaien inportazioak libreak baditu, kapital-stock handiak metatuko ditu, irabazi-tasa asko jaisteke, edo lurraren errenta ere asko igotzeke. Alokairuen kapituluan frogatzen saiatu gara, merkantzia baten diruzko prezioa ez litzatekeela igoko alokairuak igo direlako, nahiz urrea, suposatu dugun diru estandarra, nazio bertakoa edo inportatutakoa izan. Baina alderantziz balitz, hau da, alokairuak igo direlako merkantzien prezioak etengabe igoko balira, proposamen honek ez lioke egia izateari utziko; izan ere, alokairu garaiek langileak enplegatzen dituzten guztiei eragiten dietela ziurtatuko bailitzateke, hauek eskuratzen dituzten irabazi errealen zati bat galtzen baitute. Demagun kapelagileak, galtzerdigileak eta oinetakogileak, bakoitzak, 10£ gehiago ordaintzen dituela alokairu gehigarritan merkantzi kopuru berezi bat ekoizteagatik, eta ekoizleari kapela, galtzerdi eta oinetakoen prezioak behar den kantitatean igotzen zaizkiola, 10£ horiek berrordaintzeko; ekoizle hauek ez dira egongo igoera hori emateke zegoenean baino hobeki. Galtzerdigileak bere galtzerdiak 100£n saldu ordez 110£n saltzen baditu, bere irabaziak, zehazki, lehengo diru-kopuru berdinekoak izango lirateke; baina diru-kopuru berdinarekin erdietsiko lukeen kapel, oinetako eta beste merkantzia guztietatik hamarren bat gutxiago izango litzateke, eta ekoizle berak, orain, antzinako aurrezki-kopuru berdinarekin alokairu gehituak ordaintzen ditu, eta beraz, langile gutxiago enplega ditzake, baita lehengai gutxiago erosi ere, hauen prezioak igo direlako; haatik, ekoizlea ez litzateke egoera hobean egongo bere diruzko irabaziak, benetako kopuruan, gutxitu bailiren eta gainontzeko gauza guztien prezioak lehen bezala mantendu bailiren izango baita. Beraz, ni frogatzen saiatu naiz, lehenik, alokairuen igoerek ez dutela merkantzien preziorik igo behar, bai ordea irabaziak gutxitu; eta bigarrenik, merkantzia guztien prezioak igo badaitezke, efektu bera emango litzatekeela irabazietan; eta benetan, prezioak eta irabaziak zenbatesten dituen neurriaren balioa urrituko litzatekeela bakarrik.
VII. Kapitulua
Kanpo-merkataritzaz
Kanpo-merkataritzaren garapenak ez du herrialde bateko balio-kopurua berehala inkrementatuko, nahiz eta merkataritza honek merkantzi masa inkrementatzen lagunduko duen, eta beraz baita gozamena ere. Atzerritar ondasun guztien balioa, beraiengatik ematen dugun geure lur eta lanaren ekoizpenaren kantitateak neurtzen du. Horregatik, ez genuke balio handiagorik izango, merkatu berriak aurkitu ditugulako eta guk emandako balio-kantitate berdinaren truke atzerritar ondasun-kantitate bikoitza erdiesten badugu ere. 1.000£ko ondasun ingelesak erosi direla eta merkatari batek merkatu ingelesan 1.200£n saltzeko adina atzerritar ondasun lortzen baditu, orduan, merkatari horrek kapital honen enpleguarekin ehuneko 20ko irabazi-tasa erdietsiko du; baina, ez bere irabaziak, ezta inportatutako merkantzien balioa ere, ez dira inkrementatu edo gutxituko, nahiz handiagoa edo txikiagoa izan erdietsiko duen atzerritar ondasun-kantitatea. Adibidez, merkatari honek interes bera izango du hogeita bost upel edo berrogeita hamar upel inportatzean, bai batean eta bestean 1.200£n saltzen baditu. Nolanahi ere, bere irabazia 200£ra helduko da edo bere kapitalaren ehuneko 20ra; eta kasu bietan, Ingalaterrara, balio berdina inportatuko da. Berrogeita hamar upel 1.200£n baino gehiagotan salduta, merkatari horren irabazia, irabazi-tasa orokorraren gainetik egongo litzateke, eta normala denez, kapitala merkataritza onuragarri horretara joango litzateke ardoaren prezio-beherakadak gauza guztiak aurreko egoerara eraman arte.
Behin baino gehiagotan defenditu izan da merkatari batzuek kanpo-merkataritzan erdietsitako irabazi garaiekin herrialdeko irabazi-tasa orokorra igoko dela, eta beste enpleguetan dauden kapitalen irteerek, atzerritar merkataritza berrian eta erakargarriagoan parte har dezaten, orokorki, prezioak igoaraziko dituztela, eta ondorioz, irabaziek ere gora egindo dutela. Esan izan da ere, autoritate handiz gainera, eskariak bera izaten jarraitzen duen bitartean, nahitaez kapital gutxiago esleituko dela laborea lantzeko, ehungintzarako, kapelak, oinetakoak, eta abar egiteko, eta beraz, merkantzia hauen prezioa hainbat inkrementatuko dela, eta ondorioz, nekazariak, kapelagileak, ehungileak eta oinetakogileak ere beren irabazietan igoera izango dutela, kanpo-merkataritzan ari denak izango duen bezala1.
Argudio hau mantentzen dutenak nirekin bat datoz enplegu ezberdinetako irabaziek, bata bestearen ostean doitzeko joera dutela esatean; aurrera eta atzera, batera egiten dute. Gure ezberdintasun bakarra honetan datza: beraiek sostengatzen dutenez, irabazi-berdintasuna irabazi orokorraren igoerak ekarriko du; nire iritziz, berriz, merkataritza onuragarriaren irabaziak, berehala, maila orokorrera jaitsiko dira.
Lehenbizikoz, laborea lantzen, ehungintzan, kapelagintzan, oinetakogintzan, eta abarretan kapital gutxiago esleituko dela ukatzen dut, merkantzia hauen eskaria gutxitzen ez bada behintzat; eta honela bada ere, beren prezioa ez da igoko. Atzerritar merkantzien erosketan ere gauza bera gertatuko da, Ingalaterrako lur eta lanaren zati handiago edo txikiagoa enplegatuko baita. Zati berdina honela enplegatzen bada, orduan, lehengo eskari berdina egongo da ehun, oinetako, labore eta kapeletatik, eta beraz, kapital-zati berdina xedatuko da berauen ekoizpenerako. Atzerriko merkantziak merkeagoak izatearen ondorioz, merkantzia atzerritarren erosketarako Ingalaterrako lurrak eta lanak sortzen duten urteko ekoizpenaren zati txikiagoa enplegatuko da. Kapela, oinetako, labore, eta abarretik lehen baino eskari handiagoa baldin badago, gerta daiteke, atzerritar merkantzien kontsumitzaileek beren errenta erabilgarriaren zati gehigarri bat edukiz, lehen balio handiagoko atzerritar merkantziak erosteko erabiltzen zen kapitala ere erabilgarri izatea; beraz, kapela, labore, oinetako eta abarretik eskaria inkrementatuko denez, horri erantzuteko eskaintza gehitzeko bitartekoak baldin badaude, haatik, prezioak eta irabaziak ere ez dira iraunkorki igoko. Ingalaterrako lurrak eta lanak sortutako ekoizpenaren zati handiagoa enplegatzen bada atzerritar merkantziak erosteko, beste batzuetarako gutxiago egongo da, eta hortaz kapela, oinetako eta abar gutxiago beharko da. Oinetako, kapela eta abarren ekoizpenetik kapitala liberatzen denean, gehiago geratuko da atzerritar merkantziak erdiesteko erabiltzen diren merkantziak ekoizteko; eta ondorioz, kasu guztietan, etxeko eta atzerriko merkantzietatik batera eskatutakoa, balioari dagokionez, herrialdeko errentak eta kapitalak mugatuta dago. Bata inkrementatzen bada, bestea gutxitu behar. Ingalaterrak inportatzen duen ardo-kantitatea bikoizten bada, ingeles merkantzi kopuru berdinarekin ganbiatuta, orduan, Ingalaterrako biztanleek lehen kontsumitzen zuten ardo-kantitatea bikoiz dezakete, edo ardo-kontsumo berdina mantendu eta ingeles merkantzietatik gehiago kontsumitu. Nire urteko sarrera 1.000£ bazen eta diru horrekin urtero 100£ko upel ardoa erosten banuen eta gainontzeko 900£rekin ingeles merkantziak; upel ardoa 50£ra jaistean, 50£ aurreratuko nituzke eta hauekin beste upel bat ardo edo ingeles merkantzia gehiago eros nezake. Nik ardo gehiago erosiko banu eta ardo-edale guztiek gauza bera egingo balute, kanpo-merkataritza egoera berdinean geratuko litzateke, batere aldatzeke; izan ere, esportatutako ingeles merkantzi kopurua ardoaren truke emango litzatekeenaren berdina izango litzateke eta guk ardo-kopuru bikoitza eskuratuko genuke, nahiz eta ardoaren balioa bikoitza izan ez. Baina nik eta besteek ardo-kantitate berdinarekin nahikoa badugu, ingeles merkantzia gutxiago esportatuko litzateke, eta ardo-kontsumitzaileek lehen esportatzen ziren merkantziak kontsumi litzakete edo gogoagoko izan ditzaketen beste batzuk. Hauek ekoizteko beharko litzatekeen kapitala, kanpo-merkataritzatik liberatutakoa izango litzateke.
Bi bide daude kapitala metatzeko: sarrerak gehitu direlako edo kontsumoa gutxitu delako aurrera daiteke kapitala. Nire irabaziak 1.000£tik 1.200£ra igo baldin badira, nire gastuek berdinak izaten jarraitzen duten bitartean, nik urtero lehen baino 200£ gehiago aurreratuko ditut. Nire irabaziak berdinak diren bitartean, nire gastuetatik 200£ aurreratzen baditut, ondorioa bera izango da, hau da, 200£ gehitu beharko zaizkio nire kapitalari. Irabaziak ehuneko 20tik ehuneko 40ra igotzen direnean, merkatariak ardoa inportatzen badu, ingeles ondasunak 1.000£n erosi ordez, 857£ 2s. 10d.n erosi beharko ditu, nahiz eta ondasun hauen truke inportatuko duen ardoa 1.200£n saldu; edo ingeles ondasunak 1.000£n erosten jarraitzen badu, orduan, ardoaren prezioa 1.400£ra igo beharko du, beraz, ehuneko 20 erdietsi ordez, ehuneko 40koa izango da kapitalaren irabazia; lehen errenta gastatzen zuteneko merkantzia guztiak merketu direlako, berak eta beste kontsumitzaile guztiek lehen gastatzen zituzten 1.000£ko 200£ aurrez ditzakete, eta herrialdeko aberastasuna handitzen egokiago lagunduko dute; kasu batean, aurrezkia sarrera gehitzearen ondorioa izango da; bestean, gastuak murriztearena.
Makineria sartu dela eta, sarrerak gastatzen zireneko merkantzia ororen balioak ehuneko 20ko beherakada izango balu, horrela aurreztuko nukeena, nire sarrerak ehuneko 20 igoko bailiran izango litzateke; baina kasu batean irabazi-tasa egonkorra da eta bestean ehuneko 20 igotzen da. Atzerriko ondasunak sartuz gero, nik neure gastuen ehuneko 20 aurrezten badut, orduan, honen ondorioa, makineria erabilita ekoizpen-kostuak gutxitu bailiran izango litzateke, baina, hala ere, irabaziak ez lirateke igoko.
Beraz, irabazi-tasa ez da merkatua hedatu delako igotzen, nahiz eta hedapen honen ondorioa, bide batez, merkantzien masa efektiboki inkrementatzeko era izan daitekeen; hedapen honen bidez langileak mantentzeko edota landu behar diren lehengaietarako fondoak gehitzeko aukera izan dezakegu. Gizateriaren zorionerako funtsezkoa da lanaren banaketa egokiagoren bidez, etengabe, geure asetasunak handituz joan ahal izatea, eta horretarako herrialde bakoitzak bere egoeragatik, klimagatik eta abantaila natural edo artifizialengatik egokituta dagoen merkantziak ekoiztu behar lituzke, eta gainera merkantzia hauek beste herrialdetakoekin ganbiatu; irabazi-tasa goratuta ere, asetasun hau gehituko litzateke.
Lan honetan zehar frogatzen saiatu naiz irabazi-tasa inoiz ezin daitekeela igo, baldin eta alokairuak ez badira erortzen, eta alokairuetan beherakada hori iraunkorra ez dela izango, baldin eta alokairuak gastatzen direneko oinarrizko ondasunen prezioak ez badira jaisten. Beraz, kanpo-merkataritzaren garapenarekin edo makineriaren hobekuntzarekin, langilearen elikagaiak eta oinarrizko ondasunak merkatura prezio apalagoetan ekar badaitezke, irabaziak igo egingo dira. Geure laborea landu ordez, edo langilearen ehuna eta beste oinarrizko ondasunak ekoiztu ordez, merkatu berri bat aurkitzen badugu, eta bertan guretzat merkantzia hauek guztiak prezio apalagotan horni baditzakegu, orduan, alokairuak erori eta irabaziak igo egingo dira; baina kanpo-merkaritzaren garapena edo makineriaren hobekuntza eman dela eta, merkantziak prezio apalagotan erdiesten badira, eta merkantzia hauek, aberatsek besterik ez badituzte kontsumitzen, irabazi-tasak ez du inolako aldaketarik izango. Nahiz eta ardoa, balusa, zeta eta beste merkantzia garestiak ehuneko 50 erori, alokairuak ez lirateke aldatuko, eta ondorioz irabaziek aldatzeke jarraituko lukete.
Kanpo-merkataritza, beraz, gasta daitekeen errentaren truke ondasunen kopuru eta aniztasuna gehitzen duelako, herrialde batentzat guztiz onuragarria izan arren, merkantzien ugaritasun eta merketasuna dela eta, aukerak ematen ditu aurrezki- eta kapital-metaketa bizkortzeko, eta ez du kapitalaren irabaziak igotzeko joerarik sortzen, baldin eta inportatutako merkantziak langilearentzat oinarrizko ondasunak ez badira, bere errentarekin bizirauteko erosiko dituen ondasunak, alegia.
Kanpo-merkataritzari buruz egin diren ohar berdinek barne-merkataritzarako ere balio dute. Irabazi-tasa ez da inoiz lana egokiago banatu delako, makineria asmatu delako, edo kanal eta errepideak eraiki direlako inkrementatuko, ezta ondasunen ekoizpen edo garraioan lana aurreratzen delako ere. Arrazoi hauek prezioari eragiten diote eta kontsumitzaileentzat onuragarriak izaten dira; era honetan, kontsumitzaileek, lan berdinarekin, edo lan berdina ekoizpenaren balioarekin elkartrukatuz, hobekuntzak izan dituzten merkantzietatik kopuru handiagoa erdietsiko dute; baina ez du inolako eraginik izango irabazien gain. Bestalde, langilearen alokairuan ematen den beherakada bakoitzak irabaziak igotzen ditu, baina ez du inolako ondoriorik sortzen merkantzien prezioan. Bata klase guztientzat da onuragarria, klase guztiak baitira kontsumitzaileak; bestea, ekoizleentzat bakarrik da onuragarria; hauek gehiago irabazten dute, baina gauzak ez dira prezioz aldatzen, lehengoan mantentzen dira. Lehenengo kasuan, lehen bezala erdiesten dute; baina irabaziak gastatzen direneko ondasun guztien ganbio-balioa gutxitu egiten da.
Herrialde batean merkantzien ganbio-balioa arautzen duten erregelek, ez dute balio herrialde bi baino gehiagoren arteko merkantzien ganbio-balioa arautzeko.
Merkataritza gardenki librea den sistema batean, herrialde bakoitzak onuragarriena duen enpleguan erabiliko ditu bere kapitala eta lana. Abantaila indibidualak eskuratzeko joera hau, guztien onura unibertsalari ezinhobeki lotzen zaio. Industriari eraginez, trebezia sarituz, eta Naturak emandako ahalmenak eraginkortasun handienarekin erabiliz, lana zuzenkiago eta zuhurkiago banatzen da; era berean, ekoizkin-masa orokorra gehitzen den heinean, irabazi orokorrak hemendik eta handik zabaltzen eta elkarrekin lotzen du, interes eta elkartruke amankomunarekin bat eginda dagoen nazio eta mundu zibilizatua osatzen duen nazioen gizarte unibertsal guztia. Printzipio honen bidez determinatzen da ardoa Frantzian eta Portugalen egin behar dela, laborea Ameriketan eta Polonian, eta burdindegiko gauzak eta beste ondasunak Ingalaterran ekoiztu behar direla.
Herrialde batean irabaziek, orokorki mintzatuz, beti, maila berdinean diraute; edo diferitzen badute ere, kapitalaren enplegu ziurrago eta atseginagoari buruzkoa izango da. Hau ez da honela jazotzen herrialde ezberdinen artean. Yorkshire-n enplegatutako kapitalaren irabaziak Londonen enplegatutakoak gainditzen baldin baditu, kapitala, berehala, Londonetik Yorkshire-ra mugituko da, eta irabaziak berdindu egingo dira; baina kapitala eta populazioa handitzearen ondorioz, Ingalaterrako lurretako ekoizpen-tasak behera egiten badu, eta honen guztiaren ondorioz alokairuak igo eta irabaziak erori egiten badira, horrek ez du derrigorrez populazioa eta kapitala Ingalaterratik Holandara, edo Espainiara, edo Errusiara, hau da, irabazi garaiagoak izango lituzketen herrietara joango direnik suposatu behar,
Portugalek beste herrialdeekin merkatal harremanik ez balu, bere kapital eta jarduera gehiena ardoa ekoizten enplegatu ordez -horren truke beste herrialdeetatik arropa eta burdingaiak lortzen ditu-, behartuta egongo litzateke bere kapitalaren zati bat merkantzia hauen ekoizpenera zuzentzera; era honetan, ziurrenik, kalitate eta kantitate apalagokoak erdietsiko lituzke.
Portugalek Ingalaterrari ehunen truke eman behar dion ardo-kantitatea ez dago zehaztuta, bi merkantziak Ingalaterran edo biak Portugalen ekoiztu bailiren, bakoitzaren ekoizpen horretan erabili den lan-kantitatearen arabera.
Ingalaterraren kasuan, gerta liteke ehuna ekoizteko urteko 100 langileren lana behar izatea, ardoa denbora berean ekoizten saiatuz gero, 120 langileren lana behar izango lituzkeen bitartean. Kasu honetan, Ingalaterrak ardoa inportatzeko eta hori erosteko ehuna esportatzeko interesa izango luke.
Portugalen ardoa ekoizteak urte batean 80 langileren lana eska lezake, eta denbora eta herrialde berean ehuna ekoizteko 90 langile behar izan. Kasu honetan, Portugalentzat onuragarriago da ardoa esportatzea ehunen truke. Elkartruke hau ere buru daiteke Portugalek inportatzen duen merkantzia Portugalen Ingalaterran baino lan gutxiagorekin ekoiz daitekeen arren. Nahiz eta ehun hori 90 langileren lanarekin egin ahal izan, hala ere, ekoizpen berdin horretarako 100 langile behar diren beste herrialdetik inportatuko luke Portugalek kapital guztia ardoa ekoizteko erabiltzea, gehiago interesatzen baitzaio; hau dela eta, Portugalek berak ekoiztuko balu baino ehun gehiago erdietsiko luke Ingalaterratik, horretarako mahastietatik kapitalaren zati bat aterata.
Beraz, Ingalaterrak Portugali 100 langileren ekoizkina emango dio 80 langilek egindako lanaren truke. Honelako ganbiorik ez litzateke herrialde bereko gizabanakoen artean egongo. 100 langile ingelesen lana ezin daiteke eman 80 langile ingelesen lanaren truke; baina 100 langile ingelesen ekoizkina eman daiteke 80 langile portugaldar, 60 errusiar edo 120 hinduk ekoiztutakoaren truke. Herrialde bakar eta askoren arteko alde hau azaltzen erraza da: Horretarako enplegu errentagarriagoa izan dezan, herrialde batetik bestera joateko kapitalak dituen zailtasunak kontuan hartu behar dira, eta bien bitartean, aldaketa hau oso erraza eta azkarra izaten da herrialdea osatzen duten probintzien artean ematen denean2.
Zalantzarik gabe, egoera honetan Ingalaterrako kapitalistentzat eta bi herrialdeetako kontsumileentzat, ardoa eta ehuna, biak, Portugalen ekoiztea abantailatsua izango litzateke, eta beraz, helburu hori betetzeko, Ingalaterran ehuna ekoizteko enplegatzen diren kapital eta lana Portugalera mugitzea. Hortaz, merkantzia hauen balio erlatiboa erregulatzen duen printzipioa baliagarria izango litzateke, bai kanpo-merkataritzarako, bai merkantzia bat Yorkshire-ko ekoizkina eta bestea Londonekoa diren kasurako ere; eta antzeko kasu guztietan, irabazi handiena dagoen herrialdeetan enplega dadin kapitala libreki higi badaiteke, orduan, ezin liteke alderik egon ez irabazi-tasan, ezta prezio erreal edo merkantzien lan-prezioan ere, baldin eta merkantzia horiek saltzeko diren merkatu ezberdinetara eroateko behar den lan gehigarriarena ez bada behinik behin.
Hala ere, esperientziak dioenez, kapitalaren segurtasun-eza, ustezkoa edo erreala, nabaria da bere jabearen kontrol zuzenetik at geratzen denean; honi eransten badiogu gizaki guztiei beren sorterria eta adiskideak utzi beharrak batetik, eta beren buruak eta ohiturak gobernu arrotz eta lege berrietara aurre egin beharrak bestetik eragiten dien nazka eta gogo txarra, orduan, kapitalaren emigrazioa gelditu egiten da. Sentimendu hauen ondorioz -hauek ahultzea erabat tamalgarritzat joko nukeena-, dirudunek beren herrialdeetan lortutako tasa apalagoekin pozik egon beharko dute, beren aberastasunentzat kanpo-nazioetan kapitalaren enplegu onuragarriagoak aurkitu ordez.
Zirkulaziorako lanabes orokor gisa, urrea eta zilarra hautatu dira, eta berauek, merkatal lehiaketa dela eta, herrialde ezberdinen artean proportzio batzuetan banatuak daude, metal hauek existitzeke emango litzatekeen trafiko naturalari egokituko bailitzaion, eta beraz herrialdeen arteko trukeko merkataritza hutsa bailitzan.
Haatik, Portugalera ezin daiteke ehuna inportatu, baldin eta inportatu deneko herrialdean urretan kostatuko litzatekeena baino garestiago saltzen ez bada; eta ardoa ezin daiteke inportatu Ingalaterrara, Portugalen urretan kostatuko litzatekeena baino garestiago saltzen ez bada. Merkataritza truke gardena balitz, Ingalaterrak honela jarraituko luke, soilik lan-kopuru zehatz batekin ekoizten duen ehun merkearen truke Portugaletik lortuko lukeen ardo-kopurua, bere mahastietan ekoiztuta baino handiagoa den bitartean; baita Portugalen alderantzizko ondorioak ematen diren bitartean ere. Demagun Ingalaterran ardoa ekoizteko era berria asmatzen dela eta inportatzea baino interesgarriagoa zaiola bertan egitea; orduan, normala denez, bere kapitalaren zati bat kanpo-merkataritzatik barne-merkataritzara igaroko litzateke; esportaziorako ehuna ekoizteari utziko litzaioke eta ardoa bere kontsumorako ekoiztuko litzateke. Merkantzia hauen diruzko prezioa bere erara erregulatuta geratuko litzateke; ardoarena erori eta ehunarena lehen bezala mantenduko litzateke; eta Portugalen ez litzateke prezio bi hauen inolako aldaketarik emango. Denboraldi batean zehar bederen, ehuna Ingalaterratik esportatzen jarraituko litzateke, bere prezioak Portugalen Ingalaterran baino altuagoa izaten jarraituko bailuke; baina ardoa beharrean dirua emango luke ehunaren truke, eta ondorioz, Ingalaterran diru-metaketa emango litzateke eta alderantziz gertatuko litzateke Portugalen; eta honen guztiaren eragina bi herrialdeetako ehunaren balio erlatibora iritsiko litzateke, beronen esportazioak errentagarri izateari utziz. Ardoa egiteko hobekuntza oso garrantzi handikoa balitz, bi herrialdeentzat errentagarria bihur liteke jardueraz aldatzea; Ingalaterrak ardo guztia egitea, eta Portugalek, biek kontsumitzen duten ehun guztia; baina egoera honetara iritsi aurretik, metal preziatuen banaketa berria eman beharko litzateke, honen ondorioz Ingalaterran ehunaren prezioak igo eta Portugalen jaitsi beharko lukeelarik. Ingalaterran ardoaren prezio erlatiboa eroriko litzateke, bere ekoizpenean hobekuntza errealak sartu direlako, eta ehunaren prezio erlatiboa igoko litzateke, diru-metaketa eman delako.
Beraz, demagun Ingalaterran ardoaren ekoizpenean hobekuntzak sartu aurretik upel baten prezioa 50£koa, eta ehun-kopuru jakin batena 45£koa zela; bien bitartean, Portugalen, ardo-kopuru berdinarena 45£koa, eta ehun-kopuru berdinarena 50£koa; ardoa Portugaletik 5£ko irabaziz eta ehuna Ingalaterratik irabazi berdinez esportatuko lirateke.
Demagun orain hobekuntzak egin direla eta Ingalaterran ardoaren prezioa 45£ra jaitsi dela, ehunak prezio bera mantentzen duen bitartean. Merkataritzan ematen den transakzio bakoitza transakzio independientea da. Merkatari batek Ingalaterran ehuna 45£n eros dezakeen bitartean, gero Portugalen nahitaez irabazia lortuz saldu ahal izateko, Ingalaterratik esportatzen jarraituko du. Bere negozioa, sinpleki esanda, Ingalaterran ehuna erostea izango da, eta ganbio-letraren bidez ordainduko du, hain zuzen, Portugalen salduta erdietsiko duen diruarekin erosiko du letra hori. Ez dio axola diru horrekin zer egiten den; bere zorra kitatu du letra hori entregatuta. Bere transakzioa, zalantzarik gabe, letra hori erdiesteko baldintzek erregulatuko dute, baina berauek merkatariarentzat jakinak dira une honetan; letra hauen merkatu-prezioa eragiten duten arrazoiak, edo ganbio-tasa bera ere ez zaizkio axola merkatari honi.
Merkatuak Portugaletik Ingalaterrara ardoa esportatzearen aldekoak badira, esportatzailea letra baten saltzailea izango da eta letra hori ehunaren inportatzaileak berak edo honi letra saldu dion pertsona batek eros liezaioke; horrela, diruak herrialde batetik bestera igarotzeke, herrialde bakoitzeko esportatzaileek beren ondasunak saldu dituztela eta, ordainduak izango dira. Beraien artean zuzeneko transakziorik izateke, Portugalen ehun-inportatzaileak ordaintzen duen dirua bertako ardo-esportatzaileari ordaintzeko izango da; eta Ingalaterran letra bera negoziatuz, ehun-esportatzailea baimenduta geratuko da ardo-inportatzaileak ipintzen duen dirutik hartzeko.
Baina ardoaren prezioak Ingalaterrara ezin esportatzeko modukoak balira, orduan ere, ehun-inportatzaileak letra berdin-berdin erosiko luke; baina letra honen prezioa altuagoa izango litzateke, zeren eta beronen saltzailea, merkatuan letra hau konpentsatuko duen inor ez dagoela jakingo baitu, azken finean, bi herrialdeen arteko transakzioak kitatuko dituen letra; jakin dezake bere letraren truke har lezakeen urre- edo zilar-moneta Ingalaterrako bere korrespontsalari igor liezaiokeela, azken honek eskatutako merkantzia ordain dezan; ondorioz, letra-saltzaileak, irabazi garden eta nahitaezaz gain, kasu honetako gastu guztiak erantsiko lizkioke letraren prezioari.
Beraz, Ingalaterran letragatik ordaintzen den sariak ehuna inportatzeagatik lortzen den irabazia berdintzen badu, beronen inportazioa bertan behera geratuko litzateke; baina letraren gaineko saria ehuneko 2 besterik ez balitz, Ingalaterran 100£ko zorra ordaintzeko Portugalen 102£ ordaindu behar bada, ehuna 45£ kostatu eta 50£n saltzen den bitartean, ehuna inportatzen jarraituko litzateke, letrak erosiko lirateke eta dirua esportatuko litzateke, Portugalen dirua gutxitu, eta Ingalaterran beronen metaketa eman arte; hemen prezio-igoera deserosora helduko litzateke, eta honen ondorioz, luze baino lehen, transakzioak egiten jarraitzeak ez luke errentagarritasunik suposatuko.
Baina herrialde bateko diru-murrizketak eta beste bateko gehikuntzak, merkantzia baten prezioari bakarrik ez, merkantzia ororen prezioari eragiten diote, eta horregatik, ehun eta ardoaren prezioa, biena, igo egingo da Ingalaterran eta biena jaitsi Portugalen. Ehunaren prezioa herrialde batean 45£koa bada eta 50£koa bestean, ziurrenik, 49£ra edo 48£ra eroriko da Portugalen, eta 46£ edo 47£ra igo Ingalaterran, eta ez lioke irabazi nahiko bati aurre egingo letraren saria ordaindu ostean. Honek guztiak, ez ditu merkatariak merkantzia hori inportatzera bultzatuko.
Beraz, trukeko merkataritza egokien erregulatuta gera dadin, herrialde bakoitzari dagokion dirua, zehazki behar diren kantitateetan esleituta geratuko da. Ingalaterrak ehuna esportatzen zuen ardoaren truke, zeren eta, honela eginez gero, bere industria ekoizkorrago bihurtzen baitzizaion; era horretan, ehun eta ardo gehiago zituen, berak biak bere kontsumorako ekoiztuta baino; eta Portugalek ehuna inportatzen zuen eta ardoa esportatu, zeren eta Portugaleko industria era onuragarriagoan egongo baitzen bi herrialdeentzat ardoa ekoiztuz. Demagun Ingalaterran ehuna ekoizteko zailtasun gehiago dagoela, edo Portugalen ardoa ekoizteko; edota Ingalaterran ardoa nahiz Portugalen ehuna ekoizteko erraztasun gehiago dutela, eta merkataritzak, bat-batean, bertan behera geratu behar duela.
Portugalen egoerak ez du inolako aldaketarik izango, baina Ingalaterra bere lana ardoa egiten era ekoizkorragoan enplega dezakeela ohartuko da, eta berehala, bi herrialdeen arteko trukeko merkataritza aldatu egingo da. Ez litzateke Portugaletik esportatzen den ardoa bertan behera geratuko litzatekeen bakarra izango; metal preziatuen banaketa berria burutu eta bere ehun-inportazioa eten egingo litzateke.
Bi herrialdeek, ziurrenik, interesgarria aurkituko dute beren ardoa eta beren ehuna egitea; baina honako emaitza berezi hau burutuko litzateke: Ingalaterran, nahiz eta ardoa merkeagoa izan, ehunaren prezioa igo egingo litzateke, eta kontsumitzaileek gehiago ordainduko lukete ondasun hori; bien bitartean, Portugalen, ardo- zein ehun-kontsumitzaileek, bi merkantzia hauek merkeago erosiko lituzkete. Hobekuntza ematen den herrialdean prezioak garestituko lirateke; eta aldaketarik eman ez, baina kanpo-merkataritzaren adar errentagarria kendu zaion herrialdean prezioak erori egingo lirateke.
Hala ere, hau ez litzateke itxurazko abantaila baino gehiago izango Portugalentzat, zeren eta herrialde horretan ekoiztutako ardo- eta ehun-kantitatea, batera, urrituko bailirateke, eta bien bitartean, Ingalaterran ekoiztutakoa inkrementatu egingo litzateke. Diruak, hein batean, balioa aldatuko luke bi herrialdeetan; Ingalaterran balioa galduko luke eta gehitu Portugalen. Dirutan zenbatetsita, Portugaleko errenta osoa gutxituko litzateke; neurri berdinarekin berriz, Ingalaterrakoa handitu egingo litzateke.
Beraz, badirudi herrialde bateko ekoizpenean hobekuntzak sartzen direnean, munduko herrialdeetan dagoen metal preziatuen banaketa aldatzeko joera egoten dela, eta aldi berean, hobekuntzak sartu diren herrialdeko prezio orokorrak igo egiten direla.
Arazoa erraztekotan, suposatu dut bi herrialdeen arteko merkataritza bi merkantziatara mugatzen dela: ardoa eta ehuna. Baina guztiz jakina da gauza ugari sartzen direla esportazio- eta inportazio-zerrendetan. Herrialde batetik dirua kenduz eta beste batean metatuz, merkantzia ororen prezioei eragiten zaie, eta ondorioz, diruaz gain, merkantzia gehiagoren esportazioa sustatzen da; era honetan, diruaren balioan eragin lezakeen ondorioa itxaron zitekeen bezain nabaria izatera ez da iristen.
Makineria eta arteetan egoten diren hobekuntzez gain, egon badaude merkataritzaren nahitaez bide naturaletan eragiten duten beste arrazoi batzuk, eta arrazoi hauek, bestalde, oreka suntsitu eta diruaren balio erlatiboa aldatzen dute. Esportazio edo inportaziorako sariek, merkantzien gaineko zerga berriek, zuzenki ez bada zeharka, trukeko merkataritza naturala kaltetu egiten dute, eta ondorioz, derrigorrez, dirua inportatzeko edo esportatzeko premia sortzen dute, prezioak merkataritzaren ildo naturalera egoki daitezen; eta ondorio hau ez da bakarrik ematen neurri kaltegarria ipini den herrialdean, neurri handiago edo txikiagoan, baita merkatal munduan parte hartzen duten herrialde guztietan ere.
Honek, hein batean, herrialde ezberdinetako diruaren balio desberdinak azaltzen dizkigu; honek ere azalduko digu zergatik kontsumorako merkantzia nazionalen prezioak eta ahalmen handikoak, nahiz konparatiboki balio txikiagokoak izan, ekoizkin ugariak sortzen diren herrialdeetan garestiagoak diren. Bi herrialdeek populazio berdina badute, lur-kantitate berdina, emankortasun eta merkataritzarako jakintza berdinarekin, oinarrizko ondasunen prezioak garaiagoak izango dira esportatzeko merkantzietan makineria hobea eta trebezia handiagoa dagoen herrialdean. Irabazi-tasak, ziurrenik, desberdinak izango dira, baina diferentzia ez da handia izango, zeren eta alokairuak, edo langilearen sari errealak, berdinak izan baitaitezke bi tokietan; baina alokairu hauek, oinarrizko ondasunak bezala, dirutan altuagoak izango dira, bere ondasunen truke diru ugari inportatzen den herrialdean abantailak dituztelako: makineria aurreratuagoa eta lanerako trebezia handiagoa.
Bi herrialde hauetan, batek kalitate bateko ondasun-ekoizpenean abantaila badu, eta besteak beste kalitateko batean, orduan ez da metal preziatuen erabateko sarrerarik egongo, ez batean, ezta bestean ere; baina abantaila guztiz nabaria balitz bietako baten alde, sarrera hura ekidinezina izango litzateke.
Lan honen lehengo zatian suposatu dugu, argudioaren helburuak kontuan hartuta, diruak, beti, balio berdinarekin jarraitzen duela; orain frogatzen saiatu behar dugu diruaren nahitaez balioaren aldaketez gain, aldaketa hauek merkatal mundu guztian amankomunak badira ere, badaudela, egon ere, aldaketa partzialak; eta hauei ere herrialde batzuetako dirua lotzen zaie; eta "de facto" diruaren balioa inoiz ez da berdina bi herrialdetan; izan ere, balio hau zerga-sistema erlatibo, ekoizteko trebezia, klimaren abantaila, natur ekoizpen eta beste arrazoi askoren menpe baitago.
Hala ere, nahiz eta dirua etengabeko aldaketa hauei lotuta egon, eta ondorioz, herrialde askok amankomunean dituzten merkantzien prezioek ere alde nabariak izan, hala ere, diru-sarrerak eta -irteerak ez dute irabazi-tasetan inolako ondoriorik sortuko. Kapitala ez da inkrementatuko zirkulatzen duen bitartekoa gehitu delako. Nekazariak bere lurjabeari ordaintzen dion errenta eta langileei ordaindutako alokairuak, herrialde batean bestean baino ehuneko 20 altuagoak badira, eta era berean nekazariaren kapitalaren balio nominala ehuneko 20 garestiago bada, nekazari honek irabazi-tasa berdina eskuratuko du, nahiz eta bere oinarrizko ekoizkina besteena baino ehuneko 20 garestiago izan.
Irabaziak, maiz esan denez, alokairuen menpe daude; baina ez alokairu nominalen menpe, alokairu errealaren menpe baizik; ez langileari urtero ordaintzen zaion libera-kopuruaren menpe, libera horiek lortzeko behar diren lan egunen kopuruaren menpe baizik. Alokairuak, beraz, bi herrialdeetan berdinak izan daitezke; berauek ere gorde dezakete proportzio berdina errentarekiko eta lurretik erdiesten den ekoizkin ororekiko, nahiz herrialde hauetako batean langileak aste bakoitzeko 10 shilling jaso eta bestean hamabi.
Gizartearen lehenengo garaietan, manufakturak aurrerapen apalarekin ekoizten zirenean, eta herrialde guztietan ekoizpenak berdintsuak zirenean, merkantzia gehienak arruntak eta erabilgarriak besterik ez zirenean, herrialde ezberdinetako diruaren balioa, gehienbat, metal preziatuen horniketa egiten zuten meategietara zegoen distantziak erregulatzen zuen; eta gizarte batean artisaugintzak eta hobekuntzak aurrera jotzen dutenez, eta herrialde ezberdinek ekoizkin batzuetan beren trebezia azaltzen dutenez, nahiz eta aipatu den distantzia oraindik kakuluetan sartu, metal preziatuen balioa, gehienbat, ekoizkin hauen nagusitasunak erregulatuko du.
Demagun nazio guztiek, labore, abere eta arropak bakarrik ekoizten dituztela, eta merkantzia hauek esportatuz urrea eskuratzen dutela metal preziatu hau ekoizten duten herrialdeetatik, edota jadanik jasota zuten herrialdeetatik; urreak, normala denez, balio handiagoa izango du Polonian Ingalaterran baino; zeren eta laboreak bezala bolumen handia duen ekoizkinak urrutiragoko bidaia egiteko gastu handiagoa izango baitu; beraz, urrea Poloniara bidaltzeko gastuak Ingalaterrara bidaltzekoak baino handiagoak izango dira.
Urrearen balioek duten diferentzia, edo gauza bera, bi herrialdeetan laboreek duten prezioen aldea existituko litzateke, nahiz eta Ingalaterran laborea ekoizteko dauden erraztasunak Poloniakoen gainetik egon, lurraren emankortasuna oparoagoa delako eta langilearen lanabesak eta trebezia ere hobeak direlako.
Hala ere, Polonia lehena balitz bere ekoizkinak hobetzen, berak arrakasta balu orokorki desiratzen den merkantzia bat egiten, bolumen txikian balio handia izanez, edo beste herrialdeek ez duten berezko dohain batez hornituta balego ekoizkin berezi eta orokorki desiratua ukanez, merkantzia honengatik urre gehigarria eskuratuko luke eta, hain zuzen, gehigarri honek eragina izango luke bere labore, abeltzaintza eta jantzien prezioan. Distantziak sortzen duen desabantaila, ziurrenik, konpentsatuta baino gehiago geratuko litzateke balio handiko merkantzia esportagarria izateak suposatzen duen aldea dela eta; orduan, diruak, iraunkorki, balio apalagoa izango luke Polonian Ingalaterran baino. Eta aldiz, trebezia eta makineriaren abantailak Ingalaterrak edukiko balitu, lehen zeukan abantailari beste bat erantsi beharko litzaioke, hau da, zergatik urreak balio gutxiago izan beharko lukeen Ingalaterran Polonian baino, eta zergatik labore, abeltzaintza eta jantzien prezioek garaiagoak izan beharko luketen lehenengo herrialdean.
Nire ustetan hauek dira munduko herrialde ezberdinetako diruaren balio erlatiboa erregulatzen duten bi arrazoiak; nahiz eta zergapetzeak zenbait desoreka sortu diruaren baitan, hau honela gertatzen da herrialde batek trebezia, industria eta klimarekin elkartuta dituen abantaila batzuk galdu egiten dituelako.
Arreta handiz saiatu naiz diruaren balio apala eta laborearen balio altua bereizten, edota diruarekin erkatu daitekeen edozein merkantziarena. Orokorki, gauza berdina adierazten dutela kontsideratuko da. Baina begi-bistakoa da bushel bat labore bost shillingetik hamarrera igotzen denean, diruaren balioa erori delako edo laborearena igo delako izan daitekeela. Halaber, ikusi dugu, nekazaria behartuta egoten dela, behin eta berriro, kalitate txarragoko lursailak erabiltzera, etengabe inkrementatzen ari den populazioa elikatzeko; orduan, laborearen balioa, beste gauzen balio erlatiboarekiko igo egingo da. Laboraren prezioak igoera berdina izango du merkantziak ekoizteko makineriak hobekuntzak izan dituelako, horrela, merkantziak ekoizteko abantaila bereziekin utz gaitzan; horren ondorioa diru-etorrera izango da; diruak balioa galduko du, eta beraz, labore gutxiagorekin ganbiatuko da. Baina laborearen balioa igo edo diruaren balioa merketzeagatik laborea garestitzen bada, kasu bakoitzean ondorioak guztiz ezberdinak dira. Bi kasuetan, alokairuen diruzko prezioa igo egingo da, baina hori diruaren balioa erori delako gertatzen bada, orduan, ez dira bakarrik alokairuak eta laborea igoko, gainontzeko merkantzia guztiek ere berdin egingo baitute. Enpresariak gehiago ordaindu behar badu alokairu garaiagoei aurre egin behar zaiela eta, gehiago eskuratuko du bere merkantzien bidez, eta irabazi-tasa aldatzeke mantenduko da. Baina, laborea, bere ekoizpena zaildu delako garestitzen denean, irabaziak erori egingo dira; enpresaria alokairu altuagoak ordaindu beharrean egongo da, eta beraz, ez da gai izango bere burua saritzeko, ekoizten dituen merkantzien prezioa igoz.
Meategien ustiapena errazten duen edozein hobekuntza dela eta, metal preziatuak lan-kantitate gutxiagorekin lortzen badira, orokorki, diruaren balioa erori egingo da. Orduan, herrialde guztietan, diru-kopuru berdina merkantzia gutxiagoekin ganbiatuko da; baina herrialde jakin bat manufakturetan nabarmentzen denean eta honek herrialdera dirua erakartzen badu, diruaren balioa jaitsi egingo da eta labore eta lanaren prezioak, erlatiboki, beste herrialdeetan baino garestiagoak izango dira.
Diruaren balio altuago hau ez da ganbioan nabarmenduko; letrak, ziurrenik, parean negoziatzen jarraituko dira, nahiz eta labore eta eskulanaren prezioak, herrialde batean bestean baino ehuneko 10, 20 edo 30 garestiago izan. Suposatu diren baldintzetan, honelako prezio-aldeak gauzen egoera naturalaren barruan daude, eta ganbioak parean egon ahal izateko, manufakturetan nabarmendu den herrialdean nahikoa diru-kantitateak sartu behar izango du bere labore eta eskulanaren prezioak garesti daitezen. Atzerritar herrialdeek dirua esportatzea galaraziko balute, orduan, berauek, ekoizlea den herrialdeko labore eta eskulanaren prezioak garestitzea ekidin lezakete; igoera hau bakarrik gerta daiteke metal preziatuen etorrera eman ostean eta diru-papera ez dela erabiltzen suposatzen bada; baina hala ere, ez lukete elkarganbio kaltegarriagoa saihestuko. Ingalaterra herrialde ekoizlea balitz eta diru-inportazioari ekiditea posible balitz, orduan, Frantzia, Holanda eta Espainiarekiko ganbioa, ehuneko 5, 10 edo 20ean okertuko litzaieke herrialde hauei.
Diruaren korrontea derrigorrez gelditzen den aldiro eta dirua bere neurri egokian finkatzea saihesten den aldiro, ganbioaren aldaketetan ezin daiteke mugarik egon. Egoera honen ondorioak eta diru-papera, zein bere edukitzaileak nahi izanda ere ezin dezakeen metal preziatu bihurtu, derrigorrez zirkulazioan ezartzen denean ematen diren ondorioak antzekoak dira. Mota honetako dirua, jaulki den herrialdera mugatuko da, beste inora ez: ezin daiteke beste herrialdeetara orokorki hedatu, nahiz eta ugariegia izan. Zirkulazio-maila suntsituta geratuko da, eta ganbioa derrigorrez kaltegarria izango da diru-kopuru handiegia zirkulatzen dueneko herrialdearentzat: ondorio berberak izango lirateke zirkulazio metalikoa indargetu edo ihesgaitzeko legeen bidez herrialdetik irtetzeke geratuko balitz, nahiz eta merkataritzaren korronteak diru metaliko hori beste herrialdeetarantz bultzatu.
Herrialde bakoitzak zehazki behar duen diru-kantitatea duenean, diru honek ez du balio berdina izango beste herrialdeetan, zeren eta merkantzia askotan ehuneko 5, 10 edo 20ko aldeak egon badaitezke ere, ganbioa parean egongo da. Ehun liberek Ingalaterran, edo 100£k daukaten zilarrak, 100£ko letra edo zilar-kantitate berdina erosiko du Frantzian, Espainian edo Holandan.
Herrialde ezberdinetan diruaren balio konparatiboaz eta ganbioaz mintzatzerakoan, ezin gaitezke, inola ere, diruaren balioaz aritu, herrialde batean edo bestean merkantziatan zenbatesten bada ere. Diruaren balio erlatiboa labore, ehun edo beste edozein merkantziatan neurtzen bada, ez da inoiz ganbioa jakiten, bai ordea herrialde bateko moneta bestekoekin zenbatesten denean.
Bi herrialdetako moneten aldaketa nolakoa den jakiteko, neurri amankomuna duten merkantziak erabil daitezke. Ingalaterraren gain ipini den 100£ko letra batekin lortzen den merkantzi kopurua, Frantzian edo Espainian Hanburgoren gain ezarri den 100£ko letrarekin erdiesten den adinakoa bada, orduan, Hanburgo eta Ingalaterraren arteko ganbioa parean egongo da; baina Ingalaterraren gaineko 130£ko letra batekin Hanburgoren gain dagoen 100£koarekin lortu daitekeen merkantzi kopurua baino gehiago erdiesten ez bada, ganbioa, ehuneko 30ean, Ingalaterraren aurka egongo da.
Demagun Ingalaterran 100£gatik letra bat eros daitekeela, edota Holandan 101£ eskuratzeko eskubidea, Frantzian 102£, eta Espainian 105£. Kasu honetan, Ingalaterrarekiko ganbioa ehuneko 1ean Holandaren aurkakoa da, ehuneko 2an Frantziaren aurkakoa eta ehuneko 5ean Espainiaren aurkakoa. Honek adierazten digu diru-maila izan behar lukeena baino garaiagoa dela herrialde horietan, eta diru horien eta Ingalaterrakoaren balio konparatiboak berehala parera etorriko lirateke, herrialde horietakoa gutxituta edo Ingalaterrakoa gehituta.
Azken hamarkadan, ganbioa herrialde honen aurka ehuneko 20tik ehuneko 30era igaro zenean, gure dirua desbalioztatua izan zela esaten zutenek ez dute inoiz sostengatu, uste izan den bezala, dirua ez zela, merkantzia batzuekin alderatuta, herrialde batean bestean baino baliagarriagoa izango; sostengatzen zuten gauza bakarra zen, Ingalaterran 130£ ezin zitezkeela desbalioztatu gabe geratu, 100£ko metalak -Hanburgo edo Holandako dirutan zenbatetsita- izan zezakeena baino balio handiagorik ez zuenean.
Ingalaterratik Hanburgora 130£ igortzen badira, 5£ko gastua egin behar izan ondoren, han 125£ izango nituzke; beraz, zergatik eman beharko nituzke 130£ Hanburgon 100£ balio duen letra baten truke, nire libera esterlinak txarrak ez badira? Hauek hondatuak zeuden, beren benetako balioari dagokionez degradatuak, Hanburgoko libera esterlinen balioarekin erkatuta; beraz, Hanburgora igortzen baditut, 5£ko gastuak ordainduta, han 100£n salduko lirateke. Metalezko libera esterlinekin ez zait ukatzen nire 130£rekin Hanburgon 125£ lortuko ditudala; baina paperezko libera esterlinekin, 100£ besterik ezin ditzaket erdiets; eta oraindik defenditu izan da paperezko 130£k, zilar edo urrezko 130£ren balio berdina duela.
Beste batzuek, zentzudunagoek, paperezko 130£k eta metalezko (urre edo zilar) 130£k balio berdina zutela baieztatzen zuten; baina hauek ziotenez, metalezko dirua zen balioa aldatu zuena eta inola ere ez paperezko dirua. Desbalioztapen hitzaren adierazpena eta edukina balio efektiboaren beherakadara mugatu nahi zuten, eta ez diferentzia konparatibo batera, hain zuzen, dirua eta hau legalki neurtzen duen tresnak duen balioaren artekora. Lehen 100£ ingeles diruak, Hanburgon 100£ko moneta eros zezakeen eta honen balioa honakoa zen: beste edozein herrialdetan, Ingalaterraren zein Hanburgoren gaineko 100£rekin merkantzi kopuru berdina eros zitekeen. Geroago gauza berdinak erosteko, diru ingelesean 130£ eman behar zituen, Hanburgok bere 100£rekin lortzen zituen bitartean. Ingeles diruak lehengo balio berdina mantentzen bazuen, begi-bistakoa da Hanburgokoarena igo zela. Baina, non dago honen froga? Nola jakingo dugu diru ingelesa erori den edo Hanburgokoa izan dela igo dena? Ez dago hori neurtzeko tresnarik. Frogarik onartzen ez duen argudioa da, eta ezin daiteke baiezta, ezta ezezta ere. Munduko nazioek aspaldidanik jakin beharko lukete naturan ez dagoela balioa neurtzeko tresna estandarrik, erratzeke erreferentzia gisa erabiltzeko modukoa; eta beraz, merkantzia guztien artean, aldagaitzena iruditu zitzaien neurria hartu zuten.
Neurri horretara doitu behar dugu, legea aldatzen ez den bitartean, eta beste merkantzia erosoago eta hobea aurkitzen ez dugun bitartean, berauen bidez neurketa zehatzagoa egin dezagun. Herrialde honetako patroi hori urrea den bitartean, libera esterlina batek 5 dwts*. eta 3 gramo urre estandarren balioa ez duenean, diruak balioa galduko du, eta hori urrea jaitsi edo igotzen denean gertatuko da.
VIII. Kapitulua
Zergez
Zergak, lurrak eta lanak sortutako ekoizpenaren zatiak dira, gobernuaren eskuetan uzten direnak hain zuzen; zergak, beti eta azken batean, kapitaletik edo herrialdearen beste sarreretatik ordaintzen dira.
Jadanik esan dugu herrialde baten kapitala finkoa zein zirkulatzailea izan daitekeela: bere iraupena luzea bada finkoa, eta zirkulatzailea, gutxi irauten badu. Izan ere, oso zaila da bereiztea non hasten den kapital finkoa edo non amaitzen den kapital zirkulatzailea, kapitalaren iraupenean neurtezinezko graduak baitaude. Herrialde bateko elikagaiak urtean behin kontsumitu eta berrekoizten dira gutxienez; langilearen arropa, ziurrenik, ez da denboraldi honetan kontsumitzen, eta berrekoizteko bi urte behar ditu; bien bitartean, bere etxebizitzak eta altzariek, hamarretik hogei urtera bitartean irauten dutela kontsideratzen da.
Herrialde batean urteko ekoizpena urteko kontsumoaren gainetik badago, herrialde horretako kapitala inkrementatu egin dela esaten da; urteko kontsumoak denboraldi bereko ekoizpena gainditzen badu, orduan, kapitala urritu egin dela esaten da. Beraz, kapitala ekoizpena handitu delako gehi daiteke, edo kontsumo ez-produktiboa gutxitu delako.
Gobernuaren kontsumoari zerga gehigarriak kobratuta erantzuten bazaio eta honen ondorioz populazioak sortutako ekoizpena gehitzen bada edo bere kontsumoa gutxitu, orduan, zergak sarreren gainean ipiniko dira eta nazio-kapitala aldatzeke geratuko da; baina, herriaren aldetik ekoizpen-gehikuntzarik edo kontsumo ez-produktiboa urritzerik ez badago, zergak kapitalaren gain ipiniko dira nahitaez, hots, kontsumo produktibora zuzendutako fondoak kaltetuko dira1.
Herrialdeko kapitala gutxitzen den proportzioan ekoizpena ere, derrigorrez, gutxitu egingo da; beraz, herriak edo gobernuak gastu ez-produktiboa egiten jarraitzen badu, urteroko ekoizpena etengabe gutxituko da, herri eta estatuaren baliabideak fite urrituko dira, eta ondorioz, miseria eta hondamendia berehala etorriko dira.
Azken hogei urte hauetako gobernu ingelesak gastu handiak egin dituen arren, herriaren ekoizpenaren gehikuntzarekin aisa konpentsatuko direnaren zalantza gutxi dago. Nazio-kapitala ez da inola ere gutxituta geratu; anitz gehitu da, eta herriaren urteroko sarrerak, bere zergak ordainduta ere, ziurrenik, garaiagoak dira gaur egun, geure historiaren edozein garaitan baino.
Aurreko hau frogatzeko, erreferentzia gisa har genitzake populazioaren gehikuntza, nekazaritzaren garapena, itsasgarraio eta ekoizpenaren aurrerakuntza, kaien eraikuntza, ubide ugarien irekiera, baita beste lan garesti ugarien egintza ere; honek guztiak kapital eta urteko ekoizpenaren hazkundea uzten du agerian.
Zergapetze hori gabe kapital-hazkuntza oraindik ere handiagoa izango zenaren zalantzarik ez dago. Metaketa-ahalmena gutxitzen ez duen zergarik ez dago. Zerga guztiak kapital edo sarreren gain ipintzen dira. Zergak kapitalaren gain ipintzen badira, derrigorrez, produkzio-industria erregulatuko duen fondoa gutxitu egingo da; jakina, fondo honek, hein batean produkzio-industriako kapitala erregulatuko du; sarreren gain ipintzen bada zerga, orduan, metaketa urrituko da edo zergaburuek ordaindu behar duten zerga-kopurua aurrera dezaten babestu, bizitzeko lehen mailako premiazko eta luxuzko kontsumo ez-produktiboak murriztuz. Zerga batzuek beste batzuek baino maila handiagoko ondorio nabariagoak sortuko dituzte; baina zergapetzearen kalte handiena ez dago bere objektuaren hautaketan, kolektiboki konputatutako ondorio orokorrean baizik.
Zergak ez dira derrigorrez kapitalaren gain ipintzen direnak, nahiz horren gain erori; ezta ere sarreren gain ipinitakoak, nahiz hauen gain ezarri. Nire urteko errenta 1.000£koa bada eta hauetatik 100£ zerga moduan ordaindu behar baditut, hori, zalantzarik gabe, nire errentaren gaineko benetako zerga izango da, gainontzeko 900£ gastatuta konformatzen banaiz behintzat; baina kapitalaren gaineko zerga izango da 1.000£ gastatzen jarraitzen badut. Nire 1.000£ko sarrerak sortzen duen kapitala 10.000£koa izan daiteke; kapital honen gainean ezartzen den ehuneko bateko zerga-tasak 100£ suposatuko luke; baina nire kapitalak berdina izaten jarraituko luke zerga hau ordaindu ostean, ni urtean 900£ gastatuz konformatuko banintz.
Pertsona batek bere bizi-mailari eta bere aberastasun-mailari eusteko, behin erdietsitakoaren gradu garaienean mantentzeko gogoa du eta honek zerga gehienak, kapitalaren gainekoak zein sarreren gainekoak, sarreren gainetik ordaintzera behartzen du; beraz, tributazioa handitu edo gobernuak bere gastuak gehitu ahala, biztanleen urteko asekuntzak urritu egingo dira, beren kapitalak eta sarrerak proportzionalki handitzen ez badira behintzat. Gobernuaren politikak aipatutako eginkizun horiek bultzatzea izan beharko luke, eta inola ere ez kapitalaren gaineko zergak sortzea; honela eginez gero, langile-klasea sostengatzeko fondoak urritu egingo dira, eta ondorioz, herrialdearen geroko ekoizpena murriztu egingo da.
Ingalaterran honelako joerarik ez da egon oinordetzari, legatuei eta beste zenbait gairi buruzko zergak sortu direnean. 1.000£ko legatu bat 100£ko zerga bati lotzen bazaio, legatu-hartzaileak 900£ko balioa eskuratzen duela kontsideratuko da eta ez du inolako sentimendurik izango bere gastuetatik zerga gisa ordaintzen duen 100£ko kopuru hori aurreratzeko, eta beraz, herrialdeko kapitala gutxituta geratuko da; baina berak benetan 1.000£ hartu baditu eta errentaren, ardoaren, zaldien, edo morroien gaineko zerga gisa 100£ ordaindu beharrean egongo balitz, ziurrenik, bere gastuak gutxituko lituzke, edo gehienez, ez lituzke inkrementatuko aipatu kopuru horretan, eta herrialdeko kapitala ez litzateke kaltetuta geratuko.
"Transferentziaren gaineko zerga, jabetza hildakoengandik bizidunengana igarotzen denean", Adam Smithek dioenez, "azken finean, berehala gainera, jabetza eskuratzen duen pertsonaren gain erortzen da. Lur-salmentaren gaineko zerga saltzailearen gain erortzen da guztiz. Saltzailea, beti, saldu beharrean aurkitzen da, eta ondorioz, baita eskura dezakeen prezioa onartu beharrean ere. Eroslea, bestalde, normalki ez da erosteko premian egoten, eta horregatik, berari komeni zaion prezioa besterik ez du emango. Lursaila kostatuko zaiona kontsideratzen du, zerga barne. Zenbat eta gehiago eman behar zerga ordaintzeko, orduan eta gutxiago emateko prest egongo da prezio moduan. Honelako zergak, ondorioz, beharrean dagoen pertsonaren gain erortzen dira, eta horregatik, oso krudelak eta zapaltzaileak izan behar dute. Tinbre-eskubideak eta bono-erregistro eta mailegu-kontratuen gaineko eskubideak, beti mailegu-hartzailearen gain erortzen dira, eta errealitatean honek ordaintzen ditu. Epaitegi-prozeduren gaineko eskubideak hartzailearen gain erortzen dira. Epaian dagoen balio kapitala bientzat urritzen da. Zenbat eta gehiago kostatu jabetza eskuratzea, orduan eta balio garbi txikiagoa izango du eskuratu ostean. Jabetza-transmisioei buruzko zerga guztiek, edozein izanda ere, jabetza baten balio kapitala gutxitzen duten heinean, lana mantentzeko erabiltzen diren fondoak ere urritu egiten dituzte. Zerga guztiak, gutxi gora-behera, ekonomiaren aurkakoak dira, baina Errege errentak inkrementatzen dituzte; errenta hauek, enplegu ez-produktiboak mantentzeko izaten dira, soilik langile ekoizkorrak mantentzen dituen herriaren kapitalaren kontura egindakoak, hain zuzen".
Baina hau ez da jabetza-transmisioei buruzko zergei egiten zaien objekzio bakarra; zerga honek, gainera, komunitatearentzat nazio-kapitalaren banaketa egokiena egitea eragozten du. Oparotasun orokorrerako, jabetza-mota guztien garraio eta elkarganbioentzat erraztasun gehiegi ezin daiteke egon, zeren eta era honek kapitala herrialdearen ekoizpena ahal den egokien haziko duten eskuetara irits dadin posible egiten baitu. "Zergatik nahi du pertsona batek lursail bat saldu?" galdetzen du Say jaunak. "Hau honela da lurra saltzeak beste enplegu bat eman diezaiokeelako, eskuratutako fondo horiek era ekoizkorragoan erabiliko baititu. Zergatik nahi du beste pertsona batek lursail hori erosi? Hau honela da bere kapitalak etekin txikia ematen diolako, enplegatzeke dagoelako, edo pentsatzen duelako honela erabilita bere mozkinak hobetu egingo direla. Elkarganbio honek herrialdeko errenta orokorra handitu egingo du, bi interesatuena ere handitu egingo baita. Baina, zergak hain handiak badira, elkarganbioak eragotzi artekoak, orduan, errenta orokorraren hazkundearentzat oztopo bihurtuko dira". Hala ere, zerga hauek biltzeko arrunt errazak dira, eta askok pentsa dezakete erraztasunek ondorio kaltegarri hauek konpentsatuko dituztela.
IX. Kapitulua
Lehengaiei buruzko zergak
Lan honen lehenengo zatian prezioa erregulatzeko printzipioa behar bezala argituta geratu dela uste dut. Printzipio honen arabera, errenta ordaintzen ez den lurrean laborearen prezioa bere ekoizpen-kostuak erregulatzen du, hots, laborea, errenta sortzen ez duen kapitalarekin ekoiztuko da, eta hemendik ondoriozta dezakegu ekoizpen-kostua gehi lezakeen edozein faktorek prezioa igoarazi egingo duela; eta alderantziz, ekoizpen-kostua gutxi lezakeen edozeinek, prezioa jaitsarazi egingo du. Lur txarragoak landu beharrak, edo jadanik lantzen den lurreko kapitalari kapital gehigarria erantsita etekin apalagoak erdietsi beharrak, derrigorrez, lehengaien ganbio-balioa igoaraziko du. Makineri aurkikuntzak nekazariaren laborea ekoizpen-kostu apalagoan lortzeko aukera ematen du beti, eta ondorioz bere ganbio-balioa gutxitu egingo da. Nekazariari ipinitako edozein zergak, edozein izanda zerga horrek hartzen duen era, hots, lurraren gainekoa, ditximaren (hamarren), edo lortutako ekoizpenaren gainekoa izan, beti, ekoizpen-kostua gehituko du, eta beraz, lehengaien prezioa igoaraziko du.
Lehengaien prezioa nekazariak ordaindu duen zerga konpentsatzeko adina igoko ez balitz, bere irabazi-maila irabazi-maila orokorraren azpitik egongo litzateke, eta beraz, nekazariak bere jarduerari utziko lioke; honek eskaintza urrituko luke, doitzeko dagoen eskariak lehengaien prezioa igo arte; behin prezioa igoz gero, ekoizpen-adar honetako inbertsioak, beste edozein jardueratakoak bezain errentagarri bihurtuko dira, eta beraz, irabaziak emango ditu.
Prezio-igoera litzateke, hain zuzen, ohiko mozkin orokorrak erdiesteari utzi gabe, zergak ordaintzeko aukera emango liokeen era bakarra. Ezin izango lituzke zergak bere errentatik kendu eta bere jabeari ordainarazi, honek errentarik ez baitu ordaintzen. Ez lituzke bere irabazietatik kenduko, kapital hori irabazi apalagoak dauden enpleguetan egoteak ez baitu zentzurik, gainontzeko guztiek irabazi handiagoak dituztenean. Zalantzarik gabe, lehengaien prezioa, zerga igo den neurri berdinean igoko litzateke, nekazariak igotzeko ahalmen eta eskubide hori izanik, ez baitago arrazoirik bestela jokatzeko.
Lehengaiei buruzko zerga ez luke inoiz lurjabeak ordainduko; ezta nekazariak ere; azken finean kontsumitzaileak ordainduko luke, honentzat prezioa gehituta geratuko bailitzateke.
Gogora dezagun lurraren errenta, kalitate berdineko edo desberdinetako lursailetan enplegatutako lan eta kapital-zati berdinekin erdietsitako ekoizpenen arteko aldea dela. Oroi gaitezen ere, lurraren diruzko errenta eta laborezkoa proportzio berdinean aldatzen ez direnaz.
Lehengai edo lurraren gaineko zergaren kasuan, edo hamarrenekoan, lurraren laborezko errenta aldatu egingo da eta diruzko errenta lehen bezala mantendu.
Lehen suposatu dugunez, landutako lurra hiru kalitatekoa balitz eta kapital-kopuru berdinarekin erdietsiko balira
180 laurden labore 1 zenbakiko lursailetik
170 laurden labore 2 zenbakiko lursailetik
160 laurden labore 3 zenbakiko lursailetik
1 zenbakikoaren errenta 20 laurdenekoa izango litzateke, hau da, 3 zenb. eta 1 zenb.koen arteko aldea; eta 2 zenb.koa 10 laurdenekoa izango litzateke, hau da, 3 zenb. eta 2 zenb.koen arteko aldea; bien bitartean, 3 zenb.koak ez luke inolako errentarik ordainduko.
Labore laurdenaren prezioa 4£koa izango balitz, 1 zenb.aren errenta 80£koa izango litzateke, eta 2 zenb.koarena, 40£koa.
Demagun labore laurden bakoitzaren gainean 8s.ko zerga ezartzen dela; orduan, labore laurdenaren prezioa 4£ 8s.ra igoko litzateke; eta lurjabeek lehen lortzen zuten laborezko errenta berdina badute, 1 zenb.ko lursailaren errenta 88£ izango litzateke eta 2 zenb.koarena 44£. Baina beraiek ez lukete lortuko errenta berdina; zerga astunagoa izango litzateke 1 zenb.an 2 zenb.an baino, eta 2 zenb.an 3 zenb.an baino, labore-kopuru handiagoaren gain kargatuko litzatekeelako. 3 zenb.ko lursailean ekoizteko dauden zailtasunak erregulatzen du prezioa; eta laborea 4£ 8s.ra igotzen da 3 zenb.ko lursailean enplegatutako kapitalaren irabaziak kapital orokorraren irabazien maila berdinean egon daitezen.
Hiru lursailetako ekoizkin eta zergak ondokoak izango dira:
1 zenb.an, 180 laurdeneko ekoizkina, 4£ 8s.laurdeneko 792£
16,3ren balioa kenduz, hau da, 8s. laurdeneko, 180ren gain 72
Ekoizkin netoa: 163,7 laurden Ekoizkin netoa dirutan 720£
2 zenb.an, 170 laurdeneko ekoizkina, 4£ 8s. laurdeneko 748£
15,4ren balioa kenduz, hau da, 8s. laurdeneko, 170en gain 68
Ekoizkin netoa: 154,6 laurden Ekoizkin netoa dirutan 680£
3 zenb.an, 160 laurdeneko ekoizkina, 4£ 8s. laurdeneko 700£
14,5en balio kenduz, hau da, 8s. laurdeneko, 160ren gain 64
Ekoizkin netoa: 145,5 laurden Ekoizkin netoa dirutan 640£
1 zenb.ko lursailaren errentak dirutan 80£ izaten jarraituko luke, edo 720£ eta 640£ren arteko aldea; eta 2 zenb.koarena 40£, edo 680£ eta 640£ren arteko aldea, zehatz-mehatz, lehen bezala; baina 1 zenb.aren laborezko errenta 20 laurdenetik 18,2 laurdenera jaitsiko da, hau da, 163,7 laurden eta 145,5 laurdenaren arteko aldea, eta gauza bera gertatuko da 2 zenb.ko lursailean, non laborezko errentan neurtuta 10 laurdenetik 9,1 laurdenera jaitsiko den, edo bestela esanda, 154,6 laurden eta 145,5 laurdenaren arteko aldea.
Laborearen gainean zerga ezartzen denean, berez, kontsumitzailearen gain ezartzen da eta gainontzeko merkantziekin alderatzerakoan, balioa zergaren gradu berdinean igoarazten du. Garia beste merkantzia baten osagai gisa sartzen denean, merkantzia honen balioak gora egingo du, hau eragozteko beste arrazoirik ez badago behintzat. Merkantzia hau zeharka zergatuta geratuko da eta bere balioa zergaren proportzioan igoko litzateke.
Zerga bat lehengaien gain edo langilearen oinarrizko ondasunen gain ezarriz gero, honek alokairuak igoko lituzke. Populazioaren printzipioak gizateriaren hazkundean duen eragina dela eta, alokairu apalenak ere ez dira inoiz langileek bizirauteko ohituraz eta naturaz behar duten gutxienekoa baino askoz altuagoak izaten. Klase hau, bestalde, ez da inoiz ere zerga kontsideragarriak jasateko gauza izaten, eta ondorioz, beraiek laurden gari bakoitzeko, gehigarri gisa, 8s. ordaindu behar badute, hala nola proportzio txikiagoan beste oinarrizko ondasunengatik ere, orduan, langileak, lehengo alokairu berdinarekin ez dira gai izango bizirauteko eta beren arrazari eutsi ahal izateko. Beraz, alokairuak halabeharrez eta derrigorrez igoko lirateke; eta alokairuak igo ahala, irabaziak eroriko lirateke. Gobernuak herrialdean kontsumitzen den labore laurden bakoitzeko 8s. bilduko lituzke, eta bildutako honen zati bat labore-kontsumitzaileek, zuzenean, ordainduko lukete; beste zatia, lana enplegatzen dutenek ordainduko lukete zeharka eta lanaren eskari-inkrementuak, eskaintzarekin alderatuta, irabaziak apaltzen dituen moduan, -alokairuak altxa edo zailtasunak handitu direlako langileek elikagaiak eta oinarrizko ondasunak erdiets ditzaten-, zergak ere era berean eragingo du irabazietan.
Zergak kontsumitzaileei eraginez gero, guztientzako berdina izango litzateke, baina irabaziei eragingo balie, orduan, zerga partziala izango litzateke; zerga honek ez lieke eragingo ez lurjabeari, ezta kapitalistari ere, zeren eta lehenengoak diruzko errenta berdina jasotzen jarraituko bailuke, eta bigarrenak, lehen bezala, dibidendu berdinak. Beraz, lurraren ekoizpenaren gaineko zerga batek ondorengo eragina izango luke:
1. Zergaren kopuru berdinean igoko luke lehengaien prezioa, eta ondorioz, kontsumitzaile bakoitzak jasango luke norberak kontsumitzen duenaren proportzioan.
2. Honek alokairuak igoaraziko lituzke eta irabaziak jaitsarazi.
Beraz, zerga horri ondorengoa egotz dakioke:
1. Alokairuak igoarazi eta irabaziak jaitsarazi egiten dituenez, zerga desberdina dela, zeren eta nekazari, merkatari, eta ekoizlearen errentei eragiten baitie lurjabe, akziodun eta errenta finkoak gozatzen dituztenen errentak zergatzeke uzten dituen bitartean.
2. Denbora-tarte handia egongo litzatekeela laborearen prezio-igoera eta alokairuen igoeraren artean, eta denboraldi honetan, langileak miseria handia pairatuko lukeela.
3. Alokairuen igoerak eta irabazien jaitsierak kapital-metaketa makaltzen dutela, eta lurraren txirotasun naturalaren antzera eragiten dutela.
4. Lehengaien prezio-igoerak lehengai hori sartzen den merkantzia guztien prezioak igoko lituzkeela, eta beraz, merkatu orokorrean guk ezin genezakeela atzerritar ekoizlearekin konkurritu.
Lehenengo objekzioari, hau da, alokairuen igoerak eta irabazien jaitsierak nekazari, merkatari eta ekoizlearen errentei modu desberdinez eragitearen ondorioz, lurjabe, akziodun eta errenta finkoak aldatzeke uzten dituenari buruz, horri honela erantzun dakioke: batzuen errentak zergatzeke uzten baditu eta zergaren eragina desberdina bada, legegileari dagokio denentzat zerga berdina arautzea, lurraren errenta eta kapitalaren dibidenduak zergapetuak gera daitezen. Honela eginez, errentaren zergak dituen helburu guztiak lortuko lirateke gizon bakoitzaren negozioetan neurri itogarriak eta gorrotagarriak hartzeke, eta herrialde libre baten sentimendu eta ohiturentzat nazkagarriak diren eskuduntzak indarrean ipintzeke.
Bigarren objekzioari dagokionez, hau da, laborearen prezio-igoera eta alokairuen igoeraren arteko denbora-tartea handia litzatekeela eta bitarte honetan beheko klaseek miseria handia pairatuko luketenari buruz, nire erantzuna hauxe da: Egoera desberdinetan alokairuek lehengaiaren prezioari abiada-gradu desberdinez jarraitzen diote; eta zenbait kasutan, laborearen igoerak ez du inolako ondoriorik sortzen alokairuetan; beste batzuetan, alokairuen igoera laborearen prezioaren igoeraren aurretik ematen da; eta beste zenbaitetan, alokairuen gainean ematen den ondorioa astiro gauzatzen da, eta azkar besteetan.
Eskulanaren prezioa oinarrizko ondasunen prezioak erregulatzen duela diotenek, kontuan hartuz gizartearen aurrerapen-egoera berezia, badirudi erraztasun handiegiarekin azpimarratu izan dutela oinarrizko ondasunen prezioaren igoerari edo jaitsierari alokairuen igoerak edo jaitsierak askoz beranduago jarraituko diola. Oinarrizko ondasunen prezio garaia hainbat arrazoik sor dezakete, eta ondorioz, guztiz efektu desberdinak ager daitezke. Arrazoi hauek ondokoen ondorioz izan daitezke:
1. Eskaintza desegokia.
2. Mailaka inkrementatutako eskaria, zein, epe luzean, ekoizpen kostuen inkrementuekin batera gerta daitekeen.
3. Diruaren baliogaltzea.
4. Oinarrizko ondasunen gaineko zergak.
Oinarrizko ondasunen prezio garaiek alokairuen gain duten eragina aztertu dutenek lau arrazoi hauek ez dituzte aintzakotzat hartu, ez bereizi, ezta nabarmendu ere. Guk, aldiz, zuhurtasunez aztertuko ditugu, bata bestearen jarraian.
Uzta txarrak oinarrizko ondasunen prezioa igoaraziko du, eta prezio-igoera hau da kontsumoa eskaintzari doitzera behartzeko bide bakarra. Labore-erosle guztiak aberatsak balira, prezioa edozein mailatara igo liteke, baina emaitza berdina izango litzateke; prezioa, hain garaia izango litzatekeenez, azkenean aberatsen arteko txiroenak ere behartuta egongo lirateke lehen normalki kontsumitzen zutenaren zati bat kontsumotik murriztera; izan ere, kontsumoa urrituz bakarrik egin dezake behera eskariak, eskaintzak ipinitako mugetaraino. Honelako egoeretan, egin daitekeen politikarik zentzugabeena, diruzko alokairuak, elikagaien prezioen bidez, derrigorrez erregulatzea da, sarritan egin izan den bezala txiro-legeen erabilpen okerrarekin. Honelako neurriak ez dio inola ere langileari laguntzen beronen ondorioz laborearen prezioa, oraindik, gehiago igoko delako eta, azken finean, eskaintza mugatuta dagoen proportzioan egongo da bera behartuta kontsumoa mugatzera. Gauzen jarduera naturalaren arabera, uzta eskasa izateagatik eskaintza urritzen bada, beste eragileen eskuhartze kaltegarririk gabe, alokairuen igoerak ez lioke jarraitu behar eskaintza berri honi. Alokairuen igoera hau, langilearentzat nominal hutsa da; labore-merkatuetan konkurrentzia bizkortu egiten du honelako igoerak, eta bere azken ondorioa merkatari eta nekazarien laborezko irabaziak igotzea da. Alokairuak, benetan, eskaintza eta oinarrizko ondasunen eskariaren arteko proportzioak erregulatzen ditu; eta dirua, alokairuak adierazteko neurria edo bitartekoa da, besterik ez. Kasu honetan, beraz, langilearen miseria ekidinezinekoa da eta ez dago egoera hori konponduko duen legeriarik, elikagai gehigarriak inportatu, edo ondasun horien ordezko egokienak erabiltzen ez badira behintzat.
Laborearen prezio garaia eskaria handitzearen ondorio denean, beti, alokairuen igoerak aurre hartu diolako izaten da, zeren eta eskaria ezin baitaiteke inkrementatu herriak nahi duena eskatu ahal izateko aurretik nahiko baliabiderik ez badu. Kapital-metaketak lan-enplegatzaileen lehiaketa inkrementatzen du, eta ondorioz, alokairuak igotzen dira. Gehitutako alokairuak ez dira beti berehala gastatzen elikagaiak eskuratu ahal izateko, hasiera batean langilearen beste gozamen batzuk asetzeko ere izaten baitira. Egoera hobeak ezkontzera bultzatzen du, eta orduan, elikagai gehiago eskatuko du, bere familia mantendu beharrean egongo baita, eta beraz, lehen gozamenerako erabiltzen zuen zatia, gerora, elikagaiek garrantzi handiagoa hartuko dutenez, alokairuak horretara bideratuko dira. Laborearen prezioa bere eskaria handitzen delako igotzen da, gizartean pertsona gehiago dagoelako beren ordainbide hobetuak labore honen truke erabiltzeko; eta nekazariaren irabaziak maila orokorraren gainetik igoko dira, beharrezko kapital-kantitatea ekoizpen honetan enplegatu arte. Nolanahi ere, hau gertatu ostean, laborea berriz ere lehengo preziora jaitsiko da ala iraunkorki garaia izaten jarraituko du, baina bata zein bestea eskaintzarako kantitate gehigarria sortu den lurraren kalitatearen menpe egongo da. Kantitate gehigarri hori, eskulanaren prezioa handitzeke, lehen lantzen ziren lurren emankortasun berdineko eremuetatik erdiesten bada, orduan prezioa aurreko egoerara jaitsiko da; lur txiroagoetatik erdiesten bada ordea, prezioak iraunkorki garaia izaten jarraituko du. Alokairu garaiak, lehen kasuan, eskulanaren eskaria handitzearen ondorio ziren: honek ezkontzak sustatu zituenez eta haurrak mantentzeko adinekoa zenez, eskulanaren eskaintza gehitu zuen. Baina eskaintza egoera horretara heltzen denean, alokairuak betiko preziora jaitsiko dira, laborea ere bere betiko preziora jaitsi bada behintzat; betiko prezioa baino altuago izango da laborearen eskaintza gehigarria kalitate apalagoko lurrean ekoiztu bada. Prezio garaia ez da, inola ere, eskaintza ugariarekiko bateraezina: prezioa iraunkorki garaia da, ez kantitate eskasa delako, bere ekoizpen-kostua inkrementatu delako baizik. Hori orokorki honela gertatzen da populazioari adorea ematen zaionean, eta ondorioz, kausak eskatzen zuen baino efektu handiagoa sortzen duenean; izan liteke, eta orokorrean honela izaten da, populazioa hainbeste handitzen dela eta, nahiz eskulan eskaria inkrementatu, handitu egiten dela eskulan horrek langileen biziraupenerako esleituta dauden fondoekiko duen erlazioa, hain zuzen, kapitala handitu baino lehenago zuen proportzioarekin erkatuta. Kasu honetan, erreakzioa egongo da, alokairuak beren maila naturaletik behera egongo dira eta honela jarraituko dute eskari eta eskaintzaren arteko ohiko proportziora iritsi arte. Ondorioz, laborearen prezio-igoeraren aurretik alokairuen igoera dago, eta haatik, ez du langilearen miseria eragingo.
Diruaren balioa, metal preziatuen sarrera izan delako edo bankaren pribilegioen gehiegikeria delako jaisten bada, elikagaien prezio-igoeraren beste arrazoia izango da; baina ez du ekoiztutako kopurua aldatuko. Langileen kopurua ere aldatzeke utziko du, berauen eskaria aldatzeke uzten duen moduan, kapitalaren inkrementurik ez baita ematen, ezta murrizketarik ere. Langileari banatzen zaion oinarrizko ondasunen kantitatea, ondasun horien eskari eta eskaintzaren menpe dago, eskulanaren eskari eta eskaintzarekin alderatuta; dirua, azken finean, bitartekaria besterik ez da, hain zuzen, horren kantitatea adierazten duena; eta horietako ezer aldatzen ez denez, langilearen sari erreala ere ez da aldatuko. Diruzko alokairuak dirutan igo egingo dira, baina langileak, bakarrik lehen eskuratzen zuen oinarrizko ondasun-kopuru berdina lortu ahal izango du. Printzipio hau eztabaidatzen dutenak behartuta daude erakustera zergatik diru-gehiketak ez lukeen prezio igoerarik sortu behar, lan-kantitate hori gehitzen ez bada, eta horiek badakite oinetako, kapela eta laborearen prezioek gora egiten dutela merkantzia hauen kopurua ez bada inkrementatzen. Kapela eta oinetakoen merkatu-balio erlatiboa, kapel eskari eta eskaintzak erregulatzen du, oinetakoen eskari eta eskaintzarekin alderatuta, eta dirua bitarteko lanabesa besterik ez da, hain zuzen, balioa adierazten duena. Oinetakoen prezioa bikoizten bada, kapelena ere bikoiztu egingo da, eta balio konparatibo edo erlatibo berdina gordeko du. Horregatik, laborea eta langilearen gainontzeko oinarrizko ondasunen prezioa bikoizten bada, lanaren prezioa ere bikoiztu egingo da; oinarrizko ondasunen eta eskulanaren ohiko eskariak eta eskaintzak etenik ez duten bitartean, ez dago hauen guztien balio erlatiboa ez gordetzeko arrazoirik.
Nahiz diru-balioaren jaitsierak eta lehengaiei buruzko zergak, biek prezioak jaitsarazi, ez batak ez besteak ez du eraginik izango lehengaien ekoizpen-kantitatean, edo erosteko gai eta kontsumitzeko prest daudenen artean. Horren zergatia azaltzen erraza da: Herrialde bateko kapitala irregularki gehitzen denean, zer dela eta igo behar dute alokairuek, baldin eta laborearen prezioa egonkor mantendu edo proportzio apalagoan igotzen bada? Eta zergatik herrialdeko kapitala gutxitzen denean egin behar dute behera alokairuek, laborea egonkor mantendu edo proportzio askoz txikiagoan erortzen bada? Honen arrazoia, lana merkantzia berezia izatean datza, bakoitzaren borondatearen arabera gehitu ala gutxitu ezin izatean hain zuzen. Merkatuko eskariarentzat kapela gutxiegi baldin badago, prezioa igo egingo da, baina egoera honek denbora gutxi iraungo du, urte betean kapital gehiago enplegatuz industria honetan kapel kantitatea gehi baitaiteke, eta ondorioz, merkatu-prezioa ezingo baita prezio naturalaren gainetik luzean geratu; baina hori ez da horrela gertatzen gizakiekin: kapitala gehitu dela eta, ezin daiteke gizaki-kopurua urte betez edo bi urtez inkrementatu, ezta berehala gutxitu ere, kapitala murriztearen zioz; eta beraz, langile-kopurua astiro gehitu edo gutxitzen bada, beren mantenurako fondoak fite gehitu edo gutxitzen diren bitartean, denbora nahikoa egon behar du labore eta oinarrizko ondasunen prezioak lanaren prezioa zehazki erregulatu aurretik; baina diruaren balio-erorketaren kasuan edo laborearen gaineko zergaren kasuan, ez du zertan lan-eskaintzaren soberakinik edota eskari murrizketarik ere egon behar, eta beraz, ez dago inolako arrazoirik langileen errenta erreala murriztu behar izateko.
Laborearen gaineko zergak ez du derrigorrez labore-kantitatea urritzen, baina bere prezioa igotzen du; eskulan-eskaintzaren beherakadarekin alderatuta ez da eskulan-eskaria urritzen: zergatik, orduan, urritu beharko luke langileari ordaindutako zatiak? Demagun hori horrela dela, eta beraz, langileari ematen zaion kantitatea murrizten dela; bestela esanda, zergak langileak jaten duen laborearen prezioa igoarazi duen proportzio berdinean igoko ez balira langilearen diru-alokairuak, ez al luke labore-eskaintzak eskaria gaindituko?, ez al luke, beraz, langileak bere ohiko zatia erdietsiko? Horrela balitz, kapitalak nekazaritza utziko luke, zeren eta prezioa zergaren kopuruan inkrementatzen ez bada, nekazaritzako irabaziak irabazi orokorraren mailatik behera egongo bailirateke eta kapitalak enplegu onuragarriagoa bilatuko luke. Ikuspegi honetatik, ez dirudi oso denbora luzea igaroko zenik lehengaien prezio-igoeratik alokairuen igoeraraino, eta ondorioz, langile-klaseak ez luke lehengaiei buruzko zergaren ondorioz, beste edozein zergak sortaraziko liokeena baino egoera txarragorik pairatuko; hau da, zerga honek langileek bizirauteko behar duten fondoen urritzea ekarriko luke, eta beraz, baita lan-eskaria murriztearen arriskua ere.
Lehengaiei buruzko zergaren aurkako hirugarren objekzioa, alokairuak igo eta irabaziak jaistea da, honek metaketa moteldu eta lurraren txirotasun orokorraren antzera baitihardu; lan honen beste zati batean irakasten saiatu naizenez, aurrezkia gastuen gain zein ekoizpenaren gain egin daiteke, dela merkantzien balioa gutxituz, dela irabazi-tasa igoz. Nire irabaziak 1.000£tik 1.200£ra igotzen badira, prezioek berdinak izaten jarraitzen duten bitartean, aurrezki hori daukadanez kapitala gehitzeko aukera handitu egiten zait, baina horrela lortutako kapital-gehigarria apalagoa izango litzateke merkantzien prezioak jaitsita erdietsiko litzatekeena baino; hau da, orain 800£rekin lortuko nituzke lehen 1.000£rekin lortzen nituen merkantziak, nahiz nire irabaziak berdinak izaten jarraitu.
Hala ere, Ogasunak zergak suposatzen duen kopurua bildu behar du eta honek ondoko galdera sortarazten digu: ea kopuru hori gizabanakoari bere irabaziak gutxituz lortu behar den, edo gizabanakoak irabazi horiek gastatzean kontsumatzen dituen merkantzien prezioak igoz izan behar duen.
Zergatzea nolanahikoa izanda ere, deserosoa da; irabazien gain edo beste sarrera-iturriren baten gain ez bada erortzen, gastuaren gain izango da; eta zama berdin banatzen dela eta berrekoizpena galgatzen ez duela ziurtatuz gero, berdin dio lehenengo edo bigarrengoaren gain ezarri. Ekoizpenaren gaineko zergak edo kapitalaren irabazien gainekoak, zuzenki irabaziei aplikatzen zaienean edo zeharka lurrari edo bere ekoizpenari ezartzen zaionean, gainontzeko zergekiko abantailak ditu; beste sarrerak zergatuta badaude, komunitateko klaseek ezin diote zergaren ordainketari ihes egin eta gainera, bakoitzak bere baliabideen araberako ekarpena egiten du.
Zekenak gastuen gaineko zerga ordaintzeari ihes egin diezaioke, urteko 10.000£ko sarrera izan eta bakarrik 300£ gastatzen baditu esate baterako; baina zergak irabazien gain badira, nahiz hauek zuzenekoak edo zeharkakoak izan, ezin dezake horien ordainketa saihets; bere zerga-ekarpena egingo du, bere ekoizpenaren zatia edo ekoizpen horren balioaren zatia emango baitu; ekoizpenean erabiltzen dituen lehengaien prezio altuagoa ordainduta ere ezinezkoa egingo zaio lehen metatzen zuen tasa berdinean jarraitzea. Ziurrenik, balio berdineko sarrera izango du, baina eskulan-kopuru berdina edukitzeko ahalmenik ez du izango, ezta ekoizpenerako erabil dezakeen material-kopuru berdina ere.
Herrialde batek bere auzokideekin salgaiak elkartrukatzen ez baditu eta hauengandik isolatuta badago, ezingo die zerga horien zati bat beste herrialdekoei ordainarazi. Bere lur eta lanak sortutako ekoizpenaren zati bat estatuaren zerbitzuan utziko da; eta baldin eta metatu eta aurrezten duen klasearen gain presio desberdina ezartzen ez bada, zerga, irabazien gain, nekazal ondasunen gain, edo manufakturatutako merkantzien gain ezartzea garrantzi txikia izango duela pentsatu behar dut. Nire urteko errenta 1.000£koa bada, eta nik 100£ zergatan ordaindu behar baditut, garrantzi gutxi dauka niretzat 900£ utziz nire errentatik ordaintzen dudan, edo nire nekazal ondasunagatik zein nik ekoiztutako ondasunengatik 100£ko gehigarria ordaintzen dudan. Herrialdeko gastuak ordaindu ahal izateko nire proportzio justua 100£ bada, zergatzearen bertutea nik 100£ ordain ditzadan ziurtatzean datza, ez gehiago, ezta gutxiago ere; eta hau gauzatzeko irtenbiderik onena eta ziurrena, zergak alokairu, irabazi edo lehengaien gainean ezarri ahal izatea da.
Kontuan hartu behar dugun laugarren eta azken objekzioa hauxe da: lehengaien prezioa igotzerakoan, lehengai horiek osagaitzat dituzten merkantzia guztien prezioak ere igo egingo direla, eta ondorioz, atzerritar ekoizlearekin ez genukeela behar den moduan konkurrituko merkatu orokorrean.
Hasteko, laborearen eta nazio-merkantzia guztien prezioak ezingo lirateke materialki igo, herrialdera metal preziatuak sartzen ez badira; izan ere, diru-kantitate berdinarekin ezingo luke merkantzi kantitate berdinak zirkulatu, prezio garai zein apalean, eta metal bitxiak inoiz ezin erosiko lirateke merkantzia garestiekin. Urre gehiago behar denean, hori lortzeko bere truke merkantzia gehiago eman behar da eta ez gutxiago. Diru-nahia ezin daiteke paperaz hornitu, diru-paperak ez baitu urrearen balioa erregulatzen, urreak paperarena baizik. Beraz, urrearen balioa gutxitzen ez bada, ezingo litzateke berau desbalioztatzeke, paper gehigarririk ipini zirkulazioan. Eta oso argi agertzen da urrearen prezioa jaisteko ezintasuna, urrearen balioa, merkantzia gisa, atzerritarrei urre horren truke eman behar diegun ondasun-kantitateak erregulatzen duela kontuan hartuta. Urrea merkea denean merkantziak garestiak dira eta urrea garestia denean, merkantziak merkeak eta prezioan jaitsi egiten dira. Alabaina, atzerritarrek beren urrea ohikoa baino prezio apalagoan saltzeko arrazoirik ez dagoenez, ez dirudi hori sartuko denik. Honelako sarrerarik gabe ezin daiteke ez kopuru-gehikuntzarik, ez balioaren erorketarik, ezta ondasunen prezio orokorrean igoerarik ere egon1.
Lehengaiei buruzko zergaren ondorio ziurrena beren eta lehengai hauek osagai direneko merkantzia guztien prezioa igoaraztea izango litzateke, ez ordea zergaren proportzio berdinean; bien bitartean, lehengai horiek osagai ez direneko merkantzien prezioa, metalez egindako ondasunena esaterako, jaitsi egingo litzateke; horrela, zirkulaziorako lehengo diru-kantitate berdina nahikoa izango litzateke.
Zergaren ondorioa herrialdeko ekoizkin guztien prezioa igotzea balitz, honek ez luke esportazioa motelduko, eta hala izatekotan, oso denboraldi laburrean zehar izango litzateke. Esportatzeko ekoizkinak etxean igoko balira, berehalakoan ez lirateke etekinarekin esportatuko, kanpoan libre dauden bitartean etxean zergatuta egongo bailirateke. Zergak sortuko lukeen ondorioa, diruaren balio-aldaketak sortzen duenaren antzekoa litzateke, aldaketa hau herrialde guztietan orokorra eta komuna izateke, herrialde batera mugatua legoke. Herrialde hori Ingalaterra balitz, saltzeko gai ez litzateke izango, baina erosteko ordea bai, inportagai diren merkantzien prezioa ez bailitzateke igoko. Egoera hauetan dirua bakarrik kanpo-merkantzien truke esporta liteke, baina merkataritza honek ezingo luke luze iraun; nazioa ezin daiteke diruz ahuldu, zeren eta honen kopuru bat irten ostean, geratzen denaren balioa igo egingo baita eta merkantzien prezio berriak esportazioak erakargarriagoak izan daitezen eragingo baitu. Beraz, dirua igotzerakoan, denboraldi luzean ezingo genuke kanpo-merkantzien truke esportatu, baina esportatuko genituzkeen merkantziak, lehenago prezio-igoera izan zutenak izango lirateke, prezio igoera hori, zergaren eraginez beren osagai diren prezioa goratzeagatik eman zelarik, gero berriz ere, dirua esportatzean, hauen prezioa jaitsi zelarik.
Horri honela erantzun dakioke: Diruaren prezioa atzerritar eta etxeko merkantziekiko igoko litzateke, eta beraz, kanpo-merkantziak inportatzeko gogoa etenda geratuko litzateke. Haatik, demagun kanpoan 100£ kostatzen diren ondasunak inportatzen ditugula eta gero hemen 120£n saltzen ditugula; guk inportatzeari utziko genioke Ingalaterran diruaren balioa asko igoko balitz eta ondorioz merkantzia horiek bakarrik hemen saldu ahal izango balituzte 100£n; hala ere, hau ezin liteke inoiz gerta. Merkantzia inportatzera bultzatzen gaituen arrazoia, atzerrian, erlatiboki, merkeagoa izatean datza. Bere atzerriko prezioa etxekoarekin alderatzen da. Herrialde batek kapelak esportatzen baditu eta arropa inportatu, honela egiten du kapelak eginez horien truke kanpoan arropa gehiago erdiesten duelako etxean arropa hori ekoiztuta baino. Lehengaien prezio-igoerak kapelak egiteko ekoizpen-kostua igotzen badu, arropa egiteko kostua ere gehituko luke. Beraz, bi merkantziak etxean egingo balira, biak igoko lirateke. Baina horietako bat inportatu denez, berau ez litzateke igoko, ezta balioan erori ere, diruaren balioa igotzerakoan; erortzeke balego, esportatzeko merkantziarekiko duen erlazio naturala eskuratuko luke. Lehengaien prezio-igoerak kapelaren prezioa igoarazten du 30s.tik 33s.ra, edo ehuneko 10: arrazoi beragatik, arropa ekoiztuko bagenu, yarda bat ehun 20s.tik 22s.ra igoko litzateke. Igoera honek ez du hausten arropa eta kapelaren arteko erlazioa; kapela batek yarda t’erdi balio zuen eta jarraitzen du balio hori izaten. Baina guk arropa inportatzen badugu, yardako bere prezioa 20s.koa izango da; prezioa aldatzeke geratuko da bai diruaren balioa erortzen denean, baita geroago igotzen denean ere; bien bitartean, kapelak 30s.tik 33s.ra igo baziren ere, berriro, 33s.tik 30s.ra eroriko dira, eta orduan, arropa eta kapelen arteko erlazioa birfinkatu egingo da.
Gai honen azterketa arintzeko, suposatu dut lehengaien balioan ematen den igoerak proportzio berdinean eragingo liekeela etxeko merkantzia guztiei; hau da, merkantzia baten gaineko efektua ehuneko 10 igotzea bada, beste merkantzia guztien gainekoa ere ehuneko 10 igotzea izango litzateke. Baina, merkantzien balioa lehengai eta eskulan desberdinetaz osatua dagoenez, merkantzia batzuk, adibidez, metalez egindakoak esaterako, afektatzeke geratuko lirateke, nahiz lurrazaleko lehengaien prezioa igo, eta beraz, argi dago lehengaiei buruzko zergak ondorio ugari sortuko lituzkeela. Ondorio hau sortu bezain azkar, merkantzia partikularren esportazioa bizkortu ala moteldu egingo litzateke eta, zalantzarik gabe, merkantzien gaineko zergak sortzen dituen deserosotasun berdinekin batera gertatuko litzateke, beren balioen arteko erlazio naturala suntsituz. Beraz, kapela baten balio naturala yarda t’erdi arropa izan ordez, yarda eta laurden edo yarda eta hiru laurden izango litzateke arroparen balioa, eta beraz, kanpo-merkataritzari norabide desberdina eman geniezaioke. Deserosotasun hauek guztiek, ziurrenik, ez lukete esportazio eta inportazioen balioan eraginik izango, munduan zehar egin daitekeen kapital-banaketa egokiena egitea bakarrik galaraziko lukete, egoera horretara hobekien iristeko merkantzia guztiak libreki finkatu behar baitira beren prezio naturalean, inolako eragozpen artifizialik gabe.
Honela, nahiz gure merkantzia gehienen prezioa igo, orokorki, esportazioa denboraldi batez gelditu egingo litzateke eta merkantzia gutxi batzuen esportazioa iraunkorki eten liteke; hala ere, igoera horrek ezingo luke kanpo-merkataritza materialki inferitu eta kanpo-merkatuetako konkurrentziari dagokionez, ez gintuzke desabantaila-egoeran utziko.
X. Kapitulua
Errentari buruzko zerga
Errentari buruzko zergak, lurraren errentari bakarrik eragingo lioke; zerga guztia lurjabeen gain eroriko litzateke eta ezingo litzateke kontsumitzaileengana transferitu. Lurjabeak ezingo luke bere errenta igo, aldatzeke utziko bailuke emankortasun apaleneko lurrean erdietsitako ekoizpenaren eta gainontzeko kalitateetako lurretan lortutako ekoizpenen arteko aldea. Hiru motatako lursailak, 1, 2 eta 3 zenbakikoak lantzen dira eta lan berdinarekin 180, 170 eta 160 laurden gari ekoizten dituzte; baina 3 zenbakiak ez du errentarik ordaintzen, eta beraz, zergatzeke dago; 2 zenbakiko errentak ezin dezake hamarreko balioa gainditu, ezta 1 zenbakikoak hogeikoa. Honelako zergak ezingo luke lehengaien prezioa igo, 3 zenbakiko nekazariak errentarik eta zergarik ordaintzen ez duenez, ez bailitzateke gaitua egongo ekoizten duen merkantziaren prezioa igotzeko, ez duenez ordaintzen ez errentarik, ezta zergarik ere. Errentari buruzko zergak ez luke lur berrien lanketa eragotziko, lur hauek errentarik ordaintzen ez dutenez ez bailirateke zergapetuko. 4 zenbakiko lurra landuko balitz eta 150 laurden ekoiztuko balira, lur hau lantzeagatik ez litzateke zergarik ordainduko, baina lur honek 3 zenbakikoan hamar laurdeneko errenta sortaraziko luke, eta ondorioz, 3 zenbakiko lurra zerga ordaintzen hasiko litzateke.
Errenta eratuta dagoen eran, errentari buruzko zergak lurraren lanketa motelduko luke, zerga hau lurjabearen irabazien gaineko zerga izango litzatekeelako. "Lurraren errentaren" terminoa, lehenago aipatu dudanez, nekazariak lurjabeari ordaintzen dion balioaren kopuruari ezartzen zaio; eta benetako errentatzat, horren zatitxo bat besterik ezin dugu hartu. Eraikin eta instalazioek edo lurjabeak ordaintzen dituen beste gastuek etxaldearen benetako kapitala osatzen dute, eta hauek guztiak maizterrak hornitu beharko lituzke lurjabeak ez bazituen ipini. Errenta, bakarrik lurjabeari bere lurra erabiltzeagatik ordaintzen zaion kopurua da. Berari errentaren izenpean ordaintzen zaion beste kopurua eraikinak eta bestelakoak erabiltzeagatik da eta hori da, hain zuzen, lurjabearen kapitalaren benetako irabazia. Errenta zergatzerakoan bereizketarik egiten ez denez, hau da, lurra erabili delako ordaindutakoaren eta lurjabearen kapitala erabili delako ordaintzen denaren arteko bereizketarik egiten ez denez, zergaren zati bat lurjabearen irabazien gain eroriko litzateke, eta beraz, lurgintza atzendu egingo luke, baldin eta lehengaien prezioa igotzen ez bada behinik behin. Erabili arren, errenta ordaintzen ez den lursailean, eraikinak erabiltzeagatik konpentsazio gisa eta izenpe horrekin diru-kopuru bat eman liezaioke maizterrak lurjabeari. Honelako lursailean ez lirateke eraikin hauek eraikiko, ezta lehengaiak landuko ere, baldin eta berauen salmenta-prezioak ohiko gastuak -zergari aurre egiteko gehigarria barne- estaltzen ez baditu. Zergaren zati hau ez da erortzen ez lurjabearen gain, ezta nekazariaren gain ere, lehengai hauen kontsumitzailearen gain baizik.
Zalantza gutxi dago, baina zerga errentaren gain ipiniko balitz, lurjabeek berehala bereiziko lukete ea diru-kopurua lurra erabiltzeagatik, eraikinak erabiltzeagatik edo lurjabearen kapitalean egin diren hobekuntzak egiteagatik ordaindu den. Azken zatiari eraikin eta etxearen gaineko errenta deituko litzaioke, edo bestela, lantzen ipiniko diren lur berri guztietan, honelako eraikinak eta hobekuntzak maizterrak egin beharko lituzke eta inola ere ez lurjabeak. Lurjabearen kapitala, benetan, helburu honetarako enplegatua izan liteke; lurjabeak bitartekoak hornitzen dizkionez, diru hori maizterraren izenean erabil lezake, maileguen bidez edo akurak irauten duen bitartean urtesaria ordainduz. Berezi ala ez, objektuak desberdinak direnez lurjabeak eskuratzen dituen konpentsazioen artean aldea egon badago, eta arras egia da lurraren errentari buruzko zerga, erabat, lurjabearen gain erortzen dela, baina lurjabe honek etxaldean inbertitu duen kapitala erabiltzeagatik eskuratzen duen sariaren gaineko zerga, edozein herrialde aurreratuan lehengaien kontsumitzailearen gain erortzen da. Zerga errentaren gain ipiniko balitz, eta maizterrak lurjabeari egiten dion ordainsaria -orain errentaren izenpean egiten dena- bereizteko inolako bitartekorik hartuko ez balitz, eraikinak eta instalazioak erabiltzeagatik ordaintzen den errentaren gaineko zerga, epe luzean, lurjabearen gain erori gabe, kontsumitzailearen gain eroriko litzateke. Eraikin eta abarretan egindako inbertsioak, bere ohiko kapital-irabaziak eman behar ditu; baina azkena lantzen hasi den lursailetik ez litzateke irabazirik aterako, eta beraz, bertan behera geratuko lirateke, baldin eta eraikin hauetan egiten diren inbertsioak maizterrak egingo ez balitu; eta honek egingo balitu, orduan, maizterrak bere ohiko kapital-irabaziak ez lituzke izango kontsumitzaileari ezin liezazkiokeenean kargat behinik behin.
XI. Kapitulua
Hamarrenak
Hamarrenak lurraren ekoizpen gordinari buruzko zergak dira eta lehengaiei buruzko zergen antzera, guztiak kontsumitzailearen gain erortzen dira. Hamarrenek errentari buruzko zerga heltzen ez den lurren gain eragiten dute, eta errentari buruzkoek ez bezala, lehengaien prezioa igotzen dute. Kalitate txarreneko lurrak onenekoak bezalaxe ordaintzen ditu hamarrenak, lur horietatik erdiesten den ekoizpen-kantitatearen proportzioan zehazki; hamarrenak, beraz, zerga ekitatiboak dira.
Azken kalitateko lurrak, hau da, errenta ordaindu ez eta laborearen prezioa erregulatzen duenak, ohiko kapital-irabaziak emateko adina labore-kopuru sortzen badio nekazariari, gariaren prezioa laurdeneko
4£ denean irabazi berdinak lortu nahi badira, prezioak 4£ 8s.ra igo beharko du: Behin hamarrenak ezarri ostean, laurden bakoitzeko nekazariak 8 shilling ordaindu beharko dizkio elizari, eta berak irabazi berdinak ez baditu erdiesten ez du inongo arrazoirik lur horiek lantzeari ez uzteko, baldin eta irabazi hauek beste jardueren bitartez lor baditzake.
Lur-etekinen gaineko hamarrenen eta lehengaiei buruzko zergaren arteko desberdintasuna hauxe da: lehena diru aldakorra da eta bigarrena diru finkoa. Gizartearen egoera egonkorrean, laborearen ekoizpena handitzeko edo gutxitzeko erraztasunik ez dagoenean, ondorioei dagokienez biak berdinak izango dira; honelakoetan laboreak prezio aldagaitza izango du, eta beraz, zerga ere aldagaitza izango da. Baina estatu atzeratutan nahiz nekazaritzan hobekuntza handiak egiten direneko -eta ondorioz lehengaien balioa beste merkantzien balioarekin erkatuta jaitsi egingo direneko- estatutan ere, hamarrenak zerga iraunkorrak baino arinagoak izango dira, laborearen prezioa 4£tik 3£ra erortzen bada, zerga 8 shilling-etik 6s.ra eroriko baita. Oraindik nekazaritzan hobekuntza aipagarriak egiteke legokeen gizartearen egoera aurreratuan, laborearen prezioa igo egingo litzateke eta hamarrenak diruzko zerga iraunkorrak baino astunagoak izango lirateke. Laborea 4£tik 5£ra igoko balitz, lur bereko hamarrenak zortzi shilling-etik hamarrera igaroko lirateke.
Ez hamarrenek, ez diruzko zergek, ez diete lurjabeen diruzko errentei eragiten, baina biek eragingo diete materialki laborezko errentei. Jadanik diruzko zergak laborezko errentaren gain duen eraginaz ohartu gara, eta antzeko ondorioa sortuko lukete hamarrenek. 1, 2 eta 3 zenbakiko lurrek 180, 170 eta 160 laurden ekoizten badituzte, errenta 1 zenbakikoan hogei laurdenekoa izan liteke eta hamar laurdenekoa 2. lursailean; baina behin hamarrenak ordainduta, proportzio honek ez luke iraungo; bakoitzetik hamarren bat hartuko balitz, geratutakoa 162, 153 eta 144 laurden izango lirateke, eta ondorioz, 1 zenbakiko laborezko errenta hemezortzi laurdenera murriztuko litzateke eta 2 zenbakikoa bederatzi laurdenera. Baina laborearen prezioa 4£tik 4£ 8s. 10 2/3d.ra igoko litzateke, zeren eta 144 laurden 4£rekiko, 160 laurden 4£ 8s. 10 2/3d.rekiko denaren baliokidea baita, eta ondorioz, diruzko errentak aldatzeke jarraituko luke;
1 zenbakikoa 80£1 izango litzateke eta 40£2 2 zenbakikoa.
Hamarrenen aurkako objekzio nagusia zerga iraunkor eta finkoak ez izatean datza, baina laborea ekoizteko zailtasunak gehitzen diren heinean balioan gehitu egiten dira. Zailtasun horiek laborearen prezioa 4£ egingo balute, zerga 8s. izango litzateke; beroriek 5£ra igoarazita, zerga 10s.koa litzateke, eta 6£ra igoaraziko balute, zerga 12 s.koa izango litzateke. Balioaz gain kopurua ere igotzen da: 1 zenbakiko lursaila lantzen zenean, zerga 180 laurdenaren gain zegoen ezarrita; 2 zenbakikoa lantzen zenean, zerga hori (180 + 170 =) 350 laurdenaren gain zegoen ezarrita; eta 3 zenbakikoa lantzerakoan (180 + 170 + 160 =) 510 laurdenaren gain. Ekoizpena milioi bat laurdenetik bi milioira igotzen denean, zerga-kopurua ez da bakarrik 100.000 laurdenetik 200.000 laurdenera igotzen; milioi bat laurden ekoiztu ordez, bi milioi ekoiztera heltzeko lana inkrementatu behar denez, lehengaien balio erlatiboa hainbeste igotzearen ondorioz oraingo 200.000 laurdenaren balioa, nahiz kopurua bikoiztua izan, lehen 100.000 laurdenak zuen balioa hirukoitz lezake.
Elizak beste bideren batetik erdietsiko balu balio berdina, eta hamarrenak inkrementatzen diren era berean inkrementatuko balitz balio hau, hots, lantzeko zailtasunaren proportzioaren arabera, orduan, efektu berdinera helduko ginateke; errakuntza handia da, beraz, lurraren ekoizkinen gainean ezartzen direlako, hamarrenak lurgintzarako beste edozein zerga baino kaltegarriagoak direla suposatzea. Nolanahi ere, eliza bi kasuetan arituko litzateke herrialdeko lur eta lanaren ekoizpen garbiaren zatia etengabe inkrementatzen. Gizartearen egoera aurrerazalean, lurraren ekoizpen garbiak beti gutxitu egiten du bere ekoizpen gordinarekiko duen proportzioa, baina azken finean, herrialdeko sarrera garbietatik ordaintzen dira zerga guztiak, bai herrialde aurrerakoian, bai atzerakoian. Sarrera gordinarekin batera hazten den eta sarrera garbien gain ezartzen den zergak, emankorra eta jasanezina izan behar du. Hamarrenak lurraren ekoizpen gordinaren hamarrena dira, ez ordea ekoizpen garbiarenak, eta beraz, gizartea aberastasunari dagokionez hobetzen den heinean, nahiz hamarren horiek ekoizpen gordinarekiko proportzio berdina gorde, ekoizpen garbiarekiko proportzio handiagoa hartu behar dute.
Hamarrenak, hala ere, lurjabeentzat kaltegarriak direla kontsidera daiteke, inportaziorako saria bailitzan eragiten baitute: Nazio-laborea lantzea zergatzen dute, kanpotik inportatzen den laboreak honelako zamarik ez duen bitartean. Honelako barne-zergak lurraren eskaria murriztuko luke eta lurjabeen gain sortzen duen ondorioa arintzeko inportatutako laborea zergatzea baino ez legoke, nazioan zergatzen den maila berdinean behinik behin; hau baino neurri justu eta zuzenagorik ez litzateke egongo; edozein izanda ere inportazio-zerga honen bidez estatuak eskuratuko lukeen diru-kopurua, gainontzeko zergak gutxituko lirateke, gobernuaren gastuei aurre egiten dieten horiek hain zuzen; baina honelako zerga, elizari ordaintzeko fondoa osatzeko besterik erabiltzen ez bada, orotara ekoizkin-kopuru orokorra gehi lezake, klase ekoizkorrei dagokien zatia gutxituko balitz ere.
Ehunaren merkataritza guztiz librea utziko balitz, gure ekoizleak gai izan litezke ehuna guk inportatuko genukeena baino merkeago saltzeko; zerga ekoizle nazionalari ezarriko bagenio, eta ez ehuna inportatzen duenari, kapitalak ehungintzatik beste edozein merkantziaren ekoizpenera ihes egingo luke, ehuna Ingalaterran eginda baino merkeago inportatu bailiteke. Inportatutako ehuna zergatuko balitz, berriro hasiko litzateke ehuna gure herrialdean ekoizten. Kontsumitzaileak lehendabizi Ingalaterrako ehuna erosten zuen atzerrikoa baino merkeago zelako; gero, etxeko ehuna zergatuta zegoelarik, zergatzeke zegoen kanpokoa erosten zuen; azkenik, berriro etxekoa erosiko luke, bien gainean zergak ipini ondoren, bertakoa kanpokoa baino merkeagoa izango bailitzateke. Azken kasuan, kontsumitzaileak garestiago erosiko du eta bere ordainketan gehigarri dena estatuak eskuratuko du. Bigarren kasuan, kontsumitzaileak lehenengoan baino prezio altuagoa ordaintzen du, baina ordaindutako gehigarria ez du estatuak jasotzen; ehunaren ekoizpenean zailtasunak daudelako ematen da inkrementu hori, zergak ipintzean ekoizpen bideak izatea galarazten baita.
XII. Kapitulua
Lurrari buruzko zerga
Lurraren errentaren proportzioan ordaintzen den eta errenta honen aldaketa bakoitzarekin aldatzen den lurrari buruzko zerga, azken finean errentaren gaineko zerga besterik ez da. Zerga hau ez zaio aplikatzen errenta sortzen ez duen lurrari, ezta inoiz errentarik ordaintzeke, lursail batean irabaziak lortzeko besterik enplegatzen ez den kapitalak sortutako ekoizkinari ere, eta beraz, zerga honek ez dio inola ere, lehengaien prezioari eragingo eta zerga guztia lurjabeen gain eroriko da. Zerga hau ez da lurraren errentaren gaineko zergatik bereziko. Baina lurrari buruzko zerga hau landutako lur guztiaren gain ezartzen bada, zerga arina izan arren, ekoizkinaren gaineko zerga izango da eta ekoizkinaren prezioa igoko du. Azkenik landutako lurra 3 zenbakikoa bada, errentarik ordaintzen ez badu ere, zergatu ostean ezin liteke landu irabazi-tasa orokorra emanez, baldin eta zerga hori konpentsatzeko ekoizkinaren prezioa igotzen ez bada. Bestela, ohiko irabaziak emateko eskariaren eraginez laborearen prezioak igo arte, kapitala ez da lanketa horretan erabiliko; edo jadanik honelako lur jakin batean enplegatutakoak erabilera abantailatsuago baterantz ihes egingo du. Zerga ezin daiteke lurjabearen gain eror, errentarik jasotzen ez duela suposatzen baita. Honelako zerga lurraren kalitate eta bere ekoizkinaren ugaritasunagatik ipin daiteke, eta orduan, ez da hamarrenetatik bereziko; edo akreko zerga finkoa izan daiteke, beren kalitatea edozein delarik ere, landutako lur guztietan aplikatu ahal izanez.
Honela azaldutako lurraren gaineko zerga, desberdina izango litzateke, eta beraz, zergek bete behar dituzten lau arau nagusien aurkakoa: Adam Smithen ustetan, zerga guztiek bete beharko lituzketen lau arau nagusiak ondokoak dira:
1. Edozein estatutako subjektuek gobernuaren sostengurako ekarpenak egin behar dituzte, beren ahalbideen proportzioari ahal den gehien doituta.
2. Gizabanako bakoitzak ordaindu behar duen zergak zehatza eta zuzena izan behar du.
3. Zerga guztiak zergadunari denbora eta era egokienean ordainaraziko zaizkio.
4. Zerga guztiak zehazki diseinatu behar dira, horrela, zergadunari patriketatik atera ondoren, estatuaren altxor publikoari dagokiona gainditzen duen diru-kopurua, ahalik eta zati txikiena izan dadin.
Denentzako berdina den lurrari buruzko zerga, bereizgabeki eta lurraren kalitatea kontuan hartzeke ipini eta landutako lur guztiaren gain ezartzen bada, orduan, kalitate txarreneko lurraren lantzaileak ordaintzen duen zergaren proportzioan igoko da laborearen prezioa. Kalitate desberdinetako lurrek kapital berdina enplegatzen dutenean, lehengai-kantitate arras desberdinak ekoiztuko dituzte. Lursail batean mila laurden labore ekoizten badira emandako kapitalarekin, 100£ko zergak laborea 2s. laurden igoaraziko du, nekazariak zerga konpentsa dezan. Baina kapital berdinarekin kalitate hobeko lurrean 2.000 laurden ekoitz daitezke eta ekoizpen horrek, laurdeneko 2s. igoz gero, 200£ emango ditu. Zerga berdina bada bi lursailetan, hau da, lur on eta kaxkarrenean zerga 100£koa bada, laborearen kontsumitzaileak, estatuak eskatutakoaz gain, urteko beste 100£ emango dizkio, hasieran lur hoberena lantzen duenari emateko, lur hori akuratuta daukan bitartean, eta gero, lurjabearen errenta kopuru honetan igoaraz dezan. Zerga-mota hau beraz, Adam Smithek aipatzen dituen lau printzipio nagusien aurkakoa dateke; zergadunaren patriketatik, estatuaren altxorrera joango litzatekeena baino gehiago aterako litzateke. Honelako zerga zen hain zuzen, Iraultza aurretik Frantzian zegoen "Taillea"; izan ere, zerga hau lurren edukitzearen jatorria noblea ez zenean bakarrik ipintzen zen: lehengaien prezioa zergaren proportzioan igotzen zen, eta beraz, zergatzeke zeuden lurren jabeak profitatzen ziren, beroien errenta igo egiten baitzen. Lehengaiei buruzko zerga eta hamarrenak objekzio hauetatik at geratzen dira: horiek lehengaien prezioa igotzen dute, baina lur-kalitate bakoitzari bere benetako ekoizpenaren proportzioan eskatzen zaie eta inola ere ez produktibitate apaleneko lurrean ekoiztutako ekoizpenaren proportzioan.
Adam Smithek iritzi berezia hartu zuen errentari buruz, ez baitzen ohartu herrialde askotan kapital ugari inbertitzen dela lurrean, eta lur hauek, gero, ez dutela errentarik ordaintzen; ondorio hau atera zuen: lurraren gaineko zerga guztiak, nahiz hauek zuzenki lurra bera kargatzen dutenak izan, lurrari buruzko zerga edo hamarrenak bezala, edo lurraren ekoizpena zergatzen dutenak bezala, edo nekazariaren irabazietatik kendu direnak bezala, azken finean, lurjabeak ordainduko omen zituen; lurjabea omen zen, kasu guztietan, ordainduko zuena, nahiz zerga hori, orokorki, maizterraren izenean ordaindu dela agertu: "Lurraren ekoizpenaren gaineko zergak, benetan, errentaren gaineko zergak dira, eta jatorriz nekazariak aurrera ditzakeen arren, azken finean, lurjabeak ordaintzen ditu. Ekoizpenaren zatiren bat zerga moduan ordaindu behar denean, nekazariak ahal den hobekien kalkulatzen du zati horren balioa zenbatekoa den; kalkulua urte batekoa bestekoarekin egiten da eta lurjabeari ordaintzen dion adostutako errenta proportzionalki murrizten du. Ez dago nekazaririk aurretik urteko batezbestekoa kalkulatzen ez duenik, hau da, zenbatekoak izango diren elizaren hamarrenak, hauek ere lurrari buruzko zerga edo antzekoak baitira". Zalantzarik gabe, nekazariak bere gastu probable guztiak kalkulatuko ditu etxaldeko errenta bere lurjabearekin eztabaidatzen duenean; eta elizari ordaintzen zaizkion hamarrenak edo lurraren ekoizpenaren gaineko zergak bere etxaldeko ekoizpenaren balio erlatibo handiagorekin konpentsatzen ez bazaizkio, bere errentatik ahal den moduan kentzen saiatuko da. Baina hau da, hain zuzen, eztabaidan dagoen arazoa: ea bere errentatik deskontatuko dituen edo ekoizpenaren prezioa handituz konpentsatuko dituen. Jadanik eman diren arrazoiak direla eta, nik zalantza txikienik ere ez dut egiten ekoizpenaren prezioa igoko duela ziurtatzeko, eta ondorioz, honelako garrantzia duen arazoan Adam Smith oker zegoela esateko. Gai honi buruz Smith doktoreak duen ikuspuntua, ondoko arrazoiagatik izan daiteke ziurrenik: "Hamarrenak eta lurrari buruzko zerga guztiak, berdintasun perfektuaren itxurapean, zerga desberdinak dira, zeren eta ekoizpenaren zati zehatz bat, egoera desberdinetan, errentaren zati desberdinaren baliokidea baita". Saiatu naiz frogatzen honelako zergak ez direla nekazari edo lurjabearen gain zama desberdinez erortzen, bata zein bestea konpentsatuta geratzen baitira lehengaien igoera dela eta; zergari egiten dioten ekarpena, bakarrik, lehengaien kontsumitzaile direnaren proportzioan izango da. Alokairuen gain duten eraginaren bidez irabazi-tasak afektatzen dituzte, eta lurjabeek honelako zergari ekarpen egokia egin ordez, ez diote batere egiten, ordaintzetik libre garatzen baitira. Kapital-irabazietatik eratortzen da zergaren zatia, zeren eta langileen gain eroriko balitz, hauek ez bailirateke gai izango honelako zerga-ordainketari aurre egiteko; langileen gainekoa den, baina fondo eskasak dituelako ordaindu ezin duten zergaren zatia, kapitalistek bakarrik jasaten dute, eta beraz, ez die lurjabeei eragiten.
Esandakoarekin ez da inferitu behar hamarrenek, eta lur eta beronen ekoizpenaren gaineko zergek ez dutela lurraren lanketa kaltetzen edo moteltzen. Merkantzien ganbio-balioa igoarazten duen edozerk, edozein motatako merkantziak badira ere, lurraren lanketa eta ekoizpena moteltzera bultzatuko du; baina zergatzearekin lotuta joaten den makurkeria da hori, eta ez da bakarrik aztertzen ari garen zerga hauekin gertatzen.
Makurkeria hau ekidinezineko desabantaila bezala kontsidera liteke, estatuak bildu eta gastatzen dituen zerga guztiek honelako ondorioa sortzen baitute. Zerga berri bakoitza ekoizpenaren gainean ipintzen den karga da eta prezio naturala igoarazten du. Herrialdeko zergadunaren zerbitzuan lehen zegoen lanaren zatia, orain estatuaren zerbitzuan dago, eta beraz, ezin daiteke ekoizkorki enplegatu. Zati hau hain handia bihur daiteke, ezen beren aurrezkiaz estatuko kapitala gehitzen dutenak sustatzeko adina soberakin ez uztera hel daitekeela. Zorionez ez da inoiz horrelakorik gertatu herrialde libreetan; hau da, zergatzea ez da hain urrun joan, ezta kapitala urrituz joateko adina etengabe handitu ere. Honelako zergatzeak ez lezake luze iraun; eta iraungo balu, herrialdeko urteko ekoizpenetik hainbeste irentsiko luke, miseria, gosea eta populazio-galera ekarriko lituzkeela.
Adam Smithek dioenez, "Britainia Handian bezala, barruti guztietan kanon aldagaitza baten arabera kobratzen den lurraren gaineko zerga, nahiz indarrean ipinitako momentuan berdina izan, denbora joan ahala desberdina bihurtzen da, hobekuntza- edo utzikeria-mailak desberdinak baitira herrialdeko leku bakoitzean. Ingalaterran konterri edo elizbarruti bakoitzean egin zen balorapenaren arabera, William eta Maryren lurrei ipini zitzaien lurraren gaineko 4. zerga, oso desberdina izan zen bere lehen ezarpenetik hasita. Zerga hau, beraz, lehen aipatu dugun lau arau nagusi haien lehenengo printzipioaren aurka dago, beste hirurekin bat badator ere. Guztiz ziurra da. Zerga eta errenta garai berean ordaintzea izango da zergadunarentzat egokiena. Nahiz eta kasu guztietan benetako ordaintzailea lurjabea izan, zerga, normalki, maizterrak aurreratzen du, honi lurjabeak errentaren ordainketan zerga onartu behar badio ere".
Maizterrak zerga lurjabeari beharrean kontsumitzaileari pasatzen badio, hasieran desberdina ez bazen, gero ere ezin daiteke inoiz izan; zeren eta ekoizpenaren prezioa berehala zergaren proportzioan igo bada, hori gertatu ostean, zerga horren ondorioz ez baita gehiago aldatuko. Honela ez bada, desberdina bada, lehen aipatutako laugarren arau nagusiaren aurka egongo da, baina ez lehenengoaren aurka, frogatzen saiatu naizen bezala. Jendearen patriketatik estatuaren altxorrera eramango den baino diru gehiago atera liteke, baina ez da desberdin ezarriko zergadun klase berezi baten gainean. Nire ustetan, Say jauna oker dago lurraren gaineko ingeles zergaren jatorri eta ondorioei buruz esaten duenean "Pertsona askok zenbatespen finko horri egozten diote Ingalaterrako nekazaritzaren oparotasunaldia. Horrek ekarpen handia egin dio oparotasun horri, horretan ez dago zalantzarik. Baina, guk zer esan beharko genuke gobernu bati buruz merkatari txiki bati honelako hizkeran hitz egingo balio?: “Kapital txikiarekin merkataritza mugatua ari zara burutzen, eta beraz, zure ekarpen zuzena oso apala da. Mailega ezazu dirua gero kapitala meta dezazun; heda ezazu zure jarduera paregabeko etekinak eskuratu arte: oraindik ez duzu kontribuzio handiagorik ordaindu beharko. Gainera, zure oinordekoek zure negozioa heredatzen dutenean eta beren irabaziak gehiago handitzen direnean, ez al dira lehen baino baloratuagoak egongo? Eta zure oinordekoek ez al dute ekarpen handiagorik egingo gastu publikoak egin daitezen?”
"Zalantzarik gabe, honek ekoizpena eta merkataritza suspertuko lituzke; baina zuzena izango al litzateke? Aurreramendu hau ezin al liteke beste prezioren batekin erdietsi? Ingalaterran bertan, ez al dute fabrikazioak eta merkataritzak aurreramendu handiagorik egin denboraldi honetan, partzialki bederen, gehiago nabari ez daitezen? Lurjabeak bere arreta, zuhurtasun eta trebezia direla eta, bere urteko sarrerak 5.000 frankon gehitzen ditu. Estatuak errentaren hazkunde honen bostena eskatzen badu, 4.000 frankoko inkrementua ez al zaio geratuko geroko jarduerak bultzatu ahal izateko?"
Say jaunak suposatzen du lurjabeak arreta, zuhurtasuna eta trebezia dituelako inkrementatzen dituela sarrerak 5000 frankon; baina lurjabeak ez du bitartekorik bere arreta, zuhurtasuna eta trebezia bere lursailean enplegatzeko, berak zuzenean bere lurrak ez baditu lantzen behintzat; eta orduan, kapitalista edo nekazari bezala egiten arituko da hobekuntza horiek eta inola ere ez lurjabe gisa. Ez da onartzen bere etxaldeko ekoizpena maila horretan gehi daitekeenik aparteko trebezia duela eta, aurretik enplegatzen duen kapitala ez badu handitzen behintzat. Eta honela egiten badu, bere sarrera handiagoek proportzio berdina manten lezakete inkrementutako kapitalarekiko, nekazari guztien sarrerek beren kapitalekiko duten bezala.
Say jaunaren iradokizunak jarraituko balira eta estatuak nekazariari inkrementutako sarreren bostena eskatuko balio, hori nekazariaren gainean eragiten duen zerga partziala izango litzateke, irabazien gain eragiten duena hain zuzen, eta inolako eraginik ez duena beste jardueratan enplegatutakoen gain. Lur guztiek ordainduko lukete zerga, errendimendu gutxi zein ugari ematen dutenek; eta zenbait lurretan ezingo litzateke errentatik kendutako konpentsaziorik egon, ez bailitzateke errentarik ordainduko. Irabazien gaineko zerga partziala, ez da inoiz ezarri den industrian erortzen, enpresariak jarduera horretatik ihes egingo baitu, konpentsaziorik ez badu behintzat. Dena den, errenta ordaintzen ez dutenak ekoizpenaren prezio-igoerarekin bakarrik izan litezke konpentsatuak, eta beraz, Say jaunak proposatutako zerga kontsumitzailearen gain eroriko litzateke, eta inola ere ez lurjabe edo nekazariaren gain.
Proposatutako zerga lurretik lortutako kantitate edo ekoizpen gordinaren balioak duen inkrementuaren proportzioan gehitzen bada, orduan, zerga hau ez litzateke batere bereiziko hamarrenetik, eta beraz, kontsumitzaileei transferituko litzaieke. Horregatik ekoizpen gordin edo garbiaren gain ipiniko balitz ere, beti, kontsumoaren gaineko zerga izango litzateke eta lurjabe eta nekazariari, biei, era berean eragingo lieke zerga honek, hau da, oinarrizko ondasunen gaineko zerga bailitzan.
Lurraren gain inolako zergarik ipini ez bazen eta kopuru berdina beste iturrietatik eskuratu bazen, nekazaritza, hala ere, gaur egun ezagutzen den egoeran egongo litzateke, ezinezkoa baita inolako zergak nekazaritza suspertzea; zerga neurridunak ezin dezake eta ziurrenik ez du eragotziko, baina ekoizpena ezin susper dezake. Ingeles gobernuak ez du Sayk suposatzen duen hizkera erabiltzen. Izan ere, gobernu honek ez du hitzik eman nekazal klase eta beronen oinordetza guztia zerga-ordaintzetik libratu eta, estatuak dituen konpromezuei aurre egin ahal izateko behar duena, gizarteko beste klase guztiei kentzeari buruz. Gobernuak ondokoa esaten du: "lurra ez dugu gehiago zergatuko; baina guk askatasun osoa gordetzen dugu zuri nahi dugun moduan ordainarazteko; edozein eratan ordainaraziko dizugu kuota osoa estatuak gerora izango dituen betekizunei aurre egin diezaien".
Espeziezko edo ekoizpenaren proportzio baten gaineko zergari buruz hitz egiterakoan, hau da, hamarrenen zerga bera, Sayk hau dio: "Badirudi zergatzeko modu hau dela sistema zuzenena, baina beste edozein baino zuzentasun gutxiagokoa da: kontsiderazioetatik at uzten du ekoizleak egin ditzakeen aurreramendu guztiak; sarrera gordinen proportzioan dago eta ez sarrera netoenean. Bi nekazarik oinarrizko ondasun desberdinak lantzen dituzte: batek lur ertainean lantzen du laborea eta bere urteroko gastuak, batezbeste, 8.000 frankora heltzen dira; oinarrizko ondasunak salduz gero erdiesten dena 12.000 frankora iristen da; beraz, sarrera netoa 4.000 frankora heltzen da.
"Bere auzoko nekazariak lurra larrerako edo basorako erabiltzen du; horrela, urteroko sarrera 12000 frankora iristen da, baina bere gastuak, bien bitartean, 2.000 frankokoak besterik ez dira. Hau dela eta, batezbesteko sarrera netoa 10.000 frankokoa da".
"Legeak agintzen du lurraren ekoizpen osoaren hamabirena Ogasunari eman behar zaiola gauzetan. Lege honen ondorioz, lehenbizikoak 1.000 franko balio duen laborea entregatu beharko du; eta bigarrenak, lasto, abere edo egurretik beste 1.000 frankoko balioa. Zer gertatu da? Batetik, sarrera netoaren laurdena, hau da, 4.000 frankotik 1.000 franko hartu dira; 4.000 frankoko sarrerak zeuden bestetik, aldiz, hamarrena bakarrik hartu da. Sarrera, irabazi netoa da, behin kapitala aurreko egoera berean utzita, azken batean geratzen dena. Merkatariak, urtearen buruan bere salmenten bidez lortutako sarrera guztiak errenta suposatzen al du? Ez noski; bere sarrerak aurreratu dituen gastuak kenduz gero konputatuko dira; eta beraz, soberakin honen gain ipini beharko lirateke zergak".
Aurreko aipuan, Say jaunaren okerra, oinarritzat hartzen duen balizkoan datza; bietako nekazari baten ekoizpenaren balioa, behin kapitala berreskuratuta, bestearena baino handiagoa delako da, eta ondorioz, bi nekazarien sarrera netoa, kopuru berdinean, desberdinak izango dira. Lurjabe eta maizterren sarrera netoak, orokorki, handiagoak izan daitezke egurra lantzen den lurrean, lurjabeak eta maizterrak laborea landutako lurrean lortzen dituzten sarrera netoak baino; baina errentaren diferentzia da eta ez irabazi-tasena. Say jaunak alde batera uzten du nekazari hauek lurra erabiltzeagatik ordaindu behar dituzten errenta desberdinak. Izan ere, ezin daitezke bi irabazi-tasa desberdin egon enplegu berean, eta beraz, ekoizpenaren balioa kapitalarekiko proportzio desberdinetan dagoenean, errenta da aldatzen dena eta inola ere ez irabaziak. Zeren itxurapean lor dezake norbaitek 2.000 frankoko kapitalarekin 10.000 frankoko irabazi netoa, bien bitartean beste batek 8.000 frankoko kapitalarekin 4.000 frankoko irabazi netoa erdiesten badu? Utz dezagun Say jauna errentari buruzko aurrerapenak egiten, utz dezagun bere kaxa zergak oinarrizko ondasun horien prezioetan duen eraginaz jabetzen, eta zerga desberdina ez denaz ohartuko da, baita geroago ikusiko ere, ekoizleek ez dutela beste edozein kontsumitzailek egiten duenaren modu desberdinez ordaintzen.
XIII. Kapitulua
Urrearen gaineko zerga
Merkantzien prezio-igoera, zergatzearen edo ekoizteko zailtasunaren ondorio dela kontsideratu behar da; baina merkatu-prezioa bere prezio naturalera iritsi arteko denbora, merkantzia bakoitzaren berezitasunaren eta bere kantitatea urri daitekeen erraztasunaren menpe dago. Izan ere, zergatutako merkantziaren kantitatea ezin bada gutxitu, esaterako, nekazari edo kapelagilearen kapitala beste eginkizun batzuetan erabiltzerik ez balego, irabaziak bere maila orokorretik behera jaistea ez litzateke zergaren ondorio izango; merkantzia horien eskaria ez balitz inkrementatuko, inoiz ez lirateke gai izango laborearen merkatu-prezioa edo kapelarena gehitutako beren prezio naturaletik gora igotzeko. Beren enpleguak utzi eta kapitalak jarduera egokiagoetara mugitzeari buruz egiten dituzten mehatxuak, azken finean, mehatxu ustelak bezala hartu behar dira, beteko ez direnak; eta ondorioz, ekoizpena murriztu dela eta, prezioa ez litzateke igoko. Merkantziak, nolanahikoak izanda ere, kopuruan gutxi daitezke, eta kapitala jarduera errentagarri apalenetatik handiagotara higi daiteke, baina mugimendu hau azkartasun-gradu desberdinetan emango da. Ekoizlearentzat arazoa izateke, merkantzia berezi baten ekoizpen-kopurua murrizteko zenbat eta erraztasun gehiago egon, bere prezioa fiteago igoko da bere ekoizpena zaildu ondoren zerga ezarri delako, edo beste bitartekoren bat erabili delako. Laborea merkantzia guztietan behar-beharrezkoa denez, bere eskarian zerga bat ezarri ostean ondorio xumea sortuko da, eta beraz, ziurrenik bere eskaintza ez da denbora luzean soberan egongo, nahiz eta bere ekoizleek zailtasun handiak izan kapitala lurretik mugitzeko. Arrazoi honengatik zergak berehala igoaraziko du laborearen prezioa, eta nekazariak berehala egotziko dio zerga kontsumitzaileari.
Urrez hornitzen gaituzten meategiak gure herrialdean baleude eta urrea zergatuko balitz, honek ez luke bere balio erlatiboa beste gauzekiko igoko bere kantitatea murrizten ez den bitartean. Kasu hau, hain zuzen ere, urrea diru gisa erabiltzen denean emango litzateke soilik. Egia da emankortasun apaleneko meategiak, errenta ordaintzen ez dutenak, ezin daitezkeela jardueran jarri, baldin eta urrearen balio erlatiboa zergaren neurri berdinean igo ondoren irabazi-tasa orokorrera heltzen ez badira. Urre-kopurua, eta beraz, diru-kopurua, astiro-astiro, murriztu egingo lirateke: urte baten buruan pixka bat gutxituko litzateke, beste zertxobait hurrengo urtean, eta azkenean, bere balioa zergaren proportzioan igoko litzateke; baina tarte horretan, jabe edo edukitzaileak, zerga ordainduko dutenez, sakrifikatuak izango lirateke, eta diru-erabiltzaileak ez ordea. Herrialdeko gariaren 1.000 laurden bakoitzeko eta gerora ekoiztuko diren 1.000 laurden bakoitzeko, gobernuak zerga moduan 100 laurden hartzen baditu, geratzen diren 900 laurdenekin lehen 1.000 laurdenekin ganbiatzen zen merkantzi kantitate berdina erdietsiko litzateke; baina gauza bera gertatzen bada urrearekiko, eta herrialdeko egungo, edota gerora ekar daitekeeneko 1.000£ bakoitzeko, gobernuak 100£ atera ditzake zerga gisa, eta geratuko diren 900£rekin lehen erosten zena baino zertxobait gehiago lortuko litzateke. Zerga, azken finean, bere jabetza dirutan duenaren gain eroriko litzateke, eta honek honela jarraituko luke, zergak eragindako produkzioaren kostu-igoeraren proportzioan murriztu arte.
Hau, agian, nabariagoa izango litzateke metalarekiko, diru gisa hau erabiltzen bada, eta ez beste edozein merkantzia; hala gertatzen da, oihal- edo elikagai-eskaria ez bezala, diru-eskaria kantitate zehatza ez delako. Diru-eskaria, bere balioak erregulatzen du erabat, eta bere balioa beronen kantitateak. Urreak bi halako balioa balu, bere kantitate-erdiak zirkulazio-funtzio berdina beteko luke; balio erdia balu, bere kantitateak bi halakoa izan beharko luke. Laborearen merkatu-balioa zergaren eraginez edota ekoizpen-zailtasunak daudelako hamarren batean gehitzen bada, zalantzagarria da kontsumitutako kantitatean ondorioak sortuko dituen ala ez, gizaki bakoitzaren nahia kopuru zehatz eta jakinekoa delako, eta beraz, gizaki honek erosteko baliabideak baldin baditu, lehen bezala kontsumitzen jarraituko du: baina diruaren kasuan, eskaria, zehazki, bere balioaren proportzioan dago. Ez da gizakirik bizirauteko behar duenaren bi halako labore-kopuru kontsumituko duenik; baina gizaki bat ondasun-kopuru berdina erosterakoan edo saltzerakoan behartuta egon daiteke bi, hiru edo hainbat aldiz diru gehiago enplegatzera.
Nik hemen erabiltzen dudan argudioa, metal bitxiak diru gisa erabiltzen dituzten gizarteentzat da aplikagarri; hain zuzen, kreditu-papera ezarri ez deneko gizartearentzat. Metala urrea denean, beste merkantzia guztiak bezala, bere balioa merkatuan dauka, eta azken batean, balio hau bere ekoizpenaren erraztasun edo zailtasun konparatiboak erregulatzen du; eta bere izaera iraunkorragatik eta bere kopurua urritzearen zailtasunagatik, benetan bere merkatu-balioaren aldaketara mugatzen ez bada ere, zailtasun hori gehitu egiten da diru gisa enplegatzen denean. Merkatuan merkataritzarako helburu bakarrarekin 10.000 ontzurre bazeuden, eta gure merkantzietan egiten zen urteroko gastua 2.000 ontzurrekoa bazen, bere balioa laurden bat edo ehuneko 25 igo zitekeen urteko eskaintzari eutsiz gero; baina diru gisa erabiltzearen ondorioz, enplegatutako kantitatea 100.000 ontzurrekoa balitz, hamar urte baino lehenago bere balioa ez litzateke laurden bat igoko. Paperez egindako diru-kopurua berehala urri daitekeenez, bere balioa, estandar hori urrea izan arren, metala bera igoko litzatekeen bezain fite gehituko litzateke, eta metalak, nahiz eta zirkulaziorako zati apal bat osatu, diruarekiko lotura ahula gordeko luke.
Urrea herrialde bakar baten ekoizkina balitz, eta diru gisa unibertsalki enplegatuko balitz, bere gain zerga garrantzitsua ipin liteke, baina hau ez litzateke inongo herrialderen gain eroriko, herrialdeok urre hori manufakturetan eta tresnetan erabiliko duten proportzioan ez bada behintzat; diru gisa erabilitako zatiaren gaineko zerga ez luke inork ordainduko, nahiz eta eskuratutako zerga handia izan litekeen. Hau diruaren kualitate bereziagatik datorke. Kantitate mugatua duten merkantzia guztiak eta lehiaketaren bidez gehitu ezin daitezkeenak, beren balioa gustu, nahikeria eta eroslearen ahalmenaren menpe dago; dirua gehitu nahi duen edo hori egiteko beharra daukan herrialderik ez dago, beste merkantziekin gertatzen ez den bezala: ez dago inolako aurreramendurik diru bezala hogei milioi erabilita, hamar milioien ordez. Herrialde batek zeta edo ardoaren monopolioa izan lezake eta, hala ere, zeta eta ardoaren prezioak eror litezke; hau nahikeria, moda edo gustuaren ondorioz gerta liteke, arropa eta brandia nahiago direlako, eta beraz, haiek ordezkatu egiten dira; hein batean, ondorio berdintsua jazo liteke urrearekin, baldin eta manufakturetan erabiltzera bultzatzen bada. Baina dirua ganbio-bitartekaria denez, bere eskaria ez da inoiz hautaketarako gai, beti derrigorrezkoa delako: zuk zeure ondasunen truke hartu egin behar duzu, eta beraz, bere kopuruan ez dago mugarik, nahiz eta kopuru hau kanpo-merkataritzak behar dezakeen, bere balioa erortzen bada behintzat; eta bere balioak gora egiten badu, murrizketarik ez duzu egin behar. Zuk diru-papera ordezka dezakezu, baina hala ere, zuk ez duzu eta ezin dezakezu diru-kopurua gutxitu, zeren eta diru estandarrak erregulatzen baitu zeinekin den ganbiagarri: merkantzien prezio-igoerak eragotz dezake soilik, diru gutxiren truke erosten direneko herrialdetik gero garestiago salduko direneko beste herrialdera esportatzea; eta garestitze hau gertatzeko modu bakarra, kanpotik diru metalikoa inportatzea, edo bertan diru-paper gehigarria sortzea da. Beraz, suposatzen badugu Espainiako erregeak meategiak esklusiban dauzkala, eta urrea bakarrik dirutarako erabilita, honi zerga garrantzitsua ezartzen bazaio, horrek urrearen balio naturala goratuko luke; eta Europan duen merkatu-balioa, azken finean, Amerika espainiarreko balio naturalak erregulatzen duenez, Europako merkantzia gehiago eman beharko lirateke urre-kopuru jakin baten truke. Baina ez litzateke urre-kopuru berdina ekoiztuko Ameriketan, ekoizpen-kostua igotzearen ondorioz, bere balioaren gehikuntza kopuru-murrizketaren proportzioan egongo bailitzateke. Beraz, Ameriketan ez lirateke ondasun gehiago erdietsiko handik esportatzen den urrearen truke; eta orduan, Espainia eta bere kolonien irabazia non ote dago? Irabazia hau izango litzateke: urre gutxiago ekoiztuta, kapital gutxiago enplegatuko litzateke bere ekoizpenean; ondasunen balio berdina inportatuko litzateke Europatik, eta inportazio hauek erdiesteko kapital gutxiago enplegatuko litzateke, lehen erdiesteko kapital gehiagoren beharra baitzegoen; eta beraz, meategietatik erretiratutako kapitalaz lortutako irabazia izango litzateke, eta irabazi hau da, hain zuzen, Espainiak eskuratuko lukeena zerga ipini ondoren; irabazi hau ordea, Espainiak ez luke bereganatuko beste edozein merkantziaren monopolioa balu. Honelako zerga batek diruaren gain duen eragina kontuan harturik, Europako nazioak ez lirateke kaltetuko; berauek ondasun-kopuru berdina izango lukete, eta ondorioz, gozamenerako lehengo bitarteko berak izaten jarraituko lukete; baina ondasun hauek diru-kopuru gutxiagorekin zirkulatuko lukete, diruak balio handiagoa izango lukeelako.
Zergaren ondorioz meategietatik gaur egungo urre-kopuruaren hamarrena besterik ez balitz erdietsiko, hamarren honen balioa, hain zuzen, egun ekoizten den balioaren hamar hamarren izango litzateke. Baina Espainiako erregea ez da metal bitxi guztien jabe bakarra; eta hala balitz ere, jabetza eta zergatzeko boterearen abantaila, zalantzarik gabe, ahulagoa izango litzateke, Europan eskariak eta kontsumoak mugak dituztelako; hau honela gertatzen da, diru-paperak maila handiago edo txikiagoan urrea ordezkatzeko ahalmen unibertsala duelako. Merkatuko adostasuna eta merkantzia guztien prezio naturalak, garai guztietan eskaintzak gora edo behera egiteko duen erraztasunaren menpe daude. Urre, etxebizitza, eskulan eta hainbat gauzatan bezala, zenbait baldintzatan, efektu hori ezin daiteke berehala eman. Baina guztiz desberdina da urte batetik bestera kontsumitu eta berrekoizten diren merkantzien kasuekin alderatzen bada, hau da, kapela, oinetako, labore eta arroparen kasuekin; hauek honela behartuta murritz daitezke, eta merkantzia hauek ekoizteagatik ezarritako zerga hazkorrak eskaintza proportzioan urritzeko hartzen duen bitartea ezin daiteke luzea izan.
Lurrazaletik erdietsitako oinarrizko ondasunaren gaineko zerga, ikusi dugunez, kontsumitzailearen gain erortzen da, eta ez dio inola ere errentari eragiten; lana mantentzeko behar den dirua urritzen bada, ondorioz alokairuak apaldu, populazioa murriztu eta laborearen eskaria gutxitu egingo dira. Baina zerga bat urre-meategietako ekoizpenaren gain ezartzen bada, metal honen balioa igo egingo duenez, derrigorrez bere eskaria gutxitzen du, eta beraz, kapitala enplegatuta zegoen jardueratik lekualdatu egiten du. Urrearen gaineko zerga dela eta, Espainiak lehen aipatu ditudan irabazi guztiak eskuratu arren, kapitala erretiratu den meategien jabeek beren errenta guztiak galdu egingo dituzte. Hau gizabanakoentzako galera izango da, baina ez nazio-galera; errenta ez da balio-sortze gisa hartzen, bai ordea aberastasunaren transferentzia bezala: Espainiako erregeak eta jardueran jarraitzen duten meategien jabeek, denak batera, kapitalek sortzen dutena eskuratu ezezik, beste jabeek galtzen dutena ere jasoko lukete.
Demagun 1., 2. eta 3. mailako meategiak lanean ari direla, eta pixuzko 100, 80 eta 70 libra urre ekoizten dituztela; beraz, 1. mailako meategiak sortzen duen errenta hogeita hamar liberakoa da eta 2.ekoa hamar liberakoa. Demagun orain jardueran dagoen urre-meategi bakoitzaren gaineko urteko zerga hirurogeita hamar libera urre dela; ondorioz, 1 zenb.dunak bakarrik funtzionatuko du, bera izango baita errentagarritasun nahikoa mantenduko duen bakarra, eta begi-bistakoa da, berehala errenta guztia desagertuko dela. Zerga ezarri aurretik 1 zenb.an ekoiztutako 100 liberengatik hogeita hamarreko errenta ordaintzen zen, eta meategiko langileek hirurogeita hamar gordetzen zuten, hau da, errentagarritasun apalena zuen meategiko ekoizpenera heltzen zen. Beraz,
1 zenb.ko meategiko kapitalistari geratzen zaion balioak lehengoa bezalakoa izan beharko du, edo bestela, kapitalaren gaineko irabazi amankomunera ez da helduko; eta ondorioz, 100 liberatik hirurogeita hamar zergatan ordaindu ondoren, geratzen diren hogeita hamarren balioak, lehen hirurogeita hamarrek zuten balioa izan beharko du, hau da, ehun liberaren balio orokorra, lehen 233 liberak zuena izango da. Bere balioa altuagoa izan liteke, baina inoiz ez apalagoa, bestela meategi hau ixtera iritsiko bailitzateke. Merkantzia monopolizatua izanez gero, bere balio naturaletik gora egon liteke, eta orduan, soberakin horren adinako errenta ordainduko luke; baina meategi horretan ez litzateke dirurik enplegatuko balio natural horretatik behera balego. Meategian enplegatutako lan eta kapitalaren heren baten etekinarekin lortuko lukeen bezainbat urre eskuratuko luke Espainiak, lehengo merkantzi kopuru berdin horrekin, edo antzekoarekin ganbiaturik. Bera -Espainia- aberatsagoa izango litzateke meategietatik libratutako ekoizpenaren bi herenak direla eta. 100 libera urrearen balioa lehen ateratako 250 liberen berdina balitz, Espainiako erregearen zatiak, hau da, bere hirurogeita hamar liberen balioak, antzinako 175 liberen balio berdina izango luke: erregearen zergaren zati txiki bat bakarrik jasango lukete menpekoek; zati handiena, kapitalaren banaketa hobearen eraginez, berak eskuratuko luke.
Espainiaren kontua honela geratuko litzateke.
Aurreko ekoizpena
Urrea, 250 libera, eta baliokidea (adibidez) 10.000 yarda arropa.
Oraingo ekoizpena
Meategiak utzitako bi kapitalistek, lehen 140 libera
urregatik ganbiatutako balio berdina; hau da, 5.600 yarda arropa.
1 zenb.ko meategia lantzen duen kapitalistaren ho-
geita hamar libera urre, bere balioa 1etik 2,5erako
proportzioan gehitu ondoren, eta beraz, oraingo ba-
lioa neurri honetara iritsi denean 3.000 yarda arropa.
Erregearentzako zerga: hirurogeita hamar, 1etik
2,5erako proportzioan gehitu ondoren, eta oraingo
balioa honako hau denean 7.000 yarda arropa.
15.600
Erregeak eskuratutako 7.000tik, Espainiako herriak 1.400 besterik ez luke ordainduko, eta irabazi garbia 5.600 izango litzateke, hau da, liberatutako kapitalak sortutako irabazia.
Lantzen den meategiaren gain ipintzen den zerga, kopuru finkoa izan ordez, bertatik erdiesten den ekoizpenaren zatiren bat baldin balitz, horren ondorioz ez litzateke kantitatea berehala murriztuko. Meategi bakoitzaren erdia, laurdena edo herena zergatarako hartuko balitz, nolanahi ere meategi horien jabeen esku egongo litzateke lehen bezain emankor egitea; baina kopurua ez balitz murriztuko, eta jabearengandik erregearengana zati bat besterik ez balitz transferituko, bere balioa ez litzateke igoko; zerga kolonietako populazioaren gain eroriko litzateke, eta abantailarik ez litzateke lortuko. Era honetako zergak, Adam Smithek lurzoruko emaitzen gaineko zergei atxikitzen dizkien ondorioak izango lituzke: zerga guztia meategiaren errentaren gain eroriko litzateke. Aurreraxeago joanik, benetan, zergak errenta osoa zurgatzeaz gain, meategiko kapitalistari kapitalaren irabazi normal guztia kenduko lioke, eta ondorioz, urre-ekoizpenetik kapitala erretiratu egingo luke. Urrutirago joanik, zerga handiagoak, meategi onenetako errenta irentsiko luke, eta kapital gehiago erretiratuko litzateke; beraz, kopurua etengabe murriztuko litzateke eta bere balioa igo, eta dagoeneko aipatu ditugun ondorio berdinak izango lituzke: zergaren zati bat Espainiako kolonietako populazioak ordainduko luke, eta beste zatia sortutako ekoizpen berria izango litzateke, ganbio-bitarteko gisa erabiltzen den lanabesaren ahalmena gehituz.
Urrearen gaineko zergak bi motatakoak dira: bata, gaur egun zirkulazioan dagoen urrearen gainekoa eta bestea, meategietan urtero ekoizten den kantitateari buruzkoa. Biek urre-kopurua murrizteko eta bere balioa igotzeko joera dute, baina bere balioa ez da inola ere kantitatea gutxitu arte igoko, eta beraz, honelako zergak iraupen jakinerako dira, hau da, diruaren jabeen artean eskaintza urritu artekoak; azken finean, iraunkorki komunitatearen gainekoa den zatia, meategiaren jabeak errenta-murriztapenaren bidez ordainduko du eta erosleek, Gizartearen beharrak asetzeko erabilitako urre-zatiaren bidez, eta ez zirkulazio-tresna gisa erabiltzen duen zatiaren bitartez.
XIV. Kapitulua
Etxeei buruzko zergak
Urreaz gain, badaude beren kantitateak berehalakoan murriztu ezin daitezkeen beste hainbat merkantzia; prezio-gehikuntzak hauen eskaria gutxitzen badu, merkantzia hauen gaineko edozein zerga jabearen gain eroriko da.
Etxeei buruzko zergak honelakoxeak dira; nahiz eta maizterraren gain ipini, maiz, jabearen gain erortzen dira errentaren murrizketa dela eta. Lurraren ekoizpena urtero kontsumitu eta berrekoiztu egiten da, baita beste merkantzia anitzena ere; beraz, oso epe laburrean eskariaren mailara eraman daitezkeenez, ezin dezakete denbora luzean prezio naturala gainditu. Baina zenbait ikuspegitatik, etxeei buruzko zerga, maizterrak ordaintzen duen errenta-gehigarri gisa kontsidera daiteke; ondoriozko joera, urtero errenta berdineko etxe-eskaria gutxitzea izango da, bere eskaintza urritu gabe. Errenta, beraz, erori egingo da eta zergaren zati bat, zeharka, jabeak ordainduko du.
Adam Smithek dioenez, "Etxe baten errenta bi zatitan bana daiteke; bata, benetako eraikinaren errenta dela esan daiteke eta bestea, normalki, zoruaren errenta. Eraikinaren errenta, etxearen eraikuntzan gastatu den kapitalaren interesa edo irabazia da. Eraikuntzaren gastua gainontzeko jardueren parean ipintzeko, beharrezkoa da errenta hori, lehenbizikoz, kapital hori bera maileguz berme egokian utzirik emango lukeen interesen adinakoa izatea; eta bigarrenik, etxea etengabe egokitzeko atera ahal izatea, edo beste era batera esanda, urte batzuen buruan eraikin honetan enplegatutako kapitala berreskuratu beharko litzateke; beraz, bi alderdi horiek kontuan hartu beharko dira honelako jardueran kapitala enplegatzen denean. Diruaren interesaren proportzioarekiko, eraikitzailearen jarduerak edozein garaitan besteek baino irabazi handiagoa ematen badu, berehala behar den neurrian erakarriko da kapitala, beste jardueretatik irabazi hura bera mailara jaitsi arte. Beste edozein garaitan irabazi-maila, maila honen azpitik badago, beste jarduerek eramango dute kapital-kopuru egokia era erakargarriagotan enplegatzeko, eta honela irabazi haiek igo egingo dira. Edozein izanda ere etxearen errenta guztiaren gainetik dagoen zatia, hain zuzen ere, irabazi nahikoa eta arrazoizkoari aurre egiteko modukoa, gainontzekoa lurraren errenta izango da; eta lurraren jabea eta etxearena pertsona desberdinak direnean, kasu gehienetan, zati hori guztia lehenengoari ordaintzen zaio. Baserrialdeetan, hiritik urruti eta lur asko dagoen tokietan, lurraren errentak oso balio txikia du, nekazaritzarako erabiliko balitz izango lukeena besterik ez. Hiri handi batzuetako auzoetan dauden etxetxoetan, hainbatetan, hori askoz handiagoa da, eta beraz, leku horren berezitasuna edo edertasuna askoz garestiago ordaintzen da. Lurraren errentak orokorki askoz garaiagoak dira hiriburuetan eta etxe hauen oso eskari handia dagoen tokietan, edozein izanda ere eskari hau sortarazten duen arrazoia: merkataritza edo negozioak, atsedena edo gizarteak honela eskatzea, harrokeria edo moda". Etxeen gaineko zerga bat okupatzaileen gain, lurjabearen gain, edo eraikinaren jabearen gain eror daiteke. Zerga hau guztia, kasu gehienetan, hasieratik azken bururaino okupatzaileek ordainduko lukete.
Zerga moderatua baldin bada eta herrialdearen egoera egonkorra edo aurrerakoia dela suposatzen bada, etxe baten okupatzaileak arrazoi gutxi izango du nabarmen garestia kontsideratzeko. Baina zerga altua bada edo beste edozein zirkunstantzia dela eta, etxe-eskaria gutxitzen bada, bere jabearen sarrerak txikiagoak izango lirateke, eta maizterra, hein batean bederen, konpentsatuta geratuko litzateke zerga honekin, errenta apalagoa ordaindu beharko bailuke. Hala ere, zaila da jakitea errenta hori dela eta, maizterrak aurrezten duen zatitxoari dagokion zergak zein proportziotan eragiten dion eraikinaren errentari eta lurzoruarenari. Ziurrenik, lehen begirada batean, biei eragingo lieke; baina etxeak epe luzean suntsitu egiten dira eta gehiago ez lirateke eraikiko egileari irabazi-tasa orokor egokia ematen ez dioten bitartean, eta orduan, denboraldi bat igaro ondoren, eraikinaren errenta berriro finkatuko litzateke bere prezio naturalean. Eraikitzaileak etxeak irauten duen bitartean eskuratzen du errenta, eta egoera txarrenetan ezin lezake denbora luzean zerga-zatirik ordaindu.
Zerga hauen ordainketa, azken finean, maizter eta lurraren jabearen gain eroriko litzateke, baina Adam Smithek dioenez, "ez da batere erraza jakitea zein proportziotan zatitzen den". "Zatiketa hori desberdina izango litzateke baldintza diferenteetan, eta era honetako zergak, baldintza hauen arabera, guztiz desberdin eragin diezaieke maizterrari zein lurzoruaren jabeari"1.
Adam Smithek kontsideratzen du lurraren errentak guztiz egokiak direla zergatzeko: "Biak, hau da, zoruaren errenta eta lurraren ohikoa, antzeko sarrerak dira eta sarritan sarrera horiek jabeak gozatzen ditu batere jaramonik egiteke edo arretarik gabe. Nahiz eta sarrera horiei zati bat kendu estatuaren gastuak estal daitezen, hala ere, horrek ez luke industriaren jarduera motelduko. Gizarteko lan eta lurraren urteko ekoizpena, herriaren aberastasun eta errenta erreala, honelako zerga ipini aurretik edo ostean berdina izan liteke. Zoruaren errenta eta lurraren ohiko errenta dira, beraz, beren berezitasuna dela eta, zerga hobekien jasan dezaketenak". Bestalde, onartu behar da, zerga hauen eragina Adam Smithek aitortutakoa izango litzatekeela; baina, zalantzarik gabe, ez litzateke zuzena izango gizarteko klase berezi baten sarrerak bakarrik zergatzea. Estatuaren gastuak proportzionalki banatu beharko lirateke guztion artean, gizabanako bakoitzak bere bitartekoen arabera; azken hau, azken finean, Adam Smithek aipatutako lau baieztapenetako bat da, zerga-sistemak bete behar duenari buruzkoa hain zuzen. Errenta, sarritan, urte askoren buruan lortu ondoren, eskuratzen dutenek gastatu egiten dute etxeak eta lurrak erosteko; eta zergatze desberdina ezartzea desegokia izango litzateke, sakratua den printzipio baten aurka egongo bailitzateke: jabetzaren seguritatea. Lurraren jabetzaren transmisioak ordaintzera behartzen duen zerga tamalgarria da, zeren eta materialki, zaila egiten baitu lurraren jabetza eskuz aldatzea, eta beraz, lur hori emankorrago bihurtzea. Eta lurra zergatzeko ezin hobea dela kontsideratzen bada, ez litzateke soilik zergatzearen arriskua konpentsatzeko, prezioan jaitsiko, baizik eta bere izaera ezezaguna eta arriskuko balioa ezjakina den heinean, espekulaziorako gai bihurtuko litzateke; merkataritza seriorako baino gehiago, apusturako objektu; beraz, badirudi itxura gehiago hartuko lukeela apusturako, jarduera serioan aritzeko baino; eta bere jabeak lur hori zuhurki erabiltzen duenean ematen ditu emaitza oparoenak, ez bestela.
XV. Kapitulua
Irabaziei buruzko zergak
Luxuzkoak deritzen ondasunen gaineko zergak merkantzia horiek erabiltzen dituztenen gain erortzen dira. Ardoaren gaineko zerga, ardo-kontsumitzaileak ordaintzen du. Atsedeneko zaldien gaineko zerga edo luxuzko gurdien gainekoa, horiez gozatzen dutenek ordaintzen dute, eta gozamenaren proportzio zehatzean gainera. Baina oinarrizko ondasunen gaineko zergak ez dituzte berauen kontsumitzaileek kontsumitutako kopuruaren proportzio berdinean jasaten, baizik eta, maiz gainera, proportzio handiagoan. Laborearen gaineko zergak, lehen ikusi dugunez, ez dio bere ekoizleari eragiten berak eta bere familiak kontsumitzen duen laborearen proportzioan, ekoizle honen kapitalaren irabazi-tasa aldatzen du ordea, eta beraz, bere sarrerei ere eragiten die. Edozein izanda ere alokairuak igotzen dituzten zergatiak, ondorioz kapitalaren irabaziak erortzen dira; beraz, langile batek kontsumitutako merkantzia baten gaineko edozein zergak, irabazi-tasa gutxiarazteko joera sortzen du.
Kapelen gaineko zergak hauen prezioa igoaraziko du; oinetakoen gaineko zergak beren prezioa; eta hau ez balitz honela burutuko, zerga ekoizleak ordainduko luke; bere irabaziak maila orokorretik behera jaitsiko lirateke, eta negozio hori utzi egingo luke. Irabazien gaineko zerga partzialak, zerga erortzen den merkantziaren prezioa igoaraziko luke: adibidez, kapelagilearen irabazien gaineko zergak kapelen prezioa igoaraziko luke, zeren eta beronen irabaziak zergatuko balira, gainontzeko industrietakoak egiteke, kapelen prezioa igotzen ez baldin badu behintzat, irabazi-tasa maila orokorretik behera egongo bailitzateke, eta ondorioz, enplegu hori utziko luke beste batera joateko.
Era berean, nekazariaren irabazien gaineko zergak laborearen prezioa igoaraziko luke; ehungilearen irabazien gainekoak, ehunaren prezioa; negozio guztietako irabaziei zerga proportzionala ipiniko balitzaie, merkantzia guztien prezioak igoko lirateke. Baina gure herrialdeko dirua egiteko erabiltzen den metala hornitzen duen meategia hemen balego, eta horko irabaziak zergatuko balira, ez litzateke merkantzia baten prezioa ere igoko, gizaki bakoitzak bere sarreren proportzio berdina emango luke eta gauza guztiak lehengo horretan geratuko lirateke.
Dirua zergatuko ez balitz, eta beraz, gauza guztiak zergatzen eta beren balioak igotzen diren bitartean, diruak bere balioa gordeko balu, kapelagileak, nekazariak eta ehungileak, kapital berdina enplegatzen eta irabazi berdinak eskuratzen dituztenean, zerga-kopuru berdina ordaintzen jardungo dute. Zerga 100£ balitz, kapela, arropa eta laborearen balioa 100£n gehituko litzateke. Kapelagileak bere kapelekin 1.000£ren ordez 1.100£ irabazten baldin baditu, gobernuari 100£ ordainduko dizkio zerga gisa; eta beraz, berari 1.000£ geratuko zaizkio kontsumorako ondasunak eros ditzan. Baina arropa, laborea eta gainontzeko merkantzia guztiak, arrazoi beragatik prezioz igoko dira, eta orain dituen 1.000£rekin, lehen 910£rekin erdiesten zuena baino gehiago ez du lortuko kapelagileak; beraz, bere zerga-ekarpenak, bere gastuak urrituta egingo dizkio estatuari; zergaren ordainketarekin batera, herrialdeko lurraren eta lanak sortutako ekoizpenaren zati bat gobernuaren esku geratuko da, bera izan beharrean zati horren erabiltzailea. Bere 1.000£ horiek gastatu ordez bere kapitalari eransten badizkio, alokairu-igoera eta lehengai eta makineriaren kostuaren gehikuntza direla eta, oraingo 1.000£ko aurrezki-kopurua lehengo 910£koa baino handiagoa ez dela ikusiko du.
Dirua zergatzen bada, edo beste edozein zergati dela eta bere balioa aldatzen bada, eta merkantzia guztiek lehengo prezio berdina mantentzen badute, ekoizle eta nekazariaren irabaziak lehengo tankerakoak izango dira, hau da, 1.000£koak izaten jarraituko dute; eta biek gobernuari 100£ ordaindu beharko dizkiotenez, beraientzat 900£ besterik ez dira geratuko; horrelaxe, biek herrialdeko lur eta lanak sortutako ekoizpenetik gutxiago lortuko dute, lan ekoizkor zein ez-ekoizkorrean gastatu. Izan ere, berauek galtzen dutena gobernuak irabaziko du. Lehenengo kasuan, zergadunak, oraingo 1.000£rekin, lehen 910£rekin eskuratzen zuen ondasun-kopuru berdina eskuratuko du; bigarren kasuan, gehienez ere, lehen 900£rekin eskuratzen zuen kopurua besterik ez du izango orain, ondasunen prezioa aldatzeke dagoelako eta gasta dezakeen guztia 900£ delako. Hau hala da, kasu bakoitzean zergaren kopurua desberdina delako; lehenengo kasuan, bere sarreren hamaikena besterik ez da, eta bigarrenean hamarrena; bi kasuetan diruak balio desberdina du.
Baina dirua zergatuko ez balitz ere, eta horren balioa aldatuko ez balitz, merkantzia guztien prezioa igo egingo litzateke, baina ez proportzio berdinean; zerga ipini ondoren, ez dute lehen zuten balio erlatibo berdina izango. Liburu honen aurreko atal batean, kapitala zati finko eta zirkulatzailean banatzearen ondorioak eztabaidatu ditugu; edo hobekiago esanda, kapital iraunkor eta galkorrak merkantzien prezioetan duten eraginez hitz egin dugu. Frogatu dugu bi ekoizlek kapital-kopuru berdina enplegatuta, irabazi-kopuru berdina lor dezaketela, baina beren merkantziak diru-kopuru desberdinetan salduko lituzketela, hain zuzen, enplegaturiko kapitala azkarrago edo mantsoago kontsumitu eta berrekoiztuko litzatekeenaren arabera. Batek bere ondasunak 4.000£n sal ditzake, eta 10.000£n besteak, eta bien bitartean biek 10.000£ko kapitala enplega dezakete eta ehuneko 20ko irabazia lortu, hau da, 2.000£. Baten kapitala, adibidez, batetik, berrekoiztua izateko 2.000£ko kapital zirkulatzaileak, eta bestetik, eraikinetan eta makinerian inbertitutako 8.000£ko kapital finkoak osa lezakete; bestearena, aldiz, 8.000£ko zirkulatzaileak, eta eraikinetan eta makinerian inbertitutako 2.000£ko finkoak osa lezakete. Pertsona hauetako bakoitzaren sarrerak ehuneko 10ean, edo 200£n, zergatuko balira, lehenari bere negozioak irabazi-tasa orokorra eman diezaion, bere ondasunen prezioak 10.000£tik 10.200£ra igo beharko luke; bestea ere bere ondasunen prezioa 4.000£tik 4.200£ra igo beharrean egongo litzateke. Zergaren aurretik, ekoizle hauetako batek saltzen zituen ondasunen balioa, besteak saltzen zuenaren balioa baino 2,5 aldiz handiagoa zen; zerga ipini ostean, haien balioa 2,42 aldiz handiagoa izango da, besterik ez; mota batekoa ehuneko 2 haziko da eta bestekoa ehuneko 5. Ondorioz, irabazien gaineko zergak, diruaren balioa aldatzeke mantentzen denean, merkantzien balioa eta prezio erlatiboak aldatuko lituzke. Hau egia izango litzateke zerga irabazien gain ezarri ordez, merkantzien gain ipiniko balitz: merkantzia hauek berauen ekoizpenean enplegatutako kapitalaren balioaren proportzioan zergatuko balira, berdin igoko lirateke, edozein izanda ere beren balioa, eta beraz, ez lukete gordeko elkarrekiko lehen zuten proportzioa. Merkantzia bat 10.000£tik 11.000£ra igoko balitz, ez luke lehen beste batekiko zuen proportzio berdina gordeko, nahiz eta hau, era berean, 2.000£tik 3.000£ra igo. Zirkunstantzia hauetan, edozergatik diruaren balioa igoko balitz, egoera berri honek ez lieke merkantzien prezioei proportzio berdinean eragingo. Zergatiren batek prezioa 10.200£tik 10.000£ra -ehuneko 2 baino gutxiago- jaitsaraziko balu, bestearen prezioa ere 4.200£tik 4.000£ra edo ehuneko 4,75ean jaitsaraziko luke. Biak proportzio desberdinean jaitsiko balira, irabaziak ez lirateke berdinak izango; berdinak izan daitezen, merkantzia baten prezioa 10.000£ zenean, bigarrenarenak 4.000£ izan behar zuen; eta lehenaren prezioa 10.200£ zenean, bigarrenarena 4.200£.
Gertakizun honen kontsiderazioak printzipio garrantzitsu bat ulertzera garamatza, nire ustez, inoiz aintzakotzat hartu ez dena: zergatzerik ez dagoen herrialdean, diru-eskasia edo diru-ugaritasuna dela eta, diruaren balioak aldaketak baldin baditu, merkantzia guztien prezioen gain proportzio berdinean eragingo du; 1.000£ko balioa duen merkantzia 1.200£ra igo edo 800£ra jaitsiko balitz, 10.000£ balio duena 12.000£ra igo edo 8.000£ra jaitsiko da; baina herrialde bateko prezioak zergaren eraginez artifizialki igotzen badira, etorrera egotearen ondoriozko diruaren ugaritasunak, edo esportatzeagatiko diruaren urritasunak, ez du merkantzien prezioen gain proportzio berdinean eragingo; hauetako batzuk ehuneko 5, 6 edo 12 igo edo jaitsiko dira, eta beste batzuk ehuneko 3, 4 edo 7. Herrialde batean zergarik ez balego, eta diruaren balioa eroriko balitz, merkatu guztietako diru-ugaritasunak antzeko ondorioak sortuko lituzke. Haragia ehuneko 20 igoko balitz, ogia, garagardoa, oinetakoak, eskulana eta merkantzia guztiak ehuneko 20 igoko lirateke; hau izan beharko litzateke industria guztien ekiteko modua, irabazi-tasa berdina ziurtatu nahi izanez gero. Baina hauetako merkantziaren bat zergatzen denean, hau ez da beti honela gertatzen; honelakoetan, denak diruaren balioaren proportzioan igoko balira, irabaziak desberdinak izango lirateke; merkantzia guztiak zergatuta dauden kasuan, irabaziak beren maila orokorraren gainetik jarriko lirateke, eta kapitala enplegu batetik bestera igaroko litzateke, irabaziak orekara heldu arte, eta oreka hau emateko modu bakarra, prezio erlatiboa aldatzea litzateke.
Azpimarratu denez, ez al ditu printzipio honek, banku-murrizketak diruaren balioa aldatu duela eta, merkantzien prezioen gain sortuko diren ondorio desberdinak azalduko? Garai hartan dirua, zirkulazioan gehiegi zegoelako baliogaldu zela sostengatzen zutenei, zera objektatu zitzaien, alegia, hala izatekotan, merkantzia guztiek proportzio berdinean igo beharko zutela eta errealitateak, ordea, batzuk besteak baino gehiago aldatu zirela frogatu zuela; prezioen igoera merkantzien balioari zegokion zerbaitek eragiten zuela ondorioztatu zen, eta ez zela diruaren balioaren aldaketak sortua. Badirudi, guk jadanik ikusi dugunez, merkantziak zergatzen diren herrialdean, hauek guztiek ez dutela prezio-aldaketa proportzio berdinean izango, diruaren balioaren igoera edo jaitsiera izanda ere.
Nekazaritzakoak kenduta, negozio guztietako irabaziak zergatuko balira, lehengaiena salbu, ondasun guztien diruzko balioak igoko lirateke. Nekazariak lehen zituen laborezko sarrera berdinak izango lituzke, eta diruzko prezio berdinean salduko luke bere laborea; baina berak ere kontsumitzen duen laborearena kenduta, merkantzia guztiengatik prezio gehigarria ordaindu beharrean egongo denez, hori izango litzateke berarentzat gastuaren gaineko zerga. Diruaren balio-aldaketarekin ere ez litzateke zerga honetatik libratuko; zeren eta diruaren balio-aldaketak zergatutako merkantzia guztiak, lehen zuten preziora jaits bailitezke, eta zergatzeke dagoena lehen zuen preziotik behera helduko litzateke; beraz, nahiz eta orain nekazariak bere merkantziak erosterakoan lehengo prezio berdinak ordaindu, diru gutxiago geratuko litzaioke merkantzia horiek erosteko.
Lurjabea ere egoera berdinean egongo litzateke; izan ere, merkantzia guztien prezioak igoko balira eta diruaren balioa berdin mantenduko balitz, lehen zuen labore eta diruzko errenta berdina izango luke; laborea ere berdina izango luke, baina diruzko errenta gutxiago, baldin eta merkantzia guztiek prezio berdina mantenduko balute: horregatik, kasu batean zein bestean, nahiz eta bere sarrerak zuzenki zergatzeke geratu, zeharka egingo lituzke bere diru-ekarpenak, zergekin osatutako fondo amankomunera.
Baina demagun nekazariaren irabaziak ere zergatzen direla; kasu honetan nekazaria gainontzeko industriarien egoera berdinean egongo litzateke: bere lehengaiak igoko lirateke; beraz, zergak ordaindu ondoren diruzko sarrera berdinak izango lituzke, baina berak kontsumitzen dituen merkantzia guztiengatik prezio gehigarria ordainduko luke, lehengaiak barne.
Bere lurjabea, ordea, egoera desberdinean egongo litzateke; izan ere, lurjabea, maizterrak bere irabazien gain ordaintzen duen zergaz profitatuko litzateke, manufakturatutako merkantzien prezioak igoko balira, prezio gehigarri honekin konpentsatuta geratuko bailitzateke; eta lurjabe honek diruzko sarrera berdinak izango lituzke, diruaren balioa igotzean, merkantzia hauek lehengo prezioan salduko balira. Nekazariaren irabazien gaineko zerga ez dago lurraren ekoizpen gordinaren proportzioan, baizik eta ekoizpen netoaren proportzioan, behin errenta, alokairuak eta gainontzeko gastu guztiak ordaindu direla. 1, 2 eta 3 zenb.ko lursail-mota desberdinak lantzen dituzten nekazariek kapital berdinak enplegatzen dituztenez, irabazi berdinak erdietsiko dituzte, edozein izanda ere batak zein besteak lortuko duten ekoizpen gordinaren kopurua, batek besteak baino gehiago eskura baitezake; eta ondorioz, guztiak berdin zergatuta geratuko dira. Demagun 1 zenb.ko lurraren ekoizpen gordina 180 laurden dela, 2 zenb.koarena 170 laurden eta 3 zenb.koarena 160 laurden, eta bakoitzak 10 laurden ordaindu behar duela zerga gisa; hau da, 1 zenb., 2 zenb. eta 3 zenb.ko ekoizpenen arteko aldeak, zergak ordaindu ondoren lehen bezalakoak izango dira; 1 zenb.ko ekoizpena 170era gutxitzen bada, 2 zenb.koa 160ra eta 3 zenb.koa 150era; 3 eta 1 zenb.ko ekoizpenaren arteko aldea, lehen bezala, 20 laurden izango da, eta 3 eta 2 zenb.koaren artekoa 10 laurden. Zergaren ondoren, laborearen prezioak eta gainontzeko merkantzien prezioek lehen ziren bezalakoak izaten jarraitzen badute, diruzko errentak, baita laborezkoak ere, aldatzeke jarraituko lukete; baina laborearen prezioa eta beste merkantzia guztiena zergaren ondorioz igoko balira, diruzko errenta ere proportzio berdinean igoko litzateke. Laurden bat laborearen prezioa 4£ balitz, 1 zenbakiko lurraren errenta 80£ izango litzateke, eta 2 zenbakikoarena 40£; baina laborea ehuneko 5ean igoko balitz, hau da, 4£ 4s.ra, errenta ere ehuneko 5 igoko litzateke, zeren eta 20 laurdenek 84£ balioko bailukete eta 10 laurdenek 42£; honela, kasu bietan zerga honek ez dio lurjabeari eragingo. Kapitalaren irabazien gaineko zergak, beti, laborezko errenta aldatzeke uzten du, eta beraz, diruzko errenta laborearen prezioarekin batera aldatzen da; baina lehengaiei buruzko zergek, edo hamarrenek, ez dute inoiz errenta aldatzeke uzten, eta oro har, diruzko errenta lehen bezala uzten dute. Liburu honen beste alderdi batean aitortu dudanez, diru-kopuru berdineko lurrari buruzko zerga bat lantzen diren mota guztietako lursailetan ezarriko balitz emankortasunen arteko diferentziak kontuan hartzeke, zerga hori guztiz desberdina izango litzateke bere eragiketan, lursail emankorrenen lurjabearentzat izango bailitzateke irabazia. Honek laborearen prezioa, lur kaskarreneko nekazariak bere gain hartzen duen kargaren proportzioan igoaraziko luke; baina prezio gehigarri hau, lur emankorrenak ekoizpen-kantitate handiagoa ematearen ondoriozkoa denez, lur hori lantzen duten nekazariak ere, beren kontratuak indarrean dauden bitartean profitatuak izango dira, eta gero, berriro ere abantailak lurjabearentzat izango lirateke, errenta gehiago jasoko lukeelako. Nekazariaren irabazien gaineko zerga berdin baten ondorioa, berdina da: diruak balio berdina gordetzen badu, zerga honek lurjabeen diruzko errenta igoarazten du; baina gainontzeko negozioetako irabaziak nekazariarenak bezala zergatzen badira, eta honen ondorioz ondasun guztien prezioak laborearena bezala igotzen badira, orduan, lurjabeak galdu egiten du, bere errenta garestitu diren merkantziak eta laborea erosten gastatuko baitu, eta aldi berean irabazi egiten du, bere errenta igo egin baita. Diruaren balioa igoko balitz, gauza guztien prezioek, kapitalaren irabazien gaineko zergaren ondoren, lehengo mailara erori beharko lukete, eta errenta ere lehen bezalakoa izango litzateke. Lurjabeak diruzko errenta berdina eskuratuko luke, eta errenta horrekin diruzko prezioan lehen erosten zituen merkantzia guztiak lortuko lituzke; honela, nolanahiko baldintzatan ere, lurjabea zergatzeke geratuko litzateke1.
Kasu hau benetan bitxia da. Izan ere, nekazariaren irabaziak zergatzerakoan, bere irabaziak zergatzeke baleude baino karga handiagorik ez diozu ezartzen; eta kasu honetan, lurjabeak interes berezia du bere maizterraren irabaziak zergatuak izan daitezen, baldintza hauek betetzea baita lurjabea zerga ordaintzetik libratzeko modu bakarra.
Kapitalaren irabaziei buruzko zergak kapitalistari berari ere eragingo lioke, merkantzia guztiak zergaren proportzioan igoko balira, nahiz eta bere korbonak zergatzeke jarraitu; baina diruaren balioan aldaketa eman dela eta, merkantzia guztiak ohiko preziora itzuliko balira, kapitalistak ez luke zerga gisa ezer ordainduko; merkantzia guztiak prezio berdinean erosiko lituzke, eta diruzko korbona berdina jasoko luke.
Onartzen badugu ekoizle bakar baten irabaziak zergatu ondoren bere ondasunen prezioa igoko litzatekeela, honela gainontzeko ekoizleen parean jarriz, eta ekoizle biren irabaziak zergatzen badira, bi mota desberdineko merkantzien prezioek igo behar dutela, ez dakit nola eztabaida daitekeen ekoizle guztien irabaziak zergatzen badira merkantzia guztien prezioak igoko liratekeela, kontuan hartzen baldin badugu behintzat, diruz hornitzen gaituen meategia herrialde honetan dagoela eta zergatzeke jarraitzen duela. Baina dirua, edo diru estandarra, atzerritik inportatzen bada, ondasun guztien prezioak ezin litezke igo, zeren eta honelako ondorioa ezin bailiteke diru-kantitate2 gehigarririk gabe eman, eta kantitate hau ezin liteke lortu ondasun garestien truke, 79. orrialdean ikusi denez. Hala ere, igoera hori emango balitz, ezingo luke luze iraun, zeren eta eragin boteretsua izango bailuke kanpo-merkataritzan. Inportatutako merkantzien ordez, merkantzia garesti hauek ezin litezke esporta, eta beraz, denboraldi batean zehar erosten jarraituko genuke, nahiz eta salmentak bertan behera geratu; eta dirua zein urrea esportatu beharko genuke, merkantzien prezio erlatiboak lehengoen antzekoak izan arte. Guztiz ziurra deritzot irabazien gain ongi araututako zerga batek, bertako zein atzerriko merkantziak, zerga hori ezarri baino lehenago zuten diruzko prezio berdinera eramango lituzkeela defenditzeari.
Lehengaiei buruzko zergek, hamarrenek, alokairuen gaineko zergek eta langilearen oinarrizko ondasunen gainekoek, alokairuak igo, eta beraz, irabaziak gutxituko dituzte, eta guztiak ondorio berdinak lagunduta burutuko dira, nahiz eta ondorio hauek maila desberdinetakoak izan.
Bertako ekoizpena hobetzen duen makineri aurkikuntzak, beti, diruaren balio erlatiboa igoarazteko joera sortzen du, eta beraz, bere inportazioa sustatu egiten du. Zerga guztiek, nekazaritza zein industriako gastu-igoera guztiek bezala, aldiz, diruaren balio erlatiboa gutxiarazteko joera sortzen dute, eta beraz, bere esportazioa sustatu egiten dute.
XVI. Kapitulua
Alokairuen gaineko zergak
Alokairuen gaineko zergek alokairuak igoaraziko dituzte, eta beraz, kapitalaren irabazi-tasa gutxitu egingo dute. Guk jadanik ikusi dugu oinarrizko ondasunen gaineko zergak beren prezioak igoaraziko dituela eta hauei alokairuen igoera batek jarraituko diela. Oinarrizko ondasun eta alokairuen gaineko zergen arteko desberdintasuna, honetan datza: lehenengoari, derrigorrez, oinarrizko ondasunen prezioak jarraituko dio, eta bigarrenari ez; honen ondorioz esan daiteke, alokairuen gaineko zerga ez duela ordaintzen ez kapitalistak, ez lurjabeak, ezta beste gizarte-klaseek ere, ugazabak baizik. Alokairuen gaineko zerga irabazien gainekoa bezalakoa da erabat; oinarrizko ondasunen gaineko zerga, partzialki, irabazien gainekoa da eta partzialki kontsumitzaile aberatsen gainekoa. Honelako zergek sortuko dituzten azken ondorioak, irabazien gaineko zerga zuzenak sortutako haien antzekoak dira.
"Lehenengo liburuan frogatzen saiatu naizenez", dio Adam Smithek, "behe-mailako langile-klaseen alokairuak, edozein lekutan, bi zirkunstantzia desberdinen arabera erregulatzen dira: eskulan-eskaria eta bizirauteko ondasunen ohiko prezio edo batezbestekoa. Eskulan-eskaria gehikorra, egonkorra edo murrizkorra bada, edo eskulan-eskari horrek populazio hazkorra, egonkorra edo murrizkorra behar badu, berak erregulatzen du langilearen biziraupena, eta liberala, moderatua edo eskasa den erabaki. Bizirauteko ondasunen ohiko edo batezbesteko prezioak finkatzen du langileari ordaindu behar zaion diru-kantitatea, urte batean eta bestean bizirauteko nahikoa, moderatua edo eskasa eros ditzan. Eskulan-eskaria eta bizirauteko ondasunen prezioa berdin mantentzen diren bitartean, lan-alokairuen gaineko zuzeneko zerga batek ezin dezake beste ondoriorik izan, ondasun horien prezioa, zerga horren neurria baino zertxobait gehiago altxaraztea baino".
Proposamen honi, Smith jaunak hemen honela aurreratzen duenari, Buchanan jaunak bi objekzio egiten dizkio: lehenik, ukatu egiten du lanaren alokairuek oinarrizko ondasunen prezioak erregulatzen dituztenik; eta bigarrenik, ukatu egiten du lanaren alokairuen gaineko zergak lanaren prezioa igoko lukeenik. Lehenengo puntuari buruz, Buchanan jaunaren argudioa honako hau da (59. orr.): "Alokairuak, jadanik azpimarratu denez, ez dira dirua, diruak eros ditzakeen gauzak baizik, hau da, bizirauteko ondasunak eta beste beharrizanak; eta fondo amankomunetik langileari emango zaion diru-kopurua, beti, eskulan-eskaintzaren proportzioan dago. Hornigaiak merkeak eta ugariak diren tokian, bere zatia handiagoa izango da; eta hornigai horiek urriak eta garestiak diren lekuan, zati hori txikiagoa. Bere alokairuek beti zati juxtua emango diote, eta ezin diezaiokete gehiago eman. Hau iritzi bat besterik ez da, hain zuzen, Smith doktoreak, beste idazle askok bezala, bere egin zuena, eta iritzi honen arabera, lanaren diruzko prezioa hornigaien diruzko prezioek erregulatzen dute, eta honen ondorioz, hornigaien prezioak igotzen direnean, alokairuak ere proportzio horretan igotzen dira. Baina argi dago lanaren prezioak ez duela derrigorrez loturarik izan behar elikagaien prezioarekin; zeren eta langileen eskari eta eskaintzaren arteko erkaketaren menpe baitago guztiz. Gainera, hornigaien prezio garaia, eskaintza desegokiaren adierazgarria denaz ohartu behar gara, eta kontsumoa atzeratzeko xedearekin, gauzen gertakizunen jarduera naturalean azaltzen direnaz. Elikagai-eskaintza urriagoa kontsumitzaile-kopuru berdinaren artean banatuz gero, normala denez, bakoitzarentzat zati txikiagoa geratuko da, eta langileak bere zatia izango du nahi amankomun horretan. Zama hau guztien artean berdintasunez banatzeko, eta langileak lehen zuen askatasunaz bizirauteko ondasunak kontsumi ez ditzan, ondasun horien prezioak gora egiten du. Baina alokairuek, dirudienez, beraiekin batera igo behar dute, langile horrek urritutako merkantzia horietatik lehen adina erabiltzeko; eta beraz, naturak bere xedeen aurka jotzen du: lehenik, elikagaien prezioa igoarazten du kontsumoa murrizteko, eta gero, alokairuak igoarazten ditu langileak lehen bezainbesteko eskaintza izan dezan".
Buchanan jaunaren argudio honetan, niretzat, egia eta okerra nahasturik azaltzen dira. Eskaintza desegokia, batzuetan hornigaien prezioaren igoerak eragiten duelako, Buchanan jaunak eskaintza desegokiaren egiazko adierazgarritzat hartzen du. Berak zergati bakarrari egozten dio gertakizun hori, arrazoiak ugariak izan daitezkeenean. Zalantzarik gabe, egia da eskaintza eskasa den kasuan, ondasun-kopuru urriagoa kontsumitzaile-kopuru berdinen artean banatuko dela, eta beraz, bakoitzari zati txikiagoa dagokiola. Ez-kontsumitze hau guztien artean berdin bana dadin, eta langileak lehengo askatasunaz kontsumi ez dezan, bizirauteko oinarrizko ondasunen prezioa igo egiten da. Buchanan jaunari onartu behar zaio, beraz, eskaintza eskasak oinarrizko hornigaien prezioa garestitzen duela, baina honek ez du esan nahi, kontsumoa atzeratu ahala, derrigorrez, lanaren diruzko alokairuak igoko direnik; berau kontsumitzaileen eros-ahalmena gutxitu ondoren buru daiteke bakarrik. Baina eskaintza urriak hornigaien prezioa igoarazteak -Buchanan jaunak uste duen bezala- ez digu ondorioztarazten prezio altuarekin eskaintza ugaririk egon ez daitekeenik; eta prezio garaia ez litzateke soilik diruarekin alderaturik izango, baita gainontzeko gauza guztiekin erkaturik ere.
Merkantzien prezio naturalak, azken finean, merkatu-prezioa erregulatzen du eta hura ekoizpen-erosotasunaren menpe dago; baina ekoizten den kopurua ez dago erosotasun honen proportzioan. Nahiz eta gaur egun lantzen ipini diren lursailak orain dela hiru mende ipini zirenak baino apalagokoak izan, eta beraz, ekoizpenerako zailtasunak hazi besterik egin ez, nork jarriko luke zalantzan gaur ekoizten den kantitateak orduan erdiesten zena erabat gainditzen duela? Prezio altua eta eskaintza ugaria bateragarriak ezezik, batera ez gertatzea salbuespena ere bada. Beraz, zerga edo ekoizpenerako zailtasuna dela eta, hornigaien prezioak gora egiten badu eta kantitatea ez bada gutxitzen, lanaren diruzko alokairuak igo egingo dira; Buchanan jaunak zuhurki azpimarratu duenez, "lanaren alokairuak ez daude diruz osatuak, diru horrek eros dezakeenaz baizik, hau da, eros ditzakeen oinarrizko ondasunez eta gainontzeko hornigaiez; eta langileari fondo amankomunetik emango zaion guztia, beti, eskaintzaren proportzioan egongo da".
Bigarren puntuari buruz, hau da, ea lanaren alokairuen gaineko zerga batek lanaren prezioa igoko lukeen ala ez, Buchanan jaunak honela dio: "Beharginak bere lanaren ordain egokia jaso ondoren, nola joango da ugazabarengana gero zerga gisa ordaindu behar duen dirua eskatzera? Honelako ondorioa bermatuko duen lege edo giza printzipiorik ez dago. Langileak bere alokairuak eskuratu ondoren, bere esku geratzen dira eta, ahal duen moduan, edozein izanda ere berak dituen zerga-zorrak, zerga-ordainketa oro bere gain geratuko da; izan ere, argi dago ezin dezakeela alokairuak gardenki ordaindu dizkiona behartu, zerga ordain diezaion". Buchanan jaunak onespen handiz aipatzen du, populazioari buruz Malthus jaunak idatzi zuen ondoko pasartea, eta nik oso egokia deritzot berak egindako kritikari erantzuteari: "Lanaren prezioa bere prezio naturalera heltzeko moduan uzten denean, barometro politiko garrantzitsuena da, bizirauteko ondasunen eskari eta eskaintzaren arteko erlazioa ematen duelako; hau da, kontsumituko den kopuruaren eta kontsumitzaile-kantitatearen artekoa; eta batezbestekoa hartzen badugu, nahiz eta halabeharrezko zirkunstantziak alde batera utzi, ezin hobekiago aldarrikatzen ditu gizartearen nahiak populazioarekiko; hau da, edozein izanda ere, gaur egungo populazioa doi-doi manten dadin, ezkontza bakoitzetik sortu behar den haur-kopurua, lanaren prezioa nahikoa izango da kopuru hori iraunarazteko, handiagoa edo txikiagoa, azken batean, langileek bizirauteko duten fondo errealaren araberakoa izango da, fondo hauen egoera egonkorra, aurrerakoia edo atzerakoia izanik ere. Bestalde, honela kontsideratu ordez, borondatez gehi edo gutxi daitekeen zerbait bezala hartuko dugu, gehienbat benetako bakearen eta zuzentasunaren menpe dagoen zerbait bezala. Bizirauteko gaien prezioak aurrera jotzen duenean, eskaria eskaintzarekiko handiegia dela adieraziko du, eta lana lehengo baldintza berdinetan ipintzeko, bere prezioa igo egiten dugu; hau da, eskaria gehitu egiten dugu, eta ondorioz harritu egiten gara bizirauteko gaien prezioak igotzen jarraitzen duelako. Kasu honetan, barometroko merkurioak ekaitza adierazi, eta eguraldi ona eman dezan barometroari presio gehigarria ezarri eta bortxatuko bagenu, gero euria egiten duenean harrituko bagina bezala da".
"Lanaren prezioak gizartearen populazioarekiko beharrizanak azaltzen ditu"; diru hori, populazioa mantentzeko nahikoa izango da, hain zuzen, garai horretan langileak mantentzeko behar diren fondoak izango dira. Zerga baino lehen, langilearen alokairuak populazioaren beharrizanak hornitzeko nahikoa baziren, zerga ezarri ondoren, ez dira eskaintza horretarako nahikoak izango, ez baititu fondo berdinak izango bere familian gastatzeko. Eskulana, beraz, eskariak jarraitzen duelako igo egingo da, eta prezioa igotzea izango da eskaintza ez geratzea lortzeko modu bakarra.
Guztiz normala da zerga ezartzen zaienean, kapela eta maltaren prezioa igotzea; igoera hori eman gabe eskariari erantzutea ezinezkoa izango litzatekeelako egiten dute gora. Gauza bera gertatzen da alokairuei zergak ezartzen zaizkienean, eskulanaren prezioa igo egiten baita; izan ere, honela ez bada, ezin izango da dagokion populazioa mantendu. Ez al du bada Buchanan jaunak hori bera onartzen, esaten duenean langileak oinarrizko ondasunak maila apalenean eskuratzeko adina jasoko balu, ez lukeela murrizketa gehigarririk jasango bere alokairuetan, zeren eta honelako baldintzetan ezin izan bailezake lanean jarrai? Demagun herrialde bateko egoerak langile txiroenak behartzen dituela, ez bakarrik beren arraza mantentzera, baita gehitzera ere; beren alokairuak egoera honen arabera moldatuko dira. Behar den moduan ugalduko al dira zerga bat ezarrita, zerga honek alokairuei zati bat kentzen badie, eta behar-beharrezkoa dutena besterik uzten ez bazaie?
Egia da zergatutako ondasunaren prezioa ez dela zerga horren proportzioan igoko, baldin eta ondasun honen eskaria erori eta kopurua ezin bada gutxitu. Diru metalikoa zirkulazio normalean balego, zerga bat ezarri ostean, bere balioa ez litzateke denbora luzerako zerga honen proportzioan igoko; zeren eta prezio garaiagoarekin eskaria gutxitu egingo bailitzateke, ez ordea bere kantitatea. Zalantzarik gabe, sarritan arrazoi berak alokairuen gain eragiten du: langile-kopurua ezin daiteke berehalakoan gehi edo murritz beraiek mantentzeko eratzen den fondoen proportzioan; baina suposatu dugun kasuan ez dago derrigorrezko lan-eskariaren murrizketarik; eta murrizketa hori ematen bada, ez dauka zergatik zergaren proportzioan gauzatu beharrik. Buchanan jaunak ahaztu egiten du gobernuak zerga honen bidez biltzen duen dirua langileak mantentzeko dela, nahiz eta ekoizkorrak ez izan, baina langileak azken finean. Alokairuak zergatzean lana igoko ez balitz, lana eskuratzeko lehia handitu egingo litzateke, zeren eta kapitalaren jabeek -honelako zergarik ordaindu beharko ez luketenak- lana enplegatzeko fondo berdinak izaten jarraituko bailukete; bien bitartean, zergak eskuratuko dituen gobernuak xede berdinerako fondo gehigarriak izango lituzke. Honela gobernua eta kapitalaren jabeak lehiakide bihurtuko lirateke, eta lehiaketa honen ondorioa lanaren prezioa igotzea izango da. Gizaki-kopuru berdina enplegatuko da, baina alokairu garaiagoak eskuratuko dituzte langile horiek.
Kapitalaren jabeen gaineko zerga bat-batean ezarri izan balitz, haiek langileak mantentzeko zeuzkaten fondoak, gobernuak xede berdinerako zeuzkan fondoak gehitu ziren proportzioan urrituta geratuko ziren, eta beraz, ez zen alokairuen igoerarik egongo. Nahiz eta eskari berdina egon, ez litzateke lehiaketa berdina egongo. Zerga kobratu ondoren, diru-kopuru hori gobernuak berehala beste estatu batera subsidio moduan esportatuko balu, eta beraz, fondo horiek atzerritar langileak, eta ez langile ingelesak -soldaduak, marinelak eta abar- mantentzeko erabiliko balira, eskulan-eskariak murrizketa izango luke eta alokairuak ezingo lirateke igo, zergatuak izan arren. Gauza bera emango litzateke, zerga merkantzia kontsumigarrien gain edota kapitalaren irabazien gain ipiniko balitz, edo diru-laguntza hori emateko fondoa beste edozein eratan erdietsi izan balitz: herrialdean eskulan gutxiago enplegatuko litzateke. Lehenengo kasuan alokairuak ezin daitezke igo; bigarrenean, alokairuek derrigorrez erori egin behar dute. Baina demagun alokairuen gaineko zergaren bidez eskuratzen dena, behin langileei kenduta, ugazabei dohainik ematen zaiela: langileak mantentzeko fondo-kopurua handitu egingo litzateke, baina horrek ez lituzke merkantziak edo eskulana gehituko. Haatik, lana enplegatzen dutenen arteko lehiaketa handitu egingo luke, eta zerga, azken finean, behar den moduan erasanda geratuko litzateke, ez bailukete ez ugazabek, ezta langileek ere galduko. Lehenak lanarengatik gehiago ordaindu beharko luke; bigarrenak eskuratuko lukeen alokairu gehigarria Ogasunari ordainduko lioke zerga moduan, eta gero ugazabarengana itzuliko litzateke. Bestalde, ez da ahaztu behar zergen bidez bildutako dirua, gehienetan, oso era kaskarrean gastatzen dela; diru horrek, azken finean, jendearen erosotasuna eta gozamena kaltetzen ditu, eta normalki kapitala gutxitu edo bere metaketa atzeratu besterik ez du egiten. Kapitala murrizten bada, langileak mantentzeko den fondo erreala ere urritu egiten da, eta beraz, eskulan-eskari erreala gutxitu egiten da. Haatik, alokairuen gaineko zergek, normalki, herrialdeko kapital erreala kaltetu egiten dute, eskulan-eskaria gutxitu, eta ondorioz, nahikoa ziurra da, nahiz eta derrigorrezkoa eta alokairuen gaineko zergaren ondorio berezia ez izan, alokairuak igo egingo liratekeen arren, igoera hori ez litzatekeela zehazki, zerga igo den kopuru berdinekoa izango.
Ikusi dugunez, Adam Smithek erabat onartu du alokairuen gaineko zerga baten ondorioa berauek igotzea izango litzatekeela, gutxienez zerga igo den kopuruan, eta, azken finean, nahiz eta berehala ez izan, lana enplegatzen duenak ordainduko omen luke. Honekin bat gatoz, baina ez ordea gaia tratatzeko moduarekin, ez baikara ados jartzen zerga honen azpiko eragiketari buruz.
"Alokairuen gaineko zerga zuzen batek", dio Adam Smithek, "nahiz eta langileak bere kontura ordaindu ahal izan, ezin liteke esan berak aurreratu duenik, baldin eta eskulan-eskaria eta hornigaien batezbesteko prezioa zerga ipini aurretik eta ondoren berdin mantentzen badira. Honelako kasuetan, zergaz gain, zertxobait gehixeago aurreratu beharko du langilea enplegatzen duen ugazabak. Azken ordainketa, kasu bakoitzean, hainbat pertsonaren gain eroriko da. Zergak eragin lezakeen alokairu-igoera ugazabak aurreratuko luke, eta honek, bere ondasunen prezioa finkatzen duenean, bere irabazietan kargatzeko eskubidea eta beharra izango luke. Honelako zergak herrialdeko eskulanean kausa lezakeen gorakada, nekazariak aurreratu beharko luke, eta honek lehengo langile-kopurua mantendu nahi izatekotan, kapital gehiago enplegatzera behartuta egongo litzateke. Kapital gehigarri hori berreskuratzeko, kapitalaren gaineko ohiko irabaziekin batera, proportzio handiagoa gorde beharrean egongo litzateke, edo gauza bera dena, lurraren ekoizpenaren zati handiagoaren prezioa, eta ondorioz, lurjabeari errenta gutxiago ordaindu beharko lioke. Honelakoetan, alokairu-igoera honen azken ordainketa lurjabeak jasan beharko luke, kapital gehigarri hori aurreratu duen nekazariaren irabazi gehigarriarekin batera. Nolanahi ere, eskulanaren alokairuen gaineko zerga zuzenak, epe luzean, honako bi ondorio hauek eragingo ditu: lurraren errenta gehiago urritzen da eta ekoiztutako ondasunen prezioa gehiago igo, alegia, zerga horren ordez diru-kopuru berdina eskuratzeko, zerga bat lurraren errentaren eta merkantzia kontsumigarrien artean banatuta ipini izan bagenu baino". III. bolumena, 337. orr. Pasarte honetan azaltzen denez, garbi geratzen da, nekazariek ordaintzen dituzten alokairu gehigarriak, azken batean lurjabeen gain eroriko direla, lurraren errenta apalagoa jasoko baitute; baina ugazabek ordaintzen dituzten alokairu gehigarriek, hauek ekoizten dituzten ondasunen prezioa igoaraziko dute, eta beraz, merkantzia hauen kontsumitzaileen gain eroriko dira.
Demagun orain gizarte bat lurjabe, ekoizle, nekazari eta langileek osatzen dutela; langileak zergarengatik konpentsatuak izango liratekeela onartzen dugu; baina zeinek ordaindutakoa? Nork ordainduko luke lurjabeen gain eroriko ez litzatekeen zatia? Ekoizleek ezingo lukete inolako zatirik ordaindu, zeren eta berauen merkantzien prezioak ordaintzen dituzten alokairu gehigarrien proportzioan igo beharko balu, zerga ezarri aurretik zeuden egoeran baino hobekiago egongo bailirateke orain. Ehungile, kapelagile, oinetakogile eta abar, bakoitza gai balitz beren ondasunen prezioa ehuneko 10 igoarazteko -ehuneko 10 hori alokairu gehigarriak konpentsatzeko dela suposatzen bada- eta Adam Smithek dioenez, "ekoizle hauek alokairu gehigarri horiek beren merkantzien prezioan irabazi batekin errekargatzeko eskubide eta beharra izango balute", besteen ondasunetatik lehen bezainbat kontsumitu ahal izango lukete, eta beraz, ez lukete zergarengatik ezer ordainduko. Ehungileak bere kapela eta oinetakoak garestiago ordainduko balitu, bere ehuna salduta gehiago eskuratuko luke; eta kapelagileak ehuna eta oinetakoak garestiago ordainduko balitu, gehiago eskuratuko luke ere bere kapelak saltzerakoan. Beraz, ekoiztutako merkantzia horiek guztiak lehen bezainbesteko onura atereaz erosiko lituzkete, eta era berean, laborearen prezioa ez litzateke igoko, nahiz eta hau Smith doktorearen ustea izan; beren erosketak egiterakoan diru-kopuru handiagoa jarri beharko dute, baina zerga honen ondorioz ez lirateke kaltetuak geratuko, profitaturik baizik.
Beraz, langile eta ekoizleek ez lukete honelako zergarik ordainduko; nekazariak errentaren beherakada batekin ere konpentsatuak baleude, lurjabeek zergaren zama osoa eraman ezezik, ekoizleen irabaziak ere gehiarazi egingo lituzkete. Horretarako, herrialde honetan kontsumitu beharko lirateke merkantzia guztiak, zeren eta honen gain ezarritako prezio gehigarria, lantegietako langileek ordaintzen duten jatorrizko zerga baino zertxobait gehixeago baita.
Dena den, ez zaigu ukatuko ehungilea, kapelagilea eta gainontzeko ekoizleak besteen ondasunen kontsumitzaile direnik; ez zaigu ere ukatuko langile guztiak direla xaboi, ehun, oinetako, kandela eta beste zenbait merkantziaren kontsumitzaile; ezinezkoa da, beraz, mota honetako zergen zama guztia, lurjabeen gain besterik ez erortzea.
Baina langileek zergaren zatia ordaintzen badute, eta gainera ekoiztutako merkantzien prezioak igotzen badira, alokairuek igo egin beharko dute; honela, zergak eta ekoiztutako oinarrizko ondasunen prezio-igoera konpentsatuko dira, prezio-igoera honek nekazal eskulanari eragiten dionez, errentaren beherakada eragingo baitu; eta industriako eskulanari dagokionean ere, ondasunen prezio-igoera kausatuko du. Ondasunen prezio-igoera honek, berriro ere, alokairuen gain eragingo du, eta akzioa eta erreakzioa, lehenbizi alokairuena ondasunen gain, eta gero ondasunena alokairuen gain, mugarik gabe hedatuko da. Teoria hau oinarritzen deneko argudioak zentzugabeko ondoriotara garamatza, eta horregatik, edonor ohar daiteke berehalakoan, printzipio honek ez duela nondik heldu.
Errenta eta oinarrizko ondasunen prezioa igotzeak kapitalaren irabazien gain eta lanaren alokairuen gain sortzen dituen ondorio guztiekin gertatzen den bezala, gizartearen bilakaera normalean eta ekoizpenak duen zailtasun hazkorrean, zergak eragindako alokairu-igoera batek ere ondorio berdinak sortuko ditu; eta beraz, zergak, langilearen gozamenak, ugazabarenak bezalaxe, murriztu egingo ditu; hau, diru-kopuru berdina jasotzen duen edozein zergarekin gertatzen da, azken finean langileak mantentzeko fondoa urritu besterik ez baita egiten.
Adam Smithen okerra, lehenbizi, nekazariak ordaintzen dituen zerga guztiak lurjabearen gain erortzen direla suposatzean datza, honen errentatik kendu egiten dela uste baitu. Gai honetaz jadanik luze aritu naiz eta uste dut irakurlearentzat garbi geratuko zela. Izan ere, errenta ordaintzen ez den lursailetan kapital ugari enplegatzen da, eta hain zuzen, kapital honetatik erdiesten diren emaitzak direnez lehengaien prezioa erregulatzen dutenak, errenta horretatik ezin daiteke ezer ken; ondorioz, alokairuen gaineko zergak ez dio nekazariari inolako konpentsaziorik emango, eta ematekotan, lehengaien prezioa igo delako izan beharko luke.
Zergek nekazaria desberdin zamatzen badute, honek lehengaien prezioa igo ahal izango du, honela beste jardueretan ari direnen parean jarriz; baina alokairuen gaineko zerga batek nekazari horri ez balio eragingo beste edozein jardueratakoari baino gehiago, orduan, ezin liteke lehengaien prezio altuagoarekin konpentsa; laborearen prezioa igoaraztea bultzatzen duen arrazoi berak, hau da, zergarengatik bere burua konpentsatzeak bultzatuko luke ehungilea ehunaren prezioa igotzera, hala nola oinetakogilea, kapelagilea eta abar, oinetakoena, kapelena eta abarrena.
Hauek guztiek beren ondasunen prezioa igo badezakete, harik eta zerga hori irabaziekin konpentsatu arte: denak bata besteen merkantzien kontsumitzaile direnez, begi-bistakoa da zerga hori, azken finean, ezingo litzatekeela inoiz ordaindu; nor izango litzateke bere ordaintzailea, guztiek konpentsatzen badute beren ordainketa?
Espero dut, beraz, frogatu izana edozein zergaren eragina alokairuak igotzea bada, horren ondorioz irabaziak murriztuko direla, eta beraz, alokairuen gaineko zerga, benetan, irabazien gaineko zerga dela.
Lan eta kapitalaren ekoizkina alokairu eta irabazien artean banatzen dela ziurtatzen duen printzipioa -azaltzen saiatu naizena- niretzat arras egiazkoa da, berehala ematen diren ondorioak salbu, eta horrek pentsarazten dit, garrantzi handirik ez duela zergak kapitalaren irabaziei edo alokairuen gain ezartzeak. Kapitalaren irabaziak zergatzen badira, ziurrenik, langileak mantentzeko fondoen hazkunde-tasa aldatu egingo litzateke, eta alokairuek fondo horiekiko proportzioa galduko lukete, altuegiak izateagatik. Alokairuak zergatuko balira, langileari ordaindutako kopuruak ere fondoarekiko proportziorik ez luke izango, apalegia izango bailitzateke. Kasu batean diruzko alokairuak erortzen direlako eta bestean igotzeagatik, irabazi eta alokairuen arteko oreka naturala berreskuratuko litzateke. Alokairuen gaineko zerga, beraz, ez da lurjabearen gain erortzen, baizik eta kapitalaren irabazien gain: "Ekoizleari ez dio eskubiderik, ez obligaziorik ematen, zerga hori bere merkantzien prezioan irabazien bidez sartzeko", zeren eta hau ez baita beren prezioa handitzeko gai izango, eta beraz, zerga guztia berak ordaindu beharko du, inolako konpentsaziorik gabe gainera1.
Alokairuen gaineko zergaren ondorioa nik azaldu dudana bada, begi-bistakoa da Smith doktoreak egiten dien zentsura ez dela bidezkoa. Izan ere, zerga hauei buruzko ohar hau egiten du: "Zerga hauek eta antzeko beste batzuek lanaren prezioa igoaraztean, Holandako industria gehiena lur jota utzi omen dute. Antzeko zergak, nahiz hain zamatsuak ez izan, Milanaldean, Genevako estatuan, Modenako dukerrian, Parma, Plazentzia eta Guastallako dukerrietan indarrean daude, baita elizaren estatuetan ere. Ospe handiko frantziar autore batek bere estatuko finantzak erreformatzea proposatu du, eta indarren dauden zerga batzuen ordez, hondagarriena den hau ezarri nahi du. Ez dago gauza hain zentzugabekorik, -dio Zizeronek-, nahiz batzuetan zenbait filosofok ez onartu". Beste pasarte batean honela dio: "Oinarrizko ondasunen gaineko zergek lanaren alokairuak igo egiten dituztenez, derrigorrez, merkantzia guztien prezioak igoarazten dituzte, eta beraz, beren salmenta eta kontsumoa gutxitu". Hauek ez lukete egiten zaien zentsura jaso beharko, nahiz Smith doktorearen printzipioa zuzena izan, eta honelako zergek ekoiztutako merkantzia guztien prezioak igoarazi; zeren eta honelako ondorioa behin-behinekoa izango bailitzateke eta ez bailuke kanpo-merkataritzan desabantailarik sortuko. Edozein arrazoik ekoiztutako merkantzia gutxi batzuen prezioa igoaraziko balu, beren esportazioa urritu edo eragotziko luke; baina arrazoi berak merkantzia guztien gain eragingo balu, ondorio guztiz nominala izango litzateke eta ez luke bere balio erlatiboaren gain eragingo, ezta ere trukezko merkataritza burutzeko gogoa gutxituko, trukezko hau, azken finean, merkataritza oro baita, kanpokoa zein barnekoa.
Jadanik frogatzen saiatu naiz edozein arrazoi dela eta merkantzia guztien prezioak igotzeak eta diruaren balioa erortzeak antzeko ondorioak dituztela. Diruaren balioa erortzen bada, merkantzia guztien prezioak igo egiten dira; eta ondorio hori herrialde batera mugatzen bada, bere kanpo-merkataritzari eragingo dio, zerga orokor bat ezarri ondoren merkantzia guztien prezioa igo bailitzan izango baita; eta beraz, herrialde batera mugatutako diruaren balio apalaren ondorioak aztertzen baditugu, herrialde batera mugatutako merkantzien prezio altuaren ondorioak aztertzen arituko gara ere. Adam Smith guztiz oharturik zegoen kasu bi hauen arteko antzekotasunaz, eta behin eta berriz sostengatzen zuen diruaren edo, berak zioenez, zilarraren balio apala Espainian, kanpora eramatea galaraztearen ondorioz, erabat kaltegarria izan omen zela Espainiako industria eta kanpo-merkataritzarentzat. "Baina egoera zein herrialde berezi baten erakunde politikoen ondoriozko zilarraren baliogaltzea, herrialde honetan bakarrik gertatzen da, eta ondorio handiko gaia da, inor aberastu ordez, txirotu besterik ez baitu egiten. Merkantzia guztien diruzko prezio-igoera arras berezia da herrialde honetan, eta egoera honek, hein handi edo txikiagoan, bertako industria adoregabetu egiten du; horregatik, beste herrialdeei erraztu egiten die zilar-kopuru txikiagoren truke ia era guztietako ondasunak herrialde horretara eroatea, bertako beharginek hain zilar gutxiren truke ezin ditzaketenean egin, eta beraz, beren prezioaren azpitik saldu behar dituzte, ez bakarrik kanpoan, baita barne-merkatuan ere". II. Bolumena, 278. orr.
Herrialde bateko zilarraren balio apalaren eragozpen bat, nire ustez bakarra gainera, behartutako ugaritasunaren ondorioz datorrena da, Smith doktoreak trebezia handiz azaldu digun bezala. Urre eta zilarretan merkataritza librea balitz, urrea eta zilarra ez lirateke ezeren truke joango kanpora, bai ordea balio berdineko ondasun baten edo bestearen truke. Pertsona nagiek -kontsumitzen dutenaren ordez ezer ekoizten ez dutenak-, kontsumituko dituzten ondasunak ez dira guztiak gai garestiak eta luxuzkoak izango. Pertsona nagi horien aberastasun erreala eta errenta gehituko ez direnez urre eta zilarraren aparteko esportazio hau dela eta, beren kontsumoa ere ez litzateke gehituko. Ondasun hauetatik gehienak edo hauen kopuru handia, pertsona langileak enplegatzeko eta mantentzeko materialak, erremintak eta hornigaiak izango dira; izan ere, pertsona hauek kontsumitutako horien balio guztia berrekoiztuko lukete, irabaziarekin gainera. Gizarteko kapital geldiaren zati bat, honela, kapital aktibo bihurtuko litzateke eta lehen enplegatzen zena baino lan gehiago ipiniko luke mugimenduan".
Merkantzien prezioak igotzen direnean metal bitxien merkataritza librea onesten ez delako, bai zerga bat ezartzeagatik, baita metal bitxi horiek herrialdean sartzeagatik ere, gizarteko kapital geldia jardueran ipintzea eragozten da -lan gehiago enplegatzea eragozten da-. Baina hau da oker guztia, besterik ez, eta oker hori ez da inoiz iritsiko zilarraren esportazioa onartu edo baimendu egiten duen herrialdera.
Herrialdeen arteko ganbioa parean mantentzen da guztiek beren merkantziak zirkulatzeko behar duten diru-kantitate zehatza dutenean, gauza guztien egoera kontuan hartuta. Metal bitxien merkataritza guztiz librea balitz eta dirua inolako gasturik gabe esportatu ahal izango balitz, ganbioak herrialde guztietan parean egon litezke. Metal bitxien merkataritza guztiz librea balitz -berauek zirkulazioan orokorki erabiliko balira, nahiz eta beren garraioarengatik gastuak ordaindu behar izan- kasu honetan ere ganbioa ezin liteke inoiz garraio-gastu honen neurrian baino gehiago desbidera. Uste dut printzipio hauek guztiok onesten ditugula gaur egun. Herrialde batek diru metalikoan ganbiagaitza den diru-papera erabiltzen badu, eta beraz, estandar finkoren batek erregulatzen ez badu, herrialde horretako ganbioak beren parekotasunetik desbidera litezke; desbideraketa honen proportzioa, bestalde, merkataritza orokorrean esleitu beharko litzatekeen kopuruaren gainetik biderka liteke, diruzko merkataritza librea bailitzan, eta metal bitxiak erabiliko bailiran diru gisa zein diru patroi gisa.
Merkataritza orokorreko eragiketak direla eta, Ingalaterrak jaso beharko lukeen zatia urre-pisu eta -fintasun jakineko 10 milioi libera esterlin balira, eta 10 milioi paper liberaren ordez ipini baziren, aldaketa honek ez lioke ganbioari inola ere eragingo; baina diru-papera jaulkitzeko ahalmena behar dena baino gehiago erabilita, 11 milioi libera ipini badira zirkulazioan, Ingalaterrak ganbioan ehuneko 9 galduko luke; 12 milioi erabiliko balira, ganbio hori ehuneko 16 eroriko litzateke; eta 20 milioi libera balira, ganbioan ehuneko 20 galduko luke Ingalaterrak. Eta efektu hau sortzeko ez da beharrezkoa diru-papera erabiltzea: edozein arrazoi dela eta, zirkulazioan merkataritza libreak behar duena baino libera-kopuru handiagoari eusten bazaio, eta diru zein diru-patroi gisa pisu eta fintasun jakineko metal bitxiak erabili badira, ondorio berdinak sortuko lituzke. Demagun dirua urratua izan dela, eta beraz, legezko libera batek eduki behar lukeen urre- edo zilar-kantitatera ez dela iristen; hala balitz, urratzeke daudenean zirkulatuko luketenak baino libera gehiago beharko dira. Libera bakoitzetik hamarren bat kenduko balitz, hauetako 11 milioi erabil litezke 10 milioiren ordez; bi hamarren kentzen bazaizkio 12 milioi enplega litezke; eta erdia kentzen bazaio, 20 milioi ez lirateke sobera egongo. 10 milioiren ordez azken kopuru hau enplegatuko balitz, Ingalaterran merkantzia bakoitzaren prezioa bikoiztu egingo litzateke lehengoarekin erkaturik, eta ganbioan Ingalaterrak ehuneko 50 galduko luke; baina honek ez luke kanpo-merkataritzan kalterik sortuko eta ez luke ere merkantzien ekoizpena motelduko. Adibidez, Ingalaterran ehuna 20£tik 40£ra igoko balitz, behin igoera hori emanda, lehen bezain erraz esportatuko genuke, zeren eta atzerritar erosleari ganbioan ehuneko 50 konpentsazio moduan emango bailitzaioke; beraz, bere 20£rekin 40£ko zorra ordaintzeko txekea eros lezake Ingalaterran. Era berean, bere herrialdean 20£ kostatzen den merkantzia esportatzen badu, eta Ingalaterran 40£n saltzen badu, berak bakarrik 20£ eskuratuko lituzke, zeren eta Ingalaterrako 40£rekin atzerrian 20£ko txekea besterik ez bailuke erosiko. Ondorioak berdinak izango lirateke negoziotarako 10 milioi nahikoak izan eta, edozein arrazoi dela medio, Ingalaterra zirkulazioan 20 milioi ipintzera behartuta egongo balitz. Metal preziatuak esportatzea galarazten duen zentzugabeko legea indarrean jarri badaiteke, eta galarazpen honen ondorioa, 10 milioiren ordez zirkulaziora 11 milioi urrezko libera jaurtitzea bada, Diruaren Etxean egin berriak, Ingalaterrak ganbioan ehuneko 9 galduko luke; 12 milioi badira, orduan, ehuneko 16; eta 20 milioi badira, ehuneko 50 galduko luke Ingalaterrak. Baina honek ez luke Ingalaterrako industriagintza motelaraziko; bertako merkantziak prezio garaian salduko balira, berdin-berdin gertatuko litzateke atzerriko merkantziekin; prezio garaiek edo apalek ez lukete atzerriko esportatzaile eta inportatzaileentzat garrantzirik izango; alde batetik, hauek behartuta egongo lirateke konpentsazio bat emateko merkantziak prezio garaian saltzen direnean, eta konpentsazio berdina jasoko luke Ingalaterran prezio garaian erosteko behartuta dagoenean. Herrialdeak izan dezakeen desabantaila bakarra, debeku-legeak direla eta, zirkulazioan egokiak ez diren baino urre eta zilar gehiago baleude, kapitalaren zati bat era ez-ekoizkorrean enplegatzea litzateke. Diru-eran, kapital hau ekoizkorra da, baina etekinik gabe; diru hori ganbiatuko litzatekeen material-, makineri eta elikagai-eran aitzitik, etekinak sortuko lituzke eta estatuko aberastasun eta baliabideak handituko lituzke. Haatik, uste dut nahiko argi frogaturik utzi dudala zerga batek sorrarazitako metal bitxien balio erlatiboaren beherakadak, edo beste hitz batzuetan, merkantzien prezio altu orokorrak, ez lukeela estatuko ekonomia kaltetuko, zeren eta metalen zati bat esportatu egingo bailitzateke, eta honek beronen balio erlatiboa igoaraziko luke, gero, berriro, merkantzien prezioak jaits daitezen. Are gehiago, metal hauek esportatuko ez balira, debeku-legea dela eta herrialdean gerarazi badaitezke, ganbioaren gaineko ondorioak orekatu egingo lituzke prezio garai horiek sortarazitako ondorioak. Beraz, oinarrizko ondasunen eta alokairuen gaineko zergek, ez lituzkete igoaraziko lana enplegatu deneko merkantzia guztien prezioak, eta horregatik ezin daitezke gaitzets; horrez gain, nahiz Adam Smithek emandako iritzia zuzena izan eta haien ondorioa ondo azterturik egon, hala ere, ez lirateke kaltegarriak izango. Arrazoi horregatik ez lirateke beste edozein zerga baino zalantzagarriagoak izango.
Lurjabeak, gehienez ere, zerga ordaintzetik libre geratuko lirateke; baina lorazaina, zerbitzaria eta abar, zuzenean enplegatzen dituztenez eta beren errentak jarduera horietan gastatzen dituztenez, nolabait ere zergari atxikirik geratuko lirateke.
Zalantzarik gabe, egia da "luxuzko zergek ez dutela eraginik gainontzeko merkantzien prezioa igoarazteko, zergatutako merkantziena alde batera utzita"; baina ez da egia, "oinarrizko ondasunen gaineko zergek, lanaren alokairuak igoarazi egiten dituztenik eta, derrigorrez, merkantzia guztien prezioak igoaraziko dituztenik". Egia da "luxuzko zergek, azken finean, zergatuta dauden ondasun hauen kontsumitzaileek ordaintzen dituztela, inolako konpentsaziorik gabe gainera. Hauek era guztietako sarreren gain, lanaren alokairuen gain, kapitalaren irabazien gain eta lurraren errentaren gain eroriko dira". Baina ez da egia "oinarrizko ondasunen gaineko zergak, langile txiroen gain eragina dutenez, azken batean lurjabeek ordainduko dituztenik, partzialki bederen, beren lurren errenta murrizturik, eta partzialki, kontsumitzaile aberatsak, lurjabe gisa edo beste nolanahi ere, fabrikatutako ondasunen prezioa aurreratzen dutenean"; zeren eta zerga hauek langile txiroen gain eragina dutenez, ia zerga guztiak kapitalaren irabaziak apalduta ordainduko baitira, eta beroien zati txiki bat langileek ordainduko dute, eskulan-eskaria urritu egingo baita, eta hau da, hain zuzen, edozein zergak sortarazten duen ondorioa.
Smith doktoreak ikuspuntu okerra erabili du eta horrek ondorio erratura eraman du honakoa esatean: "Klase ertainek eta goikoek, beren interesak ondo ulertzen badituzte, beti, oinarrizko ondasunen gaineko zerga guztien aurka egon behar dute, baita lanaren alokairuen gaineko zerga zuzenen aurka ere". Ondorio honetara bere burutazio honetatik heltzen da: "Bi zergen azken ordainketa bi klase horien gain erortzen da, eta beti gainkarga kontsideragarria dauka. Batez ere lurjabeen gain erortzen dira biak2 gogorki, ordaintze-ahalmena bikoizten baitute; batetik lurjabe bezala errenta urritzen zaielako, eta bestetik kontsumitzaile aberats bezala beren gastuak gehitzen direlako. Sir Matthew Deckeren oharrak adierazten du zenbait zerga prezio baten gain lau edo bost bider errepikatu eta metatu egiten direla, eta hau hala gertatzen da zerga horiek oinarrizko ondasunen gain ezartzen direnean. Adibidez, larruaren prezioan ez da bakarrik zure oinetakoen larruaren gaineko zerga ordainduko, baita oinetakogile eta larruontzaileei dagokiena ere. Oinetako horiek egiten enplegatzen diren langileek kontsumitzen dituzten gatz, xaboi eta kandelen gaineko zerga ere ordaindu beharko duzu, eta oinetakogile eta larruontzaileentzat lana egiterakoan xaboi-, gatz- eta kandela-ekoizleek larruarengatik ordaintzen duten zergaren zati bat ere ordaintzen duzu".
Orain Adam Smithek gatzagileak, larruontzaileak, xaboigileak eta kandelagileak larru, gatz, xaboi eta kandelen gaineko zergaz profitatuko direnik mantentzen ez duenez, eta Ogasunak ezarritako zerga baino gehiago ez duela eskuratuko egia denez, ezin daiteke zergadunek gehiago ordain dezaketenik pentsa, edozein izanda ere ezarriko zaien zerga. Kontsumitzaile aberatsek kontsumitzaile txiroen ordez ordain dezakete, eta benetan honela egingo dute, baina hauek ez dute ordainduko zerga-kopuru oro baino gehiago; eta ez dago gauzen izaeran "zerga lau edo bost bider errepikatu eta metatu behar izatea".
Zerga-sistema bat akasduna izan daiteke; gerta daiteke estatuaren kutxetara heltzen dena baino gehiago kobratzea herritarrei, prezioen gain duen efektuaren eraginez, zergak ezartzeko modu bereziak hauez profitatzen direnek jasotzen dituztelako. Zerga hauek kaltegarriak dira eta ez lirateke adoretu beharko, zeren eta printzipio bezala har baitaiteke, zergen eragina zuzena denean, Smith doktorearen lehenengo maximoarekin bat datozela, eta beraz, jendearen patriketatik ateratzen den dirua eta altxor publikora sartzen denaren arteko diferentziak ahal den txikiena izan behar duela. Say jaunak dioenez, "beste batzuek finantz planak eskaintzen dituzte eta bitartekoak proposatzen dituzte erregearen kutxak bete daitezen, bere menpekoei kargarik egin gabe. Baina finantz planak ez baldin badu merkatal enpresaren izaera hartzen, beste nolanahi izanda ere, ezin diezaioke gobernuari, gizabanakoengandik edo gobernuarengandik jasotzen dena baino gehiago eman. Ezin daiteke hutsetik ezer atera makilatxo miragarria erabilita. Edozein izanda ere eragiketak har dezakeen bidea, edozein izanda ere balioak har dezakeen itxura, edozein izanda ere egin dezakegun itxuraldaketa, balioa eduki ahal izateko guk sortu behar dugu, edo bestela beste batzuei kendu. Finantz planik hoberena gutxi gastatzean datza eta zerga hoberena, guztien artean txikiena dena da".
Smith jaunak zuzenki eta, nire ustez, uniformeki defenditzen du langile-klaseek ezin ditzaketela materialki estatuaren gastuak ordain. Oinarrizko ondasunen gaineko zerga bat, edo alokairuen gainekoa, txiroengandik aberatsengana transferituko da; beraz, Smith doktorearen esanahia hauxe da: "Zenbait zerga, kasu batzuetan, lau edo bost bider errepikatu eta metatu egiten dira zenbait ondasunen preziotan"; eta xede hori bakarrik burutzen da, hau da, zerga, txiroengandik aberatsengana transferitzen da, eta horregatik ezin gaitzets daitezke.
Demagun kontsumitzaile aberats batek ordaindu behar lukeen zerga-zati zuzena 100£ dela, eta zuzenean ordainduko lukeela zerga hori sarreren gain, ardoaren gain, edo beste edozein luxuzko ondasunen gain balego; hala balitz, ez luke inolako kalterik izango, oinarrizko ondasunak zergatu direla eta, ondasun horiek berak eta bere familiak kontsumitzean 25£ ordaindu beharko balitu; baina zerga hau hiru bider errepikatu beharko da, beste merkantziengatik prezio gehigarria ordaindu behar delako, langileak edo hauen ugazabak ordaintzeko ezarritako zergak aurreratu dituztelako. Kasu honetan ere arrazonamendua ez da erabatekoa; gobernuak behar duena baino gehiago ez bada ordaintzen, zer nolako garrantzia izan dezake aberats batentzat berak zerga zuzenean ordaintzeak, erosten dituen luxuzko ondasunen prezio gehigarrien bidez, edo zeharka ordaintzeak, kontsumitzen dituen oinarrizko ondasun eta beste merkantzien prezio gehigarrien bidez? Hiritarrek gobernuak jasotzen duena baino gehiago ordaintzen ez badute, kontsumitzaile aberatsak bakarrik berari dagokion zatia ordainduko du; hori baino gehiago ordaintzen bada, Adam Smithek nork eskuratuko duen esan behar zuen; baina bere argudioak erroreetan oinarritzen dira, merkantzien prezioak ez bailirateke honelako zergekin igoko.
Ez zait iruditzen Say jauna aipatu printzipio argi honetara erabat atxikitu denik, nahiz eta printzipio hau bere lan nagusitik atera dudan, zeren eta hurrengo orrialdean, zergez mintzatzen denean, honela baitio: "Urrunegi eramaten denean, ondorio kaltegarria sortzen du, zergaburuari bere aberastasunetik zati bat kentzen zaiolako, estatua aberats dadin. Hau da, hain zuzen, ekoizkorra izan ala ez, gizaki guztien kontsumitzeko ahalmena kontuan hartuta uler dezakeguna, azken batean, kontsumitzeko ahalmen hori bere sarrerek mugatuko baitute. Gizaki hori ezin daiteke bere sarrerak murriztera bortxatu bere kontsumoa proportzionalki gutxitzera behartzeke. Horren ondorioz orain arte kontsumitzen zituen ondasun horien eskari-murrizketa sortzen da, ondasunak ez baititu lehen bezala kontsumitzen, eta zerga ezarri zaien ondasunen kontsumoa gehitzen da batez ere. Eskari-murrizketa horretatik ekoizpen-murrizketa dator, eta ondorioz, merkantzia zergagarriena. Zergaburuak, beraz, bere gozamenen zati bat galduko du; ekoizleak irabazien zatia; eta altxor publikoak bere sarreren zatia".
Say jaunak Frantziako iraultza aurreko gatzaren gaineko zerga jarri digu adibidetzat: berak dioenez, gatzaren ekoizpena erdira erori omen zen. Baina gatz gutxiago kontsumitzen bazen, kapital gutxiago enplegatzen zen hori ekoizteko; eta beraz, nahiz eta ekoizleak gatzaren ekoizpenean irabazi apalagoak lortu, gehiago erdietsiko zituen beste gauza batzuen ekoizpenean. Zerga batek, nahiz zamatsua izan, errentaren gain erortzen bada, eta ez kapitalaren gain, ez du eskaria murrizten, bere izaera bakarrik aldatzen du. Zerga honek, bestalde, gobernua kontsumi dezan gaitzen du, herrialdeko lur eta lanaren ekoizpenetik zergak ordaintzen dituzten gizabanakoek lehen kontsumitzen zuten adina; eta zerga hau nahikoa kaltegarria da gehiago errekargatu gabe ere. Nire urteko sarrerak 1.000£ badira, eta urteko zerga gisa 100£ ordaindu behar baditut, lehen kontsumitzen nituen ondasunen bederatzi hamarren eskatu ahal izango ditut; baina gobernua gaitzen dut geratzen den beste hamarrena eska dezan. Zergatutako merkantzia laborea bada, ez da beharrezkoa labore horretatik egiten dudan eskaera murriztea, zeren eta nik nahiago izan baitezaket labore horrengatik urtean 100£ gehiago ordaintzea, eta proportzio horretan nire ardo-, altzari-eskaria gutxitzea, edota beste edozein luxuzko merkantziarena3. Ondorioz, kapital gutxiago enplegatuko da ardoaren industrian edo zurgintzan, baina gehiago enplegatuko da gobernuak zerga ezarri duen merkantzia ekoizten den industrian.
Say jaunak dio Turgot jaunak Pariseko arrain-merkatuko eskubideak (les droits d’entrée et de halle sur la marée) ehuneko 50ean jaitsi zituenean, ez zela beren ekoizpen-kopurua gutxitu, eta ondorioz, arrainaren kontsumoak bikoiztu behar izan zuela. Say jaunak hortik ondorioztatzen du arrantzale eta industria horretan jarduten dutenen irabaziek ere bikoiztu behar dutela, eta herrialdeko sarrerek gehitu behar dutela, irabaziak gehitu diren heinean; metaketari bultzada ematen zaio eta estatuaren baliabideek ere gehitu behar dute4.
Zergaren aldaketa agindu zuen politika kritikan ipintzeke, honek metaketa zerbait sustatzen duenari buruzko zalantzak ditut. Arrain-kontsumoa handiagoa delako, arrantzale eta jarduera honetan ari direnen irabaziak bikoiztuko balira, kapitala eta lana beste jardueretatik erretiratu eta industria honetan enplegatuko lirateke. Baina jarduera haietan kapitalak eta lanak irabaziak ematen zituzten, eta erretiratu ondoren irabaziak emateari utzi zioten. Herrialdearen metatzeko trebetasuna handitzeko modu bakarra, kapital berria enplegatzen zen negozioan lortzen ziren irabazien eta erretiratu zen jardueran erdiesten zirenen arteko diferentziaren araberakoa zen.
Zergak errentatik edo kapitaletik kendu badira ere, estatuko merkantzia zergagarriak urritzen dira. Nik ardoa erosten 100£ gutxiago gastatzen badut eta horren bidez gobernua gaitzen badut nire 100£ren gastua egin dezan, horren ondorioz 100£ balioko merkantziek zergagarri izateari utziko diote. Herrialde bateko gizabanakoen errenta 10 milioikoa bada, hauek erdiets dezaketen ondasunen balioa 10 milioikoa izango da eta gutxienez neurri honetan izango dira ondasun horiek zergagarri. Horietako batzuk zergatuz milioi bat gobernuarentzat transferitzen bada, bere errenta, oraindik eta nominalki, 10 milioikoa izango da, baina merkantzia zergagarrien balioa bederatzi milioikoa izango da. Nolanahi ere, azken buruan zerga ezartzen zaion pertsonaren gozamenak gutxitu egiten dira, eta inola ere ezin daitezke ondorio horiek oreka, baldin eta errenta berriak metatzen ez badira.
Zerga bat ezin daiteke hain berdinki aplika, ondasun guztien balioaren gaineko bere eragina proportzio berdinekoa izan dadin, eta aldi berean beren arteko balio erlatiboa berdina izaten jarraitu. Sarritan zergak zeharkako eragina izaten du, nahiz eta legegilearen nahia honelakoa ez izan. Jadanik ikusi dugu laborearen gain eta lehengaien gain zerga zuzen batek duen eragina, alegia, dirua ere herrialde horretan ekoizten bada, merkantzia guztien prezioa igotzea da, merkantzia horien osaketan lehengai horiek sartzen diren proportzioan, eta honela horien artean zegoen erlazio naturala suntsitu egiten da. Beste zeharkako ondorioa alokairuak igotzea eta irabazi-tasa jaistea da; lan honen beste alderdi batean ikusi dugu ere, alokairuen igoera eta irabazien beherakadaren ondorioa, merkantzia horien diruzko prezioak erorraraztea dela, merkantzia horien ekoizpena, hein handi batean, kapital finko gehiago enplegatuta lortzen bada behintzat.
Jakina da merkantzia bat zergatzen denean ezin daitekeela lehengo irabazpide berekin esporta; sarritan esportazioa saritu, eta inportazio-eskubideak ezartzen dira. Sari eta eskubide hauek merkantzia horien gain jartzeaz aparte, zeharka eragin dezaketen merkantzia guztien gain ere zuhurki ezartzen badira, ez da inolako gora-beherarik izango metal bitxien balioan. Zergatutako merkantzia bat, zerga hori ezarri baino lehenago egiten genuen erraztasunez esportatzea lortuko bagenu, eta inportatzeko erraztasun berezirik ez bagenu, metal bitxiak ez lirateke lehen baino gehiago sartuko merkantzia esportagarrien zerrendan.
Zergatzeko egokien diren merkantzia guztien artean Natura eta Artearen laguntza bereziarekin ekoizten direnak dira. Atzerriko herrialdeei dagokienez, honelako merkantzien prezioa ez du beren ekoizpenean enplegatzen den lan-kantitateak erregulatzen, baizik eta nahikeria, gustua eta erosleen ahalmenaren araberakoa da. Ingalaterrak beste herrialdeek baino eztainu-meategi ekoizkorragoak balitu, edota makineria zein erregai hobeak dituela eta, algodoizko ondasunak ekoizteko erraztasunak balitu, hala ere, Ingalaterran eztainu eta algodoizko ondasunen prezioak, merkantzia horiek ekoizteko enplegatzen den lan- eta kapital-kantitate konparatiboak erregulatuko lituzke; eta geure merkatarien lehiak oso gutxi garestituko lituzke atzerritar kontsumitzailearentzat. Merkantzia horien ekoizpenean dugun abantaila hain erabakiorra izan liteke ziurrenik kanpo-merkatuetan prezio gehigarri handia eraman lezaketela beren kontsumoa materialki gutxitzeke. Prezio hau ezingo zuten inoiz lortu, Ingalaterran lehiaketa librea zen bitartean, esportazioaren gaineko zerga ezarriaz salbu. Honelako zerga bat kanpo-kontsumitzaileen gain eroriko litzateke guztiz, eta Ingalaterrako gobernuaren gastuen zati bat beste herrialdeetako lur eta lanaren gaineko zergetatik aterako litzateke. Tearen gaineko zerga, zein Ingalaterrako herritarrek ordaintzen duten, Ingalaterrako gobernuaren gastuak egiten laguntzeko da, baina Txinak esportatzen duen tearen gainean ezarriko balitz, Txinako gobernuaren gastuak ordaintzeko izan liteke.
Luxuzko ondasunen gaineko zergek zenbait abantaila dute oinarrizko ondasunen gaineko zergekiko. Lehenengoak gehienetan errentatik ordaintzen dira, eta beraz, ez dute herrialdeko kapital ekoizkorra gutxitzen. Izan ere, ardoa asko igoko balitz prezioa zergatzearen ondorioz, jende askok nahiago luke edari honen gozamenei utzi, ardoa erosi ahal izateko bere kapitalean murrizketa garrantzitsu bat egin baino. Zerga horiek prezioarekin guztiz bat datoz, eta zergaburua ia ez da ohartzen zerga ordaintzen ari denaz. Baina badituzte beren desabantailak. Lehenik, ez dira inoiz kapitalaren gain erortzen, eta batzuetan egokia izango litzateke, kapitalak ere, eskakizun publikoak betetzeko ekarpenak egingo balitu; eta bigarrenik, ez dago zergaren kopuruari buruzko ziurtasunik, gerta baitaiteke sarreretara ere ez iristea. Gizaki batek aurreztu nahi badu, ardoaren gaineko zerga ordaintzetik at geratuko da beronen kontsumoa bertan behera utzi duelako. Herrialdeko sarrerak murrizgaitzak izan daitezke eta hala ere, baliteke estatuak ezin izatea zergaren bidez shilling bakarra bildu.
Ohiturak gogoko egin dituen gauzak nekez arbuiatuko dira, eta beraz, kontsumitzen jarraituko dira, nahiz eta zerga astuna eduki; baina honek bere mugak ditu eta eguneroko esperientziak frogatzen du zerga astunaren gehikuntzak, sarritan, ekoizpena murrizten duela. Gizaki batek ardo-kantitate berdina edaten jarraituko du, nahiz eta ardo botila bakoitzaren prezioa hiru shilling igo, baina lau shilling gehiago ordaindu baino, edateari utziko dio. Beste bat prest egongo da lau shilling gehiago ordaintzeko, nahiz eta ez onartu bost shilling ordaintzea. Gauza bera esan daiteke luxuzko ondasunen gaineko gainontzeko zergei buruz: pertsona ugarik 5£ ordainduko lituzkete zaldiak eskaintzen dituen gozamenengatik, baina ez lituzkete ez 10£, ezta ere 20£ ordainduko. Hori ez da ordea, diru gehiago ordaindu ezin dutelako; ez diote horregatik ardo-kontsumoari edota zaldi-erabilpenari uzten, gehiago ordaindu nahi ez dutelako baizik. Gizaki guztiek dute beren buruan beren gozamenak baloratzeko neurria, baina neurri hori giza izaera bezain aldakorra da. Herrialde baten finantz egoera erabat artifiziala bihurtzen denean, nazio-zor handia metatzeko politika burutu, eta ondorioz, bertako hiritarrei zerga astunak ezarri zaizkielako, zergak altxatzeko era horren eraginez, herrialde hori deserosotasun handien arriskuen aurrean egongo da. Luxuzko ondasun guztiak zergatu ondoren, zaldiak, luxuzko gurdiak, ardoa, zerbitzariak eta aberatsentzat zergagarri diren gozamen guztiak zergapean ezarri ondoren, ministraria zerga zuzen gehiago ezartzera bultzaturik egongo da; zerga hauek sarrera eta jabetzaren gainekoak izango dira eta Say jaunaren urrezko esaldi nagusia ahaztu egingo dugu, hain zuzen, "finantz plan guztietatik hoberena gutxi gastatzea dela, eta zerga guztietatik hoberena, kopuru txikiena suposatzen duena dela".
XVII. Kapitulua
Beste merkantzien gaineko
zergak, lehengaienak salbu
Laborearen gaineko zerga batek laborearen prezioa igoaraziko lukeen bezala, beste edozein merkantziaren zergak ere merkantzia horren prezioa igoaraziko luke. Merkantzia ez balitz kopuru berdinean igoko, ekoizleari ez lioke lehen ematen zion irabazi berdina emango, eta honek kapitala beste enplegu batera mugituko luke.
Oinarrizkoak zein luxuzkoak izanik ere, merkantzia guztiak zergatzea, diruak bere balioa aldatzeke mantentzen duen bitartean, gutxienez, zergaren kopuruan igoaraziko ditu prezioak1. Langilearentzat beharrezkoak diren merkantzien gaineko zerga batek sortzen duen ondorioa, laborearen gainekoak alokairuetan sortzen duena bezalakoa izango litzateke; hauen arteko desberdintasun bakarra, laborea oinarrizko ondasunen artean lehenengoa eta garrantzi handienekoa izatean datza; eta kapitalaren irabazi eta kanpo-merkataritzan ondorio berdinak sortuko lituzke. Baina luxuzko zerga batek ondasun horien prezioa igoaraziko luke, besterik ez. Zerga guztia kontsumitzailearen gain eroriko litzateke, eta ez lirateke alokairuak igoko, ezta irabaziak jaitsiko ere.
Herrialde batean zergak gerra sostengatzeko, edo estatuaren ohiko gastuak egiteko ordaintzen badira, eta batez ere ekoizten ez duten langileak mantentzeko erabiltzen badira, herrialde horretako arlo ekoizkorretik ateratzen dira; eta gastu hauetatik egiten den aurrezki guztia, orokorki, sarrerei erantsiko zaie, zergaburuen kapitalari egiten ez bazaio behintzat. Urte bateko gerra-gastuak direla eta, maileguaren bidez 20 milioi biltzen direnean, hogei milioi kentzen zaizkio nazioko kapital ekoizkorrari. Zergen bidez mailegu honen interesak ordaintzeko urtero biltzen den milioia, azken finean, zerga ordaintzen duenarengandik kreditu-emailearengana transferitzen da, alegia, zergaburuarengandik nazioari mailegua egin dionarengana. Gastu erreala hogei milioikoa da, eta horretan ez dira sartzen ordaindu behar diren interesak2. Interesak ordaindu ala ez, herrialdea ez da ez aberatsagoa, ez txiroagoa ere izango. Gobernuak bat-batean hogei milioi zerga-eran jaso izan balitu, kasu honetan ez luke zergen bidez urtero milioi bat biltzeko beharrik izango. Baina honek ere ez luke transakzio honen izaera aldatuko. Gizabanako bati urtero 100£ eskatu ordez, derrigortua izan liteke bat-batean eta behingoz 2.000£ ordaintzera. Honentzat egokiagoa izan liteke 2.000£ maileguan hartzea eta gero urtero mailegu-emaileari interesetan 100£ ordaintzea, bere kapitaletik zuzenean kopuru handi hau ordaindu baino. Kasu batean transakzioa pribatua da: A eta Bren artekoa; beste kasuan, gobernuak Bri bermatzen dio interesen ordainketa, nahiz Ak ordainduko duen. Transakzioa pribatua izan bazen, ez zen eragiketa honen idazki publikorik egongo eta herrialdearentzat berdina izango zen Ak Bri zuzen-zuzenean ordaintzea edo urteroko 100£ beretzat bidegabeki gordetzea. Herrialdeak kontratua behar den moduan betetzea nahiago luke, baina nazio-aberastasunaren ikuspegitik berdina izango litzateke, eta interes bakarra, 100£ horiek Ak ala Bk, bietatik era ekoizkorrenean zeinek enplegatuko lituzkeen izango litzateke; baina gai honetan herrialdeak ez luke ez eskubiderik, ez aukerarik izango arazoa erabakitzeko. Gerta liteke, Ak bere erabilpenerako gordez gero alferrik galtzea, eta aitzitik, Bri ordainduz gero, bere kapitalari gehitu eta era ekoizkorrean enplegatzea. Alderantzizko egoera ere eman liteke; Bk alperrik gal lezake eta, bien bitartean, Ak ekoizkorki enplegatu. Soilik aberastasunaren ikuspegitik izan liteke berdina edo desiragarriagoa Ak ordaindu behar izatea edo ez; baina zuzentasun eta fede onaren printzipioak, baliagarritasun handiagokoak, ez dira printzipio ahulagoen menpe jarriko, eta ondorioz, estatuari afera honetan eskuhartzera eskatuko balitzaio, justizi epaitegiek A kontratua betetzera behartuko lukete. Nazioak bermatzen duen zorra ez da gorago aipatu den transakziotik bereizten. Justiziak eta fede onak eskatzen dute nazio-zorraren interesak ordaintzen jarraitu behar direla, eta ongizate orokorrarengatik beren kapitala aurreratu dutenei, ezin zaizkie beren eskubide zuzenak ukatu, nahiz eta baliagarritasun publikoaren izenean egin.
Baina honez gain, ez da inola ere ziurra baliagarritasun politikoak zerbait irabaziko lukeen osotasun politikoaren sakrifizioarekin; ezin liteke ondoriozta nazio-zorraren interesen ordaina egin gabe geratzen den zatiak, diru hori zor zaienek baino hobekiago enplegatuko lukeenik. Nazio-zorra indargabetu ostean gizaki baten sarrera 1.000£tik 1.500£ra igo liteke, baina beste batena 1.500£tik 1.000£ra jaitsiko litzateke. Bi gizaki hauen sarrerak orain 2.500£koak dira; ez lukete kopuru hori gaindituko. Gobernuaren helburua zergak biltzea bada, kapital eta sarrera berdinak lirateke zergagarri, kasu batean zein bestean. Nazio-zorraren interesen ordainketa ez da, beraz, herrialdea larrialdian jartzen duena; ordainketa honen indargetzeak ere ez luke lasaitasuna ekarriko. Sarreretatik aurreztuta eta gastuak murriztuta besterik ez daiteke nazio-kapitala gehi; sarrerak ez lirateke gehituko, ezta gastuak urrituko ere nazio-zorra kitatu ondoren. Gobernu zein gizabanakoen gastuek eta maileguek txirotzen dute herrialdea; ekonomia publiko eta pribatua sustatzeko edozein neurrik, beraz, miseria publikoa arinduko du; baina okerra eta iruzurra da suposatzea, nazio-zailtasun erreala benetan konpon daitekeela, aurre egin behar liokeen komunitateko klase baten bizkargainetik beste klase baten bizkargainera aldatuta, hain zuzen, ekitate printzipioaren arabera, bere zatia baino gehiagori aurre egin beharko ez liokeen klasearen bizkarrera.
Nik esan dudanetik ez da ondorioztatu behar estatuaren aparteko gastuak finantzatzeko mailegu-sistema egokientzat hartzen dudanik. Sistema honek zuhurtasuna gutxiarazi egiten digu, egoera erreala ezkutatu. Gerratearen urte bakoitzeko gastuak 40 milioi badira, eta gizaki bakoitzari dagokion urteko zatia 100£ badira, gizaki hori bere sarreretatik fite 100£ aurrezten saiatuko litzateke, bere ekarpen zuzena egiteko. Maileguen sistema erabiltzen bada, gizaki hori besterik gabe 100£ horien interesak, edo urteko 5£, ordaintzera behartuta dago; kasu honetan bere gastuetatik 5£ aurreztea nahiko duela irudituko zaio, eta bere burua engainatzen du, lehen bezain aberatsa dela pentsatzen baitu. Nazio guztiak honela pentsatu eta jarduten badu 40 milioien interesak bakarrik aurrezten ditu, edo bi milioi; eta beraz, ez dira bakarrik ekoizkorki enplegaturiko 40 milioiko kapitalaren interesak edo irabaziak galtzen, baita gastu eta aurrezkien arteko aldea ere, hau da, 38 milioi. Nik lehenago aipatu dudanez, gizaki bakoitzak bere mailegua egin behar balu eta estatuak eskatzen dion guztiari bere ekarpen proportzionala egin, gerra amaitu bezain azkar zergatzea bertan behera geratuko litzateke, eta prezioak berehala beren ohiko egoera naturalera itzuliko lirateke. Ak bere fondo pribatuetatik Bri interesak ordaindu beharko lizkioke, gerra garaian honi hartu baitzion dirua maileguan gastuen kuota ordaindu ahal izateko; baina nazioak ez luke honekin zerikusirik izango.
Herrialde batek zor handia metatzen badu, egoera arras artifizialean kokatzen da; nahiz zergen kopuru honek eta lanaren alokairu gehituek herrialde hau ezin dezaketen kanpo-herrialdeekiko egoera desabantailatsuan ipin, eta nire ustetan ez dute ipiniko, zerga horiek derrigorrez ordaindu behar izateaz gain, zergaburu bakoitzak interes berezia du zerga horien ordainketetatik ihes egin, eta ordainketaren zama beste bati pasatzeko; eta bera eta bere kapitala beste herrialde batera joateko nahia izaten da, hain zuzen honelako zamatik at geratuko den tokira; leku hau arras erakargarria bihurtzen da, eta norberaren jaioterria eta lehenengo asoziazioak egin diren herrialdea uzteak sortzen dituen sentimendu gogor guztiak gainditzen ditu. Herrialdea sistema artifizial honek sortarazi dion egoeratik berehala irtetzea izango litzateke egokiena, nahiz horretarako bere jabetzaren zati bat sakrifikatu behar izan, zorra kitatzeko beharrezkoa dena, hain zuzen. Gizabanakoarentzat zuhurra dena, zuhurra da ere nazioarentzat. Gizaki batek 10.000£ baditu eta 500£ko sarrerak ematen badizkio, eta hemendik urteko 100£ ateratzen baditu zorraren interesak ordaintzeko, benetako balioa 8.000£ besterik ez da, eta aberastasun berdina izango luke, behingoz 2.000£ sakrifikatuta edo urteko 100£ ordaintzen jarraituta. Baina galde daiteke, non egongo litzateke eroslea, saldu behar dion jabetzagatik 2.000£ erdiesteko? Erantzuna erraza da: 2.000£ jaso behar dituen nazio-hartzekodunak diru hori inbertitu nahiko du eta prest egongo da lurjabe edo enpresariari mailegua emateko, edo utzi nahi duten jabetzaren zati bat erosteko. Ordainketa hau egiteko, hein handi batean, kapitalistek beraiek parte hartuko lukete. Eskema hau sarritan aholkatu izan da, baina beldur naiz nahikoa zuhurtasun eta bertute izan ote dugun sistema hori geure egiteko orduan. Hala ere, onartu behar da, bake-garaian etengabe saiatu beharko genukeela gerra-garaian egindako zorraren zatia ordaintzen; eta lasaitasunerako tentaziorik ez genuke eduki beharko, ezta gaur egungo egoeratik ihes egiteko asmorik ere -espero dut behin behinekoa izango dela-, eta ez genuke inoiz helburu nagusi bezala ahaztu beharko.
Zorra gutxitzeko ezin daiteke egokia izan amortizazio-fondoa, ez bada behintzat sarrera publiko eta gastu publikoen arteko soberakinetik eratorria. Sentitzekoa bada ere, herrialde honetako amortizazio-fondoa izen hutsa da, zeren eta sarrera eta gastuen arteko soberakinik ez baitago. Zuhurtasunez egin beharko litzateke proposatzen den amortizazio-fondo hori, eta benetan egoki eta eraginkorra izan beharko luke zorra ordaintzeko. Gerora gerraren bat hasiko balitz eta geure zorra neurri handi batean gutxiturik ez balego, honako bi gauza hauetako bat gertatu beharko luke: edo gerrako gastu guztiak urtez urte bildutako zergekin ordaindu behar ditugu, edo gerra amaitu ondoren, lehenago ez bada, nazio-porrota aurkeztu beharko dugu; hori ez da gertatzen zorrari gehigarri handiagoak erantsita jasateko gai ez garelako -zaila izango litzateke nazio handi baten ahalmenari mugak ipintzea-; baina ziurrenik, gizabanakoek mugak ipiniko dizkiote beren jaioterrian bizitzeko pribilegioagatik ordaindu behar duten prezioari, zeinek zerga iraunkorraren itxura hartzen duen3.
Merkantzia baten monopolio-prezioa, kontsumitzaileek erosteko desiratzen duten prezio garaiena izango da. Merkantziek monopolio-prezioa dute beren kopurua inola ere gehi ezin daitekeenean; eta beraz, lehiaketa guztia alde batean geratzen da, erosleen artean alegia. Denboraldi bateko monopolio-prezioa beste batekoa baino askoz merkeagoa edo garestiagoa izan daiteke, erosleen arteko lehiaketa beren aberastasunaren menpe dagoelako, baita beren gustu eta nahikariaren menpe ere. Kantitate mugatuan ekoizten diren ardo berezi horiek, zein izaera nabarmen edo arraroa edukitzeagatik ameskeriazko balioa hartu duten arte-lanak, ohiko lanaren ekoizpen-kopuru arras desberdinez ganbiatuko dira, hain zuzen ere, gizartearen aberastasun- edo txirotasun-mailaren arabera, ekoizpen honen ugaritasun edo urritasunaren arabera, edo herrialdea egon daitekeen egoera atzeratu edo aurreratuaren arabera. Monopolio-prezioa duen merkantzia baten ganbio-balioa, beraz, ez du bere ekoizpen-kostuak erregulatzen.
Lehengaien prezioa ez da monopolio-prezioa, garagar eta gariaren merkatu-prezioa, gehienbat, beren ekoizpen-kostuak erregulatzen duelako, oihal eta hariaren merkatu-prezioa bezala. Dagoen diferentzia bakarra hauxe da: nekazaritzan enplegatzen den kapital-zati batek laborearen prezioa erregulatzen du, hain zuzen ere, errenta ordaintzen ez duen zatiak; bien bitartean, manufakturatutako ondasunen ekoizpenean kapital-zati guztiak emaitza berdinekin enplegatzen dira; errenta ordaintzen duen kapital-zatirik ez dagoenez, zati guztiak prezioaren erregulatzaile dira: labore eta beste lehengaien kopuruak ugal daitezke, baina horretarako lurrean enplegatzen den kapitala gehitu behar da, eta beraz, ez dute monopolio-preziorik. Erosleen artean bezala, saltzaileen artean ere lehiaketa dago. Hau ez da mintzatu garen ardo arraro horien ekoizpenarekin edo arte-lan baliagarri horiekin gertatzen dena; beren kantitatea ezin daiteke gehi, eta beren prezioa erosleen gogoak eta eros-ahalmenak mugatuko dute. Mahasti hauen errenta edozein igoera moderatutik harantzago gera daiteke, honelako ardoak ekoitz ditzakeen beste lurrik ez dagoenez, ardo hauekin beste inork ezin baitezake lehia.
Herrialdeko labore eta lehengaiak, monopolio-prezioan denboraldi batean sal daitezke; baina iraunkorki gertatzeko arrazoi bakarra, lurrean kapital gehiago onuraz ezin enplegatzea litzateke, eta beraz, beren ekoizpena ezin gehi izatea. Honelako kasuan, lantzen ari den lur-zati guztiak eta lurrean enplegatzen diren kapital-zati guztiek errenta sortuko dute, eta errendimenduen arteko diferentziaren proportzioan bereiziko dira. Honelakoetan, nekazariaren gainean ezar daitekeen edozein zerga errentaren gain eroriko da, eta ez kontsumitzailearen gain. Nekazari honek ezin dezake bere laborearen prezioa igo, erosleek ordainduko duten prezioa, edo ordain dezaketena, bere maila garaienean dagoela suposatzen baita. Nekazari hori ez da pozik geratuko beste kapitalistek erdiesten duten irabazi-tasa baino apalagoarekin, eta beraz, geratzen zaion irtenbide bakarra errenta urritzea edo enplegu horretatik alde egitea izango da.
Buchanan jaunak laborea eta lehengaiek monopolio-prezioa dutela kontsideratzen du, errenta sortzen dutelako: errenta sortarazten duten merkantzia guztiek monopolio-prezioan egon behar dutela suposatzen du; hortik ondorioztatzen du lehengaiei buruzko zerga guztiak lurjabearen gain erortzen direla, eta ez kontsumitzailearen gain. "Laborearen prezioak", dio, "beti errenta darama eta bere ekoizpen-kostuek ez dute prezioaren gaineko inolako eraginik. Beraz, gastu horiek errentatik kanpo ordaindu behar dira; gastu hauek igo edo erortzean ez dute prezioaren gain eragiten, baizik eta errentaren gain, hau ere altuagoa edo apalagoa izango baita. Ikuspegi honetatik, nekazal zerbitzari, zaldi edo etxaldeko lanabesen gain ezarritako zerga guztiak, azken finean, lurraren gaineko zergak dira; zergaren karga nekazariaren gain eroriko litzateke errenta-kontratua indarrean dagoen bitartean, eta lurjabearen gain kontratua berritzen denean. Nolanahi ere, nekazariaren gastuak aurreratzen dituzten nekazaritzarako lanabesen hobekuntzek, makilaldi- edo igitze-makinak esaterako, zein merkatura errazago iristeko edozer, errepide hobeak, kanalak edo zubiak adibidez, nahiz eta laborearen jatorrizko kostua jaitsi, ez dute merkatu-prezioa apaltzen. Haatik, hobekuntza hauekin aurrezten den guztia lurjabearentzat da bere errentaren zati gisa".
Begi-bistakoa da Buchanan jaunari onartzen badiogu bere argudioa eraikitzeko erabiltzen duen oinarria, hau da, laborearen prezioak beti errenta ematen duela, hortik aipatzen dituen ondorio guztiak aterako liratekeela. Nekazariaren gaineko zergak ez lirateke kontsumitzailearen gain eroriko, baizik eta errentaren gain; nekazaritzako hobekuntza guztiek errenta gehituko lukete; baina uste dut hori nahikoa garbi utzi dudala esan dudanean herrialdea erabat eta maila gorenera landu artean, beti dagoela lurrean enplegatu eta errentarik ematen ez duen kapital-zatiren bat; eta industrian bezala, kapital-zati horren emaitza da, hain zuzen, irabazi eta alokairuen artean banatzen dena, eta laborearen prezioa erregulatzen duena. Errentarik ematen ez duen laborearen prezioa, beraz, bere ekoizpenean egiten diren gastuen eraginpean dago, eta gastu horiek ezin daitezke, inola ere, errentatik ordain. Gastu hauen gehikuntzaren ondorioa prezio altuagoa da, eta ez errenta apalagoa4.
Aipagarria da Adam Smith eta Buchanan jaunak ados egotea, lehengaiei buruzko zerga, lurrari buruzkoa eta hamarrenak, guztiak, lurraren errentaren gain erortzen direnarekin -eta ez lehengaien kontsumitzaileen gain-; eta hala ere, onartu behar izatea maltaren gaineko zerga garagardo-kontsumitzailearen gain erortzen dela, eta ez lurjabearen errentaren gain. Adam Smithen argudioa eta nik maltaren eta gainontzeko lehengaien gaineko zergari buruz daukadan iritziaren hain adierazpen argia da, ezin naitekeela horren azalpena irakurlearen aditasunari eskaintzeke egon.
"Garagarra lantzen den lurretik lortutako errenta eta irabaziek, lur horiek bezain ongi landutako eta horiek bezain emankorrak diren beste batzuen errenta eta irabazien antzekoak izan behar dute. Hauek baino apalagoak balira, garagarra lantzen den lurraren zati bat beste xede batzuetan erabiltzeko bideratuko litzateke, eta handiagoak balira, lur gehiago erabiliko litzateke garagarra lantzeko. Lurraren edozein ekoizpen bereziren ohiko prezioa, monopolio-prezio gisa dei daitekeena bada, honen gaineko zerga batek, ondasun hori lantzen den lurraren errenta eta irabazia derrigorrez murrizten ditu. Mahasti baliotsuetatik ateratzen den ardoa eskaria betetzeko nahikoa ez denez, emankortasun berdineko eta ongi landutako beste lurretako ardoaren prezioa baino garaiagoa da beti, eta beraz, mahasti hauen ekoizpenaren gaineko zerga batek, beronen errenta eta irabazia gutxituko lituzke derrigorrez. Ardo horrek jadanik, merkatura eraman daitekeen ohiko kopuruak izan dezakeen preziorik altuena du, eta beraz, ezin liteke gehiago igo kopurua urritzeke; eta kopurua ezin liteke gutxitu galera handiagorik izateke, lur horiek ezingo litezkeelako baliagarritasun berdineko ekoizpenean erabili. Beraz, zergaren karga guztia errenta eta irabaziaren5 gain eroriko litzateke; mahastiak sortzen duen errentaren gain bereziki". "Baina garagarraren ohiko prezioa ez da inoiz monopolio-prezioa izan; eta garagarra landu den lurraren errenta eta irabaziak ez dira inoiz, emankortasun maila berdineko eta ongi landutako lurrenak baino altuagoak izan. Malta eta garagardoaren gaineko zerga guztiek ez dute inoiz garagarraren prezioa jaitsarazi; ez dituzte inoiz garagar-lurraren errenta eta irabazia jaitsarazi ere. Garagarregileentzat maltaren prezioa etengabe igo da, beregain ezarri diren zergen proportzioan hain zuzen; eta zerga hauek, garagardoaren gaineko beste eskubide guztiekin batera, prezioa etengabe igoarazi egiten dute edo, gauza bera dena, merkantzia hauen kalitatea kontsumitzailearentzat gutxitu. Zerga hauen azken ordainketa, beti, kontsumitzailearen gain eroriko da eta ez ekoizlearen gain". Pasarte honetan Buchanan jaunak azpimarratzen du: "Maltaren gaineko eskubide batek inoiz ezin lezake apal garagarraren prezioa, zeren eta garagarra malta bihurtzean eta garagarra gordina saltzean lortzen dena berdina izan ezean, ez bailitzateke beharrezko kopurua eroango merkatura. Garbi dago, beraz, maltaren prezioak ezarritako zergaren proportzioan igo behar duela, beste era batera ezin izango bailioke eskariari aurre egin. Hala ere, garagarraren prezioa monopolio-prezioa da, azukrearena bezala; biek errenta sortzen dute eta bien merkatu-prezioak jatorrizko kostuarekiko lotura guztiak galdu ditu".
Badirudi, beraz, Buchanan jaunaren iritziz, maltaren gaineko zergak maltaren prezioa igoaraziko lukeela, baina malta ateratzen deneko garagarra zergatuz gero, garagarraren prezioa ez litzatekeela igoko; beraz, malta zergatzen bada, zerga hori kontsumitzaileak ordainduko du, eta garagarra zergatzen bada, zerga hori lurjabeak ordainduko du, errenta txikiagoa eskuratuko baitu. Buchanan jaunaren arabera, garagarra monopolio-prezioan dago, hain zuzen, erosleek horrengatik eman nahi duten prezio altuenean; baina garagarretik egindako malta ez dago monopolio-prezioan, eta beraz, beronen gain ezar daitezkeen zergen proportzioan igo daiteke prezio hori. Maltaren gaineko zerga baten ondorioari buruz Buchanan jaunak duen iritzia, nire ustetan, antzeko zerga bati buruz duen iritziarekin kontraesanean dago: ogiaren gaineko zergari buruzkoarekin alegia. "Ogiaren gaineko zerga ez da, azken finean, prezio-igoeraren bidez ordainduko, errentaren beherakadaren bitartez baizik"6. Izan ere, maltaren gaineko zergak bere prezioa igoaraziko balu, ogiaren gainekoak ere bere prezioa igoarazi beharko luke.
Say jaunaren ondoko argudio hau ere Buchanan jaunaren ikuspegi berdinean oinarritzen da: "Lursail batek ekoizten duen ardo- edo labore-kantitateak ia berdina izaten jarraituko du, edozein izanda ere ezarriko zaion zerga. Zergak ekoizpen garbiaren erdia, hiru laurdena eraman dezake, edota bere errentarena, nahiago izanez gero, baina zergak irensten ez duen erdi edo laurden hori lortzeko, lurra lantzen jarraituko litzateke. Errenta, hau da, lurjabearen zatia, zertxobait besterik ez litzateke apalduko. Honen arrazoia ulergarria da, baldin eta gure kasu honetan, lurretik lortu den ekoizpen-kantitatea eta merkatura bidali dena berdina bada. Bestalde, ekoizpenaren eskariak oinarritzat dituen arrazoiek berdinak izaten jarraitzen dute.
"Dena den, zerga bat ezarri edo dagoena handitu arren, eskainitako eta eskatutako ekoizpen-kopuruek berdinak izaten jarraitu behar badute, ekoizpenaren prezioa ez da aldatuko; eta prezioa ez bada aldatzen, kontsumitzaileak ez du zerga horren zati txikiena ere ordainduko".
"Hori dela eta, esan al liteke lana eta kapitala hornitzen dituen nekazariak jasango duela zergaren zama, lurjabearekin batera? Noski ezetz; zerga ipintzeak ez baitu akuran hartutako etxalde-kopurua urritu, ezta nekazari-kopurua gehitu ere. Honelakoetan, eskaria eta eskaintza berdin mantentzen direnez, nekazariaren errentak ere berdina izaten jarraitu behar du. Esaterako, gatzaren ekoizleak kontsumitzaileari zergaren zati bat besterik ezin dio ordainarazi, eta lurjabeak zergaren zati txikiena ere ezin dezake berreskura; bi kasu hauen bidez, ekonomilarien esanen aurka, zerga guztiak, azken finean, kontsumitzailearen gain erortzen direla diotenen okerra frogatzen da". II. bolumena, 338. orr.
"Zergak ekoizpen garbiaren erdia edo hiru laurdena hartzen badu", eta ekoizpenaren prezioa ez bada igotzen, nekazariek nola erdietsiko lituzkete kapitalaren ohiko irabaziak, errenta arras moderatuak ordaintzen badituzte, emaitza berdina lortzeko emankortasun garaiagoa duten lurralde haietan baino lan-proportzio handiagoa behar bada? Errenta guztia barkatuko balitzaie ere, beste jardueretan baino irabazi txikiagoak lortuko lituzkete, eta ez lukete beren lurrak lantzen jarraituko, baldin eta beren ekoizpenaren prezioa ezingo balute igo. Zerga nekazarien gain eroriz gero, nekazari gutxi egongo litzateke etxaldeak akuratzeko prest; zerga lurjabearen gain eroriko balitz, etxalde ugari ez lirateke akuratuko errentarik ez bailukete sortuko. Baina azken hauek nola ordainduko lukete zerga, labore horrek errentarik sortzen ez badu? Begi-bistakoa denez, zergak kontsumitzailearen gain erori behar du. Say jaunak hurrengo pasartean aipatzen duen lurrak, nola ordainduko luke ekoizpenaren erdia edo hiru laurdeneko neurria duen zerga bat?
"Eskozian, beste inork landu ezingo lituzkeen lur kaskarrak, beren jabeek lantzen dituztela ikus dezakegu. Estatu Batuetako barne-probintzietan lur ugari eta emankorra dago, eta lur hauen errenta beren jabea bizirauteko nahikoa izango ez litzatekeela ikus dezakegu ere. Hala ere, lur hauek landu egiten dira, baina beren jabeek egin behar dute hori, edota bestela esanda, jabeak errentari bere kapitalaren eta lanaren irabaziak erantsi behar dizkio, errenta hori arbuiagarria delako; honela, itxuraz bizitzeko adina lortzen du. Guztiz jakina da, nahiz eta landua izan, lurrak ez diola lurjabeari errentarik ematen, baldin eta nekazaririk ez badago lur horregatik errenta ordaintzeko prest: honek frogatzen du, beraz, honelako lurrak kapitalaren eta bera lantzeko den eskulanaren irabaziak besterik ez dituela emango". Say, II. bolumena, 127. orr.
XVIII. Kapitulua
Txiro-zergak
Ikusi dugunez, lehengai eta nekazarien irabazien gaineko zergak lehengaien kontsumitzailearen gain eroriko dira; eta ekoizleak prezioa igo eta zerga berreskuratzeko botererik ez badu, zerga horrek bere irabaziak irabazi-maila orokorretik behera murriztuko ditu, eta derrigortua egongo da bere kapitala beste jarduera batera eramatera. Ikusi dugunez ere, nekazariak ezin dio zerga lurjabeari transferitu errenta gutxiago ordainduta; lur hobea lantzen duenaren antzera, errentarik ordaintzen ez duen nekazaria, zergari aurre egin beharrean egongo da, edozein izanda ere zerga hori, alegia, lehengaiei buruzkoa edo nekazarien irabazien gainekoa. Frogatu nahi izan dut ere, zerga orokorra balitz eta nekazaritza edo industriako irabazi guztiei berdin eragingo balie, ez lukeela ondasun edo lehengaien prezioan eraginik izango, azken buruan eta berehala, ekoizleek ordainduko bailukete. Ikusi dugunez, errentaren gaineko zerga bat lurjabearen gain eroriko litzateke guztiz, eta ezingo litzaioke inola ere, maizterrari pasa.
Txiro-zergak zerga hauen guztien antzeko izaera du, eta baldintzen arabera, lehengaien eta ondasunen kontsumitzailearen gain, kapitalaren irabazien gain zein lurraren errentaren gain erortzen da. Izan ere, zerga hau aparteko berezitasunez erortzen da nekazariaren irabazien gain, eta beraz, lehengaien prezioari eragiten diola kontsidera daiteke. Nekazaritza eta industriako irabazien gain duen eragin-mailaren arabera, kapitalaren irabazien gaineko zerga orokorra izango da, eta ez du lehengai eta merkantzien prezioan aldaketarik sortaraziko. Nekazariak ez badu gaitasunik lehengaien prezioa zergaren neurrian igoarazi eta zergaren dirua berreskuratu ahal izateko, halakoetan errentaren gaineko zerga izango da, eta hau lurjabeak ordainduko du. Beraz, denboraldi zehatz bateko txiro-zergaren eragina ezagutzeko, zerga horrek garai horretan nekazari eta industriariaren irabaziak berdin eragiten dituen ala ez jakin behar dugu, hala nola baldintzak egokiak diren nekazariak lehengaien prezioa igotzeko.
Teoriak dioenez, txiro-zerga nekazariaren gain ezarri beharko litzateke, bere errentaren proportzioan; haatik, errenta oso apala duen, edo errentarik ordaintzen ez duen nekazariak, zerga txikia edo hutsa izango luke. Hau egia balitz, txiro-zerga nekazarien klaseak ordaintzen duenez, lurjabearen gain eroriko litzateke erabat, eta ezingo litzaioke lehengaien kontsumitzaileari pasa. Baina nire ustez hori ez da egia; izan ere, txiro-zerga ez da ezartzen nekazariak bere lurjabeari benetan ordaintzen dion errentaren arabera; lurrak urtero duen balioaren proportzioan dago, urteroko balio hori lurjabearen kapitalak eman nahiz maizterraren kapitalak eman.
Bi nekazarik elizbarruti berean kalitate desberdinetako bi lursail akuratzen badituzte; horietako batek lur emankorreneko 50 akrerengatik 100£ko errenta ordaintzen badu, eta besteak ere 100£ ordaintzen baditu, baina lur txarreneko 1.000 akrerengatik; bi hauek txiro-zerga berdina ordainduko lukete, bietatik inor ez balitz saiatuko lurra hobetzen; baina etxalde txiroko nekazariak, epe luzeko kontratua duela eta, bere lurraren ekoizpen-ahalmena hobetzen jarri, eta horretarako gastu handiak egin behar izango balitu, hau da, ongarritu, ureztatu, hesiak ipini eta abar, orduan, nekazari horrek ez luke egingo txiro-zergaren ekarpena lurjabeari ordaintzen dion errentaren proportzioan, baizik une horretan lurrak duen urteko balioaren proportzioan. Txiro-zerga errentaren berdina edo garaiagoa izan daiteke, baina kasu batean zein bestean, lurjabeak ez du kopuru honen zatirik ordainduko. Maizterrak bere kalkuluak aurretik eginak izango ditu, eta ekoizpenaren prezioa gastu guztiak kitatzeko nahikoa ez balitz -txiro-zerga guztiak barne-, ez zion hobekuntzak egiteari ekingo. Begi-bistakoa da, beraz, kasu honetan kontsumitzaileak ordaintzen duela zerga, zeren eta zergarik ez balego, hobekuntza berdinak egingo baitziren, eta enplegatutako kapitalaren gain ohiko irabazi-tasa erdietsiko zen laborearen prezio apalagoarekin.
Gai honi dagokionez ere, ez luke garrantzirik izango hobekuntza horiek lurjabeak bere kontura egin, eta ondorioz, errenta 100£tik 500£ra igoko balu; kasu honetan ere zerga kontsumitzailearen gain eroriko litzateke; izan ere, bere lurretan diru-kopuru handia gastatzeko lurjabeak hartu beharreko erabakia, lur horren erabilpenaren truke jasoko lukeen errentaren, edo errenta deitzen zaion horren menpe egongo litzateke; eta hau, aldi berean, laborearen edo beste edozein lehengairen prezioaren menpe egongo litzateke, beti ere prezio hau errenta gehigarria estali eta lurrak bere gain izandako zerga ordaintzeko nahikoa garaia izango balitz. Aldi berean, nekazariak edo lurjabeak lurrak hobetzeko gastatzen duen kapitalaren proportzioan ordainduko balitu industri kapital guztiak txiro-zergak, orduan, zerga hori ez litzateke nekazari edo lurjabearen kapitalaren irabazien gaineko zerga partziala izango, ekoizle guztien kapitalaren gaineko zerga baizik; beraz, ezingo lioke lehengaien kontsumitzaileari edo lurjabeari pasa. Zerga honek ez luke nekazarien irabazien gain enpresarienen gain baino eragin handiagoa izan beharko; eta lehenak ezingo luke zerga erabili bere merkantzien prezioak igotzeko argudio gisa, ez behintzat bigarrenak baino gehiago. Irabazi erlatiboa da kapitala enplegu zehatz batean enplegatzea galarazten duena, eta ez ordea irabazi absolutuen beherakada: irabazi-diferentzia da, hain zuzen, kapitala enplegu batetik bestera mugiarazten duena.
Dena den, onartu beharra dago gaur egungo egoeran, txiro-zergak kopuru handiagoan erortzen direla nekazariaren gain industriariaren gain baino, beti ere bakoitzaren irabazien proportzioaren arabera; nekazaria gaur egun erdiesten dituen irabazien arabera zergatuko da; industriaria, berriz, gaur egun lana egiten duen eraikinen balioaren arabera, kontuan hartzeke honek enplegatzen dituen makineria, lana eta kapitalaren balioa. Hemendik ondoriozta dezakegu nekazariak bere ekoizpenaren prezioa igo ahal izango duela, eta igoera hori diferentzia honen guztiaren araberakoa izango dela. Beraz, zerga era desberdinez erortzen denez -bereziki bere irabazien gain-, lehengaien prezioa igoko ez litzatekeen bitartean, nahiago izango luke bere kapitala lurrean baino, beste edozein jardueran enplegatzea. Baina alderantziz, zerga hau industriariaren gain nekazariaren gain baino zamatsuagoa balitz, industriariak bere ondasunen prezioak diferentzia honen arabera igo ahal izango lituzke, eta nekazariaren kasu berdinean egongo ginateke, alegia, beronek lehengaien prezioa igo zezakeen horretan. Beraz, nekazaritza garatzen ari den gizarte batean, txiro-zergak lurraren gain zama bereziz erortzen direnean, zati bat kapitalaren irabazien murrizketaren bidez ordainduko dute kapitalaren enplegatzaileek, eta beste zati bat lehengaiak kontsumitzen dituztenak, hauen prezioa gehitu egingo baita. Honelakoetan, zerga hau lurjabeentzat kaltegarria baino, abantailatsua ere izan daiteke; lorturiko ekoizpen-kantitatearekiko proportzioan, lur kaskarrenaren lantzaileak ordaintzen duen zerga lur emankorragoetako nekazariak ordaintzen duena baino handiagoa baldin bada, laborearen prezio-igoera -labore ororen preziora zabalduko dena-, azkenak ordaintzen duen zerga konpentsatu baino gehiago egingo du. Abantaila honek kontratuak irauten duen bitartean jarraituko du, eta gero lurjabeei transferituko zaie. Hau izango litzateke, beraz, gizarte aurrerakor batean txiro-zergak sortuko lukeen ondorioa; baina aurrerapenik gabeko herrialdean, edo atzerakor batean, kapitala ezin litekeenez lurretik erretira, beste zerga bat ezarriko balitz jende txiroa laguntzeko, nekazaritzaren gain eroriko litzatekeen zatia, nekazariek ordainduko lukete, indarrean dauden kontratuak iraun bitartean; baina, behin kontratuak bertan behera geratzen direla, ia zati hori guztia lurjabeen gain eroriko litzateke. Kontratua indarrean zegoen bitartean kapitala gastatu bazuen bere lurra hobetzeko eta oraindik bereak balira lur horiek, hobekuntzen ondorioz zerga berriarekin zergatuko litzateke, lurrak hartutako balio berriaren arabera; eta kopuru hau kontratuak irauten duen bitartean ordaindu beharrean egongo litzateke, nahiz eta bere irabaziak irabazi-tasa orokorretik behera jaitsi; zeren eta gastatu den kapitala lurrari itsatsita geratu baita, hortik ateratzeko aukerarik gabe. Bera edo bere lurjabea (hau balitz kapitala gastatu duena) benetan gai balitz kapital hau ateratzeko, eta honela lurraren urteko balioa urrituko balitz, ondorioz, zerga proportzionalki jaitsiko litzateke; aldi berean, ekoizpena gutxituko denez gero, bere prezioa igo egingo litzateke; zerga hori dela eta, nekazari hori konpentsatuta geratuko litzateke, kontsumitzailea kargatuko bailitzateke, eta ez litzateke errentaren gain zatirik eroriko; baina hau, kapitalaren zenbait proportziori dagokionez, ezinezkoa da, eta ondorioz, proportzio horretan, zerga nekazariak ordainduko du kontratua indarrean dagoen bitartean; eta kontratua amaitu ondoren lurjabeek ordainduko dute zerga hori. Zerga gehigarri hau zamatsuki eroriko balitz industriarien gain, nahiz eta hori honela ez izan, egoera hauetan beren ondasunen prezioari erantsi beharko diote, zeren eta ez bailitzateke arrazoirik egongo berauen irabaziak irabazi-tasa orokorretik behera murrizteko, beren kapitalak nekazaritzara erraz joan litezkeenean1.
XIX. Kapitulua
Bat-bateko aldaketak
merkataritzako bideetan
Industri herrialde handi batek behin-behineko atzeraldi eta gertakizun berezien arrisku ugari ditu, kapitalak enplegu batetik bestera alde egiten duenean. Nekazal ondasunen eskariak uniformeak dira, ez daude moda, aurriritzi edo nahikeriaren menpe. Bizirauteko elikagaiak behar-beharrezkoak dira eta berauen eskaria garai eta herrialde guztietan ematen da. Ez da honela gertatzen manufakturekin; ekoiztutako edozein merkantzia zehatzaren eskaria ez dago bakarrik eroslearen beharrizanen menpe, baita berorren gustu eta nahikarienera ere. Zerga berri batek, herrialdeak merkantzia zehatz hori ekoizteko lehen zituen abantaila konparatiboak suntsi ditzake; edo gerraren ondorioz igo ditzakete pleiteak eta garraiatzeko aseguruak eta honela herrialde horrek ezin du lehen esportatzen zituen merkantziekin lehiatu. Honelako kasu guztietan, merkantzia hauek esportatzen dituztenek kalteak eta, zalantzarik gabe, galerak izaten dituzte, eta egoera hau ez da bakarrik aldaketaren garaian nabarituko, baita enplegu batetik bestera kapitala eta eskulana mugitzen diren bitarte guztian ere.
Eta galerak, zailtasun horiek azaltzen diren herrialdeaz gain, lehen merkantzia horiek esportatzen zireneko herrialdeetan ere emango dira. Esportatzen ez badu, herrialde batek ezin dezake denbora luzez inportatzen jarrai; edo ezin dezake denbora luzez esportatzen jarrai, inportatzen ez badu. Beraz, edozein arrazoi dela eta, herrialde bati iraunkorki eragozten bazaio kanpo-merkantzien ohiko kopurua inportatzea, arrazoi berak zenbait merkantzia esportatzeko ohiko beharra gutxiaraziko luke; eta herrialdean kapital berdina erabiliko litzatekeenez, bertako ekoizpenen balio osoak segur aski eragin txikia izango balu ere, ekoizkin horiek ez dira lehen bezain ugariak eta merkeak izango, eta enplegu-aldaketak galera nabaria eragingo du. Kotoizko ondasunak egiten 10.000£ erabiltzen badira gero esporta daitezen, eta horrekin urtero 2.000£ko balioa duten 3.000 pare zetazko galtzerdi inportatzen baditugu, kanpo-merkataritza bertan behera geratuko balitz, kapitala, kotoiaren ekoizpenetik erretiratu eta galtzerdiak egiten erabili beharko genuke. Honela ere, 2.000£ko balioa duten galtzerdiak erdietsiko genituzke, kapitalaren zatirik suntsitu ez bada behintzat; baina 3.000 pare galtzerdi izan ordez, ziurrenik 2.500 izango lirateke. Kapitala kotoiaren industriatik galtzerdienera transferitzeak galera handiak ekar ditzake, baina honek ez luke nazio-ondarea asko urrituko, geure urteko ekoizkin-kopurua murritz daitekeen arren1.
Bake-denboraldi luze baten ondoren gerra hasten denean edo gerra luze baten ondoren bakea egiten denean, normalean, industrian aldaketa nabaria burutzen da. Herrialde bakoitzari dagozkion kapitalak erabat aldatzen dira izaeraz; egoera batetik beste onuragarriagora iritsi arte dagoen denboran, kapital finkoaren zati handi bat enplegatzeke dago, galduta bezala, eta langileak ez daude enplegu betean. Uzkurraldi honen iraupena luzeagoa edo laburragoa izatea, egoera honen aurrean gizaki gehienek duten borondatearen menpe egongo da, berauek ohiturik baitaude kapitala enplegu zehatz batean egon dadin, eta zaila egiten zaie enpleguz aldatzea. Batzuetan, merkataritza-komunitatea osatzen duten estatuek, elkarren arteko zentzugabeko errezeluen ondorioz, debeku eta murrizketak ezartzen dituzte eta hauek ere denboraldi hori luzatu egiten dute.
Merkataritzaren berehalako aldaketak eragiten duen uzkurraldia, sarritan nahastu egiten da nazio-kapitalaren beherakada eta gizartearen egoera atzerakoiarekin batera sortzen denarekin; eta oso zaila izango litzateke bata eta bestearen arteko bereizketak azpimarratzea.
Hala ere, gerratik bakerako trantsizioan honelako uzkurraldia berehala azaltzen bada, arrazoi horri buruz dugun ezagutzak eskubide osoa ematen digu pentsatzeko, langileak mantentzeko fondoak beren ohiko helburutik desbideratuak izan direla, materialki gutxitu direla uste izatea baino zuzenagoa baita; eta sufrialdiren bat igaro ondoren, nazioak bere oparotasun-bideari helduko dio. Oroitu behar da ere, egoera atzerakoia gizartearen ohiko izaeraren aurka dagoen zerbait dela. Izan ere, gizakia hazi egiten da bere gaztarotik helduarora bitartean; gero, hil artean ahituz doa; baina hau ez da nazioen aurrerapena. Hauek bizkortasun handienera iristen direnean, beren aurrerapena geldi daiteke, baina hala ere, beren joera naturala urte askotan aurrera jarraitzekoa da, beren aberastasun eta populazioa gutxitzeke manten daitezen.
Herrialde aberats eta boteretsuetan, non makinerian kapital ugari inbertitzen den, merkataritzan berehalako aldaketa ematen bada, enbarazu handiagoa nabarituko da, aldaketa hori bera herrialde txiro batean gertatzen bada baino; hala gertatzen da, azken herrialde hauetan, proportzionalki, kapital finko gutxiago eta kapital zirkulatzaile gehiago dagoelako, eta beraz, beste herrialdean baino eskulan gehiago erabiltzen da. Kapital zirkulatzailea kapital finkoa baino aiseago erretiratzen da enplegatuta dagoen lekutik. Makineria helburu batekin eraikitzen bada, oso zaila izaten da, ahal izatekotan, beste helburu batzuetarako erabiltzea; baina enplegu batean langile batek eskuratzen dituen elikagaiak, arropa eta etxebizitza, beste baten biziraupenerako ere izan daitezke; edota langile berak elikagai, arropa eta etxebizitza berdinak eskura ditzake beste lanpostu batean. Baina hau, azken finean, herrialde aberats batek jasan behar duen okerra besterik ez da; eta horregatik ezin daiteke kexa, merkatari aberats bat kexa ezin daitekeen bezala, ekaitzak jota itsasuntzia arriskuan duelako, bere auzokide txiroaren etxea edozein eratako istripuetatik libre dagoen bitartean.
Nekazaritza ez da egoera hauetatik at geratzen, nahiz eta gradu apalagoan eragin. Gerraren ondorioz, estatuen arteko merkataritza etenda geratzen da; izan ere, labore-esportazioa, sarritan, eten egiten da kostu apalagoan ekoizten den eta hain era abantailatsuetan ekoizten ez den herrialdeen artean. Honelakoetan, nekazaritzara aparteko kapital kopurua zuzenduko da; eta lehen inportatzen zuen herrialdea, orain, kanpo-laguntzekiko independente bihurtzen da. Gerra amaitzen denean, inportazioa galarazten zuten oztopoak bukatu egiten dira, eta etxeko ekoizpena suntsituko duen lehiaketa hasten da; eta herrialde hau ezin daiteke egoera horretatik at gera, bere kapitalaren zati handi bat sakrifikatzeke. Estatuaren politika egokiena kanpo-laborearen inportazioaren gain zerga bat ezartzea izango litzateke, hain zuzen, gero epeka gutxitu beharko lukeena, honela aukera emango bailitzaioke etxeko ekoizleari, poliki-poliki, bere kapitala lurretik erretira dezan2. Honela jokatzen bada, herrialdea ez litzateke bere kapitala era egokienean banatzen arituko, baina behin-behineko zerga hori klase zehatz batentzat abantailatsua izango litzateke, hain zuzen, inportatzea ezinezkoa zenean, elikagai-eskaintza ahalbideratzeko, hain kapital-banaketa baliagarria egin zuen klasearentzat. Kapitala honela enplegatu ostean arriskuan egongo balitz, zailtasunak amaitzen direnean enplegu horretatik ihes egingo luke. Kapitalaren ohiko irabaziez gain, nekazariek, kanpotik laborea inportatzeak duen arriskuarengatik konpentsazioak lortu nahi izango lituzkete, eta beraz, eskaintza handieneko sasoian, kontsumitzailearentzako prezioa handitu egingo litzateke; igoera honen arrazoi bakarra ez da etxean laborea lantzeko kostuak garaiagoak direla, baita kapitalaren enplegu honek duen arrisku berezi horrengatik, aseguru-saria ordaindu behar izateagatik ere. Beraz, nahiz eta herrialdearen aberastasunerako laborea merke inportatzea egokiagoa izan -edozein izanda ere horretarako enplegatzen den kapitalaren kostua-, bidezkoa izango litzateke laboreari zenbait urtetan zehar zerga jartzea.
Errentaren afera aztertzen denean, labore-eskaintza gehitzen den aldiro, bere prezioa jaitsi egiten dela ikusten dugu, eta ondorioz, kapitalak lur txiroenetatik alde egiten duela; beraz, orain geratu den lur hobeak ez luke errentarik ordainduko eta laborearen prezio naturala erregulatuko luke, lur estandar bihurtu baita. Laurden laboreak 4£ balio baldin badu, kalitate kaskarragoko lurrak landuko lirateke, esaterako, 6 zenbakiaz izendatuko ditugunak; prezioa 3£ 10s. bada, 5 zenbakikoak landuko lirateke; prezioa 3£ bada, 4 zenbakikoak landuko lirateke eta honela jarraituko genuke. Etengabeko oparotasuna dela eta, laborearen prezioa 3£ 10s.ra eroriko balitz, 6 zenbakiko lurretan enplegatutako kapitala erretiratu egingo litzateke, zeren eta prezioa 4£ zenean irabazi orokorrak besterik ez baitziren erdiesten eta errentarik ez zen ordaintzen; beraz, manufakturan enplegatzeko erretiratuko litzateke, horrekin ekoiztutako merkantziekin 6 zenbakiko lurretan landutako labore guztia eros eta inportatu ahal izateko. Jabearentzat, kapital hori enplegu honetan ekoizkorragoa izan beharko luke, bestela ez bailuke aurrekotik kenduko; izan ere, berak ekoiztutako merkantzien truke, lehen errentarik ordaintzen ez zuen lurretik eskuratzen zuen laborea baino gehiago ez badu erdiesten, bere prezioa ezin daiteke 4£tik behera egon.
Esan izan da ere, kapitala ezin daitekeela lurretik erretira. Gastuaren itxura hartzen duenean ezin daiteke eskura; ongarri, hesi, eta abarren itxura hartzen duenean, derrigorrez, kapitala lurrari atxikitzen zaio. Hau, hein batean egia da; baina kapitalak azienda, artalde, gari-azu, gurdi, eta abarren itxura duenean erretira daiteke; eta erabakia beti kalkuluen menpe geratzen da: laborearen prezioa apala izan arren lurrean enplegatzen jarraitzea, edo dena saldu eta balio hori gero beste enplegu batera transferitzea.
Demagun gertakizunak esan ditugun bezalakoak direla eta ezin litekeela kapitalaren zatirik erretira3; nekazariak laborea ekoizten jarraituko du, lehengo kopuru berdinean zehazki, edozein izanda ere bere salmenta-prezioa; ez luke interesik izango lehen baino gutxiago ekoizteko eta kapital hori honela enplegatuko ez balu, ez lioke inolako errendimendurik emango. Laborea ez litzateke inportatuko, nekazari honek 3£ 10s. baino merkeago salduko bailuke, zerbait saltzeke utzi baino, eta suposatu dugunez, inportatzaileak prezio horren azpitik ezin izango luke saldu. Haatik, kalitate honetako lurrak lantzen dituzten nekazariak, zalantzarik gabe, kaltetuak izango dira, berauek ekoiztutako ondasunaren ganbio-balioa erori egin baita; nola eragingo dio honek herrialdeari? Guk, ekoiztutako ondasun bakoitzeko kopuru berdina izango genuke, baina lehengaiak eta laborea askoz merkeago salduko lirateke. Herrialde bateko kapitala bertako merkantziek osatzen dute eta hauek lehengo berdinak izango liratekeenez, berrekoizpenak tasa berdinean burutzen jarraituko luke. Laborearen prezio apal honek kapitalaren ohiko irabaziak emango lituzke, hain zuen, 5 zenbakiko lurrari dagozkionak, zeinek errentarik ez lukeen ordainduko, eta lur hobe guztien errenta erori egingo litzateke: alokairuak ere erori egingo lirateke eta irabaziak igo.
Hala ere, nahiz laborearen prezioa asko erori, kapitala ezin bada lurretik mugitu eta eskaria ez balitz handituko, ez litzateke inportaziorik gauzatuko, zeren eta lehen ekoizten zen kopuru berdina ekoiztuko baita herrialde horretan. Nahiz ekoizpenaren banaketa desberdina izan, eta zenbait klase kaltetuak diren bitartean beste batzuk profitatuak izan arren, ekoiztutako kopuru osoa, zehazki, berdina izango litzateke, eta nazioa, kolektiboki, ez litzateke txiroagoa ez aberatsagoa izango.
Baina, laborearen prezio erlatibo apalak beti abantailak ekarriko ditu; honela, ziurrenik, gaur egungo ekoizpenaren zatiketa dela eta, langileen mantenurako fondoa gehitu egingo da eta, era berean, gehiago esleituko da irabazien kontzeptupean klase ekoizkorrarentzat, eta gutxiago errentaren kontzeptupean klase ez-ekoizkorrarentzat.
Hau honela da, nahiz kapitala lurretik ezin erretiratu eta bertan enplegatu beharra izan, edo dena enplegatzeke utzi. Baina, benetan gerta litekeen moduan, kapitalaren zati handi bat erretira badaiteke, erretiratuz gero bere jabeak lehengo lekuan utzita erdietsiko zituenak baino irabazi handiagoak lortuko dituelako da; kapital hori erretiratzeko arrazoi bakarra, beste tokiren batean bere jabe eta publikoarentzat ekoizkorkiago enplegatu ahal izatea izango da. Kapitalistak lurretik bereiz ezin daitekeen kapitala bertan uztea onartzen du, erretira dezakeenarekin lehengo tokian utzita baino balio handiagoa eta lehengai ugariago lortuko dituelako. Kasu hau eta fabrikan gastu handiak egin ostean, makineria sartu duen gizakiarena guztiz antzekoak dira; izan ere, fabrika horretan geroago, aurrerapen berrien bidez, hobekuntzak egiten badira, gizaki honek ekoizten dituen merkantzien balioak asko eroriko dira. Gizaki honek kalkulatu beharko luke ea komeni zaion makina zaharra bertan behera utzi eta perfektuagoa ipintzea, zaharraren balio guztia galduz, edo azken honen ahalmen ahulagoa erabiltzen jarraitzea. Honelakoetan, nork aholkatuko lioke makineria modernoaren erabilpena bazter dezan, hori egiten badu makineria zaharraren balioa gutxitu edo erabat desagertuko zaiolako? Izan ere, hau da labore-inportazioa galarazi nahi luketen pertsona horien argudioa, hala eginez gero, nekazariak bere lurrean betiko ehortzita daukan kapitala gutxitu edo erabat suntsitu egingo zaiola esaten baitzaio. Ez dute ikusten merkataritzaren azken xedea ekoizpena handitzea dela, eta behin hori burututa, nahiz zenbait galera partzial eman, gizartearen ongizate orokorra handitu egiten da. Kontsekuenteak izateko, nekazaritza eta industriako hobekuntza oro geldiarazten saiatu beharko lukete, baita makineriaren asmakuntza oro ere; hauek guztiek oparotasun orokorrari, eta beraz, ongizate orokorrari, ekarpenak egiten dizkioten arren, hauek instalatzerakoan, ugazabek eta nekazariek daukaten kapitalaren zati baten balioa ere ez baita gutxitzeke edo erabat suntsitzeke geratzen4.
Gainontzeko jarduerak bezala nekazaritza ere -merkatal herrialde batean bereziki-, eragin handiko ekintza batek sortarazten duen aurkako norabideko erreakzioaren menpe dago. Haatik, gerrak labore-inportazioa eteten duenean bere prezioak gora egiten du, eta honek kapitala lurrean erabiltzera erakartzen du, honela irabazi oparoagoak lortzen direlako; egoera honek, ziurrenik, kapital gehiago erakarriko du, eta herrialdeak eskatutako baino lehengai ugariago eramango da merkatura. Beraz, soberakinak egongo direnez, laborearen prezioa erori egingo da, eta gora-behera asko sortuko dira nekazaritzan, batezbesteko eskaintza batezbesteko eskariarekin orekatzen den arte.
XX. Kapitulua
Balioa eta aberastasuna.
Beren ezaugarriak
Adam Smithek dioenez, "gizaki bat aberatsa edo txiroa da, giza bizitzan goza ditzakeen oinarrizko ondasun-, tresneri eta dibertsio-mailaren arabera".
Balioa, beraz, aberastasunetik erabat bereizten da, ez baitago oparotasunaren menpe, ekoizpenaren erraztasun edo zailtasunaren menpe baizik. Milioi bat gizakien lanak industrian, beti, balio berdina sortzen du, baina ez du beti aberastasun berdina ematen. Makineri asmakuntzaren bidez, trebetasun-hobekuntzaren bidez, lanaren zatiketa egokiagoaren bidez edo elkarganbio abantailatsuagoak egin daitezkeen merkatu berriko aurkikuntzen bidez, milioi bat langilek aberastasun-kopuru bikoitza edo hirukoitza ekoitz dezakete; izan ere, gizartearen egoera berezi batean ekoitz daitezkeen oinarrizko ondasun, tresneria eta dibertsioak, beste batean egin daitezkeenak bikoitz edo hirukoitz ditzakete, baino honek ez dio ezer balioari erantsiko; edozein gauzaren balioaren igoera edo jaitsiera, bere ekoizpenean dagoen erraztasun edo zailtasunaren araberakoa da, edo bestela esanda, bere ekoizpenean enplegatu den lan-kantitatearen proportzioan dago. Demagun kapital jakin batekin zenbait langileren lanak 1.000 pare galtzerdi ekoizten dituela, eta makinerian asmakuntzak sartu direla eta, langile-kopuru berdinak 2.000 pare ekoizten dituela, edo 1.000 pare ekoizteaz gain, beste 500 kapela ere bai; beraz, 2.000 pare galtzerdien, edo 1.000 pare galtzerdi eta 500 kapelen balioak, ez du zertan makinerian asmakuntzak sartu aurretik 1.000 pare galtzerdiek zuten balioak baino handiagoa edo txikiagoa izan beharrik, zeren eta bi kasuetan lan-kantitate berdinarekin ekoiztu baitira. Baina hala ere, merkantzi masa orokorraren balioa gutxitu egingo da; hobekuntzak egin direla eta, ekoiztuko den ondasun-kopurua inkrementatuko bada ere, balioa, zehazki, hobekuntzak sartu aurretik ekoiztutako ondasun urriago haien berdina izango da. Horrez gain, beste ondorio bat sortarazten du hobekuntzak egiteke zeudenean ekoiztu eta oraindik kontsumitu ez diren merkantzien gain; ondasun hauen balioa urritu egingo da eta aldi berean, kopuruz kopuru, hobekuntza horien abantailapean ekoiztu diren ondasunen mailan ipini beharko dira; eta merkantzi kopurua, aberastasuna eta gozamenerako bitartekoak, hirurak handitu arren, gizarteak balio-kantitate gutxiago izango du. Ekoizpenerako erraztasunak etengabe handitzen badira, guk, etengabe gutxitzen dugu lehen ekoizten genituen zenbait merkantziaren balioa, eta bitarteko horien bidez, nazio-aberastasunaz gain, geroko ekoizpen-ahalmena ere gehitzen ari gara. Ekonomia politikoan egin diren akats asko, tankera honetako ideia okerrengatik izan da, hain zuzen, aberastasun-gehikuntza eta balio-gehikuntza gauza beratzat hartu izan direlako, hala nola neurri estandarra gaizki oinarritu izan delako. Gizaki batek dirua hartzen du balioaren neurri estandar gisa, eta bere ustetan, mota guztietako merkantziak aldatzeko behar den diruaren proportzioan aberastu edo txirotu egiten da nazioa. Beste batzuentzat dirua lanabes arras egokia da trukerako, baina ez ordea neurri zuzena, beste gauzen balioa zenbatesteko; hauen ustetan, balioaren neurri erreala laborea1 da, eta herrialde bat aberatsa edo txiroa da, bere merkantzien truke gari gehiago edo gutxiago ematen denaren arabera2. Badago, egon ere, kontsideratzen duenik herrialde bat aberatsa edo txiroa dela erdiets dezakeen lan-kantitatearen arabera. Baina, zergatik izan beharko luke urreak, gariak edo lanak balioaren neurri estandarra, eta ez ikatzak edo burdinak? Edota arropak, xaboiak, kandelak edo langilearen oinarrizko ondasunek? Zergatik izan behar du merkantzia batek edo merkantzia guztiek elkartuta neurri estandar hori, neurri honek ere aldaketak baldin baditu? Garia, urrea bezala, bere ekoizpen-erraztasun edo -zailtasunak direla eta, beste merkantziekiko ehuneko 10, 20 edo 30 alda daiteke; zergatik esaten dugu beste merkantzia hauen balioa aldatu dela eta ez gariarena? Balioa aldaezina izateko, merkantzia honek, denbora guztian bere ekoizpenerako lan eta astuntasun-sakrifizio berdina eskatzen du. Honelako merkantziaren berririk ez dugu, baina hipotetikoki argudia dezakegu eta existituko bailitzan mintza gaitezke horri buruz; eta honela, geure zientziaren jakintza hobe dezakegu, gaur egun arte erabili diren estandar guztien aplikagarritasun-eza erabatekoa dela frogatuz. Baina suposatzen badugu hauetakoren bat balioaren neurri estandar zuzena dela, hala ere ez litzateke aberastasunaren neurri egokia izango, hau ez baitago balioaren menpe. Gizaki bat aberats edo txiroa da, eskura ditzakeen oinarrizko edota luxuzko ondasun-kopuru handiago edo txikiagoaren arabera; eta diruarekiko, gariarekiko edo lanarekiko, ondasun hauen ganbio-balioa garaia edo apala izanda ere, eragin berdina izango du beren jabeen asekuntzarako. Balio- eta aberastasun-ideiak oker erabili direlako esan izan da merkantzi kantitatea urritu ostean, hau da, oinarrizko ondasunak, tresneria eta giza gozamenak gutxituta, aberastasuna gehi daitekeela. Balioa balitz aberastasunaren neurria, aurreko hori ezingo litzateke uka, urritasunak merkantzien balioa handitzen duelako; baina Adam Smith zuzen badago, eta aberastasuna oinarrizko ondasunek eta gozamenek osatzen badute, onartu behar da berau ezin daitekeela kantitatea urrituta handitu.
Egia da merkantzia eskas bat daukan gizakia aberatsagoa dela, merkantzia honen bidez oinarrizko ondasun eta giza gozamenen kantitate handiagoa eskuratu ahal badu; baina gizabanako bakoitzaren aberastasuna stock orokorretik hartzen denez, berau gutxitu egingo da bertatik hartu den kantitatean, eta beraz, gizarteko beste gizakientzat geratzen dena, gizaki abantailatsuak zati handiagoan eskuratu duenaren proportzioan gutxituko da.
Demagun ura eskasa bihurtzen zaigula -dio Lord Lauderdalek- eta gizabanako baten ondarea dela erabat: honen aberastasuna handitu egingo da, egoera honetan urak balioa izango duelako; eta herrialdeko aberastasuna gizabanako guztiek dutenaren batura bada, hau ere handitu egingo da. Zalantzarik gabe, gizabanako honen aberastasuna handitu egingo da, baina aldi berean, nekazariak bere gariaren zati bat saldu beharko du, oinetakogileak bere oinetako batzuk, eta gizaki guztiek beren edukien zati bat eman beharko dute uraren horniketa erdiesteko, lehen dohainik zuten bitartean; gizaki hauek, ura lortzeko eman behar dituzten merkantzien balioaren neurrian txiroagoak dira, eta era berean, uraren jabea, haiek galtzen duten balioaren neurri berdinean aberastuko da. Gizarte honek ur eta merkantzi kopuru berdina izango du gozatzeko, baina desberdin banatuta geratuko dira. Hala ere, hemen suposatu dena uraren monopolioa izan da, eta ez bere eskasia. Ura eskasa balitz, herrialde eta gizabanakoen aberastasuna benetan murriztu egingo litzateke, bere gozamenen zati bat kendu egingo litzaiekeelako. Nekazariek beste merkantziekin -beharrezkoak edo desiragarriak izan daitezkeenak- ganbiatzeko gari gutxiago izateaz gain, bai hauei, bai beste gizabanako guztiei ere, gozamenerako duten ondasun esanguratsuena murriztuko litzaieke. Herrialde honetan aberastasunaren banaketa desberdina egongo litzateke, baina baita aberastasunaren benetako galera ere.
Esan daiteke, beraz, bi herrialdek oinarrizko ondasun- eta erosotasun-kopuru berdinak badituzte, aberastasun berdina dutela; baina beren aberastasunen balioa, ekoizteko bakoitzak daukan erraztasun edo zailtasun erlatiboaren menpe dago. Izan ere, makinerian hobekuntzaren bat sartzen bada eta pare bat galtzerdi egin ordez bi pare egiten baditu lan gehigarririk gabe, orduan, oihal yarda baten truke kopuru bikoitza emango litzateke. Oihalaren ekoizpenean tankera honetako hobekuntza sartzen bada, hau eta galtzerdiak lehengo proportzio berdinean ganbiatuko dira; baina bien balioa eroriko da, zeren eta urre, kapela edo beste merkantziez trukatzean, lehen ematen zenaren kopuru bikoitza eman beharko baita. Hobekuntza urre eta gainontzeko merkantzien ekoizpenera hedatzen bada, oihalak eta galtzerdiek antzinako proportzioak eguneratuko dituzte. Herrialdean urtero merkantzi kopuru bikoitza ekoiztuko da, eta beraz, herrialdeko aberastasuna ere bikoiztu egingo da, baina aberastasun honen balioa ez da gehituko.
Nik behin baino gehiagotan esan dudanez, Adam Smithek aberastasunari buruzko azalpen zuzena eman digu; hala ere, aurrerago, beste era honetara azaltzen digu: "Gizaki bat aberatsa edo txiroa da eros dezakeen lan-kantitatearen arabera". Deskribapen hau arestian azaldutakotik erabat bereizten da, eta guztiz okerra da; demagun meategiak ekoizkorrago bihurtzen direla, eta beraz, urre eta zilarraren balioak jaitsi egiten direla beren ekoizpena errazagoa delako; edo balusa lehen behar zen baino lan gutxiagorekin fabrikatzen dela eta honen ondorioz bere balioa erdira erortzen bada; merkantzia horiek erosten dituztenen aberastasuna handitu egingo litzateke; gizaki batek bere zilarrezko ontziak gehi litzake, beste batek, bien bitartean, balus-kantitate bikoitza eros lezake; baina zilarrezko ondasun eta balus gehigarri hauen jabetzarekin ezin lezakete lehen baino lan gehiago enplega; egun bateko eskulana erdiesteko, balus eta zilarrezko ondasunen ganbio-balioa urrituko litzatekeenez, proportzionalki, gauza hauen kopuru handiagoa eman beharko litzateke. Aberastasuna, haatik, ezin daiteke neur beronekin eros daitekeen lan-kantitatearen arabera.
Esandakoarekin ikus daiteke herrialde bateko aberastasuna bi eratara gehi daitekeela: batetik, eskulan ekoizkorra mantentzeko errentaren zati handiagoa erabiliz -kopuruaz gain, merkantzi masaren balioa ere gehituko da-; edo bestela, lan-kantitate gehigarririk erabiltzeke gehi daiteke ere, erabiltzen dena ekoizkorragoa egiten bada; azken era honen bidez merkantzi kopurua handiagoa izango da, baina ez merkantzien balioa.
Lehen kasuan, herrialdea aberatsago bihurtzeaz gain, bere aberastasunaren balioa ere gehituko litzateke. Zuhurkeriaz aberastuko litzateke, hau da, bere gastuak luxuzko ondasunetan eta gozamenetan urritu ostean, sortutako aurrezkiak berrekoizpenerako enplegatu direlako.
Bigarren kasuan, ez du zertan luxuzko ondasunetan eta gozamenetan gastu murrizketarik egon behar, ezta ekoizpenean enplegatzen den lanaren gehikuntzarik ere; baina lan berdinarekin gehiago ekoiztuko litzateke; aberastasuna gehituko litzateke, baina ez bere balioa. Aberastasuna gehitzeko bi bide hauetatik, bigarrenak izan behar du lehentasuna, ondorio berara iristen baita, baina gozamenak urritzeke edo bertan behera uzteke; eta lehenengo kasuan ez da inoiz honela gertatzen. Kapitala, herrialde batek geroko ekoizpenean enplegatuko duen aberastasunaren zatia da, eta aberastasuna handitzen den heinean hura ere gehi daiteke. Kapital gehigarria geroko aberastasunarentzat benetan efektiboa izango da, bai trebetasunean eta makinerian hobekuntzak egitearen ondoriozko kapitala bada, baita berrekoizpenerako errentaren zati handiagoa erabiltzeagatik lortutakoa bada ere; zeren eta aberastasuna, beti, ekoiztutako merkantzien menpe baitago, axolarik izan gabe beren ekoizpenean erraztasun handiagoa edo gutxiago egon den. Ehun- eta hornigai-kopuru jakin batek gizaki-kopuru berdina mantendu eta enplegatuko du, eta beraz, hori egiteko lan-kopuru berdina beharko da, nahiz horretarako 100 edo 200 gizaki behar izan; baina balio hori bikoitza izango litzateke ekoizpen honetan 200 gizakien lana enplegatuko balitz.
Say jaunak, bere "Traité d’Economie Politique"ren laugarren eta azken argitalpenean zuzenketak egin bazituen ere, niretzat era arras desegokian definitzen ditu aberastasuna eta balioa. Izan ere, bi termino hauek sinonimotzat hartzen ditu, eta bere ustetan, gizaki bat aberatsa da bere edukien balioa gehitzen den heinean, eta merkantzia ugari eskuratu ahal dituenean. Berak dioenez, "pertsona baten sarreren balioa gehitu egiten da, horien bidez ekoizkin ugariago eskuratu ahal baditu, edozein izanda ere horiek lortzeko era". Say jaunaren arabera, ehuna ekoizteko zailtasuna bikoizten bada, eta ondorioz, lehen halako merkantzi kopuru bikoitzarekin ganbiatzen bada orain, haren balioa bikoiztu delako da, eta honekin ni ere bat nator; baina merkantziak ekoizteko erraztasun bereziren bat balego eta ehuna ekoizteko zailtasunak ez balira handituko, eta beraz, ehuna, lehengo kasuan bezala, merkantzi kopuru bikoitzarekin ganbiatuko balitz, orduan ere, Say jaunak ehunaren balioa bikoiztu egin dela esango luke. Nire ikuspegiaren arabera ordea, Say jaunak esan beharko luke, ehunak lehengo balioa mantentzen duela eta beste merkantziena lehengoaren erdira erori dela. Baina Say jauna ez al dator bat berak esaten duenarekin, alegia, ekoizpena erraztu delako, orain bi zaku labore ekoitz daitezkeela lehen bat egiteko erabiltzen ziren baliabide berdinekin, eta zaku bakoitza lehengo balioaren erdira eroriko dela?; ez al du adierazten bere ehuna bi zaku laborerekin ganbiatzen duen ehungileak lehen lortzen zuen balio bikoiztuta erdietsiko duela, lehen bere ehunaren truke zaku labore bakarra lor zezakeenean? Oraingo bi zaku laborek lehen batek zuen balioa badute, balio berdina lortzen du, ez gehiago -aberastasun-kopuru bikoitza lortzen du, baliagarritasun-kopuru bikoitza-. Honi, Adam Smithek erabiltzeko balio bikoitza deitzen dio, baina ez da balio-kopurua bikoizten, eta beraz, Say jauna ezin daiteke zuzen egon balioa, aberastasuna eta baliagarritasuna sinonimo bezala hartzen dituenean. Badaude, egon ere, Say jaunaren lanean zati asko, non balio eta aberastasunaren arteko diferentziak azaltzen diren, eta bertan erabiltzen dituen argudioak nire doktrinak defenditzeko erabil litezke, nahiz aitortu behar dudan, badaudela ere beste pasarte batzuk erabat aurkakoak direnak. Pasarte hauek ezin ditzaket batera, eta aurrez aurre ipiniko ditut ondoko lerroetan ea Say jaunak, bere liburuaren hurrengo argitalpen batean, bere ikuspegiaren argitasunak ematen dizkidan; horrela, gai hau aztertzerakoan zailtasun hori niri eta pertsona askori argituko zaigu.
1. Bi ekoizkin ganbiatzen direnean, guk, horiek sortzeko behar diren benetako zerbitzu ekoizkorrak ganbiatzen ditugu, besterik ez. 504. orr.
2. Ez dago beste garestitasun errealik, ekoizpen-kostutik datorrena baino. Gauza bat benetan garestia bada, berau ekoiztea asko kostatzen delako da. 497. orr.
3. Ekoizkin bat sortzeko kontsumitu behar diren zerbitzu ekoizkor guztien balioak, azken finean, ekoizkin honen kostua osatzen du. 505. orr.
4. Baliagarritasuna da gauza baten eskaria finkatzen duena, baina ekoizpen-kostuak mugatzen du eskari horren kopurua. Baliagarritasun honek bere balioa ekoizpen-kosturaino goratzen ez duenean, gauza hori ez da balioa kostatzen dena; zerbitzu ekoizkorrak balio garaiagoko merkantzia bat sortzen enplega litezkeenaren froga bat da hori. Fondo ekoizkorren jabeek, hau da, lana, kapitala edo lurra erabiltzeko ahalmena dutenek, etengabe alderatzen dute ekoizpen-kostua ekoiztutako gauzen balioarekin; edo beste era batera esanda, merkantzia desberdinen balioa, bata bestearekiko alderatu egiten dute; ekoizpen-kostua, besterik gabe, zerbitzu ekoizkorren balioa da, hain zuzen ere, ekoizpen baten osaketan kontsumitzen dena; eta zerbitzu ekoizkorren balioa, besterik gabe, merkantziaren balioa da, hain zuzen ere, bere emaitza dena. Beraz, merkantzia baten balioa, zerbitzu ekoizkor baten balioa, ekoizpen-kostuaren balioa, denak, antzeko balioak dira, beti ere gauzei beren joera naturala jarraitzen uzten zaienean.
5. Baliabideen balioa gehitu egiten da (ez da esaten zein bitartekorekin), ekoizkin-kopuru handiagoa erdietsi ahal bada.
6. Prezioa gauzen balioaren neurria da, eta hauen balioa beren baliagarritasunaren neurria. 2. Bolumena, 4. orr.
7. Askatasun osoz egindako ganbioek, bizi gareneko garaian, lekuan eta gizartearen egoeran, gizakiek ganbiatzen diren gauzei ematen dieten balioa azaltzen dute. 466. orr.
8. Ekoiztea balioa sortzea da, gauzaren baliagarritasuna ematen baitzaio; eta beraz, ekoizpenarekin gauza hori eskatzeko moduan geratzen da, berau baita bere balioaren lehen zergatia. 2. Bolumena, 487. orr.
9. Behin baliagarritasuna sortuz gero, ekoizkina eratuta dago. Gauzatzen den ganbio-balioa, azken finean, bere baliagarritasunaren neurria besterik ez da. Hain zuzen, gauzatu den ekoizpenaren neurria. 490. orr.
10. Herrialde zehatz bateko biztanleek ekoizpen bati aurkitzen dioten baliagarritasuna, berorrengatik ematen duten prezioak adierazten du, ez beste ezerk. 502. orr.
11. Gizaki zentzudunen arabera, ekoizkin baten baliagarritasunaren neurria prezioak adierazten du; baliagarritasun hori ematen dien ondasuna ez lukete kontsumitu nahi izango, ordaindu den prezioarengatik asetasun handiagoa emango dien baliagarritasuna eskuratuko balute. 506. orr.
12. Pertsona batek daukan ondasuna eskuz aldatu nahi duenean, horren truke berehala ahal dituen merkantzia guztiak lortzeko, garai guztietan eztabaida ezin daitekeen balio bat osatzen du. 2. Bolumena, 4. orr.
Ekoizpen-kostutik eratortzen denaz gain, beste garestitasun errealik ez badago (ikus 2), nola esan daiteke merkantzia baten balioa igo dela (ikus 5) bere ekoizpen-kostua ez bada gehitu? Merkantzia merkeago -ekoizpen-kostua gutxitu zaion merkantzia- gehiagorekin ganbiatuko delako? Nik libra bat urrearengatik libra bat burdinaren truke baino 2.000 bider oihal gehiago ematen badut, horrek adierazten al du nik urrearekin lortzen dudan baliagarritasuna, burdinarekin erdiesten dudana baino 2.000 aldiz handiagoa dela? Benetan ez; horrek frogatzen duen gauza bakarra, Say jaunak onartzen duen bezala, (ikus 4) urrearen ekoizpen-kostua burdinarena baino 2.000 aldiz handiagoa dela da. Bi metalen ekoizpen-kostuak berdinak balira, biengatik prezio berdina emango nuke; baina baliagarritasuna balitz balioaren neurria, ziurrenik gehiago eman beharko nuke burdinarengatik. Ekoizleek, lehiatzerakoan, "etengabe alderatzen dute ekoiztutako gauzen balioa beren ekoizpen-kostuarekin" (ikus 4), eta lehiaketa horrek erregulatzen du merkantzia desberdinen balioa. Haatik, nik shilling bat ematen badut ogi batengatik eta 21 shilling ginea batengatik, horrek ez du frogatzen nire zenbatespena beraien baliagarritasunaren neurria denik.
4 zenbakian Say jaunak, oso aldaketa gutxirekin, nik balioari buruz defenditzen dudana mantentzen du. Zerbitzu ekoizkorren artean lurrak, kapitalak eta lanak emandakoak kontuan hartzen ditu; nik ordea, kapitala eta lana besterik ez ditut sartzen, eta lurra guztiz kanpo uzten dut. Gure arteko desberdintasuna, errentari buruz dugun iritzi desberdinean datza: nik beti kontsideratu izan dut monopolio partzialaren emaitza bezala, sekula prezioaren erregulatzaile ez dena, are gehiago, errenta prezioaren ondorio litzatekeena. Nire iritziz, lurjabe guztiek errenta kobratzeari utziko baliote ere, lurrean ekoiztutako merkantziak ez lirateke merkeagoak izango, beti daudelako merkantzia horien artean errenta ordaintzen ez duen lurrean ekoizten direnak, edota errentarik ezin ordain daitekeen lurrekoak, sortzen den soberakina doi-doi delako kapitalaren irabaziak ordaintzeko.
Laburbilduz, nahiz beste inor baino gogo gehiago izan onartzeko, merkantziak benetan oparoak eta merkeak izateak, mota guztietako kontsumitzaileentzat abantaila paregabeak ekarriko lituzkeela, hala ere, balioa zenbatesterakoan ezin naiteke Say jaunarekin bat etor; izan ere, balioaren zenbatespen hori ezin daiteke egin ganbioan emango diren merkantzi kopuruaren arabera; ni, beste idazle ezagun baten iritzikoa naiz, Destutt de Tracy jaunaren ustekoa, hain zuzen: "Edozein gauza neurtzea neurri estandar gisa hartzen dugun gauza berdinarekin alderatzea da, unitate gisa hartzen dugunarekin. Beraz, luzera, pisua, edo balioa jakitea, zenbat metro, gramo edo franko dituen aurkitzea da; hitz batean esanda, deskribapen bereko unitateak aurkitzea". Franko bat ez da gauza guztien balio-neurria, baizik frankoa egina dagoen metal berdineko kantitatea neurtuko du frankoak eta neurtu behar dugun gauzak, amankomunean neurtzeko beste zerbait ez baldin badute behintzat. Nire ustez izan daitezke, biak lanaren emaitza baitira, eta beraz, lana neurri amankomuna da eta honen bidez beren balio erreala eta erlatiboa zenbatets daitezke. Hau da, dirudienez, Destutt de Tracyren iritzia3 eta honek poztu egiten nau. Honela dio: "Egia da gure kemen fisikoek eta moralek osatzen dutela gure jatorrizko aberastasuna, eta kemen hauen erabilpena, edonoren lana da, hain zuzen ere, gure altxor bakarra; berau enplegatuta sortzen dira gauza guztiak eta honela eratzen da gauza beharrezkoek zein atseginek osaturiko aberastasuna. Egia da ere gauza hauek guztiek lana isladatzen dutela, beraiek ekoizteko erabili den lana, eta balioren bat baldin badute, edo nahiz bi balio desberdin izan, azken finean, berauek sortzeko enplegatu den lanaren baliotik erator daiteke bakarrik".
Say jaunak Adam Smithen lan eskergaren bikaintasunez eta akatsez mintzo denean, errata gisa hartzen du "lanari bakarrik egoztea balioa sortzeko ahalmena. Azterketa zuzenago batek azaltzen digu balioa lanaren ekintza dela, edo hobekiago esanda, gizakiaren jarduerarena, naturak hornitzen gaituen eragileen jarduerarekin eta kapitalak ematen duen laguntzarekin elkartuta. Printzipio hau ongi ez zekielako ez zen gai izan makineriak aberastasunaren gain sortzen duen eraginari buruz, benetako teoria lantzeko".
Adam Smithen iritziarekin kontrajarrita, Say jaunak bere laugarren kapituluan natura-eragileek merkantziei eransten dieten balioaz mintzo zaigu: eguzkiaz, aireaz, atmosferaren presioaz, eta abar. Izan ere, zenbait kasutan gizakiaren lana ordezkatzen omen dute eta beste batzuetan ekoizpenean lagungarri omen dira4. Baina natura-eragile hauek, nahiz erabiltzeko balioari asko erantsi, Say jauna mintzo den merkantziaren ganbio-balioari ez dio inoiz ezer eransten; makineriaren laguntza sartzen denean, edo naturaren filosofiak erakusten duena aplikatzen denean, lehen gizakiak egiten zuen lana ordezkatzen ari gara, eta ondorioz, honela egindako lanaren ganbio-balioa erori egiten da. Hamar gizakiek irin-errota martxan ipintzen badute, eta haizea edo uraren laguntzarekin hamar gizaki hauen lana aurrez daitekeenaren aurkikuntza egiten bada, honela ekoiztutako irinaren balioa -hein batean errotaren lanarekin egindakoa- erori egingo da, hain zuzen ere, aurrezten den lan-kantitatearen proportzioan; gizartea aberatsagoa izango litzateke hamar langile horiek ekoiztuko lituzketen merkantziekin, eta aldi berean berauek mantentzeko fondoak urritzeke geratuko dira. Say jaunak, sarritan, gainetik pasatzen du erabiltzeko balio eta ganbio-balioaren arteko diferentzia.
Say jaunak Smith doktoreari aurpegira botatzen dio, makineriak eta natura-eragileek merkantziei eransten dieten balioa kontuan ez izatea, eta gauza guztien balioa gizakiaren lanetik sortzen dela kontsideratzea, baina ez dut uste kritika hau ongi oinarritzen duenik; izan ere, Adam Smithek ez ditu inon natura-eragileek eta makineriak ekoizpenean jokatzen duten papera azpibaloratu; hala ere, ondo bereizten du haiek merkantziei eransten dieten balioa: oso egokiak zaizkigu ekoizkin-oparotasuna gehitzen dutelako, gizakiak aberatsagoak bilakatzen direlako eta erabiltzeko balioa gehitzen delako; baina, beren lan guztia dohainik egiten dutenez eta aire, ur eta beroa erabiltzeagatik ezer ordaindu behar ez denez, ematen diguten laguntzak ez dio ganbio-balioari ezer eransten.
XXI. Kapitulua
Metaketaren ondorioak irabazi
eta interesen gain
Kapitalaren irabaziei buruz egin den azterketaren arabera, badirudi kapital-metaketak ez dituela irabaziak iraunkorki apalduko, gertakizun bereziren baten ondorioz alokairuak igo eta honela irauten ez badute behintzat. Eskulana mantentzeko fondoak bikoiztu, hirukoiztu edo laukoiztuko balira, ez litzateke zailtasun handirik egongo, luze baino lehen, industrian enplegatu ahal izateko nahikoa eskulan erdiesteko; baina, herrialdeko elikagaiak gehitzeko zailtasunak beti handitzen ari direla eta, balio berdineko fondoek, ziurrenik, ez lukete langile-kopuru berdina mantenduko. Langileen oinarrizko ondasunak erraztasun berdinarekin eta etengabe gehituko balira, ezin liteke irabazi-tasan aldaketa iraunkorrik egon, ezta alokairu-tasan ere, edozein izanda ere meta litekeen kapital-kopurua. Adam Smithek aldiz, zalantzarik gabe gainera, irabazien beherakada kapital-metaketari eta hortik sortzen den lehiaketari egozten dio; izan ere, kapital gehigarria enplegatu ostean langile-kopuru handiagoa egongo da eta hauek elikagai ugariago beharko dituzte, eta egoera horri aurre egiterakoan sortuko liratekeen zailtasunak ez ditu aipatzen: "Kapitalaren gehikuntzak alokairuak igoarazi eta irabaziak jaitsarazi egiten ditu. Merkatari aberats askoren kapitalak jarduera berdinean erabiltzen direnean, berauen arteko lehiaketara heltzen dira, eta irabaziak naturalki jaitsi egiten dira; antzeko gehikuntza ematen denean jarduera desberdinetako kapitaletan, lehiaketaren bidez egoera berdinera helduko ginateke adar guztietan". Adam Smithek, hemen, alokairuen igoeraz hitz egiten du, baina behin-behineko igoera da, hain zuzen, populazioa gehitu aurretik fondoaren hazkundeak sortu zuen igoera; eta badirudi bera ez dela ohartzen kapitala gehitzearekin batera, honek egin behar duen lana ere proportzio berdinean handitzen denaz. Say jaunak, aldiz, argi eta garbi frogatu du, herrialde batean ez dagoela enplegatzeke gera daitekeen kapitalik, eskaria ekoizpenak besterik ez duelako mugatzen. Inork ez du ekoizten kontsumitzeko edo salmentarako ez bada, eta inoiz ez da saltzen beste merkantzia bat erosteko ez bada; eta merkantzia hau berehala erabiltzeko ez bada, geroagoko ekoizpena laguntzeko izango da. Haatik, ekoizlea, derrigorrez, bere ondasunen kontsumitzailea bihurtzen da, edo beste edozein pertsonaren ondasunen erosle eta kontsumitzaile. Ezin da uste izan pertsona hau denbora luzean egongo denik gaizki informatua abantailatsuenak diren gauzak ekoizteari buruz, honela berak gehien nahi duena erdietsi ahal izateko, hau da, beste ondasun batzuk edukitzea; eta beraz, ez da batere ziurra eskaririk ez duen merkantzia ekoizten jarraituko duenik1.
Ezin daiteke, beraz, herrialde batean meta ekoizkorki enplegatuko ez den kapital-kopururik, alokairuak igotzen ez diren artean; igoera hori oinarrizko ondasunak garestitzerakoan emango da, ondorioz kapitalaren irabaziak murriztu egingo dira, eta metaketa hori geraraziko du, metatzeko motibazioa desagertu egiten baita2. Kapital-irabaziak garaiak diren bitartean gizakiek kapitala metatzeko gogoa izango dute. Gizaki batek gogoren bat asetzeke duen bitartean merkantzia gehiago eskatuko du, eta hau eskari efektiboa izango da, berauen ordez ganbiatzeko balioren bat eskaintzeko duen bitartean. Urteko 100.000£ko errenta duen gizaki bati hamar mila libera ematen bazaizkio, ez ditu kutxa batean gordeko, aitzitik, bere gastuak 10.000£n gehituko ditu, edo era ekoizkorrean inbertituko ditu, edo beste bati maileguan emango dizkio xede berdina bete dezan. Nolanahi ere, eskaria gehitu egingo da, nahiz objektu desberdinengatik izan. Bere gastuak handitzen baditu, bere eskari efektiboa, ziurrenik, eraikinetara, altzarietara edo beste edozein gozamenetara zuzenduko litzateke. Bere 10.000£ ekoizkorki enplegatuko balitu, eskari efektiboa elikagai, arropa eta lehengaietara zuzenduko litzateke, eta finean, langile berriak lanean ipinarazteko izan litezke; baina beti, eskaria izango litzateke3.
Ekoizkinak, beti, beste ekoizkinekin edo zerbitzuekin erosten dira; dirua, beti, ganbioa gauzatzeko bitartekaria da. Merkantzia bat gehiegi ekoitz daiteke eta horren ondorioz merkatuetan soberakinak agertuko lirateke, zeintzuek gastatu den kapital guztia berreskuratzea zailduko duten; baina hau ezin daiteke merkantzia guztietan eman; gariaren eskaria, labore hori jaten dutenen aho-kopuruak mugatzen du; oinetako eta berokien eskaria, berauek jantziko dituzten pertsona-kopuruak; baina, komunitate batek edo beronen sektore batek, kontsumitu nahi duen adina gari, oinetako edo kapela eduki arren, ez da berdina gertatzen Izadiak edo Arteak ekoizten dituzten merkantzia guztiekin. Batzuek ardo gehiago kontsumituko lukete, hori eskuratzeko gauza balira. Besteek, ardo ugari dutela eta, nahiago lukete altzari gehiago izatea edo daukatena hobetzea. Beste batzuek nahiago lukete beren parkeak dotoretzea, edo beren etxeak handitzea. Gauza hauek guztiak edo hauetako zenbait egiteko nahia, gizaki guztien gogoan dago; nahi hori betetzeko bitartekoak behar dira eta ezerk ez du ekoizpen-hazkundeak baino hobekiago beteko. Nik elikagaiak eta oinarrizko ondasunak nire esku banitu, berehala ipiniko nituzke langileak, gogoko ditudan ondasunak eta erabilpen handiena dutenak egin diezazkidaten.
Ekoizpen-hazkunde honek eta ondorioz sortzen duen eskariak irabaziak igoko dituen ala ez jakitea, alokairuen igoeraren menpe dago; eta alokairuen igoera, epe laburrerako ez bada behintzat, langileentzat diren elikagai eta oinarrizko ondasunak ekoizteko erraztasunaren menpe dago. Epe laburrerako ez bada, diot, gardenki onartuta baitago eskulan-eskaintza, azken finean, langileak mantentzeko bitartekoen proportzioan baino ez dagoela.
Kapital-metaketa elikagaien prezio apalekin eta irabazien beherakadarekin batera joan ahal izatea, kasu bakarrean eman daiteke, eta berau behin-behinekoa da: langileak mantentzeko fondoa populazioa baino fiteago ugaltzen denean gertatzen da hori; halakoetan, alokairuak garaiak dira eta irabaziak apalak. Gizaki guztiek luxuzko ondasunen erabilpena baztertuko balute eta metaketaz besterik ez balira kezkatuko, oinarrizko ondasun-kopuru bat ekoitz liteke, nahiz honentzat berehalako kontsumorik ez egon. Honelako merkantzia zehatz batzuen soberakin unibertsala sor liteke, zalantzarik gabe gainera, eta beraz, ezin liteke nahiko eskaririk egon merkantzia horien kopuru gehigarriarentzat, ezta irabazirik kapitalarentzat. Gizakiek kontsumitzeari utziko baliote, ekoizteari ere utziko liokete. Onespen hau egiteak ez du printzipio orokorra baliorik gabe uzten. Ingalaterra bezalako herrialdean, adibidez, zaila da suposatzea bertako biztanleak prest egongo liratekeela kapital eta lan guztia oinarrizko ondasunak ekoizteko esleitzera.
Merkatariek beren kapitala kanpo-merkataritzan edo garraio-jardueran erabiltzen dutenean, honela egitea hautatzen dutelako da, eta ez behartuta daudelako: merkataritza honetan irabaziak barnekoan baino zertxobait handiagoak izango direla ikusten dute.
Adam Smithek zuhurki ikusi du "gizaki guztiek duten elikagai-nahia giza urdailaren ahalmen txikiak mugatzen duela, baina konforterako tresneria, eraikinen apaingarri, jantzi, ekipamendu eta etxeko altzarien nahiek ez dutela inolako mugarik". Izadiak, beraz, derrigorrez mugatzen du nekazaritzan denboraldi jakin batean abantailatsuki erabil daitekeen kapitala; baina ez du inolako mugarik ipini kapitalaren edozein kopuru "konfort tresnak eta apaingarriak" ekoizteko erabil dadin. Honelako gozamenak ahal den gehien eskuratzea da erdietsi nahi den xedea, eta horretarako ezin hobeak dira kanpo-merkataritza eta garraio-jarduera; gizakiak horregatik aritzen dira gehiago jarduera hauetan, herrialdeak behar dituen ondasunak manufakturatzen edo hauen ordezkoak egiten baino. Hala ere, egoera berezietan ezin bagenu kanpo-merkatzaritzan edo garraio-jaurdueran kapitalik erabili, herrialdean bertan enplegatu beharko genuke, baina onura gutxiagorekin; eta konfort tresnak, apaingarriak, etxebizitza, jantzi eta altzarien nahiek mugarik ez dutenez, berauek ekoizteko erabiltzen den kapitalak ere ez du mugarik; muga, ondasun horiek ekoizteko erabiltzen diren langileak elikatzeko ahalmenak ipintzen du, besterik ez.
Adam Smithek, hala ere, garraio-jarduera hautagarria ez, derrigorrezkoa dela dio; jarduera honetan enplegatzen den kapitala honela ez balitz enplegatuko, bizigabe bailegoen litzateke, eta barne-merkataritzan enplegatzen dena kopuru batean mugatuta ez balego, gainezka egiteko egongo balitz bezala. Honela jarraitzen du: "Edozein herrialdetako kapitala maila bateraino handitzen denean eta handik aurrera ezin bada enplegatu kontsumoa hornitu eta herrialde horretako langile ekoizkorrak mantentzeko, hortik aurrera sobera dagoen guztiak garraio-jardueran gainezka egingo du eta zerbitzu berdina beste herrialde batzuetan eskaintzeko enplegatuko da".
"Britainia Handiko industriak ekoizten duen soberakinaren zati batekin urtero laurogeita hamasei mila upel tabako inguru erosten dira. Baina Britainia Handiko eskariak, agian, ez du behar hamalau mila baino gehiago. Geratzen diren laurogeita bi mila, beraz, ezin litezke kanpora bidal eta bertan eskatzen den zerbaitekin ganbia; honelako kasuan, berehala utziko genioke tabakoa inportatzeari, eta honekin batera Britainia Handiko biztanleek urtero laurogeita bi mila upel tabakoarekin ganbiatzen dituzten ondasunen ekoizpena bertan behera geratuko litzateke". Baina, ezin al liteke herrialdeko lan ekoizkorraren zati hau beste gauza batzuk egiteko enplega, gero hauek herrialdeak eskatzen dituen atzerritar ondasunekin ganbiatu ahal izateko? Eta honela ez bada, ezin al liteke lan ekoizkor hori enplega, nahiz abantaila gutxiagorekin izan, herrialdean bertan eskatzen diren ondasunak egiten, edo gutxienez, hauen ordezkoak egiten? Guk balusa nahi badugu, zergatik ez gara hori egiten saiatzen? Eta arrakastarik ez bagenu, zergatik ez egin arropa gehiago, edo kontsumitzen dugun objektu desiragarriren bat?
Guk merkantziak fabrikatzen ditugu, eta hauekin atzerrian ondasunak erosten ditugu, bertan eginda baino kopuru handiagoa lortzen dugulako. Merkataritza hau kenduko baligute, berehala hasiko ginateke behar duguna geure kontura egiten. Baina Adam Smithen iritzi hau, gai honi buruzko bere doktrina orokorrarekin kontraesanean dago. "Merkantzia bat kanpo-herrialde batetik ekarrita merkeago ateratzen bazaigu bertan eginda baino, hobe dugu atzerrian erosi eta gure industrian egiten den ekoizpen-zati batekin trukatu, eta geure indarrak abantaila duguneko jardueran erabili. Beti enplegatzen duen kapitalaren proportzioan egoten den herrialdeko eskulan orokorra, ez da horregatik urrituko, baizik eta abantaila gehien lortuko duen jardueran enplegatzeko bere bidea egin beharko du".
Beste leku batean honela dio: "Kontsumi dezaketena baino elikagai gehiago dauzkaten horiek, beti desiratzen ari dira beren soberakinekin zerbait ganbiatzeko, edota gauza bera dena, beronen prezioa, beste mota bateko asekuntzekin. Mugatutako nahiaren gainetik geratzen den bestea, ase ezin daitezkeen gozamenak ematen dizkigute, baina, dirudienez, hauek ez dute mugarik. Txiroek berentzako elikagaiak lortzeko, aberatsen amets zoroak asetzeko lana egin behar dute; eta xede hori ziurtasun handiagorekin erdiets dezaten, beren arteko lehia egoten da, egin behar duten lana merkea eta perfektua izan dadin. Langile-kopurua elikagai-kantitatearekin gehitzen da, edo lurraren lanketan hobekuntzak egiten direnean; eta hauek egiten duten lanaren izaerak beronen azpizatiketa handiagoa onartzen duenez, landu dezaketen material-kopurua, proportzioan, langile-kopuruarena baino gehiago hazten da. Hortik dator giza asmakuntzek eraikin, arropa, ekipamendu nahiz etxeko altzarietan enplega ditzaketen material ororen -baliagarri zein apaingarri- eskaria; fosil eta lurraren baitako meatzena, metalena zein harri bitxiena".
Beraz, onespen hauetatik eskariak mugarik ez duela ondorioztatzen da, hala nola etekinak ematen dituen bitartean, kapital-enpleguak ere mugarik ez duela, eta nahiz kapitala erabat ugaldu, ez dago irabaziak erortzeko arrazoirik, eta egotekotan, alokairuen igoeran datza; are gehiago, erants daiteke ere, alokairuen igoera iraunkorraren arrazoi egoki bakarra, etengabe gehitzen den langile-kopuruarentzat elikagai eta oinarrizko ondasunak hornitzeko zailtasunean datzala.
Adam Smith zuhurki ohartu da kapitalaren irabazi-tasa determinatzea oso zaila denaz. "Edozein jardueratan oso aldakorrak dira irabaziak, are gehiago, jarduera orokorrean, eta horregatik arras zaila da batezbesteko irabazi-tasa jakitea. Ezinezkoa da jakitea, zehaztasun txikienez ere, duela denbora asko zenbatekoa zen irabazi-tasa hori, are gutxiago antzinagokoa". Nahiz eta argi egon diruaren erabilpenagatik asko ordainduko dela honekin gauza asko egin daitezkeenean, hala ere, honako iradokizuna egiten du: "Merkatuko interes-tasak, irabazi-tasaren nolabaiteko noziora garamatza, eta interesaren bilakaeraren historiak, irabazien historiara hurbiltzen gaitu". Zalantzarik gabe, epe luze batean merkatuko interes-tasa zehaztasunez jakiterik bagenu, irizpide zuzena izango genuke irabazien bilakaera zenbatesteko.
Baina herrialde guztietan, politikaren nozio okerrak direla eta, estatuak merkatu libre eta gardeneko interes-tasa egotea eragotzi du, zigor astun eta kaltegarriak ipini baitizkie legez onartutako interes-tasa baino altuagoa eskatu dutenei. Herrialde gehienetan, ziurrenik, honelako legeei ihes egiten zaie, eta beraz, gai honi buruz estatistikek informazio urria ematen digute, gehiena interes-tasa legal eta finkoari buruzkoa baita, ez ordea merkatuko interes-tasarena. Gaur egungo gerra honetan Ogasun- eta Marina-bonoek hain deskontu garaiak izan dituztela eta, berauen erosleek diru horri ehuneko 7, 8... edo gehiago atera diote. Gobernuak maileguak eskuratu ditu ehuneko 6 baino altuagoko interes-tasaren truke, eta gizabanakoak maiz behartuak izan dira, zeharkako bitartekoen bidez, ehuneko 10 baino garaiagoko interes-tasa ordain dezaten, diru-premia handia zeukatelako; hala ere, denboraldi bereko interes-tasa legala, uniformeki, ehuneko 5 izan da. Beraz, interes-tasa finko eta legalaren informazioarekin gutxi ondoriozta daiteke, merkatuko interes-tasatik hain urrun dagoenean. Adam Smithek jakinarazi digu Endrike VIII.aren 37. urtetik Jaime Lehenaren 21. urteraino, interes-tasa legala ehuneko 10 izan zela. Errestaurazioa eman eta berehala, interes-tasa ehuneko 6ra jaitsi zen, eta Anaren erregetzearen 12. urte inguruan, ehuneko 5era. Bere ustez, tasa legalak merkatukoari jarraitu zion, aurrea hartu gabe. Ameriketako gerra aurretik, gobernuak ehuneko 3an jaulki zuen zorra, eta bien bitartean, hiriburuko hartzekodunek eta erreinuko beste leku askotakoek ehuneko 3’5, 4 eta 4’5 eskatzen zuten.
Interes-tasa, azken aldi honetan eta iraunkorki irabazi-tasak erregulatzen badu ere, behin-behingoz, beste eragile batzuen menpe egon ohi da. Merkantzien prezioak diruaren balio eta kopuruaren gora-beherekin aldatzen dira. Ikusi dugunez, prezio horiek ere aldatu egiten dira eskari eta eskaintzaren arteko proportzioa aldatzen denean, nahiz ekoizpenerako erraztasun edo zailtasun handiagorik ez egon. Eskaintza ugaria zein eskaria urria izateagatik edo diruaren balioa gehitu delako, merkatuetan merkantzien prezioak erortzen direnean, fabrikatzaileak manufakturatutako ondasun piloa metatzen du, ez baita honelako prezio uzkurretan saltzeko prest egoten. Bere ohiko ordainketei aurre egin ahal izateko, lehen bere merkantziak saldu ostean egiten bazituen ere, orain kredituen bidez ordaintzen saiatuko da, eta sarritan, kreditu horrengatik interes-tasa garaia eman behar izaten du. Baina egoera honek ez du luze irauten; edo fabrikatzailearen aurrikuspenak ondo oinarrituta zeuden eta bere merkantzien prezioa berehala igotzen da, edo ohartzen da eskariaren etengabeko beherakada ematen denaz eta gertakizunen joera honi gehiago eusten ez dionaz: prezioak erortzen dira, eta diruak eta interesak beren balio erreala berreskuratzen dute. Meategi berri baten aurkikuntzagatik, bankaren gehiegikeriagatik edota beste edozein arrazoiren ondorioz diru-kopurua proportzio handian hazten bada, beronen azken ondorioa, merkantzien prezioak dirua hazi den proportzio berdinean igotzea izango da; baina bitarte horretan, kasu gehienetan, zenbait ondorio ere sortarazten ditu interes-tasan.
Fondo publikoen prezioak ez digu interes-tasari buruzko zehaztasun gehiegirik ematen. Gerra-garaian, kapital-merkatua hain larkargatuta dago gobernuaren mailegu-hartzeak direla eta, ezen kapitalaren prezioak ez duela nahiko denborarik izaten behar den moduan finkatzeko; izan ere, finkapen hori eman aurretik eragiketa berriren bat martxan egoten da edo gertakizun politikoek merkatuko egoera aldarazi egiten dute. Bake-garaian aldiz, amortizazio-fondoaren eragiketak eta gizarte-klase baten gogo txarrak, bere dirua ohituak zeudeneko eta ziurra uste zuteneko enplegu errazetik -dibidenduak erregulartasun handiagoz ordaintzen zirenetik- desbideratu behar izateagatik, beste enplegu batean erabiltzeko, honek denak tituluen prezioa igoarazi egiten du, eta ondorioz, balio horien interes-tasa merkatuko tasa orokorraren behetik geratzen da. Ohartu behar da ere, gobernuak interes-tasa desberdinak ordaintzen dituela balore diferenteengatik. 100£ko kapitala ehuneko 5ean, 95£n saltzen denean, 100£ko Ogasun-bonoa, batzuetan 100£ 5s.n saltzen da eta beronengatik, korritu gisa, urteko 4£ 10s 3d. besterik ez da ordainduko: hauetako balore batek prezio altuagoa ordaindu duen erosleari ehuneko 5,5eko interesa baino gehiago eman dio; bigarrenari, berriz, ehuneko 4,25 baino gutxiago; Ogasun-bono hauetako kopuru bat bankariek hartzen dute, inbertsio ziur eta berehala gauzatzen dena baita; beren kopurua eskaria baino harantzago joango balitz, kapitala bezainbat desbalioztatuko litzateke; hau da, ehuneko 5. Kapitalak urteko ehuneko 3 ematen duenean, proportzionalki, beti salduko da garestiago kapital batengatik ehuneko 5 ordaintzen denean baino, bien kapital-zorra parean ordaindu behar baita, edo 100£ dirutan 100£ko kapitalarengatik. Merkatuko interes-tasa ehuneko 4ra eror daiteke, eta hala balitz, gobernuak, ehuneko 5ean duen tituludunari parean ordaindu beharko lioke, baldin eta honek ehuneko 4ko interes-tasa edo ehuneko 5ekoa baino apalagoa onartuko balu: baina ehuneko 3ko tituludunari parean ordainduta, ez luke abantailarik izango, merkatuko interesa ehuneko 3tik jaisten ez den arte. Nazio-zorraren interesak ordaintzeko diru-kopuru handiak erretiratzen dira zirkulaziotik, urteko zenbait egunetan lau alditan ere. Diru-eskari hauek oso denbora laburrerako egiten direnez, kasu gutxitan eragiten diete prezioei; normalki interes-tasa handiagoren bidez erantzuten dira4.
XXII. Kapitulua
Esportaziorako sariak
eta inportaziorako debekuak
Laborearen esportazioari buruzko sari batek honen prezioa apalarazten du atzerritar kontsumitzailearentzat, baina ez du inolako ondorio iraunkorrik barne-merkatuko prezioan.
Demagun kapitalaren ohiko irabazi orokorrak emateko Ingalaterran laurden labore bakoitzaren prezioa 4£koa dela; orduan ez litzateke esportatuko atzerrian laurden bakoitza 3£ 15s.n salduko balitz. Baina esportatzen den laurden bakoitzeko 10s.ko saria emango balitz, atzerriko merkatuan 3£ 10s.n sal liteke, eta ondorioz, irabazi berdina eskuratuko luke nekazariak atzerrian 3£ 10s.n salduta edo barne-merkatuan 4£n.
Beraz, sari batek britainiar laborearen prezioa atzerrian duen ekoizpen-kostutik behera jaitsaraziko balu, britainiar laborearen eskaria gehitu egingo litzateke eta herrialde horretakoa murriztu. Britainiar laborearen eskari gehigarri honek ezin lezake ekidin, denboraldi batez, nazio-merkatuan laborea garestitzea, ez eta atzerriko merkatuan prezioak jaistea, sariak jaitsaraziko zituen adina. Baina Ingalaterrako laborearen merkatu-prezioa eragingo luketen zergatiek ez lukete inolako ondoriorik sortuko bere prezio naturalean edo bere ekoizpen-kostuan. Laborea lantzeko ez litzateke ez lan gehiago, ez kapital gehiago beharko; ondorioz, lehen nekazariaren kapitalaren irabaziak eta beste jardueratako kapitalaren irabaziak berdinak baziren, laborea nabarmenki garestitu ostean, hauen gainetik ipiniko dira. Nekazariaren kapitalaren irabaziak igoarazten dituenez, sariaren eragina nekazaritza bizkortzea izango da, eta kapitala industriatik erretiratu egingo da eta lurrean enplegatu, kanpo-merkatuko eskari berri guztia hornituta geratu arte; orduan, barne-merkatuan laborearen prezioa bere prezio natural eta beharrezkora arte erori egingo da, eta irabaziak beren maila arrunt eta ohikora jaitsiko dira. Laborearen eskaintza gehituak kanpo-merkatuan eragina izango du, eta ondorioz, esportatzen den herrialdean laborea merketu egingo da, eta beraz, esportatzailearen irabaziak bera konforme geratuko deneko maila apaleneraino jaitsiko dira.
Esportazioen gaineko sariaren azken ondorioa, beraz, ez da barne-merkatuan laborearen prezioa igotzea edo jaistea, baizik eta kanpo-merkatuan laborea merkeago izatea, sariaren maila guztian, baldin eta lehen barne-merkatuan kanpo-merkatuan baino merkeago bazen; eta sariaren maila apalagoan, barne-merkatuan atzerrian baino garestiago bazen.
Edinburgh Review-ren bosgarren bolumenean, idazle batek, esportazioen gaineko sariei buruz ari dela, gardenki azpimarratu ditu sari honek kanpo- eta barne-eskarian dituen ondorioak. Zuhurki azpimarratu du ere honelako neurriek ez luketela huts egingo esportatzailearen herriko nekazaritza bizkortzen; baina Adam Smith galarazi duen akats berdina egin du, akats hau errotik sartuta baitago gai honetaz idatzi duten idazleen artean. Laborearen prezioak, azken finean, alokairuak erregulatzen ditu, eta beraz, suposatzen du gainontzeko merkantzien prezioa ere erregulatuko duela. Dioenez, sari batek "nekazariaren irabaziak igoarazten ditu eta lurra lantzeko pizgarria izango da; herrialdeko kontsumitzaileen laborea garestitu egingo da, eta ondorioz, oinarrizko ondasun hau kontsumitzeko ahalmena, aldi batean bederen, gutxitu egingo da, eta honela urritu egingo da ere bere aberastasun erreala. Begi-bistakoa da, hala ere, azken ondorio hau behin-behinekoa dela: langile kontsumitzaileen alokairuak, lehiaketak lehenago doitu zituen, eta printzipio berdinak doituko ditu berriro tasa berdinera; izan ere, eskulanaren diruzko prezioa igoaraziko du eta honen bidez, gainontzeko merkantziena, laborearen diruzko preziora iritsi arte. Esportazioen gaineko sariak, beraz, laborearen diruzko prezioa igoaraziko du barne-merkatuan; hau ez da zuzenki izaten, baizik eta kanpo-merkatuan eskaria hazi delako, eta ondorioz, bertan prezio errealaren hazkundea ematen da: diruzko prezioaren igoera hau, beste merkantziei komunikatu ostean, behin-betiko bihurtuko da".
Hala ere, frogatu ahal izan badut langilearen diruzko alokairuen igoerak ez duela merkantzien prezioa igotzen, eta aitzitik, igoera hauek, beti, irabaziei eragiten dietela; ondoriozta daiteke merkantzien prezioak ez direla sari horren eraginez igoko.
Baina, kanpo-eskaerak sortutako laborearen behin-behineko prezio-igoerak, ez du ondoriorik izango lanaren diruzko prezioan. Laborearen igoera, lehen bakarrik barne-merkatura zuzenduta zegoen eskaintzarekiko lehiaketak sortzen du. Nekazaritzan kapital gehigarria enplegatzen da, eta irabaziak igotzean, eskaintza gehituta erdiesten dugu; baina hori lortu artean, kontsumoa eskaintzari egokitzeko, prezioa derrigorrez garaituko da, eta hori alokairuen igoerak orekatuko luke. Laborearen igoera bere eskasiaren ondorioa da, eta honek barne-erosleen eskaria jaitsarazten du. Alokairuak igoko balira, lehiaketa gehituko litzateke, eta beraz, laborea garestitu beharko litzateke. Sarien ondorioei buruzko aurkezpen honetan, suposatu da ez dela ezer gertatu laborearen prezio naturala igotzeko, nahiz azken finean hau izan, merkatu-prezioa erregulatzen duena; hori dela eta, ez da ezertarako kontuan hartu eskulan gehigarria behar dela lurrean ekoizpen zehatz bat ziurtatzeko; eta honek bere prezio naturala igoaraz dezake, besterik ez. Ehunaren prezio naturala yardako 20s. balitz, kanpotik ondasun honen eskaria asko gehitu ondoren bere prezioa 25s.ra edo gehiagora igoaraz liteke; honela gertatuz gero, ehungilearen irabaziak altuak izango lirateke eta kapitala erakarriko luke; nahiz eta eskaria bikoiztu, hirukoiztu edo laukoiztu, eskaintza beti lotuko litzaioke, eta ondorioz, ehuna bere prezio naturalera eroriko litzateke, hau da, 20s.ra. Honela, nahiz urtero laborearen eskaintzatik 200.000, 300.000, edo 800.000 laurden esportatu, hori guztia bere prezio naturalean ekoiztuko litzateke, eta hau ez da inoiz aldatzen, berau ekoizteko lan-kantitate desberdina behar ez bada behintzat.
Agian, hau da Adam Smithen lan ospetsuan gehien kritika daitekeen zatia, sariaz dioena guztiz eztabaidagarria baita. Lehenbizikoz esaten du, laborearen ekoizpena ezin daitekeela gehi, esportazioari saria ipini zaiolako; suposatzen du benetan ekoiztutako kantitatearen gain besterik ez duela eragiten, eta ez dagoela gehiago ekoizteko pizgarririk. "Urte oparoetan", dio, "sariak aparteko esportazioa kausatzen du eta barne-merkatuan laborearen prezioa garesti mantenarazten du derrigorrez, hain zuzen ere, bere prezio naturala izango zenaren gainetik. Eskasiko urteetan, normalki sari hori bertan behera geratzen bada ere, urte oparoetan sortarazten duen esportazio ugariak, sarritan eragotzi egiten du oparotasunak eskasia berdin dezan. Beraz, bietan, hau da, urte oparo eta urrietan, sariak derrigorrez igoarazten du gariaren diruzko prezioa barne-merkatuan, bestela izango lukeena baino zertxobait goraxeagora"1.
Badirudi Adam Smith ohartzen dela, bere argudioaren zuzentasuna, ondokoa betetzearen araberakoa dela, alegia, "laborearen diruzko prezioak, nekazariarentzat merkantzia hori errentagarriago bihurtzen denez gero, ez luke derrigorrez bere ekoizpena adoretuko".
"Nik erantzuten dut", dio, "hau hala gertatuko litzatekeela, baldin eta sariaren ondorioa laborearen prezio erreala igoaraztea balitz, edota nekazaria gaitzea lehengo labore-kopuru berdinarekin, langile-kopuru handiagoa manten dezan, bere auzoko beste langileak ugaritasun-, moderatu- edo urritasun-egoeran badaude ere".
Langileak laborea besterik ez balu kontsumituko eta bizirauteko lortzen duena beharko lukeen zati txikiena balitz, suposa liteke langileari ordaindutako kopurua inola ere ezin murriztuko litzatekeela, baina lanaren diruzko alokairuak, batzuetan, ez dira erabat igotzen, eta inoiz ez dira igotzen laborearen diruzko prezioaren gorakadaren proportzioan; izan ere, laborea, zati garrantzitsua izan arren, langileak kontsumitzen duenaren zati bat besterik ez baita. Alokairuen erdia laborean gastatuko balitz eta beste erdia igoerarik ez duten xaboi, beroki, te, azukre, arropa eta abarretan, begi-bistakoa da langile hori, bushelak 16s.ko kostua duenean, bushel bat eta gari erdiarekin, 2 bushelekin bezain ongi ordainduta egongo litzatekeela, honen prezioa 8s. denean; edo diruzko 24s.rekin, lehengo 16s.ren ordez. Bere alokairuak, ehuneko 50 besterik ez dira igoko, nahiz laboreak ehuneko ehun igo; eta beraz, nahikoa arrazoi egongo litzateke kapitala lurra lantzera bidera dadin, gainontzeko jardueratako irabaziek lehen bezalakoak izaten jarraitzen badute behintzat. Baina honelako alokairu-igoerak fabrikatzaileak beren kapitalak industriatik erretiratu eta lurrean enplegatzera bultzatuko lituzke; zeren eta, nekazariak bere prezioa ehuneko ehun gehitzen badu eta bere alokairuak ehuneko 50 besterik ez, fabrikatzailea ere behartuta egongo bailitzateke alokairuak ehuneko 50 igotzera, beronek ez badu ere alokairuen igoera hori konpentsatuko, ezin baititzake sar ekoizpeneko gastu gehigarri hauek bere merkantzien prezioan; kapitala, beraz, industriatik nekazaritzara joango litzateke, eskaintzak bushel bakoitzaren prezioa, berriro, 8s.ra jaitsarazi arte eta alokairuak asteko 16s.ra; fabrikatzaileak nekazariaren irabaziak berdinduko lituzke, eta kapitalak nekazaritzarako bidea utziko luke. Orduan, alde batera edo bestera higitzeari utziko lioke. Hau da laborearen lantzea hedatzeko modua eta, aldi berean, merkatuko beharrizan hazkorrak asetzeko era. Langileak mantentzeko fondoak gehitu egiten dira eta alokairuak igo. Langilearen egoera lasaiak ezkontzera bultzatzen du, populazioa hazi egiten da eta laborearen eskariak beronen prezioa, gainontzeko ondasunenarekin alderatuta, igoarazi egiten du; nekazaritzan kapital gehiago enplegatzen da ekoizkorki eta joera horrek, eskaintzak eskaria berdindu artean jarraitzen du; orduan, prezioa berriro erori egiten da eta nekazaritza eta industriako irabaziak maila berdinera iristen dira.
Baina hemen aztertzen ari garen arazoari dagokionez, ez du garrantzirik laborearen prezioa igo ostean alokairuak egonkorrak irauteak, igoera hori apala edo egundokoa izan arren, alokairuak, azken finean, nekazariak zein fabrikatzaileak ordaintzen baitituzte; beraz, laborearen prezio igoerak biei berdin eragingo die. Irabaziei dagokienean ordea, biei modu desberdinez eragingo die, nekazariak bere merkantzia prezio garaiago batean saltzen duen bitartean, fabrikatzaileak aurreko prezio berdinean egiten baitu. Irabazi desberdinek mugiarazten dute kapitala enplegu batetik beste batera; eta kasu honetan, labore gehiago eta merkantzia gutxiago ekoiztuko litzateke. Manufakturak ez lirateke garestituko gutxiago ekoiztu direlako, berauen eskaintza berdina lortuko bailitzateke esportatutako laborearen truke.
Sari batek laborearen prezioa igoarazten badu, beste merkantzien prezioarekiko egiten du, edo ez du egiten. Egiten baldin badu, ezinezkoa da ukatzea nekazariak irabazi handiagoak erdietsiko dituela eta kapitala nekazaritzara joango dela, bere prezioa, eskaintza ugaritu delako, berriro jaitsi arte. Ez bada beste merkantziekiko igotzen ordea, zerga ordaintzeaz gain, non dago barne-kontsumitzaileari egiten zaion kaltea? Fabrikatzaileak laborea garestiago ordaintzen badu, bere merkantziak garestiago salduta konpentsatuko du, azken finean, bere laborea hauekin erosten baitu.
Adam Smithen akatsak eta Edinburgh Review-ko artikuluaren egileak egindakoak, jatorri berdina dute: Bien ustetan "laborearen diruzko prezioak erregulatzen ditu herrialdean egiten diren merkantzia guztienak2". Adam Smithek dioenez "horrek erregulatzen du lanaren diruzko prezioa, zeinek beti nahikoa izan behar duen bera eta bere familia egoera lasai, moderatu edo urritasunezkoan mantentzeko, hain zuzen ere, gizartearen bilakaera aurrerakor, egonkor edo atzerakorrak ugazabei hori mantentzea behartzen dien heinean. Lehengaiak dituen zati guztien diruzko prezioa erregulatzen duenez, ia merkantzia guztien materialena erregulatuko du. Lanaren diruzko prezioa erregulatzen badu, beronek erregulatuko du arte manufakturatu eta industrialena; eta biak erregulatzen baditu, manufaktura guztiena ere egingo du. Lanaren diruzko prezioak, eta lurraren edo lanaren ekoizkina den guztiarenak, derrigorrez igo edo laborearen diruzko prezioaren proportzioan jaitsi behar du".
Lehenago saiatu naiz Adam Smithen iritzi hau gezurtatzen. Merkantzien prezio-igoera laborearen prezio-igoeraren ondoriotzat hartzen bada, gorakada horri aurre egiteko beste fondorik ez bailegoen pentsatzen duelako da. Irabaziak ez ditu aintzakotzat hartzen, hauen murrizketak fondo hori osatzen badu ere, merkantziak garestitzeke. Smith doktorearen iritzi hau ondo oinarrituta balego, irabaziak ez lirateke benetan inoiz jaitsiko, edozein izanda ere kapital-metaketa. Alokairuak igotzean, nekazariak bere laborearen prezioa igo badezake, eta proportzio berdinean igo baditzakete ere beren merkantzien prezioak ehungileak, kapelagileak, oinetakogileak eta gainontzeko fabrikatzaileek, nahiz dirutan zenbatetsitako prezioak igo, beren arteko erlazioak berdina izaten jarraituko luke. Industria bakoitzak besteetatik lehen adina ondasun-kopuru izaten jarrai lezake, eta ondasunak direnez -eta ez dirua-, aberastasuna osatzen dute, beraz, ez lirateke kezkatuko, aberastasuna baita axola zaien gauza bakarra. Aitzitik, lehengai eta ondasunen prezio-igoera kaltegarria izango da jabetza guztia besterik gabe urrez eta zilarrez osatuta duten pertsonentzat, edo urteroko sarrerak metal hauen kopuru batean dituztenentzat, lingotetan nahiz dirutan ordainduak izan. Demagun diruaren erabilpena erabat baztertzen dela eta merkataritza guztia trukean burutzen dela. Honelako baldintzetan, laborea igo al liteke beste ondasunekiko ganbio-balioan? Hau honela bada, ez da egia laborearen balioak gainontzeko merkantzia guztiena erregulatzen duenik, bestela ez bailuke haiekiko balio erlatiboaren arabera aldatu beharko. Eta hala balitz, nahiz laborea lur aberats edo txiroan, lan ugari edo gutxirekin, makineriaren laguntzarekin edo gabe, hauetako edozein baldintzetan erdietsita ere, beti gainontzeko merkantzi kantitate berdinarekin ganbiatu beharko litzateke.
Bidenabar, Adam Smithen doktrina orokorra hemen aipatu dudanarekin bat datorren arren, ezin dezaket azpimarratzeke utzi, bere lanaren zati batean balioaren izaerari buruz erantzun zuzena ematen duela dirudiela. "Urre eta zilar, eta beste edozein ondasunen balioaren arteko erlazioa, KASU GUZTIETAN, urre- eta zilar-kopururen bat merkaturaino eramateko behar den lan-kantitatearen, eta beste mota bateko ondasun-kopuru bat leku horretaraino eramateko behar denaren arteko proportzioaren MENPE dagoela" dio. Ez al du hemen erabat berresten, merkantzi mota batek merkaturaino eramateko lan-kantitate gehiago behar badu, beste batekin honela gertatzen ez den bitartean, lehenaren balio erlatiboa igo egingo dela? Lehen baino lan gehiago ez baldin balu beharko ehunak edo urreak merkaturaino eramateko, bien arteko balio erlatiboa ez da aldatuko; baino lan gehiago behar baldin balute laboreak eta oinetakoek merkaturaino eramateko, ez al dira balio erlatiboan laborea eta oinetakoak igoko ehun eta urrezko monetarekiko?
Adam Smithek kontsideratzen du sari batek diruaren balioan desbalioztatze partziala dakarrela: "Honelako desbalioztapena zilarraren balioan, meategien emankortasunetik dator, eta beraz, berorren ondorioa da; berdinki edo antza handiarekin ematen da munduko merkataritza gehienetan, baina afera honek garrantzi gutxiko ondorioak ditu edozein herrialde zehatzetan; ondorioz sortzen den diruzko prezio guztien igoerak, nahiz diru hori hartzen duten guztiak ez diren aberasten, ez dira ere txiroago bihurtzen. Zilarrezko zerbitzuak benetan merkeago egiten dira, eta gainontzeko guztiek lehengo balio erreal berdinari eusten diote". Baieztapen hau guztiz zuzena da.
"Baina egoera edo herrialde berezi bateko erakunde politikoen ondorioz sortzen den zilarraren desbalioztapen hura, herrialde horretan beste inon ez da gertatzen, eta ondorio handiko gaia da, zeren eta bakarren bat benetan aberastu ordez, guztiok txiroago bihurtzen baikaitu. Merkantzia guztien diruzko prezio-igoera, hain zuzen, herrialde horrek duen berezitasuna da, eta maila desberdinetan bada ere, bertan dauden industri mota guztiak adoregabetu egingo ditu; atzerritar nazioek erraztasunak aurkituko dituzte, ia merkantzia guztiak bertako langileek ekoiztuko lituzketen baino zilar-kantitate gutxiagorekin hornituko dituztelako, bai atzerritar merkatuetan, baita barne-merkatuan ere beren prezioaren azpitik salduko baitira".
Lan honen beste alderdi batean frogatzen saiatu naiz diruak daukan balioaren desbalioztapen partzial batek, zeinek nekazal ekoizpen eta fabrikatutako merkantziak eragiten dituen, ziur aski ezin dezakeela luze iraun. Dirua partzialki desbalioztatuta dagoela esatea, nolabait ere, merkantzia guztiek prezio garaia dutela esatea da; baina urreak eta zilarrak merkatu merkeenean erosketak egiteko askatasuna dutenean, beste herrialdeetara esportatu egingo dira ondasun merkeagoekin ganbia daitezen; herrialdean bertan, beren kopurua gutxitu ahala beren balioa igo egingo da; merkantziek beren ohiko maila berreskuratuko dute, eta atzerritar merkatuetarako egokiak direnak, lehen bezala, esportatu egingo dira.
Nire ustez beraz, ezin daiteke sari bat ikuspegi honetatik objekta.
Beraz, sari batek laborearen prezioa igoarazten badu beste ondasun guztiekin alderatuta, nekazaria profitatu egingo du eta lur gehiago landuko da; baina sariak ez badu erlatiboki laborearen balioa gainontzeko ondasun guztien balioarekiko igoarazten, saria ordaintzeak suposatzen duenez gain, ez du beste kalterik sortuko; eta hau ez dut inola ere ez ukatzen.
Smith doktoreak dioenez "laborearen inportazioaren gain tarifa handiak ipintzen badira eta esportazioari sariak ezartzen bazaizkio, lurjabeek industriarien jokaera imitatzen omen dute". Biak, bitarteko berdinen bidez beren merkantzien balioa igotzen saiatuko dira. "Agian beraiek ez zuten kontuan hartu naturak labore eta ia gainontzeko ondasun-mota guztien artean ezarri duen diferentzia handia eta oinarrizkoa. Lehen aipatu diren bi bitarteko horietatik bata edo bestea enplegatzen denean, geure industriariek, beste era batera erdietsiko luketena baino prezio garaiagoan sal ditzakete beren ondasunak. Horretarako, ondasun horien prezio nominalaz gain, beren prezio erreala ere igoarazten da. Ez dira irabazi nominalak igotzen diren bakarrak, baita irabazi errealak ere, hau da, industriari hauen aberastasuna eta errenta; benetan adoretuta geratzen dira industriari hauek. Baina honelako erakundeen bidez, laborearen diruzko prezioa edo prezio nominala igotzen bada, ez da bere balio erreala igotzen, ez da nekazari edo lurjabeen aberastasun erreala handitzen; ez da laborearen lanketa adoretzen. Naturak laboreari balio erreala atxiki dio, eta nahiz bere diruzko prezio aldatu, balio hark ezin dezake gora-beherarik izan. Mundu osoan zehar orokorki, balio horrek, berak manten dezakeen eskulan-kantitatearena berdintzen du".
Jadanik frogatzen saiatu naiz, sari baten ondorioz eskaria gehitzen denean, laborearen merkatu-prezioak bere prezio naturala gainditzen duela, harik eta eskaintza gehigarria lortu arte, eta behin honek eskaria berdintzen duela, prezio hori bere prezio naturalera erortzen dela. Baina laborearen prezio naturala ez da merkantzien prezio naturala bezain finkoa, zeren eta eskari gehigarria arras handia denean kalitate kaskarragoko lurra lantzen ipini behar denez, eta beraz, kantitate jakin bat ekoizteko eskulan gehiago beharko denez, laborearen prezio naturala igo egingo baita. Beraz, laborearen esportazioari buruzko sari jarraia ematen bada, bere prezioak gora egiteko joera sortuko litzateke eta honek, jadanik demostratu dudanez3, ez du inoiz hutsik egiten, beti altxatzen baitu errenta. Lurjabeek, beraz, laborea inportatzeko debekua behin-behinekoa izan beharrean, behin-betikoa izateko interesa edukiko dute; gauza bera nahi izango dute beren esportazioekiko sariak emateari buruz. Baina industriariek ez dute nahi merkantzien inportazioekiko zerga garaiak iraunkorrak izatea, ezta merkantzien esportazioekiko sariak ere; berauen interesa behin-behinekoa da.
Smith doktoreak dioenez, merkantzien esportazioei buruzko sari batek, zalantzarik gabe, denboraldi batez merkantzien merkatu-prezioa igoarazi egingo du, baina ez du bere prezio naturala igoaraziko. 200 gizakien lanak 100 langilerenak baino bi halako ekoiztuko du; beraz, egoki diren merkantziak hornitzeko behar den kapital-kantitatea enplegatzen denean, merkantzia hauek, berriro ere, beren prezio naturalera eroriko lirateke, eta merkatu-prezio garaiak dituen abantaila guztiak bertan behera geratuko lirateke. Haatik, merkatu-prezioaren gorakadari jarraitzen dion tartean, eta eskaintza gehigarria eratu artean, une honetan besterik ez dituzte eskuratuko industriariek irabazi garaiak; prezioak jaitsi bezain azkar, ordea, beren irabaziak maila orokorrera erori egingo lirateke.
Beraz, Adam Smithekin bat etorri ordez, alegia, industriariek fabrikatutako ondasunak debekatzeko duten adina interes ez dutela lurjabeek labore-inportazioa debekatzeko; horren aurrean nik, lurjabeek interes handiagoa dutela sostengatzen dut, zeren eta beren abantaila iraunkorra baita, eta industriariena aldiz, behin-behinekoa. Smith doktoreak adierazten duenez, Naturak diferentzia handia eta oinarrizkoa ezarri du labore eta gainontzeko ondasunen artean, baina egoera horretatik ondorioztatu beharrekoa, berak ateratzen duenaren alderantzizkoa da; izan ere, egoera honen ondorioz sortzen da errenta, eta lurjabeak beraz, interesa dauka laborearen prezio naturalak gora egin dezan. Industriariaren interesa lurjabearen interesarekin alderatu ordez, Smith doktoreak nekazariaren interesarekin erkatu behar zuen, eta honena erabat bereizten da lurjabearenetik. Industriariek ez dute interesik beren merkantzien prezio naturala igo dadin, ezta nekazariek ere laborearen edo beste edozein lehengairen prezio naturala igotzearena, nahiz eta bi klase hauek merkatu-prezioa prezio naturalaren gainetik dagoenean profitatzen diren. Alderantziz, lurjabeek berebiziko interesa dute laborearen prezio naturalak gora egin dezan; zeren eta errentaren igoera, lehengaia ekoizteko dagoen zailtasunaren derrigorrezko ondorioa baita, eta zailtasun hori gabe, bere prezio naturala ezin liteke igo. Dena den, esportazioei buruzko sariek eta laborea inportatzeko debekuek eskaria handitu eta lur kaskarragoak lantzera bultzatzen dutenez, neurri hauek guztiek, derrigorrez, labore-ekoizpena zaildu egiten dute.
Manufakturatutako ondasunen zein laborearen inportazioei buruzko zerga garaiek, edo esportazioei buruzko sariek sortzen duten ondorio bakarra, kapitalaren zati bat, bere kabuz joango ez litzatekeen enplegura eramatea da. Honek gizarteko fondoen banaketa kaltegarria kausatzen du: industriaria mozkin urriagoak dauden enpleguan hastea edo jarraitzea behartzen du. Zergatze-mota txarrena da, zeren eta ez baitio kanpo-herrialdeari ematen, bere herrialdetik hartzen den guztiaren ordaina, eta galera-balantzari, kapital orokorraren banaketa desabantailatsuagoa ere erantsi behar litzaioke. Haatik, laborearen prezioa Ingalaterran 4£koa bada eta Frantzian 3£ 15s.koa, 10 s.ko sari batek, azken finean, Frantzian 3£ 10s.ra jaitsiko du, eta 4£n mantendu Ingalaterran. Esportatzen den laurden bakoitzeko Ingalaterrak 10s.ko zerga bat ordaintzen du. Frantziak inportatzen duen laurden bakoitzeko 5s. besterik ez ditu; horregatik, esportatzen den laurden bakoitzarekin 5s. guztiz galtzen dira munduan, hain zuzen ere, fondoen banaketa egokia ez delako; fondoen banaketa desegokiak, ekoizpena urriaraziko du, laborearena ziurrenik ez, bai ordea beste oinarrizko ondasun batena edo gozamenarena.
Badirudi Buchanan jaunak Adam Smithek sariei buruz dituen argudioen hutsuneak ikusi dituela, eta aipatu dudan azken pasarteaz azpimarratze zuhurrak egiten ditu: "Naturak laboreari balio erreala -bere diruzko balioa aldatu ostean aldatzeke geratzen den balioa- atxiki diola berresten duenean, Adam Smithek erabiltzeko balioa ganbio-balioarekin nahasten du. Bushel bat garik ez du jende gehiago elikatuko urritasun-garaietan oparotasun-garaietan baino; baina bushel bat gariren truke luxuzko ondasun eta tresna gehiago emango dira urritasun-garaietan oparotasunekoetan baino; elikagai-soberakina duten lurjabeak, beraz, urritasun-garaietan aberatsagoak izango dira, beren soberakina balio handiagoko gozamenekin ganbiatuko baitute laborea ugariagoa denean baino. Alferrik argudiatzea da, beraz, sariak laborearen esportazioa behartzen badu, berarekin batera prezio-igoera erreala ere kausatuko ez duela". Buchanan jaunak zati honetan azaltzen dituen sariei buruzko argudio guztiak gardenak eta onargarriak iruditzen zaizkit.
Nire ustez, hala ere, eskulanaren prezioaren igoerak fabrikatutako merkantzien gainean duen eraginari buruz Buchanan jaunak dituen iritziak, ez dira Smith doktoreak edo Edinburgh Review-ko idazleek dituztenak baino zuzenagoak. Jaun horrek duen ikuspegi berezitik -jadanik beste leku batean ohartarazi dudana-, uste du lanaren prezioak ez duela laborearen prezioarekiko loturarik, eta beraz, laborearen prezio erreala igo litekeela edo igoko litzatekeela lanaren prezioa afektatzeke; baina, eskulanari eragingo balio, honek, Adam Smithek eta Edinburgh Review-ko idazleek bezala, fabrikatutako merkantzien prezioa ere igoko litzatekeela mantenduko luke; nik ez dut ikusten ordea, nola bereiziko lukeen laborearen igoera hau, diruak duen balioaren beherakadatik, edo nola hel litekeen Smith doktorea iristen ez den beste ondorio batera. Wealth of Nations-en I. bolumenaren 276. orrialdeari egiten dion ohar batean, Buchanan jaunak hauxe dio: "Baina laborearen prezioak ez du erregulatzen lurreko beste ekoizkin gordin guztien diruzko prezioa. Ez du metalena erregulatzen, ezta beste ondasun baliagarriena ere, hala nola ikatzarena, egurrarena, harriena eta abarrena; eskulanaren prezioa erregulatzen ez duenez, merkantzien prezioa ere ez du egiten; hortaz, saria, laborearen prezioa igotzen duenez, zalantzarik gabe, nekazarientzat benetan onuragarria da. Beraz, politika hau ez da arlo honen inguruan eztabaidatu behar. Onartu behar da laborearen prezio-igoera horrek nekazaritza zuzpertzen duela, eta orduan galdera hau sortzen zaigu, ea nekazaritza era honetan adoretu behar den". Buchanan jaunak dioenaren arabera, beraz, nekazariarentzat irabazi erreala da eskulanaren prezioa igoarazten ez duelako; baina honela egingo balu, proportzioan beste ondasun guztien prezioa igoaraziko luke, eta beraz, ez litzateke, inola ere, nekazaritza adoretzeko interes berezirik egongo.
Hala ere, onartu behar da edozein merkantziaren esportazioei buruzko sariak sortzen duen joera, diruaren balioa zertxobait jaitsaraztea dela. Esportazioa errazten duen edozerk, herrialdean dirua metarazi egiten du; eta alderantziz, hau da, esportazioa eragozten duen edozein neurrik, metaketa hori murriztu egiten du. Zergatzearen ondorio orokorra, zergatutako merkantzien prezioa igoaraztea da, eta horrek esportazioa murrizteko joera sortzen du: diru-sarrera geldiarazi egiten du; printzipio berdinaren arabera, sari batek diru-sarrera bizkortzen du. Hau guztia, xehetasun handiagoz azaltzen da zergatzea adierazten den ohar orokorretan.
Smith doktoreak xehetasun guztiekin azaldu dizkigu sistema merkantilistaren ondorio kaltegarriak; izan ere, sistema horren xede bakarra barne-merkatuan merkantzien prezioa igoaraztea zen eta horretarako kanpo-lehiaketa debekatzen zen; baina sistema horrek ez zion komunitateko nekazal klaseari beste edozein klaseri baino kalte gutxiago egiten. Kapitala behartzen bada ohikoak ez liratekeen bideetatik ibiltzera, ekoiztutako merkantzi kopurua murriztu egingo litzateke. Prezioa iraunkorki altua izatea, ez zen eskasiaren ondoriozkoa, baizik eta ekoizpen-zailtasunak eragindakoa; beraz, saltzaileek beren merkantziak garestiago saldu arren, merkantzia hauen ekoizpenean behar zen kapitala enplegatu ondoren, ez zituzten irabazi altuagoak lortzen4.
Fabrikatzaile hauek, kontsumitzaile gisa, merkantzia horiengatik prezio gehigarri bat ordaindu behar zuten, eta beraz, ezin daiteke erabat zuzenki esan, "biengatik ematen den prezio-igoera (kanpo-merkantziak inportatzeagatiko zerga garaiak eta korporazio-legeak), azken batean eta leku guztietan, herrialde horretako lurjabeek, nekazariek eta langileek ordaintzen dutela".
Derrigorrezkoa da hau azpimarratzea, zeren gaur egun herrialdeko lurjabeek Adam Smithek duen autoritatea aipatu egiten baitute kanpotik inportatzen den laborearen zerga altuak justifikatzeko. Ekoizpen-kostua, eta beraz, fabrikatutako merkantzia batzuen prezioak igo egiten dira kontsumitzailearentzat legeri oker hau dela eta; justizia eta zuzentasunaren izenean, herrialdeari, txintik esan gabe exakzio berriak onar ditzan eskatu zaio. Guk, guztiok, prezio gehigarria ordaindu behar dugunez geure harizko oihal, muselin eta kotoiarengatik, pentsatzen dugu zuzena dela ere prezio gehigarri bat ordaindu behar izatea geure laborearengatik. Munduko lanaren banaketa orokorra dela eta, geure lanaren zatiak fabrikatutako merkantziekin elkarganbioan ekoizpen-kopuru handiena erdiets dezagun eragoztea lortu dugunez, horregatik, aurrera begira, lehengaien hornikuntzan lan orokorrak duen ekoizkor ahalmena urritzearen zigorra jaso beharko genuke. Askoz ere zuzenagoa izango litzateke, politika oker batek sorrarazten dituen erroreak zeintzuk diren jakitea, eta lehenbailehen merkataritza librearen printzipioetara itzultzen hastea5.
"Jadanik aukera izan dut azpimarratzeko", dio Say jaunak, "merkataritzako balantza izen desegoki hau duenari buruz mintzatu naizenean, merkatariarentzat beste edozein ondasun baino interesgarriagoa baldin bada metal bitxiak esportatzea beste herrialde batera, estatuarentzat ere interesgarriagoa izango da metal horiek esportatzea, honek irabazi edo galdu, bere hiritarrek egiten dutenaren arabera egiten baitu; eta kanpo-merkataritzari dagokionez, gizabanakoentzat egokiena dena, estatuarentzat ere egokiena izango da. Beraz, metal bitxien esportazioari gizabanakoek ipintzen dizkioten oztopoak direla eta, egiten duen gauza bakarra, metal hauek gizabanakoentzat eta estatuarentzat hain profitagarriak ez diren merkantziekin ordezkatu beharra izatea da. Azpimarratu behar da nik kanpo-merkataritza besterik ez dudala aipatzen; zeren eta merkatariek beren herrikideekin egindako transakzioen bidez lortzen dituzten irabaziak, koloniekin merkataritza esklusiboa dutelako erdiesten dituztenak bezalaxe, ez baitira estatuarentzat erabateko irabaziak. Herrialde bateko herrikideen artean egiten den merkataritzan lortzen den irabazi bakarra, baliagarritasunak sortzen du; que la valeur d’une utilité produite"6 I. bol., 401. orr. Nik ezin dezaket hemen ikus, kanpo- eta barne-merkataritzako irabazien artean egin den berezitasuna. Izan ere, merkataritza guztiaren xedea ekoizpena gehitzea da. Upel bat ardo erosteko, 100 eguneko lanaren bidez lortu diren metal bitxiak esportatzea nire esku balego, baina gobernuak metal horien esportazioa debekatu eta behartu egiten banau ardo hori erosteko 105 eguneko lanaren balioa duen merkantzia eskura dezadan; orduan, bost eguneko lana galdu egiten dut, baita estatuak ere nire bidez. Baina transakzio horiek herrialde bereko probintzia desberdinetako gizabanakoen artekoak badira, abantaila berdina izango litzateke gizabanakoarentzat eta, beronen bidez, estatuarentzat, baldin eta lehenengoa libre lagako bagenu bere erosketak egiteko merkantziak hautatzen; eta desabantaila berdina izango litzateke gizabanako honentzat, gobernuak onura gutxieneko merkantziarekin erostera behartuko balu. Kapital berdinarekin, fabrikatzaile batek ikatza ugari dagoen toki batean, ikatza urriagoa den beste batean baino burdin gehiago landu ahal izango balu, herrialde hori diferentzia horretaz profitatuko litzateke. Baina ikatza inon ez balitz ugaria eta herrialdeak burdina inportatu egingo balu, eta kopuru gehigarri hori kapital eta eskulan berdinarekin ekoiztutako merkantziarekin lortu ahal izango balu, burdin-kopuru gehigarri horrekin industriari horrek herrialdea profitatuko luke. Lan honen seigarren kapituluan frogatzen saiatu naiz merkataritza guztia, barrukoa zein kanpokoa, beti profitagarria dela, ekoizpen-kopurua gehitzen delako, eta ez honen balioa gehitzeagatik. Guk ez dugu balio handiagoa izango, nahiz eta barne- edo kanpo-merkataritza hori profitagarriena izan edo lege debekagarriak ezarri direla eta, abantaila gutxiagorekin konformatu behar izan. Irabazi-tasa eta sortutako balioa berdinak izango dira. Abantaila beti Say jaunak barne-merkataritzari ipintzen dizkion mugekin ebazten da; bi kasuetan ere, irabazi bakarra, baliagarritasun batek sortutako balioa da, hain zuzen ere, la valeur d’une utilité produite.
XXIII. Kapitulua
Ekoizpenari buruzko sariak
Irakasgarria izan daiteke lehengai eta beste merkantzien ekoizpenari buruzko sari baten ondorioak kontsideratzea; printzipio horien aplikazioak aztertzea izango litzateke xede nagusia; izan ere, kapitalaren irabazi, lur eta lanaren urteko ekoizpenaren zatiketa, eta manufaktura eta lehengaien prezio erlatiboei buruzko printzipioak ezartzen saiatu naiz. Lehenbizikoz, demagun zerga bat ezartzen dela merkantzia guztien gainean nahikoa fondo bil dadin, gero gobernuak laborearen ekoizpena sari dezan. Gobernuak zerga honen zatirik gastatuko ez duenez, eta gizarte-klase batetik eskuratuko duena beste klase bati itzuliko zaionez, nazioa, kolektiboki, ez da aberatsagoa edo txiroagoa izango zerga eta sari horiek sortu direlako. Benetan onetsiko litzateke fondoa sortarazi duen merkantziaren gaineko zerga honek, zergatutako merkantzien prezioa igoaraztea; merkantzia hauen kontsumitzaileek, beraz, fondo horretara ekarpenak egingo lituzkete; beste hitz batzuetan esanda, beren prezio naturala edo beharrezko prezioa igoko denez, beren merkatu-prezioa ere igo egingo litzateke. Baina merkantzia hauen prezio naturala igoarazteko dauden arrazoi berberengatik, laborearen prezio naturala jaitsiko litzateke; ekoizpenaren gaineko saria ordaindu aurretik, nekazariek beren laboreagatik erdiesten zuten prezioa, beren errenta eta gastuak berreskuratzeko nahikoa zen, baita irabazi-tasa orokorra ziurtatzeko ere; saria ipini ondoren, nekazariek irabazi-tasa handiagoa eskuratuko lukete, baldin eta laborearen prezioa ez balitz gutxienez sari honen neurri berdinean eroriko. Zerga eta sariaren ondorioa, beraz, merkantzien prezioa ezarritako zergaren neurri berdinean igoaraztea, eta prezio hori ordaindutako sariaren neurri berdinean jaitsaraztea izango litzateke. Ikusiko da ere, ezin litekeela aldaketa iraunkorrik eman nekazaritza eta industriaren arteko kapitalaren banaketan, kapital eta populazioan aldaketarik emango ez litzatekeelako, eta ondorioz, ogi-eskari eta merkantzi eskari berdin-berdina egongo litzateke. Laborearen prezioa erori ostean, nekazariaren irabaziak ez lirateke maila orokorretik gora egongo; ezta industriarien irabaziak maila orokorretik behera ere, fabrikatutako ondasunen prezioa igo ondoren; sariak, beraz, ez du kapital-kopuru gehiago enplegaraziko nekazaritzan, laborearen ekoizpenean, ezta gutxiago ere ondasunen ekoizpenean. Baina, nola eragingo die lurjabearen interesei? Lehengaiari buruzko zergak lurraren laborezko errenta jaitsarazi egiten duela azaltzen duten printzipio berdinei jarraituz, diruzko errenta aldatzeke geratzen den bitartean, ekoizpenari saria -doi-doi zergaren alderantzizkoa dena- ematen bazaio, honek laborezko errenta igoarazi egingo luke, diruzko errenta aldatzeke utzita1. Diruzko errenta berdinarekin, lurjabeak prezio garestiagoak ordaindu beharko lituzke fabrikatutako bere ondasunengatik, eta prezio merkeagoak bere laboreagatik; beraz, ziurrenik ez litzateke aberatsagoa izango, ezta txiroagoa ere.
Dena den, neurri horrek eskulanaren alokairuen gain izango lukeen eragina ezagutzeko, ikusi beharko litzateke langileak bere ondasunak erosterakoan zergarengatik ordainduko lukeena eta elikagaien prezioa apaltzearen ondorioz sariarengatik eskuratuko lukeenaren arteko antzekotasuna. Bi kantitate hauek berdinak balira, alokairuek aldatzeke jarraituko lukete; baina langileak zergatutako ondasunik kontsumituko ez balu, bere alokairuak erori egingo lirateke, eta bere ugazaba diferentzia honekin profitatuko litzateke. Baina honek ez lioke ugazabari inongo abantailarik emango; irabazi-tasa igoaraziko luke, alokairuak erortzen direnean aldiro gertatzen den bezala; baina langileak fondo horretara egiten dituen ekarpenak urritu ahala, eta gogora dezagun fondo honetatik ordaintzen dela saria eta hau osatu behar dela, orduan, ugazabak gehiago ordaindu beharko du; beste hitz batzuetan, bere gastuak egiten dituenean zerga kontzeptupean ordaindu beharko lukeena bezainbeste eskuratuko luke sari eta irabazi garaiagoa batera hartuta. Irabazi-tasa garaiagoa lortzen du bere zerga-kuotarengatik eta bere langilearenagatik ordaindu duen guztia berreskuratzeko; bere langilearen zerga-kuotarengatik jasotzen duen kopurua alokairuak murriztuta azaltzen da, edo gauza bera dena, irabaziak gehituta; beretzat den ordain-saria, berriz, berak kontsumitzen duen laborearen prezio urriagoan azaltzen da, sariak horretara baitarama.
Hemen egokia izango da azpimarratzea lan errealaren edo laborearen prezio naturalaren aldaketak irabazietan sortarazten dituen ondorioak, eta zerga eta sarien eraginez laborearen prezio erlatiboan ematen den aldaketa. Laborea prezioan eroriko balitz bere eskulan-prezioa aldatu dela eta, kapitalaren irabazi-tasa aldatzeaz gain, kapitalistaren egoera ere hobetu egingo litzateke. Irabazi garaiagoekin, ez ditu garestiago ordaindu beharko bere irabaziak gastatzen ditueneko gauzak; eta hori ez da gertatzen, jadanik ikusi dugunez, erorketa hori sari baten bidez artifizialki sorrarazten denean. Laborearen balio errealaren beherakadan, gizakiaren kontsumorako den gauzarik inportanteenetakoa ekoizteko lan gutxiago behar denean, lana ekoizkorragoa bihurtzen da. Kapital berdinarekin eskulan berdina enplegatzen da eta emaitza ekoizpenaren gehikuntza da; beraz, ez da irabazi-tasa inkrementatuko den bakarra, irabazi horiek lortzen dituenaren egoera ere hobetu egingo baita; izan ere, kapitalista bakoitzak, diruzko kapital berdina enplegatuta, diruzko errenta handiagoa izateaz gain, diru hura gastatzen duenean ere merkantzia gehiago eskuratuko ditu, eta lortutako gozamenak ugaritu egingo dira. Sariaren kasuan, merkantzia hori merketzeak dakarren abantaila orekatzeko, beste merkantziengatik ordaintzen den prezioak proportzionalki beharko lukeena baino altuagoa izan behar du; prezio garaiago horri aurre egiteko, irabazi-tasa gehitua eskuratzen du. Beraz, bere egoera erreala, okertu ez den arren, ez da hobetu ere: irabazi-tasa garaiagoa eskuratzen badu ere, ez da gai izango lurraren eta herrialdeko lanaren ekoizpen gehiago bere menpe ipintzeko. Laborearen balio errealaren beherakada izadiko zergatiek sortzen dutenean, ez da beste merkantziak garestitzen direlako orekatuta geratzen; alderantziz, merkantzia hauek ere merketu egiten dira, berauek egiteko erabiltzen diren lehengaiak merketu egin direnean: baina, laborearen balio errealaren beherakada hori bitarteko artifizialek sortzen dutenean, beti orekatu egiten da beste edozein merkantzia bere balioan errealki garestitu delako, eta beraz, laborea merkeago erosi bada, gainontzeko merkantziak garestiago ordainduko dira.
Hau da, beraz, oinarrizko ondasunei buruzko zergek desabantaila berezirik sortzen ez dutela adierazten duen froga berri bat, zerga hauek alokairuak igoarazi eta irabaziak jaitsarazten dituztelako. Irabaziak benetan jaisten dira, baina langileak ordaintzen duen zergaren zatiaren neurrian besterik gabe, eta azken batean, zati hau langile horren ugazabak edo ekoizpenaren kontsumitzaileak ordaindu beharko du. Ugazabaren errentatik urtero 50£ kentzen badira, edo diru hau berak kontsumitzen dituen merkantzien prezioei eransten bazaie, ezin dezake berarentzat edo komunitatearentzat, beste klaseentzat izan dezakeen baino eragin handiagorik izan. Gehigarri hori merkantziaren prezioari eransten bazaio, zeken batek ekidin diezaioke zergari, ondasuna kontsumitzeari utzita; zerga hori gizaki bakoitzaren errentatik kentzen bada, orduan zeken horrek ere ezin diezaioke ekidin, gastu publikoetatik berari dagokion diru-kopuruaren proportzio zuzenari.
Laborearen ekoizpenari sari bat emateak ez luke inolako ondorio errealik sortuko herrialdeko lur eta lanaren urteko ekoizpenaren gain, nahiz honen bidez laborea erlatiboki merkeago eta manufakturak erlatiboki garestiago ekoiztu. Baina, demagun orain aurkako neurri bat hartzen dela, hain zuzen, laborearen gaineko zerga bat ezarri behar dela, merkantzien ekoizpena saritzeko fondo bat era dadin.
Honelakoetan, begi-bistakoa da laborea garestiagoa eta merkantziak merkeagoak izango liratekeela; lanak prezio berdina izaten jarraituko luke, baldin eta laborea garestitu delako, langilea merkantzia merkeagoen bidez profitatzen den neurri berdinean kaltetzen bada; baina, hau honela ez balitz, alokairuak igoko lirateke eta irabaziak erori, diruzko errentak lehen bezalakoa izaten jarraitzen duen bitartean; jadanik azaldu dugunez, irabaziak eroriko lirateke eta hau izango litzateke ugazabek langilearen zergaren zatia ordaintzeko modua. Alokairu-igoeraren bidez langilea konpentsatua izango litzateke zergarengatik, berau, zeharka, laborearen prezio garaiagoan ordainduko bailuke; fabrikatutako merkantzietan gastatuko ez lukeen zatiaren bidez, ez luke sariaren zatirik jasoko; sari guztia ugazabek eskuratuko lukete, eta zerga, partzialki, langileek ordainduko lukete; langileei diru-kopuru bat emango litzaieke, alokairu-itxurakoa, ezarri den zerga konpentsatzeko, eta horren ondorioz, irabazi-tasa murriztu egingo litzateke. Kasu honetan ere, neurri korapilatsua hartuko genuke, azken finean, herrialdeari inolako onurarik ekarriko ez liokeena.
Arazo hau aztertzerakoan, alde batera utzi nahi izan dugu honelako neurri batek kanpo-merkataritzan izango lukeen eragina; are gehiago, suposatu dugu herrialde isolatu baten kasua dela, hain zuzen, beste herrialdeekin harremanik ez duenarena. Ikusi dugu herrialdeko labore- eta merkantzi eskaria berdina izango litzatekeela, edozein izanda ere sariak hartuko lukeen norabidea eta, hala ere, ez da tentaldirik egongo kapitala enplegu batetik beste batera joan dadin; baina honek ez luke luze iraungo kanpo-merkataritza balego eta merkataritza hori librea balitz. Merkantzia eta laborearen prezio erlatiboa aldatzerakoan, beren prezio naturaletan hain efektu indartsua sortzerakoan, prezio naturalean erori diren merkantzien esportazioa zuzpertzen arituko ginateke; eta adore berdina hartuko luke prezio naturaletan igoera izan duten merkantzien inportazioak; beraz, honelako finantz neurri batek, kapitalaren banaketa naturala erabat alda lezake, eta hau kanpo-herrialdeentzat onuragarria izango litzateke, baina guztiz kaltegarria ordea, hain politika burugabea egiten duenarentzat.
XXIV. Kapitulua
Adam Smithen doktrina lurraren errentari buruz
"Oro har, lurreko ondasunak merkatura eraman ahal izateko", dio Adam Smithek, "beren ohiko prezioak nahikoa izan behar du horiek merkatura eramateko behar den kapitala birjartzeko, bere ohiko irabaziekin batera. Ohiko prezio hori handiagoa baldin bada, soberakina lurraren errenta izatera helduko da. Handiagoa ez baldin bada, merkantzia merkatura eramango den arren, ez dio lurjabeari errentarik emango. Prezioa handiagoa edo txikiagoa izatearen arrazoia, eskariaren menpe dago".
Pasarte honek, zalantzarik gabe, irakurlea ondoko ondoriora eramango lukeela dirudi, hain zuzen, bere autorea ezin daitekeela oker egon errentaren izaerari buruz, eta garbi ikusi behar duela lurraren kalitatea -gizartearen eskakizunek lantzen ipinaraziko luketen lurrarena-, "bere ekoizpenaren ohiko prezioaren" menpe egongo litzatekeela, hau da, "ea aipatu prezio hau nahikoa litzatekeen lurra lantzen enplegatzen den kapitala birjartzeko, ohiko irabaziekin batera".
Baina Adam Smithek hartu duen nozioa hau da: "Lurraren zenbait ekoizkinek duten eskariak beti ahalbideratu behar du berauek merkatura eramateko nahikoa den prezioa baino altuxeagoa izan dadin"; ekoizkin hauen artean elikagaiak daudela kontsideratzen du.
Gero honakoa dio: "Lurrak, egoera gehienetan, merkatura eramateko behar diren langileek bizirauteko behar dituzten elikagaiak baino gehiago ekoizten ditu, kontuan hartuta langileen mantenua oso era lasaian egiten dela. Soberakina, beti, langile horiek enplegatzen duten kapitala, irabaziak barne, birjartzeko baino handiagoa da. Beraz, lurjabearentzat beti geratzen da errenta".
Baina, zer froga ematen digu honi buruz? Bere baieztapena ondokoa besterik ez da: "Norvegia eta Eskoziako eremutzar hutsetan behientzat zenbait belar-mota ekoizten da, eta ondorioz, behi horiek nahikoa esne eta okela ematen dute; honela, eginkizun honetan aritzen diren langileak asetzeaz gain, soberakin nahikoa dago nekazarientzat edo azienden ugazabentzat ere, ohiko irabaziak eskuratzeaz gain, lurjabeek errenta txikiren bat izan dezaten". Onartu behar zait, dena den, honi buruzko zalantzak izatea; uste dut herrialde basatienetatik finenetara, guztietan existitzen dela kalitate bateko lurra, ohiko irabaziak barne, kapitala birjartzeko baino gehiagoko baliorik ematen ez duena. Ameriketan badakigu, jakin ere, hala gertatzen dela, eta oraindik inork ez du esan errenta erregulatzen duten printzipioak herrialde hartan eta Europan desberdinak direnik. Baina egia balitz Ingalaterra hainbeste aurreratu dela lurgintzan eta honen ondorioz ez dela errentarik ematen ez duen lurrik geratzen, egia izango litzateke ere antzinako garaietan honelako lurrak egon zirela; baina egon diren ala ez, arazo honi dagokionez garrantzirik gabekoa da, zeren eta berdina izango bailitzateke Britainia Haundian kapitalaren bat enplegatuta egotea ohiko irabaziak eta kapitala birjartzeko bakarrik ematen duena, nahiz lur zaharretan edo berrietan enplegatuta egon. Nekazari bat ados baldin badago lurra akuran zazpi edo hamalau urterako hartzeko, onar lezake 10.000£ko kapitala enplegatzea, jakinaren gainean badago labore eta lehengaien merkatu-prezioarekin behartuta, gastatu duen kapitala birjarriko duela, akura ordaindu eta dagokion irabazia eskuratu ondoren. Ez ditu 11.000£ enplegatuko, azken 1.000£ hauek ere oso ekoizkorki erabili ostean kapitalaren ohiko irabaziak eskuratzen ez baldin baditu behintzat. Bere kalkuluetan, enplegatu ala ez erabaki aurretik, kontsideratuko du ea lehengaien prezioa nahikoa den beren ekoizpeneko gastuak eta irabaziak birjartzeko, jakin badakielako errenta gehigarririk ez duela ordaindu behar. Kontratua amaitzen denean bere errenta ez da gehituko, zeren eta bere lurjabeak errenta gehigarria eskatuko balio, 1.000£ko kapital gehigarria enplegatu duelako, azken zati hau erretiratu egingo bailuke; suposatuko luke, diru hori beste enplegu batean erabilita ohiko irabaziak bakarrik lortuko lituzkeela, eta hau honela ez balitz, kapital hori erretiratu egingo luke; beraz, ezin dezake onar lur horrengatik errenta ordaintzea, baldin eta lehengaien prezioak ez badauka igoerarik, edo, gauza bera dena, ohiko irabazi-tasa orokorra erortzen ez bada.
Adam Smithek bere burmuin ulerkorra gai honetara zuzendu izan balu, ez zuen mantenduko errenta lehengaien prezioaren osagaia denik, zeren eta prezioa, leku guztietan, kapitalaren azken zatitik lortzen den errendimenduak erregulatzen baitu, hain zuzen, errentarik ordaintzen ez duen kapital-zatiak. Printzipio honetaz ohartu izan balitz, ez zuen bereizketarik egingo meategien errenta erregulatzen duen legearen eta lurraren errenta erregulatzen duenaren artean".
"Meategi batek", dio geroago, "errenta ordaindu ahal izatea ala ez, bere emankortasunaren menpe dago, eta hein batean, bere egoeraren araberakoa da. Esan daiteke edozein motatako meategia emankorra edo agorra dela, bertatik lan-kantitate jakin batekin atera daitekeen mea-kopurua, handiago edo txikiago izatearen arabera, mota berdineko meategi gehienetan, langile-kopuru berdinarekin ateratzen denarekin alderatuta. Zenbait ikatz-meategi, oso egoki kokatuta badaude ere, ezin daitezke ustia arras agorrak direlako. Bere ekoizpenak ez ditu gastuak ordaintzen. Ezin dezake eman errentarik, ezta irabazirik ere. Badaude, egon ere, zenbait kasu ia nahikoa ere lortzen ez dutenak eskulana ordaintzeko eta ustiapenean erabili den kapitala birjartzeko, ohiko irabaziak barne. Zenbait irabazi ematen die ugazabei, baina errentarik ez lurjabeari. Lurjabeak salbu, beste inork ez ditu abantailaz ustiatuko; honek lanari ekiten badio, enplegatu duen kapitalaren ohiko irabaziak eskuratuko ditu. Eskozian meategi asko honela ustiatzen dira, eta hori da ustiapenerako modu bakarra. Lurjabeak ez dio beste inori utziko lan egiten meategi horietan errentarik ordaintzeke, eta inork ezin dezake ezer ordaindu.
"Herrialde bereko beste meategiak, nahikoa emankorrak ere, ezin daitezke ustia beren egoera dela eta. Mea-kantitate nahikoa atera liteke lanaren gastuak ordaindu ahal izateko, ohiko lan-kantitatearekin, edo gutxiagorekin; baina herrialdearen barnealdean, populazio gutxikoa eta errepide zein errekabide kaskarrekoa, kantitate hau ezin liteke sal". Errentaren printzipio guztia gardenki eta zehazki adierazten da hemen, eta hitz bakoitza lurrarentzat zein meategientzat aplikagarria da; orain baieztatzen digu "beste modu batez gertatzen dela lurgaineko jabetzak direnean. Izan ere, bere ekoizpen eta errenta, emankortasun absolutuaren proportzioan dago, eta ez emankortasun erlatiboarenean". Baina, demagun ez dagoela lurrik errenta ematen ez duenik; hala balitz, lur kaskarreneko errenta-kantitatea, bertako ekoizpen-balioaren eta gastatutako kapitalaren arteko diferentziarekiko proportzioan egongo litzateke, baina kapital honi aurretik ohiko irabaziak erantsi beharko litzaizkioke: printzipio berak gobernatuko luke kalitate hobexeagoko lurraren errenta, edo egokiago kokatutako lur batekoa, eta beraz, lur honen errentak, kaskarragoko harena gaindituko luke, abantaila handiagoak dauzkalako; gauza bera esan liteke hirugarren mailako kalitateko lurrari buruz, eta honela, jarraian, gainontzekoei buruz ere, kalitate hoberenekora iritsi arte. Beraz, ez al du lurraren emankortasun erlatiboak finkatzen ekoizpenaren zein zati izango den lurraren errenta bezala ordainduko dena, meategien errenta determinatzen duena emankortasun erlatiboa den bezala?
Adam Smithek aitortu ondoren badaudela meategi batzuk beren jabeek beste inork ustiatuko ez dituztenak -hauek doi-doi emango dutelako lanaren gastuak estaltzeko adina, enplegatutako kapitalaren ohiko irabaziak barne-; badirudi onartuko zuela ere, meategi berezi honek gainontzeko guztien ekoizpenaren prezioa erregulatuko zuela. Meategi zaharrak behar den ikatz-kopurua hornitzeko nahikoak ez badira, ikatzaren prezioa igo egingo da eta igotzen jarraituko du; honela jarraituko du beste jabe bat ohartu arte bere kalitate apalagoko meategia prezio honetan ustiatzen ipiniz gero, kapitalaren ohiko irabaziak erdiets ditzakeela. Bere meategia nahikoa emankorra bada, prezioa asko igo aurretik konturatuko da kapitala bertan erabiltzea komeni zaiola; baina nahikoa emankorra ez bada, begi-bistakoa da prezioak igotzen jarraitu behar duela, bere gastuei aurre egiteko gai izan arte; horrez gain, kapitalaren ohiko irabazia lortu beharko luke ere. Badirudi beraz, ikatz-meategi kaskarrenak erregulatzen duela ikatzaren prezioa. Hala ere, Adam Smith iritzi desberdinekoa da, eta honakoa ohartarazten du: "Ikatz-meategi emankorrenak erregulatzen du inguruko meategietako ikatzaren prezioa. Jabeak eta ustiapenaren ugazabak, biak, honetaz konturatzen dira: batek errenta handiagoa lor dezakeela eta besteak irabazi garaiagoa, bere aldamenekoek baino merkexeago salduta. Beren aldamenekoak berehala behartuta egongo dira merkeago saltzera, nahiz hori egiteko oso egoera onean ez egon, eta bere errenta eta irabaziak gutxitu, batzuetan, erabat suntsituta geratu arren. Zenbait ustiapen bertan behera utzi behar izaten dira; bien bitartean, beste batzuek ezin dezakete errentarik eman, eta beraz, bakarrik bere jabeak ustia ditzake". Ikatzaren eskaria gutxituko balitz, edo prozesu berriekin kantitatea handituko balitz, prezioa eroriko litzateke eta meategi batzuk ustiatzeari utzi egingo litzaioke; baina kasu guztietan, prezioak meategiko gastuak eta irabaziak ordaintzeko adinakoa izan behar du; gainera, meategi honek ez luke errentarik ordainduko. Beraz, emankortasun apaleneko meategiak erregulatzen du errenta. Hauxe bera baieztatzen digu Adam Smithek beste pasarte batean, zera dioenean: "Denbora luze samarrean ikatza sal daitekeen prezio apalena, beste merkantzia guztiekin gertatzen den bezala, nahikoa da, merkantzia hori merkatura eramateko enplegatzen den kapitala birjartzeko, ohiko irabaziekin batera. Lurjabeak inguruko meategitik errentarik ez badu lortzen eta berak ustiatu behar badu, edo bestela bertan behera utzi, ikatzaren prezioa, honelako meategian eratzen denaren prezioari hurbilduko zaio".
Baina egoera berak, hau da, ikatzaren ugaritasunak eta honen ondoriozko bere merketasunak, edozer izanda ere hori kausatzen duena, meategi honen ustiapena bertan behera utzaraziko luke, jadanik errentarik ordaintzen ez duelako, edo oso gutxi ordaintzeagatik; edo laborearen ugaritasunak bere prezioa merkearaziko luke, eta ondorioz, errentarik ordaintzen ez duten lurrak edo oso gutxi ordaintzen dutenak, bertan behera geratuko lirateke; beraz, bi kasu hauek berdinak dira. Adibidez, arroza zenbait herrialdetan den bezala, patata jendearen elikagai orokorra eta arrunta bihurtuko balitz, landutako lursailen laurdena ez bada erdia, ziurrenik, bertan behera geratuko litzateke, zeren eta, Adam Smithek dioenez, "patata-akre batek 60 kintal elikagai solido ekoizten badu, gari-akre batek baino hiru halako ekoiztuko du"; hala balitz, denbora hartu beharko luke populazioa nahikoa izan aurretik lehen garia lantzen zen lur guztian orain ekoizten dena kontsumitu ahal izateko; lur asko utzi beharko litzateke eta errenta erori egingo litzateke; populazioa bikoiztu edo hirukoiztu arte ez litzateke lehengo lur-kantitate berdina landuko, eta orduan igoko litzateke errenta lehengo mailara.
Errenta orain patatekin osatuta balego ere, lurjabeak ez luke ekoizpen gordinaren proportzio handiagoa eskuratuko, nahiz orain 300 pertsona elikatzeko adina izatera iritsi, eta lehen garia 100 lagunentzat besterik ez izan; langileen alokairuak pataten prezioak, eta ez gariarenak, erregulatuko dituenez, ekoizpenerako gastu batzuk asko urrituko badira ere, eta langileei ordaindu ondoren, ekoizpen gordin guztiaren proportzioa erabat haziko litzatekeen arren, proportzio gehigarri hori ez litzateke errentara joango, irabazietara baizik -irabazi hauek beti gehitu egiten dira alokairuak erori ahala, eta erori egiten dira alokairuak igo ahala-. Garia edo patata, bietako edozein landuta ere, errenta printzipio berak gobernatuko du, hau da, beti kapital berdinarekin lortzen den ekoizpenen arteko diferentzia izango da, eta berdin dio lurraren kalitate berdineko edo desberdinetako lursailak izatea; beraz, kalitate berdineko lurrak lantzen direnean, eta emankortasuna edo abantaila erlatiboan aldaketarik ematen ez denean, errentak, beti, ekoizpen gordinaren proportzio berdina gordetzen du.
Adam Smithek mantentzen du hala ere, lurjabeari dagokion proportzioa gehitu egingo litzatekeela ekoizpen-kostua gutxituko litzatekeelako, eta beraz, zati handiagoa eskuratuko lukeela kantitate handiagoa dagoelako ekoizpen ugaria dagoen tokian, eta txikiagoa eskasia dagoenean. "Arroz-sail batek", dio, "beste edozein laborezko lursail emankorrenak baino elikagai gehiago ekoizten du: bi uzta urtean; akre bakoitzak hogeita hamar bushel-etik hirurogei bushel-era ematen omen ditu ohiko ekoizpenaldi bakoitzean. Bere lanketak lan gehiago behar duen arren, soberakin gehiago ematen du eskulana mantentzeko kendu ondoren. Arroz-herrialde hauetan, beraz, arroza da jendearen barazki-elikagai arruntena eta guratsuena, eta herrialde hauetan arroz-lantzaileak erraz mantentzen dira elikagai honekin; herrialde hauetan garia ekoizten denetan baino soberakin handiagoa dagoenez, beronen zati handiagoa beharko luke lurjabearentzat".
Buchanan jaunak ere honela azpimarratzen du: "Lurrak laborea baino ugariago, beste ekoizkin bat emango balu, eta hau jendearen ohiko elikagai bihurtuko balitz, lurjabearen errenta elikagai honen oparotasunaren proportzioan hobetuko litzateke".
Patatak bihurtuko balira jendearen ohiko elikagai, denbora luze batean lurjabeek errentaren murrizketa handia jasango lukete. Berauek ez lukete, agian, gaur egun bezainbat biziraupen eskuratuko; eta eskuratuko luketenaren balioa, beharbada, gaur egungoaren herenera eroriko litzateke. Baina fabrikatutako merkantzia guztiek, zeinetan lurjabearen errenta-zati bat gastatzen den, ez lukete berau osatzen duten lehengaiek sortaraziko lioketena baino prezio-beherakada handiagorik izango; beherakada honen zergatia, bestalde, ekoizpen honetara dedika litekeen lurraren emankortasun handiagotik dator.
Populazioaren hazkundea dela eta, ekoizpenean lehengo kalitate berdineko lurra erabili behar denean, lurjabeak lehengo ekoizpenaren proportzio berdina hartzeaz gain, balioa ere aurrekoaren berdina izango litzateke. Errenta, beraz, lehengoaren berdina izango litzateke; irabaziak, aldiz, askoz handiagoak, elikagaien prezioa, eta ondorioz, alokairuak, askoz apalagoak izango liratekeelako. Irabazi altuak kapital-metaketaren aldekoak dira. Eskulan-eskaria handitu egingo litzateke, eta lurjabeak iraunkorki profitatuko lirateke lur-eskari handiagorekin.
Lur berdinak sakonkiago lan litezke berauetatik elikagai ugariago lor litezkeenean, eta beraz, gizartearen aurreramendua dela eta, errenta altuagoak onetsiko lituzke, eta lehen baino jende gehiago manten liteke. Honek ez lioke guztiz lurjabearentzat abantailatsua izateari utziko, eta azterketa honetan ezartzen ari naizen, eta, nire ustez, huts egiten ez duten printzipioekin bat dator. Hau da, aparteko irabazi guztiak izaeraz honelakoak dira, baina mugatuak dira iraupenaren aldetik, zeren eta lurraren soberakin guztia bezala, irabazietarako kantitate moderatua kendu ondoren eta metaketa bizkorra eman dadin nahikoa utziz gero, gainontzekoa, azken finean, lurjabearentzat izango baita.
Honelako ekoizpen-ugaritasunak eskulanaren oso prezio apala ekarriko luke, eta jadanik ustiatzen diren lurrak, ekoizkin-kantitate handiagoa emateaz gain, kapital gehiago enplegatu eta balio handiagoa aterako lukete; aldi berean, kalitate apalagoko lurrak irabazi garaiak lortuz ipin litezke lantzen, eta hau lurjabeentzat abantailatsua izango litzateke, baita kontsumitzaile-klase guztientzat ere. Kontsumogairik garrantzitsuena ekoizten duen makineria hobetu eta oso ondo ordaindu egingo litzateke, hain zuzen, eskaintzen dituen zerbitzuen arabera. Abantaila guztiak langileek, kapitalistek eta kontsumitzaileek hasiera-hasieratik gozatuko lituzkete; baina populazioaren aurrerapenarekin, abantaila horiek, pixkana-pixkana, lurjabeengana igaroko lirateke.
Hobekuntza hauez gain, zeinetan komunitateak berehalako interesa duen eta lurjabeek geroagokoa, azken batean, lurjabearen interesa, beti, kontsumitzaile eta industriariarenekin kontrajarrita dago. Laboreak, iraunkorki, prezio altua izan dezake, lan gehiago behar delako bere ekoizpenerako edo bere ekoizpen-kostua gehitu delako. Arrazoi berdinak, derrigorrez, errenta igoarazten du, eta horregatik lurjabeak interesa du laborearen ekoizpenari lotzen zaion kostua igo dadin. Hau ez da, ordea, kontsumitzailearen interesa; beronentzat desiragarria da laborea prezio apalean egon dadin diru eta gainontzeko merkantziekiko, hauekin erosten baitu labore hori. Industriariarentzat ere ez da interesgarria laborea garesti egon dadin, garestitasun honek alokairuak igotzea suposatzen baitu, baina honek ez du bere merkantziaren prezioa igoaraziko. Kasu honetan, bere merkantzien kopuru handiagoa eman beharko luke, edo gauza bera dena, kontsumitzen duen laborearen truke bere merkantzien balio handiagoa eman beharko luke; baina honetaz gain, bere langileen alokairuen truke beti gehiago eman beharko luke, edo gehiagoren balioa, eta honen truke ez luke konpentsaziorik jasoko. Langile-klasea kenduta, gainontzeko klase guztiak beraz, kaltetuta geratuko lirateke laborearen prezioa igo delako. Lurjabe eta jendearen arteko tratuak ez dira merkataritzako tratuak bezalakoak; azken hauetan, biek, erosleak zein saltzaileak, berdintsu irabazten dutela esan baitaiteke. Besteetan ordea, galerak alde batean daude erabat, eta irabazi guztiak bestean; eta laborea inportatu dela eta, merkeago lortu ahal balitz, ez-inportatzearen ondoriozko galerak alde batean askoz handiagoak dira, irabaziak bestean baino.
Adam Smithek ez du inoiz diruaren balio apal eta laborearen balio garaiaren arteko bereizketarik egiten, eta hortik ondorioztatzen du lurjabearen interesak ez daudela kontrajarrita gainontzeko komunitatearen interesekin. Lehenengo kasuan, dirua erlatiboki apala da gainontzeko merkantziekiko; bestean, laborea erlatiboki garaia da gainontzeko ondasunekiko. Lehenengoan, laboreak eta merkantziek balio erlatibo berdina izaten jarraitzen dute; bigarrenean, laborea gainontzeko merkantziekiko eta diruarekiko erlatiboki altuago dago.
Adam Smithen ondoko ohar hau erabilgarria da diruaren balio apalarentzat, baina inola ere ezin da erabili laborearen balio garaiarentzat. "Inportazioa (laborearena) garai guztietan librea balitz, geure nekazariek eta lurjabeek, ziurrenik, urte bat bestearekin, diru gutxiago lortuko lukete beren laborearengatik, gaur egun, labore-inportazio guztia debekatuta dagoenean erdiesten duten diruarekin erkatuta; baina lortuko luketen dirua balio handiagokoa izango litzateke; beste mota guztietako ondasun gehiago erosiko lituzkete, eta eskulan gehiago enplegatuko lukete. Beren aberastasun erreala, beren errenta erreala, beraz, berdina izango litzateke gaur egun, nahiz zilar-kantitate gutxiagorekin adierazita egon; eta ez lirateke bultzatuta egongo laborea lantzeari uzteko, gaur egun dauden bezala. Aldiz, laborearen diruzko prezioa jaistearen ondoriozko zilarraren balio errealaren igoerak, gainontzeko merkantzien diruzko prezioa zertxobait jaitsarazten du, eta hori gertatzen den herrialdeko industriari kanpo-merkatuetan abantaila ematen zaio, eta ondorioz, industria hori bizkortu eta gehitu egiten da. Baina laborearen barne-merkatuaren hedadurak, herrialde horretako industria orokorraren proportzioan egon behar du, edo laborearekin trukatzeko ekoizten diren merkantzi kopuruaren proportzioan. Dena den, herrialde guztietan barne-merkatua, hurbilena eta egokiena denez gero, laborearentzat ere merkatu handiena eta garrantzitsuena da. Zilarraren balio errealaren igoera horrek, zein laborearen diruzko prezioaren beherakadaren ondorioz sortzen den, labore-merkatu handiena eta garrantzitsuena zabaltzea eta bultzatzea dakar, atzera egin ordez, bere garapena sustatzea alegia".
Urre eta zilarraren ugaritasunak laborearen prezio altua edo apala sortzen du, eta honek ez du lurjabearentzat garrantzirik, zeren eta ekoizkin mota guztiei berdin eragingo baitie, Adam Smithek azaltzen digunez; baina laborearen prezioa erlatiboki altua bada, garai guztietan, lurjabearentzat profitagarria izango da; lehenik, labore-kopuru handiagoa ematen diotelako errenta moduan; eta bigarrenik, labore-kopuru berdinaren truke, diru-kopuru handiagoa eskuratzeaz gain, diru horrekin eros daitekeen merkantzi kopurua ere handiagoa izango baita.
XXV. Kapitulua
Kolonietako merkataritzari buruz
Adam Smithek kolonietako merkataritzari buruzko bere oharretan aski ongi demostratu dizkigu merkataritza libreak dituen abantailak, hala nola koloniek jasaten dituzten injustiziak beren metropoliek galarazten dietelako beren ekoizkinak merkatu garestienean saltzea, eta berentzako manufakturak merkatu merkeenean erostea. Frogatu du ere, herrialde guztiek beren merkantziak libreki eta nahi duten tokian eta garaian elkartrukatu ahal izango balituzte, munduko lanaren banaketa hoberena izango litzatekeela, eta ondorioz, gizakientzat behar diren oinarrizko ondasun eta gozamen ugarienak ziurtatuko liratekeela.
Saiatu da ere demostratzen, merkataritzako askatasun honek guztion interesa sustatzen duela, herrialde bakoitzarena sustatzen duen bezala; halaber, beren koloniekin egiten duten politika hertsia dela eta, Europako herrialdeek ere ondorio kaltegarriak pairatzen dituztela, nahiz neurri politiko horiek koloniak sakrifikatzeko hartuak izan.
"Kolonietako merkataritzaren monopolioak", dio, "merkataritzako sistemaren gainontzeko espediente txar eta kaltegarriak bezala, gainontzeko herrialde guztietako industria uzkurtu egiten du, eta biziki kolonietakoa kaltetzen badu ere, ez du batere handitzen metropolietakoa, zeren eta hauen alde egiteko ipiniak izan arren, alderantziz gertatu eta hauena ere urritu egiten baita".
Bere tesiaren zati honek, hala ere, ez du koloniarekiko sistema honek suposatzen duen injustizia tratatzen duen gaia bezain argi eta ongi azaltzen.
Pentsatzen dut zalantzan jartzen duela metropoliak koloniari ezartzen dizkion oztopoek, batzuetan metropolia profita dezaketela. Nork egin dezake zalantza, adibidez, Ingalaterra Frantziaren kolonia balitz, azken hau ez litzatekeenaz profitatuko, Ingalaterrak sari handi bat emango balio laborearen esportazioari, ehunenari edo beste edozein merkantziarenari? Sarien arazoa aztertzerakoan, suposatzen bada herrialde honetan laurden laborearen prezioa 4£koa dela, ikusi dugu Ingalaterrak esportatzen zuen laurden bakoitzari 10s.ko saria ematerakoan, Frantzian laborearen prezio hori 3£ 10s.ra gutxitua izango zela. Frantzian laurden laborearen antzinako prezioa 3£ 15s. bazen, Frantziako kontsumitzaileak laurdeneko 5s.n profitatuak izango ziren inportatutako labore guztiaren gain; Frantzian lehen laurden laborearen prezio naturala 4£koa izan bazen, kontsumitzaile horiek laurden bakoitzean 10s.ko sari guztia irabaziko zuten. Frantzia, kasu honetan, Ingalaterrak galdu zuenaren arabera profitatuko zen; izan ere, ez zuen irabaziko Ingalaterrak galdu zuenaren zati bat, guztia baizik.
Esan daiteke, bestalde, esportazioari buruzko saria barne-politikaren neurri bat dela eta metropoliak ezin lezakeela oso erraz ezar.
Jamaika eta Holandaren interesentzat egokia balitz ekoizten dituzten merkantziak elkarren artean ganbiatzea Ingalaterrak eskuhartzeke, eta harreman horiek gauzatzea galaraziko balitz, zalantzarik gabe, bi herrialde horien kalterako izango litzateke; baina Jamaikari bere ondasunak Ingalaterrara bidaltzera behartzen bazaio eta herrialde honetan holandar ondasunekin ganbiatzen badira, orduan, ingeles kapitala edo ingeles agentzia erabiliko da, Jamaikak bestela inoiz hasi asmo ez lukeen merkataritza horretan. Hori egitera behartzen du sariak, zein ez duen Ingalaterrak ordaintzen, Holandak eta Jamaikak baizik.
Adam Smithek esaten duenez, bi herrialderen artean ematen den lanaren banaketa desegokia dela eta, sortzen den galera, herrialde horietako batentzat profitagarria izan omen daiteke, besteari banaketa txar horrek sortarazten duen galera orokorra baino handiagoko kaltea egiten zaion bitartean; hau honela balitz, kolonia batentzat erabat kaltegarria den neurria, hein batean, onuragarria izan daiteke metropoliarentzat.
Merkatal hitzarmenari buruz mintzatzean, honela dio: "Hitzarmen baten bidez nazio bat behartzen denean atzerriko herrialde bateko zenbait ondasun sartzea onets dezan, gainontzeko herrialde guztietatik ekartzea galarazita duelako; edo muga-zergak kentzen bazaizkie atzerriko herrialde batetik datozen ondasunei, gainontzeko herrialdeetatik datozenei mantentzen zaizkien bitartean, orduan, herrialde horrek edo gutxienez laguntza hain oparoak jasotzen dituzten herrialde horretako merkatari eta industriariek, derrigorrez, hitzarmen hori dela eta, abantaila handiak eskuratuko dituzte. Merkatari hauek eta manufakturatzaileek nolabaiteko monopolioaz gozatzen dute hain bihozbera den herrialdean. Herrialde hori merkatu zabalago eta abantailatsuago bihurtzen da beren ondasunentzat; zabalagoa, gainontzeko herrialdeetako ondasunak baztertzen direlako, edo muga-zerga handiak jasan behar dituztenez, kopuru handia merkatutik kanpo geratzen delako; abantailatsuagoa, profitatutako herrialdeko merkatariek nolabaiteko monopolioaz gozatzen dutelako merkatu horretan, eta horregatik, prezio hobean salduko dituztelako beste herrialdekoekin lehiaketa librean arituta baino".
Demagun merkatal hitzarmen hori gauzatzen duten herrialdeetako bat metropolia dela eta bere kolonia bat bestea; Adam Smithek, begi-bistakoa denez, onartuko du metropolia koloniaren zapalketaz profita daitekeela. Baina, baldin eta kanpo-merkataritza hori konpainia batek monopolizatzen ez badu, kanpo-erosleek barnekoek baino gehiago ordainduko ez dutenaz ohar gaitezke ordea; biek ordainduko duten prezioa ez da ekoizten diren herrialdeko prezio naturalaren oso desberdina izango. Ingalaterra, adibidez, egoera normal batean, beti izango da gai Frantziako ondasunak erosteko, berauek Frantzian duten prezio naturalean, eta Frantziak pribilegio berdina izango luke Ingalaterran duten prezio naturalean erosi ahal izateko. Baina prezio hauetan hitzarmenaren beharrik gabe erosiko lirateke ondasun horiek. Beraz, zein da alde bakoitzarentzat hitzarmen honen abantaila, eta zein desabantaila?
Inportatzen duen herrialdearentzat hauxe izango litzateke: Ingalaterratik merkantzia bat erosi beharrean egongo litzateke, adibidez, Ingalaterran merkantzia honek duen prezio naturalean, beste herrialde batean prezio natural apalagoan eros zezakeen bitartean. Kapital orokorraren banaketa desabantailagarria sorrarazten du eta desabantaila hori, azken finean, hitzarmen honek merkatu ez-ekoizkorrenean erostea behartzen duen herrialdearentzat izaten da; baina ustez monopolioa duen herrialdeari ere ez dio abantailarik ekartzen salmenta behartu horrek, bere herrialdekideen lehiaketak galarazi egiten diolako ondasunak bere prezio naturalaren gainetik saltzea; izan ere, prezio horretan salduko bailituzke Frantziara, Espainiara edo Mendebal Indietara esportatu, edo barne-kontsumorako salduko balitu.
Beraz, zertan datza hitzarmenaren abantaila? Hain zuzen honetan: Ingalaterran ezin litezke ondasun zehatz hauek egin esportatzeko, baldin eta merkatu berezi hau zerbitzeko berak beste inork ez duen pribilegio hau ez balu; izan ere, prezio natural apalagoa zuten herrialdeei galarazi egin zitzaien herrialde honetan merkantzia berezi horiek sal zitzaten. Hau, hala ere, garrantzi gutxikoa izango litzateke Ingalaterra ziur balego berak ekoitz litzakeen balio berdineko ondasunak sal litzakeela Frantziako merkatuan edo abantaila berdinarekin beste edozein herrialdetan. Ingalaterrak duen xedea, adibidez, 5.000£ko balioa duen Frantziako ardoa erostea da; beraz, ondasunak nonbait saldu nahi ditu, honela lortuko baititu behar dituen 5.000£k. Frantziak Ingalaterrari bere ehun-merkatuaren monopolioa ematen badio, aipatu helburu horrekin berehala ehuna esportatuko dio; baina merkataritza librea baldin bada, beste herrialdeen lehiaketak eragotz dezake Ingalaterran ehunaren prezio naturala aski apala delako 5.000£ horiek lor ditzan ehuna saldu ondoren, jarduera horretan enplegatzen den kapitalak ohiko irabaziak emateari uzteke. Ingalaterrako industriak, honelako kasuan, beste merkantziaren bat ekoizten hasi beharko luke; baina, agian, ez da egongo sal dezakeen ekoizkin bat ere, diruak daukan balio horrekin zaila baitu beste herrialdeetako prezio naturalari aurre egitea. Zein da honen ondorioa? Ingalaterrako ardo-edaleak oraindik ere prest daude beren ardoaren truke 5.000£ emateko, eta ondorioz, 5.000£ dirutan esportatuko dira Frantziara xede horrekin. Diruaren esportazio hori dela eta, bere balioa Ingalaterran igo eta beste herrialdeetan apaldu egingo da; eta honekin batera, britainiar industriak ekoizten dituen merkantzia guztien prezio naturala ere gutxitu egingo da. Diruaren balio-igoera eta merkantzien prezio-beherakada baliokideak dira. 5.000£ lortzeko, britainiar merkantziak orain esporta daitezke, zeren eta beren urritutako prezio apalean, orain beste herrialdeetako ondasunekin lehiaketan sar baitaitezke. Ondasun gehiago saldu behar dira, orain prezio apalagoan 5.000£ lortzeko, eta hauek erdietsi ondoren, ez dute ardo-kantitate berdina erosiko; izan ere, Ingalaterran diru gutxiago egoteagatik ondasunen prezio naturala apaltzen den bitartean, Frantzian, dirua gehitu delako, ondasun eta ardoaren prezio naturala igo egiten da. Beraz, ardo gutxiago inportatuko du Ingalaterrak bere merkantzien truke merkataritza librea denean, merkatal hitzarmenak laguntza berezia ezartzen dionean baino; irabazi-tasa, hala ere, ez da aldatuko; diruaren balio erlatiboa aldatu egingo da bi herrialdeetan, eta Frantziak lortzen duen abantaila, ingeles ondasun-kantitate handiagoa eskuratzean datza, frantziarrek honen truke kopuru berdina ematen duten bitartean; bien bitartean, Ingalaterrak galtzen duena zera izango da: Frantziatik ondasun gutxiago hartuko ditu Ingalaterrako ondasun-kantitate berdinaren truke.
Beraz, kanpo-merkataritzak beti aurrera jarraituko du, oztopoekin, sariekin edo librea bada ere, edozein delarik ekoizpenerako zailtasun erlatiboa herrialde desberdinetan; baina berau, herrialde horietan ekoitz daitezkeen gaien prezio naturalaren -eta ez balio naturalaren- aldaerak besterik ezin dezake erregulatu, eta hori metal bitxien banaketa aldatuz burutzen da. Azalpen honek, nik beste leku batean ematen dudan iritzia ziurtatzen du: ez dago zerga, sari edo merkantziak esportatzeko edo inportatzeko debekurik, metal bitxien banaketa aldatzen ez duenik; eta beraz, edozein tokitan biak aldatuko ditu, hau da, prezio naturala eta merkatu-prezioa.
Begi-bistakoa da beraz, kolonia batekin burutzen den merkataritza arau daitekeela, koloniarentzat hain onuragarria ez izateko, eta bai ordea metropoliarentzat, honi hau profitagarriagoa baitzaio, merkataritza librea izanda baino. Kontsumitzaile batentzat bere transakzio guztiak denda bakar batera mugatzea desabantailatsua den bezala, gauza bera gertatzen zaio kontsumitzaile-nazio bati, erosketa guztiak herrialde zehatz batean egin behar dituenean. Denda edo herrialde honek ondasunak prezio merkeenean eman ahal baditu, ziur egongo ginateke honelako pribilegiorik gabe ere erraz salduko liratekeela; eta merke ez badituzte saltzen, interes orokorrak behartuko luke merkataritza hori alde batera uztera, besteek dituzten abantaila berdinak ez dituelako. Dendak edo herrialde saltzaileak gal lezake enplegu aldaketa dela eta, baina interes orokorra inoiz ez da hain ziurtatua geratzen kapital orokorraren banaketa ekoizkorrena burutzen denean baino, hau da, merkataritza erabat librea denean.
Merkantzia baten ekoizpen-kostuaren gehikuntzak, berau oinarrizko ondasuna bada, ez du derrigorrez bere kontsumoa murriztuko; edozein merkantzia garestitu delako erosleek kontsumorako duten ahalmen orokorra gutxitzen bada ere, beste edozein merkantzia kontsumitzeari utz diezaiokete, nahiz beronen ekoizpen-kostua ez igo. Kasu horretan, eskainitako kantitatea eta eskatutakoa, lehen bezala, berdinak izango dira; ekoizpen-kostua besterik ez da gehituko, eta oraindik prezioa igo egingo da, eta igo egin behar du, ekoizpen-kostua gehitu zaion merkantzia ekoizten duenaren irabaziak, gainontzeko jardueratan dauden mailara heldu arte.
Say jaunak onartzen du ekoizpen-kostua prezioaren oinarria dela, baina hala ere, bere liburuaren zenbait alderditan, prezioa eskari eta eskaintzaren heinean erregulatzen dela mantentzen du. Bi merkantzien arteko balio erlatiboaren azken erregulatzailea, beren ekoizpen-kostua da, eta ez bakoitzetik ekoitz daitekeen kantitatea, ezta erosleen arteko lehiaketa ere.
Adam Smithen arabera, kolonietako merkataritzak, non bakarrik britainiar kapitala enplega daitekeen, gainontzeko industrietako irabazi-tasa igoarazten du; eta bere ustetan, irabazi altuek -alokairu altuek bezala- merkantzien prezioa igoarazi dutenez, kolonietako merkataritzaren monopolioa metropoliarentzat kaltegarria da, beronek fabrikatutako merkantziak beste herrialdeek saltzen duten bezain merke saltzeko ahalmena murriztu egiten zaiolako. Dioenez, "monopolioaren ondorioz, kolonietako merkataritzaren gehikuntzak ez du Britainia Haundiko merkataritza hainbeste indartu, aitzitik, bere norabidea erabat aldatu du. Bigarrenik, monopolio honek derrigorrez eragin du, britainiar adar guztietako jardueretan, irabazi-tasa, nazio guztiei britainiar koloniekin lehiaketa librean utzita izango zena baino altuagoa izan dadin". "Baina zernahi izanda ere herrialde bateko irabazi-tasa bere ohiko mailatik igoarazten duena, merkatal monopolioa ez duten adarretako abantaila absolutu eta erlatiboa galduko ditu. Honek desabantaila absolutupean uzten du, honelako adarretako merkatariek hain irabazi-tasa garaia ezin dezaketelako lortu garestiago saldu gabe, bai kanpotik inportatu eta bertan saltzen diren ondasunak zein kanpora esportatzen direnak. Beren herrialdeak ere garestiago erosi behar ditu eta garestiago saldu; gutxiago erosi behar ditu eta gutxiago saldu; bestela baino gutxiago gozatu eta gutxiago ekoiztu".
"Gure merkatariak sarritan kexatu egiten dira kanpo-merkatuetan gutxiago saltzen dutenaz, britainiar eskulanaren alokairuak garaiak direlako. Baina ez dute ezer esaten kapitalaren irabazi altuei buruz. Beste gizakiek erdiesten dituzten irabazi nabarmenei buruz kexu dira, baina beraien irabaziei buruz ez dute deus esan nahi. Ziurrenik, ordea, britainiar kapitalaren irabazi altuek britainiar manufakturen prezioa igoarazten lagun dezakete, kasu batzuetan alokairuak igotzen diren proportzio berdinean, eta besteetan handiagoan".
Kolonietako merkataritzaren monopolioak kapitalaren norabidea aldarazi eta sarritan kaltetu egingo duela onartzen dut; baina irabaziei buruz esan dudanaren ondoren ikusiko da edozein aldaketak, kanpo-merkataritza batetik bestera egiten denak, edo barne-merkataritzatik kanpo-merkataritzara egiten denak, nire ustez, ezin diezaiekeela irabazi-tasei eragin. Jasango duen kaltea nik orain azaldu dudana izango da; kapital orokor eta lanaren banaketa okerragoa egongo da, eta beraz, gutxiago ekoiztuko da. Merkantzien prezio naturala igo egingo da eta kontsumitzailea diruzko balio berdinarekin erosteko gai izango den arren, merkantzi kantitate gutxiago lortuko du. Ikusiko da ere, irabaziak igoarazi arren, ez liekeela inolako aldaketarik eragingo prezioei, zeren eta ez alokairuek, ezta irabaziek ere ez baitituzte prezioak erregulatzen.
Bestalde, Adam Smith ez al dator bat iritzi honekin ondorengoa dioenean: "Merkantzien prezioak, edo urre eta zilarraren balioa merkantziekin erkatuta, ez al daude urre- eta zilar-kantitateren bat merkatura eramateko behar den lan-kantitate eta beste edozein eratako merkantzia eramateko behar denaren arteko proportzioaren menpe?". Kantitate hori ez da aldatuko, nahiz irabaziak edo alokairuak altuak ala apalak izan. Nola igoarazi ditzake prezioak irabazien gorakadak?
XXVI. Kapitulua
Errenta gordin eta netoari buruz
Adam Smithek etengabe goraipatzen du herrialde bati errenta gordin handiak abantaila gehiago ekartzen dizkiola errenta neto handiak baino. "Herrialde batek nekazaritzan enplegatzen duen kapitalaren proportzioa zenbat eta handiagoa izan", dio, "orduan eta handiagoa izango da herrialde horretan mugimenduan ipiniko den lan ekoizkorraren kantitatea, handiagoa izango den bezala enplegu honek gizarteko lur eta lanaren urteko ekoizpenari erantsiko dion balioa. Nekazaritzaren ondoren, manufakturetan enplegatzen den kapitala da lan ekoizkorraren kantitate handiena ipintzen duena mugimenduan, eta urteko ekoizpenari balio handiena eransten diona. Esportazio-jardueran enplegatzen denak, hiru hauetatik, eragin txikiena dauka"1.
Demagun, une batez, hau egia dela; beraz, zein izango litzateke herrialde baten abantaila, lan ekoizkorraren kantitate handia enplegatu duelako, kantitate hori edo txikiagoa enplegatuta ere, errenta netoa eta irabaziak, batera, berdinak balira? Herrialde guztietako lur eta lanaren ekoizpen osoa hiru zatitan banatzen da: hauetatik zati bat alokairuentzat izaten da, bestea irabazientzat eta hirugarrena errentarentzat. Azken bi zati hauei besterik ezin zaie kantitateren bat kendu zergak ordaintze-
ko edo aurrezteko; lehen zatiak, moderatua bada, beti, derrigorrezko ekoizpen-gastua osatzen du2. 20.000£ko kapitala eta urteko irabaziak 2.000£koak dituen gizakiari, guztiz berdin izango litzaioke bere kapital horrek ehun edo mila gizaki enplegatzea, edo ekoiztutako merkantzia 10.000£n edo 20.000£n saltzea, baldin eta kasu guztietan bere irabaziak ez balira 2.000£tik jaitsiko. Ez al da nazioaren interesa honen antzekoa? Honen sarrera neto erreala, eta bere errenta eta irabaziak berdinak izanez gero, ez dauka garrantzirik nazioak hamar edo hamabi milioi biztanle izatea. Flotak eta armadak, eta mota guztietako lan ez-ekoizkorra mantentzeko bere ahalmenak, bere sarrera netoaren proportzioan egon behar dute, eta ez bere sarrera gordinaren proportzioan. Bost milioi gizaki hamar milioiek behar lituzketen elikagai eta jantziak ekoizteko gai badira, orduan, bost milioientzat diren jantziek eta elikagaiek osatuko lukete errenta netoa. Herrialde honentzat abantailaren bat egongo al litzateke errenta neto berdina ekoizteko zazpi milioi gizaki behar balira, hau da, zazpi milioi enplegatu behar balira, hamabi milioientzat nahikoa elikagai eta jantzi ekoizteko? Bost milioientzako elikagai eta arropa izango litzateke, oraindik, errenta netoa. Gizaki-kopuru handiagoa enplegatzeak ez gintuzke gaituko geure armadak eta marinak gizaki bat gehiago izan dezaten, ezta ere zergetan ginea bat gehiago biltzeko ere.
Kapital-erabilpenaren lehentasuna defenditzeko, honek lan gehiago mugimenduan ipintzen duela eta, Adam Smith ez da populazio handiagoa izateak suposatzen duen abantailan oinarritzen, ezta gizaki-kopuru handiago batek gozatzeko duen zorionean ere; aitzitik, erabilpen hori herrialdearen3 ahalmena handitzean oinarritzen da: "Herrialde baten aberastasuna eta honen menpe dagoen boterea, beti, bere urteko ekoizpenak duen balioaren proportzioan dago, eta fondo honetatik ordaindu behar dira, azken finean, zerga guztiak". Begi-bistakoa denez, bestalde, zergak ordaintzeko ahalmena errenta netoaren proportzioan dago, eta ez errenta gordinaren proportzioan.
Herrialdeen arteko kapitalaren banaketan, herrialde txiroenetako kapitala, normala denez, eskulan-kopuru handia enplegatzen duten enpresetan erabiliko da, honelako herrialdeetan elikagaiak eta oinarrizko ondasunak oso erraz lor daitezkeelako populazio hazkorrarentzat. Herrialde aberatsetan aldiz, elikagaiak garestiak dira, eta merkataritza librea denean, kapitala normaltasunez sartu egiten da eskulan-kantitate gutxien mantendu behar den jardueretara, alegia, garraiora, urrutiko kanpo-merkataritzara eta makineria garestia enplegatzen dutenetara; hau da, irabaziak kapitalaren proportzioan dauden jardueretara, eta ez enplegatutako eskulan-kantitatearen proportzioan4 daudenetara.
Onartzen badut ere, errentaren izaera kontuan hartuta, nekazaritzan enplegatzen den kapital zehatz batek, nahiz lur horiek ez izan azkenetakoak lantzen hasiak, eskulan-kantitate handiagoa ipintzen duela mugimenduan, kapital-kopuru berdinak industrian edo merkataritzan ipintzen duena baino; hala ere, ezin dezaket onar diferentziarik egon daitekeenik, barne-merkataritzako kapitalak enplegatutako eskulan-kantitate eta kapital-kopuru berdinak kanpo-merkataritzan enplegatutakoaren artean.
"Londresera eskoziar manufakturak bidaltzen dituen kapitalak eta itzultzerakoan Edinburgora ingeles labore eta manufakturak eramaten dituenak", dio Adam Smith-ek, "honelako eragiketa bakoitzean, derrigorrez, bi britainiar kapital birjartzen ditu, bestela, biak, Britainia Handiko nekazaritza edo industrian enplegatuta egongo zirenak".
"Barne-kontsumorako atzerriko ondasunak erosteko enplegatzen den kapitalak, erosketa hau barne-industriaren ekoizpenarekin egiten denean, honelako eragiketa bakoitzean bi kapital desberdin birjatzen ditu; baina horietatik bakarra enplegatzen da barne-industria sostengatzeko. Ondasun britainiarrak Portugalera bidaltzen dituen kapitalak eta gero Portugaleko ondasunak Britainia Handira ekartzen dituenak, honelako eragiketa bakoitzean, Britainia Handiak kapital bakarra birjartzen du, bestea portugaldarra baita. Beraz, nahiz kontsumorako kanpo-merkataritzaren errendimenduek barne-merkataritzakoak bezain azkarrak izan beharko luketen, jarduera honetan enplegatutako kapitalak herrialdeko industriari edo lan ekoizkorrari adore erdia emango dio".
Argudio hau niretzat okerra da, zeren eta nahiz bi kapital enplegatu, bata portugaldarra eta bestea ingelesa, Smith doktoreak suposatzen duenez, oraindik ere, kanpo-merkataritzan enplegatuko den kapitala, barne-merkataritzan enplegatuko denaren bi halako izango baita. Demagun Eskoziak mila liberako kapitala enplegatzen duela harizko ehuna egiteko eta berau Ingalaterran kapital berdinarekin egiten den zetarekin ganbiatzen dela; bi herrialdeek bi mila libera eta lan-kantitate proportzionala enplegatuko dituzte. Demagun orain Ingalaterra ohartzen dela Alemaniatik harizko ehun-kantitate gehiago inporta dezakeela lehen Eskoziara esportatzen zuen zetaren truke, eta Eskozia konturatzen dela orain Frantziatik, lehen Ingalaterrara esportatzen zuen harizko ehunaren truke inportatzen zuen baino zeta gehiago lortzen duela; ez al dute Eskoziak eta Ingalaterrak berehala, euren arteko merkataritza bertan behera utziko? Eta ez al da kontsumorako barne-merkataritza kontsumorako kanpo-merkataritzarekin aldatuko? Baina, nahiz jarduera honetan bi kapital gehigarri sartu -Alemania eta Frantziako kapitalak-, ez al dira Eskozia eta Ingalaterran kapital-kopuru berdinak enplegatzen jarraituko? Eta, ez al da orain lehen barne-merkataritzan mugitzen zen lan-kantitate berdina mugituko?
XXVII. Kapitulua
Moneta eta bankuei buruz
Jadanik asko idatzi da monetari buruz eta horregatik, gai honi arretaz begiratu dion edonork, aurriritziak dituztenak salbu, ongi ezagutzen ditu bere benetako printzipioak. Beraz, bere kantitatea eta bere balioa erregulatzen dituzten lege orokorrak azaletik gainbegiratu besterik ez dut egingo.
Urrea eta zilarra, beste merkantzia guztiak bezala, berak ekoizteko eta merkatura eramateko behar den lan-kantitatearen proportzioan baloratzen dira. Urrea zilarra baino hamabost bat aldiz garestiagoa da, ez bere eskari handiagoa dagoelako, ezta zilarraren eskaintza urrearena baino hamabost aldiz handiagoa delako ere, baizik eta urrearen kopuru jakin bat lortzeko behar den lan-kantitatea hamabost aldiz biderkatzen duelako.
Herrialde batean enplega daitekeen diru-kantitateak bere balioaren menpe egon behar du: Merkantzien zirkulaziorako urrea besterik ez balitz enplegatuko, horretarako beharko litzatekeen urre-kopurua, zilarrak zirkulatuta beharko litzatekeen kopuruaren hamabostena izango litzateke.
Zirkulazio baten ugaritasuna ezin daiteke inoiz gehiegizkoa izatera irits, zeren bere balioa jaisten den proportzioan igoko baita bere kopurua, eta hau, balioa igotzen den proportzioan jaitsiko da.
Estatuak dirua txanpondu arren, txanpontze-eskubidea kobratzen ez duen bitartean, diruak pisu eta finezi berdineko metal horren zati batek duen balio berdina izango du; baina estatuak dirua txanpontzeko eskubideak kobratzen baldin baditu, txanpondutako diru-pusketak, orokorki, txanpontzeke dagoenaren balioa gaindituko du, eta gainditzen duenaren neurria, txanpontze-kostua izango da, orain hori lortzeko lan-kantitate gehiago behar delako edo, gauza bera dena, ekoizkinaren balioak lan-kopuru handiagoa behar duelako.
Txanpontzen duen bakarra estatua den bitartean, txanpontze-eskubide honen kostuak ezin dezake mugarik izan; zeren eta diru-kantitatea mugatzen bada, nahi den adina igo baitaiteke bere balioa.
Printzipio honetan oinarrituta zirkulatzen du diru-paperak: diru-paperarengatik kobratzen den guztia txanpontze-eskubide bezala kontsidera daiteke. Nahiz bere kasa benetako baliorik ez duen, bere kopurua mugatu ondoren, bere ganbiozko balioa, izen berdineko txanponaren adinakoa da, edo txanpon hori eginda dagoen metal-puska baten balioaren bezainbatekoa. Printzipio berdinaren arabera, hau da, bere kopurua mugatuta, baliogutxitutako txanpon batek ere zirkulatuko luke, legezko pisu eta finezia behar lukeen baliokoa bailitzan, eta ez benetako metal-puska horrek duenekoa. Horregatik, britainiar txanponaren historian ikusten dugu diru hori inoiz ez zela desbalioztatu baliogaltze horren proportzioan, zeren eta txanpon horien kopurua inoiz ez baitzen gehitu bere benetako baliogaltzearen proportzioan1.
Diru-papera jaulkitzerakoan kontuan hartu behar dira, gauza garrantzitsuena bezala, kopuruaren mugaren printzipiotik eratortzen diren ondorioak. Hemendik berrogeita hamar urtera, ezin izango da sinetsi geure garaiko banku-zuzendariek eta ministrariek bene-benetan sostengatzen zutela, bai Legebiltzarrean, baita Legebiltzarreko batzordeen aurrean ere, Ingalaterrako Bankuak bileteak jaulkitzen zituenean, bilete hauek beren edukitzaileei gauzekin edo lingoteekin aldatzeko eskubiderik ematen ez zietelarik, ez zutela eta ezin zezaketela eraginik izan merkantzien prezio, diru nahiz kanpo-ganbioen gain.
Bankuak kokatu ondoren, estatua ez da txanpontze edo dirua jaulkitzeko ahalmena duen bakarra. Dirua paper eta txanponen bidez gehi daiteke; horregatik, estatuak bere dirua baliogutxituko balu eta bere kantitatea urritu, diru honek ez lioke bere balioari eutsiko, bankuek zirkulazio-kopuru guztia gehitzeko ahalmen berdina izango luketelako.
Printzipio hauen aurrean ikusiko da ez dela beharrezkoa diru-paperak gauzetan ordaingarria izatea bere balioa ziurtatzeko; nahikoa da bere kantitatea patroi gisa hartzen den metalaren balioak erregula dezan. Patroi hori pisu eta finezia jakineko urrea balitz, papera gehi liteke urrearen balioa erortzen den aldiro; edota bere ondoriotan gauza bera dena, merkantzien prezioa igotzen den aldiro.
"Diru-kopuru handiegia jaulkiko bazen", dio Adam Smithek, "horren soberakina jarraian itzuliko zen urre eta zilarrarekin ganbia zedin; eta Ingalaterrako Bankua urte askotan urrea txanpontzera behartuta egon zen; txanponketa hau urte bakoitzean zortziehun mila libera eta milioia artekoa zen, edo batezbeste, zortziehun eta berrogeita hamar mila libera urtekoa. Txanponketa handi honetarako, bankua, duela zenbait urtetako urre-diruaren desbalioztapena zela eta, behartuta egoten zen lingoteak hartzera, eta lingotearen ganbioan prezio altua ordaindu behar izaten zuen: lau libera ontzako, eta txanpondu ondoren 3£ 17s. 10,5d. balioko ontzetan jaulkitzen zen. Horrela, honelako txanponketa handi batean, ehuneko 2,5 eta 3ren artean galtzen zuen. Beraz, nahiz bankuak txanpontze-eskubiderik ez zuen ordaintzen, eta nahiz gobernuak bere gain hartzen zuen txanpontze-gastua, gobernuaren liberalitate honek ez zuen bankuak jasaten zuen galera ekiditen".
Lehen aipatu dudan printzipioan oinarrituta, niri oso ondo iruditzen zait honela etortzen zen papera ez birjaulkitzea; honela, diruaren balio guztia, bai urre desbalioztatuarena, bai berriarena, biena, igo egingo zen, bankuari egindako eskari guztia bertan behera geratzerakoan.
Buchanan jauna, ordea, ez da iritzi honetakoa: "Garai hartan bankuak egin behar izan zuen gastu itzel hori zerak kausatu zuen, alegia, ez Smith doktoreak imajinatzen omen duen bezala, diru-paperaren jaulkipen desegokiak, baizik eta diruaren desbalioztapen-egoerak eta horren ondorioz lingoteak zuen prezio altuak. Ikusiko denez, bankuak gineak izateko zuen bide bakarra Monetaren Etxera lingoteak txanpontzera bidaltzea zen, eta horregatik beti behartuta zegoen txanpondutako ginea berriak jaulkitzera itzulitako bileteen ganbioan; eta dirua orokorki pisuan defizientea zenean eta lingotearen prezioa proportzionalki altua, onuragarri bihurtu zen ginea astun horiek bankutik ateratzea diru-paperaren truke; ginea horiek lingote bihurtu, eta gero bileteetan saltzen ziren hauen irabaziekin; bilete hauek berriro igortzen ziren bankura ginea berrien horniketa lortzeko, eta hauek berriro funditu eta saldu egiten ziren. Bankua beti prest dago metal-isurketaren arriskua jasateko diruak pisu gutxiegizkoa duenean, honela, papera metalaren truke etengabe emanda, irabazi erraza eta ziurra lortzen baita. Azpimarra daiteke, ordea, nahiz eragozpen eta gastu handia izan ordura arte jasandakoa metal-isurketa hau zela eta, bankuak ez zuela inoiz egokia ikusi dirua metalarekin ganbiatzeko beharra bertan behera uztea".
Bidenabar, Buchanan jaunak sinesten du diru guztia derrigorrez desbalioztatutako piezen balio-mailara jaitsi behar dela; baina ziurrenik, diru-kopurua gutxituta, geratzen den guztia piezen balio hobereneraino igo daiteke.
Badirudi Smith doktoreak ahaztu egin duela kolonietako diruari buruz argudiatzerakoan aplikatzen duen bere printzipioa: paper haren desbalioztapena bere ugaritasunari egotzi ordez, zera galdetzen du, alegia, koloniaren kaudimena erabatekoa dela suposatuta, ea hemendik hamabost urtera ordaingai diren ehun liberek, gaur bertan ordaindutako ehun liberen balioa izango luketen. Nire erantzuna baietz da, dirua ugariegia ez bada behintzat.
Hala ere, esperientziak erakusten digu ez estatu batek, ez banku batek, ez dutela inoiz izan diru-papera jaulkitzeko mugarik gabeko ahalmenik, ahalmen honetaz abusatzeke; beraz, estatu guztietan diru-paperaren jaulkipenak nolabaiteko kontrolpean egon beharko luke; eta horretarako ezer ez da diru-paperaren jaulkitzaileak kontrolatzea baino hobea; jaulkipenaren kontrola, bileteak urrezko diru edo lingoteetan ganbiatzeko beharrak ezartzen du.
"Publikoa ziurtatzea2 diruaren balio-aldaketaren aurka, patroiak dituen aldaketetatik at, eta aldi berean bitarteko merkeenarekin zirkulazioa burutzea, dirua eroan daitekeen egoera perfektuenera heltzea da; eta abantaila hauek guztiak erdiets daitezke bankua behartuz txanpondu gabeko urrea eta zilarra Monetaren Etxeko tasa eta prezioan entregatzera, beren bileteen truke, gineak entregatu ordez; era honetan, diru-papera ez da inoiz lingotearen baliotik behera eroriko bere kantitatearen murrizketa batek jarraitzeke. Paperak lingotearen balioa gainditzea ekiditeko, bankua behartu beharko litzateke ere bere bileteak urre estandarren truke aldatzera, ontzako 3£ 17s.n. Bankuari arazo gehiegi ez sortzeko, paperaren truke eskatutako urre-kantitatea, Monetaren Etxeko prezioan, 3£ 17s. 10,5d.n, edo bankuari salduko zaion kantitatea 3£ 17s.n, inoiz ez luke hogei ontza baino gutxiago izan beharko. Beste hitz batzuetan, bankuak behartuta egon beharko luke eskaintzen zaion edozein urre-kantitate erostera, baina ez hogei ontza baino gutxiago 3£ 17s.n3, baita eska lekiokeen edozein kantitate 3£ 17s. 10,5 d.n saltzera ere. Bankuek beren papera erregulatzeko ahalmena duten bitartean, honela erregulatzeak ezin liezaieke inolako eragozpenik sor".
"Aldi berean askatasun osoa eman behar zaie mota guztietako lingoteak esportatzeko eta inportatzeko. Transakzio hauek lingoteetan oso urriak izango lirateke, bankuak bere maileguak eta paper-jaulkipenak, nik hain sarri aipatu ditudan irizpideen arabera erregulatuko balitu; hau da, lingote estandarren prezioa, batere jaramonik egin gabe zirkulazioan dagoen paper-kopuru absolutuari".
"Nik begi-bistan daukadan xedea, hein handi batean lortu egingo litzateke bankua behartuko balitz txanpondu gabeko lingoteak entregatzera, bere bileteen truke, Monetaren Etxeko prezio eta tasan, nahiz ez egon behartuta eskainiko zaion edozein kantitate finkatutako prezioan erostera, bereziki Monetaren Etxeak irekita jarraituko balu publikoak dirua txanpon dezan; erregulazio hau diruaren balioa lingotearen baliotik urruntzea ekiditeko iradokitzen da, urruntze hori ez dadin izan bankuak erosi behar duen prezioa eta saldu behar duenaren arteko diferentzia baino handiagoa; hau honela balitz, desiratzen den balio-uniformetasunera hurbiltzea izango litzateke".
"Bankuak kapritxoz bere paper-kantitatea mugatuko balu, beronen balioa igoaraziko luke, eta gerta liteke urrea, nik bankuarentzat proposatu dudanaren eros-prezioaren mugetatik behera joatea. Urrea, kasu honetan, Monetaren Etxera eraman liteke eta hortik itzuliko litzatekeen dirua, zirkulazioari gehitu ondoren, bere balioa jaisteko eta lehengo estandarrera egokitzeko ondorioa sortaraziko luke; baina hori ez litzateke nik proposatutako metodoarekin gertatzen den bezain ziurki eta merke egingo, ezta oztopoetatik hain libre ere; izan ere, nire proposamena betetzen bada -eta honen aurka bankuak ezin dezake ezer eduki-, bere interesa bete besterik ez da egingo, zirkulazioan papera jarriko delako, besteak txanponekin hornitzea behartu ordez".
"Honelako sistemarekin eta honela erregulatutako diruarekin, bankuak inoiz ez luke zailtasunik izango, egoera oso berezietan salbu, adibidez, herrialde osoak larritasun orokorra hartzen duenean, eta mundu guztia desiratzen dagoenean metal bitxiak edukitzeko beren jabetzak gauzatzeko edo ezkutatzeko modu egokiena bezala. Larritasun hauen aurka bankuek ez dute ziurtasunik, edozein izanda ere sistema; bere benetako izaeragatik, beren menpe daude, zeren eta inoiz ezin baitaiteke banku edo herrialde batean egon hainbat numerari edo lingote, hor bertan eskubide duten bezeroen eskariari aurre egiteko adina. Gizaki guztiek beren fondoak egun berean aterako balituzte bankuetatik, kasu askotan, egun zirkulazioan dauden banku-bileteak ez lirateke nahiko izango honelako eskariari erantzuteko. Mota honetako larrialdia izan zen 1797ko krisialdiaren zioa; eta ez, suposatu den bezala, bankuak gobernuari egin zizkion aurrerapen handiak. Ez bankuak, ezta gobernuak ere, ez zuten honelako erantzukizunik merezi; komunitateko zurrumurru faltsuetan oinarrituta kutsatu zen giroa izan zen jendea bultzatu zuena bankutik dirua ateratzera; eta gauza bera gertatuko zen bankuak gobernuari aurrerapen horiek egin gabe, bi halako kapitala izan arren. Bankuak esku-dirua ordaintzen jarraitu izan bazuen, ziurrenik, larrialdia bere kutxa hustu aurretik uxatuko zen".
"Diru-paperak jaulkitzerakoan bete behar dituzten arauei buruz bankuko zuzendariek duten iritzia jakinda, esan daiteke beren ahalmenak zuhurtasun handiz erabili zituztela. Begi-bistakoa da beren printzipioak arreta handiz jarraitu zituztela. Gaur egungo legearen arabera, ahalmena dute, inolako kontrolik gabe, egokia deritzen moduan aplikatzeko. Ahalmen hau ezin zaio estatuari eman, ezta estatuaren barruko edozein erakunderi ere, zeren eta diruaren balioaren uniformitatearentzat ezin baitaiteke ziurtasunik egon, bere gehikuntza edo murrizketa, jaulkitzaileen borondatearen menpe besterik ez dagoenean. Bankuak diruaren zirkulazioa muga hertsienetaraino murrizteko ahalmena daukala ukatuko ez den gauza izango da; zuzendarien iritziarekin bat, diru-kantitatea etengabe gehitzeko nahikoa ahalmenik ez daukatela dioten horiek ere ez dute ukatuko. Erabat ziurtatzen badidate ere bankuaren interes eta nahiaren kontra dagoela ahalmen hau publikoaren kaltetan erabiltzea, ikusten ditudanean diruaren berehalako zirkulazio-murrizketa handiak sor litzakeen ondorio kaltegarriak, gehikuntza handi batek sor litzakeen bezala, nik gaitzetsi baino ezin dezaket egin, estatuak bankuari hain lanabes preziatuak ematea".
"Probintzi bankuek eskudirutako ordainketak eten aurretik pairatzen zituzten eragozpenek, batzuetan handiak izan behar zuten. Alarma- edo itxarondako alarma-garai guztietan behartuta zeuden nahikoa ginea izatera, edozein eratako egoerari aurre egiteko. Honelako egoeratan gineak bankuan erdiesten ziren bilete handiagoen truke; eta gero, probintzi bankuetara eramaten zituen konfidantzazko eragileren batek, honek suposatzen zuen gastu eta arriskupean. Zegokien xedea bete ondoren, berriro Londresera itzultzen ziren, eta ziurtasun guztiekin, berriro, bankuan gordetzen ziren, kontuan hartuta ez zutela pisu- galtzerik izan, honela izanda balio legala gutxituko baitzitzaien".
"Banku-bileteak lingotetan ordaintzeko plana onartzen bada, beharrezkoa litzateke pribilegio bera probintzi bankuetara hedatzea edo banku-bileteak diru arrunt bihurtzea bere jabe legalari; azken kasu honetan ez litzateke lege-aldaketarik egongo probintzi bankuei dagokienez, hauek ere behartuta geratuko bailirateke, orain dauden bezala beren bileteak Ingalaterrako Bankuko bileteetan ordaintzea eskatzen zaienean".
"Gineek behin eta berriro egin behar dituzten bidaietako marruskadura eta garraio-gastuak direla eta, pisu-galtzerik izango ez balute izango luketen aurrezkia, nahikoa handia izango litzateke; baina abantaila handiena herrialdearen etengabeko eskaintzatik letorke, baita Londreseko zirkulaziotik datorrenetik ere, ordainketa txikiak egiteko bitarteko paper merkea hornitzen delako, eta ez urrea bezala oso garestia; honela, herrialdea gai izango litzateke bide honetatik lortutako irabazi guztiak bereganatzeko, era honetako kapital-kopuru hori ekoizkorki enplegatu ondoren. Zalantzarik gabe, ezin izango genituzke honelako irabazi erabakiorrak arbuiatu, baldin eta ez balego bitarteko merkeago hau hartu delako eragozpen aipagarririk".
Dirua bere egoera perfektuenean dago guztia diru-paperetan dagoenean, baina diru-paper honek urrearen balio berdina izan behar du, hura ordezkatu nahi duelako. Papera urrearen ordez erabiltzerakoan, bitarteko merkeenak garestiena ordezkatzen du, eta herrialdea gaitzen du, gizabanakoentzat inolako galerarik gabe, urre hori guztia lehengai, tresneria eta elikagaiengatik ganbia dezan; hauen erabilpenak herrialdeko aberastasuna eta gozamenak gehitzen ditu.
Nazioaren ikuspegitik ez dauka garrantzirik ondo erregulatutako diru-paper hau gobernuak edo bankuak jaulkitzen duen: edozein kasutan aberastasuna sortuko du; baina ez da gauza bera gertatzen gizabanakoen interesekin. Merkatuko interes-tasa herrialde batean ehuneko 7 denean eta estatu honek gastu berezi baterako urtero 70.000£ behar dituenean, gizabanakoentzat garrantzi handiko arazoa izango da urteko 70.000£ horiek erdiesteko zergak ordaindu behar diren edo zergarik ordaindu gabe bil litezkeen jakitea. Demagun 1.000.000£ behar direla espedizio bat eratzeko. Estatuak milioi bat paper jaulkitzen badu eta kopuru berdina txanponetan erretiratzen badu, espedizioa herriari inolako zamarik jarri gabe antolatuko litzateke; baina banku batek milioi bat paper jaulkitzen badu eta diru hori maileguan ematen badio gobernuari ehuneko 7ko interesarekin, eta diru-kopuru berdina erretiratuko balitz txanponetan, herrialdea urteko 70.000£ko zergarekin zamatuko litzateke: herriak zerga ordainduko luke; bankuak diru hori jasoko luke; eta gizartea kasu batean zein bestean lehen bezain aberatsa izango litzateke; espedizioa geure sisteman hobekuntza egon delako antolatuko litzateke, milioi bat balio duen kapitala ekoizkorra egin delako merkantzien itxura hartuta, era ez-ekoizkorrean, hau da, txanponetan, utzi ordez; baina abantaila beti paperaren jaulkitzaileentzat izango litzateke, eta estatuak herria ordezkatzen duenez, herriak zerga aurreratuko luke estatuak jaulkiko balu milioi hau, eta ez bankuak.
Jadanik ohartarazi dudanez, ziurtasun osoa balego diru-paperaren jaulkitze-ahalmena ez dela gehiegi erabiliko, herrialdeko aberastasun kolektiboarentzat garrantzirik ez luke edukiko dirua nork jaulki duen; eta nik orain frogatu dut publikoak interes zuzena izango lukeela estatua izan dadin jaulkitzaile, eta ez merkataritzako elkarte edo banku-konpainiaren bat. Arriskua, ordea, ahalmen hau gehiegi erabiltzean datza eta badirudi handiagoa dela gobernuaren eskuetan dagoenean, banku-konpainia batean dagoenean baino. Esaten denez, errazago izango omen litzateke banku-konpainia bati legea betearaztea, eta interesa izan arren bere jaulkipenak dituen mugak gainditzeko, gizabanakoek dirua espezietan edo lingoteetan aldatzeko duten ahalmenak, jaulkipenak kontrolatu egingo lituzke. Argudiatzen da ere, kontrol berdina ez litzatekeela denbora luzean errespetatuko, gobernuak dirua jaulkitzeko pribilegioa balu; gobernuak gehiago baloratuko lituzke gaur egungo alde onak, geroko ziurtasunak baino, eta ondorioz, alde on horietan oinarriturik, jaulkipen horiek kontrolatzeko ipini ziren kontrolak kentzearen alde ager liteke.
Gobernu arbitrario baten pean objekzio honek indar handia izango luke; baina herrialde libre batean, legegile argiekin, diru-papera jaulkitzeko ahalmena, bere bihurgarritasuna edukitzailearen borondatepean dagoenean, beldurrik gabe, helburu berezi horretarako izendaturik dauden mandatarien esku utz liteke; eta hauek ministrarien kontrolpetik independente gera litezke.
Amortizazio-fondoa Legebiltzarraren aurrean kudeatzen duten bakarrak, arduradun diren mandatariak dira, eta hauen esku geratzen diren inbertsioak, erregularitate handi baten barruan burutzen dira; zein arrazoi egon daiteke, beraz, diru-paperaren jaulkipenak auzitan ipintzeko, egiaztasun berdinarekin erregulatu ahal badira, eta antzeko mandatariek kudeatuko badituzte?
Esan daiteke estatuarentzat, eta beraz, publikoarentzat, diru-paperaren jaulkipenak abantailak ekartzen dituela, hauek oso nabariak direlako; izan ere, nazio-zorraren zati bat eraldatu egiten du, eta nazio-zor honen gainean publikoak interesa ordaintzen duelarik, interesik ez daraman zorra izanik ere: hala ere, jaulkipen hori desabantailatsua izango litzateke merkataritzarako, merkatariei dirua maileguan hartzea eta letrak deskontatzea eragotziko bailieke, hau baita, hein batean, banku-papera jaulkitzeko era.
Baina horrek suposatzen du dirua ezin litekeela maileguan hartu bankutik, honek maileguan emango ez balu, eta merkatuko interes-tasa eta irabaziena jaulki den diru-kopuruaren eta jaulkitzen duen erakundearen menpe leudekeela. Baina herrialdeak ez lukeenez urritasunik izango baldin eta arropa, ardo edo beste edozein merkantziatan ordaintzeko bitartekoak balitu, ez litzateke ere diru-urritasunik egongo dirua maileguan emateko, mailegu-hartzaileek ziurtasunak eskainiko balituzte eta prest baleude diru horregatik merkatuko interes-tasa ordaintzeko.
Liburu honen beste alderdi batean demostratzen saiatu naiz merkantzia baten balioa ez dutela bere ekoizle batzuek izan ditzaketen behin-behineko abantailek erregulatzen, baizik eta abantaila gutxien duen ekoizleak aurkitzen dituen benetako zailtasunek. Gauza bera gertatzen da diruaren interesarekin; hau ez du erregulatzen bankuak maileguentzat ipinita daukan interes-tasak, hau ehuneko 5, 4 edo 3 izanda ere, kapital hori enplegatu eta lor daitezkeen irabazi-tasek baizik, eta hauek erabat independienteak dira diruaren kantitate eta balioarekiko. Banku batek mailegutan milioi bat, hamar edo ehun ematen baldin baditu, ez luke iraunkorki aldatuko merkatuko interes-tasa, honela jaulkitako diruaren balioa baizik. Kasu batean beharko litzatekeen diru-kopurua baino hamar edo hogei halako behar liteke beste batean negozio berdina burutzeko. Bankuari egiten zaizkion diru-eskakizunak, beraz, diru horren enplegutik atera daitekeen irabazi-tasa eta mailegutan emateko prest dagoen interes-tasaren arteko erkaketaren menpe daude. Bankuak kobratzen duen interes-tasa merkatukoa baino apalagoa bada, ez da egongo diru-kopururik mailegutan emateke; tasa hori baino altuagoa bada, gastatzaileak eta bon-bontzaileak besterik ez dira joango dirua mailegutan eskatzera. Horregatik aurkitzen dugu merkatuko interes-tasak ehuneko 5 gainditzen duenean, -bankuak normalki tasa horretan ematen ditu maileguak-, letrak deskontatzeko bulegoa diru-eskakizunez beteta dagoela; eta alderantziz, merkatuko interes-tasa, nahiz behin-behinekoa izan, ehuneko 5etik behera badago, bulego horretako langileak ez dauka zereginik.
Haatik, esaten denean bankuak azken hogei urteetan hainbesteko laguntza eman diola merkataritzari, merkatariak nahikoa diruz hornitu baititu denbora honetan, maileguak merkatuko interes-tasaren azpitik eman dituelako izan da; merkatariek beste edozein tokitan diru horrengatik ordain zezaketen interes-tasaren azpitik egon da; baina nik aitortzen dut hau guztia aldeko argudio bat baino gehiago, bere ezarpena objektatzeko dirudiela.
Guk zer esan beharko genuke hornitegi bati buruz, normalean artilea ehungile erdiei merkatu-preziotik behera salduko balie? Zein izango litzateke komunitatearen irabazia? Honek ez luke gure merkataritza hedatuko, artile hori berdin erosiko baitzen merkatuko prezioan salduta ere. Ez zuen kontsumitzailearentzat ehunaren prezioa jaitsaraziko, prezioa, arestian esan dudan bezala, erraztasun gutxien duen ekoizpenaren kostuak erregulatuko bailuke. Bere ondorio bakarra, orduan, ehungileen arteko batzuen irabaziak gehitzea izango litzateke, beren irabaziak irabazi orokorraren gainetik egongo bailirateke. Hornitegi hori irabazi egokirik gabe geratuko litzateke, eta komunitateko beste batzuek jasoko lituzkete besteek galdutako irabaziak. Hauxe da, hain zuzen, gure bankuekin gertatzen dena; izan ere, legeak interes-tasa ezartzen du eta hau mailegua merkatuan har daitekeenaren azpitik dago; eta bankua beharturik dago maileguak interes-tasa honetan emateko edo bestela ezer ere ez emateko. Banku-negozioaren izaera dela eta, bankuak fondo ugari ditu, hain zuzen, bakarrik era honetan erabil ditzakeenak; herrialdeko merkatari batzuk behar ez den bezala profitatzen dira, eta herrialdearentzat ez da onuragarria izango, merkatu-prezioa izan ordez merkataritza zuzenduko duena, era apalagoan hornitutako lanabes honek merkataritza desbideratzen duelako.
Komunitateak aurrera eraman dezakeen negozio guztia bere kapitalaren kopuruaren menpe dago; hau da, bere lehengai, makineria, untzi, eta abarren menpe. Ongi erregulatutako diru-papera ezarri ondoren, hauek ezin daitezke gehitu, ezta gutxitu ere banku-eragiketen bidez. Beraz, estatuak jaulkiko balu herrialdeko diru-papera, nahiz letrak inoiz ez deskontatu eta shilling bat ere ez eman mailegutan publikoari, hala ere, ez litzateke merkataritzaren bolumena aldatuko: guk lehengai-, makineri, elikagai- eta untzi-kopuru berdina izango genuke, eta ziurrenik, diru-kantitate berdina eman liteke mailegutan, ez beti ehuneko 5ean, hain zuzen, legeak finkatutako interes-tasan, hau merkatuko interes-tasaren behetik dagoenean, baizik eta mailegu-hartzaile eta -emaileen arteko lehiaketa gardenaren emaitza den ehuneko 6, 7 edo 8an.
Adam Smith merkatariek eskoziar sistema garatuagoaren bidez ateratzen dituzten abantailez mintzo zaigu, merkataritzarako erraztasun horiek, diruzko kontuak direla eta, Eskoziako sistema Ingalaterrakoaren gainetik jartzen baitute. Diruzko kontu hauek bankari eskoziarrek beren bezeroei ematen dizkieten kredituak dira, deskontatzen dizkien letrez gain; baina bankari bezala, alde batetik dirua aurreratu eta zirkulazioan ipintzen duen proportzioan, bestetik, beste hainbeste diru jaulkitzeari utzi behar dio, eta horregatik zaila da abantaila hori zertan datzan jakitea. Zirkulazio guztia paperean milioi batekoa besterik ez baldin bada, milioi batek besterik ez du zirkulatuko; eta hori benetan garrantzirik gabekoa izan daiteke merkatariarentzat edo bankariarentzat, diru hori guztia letrak deskontatuta jaulki, edo zati bat honela eta gainontzekoa diruzko kontu horien bidez egin.
Beharrezkoa izan daiteke, agian, bi metalei buruzko hitz batzuk esatea, hau da, urre eta zilarrari buruzkoak, biak diru gisa erabiltzen baitira; izan ere, diruaren printzipio argi eta erraz horiek pertsona askoren burua nahasi besterik ez dute egiten eta horregatik zenbait argitasun eman behar dira. "Ingalaterran", dio Smith doktoreak, "urrea ez zen diru legaltzat hartu, lehen aldiz txanpondu zenetik denbora luzea igaro arte. Urre-diru eta zilar-diruaren balioen arteko proportzioa ez zuen inongo lege publikok edo proklamak finkatu, bai ordea merkatuak, honi utzi baitzitzaion finkapen hori egin zezan. Zordun batek ordaintzeko urrea eskaintzen bazuen, hartzaileak erabat arbuia zezakeen honelako ordainbidea edota onartu, berak eta zordunak urreari ematen zioten balioa adostu ondoren".
Egoera honetan, begi-bistakoa da batzuetan ginea batek 22s. edo gehiago balio zitzakeela eta bestetan 18s. edo gutxiago; diferentzia hau, urre eta zilarraren merkatu-balio erlatiboaren aldaketaren menpe zegoen. Urre eta zilarraren balioan ematen ziren aldaketa guztiek urrezko diruan eragina izango zuten -irudi dezake zilarrak aldaketarik ez zuela izaten, urreak gora-beherak zituen bitartean-. Beraz, nahiz ginea bat 22s. bezala igaro, 18s. izan ordez, gerta zitekeen urrearen balioak aldaketarik ez izatea; gerta zitekeen aldaketa guztia zilarrean ematea, eta beraz, 22s.k izan zezakeen, lehen 18s.k zuen balioa baino gutxiago. Eta alderantziz, aldaketa guztia urrean eman zitekeen; 18s.ko balio zuen ginea bat, 22s.ko baliora igo zitekeen.
Demagun zilarrezko diru honen pisua urritu egin dela urratu delako, eta era berean bere kantitatea gehitu dela; orduan, ginea bat 30s. bezala igaro liteke, zeren eta honela desbalioztutako diruan, 30s.k daukan zilarraren balioa izan bailiteke ginea batek daukan urrearena baino handiagoa ez izatea. Monetaren Etxeak finkatutako baliora itzultzen denean zilarrezko dirua, berau igo egingo litzateke; baina urrea jaitsiko bailitzan azalduko litzateke, zeren ginea batek 21 shilling on horietakoak baino gehiagoko baliorik ez bailuke izango.
Urreak orain legezko diruaren izaera hartzen badu ere, eta zordun guztiek askatasun osoa badute beren 21£ko zor bakoitza 420 shilling edo 20 ginearekin ordaintzeko, zordunak era batera edo bestera ordainduko du, hain zuzen, datorkion era egokienean egingo du. Bost laurden garirekin lortu ahal bada nahikoa urre-lingote, zein gero Monetaren Etxeak 20 ginean txanponduko dizkion, eta gari berdinarekin 430 shillingean txanponduko dizkion zilar-lingote erdiesten badu; nahiago izango du zilarretan ordaindu, honela 10 shilling irabaziko baititu bere zorra ordaintzerakoan. Baina alderantziz, gari horrekin hogei ginea t’erdi txanpontzeko adina urre lortu ahal badu, eta 420 shilling txanpontzeko adina zilar besterik ez, normala denez, zorra urretan ordaintzea interesatuko zaio. Erdietsitako urrea 20 ginean txanpondu ahal bada, eta zilarra berriz 420 shillingean, berdin izango litzaioke zorra urre edo zilarretan ordaintzea. Ez da, beraz, zortezko aukera; ez da ere herrialde aberatsarentzat urrea zirkulatzea egokiagoa delako, pentsa baitaiteke zorrak ordaintzeko urrea erakargarriagoa dela; aitzitik, zordunaren interesa honela ordaintzea delako gertatzen da hala.
1797. urtea baino lehenagoko denboraldi luze batean, bankuak ordainketak dirutan egitea murriztu zuenean, urrea zilarrarekin erkatuta hain merke zen, Ingalaterrako Bankuari zein gainontzeko zordun guztiei merkatuan urrea erostea zilarra erostea baino egokiago zitzaiela; urre hori Monetaren Etxera eramaten zuten txanpon zezaten, honela merkeago ateratzen baitzitzaien zorrak kitatzea. Denboraldi honetan zehar, zilarrezko dirua legez baliogutxitua egon zen, baina bere eskasia zegoen, eta beraz, nik lehen esplikatu dudan printzipioan oinarriturik, inoiz ez zen bere ohiko baliotik jaitsi. Nahiz hain baliogutxiturik egon, zordunek, oraindik ere, urrezko txanponetan ordaintzeko interesa zuten. Baliogutxitutako zilarrezko txanpon-kopurua arras handia izan bazen, edo Monetaren Etxeak lege apaleko txanponak jaulki izan bazituen, agian zordunek beren ordainketak baliogutxitutako diru honekin egiteko interesa izango zuten; baina bere kantitatea mugatua zen eta bere balioa gordetzen zuen, eta beraz, urrea zen diruaren benetako patroi erreala.
Hori ez zen inon ukatzen; baina esan nahi izan da hori honela legez egin zela, legeak aitortzen zuelako behin zor batek 25£ gainditzen zituela, zilarra ez zela legezkoa, baldin eta bere pisua Monetaren Etxeak zuen patroiaren arabera hartzen ez bazen.
Baina legeak ez zuen galarazi edozein zordunek bere zorra zilarrezko diruan ordain zezan, edozein izanda ere bere garrantzia, hau Monetaren Etxetik atera berria baldin bazen behintzat; zordunak ez bazuen metal honekin ordaintzen, ez zen derrigorrez eskatzen zitzaiolako, ezta behartzen zitzaiolako ere, hautaketa hori egin zuelako baizik; hala hautatu zuen, ez zitzaiolako Monetaren Etxera zilarrik eramatea komeni, bai ordea urrea. Ziurrenik, baliogutxitutako zilarrezko diru-kantitatea zirkulazioan arras handia izan bazen eta legezko balioa ere bai, orduan, ginea batek, berriro, hogeita hamar shilling balioko zuen; baina shillinga izango zen baliogutxitu zena, eta ez ginearen balioa igo zena.
Beraz, dirudienez bi metal horietako bakoitza edozein kopurutako zorrak kitatzeko legezko dirua zenean, balioa neurtzeko patroi printzipalari dagokionez, ganbio konstantearen menpe geunden. Batzuetan urrea zen, eta zilarra besteetan, azken finean, bi metal horien balio erlatiboaren aldaketen arabera; eta garai horietan, patroia ez zen metala urtu eta zirkulaziotik erretiratu egiten zen, bere balioa handiagoa zelako lingoteetan txanponetan baino. Hau konpondu beharreko eragozpena besterik ez zen; baina hobekuntzen aurrerapena hain mantsoa da, ezen diruaren arazo honi buruz Locke jaunak inork erantzun ez zuen moduan demostratu arren, eta idazle guztiak gizaki honen garaietatik ohartuta egonagatik ere, sistema hoberik ez zen ezarri 1816an Legebiltzarrak egin zuen Batzarrera arte, alegia, kopurua berrogei shillingekoa baino handiagoa zenean, legezko diru bakarra urreak izan behar zuela legez onartu zenean.
Ez dirudi Smith doktorea konturatu zenik diru gisa bi metal erabiltzeak eta edozein zor-kopuru ordaintzeko biak legezko diru izateak sortzen dituen ondorioez; honi buruz honakoa dio: "Errealitatean, metalezko txanpon desberdinen arteko balioen erlazioak mantentzen diren bitartean, metal bitxienaren balioak gainontzeko txanponen balioa erregulatzen du". Garai batean urrea zordunentzat egokiagoa zelako erabiltzen zuten beren zorrak ordaintzeko bitarteko gisa; eta horregatik berak uste zuen metal honek bere baitan kualitate bereziren bat zuela zilarrezko txanponaren balioa orduan eta beti erregulatzeko.
1774an urrezko dirua erreformatu zenean, ginea berri bat, Monetaren Etxetik irten berria, baliogutxitutako 21 shillingaren truke ganbiatzen zen; baina William erregearen agintepean zilarrezko txanpona egoera berdinean zegoenean, ginea berri bat ere, Monetaren Etxetik irten berria, 30 shillingaren truke ganbiatzen zen. Honi buruz Buchanan jaunak honela ohartarazten gaitu: "Hona hemen, beraz, gertakizun bitxi bat, zeinetaz diruaren ohiko teoriek ez duten inolako argibiderik ematen; ginea bat garai batean hogeita hamar shillingaren truke ganbiatzen zen, bere funtsezko balioa baliogutxitutako zilarrezko dirutan, eta gero ginea bera, baliogutxitutako hogeita bat shillingaren truke besterik ez zen ganbiatzen. Oso garbia da garrantzi handiko zerbaitek gertatu beharko zuela bi denboraldi desberdin hauen artean, Smith doktorearen hipotesiak inolako azalpenik ematen ez duen arren".
Zailtasun hori oso erraz konpon daitekeela deritzot, hain zuzen, aipatutako bi denboraldi hauetan ginearen bi balio desberdinen egoerak, zirkulazioan baliogutxituta zegoen zilarrezko diru-kantitate desberdinarekin erlazionatuta. William erregearen agintepean, urrea ez zen legezko dirua: balio konbentzionalean zirkulatzen zuen. Ziurrenik, ordainketa garrantzitsu guztiak zilarrarekin egiten ziren, bereziki diru-papera eta banku-eragiketak ezagutzen ez zirelako. Baliogutxitutako zilarrezko diru-kantitateak, zirkulazioan mantenduko zen zilarrezko dirua gaindituko zuen, baldin eta ezer gertatu ez eta baliogutxitugabekoa erabili izan balitz; eta beraz, depreziatua bezain baliogutxitua zen. Baina hurrengo denboraldian, urrea legezko diru bihurtu zenean, banku-bileteak ere erabiltzen zirenean, ordainketak gauzatzeko baliogutxitutako zilarrezko diru-kantitateak ez zuen gainditzen Monetaren Etxetik ateratako zilarrezko diru berria, hain zuzen ere, baliogutxitutako zilarrezko diru hura egon ez bazen zirkulatuko lukeena; beraz, dirua baliogutxiturik egon arren, ez zegoen depreziaturik. Buchanan jaunaren azalpena zertxobait desberdina da; honek uste du diru lagungarria ezin dela depreziatu, bai ordea diru printzipala. William erregearen agintepean zilarra zen diru printzipala, eta beraz, deprezia zitekeen. 1774.ean diru lagungarria zen, eta haatik, bere balioa mantendu zuen. Baina depreziazioa ez da ematen diru printzipala edo lagungarria delako; izan ere, depreziazioa edo baliogaltzea diru-kopuruaren soberakinak erabakitzen du4.
Dirua txanpontzeko ezartzen den eskubide moderatua ezin daiteke gehiegi objekta, bereziki diru hori ordainketa txikiak egiteko erabiltzen bada. Diruaren balioa, orokorki, eskubide honek suposatzen duen kopuru osoaren heinean handitu egiten da, eta beraz, diru-kantitatea sobera ez dagoen bitartean bere ordaintzaileei eragiten ez dien zerga da. Azpimarratu behar da diru-papera ezartzen den herrialde batean, nahiz diru honen jaulkitzaileak beharturik egon espezietan ordaintzera, edukitzaileak hala eskatzen badu, biak, bileteak zein txanponak, depreziatuak izan litezkeela legezko bakarra den diru hori guztia txanpontzeko eskubide osoaren kopuruan, paper-zirkulazioa mugatzeko kontrolak eragin aurretik. Adibidez, urrea txanpontzeko eskubidea ehuneko 5ekoa bada, dirua, banku-bilete ugari jaulki direla eta, benetan ehuneko 5ean depreziaturik gera liteke, beren edukitzaileek gogoa izan aurretik txanponetan eskatzeko, gero urre-lingoteetan urtu dadin; ez ginateke inoiz depreziazio-arriskuaren aurrean egongo, harik eta ez balego urrezko txanponaren gaineko txanpontze-eskubiderik; edo txanpontze-eskubide hori onartua balego, banku-bileteen edukitzaileek lingoteetan eska lezakete Monetaren Etxeko prezioan, baina ez txanponetan; eta prezio hori 3£ 17s. 10,5d.koa da. Haatik, baldin eta ez bada bankua bere bileteak lingote edo txanponetan ordaintzera behartzen, edukitzaileak nahi bezala, aurreko legearen arabera, txanpontze-eskubidea ehuneko 6koa da, edo lau penike ontza bakoitzeko, zilarrezko diruaren gainean; baina onesten du ere Monetaren Etxeak urre guztia txanpon dezan inolako eskubiderik erabiltzeke, eta agian hau da egokiena, horrela diruaren edozein ezbeharrezko aldaketa ekidingo baita.
XXVIII. Kapitulua
Urre, labore eta lanaren balio
konparatiboari buruz herrialde
aberats eta txiroetan
"Urreak eta zilarrak, gainontzeko beste merkantzien antzera", dio Adam Smithek, "beretzat prezio onena ematen duten merkatua bilatzen dute; eta normalki, gauza guztientzako prezio onena, egokien aurre egin diezaiokeen herrialdean ematen da. Oroitarazi behar da, lana, edozein gauzarengatik azkena ordaintzen den prezioa dela; eta lana ongi sarituta dagoen herrialdeetan, eskulanaren diruzko prezioa, langileak biziraupenerako behar duenaren proportzioan egongo da. Baina, normala denez, urrea eta zilarra bizirauteko kantitate handiagorekin ganbiatuko dira herrialde aberats batean txiroan baino; elikagai ugari dagoen herrialde batean, urritasuna duten herrialdean baino".
Baina laborea merkantzia bat da, urrea, zilarra eta beste gauzak diren bezala; merkantzia guztiek, beraz, ganbio-balio handia badute herrialde aberats batean, laboreak ez du salbuespena izan behar. Honen ondorioz, zuzenki esan dezakegu laborea diru-kantitate handi batekin ganbiatzen dela, garestia delako, eta diru hori ere labore-kantitate handi batekin ganbiatzen dela, garestia delako; honen esanahia, laborea, aldi berean garestia eta merkea izatean datza. Ez dago ekonomia politikoan hau baino hobekiago adierazitako punturik; hau da, herrialde bati eragozten diona bere populazioa herrialde txiro bateko proportzio berdinean haztea, elikagaiak hornitzeko zailtasuna da. Zailtasunak, derrigorrez, elikagaien prezio erlatiboa igoarazi eta adorea eman behar du bera inportatzeko. Beraz, nola ganbia daiteke dirua, edo urrea eta zilarra, labore gehiagorekin herrialde aberats batean txiro batean baino? Laborea garestia den herrialde aberatsetan, beste inon ez dituzte lurjabeek legegileak bultzatzen laborearen inportazioa debeka dezaten. Nork entzun du inoiz Ameriketan edo Polonian lehengaien inportazioa eragozteko legeren bat ezarri dela? Naturak bere inportazioa eragotzi du, eta horretarako bere ekoizpenaren erraztasun erlatiboa ezarri du herrialde horietan.
Beraz, nola izan daiteke egia "laborea eta giza lanak lantzen dituen antzeko barazki batzuk ezik, gainontzeko natur ekoizkin-mota guztiak -abereak, hegaztiak, ehizagaiak, lurreko fosil eta mea erabilgarriak, eta abar- gizartea aurreratu ahala garestiago bihurtzen direla?". Zergatik utzi kanpoan, garia eta barazkiak bakarrik? Smith doktorearen okerra, bere lan osoan laborearen balioa konstantea dela suposatzean datza; hau da, nahiz gainontzeko gauzen balioa igoaraz daitekeen, ez da gauza berdina gertatzen laborearekin. Bere ustetan laboreak beti balio berdina du, beti pertsona-kopuru berdina elikatzen duelako. Era berean, esan liteke ehunak beti balio berdina duela, beti beroki-kopuru bera ateratzen delako bertatik. Zein izan daiteke elikatzeko eta jazteko ahalmenak balioarekin daukan erlazioa?
Laboreak, beste merkantzia guztiak bezala, herrialde bakoitzean bere prezio naturala du, hau da, ekoizteko behar duen prezioa, eta hori gabe ezinezkoa litzateke laborea lantzea: prezio honek gobernatzen du bere merkatu-prezioa eta atzerrira esportatzeko aukera finkatzen duena ere bera da. Ingalaterran labore-inportazioa debekatuko balitz, bere laurdenaren prezio naturala 6£ra igo liteke bertan, Frantzian prezio hori erdia den bitartean. Garai honetan laborea inportatzeko debekua bertan behera geratuko balitz, ingeles merkatuan laborea merketu egingo litzateke, baina ez 6£ eta 3£ren arteko prezio batera, azken finean eta iraunkorki, Frantziako prezio naturalera baizik; prezio honetan hornituko litzateke Ingalaterrako merkatua eta kapitalaren ohiko irabaziak emango lituzke Frantzian; eta prezio honetan mantenduko litzateke, nahiz Ingalaterran ehun mila laurden kontsumitu edo milioi bat izan. Ingalaterraren eskaria milioi bat laurdenekoa balitz, ziurrenik, Frantziak kalitate txarragoko lurrak erabiltzeko premia izango luke, eta ondorioz, hainbeste handitu den eskariari aurre egin ahal izateko, Frantzian prezio naturala igo egingo litzateke; eta honek Ingalaterran ere laborearen prezioan eragina izango luke. Nik defenditzen dudana zera da, alegia, herrialde esportatzaileko prezio naturalak erregulatzen dituela azken batean, hauek merkatuan salduko diren prezioak, baldin eta herrialde inportatzailean monopolio-eskubiderik ez badago.
Baina Smith doktoreak trebetasun handiz defenditu du merkantzien prezio naturalak erregulatzen duela azken finean beren merkatu-prezioa; hala ere, herrialde esportatzaile edo inportatzaileko prezio naturalak merkatu-prezioa erregulatuko ez lukeen kasu bat suposatu du: "Murritz ezazue Holanda edo Genevako oparotasun erreala, beren biztanle-kopurua berdin mantentzen den bitartean; murritz ezazue herrialde urrunekoetatik hornitzeko duten ahalmena, eta laborearen prezioa merketu ordez, beherakadari derrigorrez lagundu behar dion zilar-kopurua urritu dela eta, zio zein ondorio bezala izanda ere, gose-garaiko prezioraino igo egingo da".
Nire iritziz alderantzizko gauza gertatuko litzateke: orokorki, holandar edo genevarren eros-ahalmenaren murrizketak, denboraldi batez laborearen prezioa jaitsaraz lezake bere prezio naturaletik behera, bai esportatzen zen herrialdean, baita inportatzen zenetan ere; baina erabat ezinezkoa da prezio honen gainetik igotzea. Izan ere, holandar eta genevarren oparotasuna handituta beste inola ezin daiteke eskaria gehi eta laborearen prezioa antzinako preziotik igo; egoera honek gutxi iraungo luke, eskaintza lortzeko oztopo berriak azaltzen ez badira behintzat.
Aurrerago Smith doktoreak gai honi buruz oharrarazten gaitu: "Oinarrizko ondasunak behar ditugunean, soberakoak alboan utzi beharko ditugu, eta hauen balioa oparotasun eta aurrerapen-garaietan igotzen den bezala, jaitsi egiten da txirotasun- eta uzkurtze-garaietan". Hau hala da benetan; baina honela jarraitzen du: "Ez da honela gertatzen oinarrizko ondasunekin. Beren prezio erreala, lor dezakeen lan-kantitatea edo eskupean izan dezakeena, igo egiten da txirotasun- edo uzkurtze-garaietan, eta jaitsi oparotasun- eta aurrerapen-garaietan, beti ugaritasun handiko garaiak direnetan alegia, bestela ez bailirateke oparotasun- eta aurrerapen-garaiak izango. Laborea oinarrizko ondasuna da eta zilarra soberakoa".
Hemen, elkarren arteko erlaziorik ez duten bi proposizio aurreratu dira: lehenaren arabera, suposatutako baldintzetan, laboreak lan gehiago eskuratuko luke eta hori ez da eztabaidatzen; bigarrenak dioenez, laborea diruzko prezio altuagoan salduko litzateke, hau da, zilar-kantitate gehiagorekin ganbiatuko litzateke, eta hau okertzat jotzen dut: egia izan liteke aldi berean laborea eskasa izango balitz -ohiko horniketa ez balitz egingo-. Baina kasu honetan ugaritasuna dago; ez da ohiko kopurua baino gutxiago, ezta gehiago ere inportatu nahi izan. Laborea erosteko holandar edo genevarrek dirua nahi dute, eta diru hau lortzeko soberakoak saldu beharrean daude. Soberako hauen merkatu-balioa eta -prezioa da erortzen dena, eta badirudi hauekin erkatuta dirua igo egiten dela. Baina honek ez du labore-eskaria gehiaraziko, ezta diruaren balioa urriaraziko ere, bi zergati hauek baitira laborearen prezioa igoaraz dezaketen bakarrak. Diru-eskari handia egon daiteke kredituak nahi direlako edo beste arrazoiren batzuk daudelako, eta ondorioz, garestia egon laborearekin alderatuta; baina printzipio zuzenekin ezin liteke mantendu honelako egoera batean dirua merkea litzatekeela, eta beraz, laborearen prezioa igoko litzatekeela.
Gu herrialde desberdinetako zilar, urre edo beste edozein merkantziaren balio altu edo apalez mintzatzen garenean, beti, zenbatesteko erabiltzen dugun neurgailuren bat aipatu behar genuke, bestela, ezin baitezakegu balioari buruzko ideiarik egin. Horregatik, urrea Ingalaterran Espainian baino garestiagoa dela esaten denean, merkantziarik ez bada aipatzen, zein da baieztapen honek daraman edukia? Laborea, oliba, olioa, ardoa eta artilea Espainian Ingalaterran baino garestiago badira, merkantzia horietan zenbatetsirik, urrea garestiagoa da Espainian. Baina tresneria, azukrea, ehuna, eta abar Ingalaterran Espainian baino merkeago baldin badaude, merkantzia horietan zenbatetsita, Ingalaterran urrea garestiagoa da. Beraz, urrea merkeago edo garestiago azaltzen da Espainian, hain zuzen, soegilearen amets-lilurak balioa neurtzeko hartzen duen gailuaren arabera. Adam Smithek laborea eta lana balio-neurri unibertsaltzat hartu zituen eta normala denez, urrearen balio erlatiboa, bi gauza horien ganbioan emango zen kantitatearen arabera zenbatetsiko zuen. Aldi berean, bi herrialdeetako urrearen balio erlatiboaz hitz egiten digunean, labore eta lanarekin zenbatetsitako balioaz ari dela ulertzen dut.
Baina ikusi dugu laborearekin zenbatetsirik, urreak oso balio desberdinak izan ditzakeela bi herrialdetan. Frogatzen saiatu naiz bere balioa apala izango dela herrialde aberatsetan eta garaia herrialde txiroetan; Adam Smithek bestelako iritzia du: pentsatzen du laborean zenbatetsitako urrearen balioa herrialde aberatsetan garaiena dela. Baina, iritzi hauen arteko zuzena zein den aztertzen hasi gabe, bi horietako edozein nahikoa da frogatzeko urrearen balioa ez dela derrigorrez apalagoa izango urre-meategiak dituzten herrialdeetan, nahiz hau izan Adam Smithek egiten duen proposizioa. Demagun Ingalaterrak meategi hauek dauzkala, eta Adam Smithen iritzia, hau da, urreak balio handiena herrialde aberatsetan duela, zuzena dela: nahiz urrea naturalki joan Ingalaterratik gainontzeko herrialde guztietara berauek dituzten ondasunekin ganbiatzeko, ezingo genuke ondorioztatu labore eta lanarekin erkatuta, urreak balio apalagokoa izan behar duela Ingalaterran, herrialde horietan baino. Beste toki batean berriz, Adam Smithek dio metal bitxi horiek apalagoak direla Espainia eta Portugalen Europako beste lekuetan baino, herrialde hauek metal horiek ekoizten diren meategien edukitzaile bakarrak direlako. "Polonia, non oraindik sistema feudala indarrean dagoen, gaur egun, Amerika aurkitu baino lehenago zen bezain txiro da. Hala ere, laborearen diruzko prezioa igo egin da; metal bitxien balio erreala erori egin da Polonian, Europako beste tokietan gertatu den moduan. Beraz, beren kantitateak gora egin izan behar du hemen beste tokietan bezala, eta ia lur eta lanaren urteko ekoizpenak egiten duen gorakadaren proportzio berdinean. Hala ere, badirudi metal honen kantitateak izan duen gorakadak ez duela igo urteko ekoizpena; ez ditu herrialdeko industria eta nekazaritza hobetu, ezta bertako biztanleen egoera konpondu ere. Espainia eta Portugal meategi horien jabe dira, baina hala ere, Polonia eta gero, Europako herrialde txiroenak dira. Metal bitxien balioak, hala ere, apalagoa izan behar du Espainia eta Portugalen Europako beste edozein tokitan baino, zeren eta garraioak eta aseguratzeak suposatzen duen kostuaz gain, kontrabandoa ekiditeko ere zenbait gastu egin behar baitituzte, beren esportazioa debekaturik dagoelako edo muga-zergak dituelako. Beraz, lur eta lanaren urteko ekoizpenaren proportzioan, bere kantitateak handiagoa izan behar du herrialde hauetan Europako beste edozein tokitan baino: herrialde hauek, ordea, Europako gehienak baino txiroagoak dira. Nahiz Espainia eta Portugalen sistema feudala bertan behera geratu den, antzinakoa ez du beste sistema hobeago batek ordezkatu".
Smith doktorearen argudioa hau dela uste dut: urrea laborean zenbatesten denean merkeagoa da Espainian beste herrialdeetan baino, eta honen froga da beste herrialdeek Espainiari urrearen truke ez diotela laborea ematen, metal hori ehun, azukre eta tresneriarekin trukatzen dutela baizik.
XXIX. Kapitulua
Ekoizleak ordaindutako zergak
Say jaunak izugarrizko garrantzia ematen dio zerga batek fabrikatutako merkantziari sortuko dizkion eragozpenei, baldin eta zerga hori bere ekoizpenaren hasieran ipintzen bada, amaieran izan ordez. Fabrikatzaileek, beren eskuetatik merkantzia jarraian igarotzen delarik, zerga aurreratu behar dutenez, fondo-kantitate handiagoa eratu behar dutenari buruz ohartarazten du; eta diru aurreratze horrek, sarritan, zailtasun nabariak sortzen dizkio kapital eta kreditu mugatuak dituen fabrikatzaileari. Ohar hau ezin daiteke zalantzan ipini.
Zerga aurreratzeagatik beste deserosotasun hau ere geratzen da: aurreratutako kapitalaren irabaziak ere kontsumitzaileari kargatu behar zaizkio, eta zerga gehigarri honetatik Ogasunak ez du inolako abantailarik lortzen.
Azken objekzio honi buruz ezin naiteke Say jaunarekin bat etor. Demagun estatuak berehala 1.000£ lortu nahi duela eta industriari bati ezartzen zaizkiola, eta ez dela gai izango hamabi hilabete igaro arte kontsumitzaileari kobratzeko amaitutako merkantziaren prezioarekin batera. Honelako atzerapenaren ondorioz, prezio gehigarri bat kargatu beharrean dago, zergaren kopurua den 1.000£koaz gain, beste 100£koa, hau da, aurreratu dituen 1.000£ren interesak. Baina ordaindutako 100£ gehigarri horien truke, kontsumitzaileak mozkin erreal bat lortzen du, zeren eta gobernuak berehala eskatzen dion zergaren ordainketa, eta, azken finean, berak ordaintzen duena, urtebetean atzeratu egin baitzaio; beraz, fabrikatzaileari 1.000£ ehuneko 10eko interes-tasan mailegutan emateko aukera dauka, edota adostutako beste edozein interes-tasatan. Mila eta ehun libera esterlin urtearen amaieran ordaingarri badira eta diruaren interes-tasa ehuneko 10ekoa baldin bada, ez daukate berehala ordaindutako 1.000£ren balioa baino gehiago. Gobernuak zergaren eskuratzea fabrikatutako merkantzia amaitu arte atzeratzen badu, agian, Ogasun-bonoa jaulki beharrean egongo litzateke interes batekin, eta kontzeptu horrengatik ordainduko lukeena, kontsumitzaileak prezioan aurreztutakoaren adinakoa izango litzateke, alde batera utzirik noski, fabrikatzaileak prezioari erants diezaiokeen zatia, bere irabazi errealak gehi daitezen. Ogasun-bonoaren interes-tasagatik gobernuak ehuneko 5 ordaindu beharko balu, jaulkitzen ez denean 50£ko zerga aurreztuko litzateke. Fabrikatzaileak kapital gehigarria maileguan hartuko balu ehuneko 5ean eta gero kontsumitzaileari ehuneko 10 kargatuko balio, hark ere ehuneko 5 irabaziko luke aurrerapenaren gain, hain zuzen, bere ohiko irabazien gainetik jarriko litzateke; honela, fabrikatzaileak eta gobernuak, biek, zehazki kontsumitzaileak ordaintzen duen kopuru berdina irabazi edo aurreztu egiten dute.
Sismondi jaunak bere liburu ezin hobean, hain zuzen, De la Richesse Commerciale-n, Say jaunak argudiatzeko duen bide berdina jarraitzen du eta kalkulatu du 4.000 frankoko zerga bat jatorrian fabrikatzaileak ordaintzen badu eta bere irabazi moderatuak ehuneko 10ekoak badira, merkantzia besterik gabe bost pertsonaren eskuetatik igarotzen bada, kontsumitzailearentzat 6.734 frankoko kopurura igoko omen litzatekeela. Kalkulu hau honetan oinarritzen da: lehenengoz eskuratzen duenak 4.400 franko ordainduko lizkioke aurreko fabrikatzaileari zerga aurreratzen dela suposatzen bada, eta hurrengoak 4.840 ordainduko lizkioke; honela, urrats bakoitzean ehuneko 10 erantsiko litzaioke aurrekoari. Beraz, zergaren balioa interes konposatuan metatzen da; ez da urteko ehuneko 10ekoa, baizik urrats bakoitzean, absolutuki, ehuneko 10 gehitzen da. Sismondi jaunaren iritzi hau zuzena izango litzateke bost urte igaroko balira zergaren lehen aurrerapenetik erabat zergatutako merkantzia kontsumitzaileari saldu artean; baina urte bat besterik ez bada igarotzen, 2.734 frankoren ordez 400 frankoko saria izango litzateke urtean ehuneko 10ak emango lukeen irabazia, zergaren aurrerapena egin duten guztientzat, bost fabrikatzaileren eskuetatik igaro edo berrogeita hamarrenenetatik.
XXX. Kapitulua
Eskari eta eskaintzaren eragina prezioetan
Ekoizpen-kostua da, azken finean, merkantzien prezioa erregulatzen duena, eta ez, sarritan esaten den bezala, eskaintza eta eskariaren arteko proportzioa; eskaintza eta eskariaren arteko proportzioak denboraldi batez benetan eragin diezaioke merkantzia baten merkatu-balioari, beronen eskaintza ugaria edo urria den artean, eskaria gehitu edo gutxitu denaren arabera; baina ondorio honek behin-behineko iraupena izango du.
Murritz ezazue kapelen ekoizpen-kostua eta prezioa, beren prezio natural berrira eroriko da, eskaria bikoiztu, hirukoiztu edo laukoiztu arren. Urri ezazue gizakien bizirauteko kostua, bizitzeko behar diren elikagai eta arropen kostua urritu delako eta, azken batean, alokairuak jaitsiko dira, nahiz behargin-eskaria asko gehitu.
Merkantzien prezioa soilik eskaintza eta eskari, edo eskari eta eskaintzaren proportzioaren menpe dagoenaren iritzia ia axioma bihurtu da Ekonomia politikoan, eta zientzia horretan errore asko sartzeko iturburua izan da. Iritzi hauek Buchanan jauna bultzarazi dute esatera, alokairuak ez dituela hornigaien igoera edo beherakadak eragiten, eskulan-eskariak eta -eskaintzak baizik; eta alokairuen gaineko zerga batek ez lituzke alokairuak igoko eskulan-eskaria eta -eskaintzaren arteko proportzioa ez bailuke aldatuko.
Ezin daiteke esan merkantzia baten eskaria gehitu egiten dela beretik erosi edo kontsumitzen den kantitatea ez bada gehitzen; eta honelako egoeran ere, bere diruzko balioa igo daiteke. Beraz, diruaren balioa behera etorriko balitz, merkantzia guztien prezioa igoko litzateke, erosle bakoitza desiratzen egongo bailitzateke erosketa honetan lehen baino diru gehiago gastatzeko; baina nahiz bere prezioa ehuneko 10 edo 20 igo, lehen baino kantitate handiagoa ez bada erosten, nire ustez, onartezina litzateke esatea, merkantziaren prezio-aldaketa bere eskariaren gorakadak sortu duela. Bere prezio naturala, bere diruzko ekoizpen-kostua, benetan aldatuko litzateke diruaren balioa aldatu delako; eta eskarian gehikuntzarik emateke, merkantziaren prezioa, naturalki, bere balio berrira doituko litzateke.
"Ikusi dugu", dio Say jaunak, "ekoizpen-kostuak gauzak eror daitezkeen prezio apalena finkatzen duela: prezio horretatik behera denbora luzean ezin daiteke egon, bestela ekoizpena gelditu edo gutxitu egingo baita". II. Bol. 26. orr.
Gero esaten du, meategiak aurkitu ondoren urre-eskaria bere eskaintza baino proportzio handiagoan gehitzean, "bere prezioa ondasunetan hamarretik batera erori ordez, lautik batera besterik ez zela erori; hau da, bere prezio naturala jaitsi zenaren proportzioan erori ordez, eskaintzak eskaria gainditzen zuen proportzioan erori zen"1. "Merkantzia guztien balioa, beti, bere eskariaren proportzio zuzenean igotzen da, eta eskaintzarekiko alderantzizko proportzioan".
Iritzi berdina azaltzen du Laudardale-ko konteak.
"Baliagarri diren gauza guztiak balio-aldaketak izateko gai direnez, une batez suposatzen badugu edozein substantziak bere balio funtsezkoa eta finkoa dituela eta era berean honen kantitate zehatz batek, edozein egoeratan, beti balio berdina duela, orduan, gauza guztien balio-maila, neurri finko horrekin alderatuta, beren kantitate eta beren eskariaren arteko proportzioan aldatu egingo litzateke, eta merkantzia guztiak beren balioan aldaketak izateko moduan egongo lirateke, lau egoera desberdin hauengatik:
1. "Bere kopurua gutxitzeagatik, bere balioa igo egingo litzateke.
2. "Bere kopurua handitzeagatik, bere balioa gutxitu egingo litzateke.
3. "Bere eskaria handitzeagatik, bere balioak gehikuntza izan lezake.
4. "Eskaririk ez egoteagatik, bere balioa urri liteke.
"Hala ere, begi-bistakoa denez, ez dago balio finko eta funtsezkoa daukan merkantziarik, beste merkantziak neurtzeko balio egokia izango duena; horregatik, Gizateria behartuta dago balioaren neurri praktiko bat hautatzera; eta neurri hau, balioa aldatzen duten lau zergati horiek gutxien eragin behar dute.
"Beraz, hizkuntz arruntean edozein merkantziaren balioaz ari garenean, balio hori denboraldi batetik bestera alda daiteke zortzi kontingentzia desberdinengatik:
1. "Gorago aipatu diren lau zirkunstantzia horiek direla eta, hain zuzen, guk balioa azaldu nahi dugun merkantziarekin erlazionatuta".
2. "Lau zirkunstantzia horien ondorioz, baina balio gisa hartu dugun merkantziarekin erlazionatuta"2.
Hau egia da merkantziak monopolizatuak daudenean, eta denboraldi mugatu baten barruan beste merkantzia guztien merkatu-prezioa denean. Kapela-eskaria bikoiztuko balitz, bere prezioa berehala igoko litzateke, igoera behin-behinekoa izango litzateke, baldin eta kapelen ekoizpen-kostua edo beren prezio naturala ez bada igotzen. Nekazal zientzian aurkikuntza handi bat egon dela eta, ogiaren prezio naturala ehuneko 50ean eroriko balitz, eskaria ez litzateke asko handituko, inork ez bailuke nahiko bere beharrizanak asetzeko baino gehiagoko kopururik; eta eskaria gehituko ez litzatekeenez, eskaintzak ere berdin jarraituko luke, zeren eta merkantzia bat ez da eskaintzen ekoitz daitekeelako, eskaria daukalako baizik. Beraz, hemen daukagu kasu bat eskaintza eta eskaria ia aldatzeke; eta aldatu badira, proportzio berdinean egin dute; hala ere, ogiaren prezioa ehuneko 50 eroriko da, diruaren balioak aldagaitz izaten jarraitzen duenean.
Gizabanako batek edo konpainia batek monopolizatzen dituen merkantzien balioa, Lord Lauderdalek ezarri zuen legearen arabera aldatzen da: saltzaileek beren kopurua handitzen duten heinean erori egiten da, eta igo egiten dira erosleek azaltzen duten gogoaren proportzioan; beren prezioak ez du zertan beren balio naturalarekin loturarik izan behar: lehiaketarekin lotuta dauden merkantzien prezioak, berauen kantitatea neurri apalean gehitu ahal bada, azken finean, ez dira eskaintzak eta eskariak duten egoeraren menpe egongo, beren ekoizpenaren kostua gehitu edo gutxitzen denaren menpe baizik.
XXXI. Kapitulua
Makineriari buruz
Kapitulu honetan makineriak gizarteko klase desberdinen interesen gain duen eragina aztertu nahi dut; bestalde, garrantzi handiko gaia da eta badirudi inoiz ez dela modu egokian ikertu emaitza zuhur eta asegarrietara heltzeko. Gai honi buruzko nire iritzia azaltzea beharrezkoa zait, zeren eta hausnarketa lasaia egin ondoren, aldaketa nabaria egin baitu; eta nahiz ez dudan uste makineriari buruz nire iritzian atzera egiteko moduko ezer idatzi dudanik, beste era batez adostasuna eman diot zenbait doktrinari, orain okerrak direla pentsatzen dudan arren; horregatik uste dut nire betebeharra dela nire gaurko ikuspegiak irakurleari azaltzea eta horien defentsarako arrazoiak ematea.
Ekonomia politikoko arazoei kasu egiten hasi nintzaienez geroztik, pentsatu izan dut makineriaren erabilpenak ekoizpeneko edozein adarretan lana aurrezteko ondorioa duenez, erabilpen hori ondasun orokorra zela; baina egoera hobe horrek badu bere alde desabantailagarria, zeren eta kasu gehienetan honekin batera, kapitala eta lana beste enplegu batera higitu beharra suertatzen baita. Nire ustez, lurjabeek diruzko errenta berdinak balituzte, merkantzia batzuen prezioak urrituta profitatuko lirateke, errenta hori merkantzia hauetan gastatzen dutenean; eta makineria enplegatzen denean prezio murrizketak ezin dezake huts egin. Pentsatzen nuen kapitalista ere, behin-behingoz, era berean profitatzen zela. Makinaren aurkikuntza egin zuen hark edo arrakastaz erabiltzen hasi zen hark, ondorioz abantaila gehigarri batez gozatuko zuen aparteko irabaziak eskuratuko zituzkeelako denboraldi batean; baina makinaren erabilpena orokortu ahala, ekoiztutako merkantziaren prezioa, lehiaketaren ondorioz, erori egingo litzateke bere ekoizpen-kostura iritsi arte; orduan, kapitalistak, lehen eskuratzen zituen diruzko irabazi berdinak lortuko lituzke, eta kontsumitzaile bezala duen abantaila orokorrean partehartzaile hutsa izango litzateke, orain, diruzko errenta (sarrera) berdinarekin gai izango delako gozamen- eta erosotasun-kopuru ugariago izateko. Uste nuen langile-klasea ere profitatuko zela makineriaren erabilpenarekin, merkantzia gehiago erosteko gai izango litzatekeelako diruzko alokairu berdinarekin; uste nuen ere ez zela alokairuen beherapenik egongo, kapitalistak lehen bezainbat langile-kopuru enplegatzeko eta eskatzeko ahalmena izango bailuke, behartuta egon litekeen arren merkantzia berria edo desberdina ekoizten enplegatzeko. Makineriaren hobekuntza dela eta, eskulan-kantitate berdina enplegaturik, galtzerdi-kantitatea lau halako egin ahal bada, eta galtzerdi-eskaria, bien bitartean, bikoiztu besterik ez bada egiten, langile batzuk derrigorrez kaleratuko lituzke galtzerdi-jardueratik; baina langile horiek enplegatzen zituen kapitala oraindik existitzen denez, eta kapital horren jabeen interesa berau ekoizkorki enplegatzea denez, gizartearentzat erabilgarria izango zena beste merkantzia bat ekoizteko enplegatuko zela iruditzen zitzaidan, honen eskariak ez baitzuen hutsik egingo; sakonki hunkituta nengoen, eta nago, Adam Smithek egiten duen oharraren jatortasunarekin: "Gizaki guztien elikagai-nahia giza urdailaren neurri txikiak mugatzen du; baina gauza egoki, eraikinen apaingarri, arropa eta altzarien nahiak ez dirudi muga finkorik duenik". Beraz, lehen bezalako eskulan-eskaria egongo zela eta alokairuak gehiago jaitsiko ez zirela uste nuenez, pentsatzen nuen langile-klaseak, gainontzeko klaseekin batera, makineriak sortuko lukeen merkantzi merketze orokorraren abantailan parte hartuko lukeela.
Hauek ziren nire iritziak eta berauek aldatzeke jarraitzen dute lurjabe eta kapitalistari dagokienez; baina konbentzituta nago gizalana makineriak ordezkatzea, sarritan, langile-klasearen interesentzat kaltegarria dela.
Nire hutsa, gizarteko sarrera netoa gehitzerakoan, beti, bere sarrera gordina ere gehituko litzatekeela suposatzetik dator; baina orain arrazoiak aurkitzen ditut lurjabeek eta kapitalistek beren errentak ateratzen dituzten fondoa gehi daitekeela sinesteko, bien bitartean, bereziki langile-klasearentzat den fondoa murritz daitekeelarik; ondoriozta daiteke beraz, oker ez banago, herrialdeko errenta netoa gehi dezakeen zio berdinak, aldi berean, herrialdeko populazioa ugariegia izatea egin dezakeela, eta horrela langilearen egoera txartu egingo litzatekeela.
Demagun kapitalista batek 20.000£ko kapitala enplegatzen duela eta, aldi berean, nekazaritzan eta oinarrizko ondasunak ekoizten aritzen dela. Suposa dezagun ere kapital horretatik 7.000£ kapital finkoan inbertiturik dagoela, hau da, eraikin, lanabes, eta abarretan, eta gainontzeko 13.000£ langileak mantentzeko kapital zirkulatzailean enplegatzen dela. Demagun ere irabaziak ehuneko 10ekoak direla, eta ondorioz, urte bakoitzean, kapitalistaren kapitala bere hasierako egoera ekoizkorrean jartzen dela eta 2.000£ko irabazia ematen duela.
Urte bakoitzean kapitalista bere eragiketak egiten hasten denean, bere esku 13.000£ko balioa duten oinarrizko ondasun eta elikagaiak ditu; hauek guztiak, urtean zehar bere beharginei saltzen dizkie diru-kopuru horretan, eta epe berean alokairu gisa diru-kopuru hori ordaintzen die: urte amaieran, hauek kapitalistaren esku 15.000£ko balioa duten elikagai eta oinarrizko ondasunak birjarriko dituzte; eta horietatik 2.000£ berak kontsumituko ditu edo nahi duen moduan erabiltzeko aukera izango du. Ekoizkin hauei dagokienez, urte horretako ekoizpen gordina 15.000£koa eta ekoizpen netoa 2.000£koa izango da. Suposa dezagun orain hurrengo urtean kapitalistak bere langileen erdia makina bat eraikitzeko erabiltzen duela eta beste erdiak ohikoak diren elikagai eta oinarrizko ondasunak ekoizteko. Urte honetan zehar, beti bezala, alokairuetan 13.000£ ordainduko lituzke, eta kopuru horretan guztian elikagaiak eta oinarrizko ondasunak salduko lizkieke bere langileei; baina, zer gertatuko litzateke hurrengo urtean?
Makina eraikitzen arituko litzatekeen bitartean, ohiko elikagai- eta oinarrizko ondasun-kopuruaren erdia bakarrik erdietsiko litzateke, eta berauen balioa lehen zutenaren erdia izango litzateke. Makinak 7.500£ balioko luke, eta elikagaiek eta oinarrizko ondasunek 7.500£; beraz, kapitalistaren kapitala lehen bezain handia izango litzateke, zeren eta bi balio hauez gain, kapital finkoan beste 7.000£ko balioa izango bailuke, hau da, orotara 20.000£ko kapitala eta 2.000£ko irabazia. Behin bere gastuetatik azken kopuru hau kenduta, 5.500£ko kapital zirkulatzailea izango luke eta honekin egin beharko lituzke burutu beharreko eragiketak; beraz, eskulana enplegatzeko finantzabideak 13.000£tik 5.500£ko proportzioan eroriko lirateke, eta ondorioz, lehen 7.500£rekin enplegatzen zen eskulana sobera egongo litzateke.
Kapitalistak enplega dezakeen lan-kantitate urriak, makineriaren laguntzarekin eta konponketa-gastuak kendu ondoren, 7.500£ko balioa ekoiztu behar du eta kapital zirkulatzailea birjarri, kapital osoaren gaineko 2.000£ko irabaziarekin; baina hau gauzatzen bada, sarrera netoa ez bada gutxitzen, zer axola zaio kapitalistari sarrera gordinak 3.000£ko balioa, 10.000£koa edo 15.000£koa izatea?
Kasu honetan, beraz, nahiz ekoizpen netoaren balioa ez gutxitu, nahiz bere eros-ahalmena asko gehitu, ekoizpen gordina 15.000£ko baliotik 7.500£ko baliora erori egingo da; eta populazioa mantentzeko eta lana enplegatzeko ahalmena, beti, nazioaren ekoizpen gordinaren menpe dagoenez -eta ez ekoizpen netoaren menpe-, eskulan-eskarian derrigorrez murrizketa egongo da, populazioa ugariegia egingo da, eta langile-klasearen egoera miseri eta txirotasunezkoa izango da.
Hala ere, aurrezki-ahalmenak, errentari kenduta kapitalari eransten zaiona, errenta netoak kapitalistaren beharrizanak asetzeko duen eraginkortasunaren menpe egon behar duenez gero, makineria sartu delako ematen den prezio-murrizketaren bidez, beharrizan berdinarekin, derrigorrez, kapitalistak aurrezki-bitarteko handiagoak izango lituzke, hau da, errenta kapital bihurtzeko erraztasun handiagoak. Baina kapital-gehikuntza bakoitzarekin, langile gehiago enplegatuko lituzke, eta beraz, lehen kanporatutako langile batzuk, geroago enplegatuko lituzke; eta makineria enplegatzeagatik ematen den ekoizpen-gehikuntza nahikoa handia izango litzateke elikagai- eta oinarrizko ondasun-kantitateetan, baina orain ekoizpen neto gisa egongo litzateke lehen ekoizpen gordina zena; hala balitz, populazio guztia enplegatzeko lehengo aukera berdina egongo litzateke, eta ez lirateke langileak sobera egongo.
Frogatu nahi dudan guztia makineri aurkikuntzak eta bere erabilpenak ekoizpen gordinaren murrizketa sor dezakeela da; eta honela gertatzen den kasu bakoitzean kaltegarria izango dela langile-klasearentzat, horietatik batzuk kalera joango baitira eta populazioak gainezka egingo baitu bera enplegatzeko dauden fondoekin alderatuta.
Suposatu dudan kasua aukera nezakeen sinpleena da; baina emaitza berdina lortuko litzateke makineria edozein fabrikatzaileren jardueran erabiltzen dela suposatuko bagenu -esaterako, ehungilearenean edo kotoigilearenean-. Ehungile baten jardueran ehun gutxiago ekoiztuko litzateke makineria sartu ondoren, orain behargin guztiei ordaintzeko behar zen kantitate haren zati bat ez litzatekeelako ekoiztu beharko. Makina erabiltzearen ondorioz, ugazabak nahikoa luke kontsumitu duena berrekoizte hutsarekin, kapital osoaren gaineko irabaziez gain. Orain hau dena 7.500£k egin lezakete, lehen 15.000£ behar ziren bitartean, eta honela kasu hau ez litzateke aurrekotik bereiziko. Esan daiteke, hala ere, ehun-eskaria lehen bezain handia dela, eta galdetu daiteke ere eskaintza nondik etorriko litzatekeen. Baina, nork eskatuko luke ehuna? Nekazariengandik eta oinarrizko ondasunak ekoizten dituzten beste ekoizleengandik, zeintzuek beren kapitalak ondasun mota hauek ekoizteko erabiltzen zituzten ehuna erdiesteko bitarteko gisa: ehungileari laborea eta oinarrizko ondasunak ematen zizkioten beronen ehunaren truke, eta honek bere langileei ematen zien beren lanaren bidez sortutako ehuna.
Merkataritza hau orain bertan behera geratuko litzateke; ehungileak ez luke nahi izango ez elikagai, ez ehunik, enplegatzeko langile gutxiago eta saltzeko ehun gutxiago duelako. Helburu bat lortzeko asmo hutsez oinarrizko ondasunak ekoizten zituzten nekazariek eta beste zenbaitek, beren kapitalak honela enplegatuta ezin lezakete denbora gehiagoz ehuna erdietsi, eta beraz, kapital hauek ehuna ekoizteko edo beste batzuei mailegutan emateko erabiliko lituzkete, benetan beharrezkoa den merkantzia hornitua izan dadin; eta ordaintzeko bitartekorik ez duen, edo inork eskatzen ez duen hura, ekoizteari utziko litzaioke. Honek, beraz, emaitza berdinera garamatza; eskulan-eskaria urrituko litzateke eta lana mantentzeko beharrezko diren merkantziak ez lirateke ugaritasun berdinez ekoiztuko.
Iritzi hauek zuzenak baldin badira, honako hauek ondoriozta ditzakegu:
1. Makineriaren aurkikuntzak eta beronen erabilpen baliagarriak, beti, herrialdeko ekoizpen netoa gehitzen du, nahiz eta, bitarte arbuiagarri bat kenduz gero, ezin daitekeen ekoizpen neto horren balioa gehi, ezta gehituko ere.
2. Herrialde bateko ekoizpen netoaren gehikuntza ekoizpen gordinaren murrizketarekin konpatiblea da, eta beti daude makineria enplegatzeko arrazoiak, honek ekoizpen netoa gehitzen badu, nahiz sarritan ekoizpen gordinaren kopurua eta bere balioa murritz daitezkeen edo murriztu behar diren.
3. Langile-klaseak duen iritzia, hau da, makineriaren erabilpena sarritan bere interesen aurka dagoela, ez da aurriritzi eta erroreetan oinarritzen, bat dator ordea Ekonomia politikoaren printzipio zuzenekin.
4. Ekoizpideen hobekuntzak, makineriaren erabilpena dela eta, herrialde bateko ekoizpen netoa maila batean gehitu beharko balu, ekoizpen gordinak murrizketarik izateke (nik beti merkantzi kantitatea adierazi nahi dut, eta ez balioa), orduan, gizarteko klase guztien egoera hobetu egingo da. Lurjabea eta kapitalista profitatu egingo dira, ez errenta eta irabaziak igo direlako, errenta eta irabazi berdinak gastatuta, merkantzi kantitate handiagoa erdiesteak emandako abantailagatik baizik, hauek orain balio txikiagoa baitute; langile-klasearen egoera ere erabat hobetuta geratuko da: lehenik, etxeko zerbitzarien eskaria gehitu egingo delako; bigarrenik, honelako ekoizpen netoak aurrezteko gogoa piztuko duelako; eta hirugarrenik, alokairuak gastatzen diren kontsumo-ondasun guztien prezioa apala delako.
Makineriaren aurkikuntza eta erabilpenari buruz hemen egin ditugun kontsiderazioez gain, langile-klaseak ez dauka herrialdeko sarrera netoak gastatzen diren erari buruzko interes berezirik, nahiz kasu guztietan asekuntzak eta gozamenak lortzeko erabili beharko liratekeen.
Lurjabe edo kapitalista batek bere errentak antzinako jauntxoen moduan gastatzen baditu, alegia, menpeko eta etxeko zerbitzari-kopuru handia mantenduta, eskulan gehiago enplegatuko du arropa fin edo altzari garesti, luxuzko gurdi, zaldi edo beste edozein luxuzko ondasunak erosten gastatuko balitu baino.
Bi kasuetan errenta netoa berdina izango litzateke, baita errenta gordina ere, baina lehena merkantzia desberdinetan gauzatuko litzateke. Nire errenta 10.000£koa balitz, ia lan-kantitate ekoizkor berdina enplegatuko litzateke nik arropa finetan edo altzari garestietan gauzatuko banu, edo balio berdineko elikagai-kantitatean edo arropetan. Baina nire errenta lehen mailako merkantzietan gauzatuko banu, honen ondorioz ez litzateke eskulan gehiago enplegatuko: nik neure altzariak eta arropa fina gozatuko nituzke eta beren helburua betetzen arituko lirateke; baina nik neure errenta elikagai eta jantzietan gauzatuko banu, eta nire nahia etxeko zerbitzariak enplegatzea balitz, nire 10.000£ko errentarekin enplega litezkeen guztiak, edo erosiko liratekeen elikagai eta jantziekin sortuko litzatekeen eskulan-eskaria erantsi beharko litzaioke lehengoari, eta gehikuntza hau, nik neure errenta gastatzeko era hau hautatu dudalako gertatuko litzateke. Langileak, beraz, eskulan-eskarian interesaturik daudenez gero, normalean nahiago izango dute ahal den errenta gehiena erabil dadin etxeko zerbitzariak mantentzen, luxuzko ondasunetan gastatzen baino.
Era berean, herrialde bat gerran sartuta dagoelarik, flota eta armada erraldoia mantentzera behartuta egoten denean, askoz gizaki gehiago enplegatzen ditu, gerra amaitu eta egoera berezi honek eskatzen dituen urteko gastu bereziak bertan behera geratuko direnean baino.
Gerratean ez badidate 500£ko zerga eskatzen soldadu eta marineletan gastatzeko, ziurrenik neure sarreren zati hori altzari, liburu, jantzi eta abarretan gasta nezake, eta edozein izanda ere gastatzeko modua, eskulan-kantitate berdina enplegatuko litzateke ekoizpenean; izan ere, soldadu eta marinelentzat elikagai eta jantzia ekoizteko behar den lan-kantitatea eta luxuzko merkantziak ekoizteko behar dena berdina izango litzateke; baina gerra-kasuan, soldadu edo marinel gisa aritzeko, gizaki-eskari gehigarria egongo litzateke, eta ondorioz, gerra herrialdeko errentak sostengatzen baldin badu, eta ez kapitalak, populazioaren gehikuntza emateko garai egokia izaten da.
Gerra amaitzerakoan nire errentaren zatia nire esku geratzen denean, lehen bezala ardo, altzari eta luxuzko beste artikuluak erosten enplegatuko dut; eta lehen errenta honek mantentzen zuen populazioa, gerrak honela burutzea eskatzen baitzuen, gehiegizko bihurtuko denez, gainontzeko populazioarekin enplegua aurkitzeko lehian jarriko da; lehiaketa honek alokairuen balioa jaitsarazi egingo du eta langile-klasearen egoera materialki txartu egingo da.
Badago, egon ere, beste kasu bat herrialde bateko errenta netoa gehitzea ahalgarria dena, baita bere errenta gordina ere eskulan-eskariaren murrizketarekin, eta hori honela gertatzen da gizakiaren lana zaldiarenak ordezkatzen duenean. Nik ehun gizaki enplegatzen baldin baditut nire etxaldean eta ohartzen banaiz horietatik berrogeita hamar elikatzeko gastatzen dudanarekin zenbait zaldi manten ditzakedala, eta aldi berean, zaldiak erosteko erabiliko dudan kapitalaren interesak kendu ondoren, nire lurrak lehengai gehiago emango didala, orduan niretzat abantailagarria izango da gizakien ordez zaldiak ipintzea, eta honela egingo nuke; baina jokaera hau ez litzateke egongo gizakien interesetan, eta nik lortzen ditudan sarrerak ez baldin badira asko gehitzen, zaldiak eta gizaki guztiak enplegatzeko adina, begi-bistakoa da populazioak gainezka egingo duela eta langilearen egoerak, orokorrean, behera egingo duela. Begi-bistakoa da ere langile hori inoiz ezingo litekeela nekazaritzan enplega; baina lurraren ekoizpena handituko balitz gizakien ordez zaldiak jarri direlako, etxeko zerbitzu eta manufakturetan enplega litezke.
Espero dut nik egin ditudan oharrek ez dutela irakurlea makineriaren erabilpena ez dela bultzatu behar pentsatzera eramango. Printzipio hau argitzeko suposatu dut bat-batean aurkitzen dela makineria hobetua eta beronen erabilpena erabat hedatua dagoela; baina egia bestelakoa da, aurkikuntzak mailaka egiten baitira, eta aurreztu eta metatzen den kapitalak eragiten du makineria hau enplegatzea, eta ez egun enplegatuta dagoen kapitalaren desbideraketak.
Kapital eta populazioaren gehikuntza bakoitzarekin elikagaien prezioa igo egingo da beren ekoizpena zailduko delako. Gehikuntza honen ondorioa, bestalde, alokairuak igotzea izango da, eta honelako igoera bakoitzak, egunetik egunera, aurreztutako kapitalaren proportzio handiagoa bultzaraziko du makineria-erosketara. Makineria eta lanaren artean etengabeko lehiaketa dago eta hura sarritan ezin daiteke eskulana garestitu arte erabil.
Ameriketan eta gizakiarentzat elikagaia arras erraz lortzen den beste herrialde askotan, ez dago Ingalaterran bezainbateko tentaziorik makineria enplegatzeko, hemen elikagaia garestia baita ekoizteko eskulan asko behar duelako. Eskulana igoarazten duen zergati berak ez du makinen balioa igoarazten, eta beraz, kapital-gehikuntza bakoitzarekin, beronen proportzio handiagoa enplegatzen da makinerian. Eskulan-eskariak kapital-gehikuntzarekin gehitzen jarraituko du, baina ez gehikuntza honen proportzioan; ratio hau, derrigorrez, gutxikorra izango da1.
Lehen ere adierazi dut, sarrera netoen gehikuntzak, merkantzietan kalkulaturik, zein beti makinerian sartutako hobekuntzen ondorioa den, aurrezki eta metaketa berrietara garamatzala. Aurrezki hauek, gogoratu behar da, urterokoak dira, eta makineriaren aurkikuntza zela eta, hasieran galdu zen errenta gordina baino fondo handiagoa sortu behar dute, berehala gainera; honela, eskulan-eskaria lehen bezain handia izango da, eta populazioaren egoera oraindik hobea izango da aurrezkiak gehitu direlako, errenta neto berria horretarako gai izango baita.
Estatu batean ezin liteke inoiz makineri enplegua moteldu, zeren eta estatu horretan kapitalari eragozten bazaio makineria erabilita lor daitekeen errenta neto handiena erdiestea, kanporako bidea hartuko baitu; eta honelako egoera okerragoa izango litzateke eskulan-eskariarentzat makineria erabat hedaturik egonik baino; kapitala herrialdean enplegatzen den bitartean, zenbait eskulan-eskari sortu behar du; makineriak ezin dezake funtziona gizakiaren laguntzarik gabe, eta berau ere ezin daiteke eraiki beronen lanik gabe. Kapitalaren zati bat hobetutako makinerian enplegatzen bada, eskulan-eskariaren gelditu gabeko murrizketa emango da; baina beste herrialde batera esportatzen bada, eskari hori erabat desagertuko da.
Merkantzien prezioak ere beren ekoizpen-kostuak erregulatuko ditu. Hobetutako makineria enplegatzen bada, merkantzien ekoizpen-kostua murriztu egiten da, eta ondorioz, kanpo-merkatuetan merkeago sal daitezke. Hala ere, herrialde batean makineriaren erabilpena arbuiatuko balitz, gainontzeko herrialde guztietan bere erabilpena sustatzen den bitartean, herrialde hura bere dirua esportatu beharrean egongo litzateke atzerritar ondasunen truke, bertako prezio naturalak beste herrialdeetakoen mailara jaitsi arte. Haiekin elkartrukeak egiterakoan, agian, bi eguneko lana duen merkantzia eman dezakezu kanpoan egun bat kostatzen denaren truke, eta ganbio desabantailatsu hori zure jokaeraren ondorioz emango da, zeren eta esportatzen duzun merkantzia, zeinek bi eguneko lanaren kostua duen, egun bateko kostua izan baitzezakeen lehenago ez bazenu arbuiatu auzokoek bere zerbitzuak ongi erabiltzen ikasi duten makineria hori.
XXXII. Kapitulua
Malthus jaunaren iritziak
errentari buruz
Nahiz lurraren errentaren izaera aurreko orrialdeetan nahiko zabaltasunez tratatua izan den, nire burua behartuta ikusten dut okerrak iruditzen zaizkidan iritzi batzuk adieraztea, Ekonomia politikoaren adar honetan ideia garrantzitsuak iruditzen baitzaizkit; gainera, azken garai hauetako egile handienetako baten lan idatzietan agertzen dira. Hemen daukadan aukeraz baliatuz, Malthus jaunaren lana, Essay on Population, izugarri miresten dudala esan nahi dut. Bere zenbait areriok egin dizkioten erasoek frogatu besterik ez dute egiten lan honek duen indarra; eta bere ospea zientzia hau lantzen den heinean zabalduko denaren ziurtasuna daukat, jaun hau jakintsu paregabea baitugu. Malthus jaunak ere lurraren errentaren printzipioak ongi azaldu ditu, eta frogatu du berau abantaila erlatiboen proportzioan igo eta jaitsi egiten dela, abantaila hori emankortasunak edo landutako lur horien egoera desberdinak sortzen badu ere; eta argitasun ugari eman du errentaren gaiarekin lotutako puntu zail askori buruz, lehenago hauetako zenbait ezjakinak edo gaizki ulertuak baitziren. Hala ere, nire ustez zenbait oker egin ditu, hain zuzen, bere autoritateak aitorrarazten dizkigunak; hala ere, ez dugu bere zuzentasuna zalantzan ipiniko. Hauetako errore bat, errenta irabazi garbia dela eta aberastasunaren jatorri berria dela suposatzean datza.
Ez nator bat Buchanan jaunak errentari buruz dituen iritzi guztiekin, baina guztiz bat nator Malthus jaunak bere liburutik hartzen duen pasarte horretan azaltzen duenarekin; beraz, ez nago ados Malthus jaunak egiten dizkion iruzkinekin.
"Ikuspuntu honetatik, horrek (lurraren errentak) ezin diezaioke komunitateko stockari ezer erants, kasu honetako soberakin netoa gizarte-klase batetik bestera transferitutako errenta (revenue) bat besterik ez baita; eta eskuz aldatze hutsagatik, gardenki ikusten da, ezin daitekeela fondo bat sor hortik zergak ordaintzeko. Lurreko ekoizpenagatik ordaintzen den errenta (revenue), jadanik ekoizpen hori erosten dutenen eskuetan dago; eta bizirautekoen prezioa apalagoa balitz, oraindik bere eskuetan zergatzeko moduan egongo litzateke, prezio garaiagoa dela eta, errenta hori lurjabearengana transferitzen denean bailegoen".
Lehengai eta manufakturetako merkantzien arteko desberdintasunei buruzko ohar batzuk egin ondoren, Malthus jaunak honakoa galdetzen du: "Ahalgarri al da, beraz, Sismondi jaunak egiten duen bezala, errenta lanaren ekoizpen bakar gisa kontsideratzea, benetako balio nominala duena eta prezio-igoeraren emaitza dena, hain zuzen, saltzaileak bere pribilegio berezi baten ondorioz erdiesten duena; edota Buchanan jaunak egiten duen bezala, ez kontsideratzea nazio-aberastasunari eransten zaion zerbait bezala, baizik balio-transferentzia garbi bezala, lurjabeentzat abantailagarria eta kontsumitzaileentzat proportzionalki kaltegarria?"1.
Gai honi buruz dudan iritzia jadanik adierazi dut, hain zuzen, lurraren errenta aztertu dudanean, eta orain erantsi behar dut errenta balio-sortzaile dela, hitz hori nik ulertzen dudan moduan, baina ez dela aberastasun-sortzaile. Laborearen prezioa, edozein zati ekoizteko zailtasunak daudela eta, laurdeneko 4£tik 5£ra igoko balitz, milioi bat laurdenaren balioa 5.000.000£koa izango da, 4.000.000£koa izan ordez, eta labore hau diru gehiagorekin trukatzeaz gain, beste merkantzia guztien kantitate handiagorekin egingo denez, bere edukitzaileek balio-kantitate handiagoa izango dute; beraz, inork ez duenez gutxiago izango, gizarteak bere osotasunean balio handiagoa edukiko du, eta zentzu horretan, errenta balio-sortzailea da. Baina balio hau nominala denez, ez dio aberastasunari ezer eransten; hau da, oinarrizko ondasunei, tresneriari eta gizarteko asekuntzei ez die deus ere gehitzen. Guk merkantzi kantitate berdin-berdina izango genuke, eta ez gehiago, baita laurden laborean lehengo milioi kopuru berdina ere; baina laurden bakoitza 4£tik 5£ra igotzearen eragina labore eta merkantzien balioaren zati bat lehengo edukitzaileetatik lurjabeengana transferitzea izango litzateke. Errenta, beraz, balio-sortzaile da, baina ez aberastasun-sortzaile; izan ere, ez die herrialdeko baliabideei ezer eransten eta ez du herrialdea gaitzen itsasflota eta armada mantentzeko; aitzitik, herrialdeak fondo erabilgarri ugariago izango lituzke kalitate hobeagoko lurrak balitu eta kapital berdina enplega balezake errentarik sortzeke.
Onartu behar da, beraz, Sismondi eta Buchanan jaunek funtsean iritzi berdinak dituztenez, zuzen zeudela errenta nazio-aberastasuna gehitzen ez duen balio nominal hutsa bezala kontsideratzen zutenean; balio-transferentzia bezala hartzen zuten, lurjabeentzat besterik abantailatsua ez zena eta, aldiz, kontsumitzaileentzat proportzionalki kaltegarria.
Malthus jaunaren Inquiry-ren beste atal batean honela esaten du: "Begi-bistakoa denez, errentaren berehalako zergatia, merkatuan lehengaia bere ekoizpen-kostuaren gainetik saltzea da"; beste toki batean berriz: "Lehengaien prezio altuaren zergatiak hiru dira:
Lehena eta garrantzitsuena, bizirauteko nahikoa ondasun ekoiztea ahalbideratzen duen lurraren kualitatea, bai lurra lantzen dutenak asetzeko, baita gehiagoentzat ere.
Bigarrenik, bizirauteko ondasunek duten kualitate berezia beren eskaria sortzeko, edo ekoizten diren oinarrizko ondasun-kantitatearen proportzioan eskatzaile-kopurua igoarazteko.
Eta hirugarrenik, lur emankorraren urritasun erlatiboa". Laborearen prezio altuaz mintzatzen denean, Malthus jauna ez da laurden baten edo bushel baten prezioaz ari, ekoizpen guztiaren salmenta-prezioaren eta bere ekoizpen-kostuaren arteko aldeaz baizik, ekoizpen-kostu honen kontzeptupean beti irabaziak eta alokairuak sartzen direlarik. Ehun eta berrogeita hamar laurden laborek, laurdeneko 3£ 10s.n, lurjabeari ehun laurden 4£n baino errenta handiagoa emango dio, ekoizpen-kostua beti berdina dela kontsideratzen bada.
Esaldia zentzu honetan erabiltzen bada, prezio altua ezin daiteke errentaren zergatitzat har; ezin daiteke esan "errentaren berehalako zergatia, lehengaia merkatuan bere ekoizpen-kostuaren gainetik saltzean datza", soberakin hori baita, azken finean, errenta. Malthus jaunak errenta honela definitu du: "Lurjabearentzat geratzen den ekoizpenak duen balio osoaren zatia, berau lantzeko egin diren mota guztietako gastu oro kendu ostean, enplegatutako kapitalaren irabaziak barne; azken hauek, nekazaritzako kapitalaren ohiko irabaziak izango dira, dagokion garaian". Salmenta-kopuru horren soberakina diruzko errenta da; hau da, hain zuzen, Malthus jaunak deitzen duena "lehengaia merkatuan saltzen den prezio eta bere ekoizpen-kostuaren arteko aldea"; eta beraz, lehengaiaren prezioa igoarazten duten zergatiak aztertu eta hauek beren ekoizpen-kostuarekin erkatzen direnean, errenta altxatzen duten zergatiak aztertzen arituko gara.
Malthus jaunak errentaren igoerari buruz ematen duen lehenengo erreferentzia, hau da, "bizirauteko nahikoa ondasun ekoiztea ahalbideratzen duen lurraren kualitatea, bai lurra lantzen dutenak asetzeko, baita gehiagoentzat ere", honi buruz honelako oharrak egiten ditu: "Guk oraindik jakin nahi dugu zergatik kontsumoak eta eskaintzak bere ekoizpen-kostuaren gainetik dagoen prezioa eratzen duten, eta horren zergati nagusia bizirauteko ondasunak ekoizteko emankortasunean datza. Murritz dezagun ugaritasuna, murritz dezagun lurraren emankortasuna, eta soberakina gutxitu egingo da". Egia da oinarrizko ondasunen soberakina gutxitu eta desagertuko dela, baina hau ez da arazoa. Aitzitik, ea ekoizpen-kostuaren gainetik prezioraino dagoen soberakina gutxitu edo desagertuko den, honetan datza arazoa, honen menpe baitago diruzko errenta. Onar al daiteke Malthus jaunaren argudioa, hau da, kopuru-soberakina gutxitu edo desagertu delako hau esatea?: "Bizirauteko ondasunen prezioa ekoizpen-kostuaren gainetik hain nabarmen egoteko arrazoia, bere urritasunean egon ordez, beronen ugaritasunean dago, eta hau, monopolioek artifizialki sortzen duten prezio altuaren erabat desberdina izateaz gain, elikagaiekin erlaziorik ez duten lurrean ekoiztutako ekoizpen berezien prezio altuen diferentea da ere, hau da, monopolio natural edo beharrezkoa dei geniezaiekeena".
Ez al dago egoerarik non lurraren emankortasuna eta beronen ugaritasuna urri daitezkeen, bere prezio eta ekoizpen-kostuaren arteko aldea murrizteke, hau da, errenta erortzeke? Baldin badago, Malthus jaunaren proposamena unibertsalegia da; nire ustez printzipio unibertsal gisa ezartzen du eta egia da egoera guztietan errenta igo egiten dela lurraren emankortasuna gehitzen denean, eta erori emankortasuna urritzen denean.
Zalantzarik gabe Malthus jaunak arrazoia izango luke baldin eta etxalde batean, ekoizpena ugaritzen den heinean, lurjabeari ekoizpen osoaren proportzio handiagoa ordainduko balitzaio; baina alderantzizkoa gertatzen da; lur emankorrak besterik ez direnean lantzen, lurjabeak ekoizpen osoaren proportzio txikiena eskuratzen du; eta populazio hazkorra elikatzeko lur kaskarrenak landu behar direnean, orduan biak handitzen dira, hau da, lurjabeak ekoizpen orokorretik eskuratzen duen zatia eta beronen balioa.
Demagun labore-eskaria milioi bat dela eta berau dela egun landutako lurrean ekoizten den guztia. Orain demagun lur guztiaren emankortasuna urritu egin dela eta lursail horietan 900.000 laurden labore besterik ez direla egiten. Eskaria milioi laurdenekoa denez, laborearen prezioa igo egingo litzateke eta lur kaskarragoetara jo beharko litzateke; gainera, lur kaskar horietara lur emankorragoak milioi bat laurden ekoizten jarraitu baino lehenago joango litzateke. Baina kalitate kaskarragoko lur hauen beharrak sortzen eta igoarazten du errenta, nahiz lurjabeak eskuratuko duen labore-kantitatea neurri berean urrituko den. Errenta, gogoratu behar da, ez dago landutako lurraren emankortasun absolutuaren proportzioan, emankortasun erlatiboaren proportzioan baizik. Lur kaskarragoetan kapitala erabiltzera eroaten duen edozein zergatik lur hobearen errenta igoarazten du; Malthus jaunak bere hirugarren proposizioan dioenez, errentaren zergatia "lur emankorrenaren urritasun erlatiboa da". Laborearen prezioa, ohikoa denez, igo egingo da ekoizpena zaildu ahala, eta etxalde zehatz batean ekoiztutako kantitate osoaren balioa gehitu egingo da, nahiz bere kantitatea urritu; baina lursail emankorrenetako ekoizpen-kostua gehituko ez denez, eta alokairuak eta irabaziak batera hartuta beti balio berdina2 izaten jarraituko dutenez, begi-bistakoa da ekoizpen-kostutik preziora doan soberakina, edo beste hitz batzuetan, errenta igo egingo dela lurraren emankortasuna urritu ahala, baldin eta kapital, populazio eta eskariaren murrizketa handi batek eragozten ez badu. Ez dirudi, beraz, Malthus jaunaren proposizioa zuzena denik: errenta ez da berehala eta derrigorrez igotzen edo jaisten lurraren emankortasuna gehitu edo gutxitu delako; baina bere emankortasun handiagoak, gerora errenta handiagori aurre egin diezaion ahalbideratu egiten du. Oso emankortasun gutxiko lurrak inoiz ezin dezake errentarik sor; emankortasun ertaineko lurrak, populazioa hazterakoan, errenta moderatua sor dezake; emankortasun handiko lurrak, berriz, errenta altua sor dezake; baina gauza bat da errenta garaia sortzeko gai izatea, eta bestea errealitatean honela ematea. Errenta apalagoa izan daiteke lurra guztiz emankorra den herrialde batean, emankortasun hori moderatua den beste toki batean baino; izan ere, errenta emankortasun erlatiboari atxikiago zaio, emankortasun absolutuari baino; ekoizpenak duen balioaren proportzioari, beronen ugaritasunari baino3.
Malthus jaunak suposatzen du monopolio natural eta beharrezko gisa har ditzakegun ekoizkin bereziak sortzen diren lurraren errenta, eta bizirauteko ondasunak lantzen diren lurrarena, printzipio guztiz desberdinez erregulatzen direla. Bere ustez, lehenengoen urritasuna da errenta altu honen zergatia, baina bigarrengoen ugaritasunak ondorio berdina sortzen du.
Bereizketa hau ez zait iruditzen ongi oinarrituta dagoenik, zeren eta ardo finak ekoizten diren mahastietako lurren errenta igo egingo bailitzateke, bere ekoizpenaren ugaritasuna gehitu delako labore-lurraren errenta bezala, baldin eta, aldi berean, merkantzia berezi hauen eskaria gehitzen bada; eta eskariaren gehikuntza hori gabe, labore-eskaintza ugariak, labore-lurraren errenta igo ordez, jaitsarazi egingo luke. Edozein izanda ere lurraren kalitatea, errenta garaiak ekoizkinaren prezio garaiaren menpe egon behar du; baina prezioa garaia bada, errentak altua izan beharko du ugaritasunaren proportzioan, eta ez urritasunarenean.
Guk ez daukagu inongo beharrik merkantzia batetik eskatzen den kantitatea baino gehiago ekoizteko iraunkorki. Ustegabean kantitate gehiago ekoiztuko balitz, bere merkatu-prezioa prezio naturaletik behera eroriko litzateke, eta beraz, ez luke bere ekoizpen-kostua ordainduko, kostu honen barne kapitalaren ohiko irabaziak sartu ondoren: eskaintza gelditu egingo litzateke eskariari doitu arte, eta merkatu-prezioa prezio naturalera igoko litzateke.
Nire irudikoz, Malthus jaunak gehiegi jotzen du pentsatzera populazioa gehitzearen arrazoi bakarra, aurretik elikagai-horniketa ziurtatu izana dela - "elikagaiak dira beren eskaria sortzen dutenak"-, eta elikagaiak ekarri ondoren ezkontzak sustatzen direla, populazioaren aurrerapen orokorrari kapitalaren gehikuntzek eragiten diotela kontsideratu ordez; izan ere, kapitalaren gehikuntzek eskulan-eskaria handitu eta honek alokairuak igoarazten ditu, eta beraz, populazioari eragiten dio; elikagai-ekoizpena, eskari honen ondorioa besterik ez da.
Langileen egoera hobetu egiten da diru gehiago ematen zaienean, edo alokairuak ordaintzen diren eta balio jaitsiera izan ez duen merkantzia haren kopuru handiagoa ematen zaienean. Populazioaren eta elikagaien gehikuntza, batez ere alokairu garaien ondorioa izango da, baina ez du zertan horrela izan behar. Alokairuaren balioa igo delako, langilearen egoera hobetzeak ez du derrigorrez ezkontzera eta familia bat bere gain hartzera behartzen -probabilitate guztiz, gehitutako alokairuaren zati bat elikagai eta oinarrizko ondasun ugariago eskuratzeko erabiliko du-, baina gainontzekoarekin, gogoko badu, bera laket dadin, ondasunak eros ditzake: aulkiak, mahaiak eta tresneria; edo jantzi hobeak, azukrea eta tabakoa. Gehitutako bere alokairuek, beraz, ez dute merkantzia batzuen eskaria gehitzea baino beste ondoriorik izango; langilearen arraza materialki gehituko ez denez, beren alokairuek iraunkorki garaiak izaten jarraituko dute. Baina, hau alokairu-gehikuntzaren ondorioa izan litekeen arren, familiak ematen dituen plazerrak hain handiak direnez, praktikan, langilearen egoeraren hobekuntzari, nahitaez, populazio-gehikuntzak jarraitzen dio; eta arestian aipatutako salbuespenekin, hau hala izatearen arrazoi bakarra, elikagai-eskari berri eta handiagoa sortu izana da. Eskari hau, beraz, kapitalak eta populazioak izan duten gehikuntzaren ondorioa da, baina ez beronen zergatia; hori hala da, jendearen gastuek norabide hori hartzen dutelako, besterik ez; oinarrizko ondasunen merkatu-prezioak bere prezio naturala gainditzen duelako, eta beharrezkoa den elikagai-kantitatea ekoizten delako; biztanle-kopurua gehitu delako jaitsi egiten dira alokairuak berriro.
Zerk motiba lezake nekazari bat egun eskatzen den baino labore gehiago ekoizteko, ondorioa laborearen merkatu-prezioa bere prezio naturaletik behera uzkurtzea denean, eta ondorioz, hauek irabazi-tasa orokorraren azpitik geratzean, berari dagokion irabazien zatia galtzen badu? Malthus jaunak honela dio: "Bizirauteko ondasunek, lurraren ekoizkin garrantzitsuenek, beren ekoizpen-kantitatea gehitu den proportzioko eskari-gehikuntza sortzeko moduko propietaterik ez badute, honela gehitutako eskaintzak bere ganbio-balioaren erorketa kausatuko luke4. Herrialdeko ekoizpena arras ugaria izanda ere, bere populazioa denbora luzean egonkorra manten liteke; eta ugaritasun honek, neurriko eskaririk gabe eta laborezko alokairu garaiekin, egoera hauetan denak izaten diren bezala, lehengaien eta merkantzien prezioa, ekoizpen-kosturaino murritz lezake".
Lehengaien prezioa ekoizpen-kosturaino murritz liteke. Prezio hau denbora luzez egon al daiteke kostu horren gainetik edo azpitik? Ez al du Malthus jaunak berak esaten inoiz ez dela egoten? "Espero dut barkatzea pixkatxo bat gelditu eta irakurleari doktrina hau aurkezten badiot, alegia, laborea, era batzuetan, errealitatean ekoiztutako kantitateari dagokionean, beharrezko prezioan saltzen dela, manufakturak bezala, garrantzi handieneko egia dela iruditzen baitzait, ez ekonomilariek, ez Adam Smithek, ezta lehengaiek beti monopolio-prezioan saltzen direla esaten duten idazle horiek ere, kontuan hartu ez dutena".
"Pentsa daiteke herrialde garrantzitsu guztiek labore eta lehengaiak ekoizteko mekanismo-mailaketa egina daukatela; mailaketa honetan kontuan hartzen dira, hainbat motatako lur kaskarrez gain, zeinetik lurralde guztiek ugari duten, baita lurra hobeto ustiatzeko erabiltzen den makineria apala ere, honen bidez lur horri errendimendu handiagoa eman dezan behartzen baitzaio. Lehengaien prezioa igo ahala, kalitate apalagoko makinak jardueran ipintzen dira; eta lehengaien prezioa jaitsi ahala, erabiltzeari utzi egiten zaie. Hemen ipintzen den adibideak frogatzen digu egungo ekoizpenak egungo laborearen prezioa behar duela, eta ondorio desberdinak sortaraziko lituzkeela merkantzia berezi baten prezioan emandako murrizketa handi batek, eta neurri berdineko batek lehengaietan eragindakoak"5.
Nola jar daitezke ados bi pasarte hauek honako hau baieztatzen duen beste honekin, alegia, bizirauteko ondasunek ez balute gaitasunik kantitatearen hazkundearekiko proportzionala den eskari-gehikuntza sortzeko, orduan bakarrik gutxiaraziko lukeela kantitate horrek lehengaien prezioa bere ekoizpen-kosturaino? Laborea ez badago inoiz bere prezio naturalaren azpitik, egungo populazioak hortik bere kontsumorako eskatzen duena baino ugariago inoiz ez delako da; ezin daiteke beste batzuen kontsumorako pila; eta beraz, bere merketasun eta ugaritasunarengatik ezin daiteke inoiz populazioa gehitzeko pizgarri izan. Laborea merkeago ekoitz daitekeen heinean, langileen alokairuek ahalmen gehiago izango dute beren familiak mantentzeko. Ameriketan populazioa fite hazten da elikagaiak merke ekoitz daitezkeelako, eta ez eskaintza ugaria aurrikusi delako. Europan populazioa erlatiboki motelago hazten da, elikagaiak ezin baitaitezke balio merkeagoan ekoitz. Gertakizunen ohiko bidean, merkantzia guztien eskaria beren eskaintzaren aurretik doa. Labore eta manufakturen eskaria ezin bada igo, hauen prezioa bere ekoizpen-prezioraino jaitsiko dela esaten denean, Malthus jaunak ezin dezake adieraz errenta guztia irentsia izango litzatekeenik, zeren eta berak arrazoiz azpimarratu baitu lurjabe guztiek errenta bertan behera utziko balute, laborearen prezioa ez litzatekeela eroriko; errenta ez baita prezio garaiaren zergatia, ondorioa baizik, eta beti egongo da landuko den eta errentarik ordainduko ez duen lur-kalitate bat; lur horretako ekoizpenaren prezioa, alokairu eta irabaziek besterik ez dute birjartzen.
Hurrengo pasartean Malthus jaunak azalpen guztiz trebea egiten du herrialde aberats eta aurreratuetan lehengaien prezioa igoarazten duten zergatiez, eta berarekin bat nator, hitzez hitz gainera; baina uste dut, bera ez datorrela bat bere Essay on Rent-en mantentzen dituen proposamen batzuekin. "Ez dut zalantzarik esateko, alde batera utziz gero herrialde bateko diru-sisteman sor daitezkeen gora-beherak eta behin-behineko beste zenbait egoera, laborearen diruzko prezio erlatibo garaiaren zergatia bere prezio erreal garaia dela, edo bera ekoizteko enplegatu behar den kapital- eta eskulan-kantitate handiagoa. Eta jadanik aberatsak izanik, ongizate eta populazioan aitzineratzen ari diren herrialdeetan laborearen prezio erreala garaiagoa izatearen eta prezio hori etengabe igotzearen arrazoiak, lur kaskarragoak etengabe erabili beharra eta lanean aritzeko makinerian egiten diren gastuak handitzea dira. Arrazoi hauek dira herrialdeko lehengaien gehikuntza bakoitza garestitzen dutenak; laburbilduta, arrazoi horiek guztiak garrantzi handiko egia honetan aurkitu behar dira, hau da, laborea herrialde aurreratu batean garaiko eskaintza sortzeko behar den prezioan salduko dela; eta eskaintza hau, egunetik egunera zaildu egiten denez, proportzio berdinean prezioak ere gora egiten du".
Hemen zuhurki esaten da merkantzia baten prezio erreala bera ekoizteko enplegatu behar den eskulan- eta kapital-kantitate handiago eta txikiagoren menpe dagoela (hau da, metatutako lanaren menpe). Prezio erreala ez dago diruzko balioaren menpe, batzuek azaldu duten bezala; ezta beste batzuek esaten duten bezala ere labore, eskulan, edo hautako merkantzia berezi baten, edo kolektiboki merkantzia guztiekiko balio erlatiboaren menpe; aitzitik, Malthus jaunak zuhurki dioen bezala, "bera ekoizteko behar diren kapital- eta lan-kantitate gehiagoren (edo gutxiagoren) menpe" dago.
Errenta igoarazten duten zergatien artean, Malthus jaunak aipatzen duenez, populazioaren gehikuntza dago, "honek eskulanaren alokairuak jaitsaraziko dituelako". Baina lanaren alokairuak jaisten diren heinean, kapitalaren irabaziak igo egingo dira, eta biek batera beti balio berdina6 badute, alokairuen edozein beherakadak ezin dezake inoiz errenta igoaraz, zeren eta nekazari eta langileari esleitzen zaien ekoizpenaren zatia ez baita gutxituko, ez balioan, ezta kopuruan ere; eta beraz, lurjabearentzat ez da ez zati handiagorik, ezta balio handiagorik ere geratzen. Alokairuei dagokien zatia txikiagoa den heinean, gehiago izango da irabazientzat, eta alderantziz. Zatiketa hau nekazari eta langileen artean finkatuko da, lurjabeak eskuhartzeke; eta, benetan, gai honetan ez luke interesik eduki behar, baldin eta banaketa bat bestea baino hobea ez bada, kapital-metaketa emateko eta gerora sor daitekeen lur-eskarirako. Alokairuak eroriko balira, irabaziak igoko lirateke, eta ez errenta. Alokairuak igoko balira, irabaziak eroriko lirateke, eta ez errenta. Errenta eta alokairuen egoera eta irabazien beherakada, orokorki, zergati berdinaren derrigorrezko ondorioak dira -elikagai-eskari hazkorra, horiek ekoizteko behar den lan-kantitate gehigarria, eta ondorioz, hauen prezioa altua-. Lurjabeak errenta osoa banatuko balu, langileak ez lirateke batere profitatuko. Langileentzat ahalgarria balitz alokairuak bertan behera uztea, lurjabeek ez lukete abantailarik izango honelako egoera batean; baina bi kasuetan, besteek utzi duten guztia nekazariek jasoko lukete. Lan honetan frogatzen saiatu naiz alokairu-beherakada baten ondorio bakarra irabazi-igoera izango litzatekeela. Irabazi-igoera bakoitza kapital-metaketarentzat onuragarria da, baita populazioaren gehikuntzarentzat ere, eta ondorioz, probabilitate guztien arabera, azken finean, epe luzera errentaren igoera bultzatuko luke.
Malthus jaunaren arabera, errentaren igoeraren beste zergatia, "nekazal hobekuntzetan edo ekoizpen jakin bat burutzeko behar den langile-kopurua gutxitzen duten neurrietan" datza. Pasarte honi egiten diodan objekzioa, errentaren igoera lurraren emankortasuna berehala gehitzeak sortzen duela esaten duenari egindako objekzioaren berdina da. Biek, nekazal hobekuntzak eta emankortasun garaiagoak, gerora, lurrak errenta handiagoa eman dezan ahalbidetuko dute, elikagaien prezio berdinarekin hauen kantitate handiagoa egongo delako; baina populazioaren gehikuntza proportzio berdinean egon arte, elikagai-kantitate gehigarririk ez litzateke beharko, eta beraz, errentak igo ordez jaitsi egingo lirateke. Egoera honetan kontsumi litekeen kantitatea langile gutxiagorekin erdiets liteke, edo lur-kantitate urriagorekin lehengaien prezioa jaitsi eta kapitala lurretik erretiratuko litzateke7. Ezerk ezin dezake errenta igoaraz; kalitate kaskarragoko lur berrien eskariak edo jadanik lantzen den lurraren emankortasun erlatiboaren aldaketak sor dezakeen zerbaitek egiten ez badu behintzat8. Nekazaritzan egindako hobekuntzak eta lanaren zatiketan egindakoak, lur guztientzat amankomunak dira; lursail bakoitza landuz lortzen den lehengaia, handitu egiten da kantitate absolutuan, baina ziurrenik beraien artean lehen zeuden proportzio erlatiboak ez dira asko aldatuko.
Malthus jaunak arrazoi osoz aipatzen du Smith doktorearen errata hau; izan ere, Smith jaunak baieztatzen du laboreak hain izaera berezia duenez, bere ekoizpena ezin daitekeela bultza gainontzeko ondasunak bultzatzeko erabiltzen den bitarteko berdinez. Honakoaz oharrarazten du: "Ez dut inola ere ukatu nahi laborearen prezioak eskulanaren prezioaren gain duen eragin ahaltsua, urte ugari batzuetako batezbestekoa kontuan hartzen bada; baina eragin hori ez dela kapitalaren mugimendua lurretik edo lurrera eragozteko adinakoa diot; eta hau da, hain zuzen, arazoaren gune nagusia, eta hori nahikoa garbi geratuko da eskulana ordaindu eta merkatura eramateari buruz egingo den azterketa labur baten bitartez; halaber, Adam Smithen proposamena onartzeak nahitaez ekarriko lizkigukeen ondorioak ere apalki kontsideratuko dira"9.
Malthus jaunak gero, lehengaien eskariak eta bere prezio garaiak beronen ekoizpena suspertuko dutela frogatzeari ekiten dio, eta hau, edozein merkantziaren eskariak eta prezio garaiak bere ekoizpena suspertuko lukeen bezainbestekoa dela dio. Zentzu honetan demostratuko da nik sarien ondorioei buruz esan dudanarekin guztiz bat datorrela goragoko baieztapena. Nik aitortu dizuet Malthus jaunaren Observations on the Corn Laws-en azaltzen den pasartea; izan ere, erakutsi nahi dut "prezio erreal" terminoari ematen dion erabilera aipatutako lanean, Grounds of an Opinion-en, eta abarren. Pasarte honetan Malthus jaunak esaten digu "laborearen prezio-igoerak besterik ez dezakeela bultza labore-ekoizpena"; eta prezio errealak zera adierazi nahi du: gainontzeko gauzekiko balio-gehikuntza edo, beste hitz batzuetan, merkatu-prezioa bere prezio natural edo bere ekoizpen-kostuaren gainetik dagoen soberakina. Hau esan nahi badu prezio errealaz, nahiz oso egokia ez zaidan iruditzen, Malthus jaunaren iritzia erabat zuzena da, zalantzarik gabe gainera; laborearen merkatu-prezioa gehitzeak bultzatzen du berorren ekoizpena, zeren eta egiazko printzipio unibertsal gisa ipin baitaiteke merkantzia baten ekoizpena bultzatzen duen neurri handi bakarra bere merkatu-balioak bere balio natural edo beharrezkoa gainditzea dela.
Baina ez da hau Malthus jaunak beste kasu batzuetan prezio erreal terminoari ematen dion esangura, Essay on Rent-en honela dio: "Laborearen prezio erreal hazkorra esaterakoan, nazio-ekoizpenari egin zaizkion azken gehigarriak ekoizteko enplegatu diren kapital- eta lan-kantitate erreala adierazi nahi da". Beste pasarte batean honela dio: "Laborearen prezio erreal erlatiboa igotzearen zergatia, ekoizteko enplegatu behar diren lan- eta kapital-kantitate handiagoetan datza"10. Demagun aurreko pasartean prezio errealaren definizio hau sartzen dugula bestearen ordez; ez al litzateke honakoa ulertuko?: "Laborea ekoizteko behar diren lan- eta kapital-kantitatearen gehikuntza da bere ekoizpena bultza dezakeen bakarra". Honek esan nahiko luke, laborearen prezio natural edo beharrezkoaren igoerak bultzatzen duela bere ekoizpena, eta hau manten ezin litekeen proposamena dugu. Ekoiztutako kantitatearen gain ez du laborea ekoitz daitekeeneko prezioak eragiten, sal daitekeeneko prezioak baizik. Prezioak ekoizpen-kostua gainditzen duen heinean erakartzen ala urrunarazten du lurrak kapitala. Soberakin honek enplegatzen den kapitalari sortarazten dizkion irabaziak ohiko irabazi orokorrak baino handiagoak badira, kapital hori lurrean erabiliko da; txikiagoak badira, lurretik erretiratuko da.
Ez da, beraz, laborearen prezio errealaren gehikuntza beronen ekoizpena pizten duena, bere merkatu-prezioaren gehikuntza baizik. Ez da "laborea ekoizteko kapital- eta lan-kantitate handiagoak erabili behar direlako (Malthus jaunak prezio errealaz ematen duen definizio zehatza), kapital eta lan gehiago erakartzen direla lurrera, merkatu-prezioa prezio erreala baino handiagoa delako baizik, eta kostua handitu arren, kapitalarentzat lurra lantzea profitagarriagoa da".
Ezin daiteke gauza zuzenagorik egon Malthus jaunak Adam Smithen balio-neurriaz egindako honako ohar hauek baino: "Adam Smith honelako argudioak bereak egiteko induzitua izan zen, lana balioaren neurri estandartzat hartzeko ohitura baitzuen, eta laborea lanaren neurri gisa. Baina geure herrialdeko historiak berak demostratzen digu, laborea lanaren zehaztasun gabeko neurria dela; bertan, laboreak gora-behera handiak eta nabariak izaten ditu lanarekin alderatuta, bai urte batetik bestera,bai mende batetik bestera, bai hamar, hogei eta hogeita hamar urte elkarrekin hartuta. Gaur egun eztabaida ezin daitekeen doktrina da Ekonomia politikoan, eta honen arabera, ez lana, ezta beste edozein merkantzia ere, ezin daiteke ganbiozko balio errealaren neurri zehatza izan, eta hori ganbiozko balioaren definiziotik dator"
Begi-bistakoa denez, ez badira ez laborea, ez lana, ganbiozko balio errealaren neurri zehatzak, zein da orduan neurri hori? Garbi dagoenez, ez dago honelako neurririk. Beraz, "merkantzien prezio errealak" esangurarik baldin badu, Malthus jaunak bere Essay on Rent-en ematen diona izango da: beroiek ekoizteko behar diren kapital eta lan-kantitatearen proportzioak neurtu beharko du.
Bere Inquiry into the Nature of Rent-en Malthus jaunak honela dio: "Herrialde bateko diruan ematen diren erregulartasun-ezak eta behin-behineko zirkunstantzia eta ezbeharrak alde batera utzirik, laborearen prezio erlatibo garaiaren zergatia, bere prezio erlatibo erreal garaia da, edo laborea ekoizteko enplegatu behar diren kapital- eta lan-kantitate handiagoak"11.
Nik ulertzen dudanez, hau da prezioaren aldaketa iraunkorraren benetako zergatia, bai laborearen kasuan, baita beste edozein merkantziarenean ere. Merkantzia bat prezioan iraunkorki igotzearen arrazoi bakarrak, bera ekoizteko lan- eta kapital-kantitate handiagoak behar izatea, edo diruaren balioa erori izana dira; alderantziz, prezioa erortzearen zio bakarrak, lan- eta kapital-kantitate gutxiago behar izatea, edo diruaren balioa igotzea dira.
Gora-behera diruak duen balioaren aldaketatik badator, bat-batean eta merkantzia guztientzat berdina izango da; baina aldaketa hori beharrezko kapital- eta lan-kantitate gehiago edo gutxiago behar delako ematen bada, aldaketa merkantzia berezi horretara mugatuko da. Laborearen inportazio librea onartzen bada, edo nekazaritzan hobekuntzak egiten badira, lehengaien prezioa erori egingo litzateke; baina gainontzeko merkantzien prezioa ez litzateke aldatuko, ez bada berauen osaketan lehengai hau sartzen behintzat, eta ondorioz, berauen balio erreal edo ekoizpen-kostua jaitsarazten duen proportzioan aldatuko litzateke merkantzia horien prezioa.
Malthus jaunak printzipio hau onartzen duenez, ezin dezake funtsean manten herrialde bateko merkantzia guztien diruzko balioak laborea jaisten den proportzio berean murriztu behar duenik. Herrialdean kontsumitutako laborearen balioa 10 milioikoa balitz, eta fabrikatutako eta atzerritik ekarritako merkantzien kontsumoak 20 milioiko balioa balu, denetara 30 milioi izango lirateke, eta laborearen prezioa ehuneko 50, edo 10 milioitik 5era erori delako, hortik ez genuke ondorioztatuko urteko gastua 15 milioira urritu denik.
Manufaktura hauetan sartzen den lehengaiaren balioak ezin lezake, adibidez, ehuneko 20an gaindi bere balio osoa, eta beraz, fabrikatutako merkantzien balio-erorketa, 20 milioitik 10era izan ordez, 20 milioitik 18ra izango litzateke; eta laborearen prezioa ehuneko 50 erori ondoren, urteko gastu-kopuru osoa 30 milioitik 15era gutxitu ordez, 30 milioitik 23ra urrituko litzateke12.
Azken hau izango litzateke bere balioa, suposatzen bada laborearen prezio merke honekin ez liratekeela labore eta merkantzia gehiago kontsumituko; baina jadanik laborea ekoizteko landuko ez liratekeen lurretan kapitala enplegatu zuten guztiek, orain, kapital hori ondasunak fabrikatzen enplega lezakete; eta ondasun hauen zati bat besterik ez litzateke emango atzerriko laborearen truke, eta beste edozein balizkorekin bezala, inportatzeagatik edo prezio apalak izateagatik ez litzateke abantailarik lortuko; kasu honetan, fabrikatutako ondasun hauen guztien balioa, esportatutako balioa kenduta, lehengo balioari erantsi beharko genioke; honela, herrialdeko merkantzia guztien murrizketa erreala, baita diruzko balioa, laborearena barne ere, lurjabeek, beren errenta gutxitu zaiela eta, galduko luketen balioaren neurri berdinekoa izango litzateke, gozamenerako gauzak asko gehituko liratekeen bitartean.
Aurretik egin zuen onespena zela eta, Malthus jaunak egin behar izan zuen bezala, lehengaien balioaren beherakadak sortzen duen ondorioa kontsideratu ordez, diruaren balioa ehuneko 100 igotzen den kasua eta hau gauza berdinak direla kontsideratzen du; beraz, merkantzia guztien prezioa aurrekoaren erdira eroriko bailitzan arrazoitzen du.
"1794tik 1813ra doazen hogei urte horietan zehar", dio, "britainiar laurden laborearen batezbesteko prezioa 83 shillingekoa zen; 1813. urtean amaitu zen hamarkadan, 93 shillingekoa zen; eta hogei urte horien azken bost urteetan 108 shilling-ekoa. Hogei urte horietan, gobernuak 500 milioiko kapital erreala hartu zuen mailegutan; mailegu hauengatik, batezbeste, amortizazioa kontuan hartzeke, ehuneko 5 inguru ordaintzeko hitza eman zuen. Baina laurden laborea 50 shillingera jaitsiko balitz, eta beste merkantziek proportzio horretan egingo balute, ehuneko 5eko interesaren ordez, gobernuak benetan ordainduko lukeena ehuneko 7, 8, 9 izango litzateke, eta azkeneko 200 milioirengatik ehuneko 10.
"Kapitalaren jabearekiko eskuzabaltasunari buruz ez nuke ezer esatekorik izango, nork ordaintzen dion kontsideratzea ezik; eta hausnarketa-une batek demostratzen digu diru hori ordain dezaketen bakarrak gizarteko langile-klaseak eta lurjabeak direla; hau da, errenta nominala balioaren aldaketekin aldatuko zaien guztiak. Gizarteko zati honen errenta nominalak, azkeneko bost urteetako batezbestekoarekin alderatuta, erdira murriztuta geratuko dira, eta honela urritutako errenta nominalek zerga-kantitate nominal berdina ordaindu beharko dute"13.
Lehenbizikoz, uste dut jadanik demostratu dudala herrialde guztiko sarrera gordinaren balioa ez dela gutxituta geratuko Malthus jaunak hemen aitortzen duen proportzioan; laborea ehuneko 50ean erori delako ez da ondorioztatuko gizaki bakoitzaren errenta gordinaren balioa ere ehuneko 50ean murriztuta geratuko denik; aitzitik, bere errenta netoaren balioa14 gehi liteke.
Bigarrenik, uste dut irakurlea nirekin bat etorriko dela kargaren gehikuntza, hala onartuko balitz, ez litzatekeela erabat "gizarteko lurjabe- eta langile-klaseen gain eroriko"; kapitalaren jabeak, bere despoltsapenak direla eta, bere zatiarekin gastu publikoak mantentzen laguntzen du, gizarteko beste klaseek egiten duten modu berdinean. Beraz, diruak benetan balio handiagoa hartuko balu, nahiz kapitalista horrek balio handiagoa eskuratu, balio handiagoko zergak ordainduko lituzke, eta beraz, ezin liteke egia izan interesek duten balio errealaren gehikuntza guztia "lurjabeak eta langile-klaseak ordaindua izango litzatekeenik".
Baina Malthus jaunaren argudio guztia oinarri ahul baten gainean eraikitzen da: suposatzen du herrialdeko sarrera gordina gutxitu delako, sarrera netoak ere proportzio berdinean gutxitu egin behar duela. Lan honen helburuetako bat honako hau frogatzea izan da: oinarrizko ondasunen balio errealaren beherakada bakoitzarekin eskulanaren alokairuak jaitsi eta kapitalaren irabaziak igo egingo liratekeela; beste hitz batzuetan, urteko balioaren zati txikiagoa ordainduko litzaioke langile-klaseari, eta zati handiagoa eskuratuko lukete fondo horiek gero klase horretan enplegatzen dituztenek. Demagun fabrika batean ekoiztutako merkantzien balioa 1.000£koa dela, eta ugazaba eta honen langileen artean honelako proportzioan banatzen dela: 800£ langileentzat eta 200£ ugazabarentzat; merkantzia hauen balioa 900£ra eroriko balitz eta 100£ aurreztuko balitz alokairuetan oinarrizko ondasunak merketu direlako, orduan, ugazabaren sarrera netoak, ez lirateke inola ere gutxituko, eta beraz, ugazaba honek prezioa urritu aurretik ordaintzen zuen bezain erraz ordain lezake orain zerga-kopuru berdina15.
Garrantzi handikoa da gizarte bateko errenta gordina errenta netotik gardenki bereiztea, gizartearen errenta netotik ordaindu behar baitira zerga guztiak. Demagun herrialdeko merkantzia guztiek, labore guztiak, lehengaiek, fabrikatutako ondasunek, eta urte baten buruan merkatura eraman litezkeen guztiek, 20 milioiko balioa izan lezaketela, eta balio hori erdiesteko zenbait langileren lana beharko litzatekeela, hauentzat beharrezkoak diren oinarrizko ondasunak 10 milioi gastua eskatzen dutelarik; nik esan beharko nuke honelako gizartearen errenta gordina 20 milioikoa dela eta bere errenta netoa 10 milioikoa. Suposamen honetatik ez da langileek beren lanarengatik 10 milioi besterik ez lituzketela eskuratuko ondorioztatzen; 12, 14 edo 15 milioi jaso litzakete, eta kasu horretan 2, 4 edo 5 milioiko errenta netoa izango lukete. Gainontzekoa kapitalista eta lurjabeen artean banatuko litzateke; baina sarrera neto guztiak ez luke 10 milioiko kopurua gaindituko. Suposatzen badugu gizarte honek zergatan 2 milioi ordaintzen dituela, orduan bere sarrera netoa 8 milioira murriztuko litzateke.
Demagun orain diruaren balioa ehuneko 10 igotzen dela; merkantzia guztiak, hala nola eskulanaren prezioa, eroriko lirateke, langilearentzat diren oinarrizko ondasunak merkantzia horien artean daudelako; ondorioz, sarrera gordina 18 milioira urrituko litzateke eta sarrera netoa 9 milioira. Zergak proportzio honetan eroriko balira, eta 2 milioiren ordez, 1.800.000£ besterik ez balira ordainduko, sarrera netoa 7.200.000£ra urrituko litzateke, hain zuzen, lehen 8 milioik zuten balio berdina izango luke. Beraz, honelako gertakizunean gizarteak ez luke ez irabaziko, ez galduko. Baina demagun diruaren balioa igo ondoren, lehen bezala zergatan 2 milioi ordaindu behar direla; hala balitz, urtero 200.000£n txirotuko litzateke, eta beren zergak bederatziren batean haziko lirateke. Merkantzien diruzko balioa aldatzea diruaren balioa aldatuta, eta oraindik zerga-kopuru berdina biltzea, zalantzarik gabe, gizartearen gaineko zerga-karga gehitzea da.
Demagun ordea 10 milioiko errenta neto horretatik lurjabeek bost milioi eskuratzen dituztela errenta gisa, eta ekoizpenaren erraztasuna handitu delako edo laborearen inportazioak gehitu direlako, ondasun horren beharrezko kostua, lan-denboran, milioi batean murriztu dela; honelako kasu batean, errenta milioi bat eroriko litzateke, hala nola merkantzi masa ere kopuru berdinean, baina errenta netoa, zehazki, lehen bezain handia izango litzateke; sarrera gordina, egia da, 19 milioikoa besterik ez litzateke izango, eta hori erdiesteko beharrezko gastua 9 milioikoa, baina errenta netoa 10 milioikoa izango litzateke. Demagun orain 2 milioi ordaintzen direla honela murriztutako sarrera gordinetik; gizartea aberatsagoa ala txiroagoa izango litzateke? Aberatsagoa, zalantzarik gabe, zeren eta zerga ordaindu ondoren, lehen bezala, 8 milioiko sarrera gordina izango bailuke merkantziak erosten gastatzeko, hauek kopuruan igo eta prezioan jaitsiko bailirateke 20tik 19rako proportzioan; beraz, zerga handiagoa jasan lezake, eta oraindik herritarrek hobekiago horniturik egongo lirateke, oinarrizko ondasun zein tresneria gehiago izango bailukete.
Diruzko zerga berdinak ordaindu ondoren, gizartearen sarrera netoa lehen zen bezain handia bada, eta lurjabeen klaseak, errenta erori dela eta, milioi bat galtzen badu, gainontzeko klase ekoizkorren diruzko errentek gehitu egin behar dute, prezioak erori arren. Kapitalista bi eratan profitatuko da: batetik berak eta bere familiak kontsumitutako labore eta haragia merketu egingo dira, eta bestetik, bere etxeko zerbitzarien alokairuak, lorazainarenak eta beste langileenak, apalagoak izango dira ere. Bere zaldi eta abereak gutxiago kostatuko dira eta gastu gutxiagorekin mantenduko dira. Lehengaiak osagai nagusi direneko merkantzia guztien balioa erori egingo da. Gastatutako sarreren gain egin den aurrezki-kopuru hau, bere diruzko sarrera gehitzen den bitartean, bi aldetatik onuragarria izango zaio, eta bere gozamenak ugari ditzan gaitzeaz gain, zerga gehigarriei aurre egin diezaien lagunduko du ere, honela eskatzen bazaio behintzat: zergatutako merkantzien kontsumo gehigarriak berehala konpentsatuko du lurjabeen kapital-eskariaren murrizketak, hauei errenta gutxitu zaiela eta. Ohar berdinak aplikagarriak dira nekazari eta merkatari guztientzat.
Baina esan daiteke kapitalistaren sarrerak ez direla gehitu; lurjabeen errentatik deskontatutako milioia langileei ordainduko zaiela alokairu gehigarrietan! Honela izan arren, honek ez dio inolako desberdintasunik ekarriko argudioari; gizartearen egoera hobetu egingo da, eta herritarrek lehen baino erraztasun handiagoz jasan ahal izango dituzte diruzko kargak; horrek gauza bakarra frogatuko digu, alegia, oraindik desiragarriagoa dena, hau da, beste klasearen egoera, gizarteko klase garrantzitsuarenena, gehien profitatuta geratuko dela banaketa berriarekin. 9 milioiren gainetik jasotzen duen guztiak herrialdearen errenta netoa osatzen du, eta hori ezin daiteke gasta bertako errenta, zoriontasuna edo boterea gehitzeke. Bana dadin, beraz, errenta netoa gura duzun eran. Eman diezaiogun zertxobait gehiago klase bati eta gutxixeago beste bati, hala ere, ez da urrituko; lan berdinarekin merkantzi kopuru handiagoa ekoiztuko da, nahiz honelako merkantzien diruzko balio gordina murriztuko den; baina herrialdeko diruzko sarrera netoa, hain zuzen, zergak ordaindu eta asetasunak hornitzeko den fondo hori, orain, lehen baino askoz egokiagoa izango litzateke gaur egungo populazioa mantentzeko, gozamenak eta luxuak eskaini ahal izateko, eta zerga-kopuru jakin bat jasateko.
Ezin daiteke zalantzan jar kapitalista profitatzen dela laborearen balioa asko erortzen denean; baina inor ez bada kaltetuta geratzen, ez du aitzakiarik egon behar laborea garesti dadin, zeren eta kapitalistaren irabaziak nazio-irabaziak baitira eta gainontzeko irabazi guztiek egiten duten bezala, herrialdearen aberastasuna eta botere erreala gehitu egiten dituzte. Hauekin zuzengabeki profitatzen badira, azter dadin zehazki zein neurritan egiten duten, eta hortik aitzinera legegiletzari dagokio irtenbidea aurkitzea; baina ez dago politika okerragorik laborea merkea izateak eta ekoizpen ugariak dakartzaten abantaila handiak eragoztea baino, honela kapitalistak gehikuntzaren proportzio desegokia eskuratuko lukeelakoaren aitzakiapean.
Orain arte inoiz ez da saiatu kapitalaren korbonak laborearen diruzko balioaren arabera erregulatzen. Justiziak eta fede onak honelako erregulazioa eskatuko balute, zor handia edukiko genuke antzinako kapitalistekin, zeren eta mende batean baino epe luzeagoz diruzko korbona berdinak jasotzen aritu baitira kapitalista hauek, nahiz laborearen prezioa, agian, bikoiztu edo hirukoiztu den.
Dena den, oker handia da kapitalistaren egoera herrialdeko nekazari, industriari edo beste dirudun klaseena baino hobea izango dela suposatzea; errealitatean ez da honela gertatuko.
Kapitalistak, zalantzarik gabe, diruzko korbona berdina eskuratuko du, lehengai eta eskulanaren prezioa jaisten diren bitartean, hala nola lehengai horiek osagai direneko beste ondasun askoren prezioa ere. Hala ere, jadanik azaldu dudanez, hau abantaila da, eta honekin gozatu ahal izango du gastatzeko diruzko sarrera berdina duten pertsona guztiekin batera: bere diruzko sarrera ez litzateke gehituko, baina nekazari, enpresari eta lana enplegatzen duten ugazabena bai ordea, eta beraz, bi aldetatik profitatuko lirateke.
Nahiz kapitalistak irabazien igoeraren bidez profitatuta geratuko liratekeen alokairu-beherakada eman delako, esan daiteke, aldi berean beren sarrerak urritu egingo liratekeela, beren merkantzien diruzko balioa erori delako. Zein izango litzateke merkantzia hauek jaitsarazteko zergatia? Ez litzateke izango diruaren balioan eman den aldaketa, suposatzen denez ezerk ez baitu diruaren balioa aldatu. Ez litzateke izango merkantziak ekoizteko behar den lan-kantitatearen murrizketa, honelakorik ez baita burutu; eta gertatuko balitz, ez lituzke diruzko irabaziak urrituko, nahiz honela diruzko prezioa gutxi litekeen. Baina merkantziak egiteko erabiltzen diren lehengaien prezioa erori dela suposatzen da, eta beraz, hori dela eta, merkantziak jaitsi egingo dira. Egia da erori egingo direla, baina erorketa hori ez da ekoizlearen diruzko sarreraren murrizketa batekin batera burutuko. Honek bere merkantzia diru gutxiagoren truke ematen badu, merkantzia hori egiteko erabiltzen diren material horietako baten balioa erori delako da, besterik ez. Ehungileak bere ehuna 900£n saltzen badu 1.000£n saldu ordez, bere sarrera ez da txikiagoa izango, ehun hori osatzen duen artilearen balioa 100£ jaitsi bada.
Malthus jaunak honela dio: "Egia da herrialde aurreratu batean nekazaritzako ekoizpenari egiten zaizkion azken gehikuntzak ez direla errenta-proportzio handi batekin batera burutzen; eta zehazki zirkunstantzia hau da bultza dezakeena herrialde aberats bat kopururen bat labore inportatzera, baldin eta ziur badago eskaintza uniformea eskura dezakeela. Baina kasu gehienetan atzerritar laborea inportatzeak kaltegarri izan behar du nazioarentzat, bertan ekoiztea baino askoz merkeagoa izanik, ordezkatzen duen laborearen errenta eta irabaziak berdintzen ez baditu behintzat". Grounds, etab., 36. orr.
Malthus jaunaren ohar hau oso zuzena da, baina inportatutako laboreak beti askoz merkeagoa izan behar du herrialdean bertan egindakoak baino, eta "era honetan, inportazioak ordezkatzen dituen laborearen irabaziak eta beronen errentak berdindu behar ditu". Honela ez balitz, inork ez luke abantailarik erdietsiko laborea inportatzeagatik.
Errenta laborearen prezio garaiaren ondorioa den bezala, errenta-galera prezio apalaren ondorioa da. Atzerritar laborea ez da inoiz lehian sartzen errenta ematen duen etxeko laborearekin; prezio beherakadak, zalantzarik gabe, lurjabeari eragiten dio bere errenta guztia irensten duen arte; oraindik gehiago erortzen bada, prezio honek ez ditu kapitalaren ohiko irabaziak ere emango; kapitalak orduan lur hori utzi egingo du beste enpleguren batera joateko, eta lehen lantzen zen laborea, lur horietan egin ordez, inportatu egingo da. Errenta-galera egon delako, zenbatetsitako diruzko balioan, balio-galera egongo da, baina aberastasun-irabazpena egongo da. Lehengai guztien kopurua eta beste ekoizpenena, batera, gehitu egingo dira; berauek ekoizteko erraztasun handiagoa dagoelako, kantitatean gehitu arren, balio gutxiago izango dute.
Bi gizakik kapital berdinak enplegatzen dituzte, batek kapital hori merkataritzan enplegatzen duen bitartean, besteak industrian erabiltzen du. Lehenengoak urtean 1.200£ko balio netoa ekoizten du eta horietatik 1.000£ irabaziak dira eta 200£rekin errenta ordaintzen da; bigarrenak, manufakturetan urtean 1.000£ko balioa besterik ez du sortzen. Demagun inportazioen bidez, 1.200£ kostatzen den labore-kantitate berdina lor daitekeela 950£ kostatzen diren merkantzien truke; eta ondorioz, nekazaritzan enplegatzen den kapitala industriara joaten dela, eta bertan 1.000£ko balioa sor dezakeela; hala balitz, herrialdeko errenta netoa balio gutxiagokoa izango da, 2.200£tik 2.000£ra urrituko baita; baina beren kontsumorako labore- eta merkantzi kantitate berdina egoteaz gain, 50£rekin eros daitekeen merkantzi kopuru gehigarria ere izango da; hau da, atzerrira saldu ziren merkantzien balioaren eta balio horrekin erosi zen laboreak zuen balioaren arteko diferentzia.
Hau da zehatz-mehatz, laborea inportatzeak edo bertan lantzeak sortzen duen eztabaidaren ardatza, bietan baitaude abantailak; ezin daiteke inoiz inporta, baldin eta kanpoan erdiesten den kantitateak, kapital jakin bat enplegaturik, herrialdean bertan kapital berdin horrekin lortzen den kantitatea gainditzen ez badu; nekazariari egozten zaion zatia gainditu behar izateaz gain, lurjabeari errenta moduan ordaintzen zaionaren gainetik egon beharko du ere.
Malthus jaunak honakoa dio: "Adam Smithek zuhurki ohartarazi gaitu industrian enplegatutako lan ekoizkorraren kantitate berdinak ezin dezakeela nekazaritzan egingo lukeen adineko berrekoizpena kausatu". Adam Smith balioaz ari baldin bada, zuzen dago; baina aberastasunaz ari baldin bada, garrantzizko puntua alegia, oker dago; izan ere, berak definitu duenez, aberastasuna oinarrizko ondasunek, tresneriak eta bizitzeko gozamenek osatzen dute. Oinarrizko ondasun eta tresneri multzo batek ez du onesten beste multzo batekin inolako aldaketa egiterik; erabiltzeko balioa ezin daiteke patroi ezagun batez neur; izan ere, pertsona bakoitzak modu desberdinez zenbatesten du.
Oharrak
Egilearen hitzaurrea
1 XV. Kapitulua. I. zatia: Des Débouchés. Zati honek, bereziki, zenbait printzipio garrantzitsu dauka, eta nire ustez idazle ospetsu hau izan zen printzipio hauek adierazi zituen lehena.
I. Kapitulua
1 I. liburua, 5. kapitulua.
2 "Baina, nahiz lana merkantzien elkartruke-balioaren neurri erreala izan, ez da, hala ere, balioa neurri honekin zenbatesten. Sarritan zaila izaten da bi lan-kantitate desberdinen arteko proportzioa ziurtatzea. Bi lan-mota desberdinetan emandako denborak, ez du beti bakarrik proportzio hori erabakitzen. Iraupenaren maila desberdinak eta erabilitako trebezia kontutan hartu beharrekoak dira. Derrigorrez lan gehiago izango du ordubeteko lan astunak bi orduko lan arinagoak baino; edo jarduera jakin bateko lan-ordu batek ikasteko hamar urte eskatzen baldin baditu, ikasteko guztiz arrunta delako hilabete eskatzen duen beste jarduera batekoak baino. Baina ez da batere erraza neurri zehatza aurkitzen, nahiz lan gogorra
edo erraza izan. Hala ere, lan-mota desberdinetako ekoizkin desberdinen arteko elkartrukean, normalki, zenbait doikuntza ematen da. Baina doikuntza hori ez da neurri zehatz batean burutzen, merkatuko tirabiren arabera baizik; hau dena zehaztasun gabeko berdintasun baten arabera ematen da eta nahikoa da bizitza arrunteko negozioak burutzeko". Wealth of Nations, I. liburua, 10. kapitulua.
3 Wealth of Nations, I. liburua, 10. kapitulua.
4 Ez da zatiketa garrantzitsua eta bertan ezin daiteke bereizketa zuzena marraztu.
5 Hemen ikusten dugu zergatik dauden herrialde zaharrak etengabe makineria enplegatzera behartuta, herrial-
de berriak eskulan ugari enplegatu beharrean dauden bitartean. Gizakien mantenurako horniketa egiteko zailtasunak handitzen diren heinean, lan gehiago behar da eta eskulanaren prezioa, derrigorrez, igo egiten da, eta honen ondorioz makineria erabiltzeko tentazioa areagotu egiten da. Beraz, gizakiak mantentzeko dauden zailtasunek etengabe eragiten dute
herrialde zahar guztietan; aldiz, herrialde berrietan, populazioaren hazkuntza handia eman daiteke lanaren alokairuak batere igotzeke. Zazpi, zortzi eta bederatzigarren milioirainoko populazioarentzako hornigaiak lortzea, bi, hiru edo lau milioi pertsonentzat lortzea bezain erraza izan daiteke.
6 Malthus jaunak doktrina hau azpimarratzen du: "Nahikeriaz merkantzia batean enplegatu dugun lanari “bere balio erreala” dei diezaiokegu, baina honela egiten badugu gure hitzak zentzu desberdinetan erabiltzen ditugu, ohituraz erabiltzen direnekin alderatzen baditugu behintzat; sarritan, kostu eta balio kontzeptuak nahasten ditugu, honek duen garrantziarekin; eta ia ezinezkoa egiten zaigu aberastasuna ekoizteko pizgarri nagusia dena gardentasunez azaltzea; izan ere, bereizketa honen menpe baitago".
Dirudienez, nire doktrinan gauzaren kostua eta balioa berdinak direla diodala pentsatzen du Malthus jaunak; hala da, kostua, irabaziak barne, "ekoizpen-kostua" dela esan nahi badu. Goragoko pasartean hau da, hain zuzen, adierazten ez duena, eta beraz, argi eta garbi ez dit ulertu.
II. Kapitulua
1 "Lurra, jadanik ikusi dugunez, ez da Naturan ekoizpen-ahalmenaren eragile bakarra, eta gizaki batzuek berentzat hartzen dutena bakarra edo ia bakarra da gainontzekoak saihesten dituzten bitartean; ondorioz, bere irabaziez jabe daitezke. Ibai edo itsasoetako urek, zeintzuk, beren indarra dela eta, gure makinak mugitzen dituzten, hala nola gure untziak ekarri, gure arrainak elikatu eta abar, hala ere, badute ekoizpen-ahalmena; baina, zorionez, oraindik inork ez du gure artean esan: "haizea eta eguzkia nireak dira, eta beraz, horiek ematen duten zerbitzua niri ordaindu behar didazue". Economie Politique, J.B. Sayrena, II. bolumena, 124. orr.
2 Ondorengo pasartean Say jaunak ez al du ahaztu ekoizpen-kostuak, azken buruan, prezioa erregulatzen duela? "Lurrean enplegatzen denean eskulanak bere propietate berezia du; hain zuzen, urriagoa egiten du garestiago bihurtzen ez dena, populazioa murriztu egiten delako elikagaiak gutxitu ahala, eta ondorioz, eskatutako ekoizkin hauen kopurua gutxitu egiten da, eskainitakoak gauza bera egiten duen bitartean. Gainera, ez gara ohartzen laborea garestiagoa dela lurra lantzeke dagoen tokietan, guztiz landuta dagoen tokietan baino. Ingalaterra eta Frantziako lurrak okerrago zeuden landuta Erdi Aroan orain baino; lehengai gutxiago ekoizten zuten orduan orain baino: hala ere, edozer izanda ere beste gauzen balioa erkatzeko erabiliko dugun neurria, laborea ez zen garestiago saltzen. Ekoizkina urriagoa bazen, hala zen populazioa ere; eskariaren ahuleziak orekatzen zuen eskaintzaren eskasia" (II. bolumena, 338. orr.). Say jauna hunkituta geratu da merkantzien prezioa lanaren prezioak erregulatzen duela aitortzen duten pertsonen iritziarekin; eta beraz, karitatezko erakunde guztiek populazioa egoera normalean haziko litzatekeena baino gehiago handitzen dutela suposatzen bada, haatik, alokairuak jaitsaraziko ditu; honakoa dio: "Susmoa dut Ingalaterratik datozen ondasunen merketasuna, hein batean, herrialde honetan karitatezko erakunde ugari daudelako dela" (II. bolumena, 277. orr.). Iritzi hau guztiz sendoa da prezioa alokairuek erregulatzen dutela mantentzen dutenen artean.
3 "Nekazaritzan ere", dio Adam Smithek, "Naturak gizakiarekin batera lana egiten du; eta nahiz bere lanak kosturik ez duen, bere ekoizpenak bere balioa du, langile garestienak duen bezala". Naturaren lana gutxi egiten duelako ordaintzen da, ez asko egiten duelako. Bere opariak emateko eskaskeria azaltzen duen neurrian, bere lanarengatik prezio altuagoa eskatzen du. Baina, lan hori ugaria denean, beti dohainik egiten du lana. "Abereak nekazaritzako lurrak lantzeko erabiltzen direnean, ez da bakarrik sortzen, langileak manufakturan bezala, bere kontsumorako balio berdina berrekoizteko adina, edo hor bertan enplegatzen den kapitalari eusteko adina; bere jabeari ematen dizkion irabaziez gain, balio askoz handiagoa ere sortzen baita: nekazariaren kapital eta beronen irabazi guztiez gain, lurjabeari dagokion ohiko errenta ere berrekoizten dute. Izan ere, errenta hau Naturaren ahalmen hauen ekoizkina bailitzan kontsidera daiteke; lurjabeak nekazariari lurra mailegutan ematen diolako ordainduko du errenta. Bestalde, errenta hau handiagoa edo txikiagoa izatea ahalmen honen menpe egongo da, edo beste hitz batzuetan, lurraren emankortasun natural edo artifizialaren araberakoa izango da. Azken finean, Naturak egiten duen lana geratzen da, gizakiaren lan gisa erabili den guztiak sortutakoa kendu edo konpentsatu ostean. Ekoizkin osoaren laurdena baino txikiagoa gutxitan izaten da, eta sarritan honen herena baino handiagoa. Ekoizpenean enplegatzen den kantitate berdineko lan ekoizkorrak ez du beti aukerarik izaten hainbesteko berrekoizpenik sortzeko. Hemen Naturak ez dauka ezer ikustekorik, dena gizakiak egiten baitu; eta berrekoizpenak, beti, bera sortzen duten eragileen indarraren proportzioan egon beharko du. Beraz, nekazaritzan enplegatzen den kapitalak ez du bakarrik edozein ekoizpenetan enplegatzen den kapital-kopuru berdinak baino lan-kopuru ekoizkor handiagoa jardueran ipintzen; gainera, enplegatzen duen lan ekoizkorrak, proportzioan, urteko herrialdeko lan eta lurraren ekoizpenaren balio handiagoa erantsiko die herrialde horretako biztanleen aberastasun erreal eta errentari. Gizartearentzat kapitala enplegatzeko modu onuragarriena nekazaritzan erabiltzea da, nabarmen gainera." (II. liburua, 5. kapitulua, 15. orr.).
Zerbait egiten al du Naturak manufakturan gizakiarentzat? Haize eta uraren ahalmenak, zeintzuek gure makineria mugitu eta itsasgintzan laguntzen duten, ez al dira bada ezer? Atmosferaren presioak eta lurrunaren elastikotasunak, zeintzuek motore ezin hobeei lan eginarazten dieten, ez al dira bada Naturaren dohainak? Zer esanik ez beroaren eraginari buruz metalak urtzean eta biguntzean, edo atmosferaren deskonposaketak fermentazio eta koloretan. Ez dago merkantziarik zeinen gain Naturak gizakiari laguntzarik ematen ez dion, eta, gainera, laguntza hori eskuzabala eta dohainik egindakoa izaten da.
Nik Adam Smithi hartu diodan pasarte horri Buchanan jaunak honako ohar hauek egiten dizkio: "Laugarren bolumenean azaltzen diren lan ekoizkorra eta ez-ekoizkorra ikusi ostean, erakutsi behar dut nekazaritzak ez diola nazio-kapitalari beste edozein industriak baino gehiago eransten, ezta gutxiago ere. Gizartearentzat errentaren berrekoizpena arras onuragarria dela defenditzerakoan, Smith doktoreak ez du behar bezala isladatzen errenta prezio altuaren ondorio dela, eta lurjabeak honela irabazten duena, komunitate osoaren gain irabazten duelako dela. Gizartearentzat ez dago inolako irabazirik errentaren berrekoizpenarekin; klase bakar batek eskuratzen ditu irabaziak, beste klase guztien gain eta kaltetan hain zuzen. Lurgintza-prozesuan Naturak giza jarduerarekin lehiatzen duelako nekazaritzak ekoizkina sortzen dueneko ideia, eta horren ondorioz errenta, fantasia hutsa besterik ez da. Errenta ez da ekoizpenetik eratortzen, saltzen diren ondasunen preziotik baizik; eta prezio hau ez da lortzen Naturak ekoizpenean laguntzen duelako; prezioak eskaintzari kontsumoa lotzen diolako baizik".
4 Printzipio hau behar den moduan ulertzeak ekonomia politikoaren zientziarentzat ezinbesteko garrantzia du.
5 Espero dut nik esandakotik ez ulertzea lurjabeentzat nekazaritzan egiten diren era guztietako hobekuntzen garrantzia desbalioztatzen dudala; hobekuntza hauen berehalako ondorioa errenta urritzea da, baina populazioari bultzada handia ematen diotenez eta aldi berean lan gutxiagorekin kalitate kaskarragoko lurrak lantzeko pizgarriak daudenez, azken finean, lurjabeentzat onuragarri bihurtzen da. Hala ere, denboraldi batez, egoerak kaltegarriak izango dira berarentzat.
6 Hau benetako egia bihurtzeko eta diruzko eta laborezko errenta zenbat mailatan aldatzen den ikusteko, demagun hamar langileren lanak, lur kalitate jakin batean, 180 laurden labore lortzen dituela; laurden bakoitzaren balioa 4£koa dela, eta beraz, orotara, 720£; beste hamar langile gehigarriren lanak, lur berean edo beste batean, lehengoaz gain 170 laurden labore ekoizten dituela; laborea, orduan, 4£tik 4£ 4s. 8d.ra igoko da 170 laurden horientzat; izan ere, 170:180:: 4£:4£ 4s. 8d. da; edo 170 laurden ekoizteko 10 langileren lana behar da, kasu batean, eta 9,44 langilerena bestean, eta igoera 9,44tik 10era emango bailitzan izango da, edo 4£tik 4£ 4s.8d.ra. 10 langile gehiago enplegatuko balira eta etekina hurrengoa balitz:
160, prezioa 4£ 10 0ra igoko litzateke
150, prezioa 4£ 16 0ra igoko litzateke
140 prezioa 5£ 2 10era igoko litzateke
Lurrak 180 laurden ematen zituenean eta laurdenak 4£ balio zuenean, errentarik ez bazen ordaintzen, 10 laurdenen balioa errenta gisa ordainduko zen; orduan, 170 laurden lor zitezkeen, 4£ 4s. 8d bazen laurdenaren balioa, zein dirutan 42£ 7s 6d izango zen.
-20 laurden 160 ekoiztutakoan, prezioa 4£ 10 0 balitz, dirutan 90£ 0 0 izango lirateke.
-30 laurden 150 ekoiztutakoan, prezioa 4£ 16 0 balitz, dirutan 144£ 0 0 izango lirateke.
-40 laurden 140 ekoiztutakoan, prezioa 5£ 2 10 balitz, dirutan 205£ 13 4 izango lirateke.
Laborezko errenta honelako 100, 200, 300, 400 proportzioan gehituko litzateke eta diruzko errenta 100, 212, 340, 485 proportzio honetan.
V. kapitulua
1 Herrialde batentzat ezinbestekoak diren etxebizitza eta jantziak, beste batentzat ez dute zertan halakoak izan behar, eta langile batek Hindostanen lasai eta indartsu lanean jarrai dezake, nahiz hor eskuratzen dituen alokairu natural horiekin nahikoa ez izan Errusian bizirauteko. Klima berdinean kokatutako herrialdeek bizitzeko ohitura desberdinak badituzte, lanaren prezio naturalak ere desberdinak izango dira; eta diferentzia hauek zergati naturalak sortuak bailiren izango da. 68. orr. R. Torrensen An Essay on the External Corn Trade. Gai hau guztia askoz hobeto ilustratzen digu Colonel Torrensek.
2 Hurrengo pasartean, Buchanan jaunarekin bat nator behin-behineko miseria egoeraz ari denean: "Langilearen egoera tamalgarriena bere txirotasunetik eratorria da, eta berau elikagai-urritasunak sortzen du; herrialde guztietan hamaika lege onartu dira egoera hori arintzeko asmoz. Baina badaude, egon ere, legeak arin ezin ditzakeen miseria egoerak; eta horregatik, baliagarria da mugak non diren jakitea, bestela, ahaleginak egiten ari gintezke heldu ezinezko xedetara iritsi nahian, eta hortik indargaltzea datorke". Buchanan, 61. orr.
3 1796tik aurrera gai honi buruz Diputatuen Etxean aitortu diren ezagutzaren aurreramenduak ez dira
batere txikiak izan, eta hala ikus dezakegu txiroen legeaz aritu den batzordearen azken txostena, eta urte hartan Pitt jaunak azaldu zituen sentimendu hauek kontrastatuz gero: "Demagun ohore- eta eskubide-gaiak direla eta, haur-kopuru batentzat laguntzak ematen direla atsekabe eta mesprezuaren ordez. Honek familia handi bat bedeinkagarri egingo du, madarikatu baino; eta honek berak bereizketa-lerroa marraztuko du, bere lanaren kontura bizitzeko gai diren eta herrialdea haur-kopuru handi batekin hornitu ostean, berauen mantenurako laguntza izateko eskubidea izango dutenen artean". Handsarden Parlamentary History, XXXII. bolumena.
VI. kapitulua
1 Gaia erraztekotan, irakurleak gogoan izan behar du diruaren balioa aldagaitza bezala hartzen dudala, eta beraz, prezioaren aldaketa guztiak merkantziaren balioak dituen aldaketek sorrarazten dituztela.
2 Irakurlea jakinaren gainean dago alde batera uzten ditugula sasoi on eta txarraren ondorioz burutzen diren nahigabeko aldaketak, edo populazioaren tamaina aldatu ostean ohartzeke eskaria igo edo gutxitzeak. Gu laborearen prezio natural eta konstanteaz ari gara, ez edozein gora-beheren ondorioz burutzen den prezioari buruz.
3 Gorago aipatutako laborearen balio aldaketaren ondorioz 180 laurden labore honako proportzio hauetan zati daiteke lurjabe, nekazari eta langileen artean.
Laurdenaren prezioa Errenta Irabaziak Alokairuak Orotara
£ s d garizkoa garizkoa garizkoa
4 10 10 ezer ez 120 laurden 60 laurden
4 14 18 10 laurden 111,7 58
4 10 10 20 103,4 56,6 180
4 16 10 30 195 55
5 12 10 40 86,7 53,3
Egoera berdinetan, diruzko errenta, alokairuak eta irabaziak honako hauek izango lirateke.
Lsd. prezioa Errenta Irabaziak Alokairuak Orotara
£ s d £ s d £ s d £ s d £ s d
4 10 10 ezer ez 480 10 0 240 0 0 720 10 0
4 14 18 142 17 6 473 10 0 247 0 0 762 17 6
4 10 10 190 10 0 465 10 0 255 0 0 810 10 0
4 16 10 144 10 0 456 10 0 264 0 0 864 10 0
5 12 10 205 13 4 445 15 0 274 5 0 925 13 4
VII. kapitulua
1 Ikus Adam Smithen I. liburua, 9. kapitulua.
2 Honek azalduko digu, beraz, herrialde batek makinerian eta trebezian abantaila nabariak baldin baditu, eta abantaila hauen bidez merkantziak bere auzokoak baino lan gutxiagorekin ekoizteko gai bada, herrialde honek merkantzia hauen ordez lortuko dituen mozkinekin, kontsumitzeko behar duen laborea inportatuko duela, nahiz eta herrialde horretako lurra emankorra izan, eta laborea inportatzen dueneko herrialdean baino lan gutxiagorekin erdietsi. Bi gizakiek oinetakoak eta kapelak, biak, egin ditzakete, eta bata bestea baino bizkorragoa izan daiteke bi enpleguetan; baina batek bestea kapelak egiten bosten batean gaindi dezake, edo ehuneko 20an eta oinetakoak egiten ere, pertsona berak bestea heren batean edo ehuneko 33an gaindi dezake; ez al zaie biei interesatzen gizaki bizkorrena oinetakoak bakarrik egiten enplegatzea, motelena kapelak egiten enplegatzen den bitartean?
VIII. kapitulua
1 Ulertu behar da herrialde bateko ekoizpen guztia kontsumitu egiten dela; baina diferentzia kontsumitzen duten horiek beste baliorik sortzen duten jakin behar da.
Errenta aurreztu eta kapitalari erantsi zaiola diogunean, zera adierazi nahi dugu: errentaren zati bat, aurreztutakoa, kapitalari erantsi zaiola, eta beraz, langile ekoizkorrek kontsumitu dutela, ez ordea ez-ekoizkorrek. Ezin daiteke oker handirik egon kapitala kontsumo-ezak inkrementatzen duela suposatzen bada. Lanaren prezioa hain gora joaten bada, eta ondorioz, kapitala handitu arren ezin bada langile gehiago enplegatu, kapital-gehikuntza hau oraindik ere modu ez ekoizkorrean kontsumituko litzatekeela esan liteke.
IX. kapitulua
1 Merkantziak zergatu direla eta, prezioz igotzen badira, beren zirkulaziorako diru gehiago beharko ote den zalantzan ipini daiteke.
XI. kapitulua
1 18 laurden 4£ 8s. 10 2/3d.n.
2 9 laurden 4£ 8s. 10 2/3d.n.
XIV. kapitulua
1 V. liburua, II. kapitulua
XV. kapitulua
1 Lurjabearentzat guztiz onuragarria izango litzateke bakarrik nekazariaren irabaziak zergatuko balira, eta ez beste inolako kapitalistarenak. Izan ere, lehengaien kontsumitzaileen gaineko zerga izango litzateke hori, hein batean estatuarentzat onuragarria, eta beste hein batean lurjabeentzat.
2 Burutazio sakonagoa eginez, zalantza egiten dut diru gehiago behar ote den merkantzi kopuru berdina zirkulatzeko, beren prezio-igoera zergagatik bada, eta ez berauek ekoizteko zailtasunengatik. Demagun 100.000 laurden labore auzo batean eta denbora jakin batean saldu behar direla, laurdena 4£n; eta 8s.ko zerga zuzen bat ezartzen bazaio laurden bakoitzari, laborearen prezioa 4£ 8s.ra igoko da; orduan, nire ustez, diru-kopuru berdina beharko litzateke labore-kopuru horiek zirkulatzeko, eta ez gehiago, nahiz bere prezioa igo. Nik lehen 11 laurden 4£n erosten banituen eta zerga ipini delako nire kontsumoa 10 laurdenera murriztu bada, ez dut diru gehiago beharko, nolanahi ere nik 44£ ordainduko baitut nire laborearengatik. Publikoak, benetan, hamaikaren bat gutxiago kontsumituko luke, eta gainontzekoa gobernuak kontsumituko luke. Hau erosteko gobernuak behar duen dirua, kontsumitzaileak laurden bakoitzeko ordaindu dituen 8s.tik aterako da, eta nekazarien bidez jasoko du gobernuak zerga hau, laborearen prezio osoaren barnean egongo baita; beraz, ezarritako zerga hau nekazariei ordainduko zaie laborea erosten zaienean; haatik, zerga hau gauzazkoa da eta horregatik ez da beharrezkoa diru gehiago zirkulazioan ipintzea; eta zerbait gehiago behar bada, oso gutxi izango da, hain zuzen, arbuia daitekeena.
XVI. kapitulua
1 Badirudi Say jaunak honi buruzko iritzi orokorra bere egin duela. Laboreaz mintzatzean honela dio: "Hortik ateratzen da beronen prezioak gainontzeko merkantzia guztien prezioen gain eragiten duela. Nekazari batek, ekoizle batek edo merkatari batek, langile-kopuru bat enplegatzen du eta hauek guztiek aukera dute labore-kopuru bat kontsumitzeko. Laborearen prezioa igotzen bada, bera ere behartuta egongo da bere ekoizpenaren prezioa igotzera, proportzio berdinean gainera". I. bolumena, 255. orr.
2 Guztiz egia izan gabe, zerga hauek ia ez lukete lurjabe eta kapitalisten gain eraginik izango.
3 Say jaunak honakoa dio: "Merkantzia baten prezioari zerga bat eransten bazaio, bere prezioa igo egingo da. Merkantziaren prezio-igoera guztiek, merkantzia hori erosi gura duten pertsonen kopurua urritu egiten dute, edo, gutxienez, kontsumituko duten ondasun-kopurua murriztu egingo da". Nolanahi ere, hau ez da derrigorrezko ondorioa izango. Ez dut uste ogia zergatu ondoren bere kontsumoa ehuna, ardoa edo xaboiaren kontsumoa baino gehiago murriztuko litzatekeenik, hauek ere zergatuko balira.
4 Egile berak egin duen ondorengo oharrari okerra deritzot: "Kotoia zerga handi batekin zamatzen denean, kotoia oinarrizko osagai deneko merkantzia guztien ekoizpena murriztu egiten da. Edozein herrialdetan kotoiari eransten zaion balio osoa beronen manufaktura ezberdin guztietan urteko 100 milioi franko balira, eta zergaren eragina bere kontsumoa erdira jaistea balitz, zergak herrialdeari urteko 50 milioi franko urrituko lizkioke, hain zuzen, gobernuak eskuratuko duenari gehitzeko kopurua". II. bolumena, 314. orr.
XVII. kapitulua
1 Say jaunak azpimarratzen du: "Ekoizlea ez da gai kontsumitzailea behartzeko bere merkantzien gain ezarri den zerga ordaintzera, gehitutako prezioak bere kontsumoa urritu egingo duelako". Ez al da kasu honetan, kontsumoa urritu ondoren, eskaintza ere berehala gutxituko? Zergatik jarraitu behar du ekoizleak jarduera horretan, bere irabaziak maila orokorretik behera erori baldin badira? Hemen, badirudi, Say jaunak ahaztu egiten dituela beste tokietan defenditzen dituen doktrinak; hau da, "ekoizpen-kostuak prezioa erabakitzen duela, eta prezio horretatik behera merkantziak ezin daitezkeela denbora luzean manten, ekoizpena bertan behera geratuko litzatekeelako, edo gutxituta". II. bolumena, 26. orr.
"Kasu honetan, zerga, partzialki, kontsumitzailearen gain erortzen da, zergatutako merkantziarengatik gehiago eman behar duelako; eta partzialki ekoizlearen gain, preziotik zerga kendu ondoren gutxiago eskuratuko baitu. Altxor publikoa hobetu egingo da, alde batetik erosleak gehiago ordaintzen duelako, eta bestetik, ekoizleak bere irabazien zati bat sakrifikatu behar duelako. Hau polboraren bulkada bezala da: bala eta kainoiaren gain eragiten du aldi berean, lehena bere xedera proiektatzen duelako eta bestea atzeko aldera". II. bolumena, 333. orr.
2 Melonek dioenez, "nazio baten zorrak eskuineko eskuak ezkerrarekin dituenak dira, eta zor horiengatik gorputza ez da ahultzen. Egia da interesak ordaindu behar direnean, zorra atzeratzen dela eta, nazioko aberastasun orokorra ez dela gutxitzen. Dibidendua, zergaburuarengandik nazio-hartzekodunarengana joaten den balioa da. Gizartearentzat ez du garrantzirik zergaburua edo nazio-hartzekoduna den metatzen duena edo kontsumitzen duena; baina, zer egin da zorraren printzipalarekin? Ez da gehiago existitzen. Maileguari jarraitu dion kontsumoak kapitala suntsitu egin du, eta ez du gehiago errentarik sortuko. Gizarteari ez zaizkio interesak kentzen, hauek esku batetik bestera igarotzen baitira, baina kapitalak sortuko lukeen errenta, hori kendu egiten zaio. Estatuari mailegua egin zionak kapital hau ekoizkorki enplegatu izan bazuen, errenta berdin eskuratuko zuen, baina sarrera horiek ekoizpen errealetik etorriko ziren, eta ez hiritar baten patrikatik". Say, II. bolumena, 357. orr. Hau guztia benetako zientziaren izpirituarekin eratuta eta azalduta dago.
3 "Kreditua orokorrean ona da, maileguan eman ondoren, kapital hori inon enplegatuko ez zuen eskuetatik ekoizkorki enplegatuko duen pertsonaren eskuetara igarotzen baita: kapitala kapitalistarentzat bakarrik baliagarria den enplegu batetik erretiratzen da, fondo publikoetako inbertsiotik bezala, eta industriariaren eskuetan ekoizkor bihurtzen da. Kapital guztiak enplegatzeko erraztasunak ematen ditu kredituak, eta ez da ezer enplegatzeke uzten" Economie Politique, 463. orr., II. bolumena, 4. argitalpena. Honek Say jaunaren ezusteko bat izan behar du. Izan ere, akziodun batek ez du inoiz kapitala ekoizkorra bihurtzen, ez baita benetako kapitala. Bere akzioa salduko balu, eta honela erdietsitako kapitala ekoizkorki enplegatu, hori, akzioaren erosleari kapitala enplegu ekoizkor batetik aterarazita egin ahal izango luke.
4 "Manufaktura-industriak bere ekoizpena eskariaren proportzioan gehitu egiten du, eta prezioa erori egiten da; baina lurraren ekoizpena ezin daiteke honela gehi; eta horregatik prezio garaia beharrezkoa da, kontsumoak ez dezan eskaintza gaindi". Buchanan, IV. bolumena, 40. orr. Nola liteke Buchanan jaunak serioski ziurtatzea lurraren ekoizpena ezin daitekeela gehi eskaria handitzen bada?
5 Nahiago nuke "irabazi" hitza baztertuko balitz: Smith doktoreak suposatzen du mahasti baliagarri horietako maizterren irabaziak irabazi orokorraren gainetik daudela. Honela ez baleude, ez lukete zergarik ordainduko, baldin eta ezin badiote lurjabeari edo kontsumitzaileari trasladatu.
6 III. bolumena, 355. orr.
XVIII. kapitulua
1 Liburu honen aurreko alde batean aipatu dut benetako errentaren diru-kopuruaren eta lurjabeari maizterrak ordaintzen dion diru-sariaren arteko diferentzia; diru-sari hau, lurjabearen inbertsioak maizterrari sortarazten dizkion abantailengatik da; baina, agian, ez ditut behar den bezala azaldu kapital hori erabil litekeen modu desberdinak. Kapitalaren zati bat lurrean inbertitzen denean, beronen baitan geratzen da, eta lurraren ekoizpen-ahalmena gehitu egiten du; kasu honetan, lurjabeari ordaintzen zaion diru-saria errentaren izaera osoa du, eta beraz, errentaren lege guztien ezaugarriak betetzen ditu. Berdin dio hobekuntza horiek lurjabe edo maizterraren kontura eginak izan, hobekuntza ez baita egiten hasiko, baldin eta probabilitate handiak ez badaude, lur horretatik lortuko den etekina, eta kapital-kopuru berdina beste enplegu batean erabilita erdiets daitekeen etekina, gutxienez, berdinak ez badira; baina inbertsioa egin ondoren, errendimenduak beti errentaren izaera izango du, eta errentak dituen aldaketa guztien menpe egongo da. Honelako gastu batzuek, hala ere, lurrari denboraldi mugatu baterako abantailak ematen dizkiote, eta ez dizkiote betiko eransten ahalmen ekoizkor horiek: eraikinei erantsitakoak edo hobekuntza desagergarriak direnean, etengabe berritu behar dira, eta beraz, lurjabeak ez du iraunkorki jasoko gehigarri hori bere errenta errealean.
XIX. kapitulua
1 "Merkataritzak merkantzia bat aurkitu behar den tokian lortzeko, eta kontsumituko deneko beste leku batera eroateko gaitzen gaitu; merkataritza honek, beraz, merkantziaren balioa gehitzeko ahalmena ematen digu, eta gehikuntza hori lehenengo tokian duen prezioaren eta bigarrenean duenaren arteko diferentzia izango da". Say jauna, II. bolumena, 458. orr. Hau egia da. Erabateko egia, baina nola ematen zaio balio gehigarri hori? Lehenik, ekoizpen-kostuari garraio-kostuak erantsi behar zaizkio; bigarrenik, merkatariak aurreratu duen kapitalaren gaineko irabaziak erantsi behar zaizkio. Merkantzia hau baliagarriagoa da edozein merkantzia baliagarriagoa bilaka daitekeen arrazoi berdinarengatik, hau da, lan gehiago gastatu delako bere ekoizpen eta garraioan, kontsumitzaileak kontsumitu aurretik. Hau ez da merkataritzaren abantaila bezala hartu behar. Gaia hurbilagotik aztertzen denean, ikusiko da merkataritzako irabazi guztiak bitartekoak direla; izan ere, merkataritzaren bidez ez ditugu gauza baliagarriagoak lortuko, bai ordea erabilgarriagoak.
2 Encyclopedia Britannica-ren azken bolumenaren gehigarriko "Corn Laws and Trade" artikuluan, honelako iradokizun eta ohar ezin hobeak daude: "Geroko denboraldiren batean pentsatu beharko genuke gure urratsak berreratzeko, denbora izan dezagun lantzen ditugun lur txiroetatik kapitala erretiratu eta enplegu aberasgarriagoetan inbertitzeko, eta xede horretarako zerga-eskubideak mailaka murrizteko neurriak har daitezke. Zerga-eskubiderik gabe onar daitekeen kanpo-laborearen prezioa 80s.tik, bere gaurko muga, urteko 4s. edo 5s.n urri daiteke laurden bakoitza, hain zuzen 50s.ra iritsi arte; eta orduan itsasportua segurtasunez ireki liteke, eta sistema mugatzailea betiko desagertu. Zorioneko gertakizun hau burutzerakoan, ez da natura gehiago behartu beharrik egongo. Herrialdeko kapitala eta jarduera, herrialdeak dituen industri saila egokietara joango dira; eta sail hauetan geure egoera fisikoa, nazio-eitea, edo erakunde politiko erabat nabarmena izango da. Poloniako labore eta Carolinako kotoi gordina Birminghameko alanbrearekin eta Glasgoweko muselinarekin ganbiatuko dira. Jatorrizko merkatal izpiritua, zeinek nazioaren aberastasuna ziurtatzen duen, ez dator bat monopolio-politika ilun eta ezkutuarekin. Lurreko nazioak erresuma bereko probintziak bezalakoak dira, elkartrukea librea eta oztoporik gabekoa denean, orokorki nahiz lokalki onuragarria baita". Artikulu guztiak duintasun handia du; oso aberasgarria da; trebetasunez idatzirik dago, eta bere egilea gai honetan maisu handia dela erakusten digu.
3 Lurrean finko bihurtzen den edozein kapitalak, errenta-kontratua amaitzen denean nahitanahiez lurjabearena izan behar du, eta ez maizterrarena. Edozein izanda ere lurjabeak bere kapitalarengatik eskuratuko duen konpentsazioa, bere lursail hau berrakuratzen duenean errenta moduan azalduko da; baina errentarik ez da ordainduko, harik eta kapital jakin batekin, bertan lor daitekeen kopurua baino handiagoa ekarri ahal bada kanpotik. Gizartearen egoerak laborea inportatzera behartzen badu, eta 1.000 laurden lortu ahal badira kapital jakin bat enplegatuta, eta lur horrek, kapital berdina enplegatuta, 1.100 laurden ematen baditu, 100 laurden derrigorrez errentara joango dira; baina kanpotik 1.200 ekarri ahal badira, orduan, lur hau lantzeari utzi egingo zaio, zeren eta lur horrek ez baitu irabazi-tasa orokorra emango. Baina hau ez da desabantaila, handia izan arren lurrean gastatu den kapitala. Izan ere, kapital hori guztia gastatu da ekoizpena handitzea espero delako -ez da ahaztu behar helburua hori dela-; zein da, beraz, gizartearentzat izan dezakeen garrantzia bere kapitalaren erdiak balioa murrizten duenean, edo balio hori erabat galdu, azken finean, urteko ekoizpen-kopuru handiagoa lortzen bada? Kapital-galera gaitzesten duten horiek, kasu honetan, xedea bitartekoekin sakrifikatzen ari dira.
4 Laborearen inportazioak murrizteko politika desegokiari buruz argitaratu diren lanen artean gaituena, Major Torrensen Essay on the External Corn Trade da. Bere argudioak, nire ustez, erantzungabeak eta erantzunezinak dira.
XX. kapitulua
1 Adam Smithek zera dio: "Merkantzia eta lanaren prezio erreal eta nominalaren arteko diferentzia ez da espekulaziorako gai hutsa, batzuetan zenbait erabilpen izan baititzake praktikan". Ni bat nator berarekin; baina lan eta merkantzien prezio erreala ez da beren ondasunezko prezioarekin zenbatesten -Adam Smithen neurri errealarekin hain zuzen-, urrezko eta zilarrezko prezioarekin baino hobeto -Smith doktorearen neurri nominalarekin-. Langileak bere lanarengatik benetako sari altua jasotzen du, bakarrik bere alokairuarekin lan askoren ekoizpena eros dezakeenean.
2 I. bolumenaren 108. orrialdean, Say jaunak, gaur egun zilarrak duen balioa eta Louis XIV. erresuman zuena berdinak direla ondorioztatzen du: "Zilar-kopuru berdinak labore-kopuru berdina erosiko duelako".
3 Eléments d’Ideologie, IV. bolumena, 99. orr.- Lan honetan M. de Tracyk Ekonomia politikoko printzipio orokorrak era erabilgarriz eta tajuz moldaturik ematen ditu; eta ni, bere autoritatea dela eta penaz egon arren, beharturik nago Say jaunak "balioa", "aberastasuna" edo "erabilgarritasuna" definitzeko erabiltzen dituen hitzak bere egiten dituela gehitzera.
4 "Metalak suaren bidez nola biguntzen ziren ikasi zuen lehen gizakia, ez zen izan metala urtzeko prozesu honetan sortzen den balioaren sortzaile. Izan ere, balio hori prozesu fisiko baten emaitza da; prozesu honetan, suaren jarduerari lanarena eta kapitalarena erantsi behar zaizkio, hauek baitute metalari erabilpena ematen dionaren ezagupena".
"Oker honetatik Adam Smithek ondorio faltsu hau atera du: ekoizpen guztien balioak antzinako nahiz gaur egungo gizakiaren lana adierazten du; edo beste hitz batzuetan, aberastasuna lan- metatua besterik ez dela esatea ere ez da zuzena; hortik bigarren ondorio batera heltzen da, eta hori ere faltsua da: lana aberastasunaren neurri bakarra da, edo ekoizpenaren balioarena". (IV. kapitulua, 31. orr.). Say jaunak ateratzen dituen ondorioak berdinak dira, eta ez dira Smith doktorearenak; horiek zuzenak dira bereiztasunik ez bada egiten balio eta aberastasunaren artean, eta pasarte honetan Say jaunak ez du hori egiten: baina Adam Smithek aberastasuna gizartearentzat ondasun-, tresneri eta gozamen-ugaritasun bezala definitu arren, makineriak eta eragile naturalek herrialdeko aberastasuna gehi lezaketela onartu zuen; hala ere, ez zuen onetsiko bi faktore horiek aberastasun horren balioari ezer erantsiko lioketenik.
XXI. kapitulua
1 Adam Smith Holandak aurrean daukan egoeraz mintzatzen da, herrialde horretan irabaziak erori egin direlako kapital-metaketaren ondorioz, eta enplegu bakoitza larkargaturik dagoelako. "Gobernuak ehuneko 2an hartzen ditu maileguak, eta kreditua duen jende pribatuak ehuneko 3an". Baina gogoratu behar da Holanda behartuta zegoela ia kontsumitzen zuen labore guztia inportatzera; eta langilearen oinarrizko ondasunei zerga handiak ezarri zitzaizkienez, lanaren alokairuak gehiago igo egin ziren. Gertakizun hauek nahikoak dira irabazi- eta interes-tasa hain apalak izatearen zergatiak azaltzeko.
2 Hurrengo hau bat etor al daiteke Say jaunaren printzipioarekin? "Erabilgai diren kapitalak proportzioan ugariagoak dira enplegatzeko eskatu nahi direnak baino, eta ondorioz, apalagoa izango da maileguen interes-tasa". (II. bolumena, 108. orr.). Herrialde batean kapitala edozein neurritan enplegatu ahal bada, nola esan daiteke ugaria dela bera enplegatzeko aukerekin alderatzen badugu?
3 Adam Smithek honela dio: "Industria bateko ekoizpenak herrialdeak duen eskaria gainditzen badu, soberakin hori atzerrira bidali behar da, kanpo-herrialde horretan herrialde honetan eskaria duen zerbaiten truke ganbia dadin". Honelako esportaziorik gabe, herrialdeko lan ekoizkorraren zati bat bertan behera geratuko da, eta urteko ekoizpenaren balioa txikiagotu egingo da. Britainia Handiko lanak eta lurrak, orokorki, barne-merkatuak behar duena baino labore, artilezko jantzi eta tresneria gehiago ekoizten dituzte. Ekoizpen honen soberakina, beraz, kanpora bidali behar da, eta bertan eskatzen den zerbaiten truke eman. Izan ere, honelako esportazioaren bidez soberakin horrek nahiko balio erdiets dezake, hain zuzen, berau ekoizteko behar diren gastuak eta lana konpentsatzeko adina". Goiko pasarte hau dela eta, bakarren batek pentsa lezake Adam Smithek ondorioztatzen duela nolabait behartuta gaudela laboreen, artilezko jantzien, eta tresneriaren soberakinak ekoiztera; eta ondasun horiek ekoizteko erabiltzen den kapitala beste era batera ezin litekeela enplega. Baina beti hauta daiteke kapitala egokien enplega daitekeeneko era; eta ondorioz, merkantzia baten ekoizpenean inoiz ezin daiteke denbora luzean soberakinik egon; soberakinik balego, prezioa bere prezio naturaletik behera eroriko litzateke, eta kapitala profitagarriagoa den enplegura mugituko litzateke. Idazlerik ez dago Adam Smithena bezain trebezia handiz frogatu duenik kapitalaren mugitzeko joera hau, baldin eta ondasunaren prezioak bera ekoizteko eta merkaturaino eroateko egiten diren gastuak, ohiko irabaziak barne, estaltzen ez baditu. Ikus, X. kapitulua, I. liburua.
4 "Mota guztietako mailegu publikoek", oharrarazten du Say jaunak, "kapitala edo beronen zati bat erretiratzea suposatzen dute, eta honek eragozpen batzuk dakartza, enplegu ekoizkorretik atera eta kontsumoan erabiltzeko izango baita; hau herrialde baten barruan burutzen denean eta bertako gobernuak konfidantza handiegia ematen ez duenean, mailegu horien interesa altxatu egin behar da, eta horrek ere ondorio kaltegarriak dakartza. Nor egongo litzateke prest nekazaritza, industria zein merkataritzari urteko mailegua ehuneko 5ean emateko, mailegu-hartzaileren batek ehuneko 7 edo 8 ordaintzen badu? Honelako sarrera-mota, zeini kapitalaren irabazi-tasa deitzen zaion, kontsumitzailearen kontura igo egingo litzateke. Kontsumoa urritu egingo litzateke ekoizpenaren prezioa igo egin delako; eta beste zerbitzu ekoizkor guztien eskaria gutxitu egingo litzateke, eta gutxiago ordainduta ere egingo lirateke. Nazio guztiak, kapitalistak salbu, honelako egoera batean galtzaile izango lirateke". Orduan, galdera hau da: nork emango lizkieke maileguak nekazari, ekoizle eta merkatariei urteko interes-tasa ehuneko 5ekoa denean, diru-hartzaile bat ehuneko 7 edo 8 ordaintzera prest dagoenean? Edozein gizaki zuhur eta arrazoizkok ordainduko lukeela erantzungo nuke. Interes-tasa ehuneko 7 edo 8koa bada, mailegu-emaileak aparteko arriskua jasaten duelako da; beraz, arrisku horretatik at, interes-tasa horrek berdina izan behar al luke? Say jaunak onartzen du interes-tasa irabazi-tasaren menpe dagoela; baina ez du ondorioztatzen irabazi-tasa interes-tasaren menpe dagoenik. Bata zergatia da, eta ondorioa bestea; eta nolanahi ere, ezinezkoa da lekuz aldatzea.
XXII. kapitulua
1 Beste leku batean honakoa dio: "Edozein izanda ere kanpo-merkataritzak har dezakeen tamaina sari bat dela eta, urte horretan hori guztia barne-merkatuaren gain egongo da; izan ere, sari horren ondorioz esportatzen den bushel labore bakoitza ez litzateke esportatuko, eta barne-merkatuan geratuko litzateke; eta kontsumitu ahal izateko ondasun horren prezioak jaitsi beharko luke. Laborearen gaineko sariak, ikusten denez, esportazioei buruzko beste edozein sarik bezala, zergaburuen gain bi zerga-mota desberdin ezartzen ditu: 1. saria ordaintzeko ezarri behar den zerga; eta 2. merkantzia horrengatik barne-merkatuan ordaindu behar den prezio gehigarria, hau ere zerga bat dela suposa baitaiteke, eta jende gehiena labore-eroslea denez gero, merkantzia berezi hau dela eta, jende guztiak ordaindu beharko ditu zerga gehigarri horiek. Merkantzia berezi honetan, beraz, bigarren zerga hau da bietatik astunena". "Lehenengo zergarengatik bost shilling ordaintzen badira, 6£ eta 4 shilling ordaindu behar dituzte bigarrenarengatik". "Sariak eragiten duen aparteko esportazioak, ez du bakarrik urte jakin horretan gutxitzen merkatua eta barne-kontsumoa, kanpokoa gehitzen duen bezala; baizik herrialdeko populazio eta industria murrizten direnez, bere azken ondorioa, barne-merkatua mailaka txikitzea da; eta ondorioz, epe luzean gehiago urritzea merkatua zein laborearen kontsumoa".
2 Say jauna iritzi berdinekoa da. (II. bolumena, 335. orr.).
3 Ikus Errentari buruzko kapitulua.
4 Say jaunak dioenez, industriari nazionalek lortzen duten abantaila behin-behinekoa da. "Kanpo-merkantzia batzuk inportatzea guztiz debekatzen duen gobernu batek, herrialdean bertan honelako merkantziak ekoizten dituen aldeko monopolioa ezartzen du, eta aldi berean, merkantzia horiek kontsumitzen dituztenen aurkakoa izango da; beste hitz batzuetan, herrialde honetan ekoizten dituztenek beste inork ez du saltzeko pribilegioa, eta prezio naturalaren gainetik ipin dezakete merkantzia horien prezioa; ondorioz, bertako kontsumitzaileek beste inon ezin ditzaketenez erdiets, garestiago erosi beharrean daude". (I. bolumena, 201. orr.). Baina nola manten dezakete iraunkorki beren ondasunen merkatu-prezioa bere prezio naturalaren gainetik, hiritar bakoitza industria honetan sartzeko libre denean? Hauek atzerritar lehiaketatik babesturik daude, baina barne-lehiaketatik ezin dezakete ihes egin. Honelako monopolioek herrialdeari egiten dioten kalte erreala, hala deitu ahal badiegu, ez dator ondasun horien merkatu-prezioa igotzetik, bere prezio erreal eta naturala igotzetik baizik. Ekoizpen-kostua igotzen bada, herrialdeko eskulanaren zati bat ekoizkortasun apalagoko jardueran enplegatuko da.
5 "Merkataritza librea beharrezkoa da Britainia Handia bezalako he-
rrialde batentzat, bertan merkantzia guztien oparotasuna baitago, eta ziurtatuta dago gizarte guztien beharrizanetarako merkantzia egokiak izango direla, eta beraz, eskasi egoeratik babesturik geratzen da. Munduko nazioak ez daude kondenatuak datoak botatzera, horien artetik zeinek egon behar duen gosearen menpe, eta zeinek ez erabakitzeko. Munduan beti dago elikagai ugari. Ugaritasun honetatik etengabe gozatzeko nahikoa da debeku eta murrizketa guztiak kentzea, eta utzi egin behar diogu Probidentziaren jakinduriaren aurka egoteari". "Corn Laws and Trade" artikulua. Encyclopedia Britannica-ren gehigarria.
6 Ondoko pasarte hauek ez al daude gorago aipatutakoari kontrajarrita? "Gainera, barne-merkataritza, nahiz gutxiago nozitu (esku ugariren pean dagoelako), nabarmena da, baita profitagarriena ere. Merkataritza honetan ganbiatzen diren merkantziak, nahitanahiez, herrialde bereko ekoizpenak dira". (I. bolumena, 84. orr.).
"Ingeles gobernua ez al da ohartu salmenta profitagarrienak herrialde batek bere buruari egiten dizkionak direla, ezin daitezkeelako gauzatu nazioan ekoiztutako bi baliorik gabe: saltzen den balioa eta erosketa egiteko erabiltzen den balio hura". (I. bolumena, 221. orr.).
XXVI. kapituluan iritzi honen esangura aztertuko dut.
XXIII. kapitulua
1 Ikus 120. orr.
XXVI. kapitulua
1 Say jauna Adam Smithen iritzi berekoa da: "Nekazaritzaren ondoren, kapitalaren enplegu ekoizkorrena, herrialdearentzat orokorki, manufaktura eta barne-merkataritza dira, industria bat jardueran ipintzen duenez, hortik herrialdeak irabaziak ateratzen dituelako; bien bitartean, kanpo-merkataritzan enplegatzen diren kapital horiek herrialde guztietako kapitalak eta lurrak ekoizkor bihurtzen dituzte, bereizketarik gabe.
"Herrialde batentzat kapitalaren erabilpen txarrena bi kanpo-herrialdeen arteko garraioan enplegatzea da" (Say, II. bolumena, 120. orr.).
2 Agian, hau gogorregi esanda dago, normalki langileari baitagokio alokairuaren izenpean, ekoizpenean derrigorrez egin behar diren gastuei baino gehiago. Kasu horretan, herrialdeko ekoizpen netoaren zati bat langileak eskuratuko luke, eta berak gasta edo aurrez dezake; edo herrialdearen defentsan bere ekarpena egiteko aukera ematen dio.
3 Say jaunak ez nau batere ulertu suposatzen duelako ez dudala ezertarako kontutan hartu hainbat gizakiren zoriontasuna. Nire ustez, testuak nahikoa garbi azaltzen du nire azpimarraketak Adam Smith oinarritu den oinarri berezietara mugatzen direla.
4 "Zorionez gertakizun naturalek kapitala ez dute irabazi handienak burutzen diren enpleguetara erakartzen, komunitatearentzat onuragarrienak diren beste horietara baizik". (II. bolumena, 122. orr.). Say jaunak ez digu esan zeintzuk diren enplegu horiek, hain zuzen ere, gizabanakoarentzat profitagarrienak badira ere, ez direla halakoak estatuarentzat. Herrialdeek kapitala mugatua badute eta aldi berean lur emankor ugari badute ere, printzipioz ez dira kanpo-merkataritzan aritzen. Hala gertatzen da gizabanakoentzat ez delako hain profitagarria, eta beraz, estatuarentzat ere gauza bera izango da.
XXVII. kapitulua
1 Urrezko txanponari buruz esaten dudana, zilarrezko txanponari ere aplikagarri zaio; ez dut beharrezkoa ikusten aldiro bi metalak aipatzea.
2 Pasarte hau eta hurrengoak, parentesia itxi arte, 244. orr., "Proposals for an Economical and Secure Currency" izenburua duen panfletotik aterata daude. Panfleto hau 1816an argitaratu zuen egile honek.
3 Hemen aipatzen den 3£ 17s.ko prezioa erabat arbitrarioa da. Agian, arrazoiak egon litezke prezio altuxeago edo apalxeago bat finkatzeko. 3£ 17s. esaten denean printzipioa besterik ez dut argitu nahi. Prezioa finkatzean, saltzaileak interes gehiago izan beharko luke urrea Bankuari saltzeko, urrea txanponduko luketen Diruaren Etxera eramateko baino.
Ohar berdina aplika dakioke aipatzen den 20 ontza-kopuruaren kasuari. Arrazoiak egon litezke hamar edo hogeita hamar bihurtzeko.
4 Azken aldi honetan Legebiltzarrean Lord Lauderdalek sostengatu du gaur egungo diruaren arauekin, Bankuak ezin dituela bere bileteak gauzetan ordaindu; izan ere, bi moneten arteko balioa erlatiboa denez, zordun guztien interesa beren zorrak zilarrezko dirutan kitatzea izango litzateke, eta inola ere ez urrezko dirutan, legeak ahalmen osoa ematen dien bitartean Bankuaren hartzekodun guztiei urrea eska dezaten banku-bileteen ganbiotan. Urre hau, Lord Lauderdaleren ustetan, mozkinekin esporta liteke; eta honela egingo balitz, berak sostengatzen duenez, Bankua urre-eskaintza mantentzera behartuta egongo litzateke, eta horretarako urre saritua etengabe erosi beharrean egongo da, gero parean saltzeko. Zordun guztiek zilarretan ordaindu ahal badute, Lord Lauderdale zuzen egongo litzateke; baina berak ezin dezake hori egin bere zorra 40s.koa baino handiagoa bada. Horrek, orduan, zilarrezko txanponaren zirkulazioa mugatuko luke (gobernuak ez badu beretzat gorde metal hori txanponketa bertan behera uzteko ahalmena une egokia dela kontsideratzen duenean); zilar gehiegi txanponduko balitz, honen urrearekiko balio erlatiboa erori egingo litzateke, eta inork ez luke onartuko zorra 40s.koa baino handiagoa izatea, ez bazaio behintzat balio gutxiago duela eta konpentsatzen. 100£ko zorra ordaintzeko libera bateko ehun bilete beharko lirateke, orotara 100£ beraz; baina 105£ zilarrezko txanpon behar izan litezke zilar gehiegi balego zirkulazioan. Bi galga daude, beraz, zilarrezko diru gehiegi egon ez dadin; lehenik, zuzenean gobernuak ipintzen duena, zilar gehiago ez txanpontzea; eta bigarrenik, inork ez lukeela interesik izango zilarra Diruaren Etxera eramateko bertan txanpon dezaten, nahiz hori honela egin ahal izan, zeren eta zilar hori txanponduko balitz, zirkulazioan ez bailuke txanpondutakoaren balio-tasa edukiko, bere merkatu-balioa baizik.
XXX. kapitulua
1 Gaur egungo urre- eta zilar-kantitate guztia tresneria eta apaingarriak egiteko besterik ez balitz erabiliko, ugariagoak, eta ondorioz, merkeagoak izango lirateke; beste hitz batzuetan, metal hauek beste edozein motatako merkantziekin ganbiatzerakoan, behartuta egongo ginateke proportzionalki metal horietatik kopuru handiagoa emateko. Baina metal hauen kantitate handiak erabiltzen direnez diru bihurtzeko, gutxiago geratzen da zilargintza eta urregintzarako; eta urritasun honek beren balioa gehitu egiten du. Say, II. bolumena, 316. orr.
2 An Inquiry into the Nature and Origin of Public Wealth, 13. orr.
XXXI. kapitulua
1 "Eskulan-eskaria kapital zirkulatzailearen gehikuntzaren menpe dago, eta ez kapital finkoak duen gehikuntzaren menpe. Egia balitz bi kapital-mota horien arteko proportzioa beti eta herrialde guztietan berdina dela, benetan enplegatutako langile-kopurua estatuaren aberastasunaren proportzioan egongo litzateke. Baina honelako baieztapenak ez dauka, inondik ere, betetzeko aukerarik. Arteak lantzen diren heinean eta zibilizazioa zabaldu ahala, kapital finkoaren proportzioa beti handitu egiten da kapital zirkulatzailearekiko. Britainiar muselina pieza bat egiteko enplegatzen den kapital finkoa, gutxienez, ehun bider handiagoa da Indian antzeko pieza bat egiteko erabilitakoa baino. Eta enplegatzen den kapital zirkulatzailea ehun edo mila bider txikiagoa da. Ulertzea erraza da, zenbait egoeratan, populazio langilearen urteko aurrezkiak kapital finkoa gehi lezakeela, eta honelako kasuan, ez lukete eskulan-eskaria handituko". Barton, On the Condition of labouring Classes of Society, 16. orr.
Zenbait egoeratan ez da erraza ulertzea, nire ustez, eskulan-eskariaren gehikuntzak ez diola kapital gehikuntzari jarraituko; esan daitekeen guztia eskari hori proportzio urrikorrean dagoela da. Aipatutako argitalpenean, Barton jaunak, nire ustez, erabat zuzen antzeman ditu langile-klasearen gain kapital finkoaren gehikuntzak sortzen dituen ondorioak. Bere saioak informazio baliagarria dauka.
XXXII. kapitulua
1 An Inquiry into the Nature and Progress of Rent, 15. orr.
2 Ikus 89. eta 90. orr., non ni saiatu naizen demostratzen, nahiz laborea ekoizteko erraztasun edo zailtasunak egon, alokairuek eta irabaziek, batera, beti balio
8 Ez dago aldiro esan beharrik, baina beti ulertu behar da, lehengaien prezioari eta errentaren gorakadari dagokienez emaitza berdinak emango direla, nahiz eta lur berri batean kopuru jakineko eta errentarik ordaintzen ez duen kapital gehigarria enplegatu, edo kapital hori jadanik lantzen diren lurretan enplegatu, bietan lortzen den ekoizkin-kantitate berdina baldin bada behintzat. Ikus 55. orr.
Say jaunak lan hau frantsesera itzuli zuenean zenbait ohar egin zizkion; eta ohar hauen arabera inoiz ez omen dago lantzen den lurrik errentarik ordaintzeke. Hau da behintzat frogatzen saiatu dena; bere ustez, lantzen diren lur guztiek errenta ordaintzen dute; eta hori demostratu duela uste duenez, doktrina horretatik ateratzen diren ondorio guztiak suntsitu egiten dituela deritzo. Adibidez, berak dioenez, ni ez nago zuzen labore eta beste lehengaiei buruzko zergek prezioa igotzen dutela, eta gero errentaren gain erori beharrean kontsumitzailearen gain erortzen direla esaten dudanean. Berak, honelako zergak errentaren gain erortzen direla defenditzen du. Baina Say jaunak ondorio honen zuhurtasuna ziurtatu aurretik frogatu behar du ere, lurrean kapitalik ez dela enplegatzen horrengatik errentarik ordaintzen ez bada behintzat (ikus ohar honen hasiera, eta lan honen
51. eta 56. orrialdeak); ez da hau egiten saiatu. Bere oharretan ez du doktrina garrantzitsu hau arbuiatzen, ezta kontutan hartu ere. Frantseseko bigarren argitalpenean, 182. orrialdeari egiten dion oharrean ez da ikusten gai honi buruz jakinaren gainean dagoenik.
9 Observations on the Corn Laws, 4. orr.
10 Pasarte hau Malthus jaunari erakutsi nionean, bere lan hau inprimategira sartzera zihoan, eta honakoaz ohartarazi ninduen: "Bi adibide horietan konturatzeke prezio erreal terminoa erabili zuela ekoizpen-kostua erabili ordez. Jadanik esan dudanetik ikusiko da nire ustetan bi adibide horietan prezio erreal terminoa erabili duela bere benetako eduki eta zuhurtasunarekin, eta lehenengo kasuan bakarrik erabiltzen dela oker termino hori.
11 Ikus 57. orr.
12 Manufakturen prezioa, benetan, ezin liteke honelako proportzioan jaitsi, zeren eta honela suposatutako egoeratan, herrialde desberdinen artean metal preziatuen banaketa berria egongo bailitzateke. Gure merkantzia merkeak labore eta urrearen truke esportatuko lirateke, metal honen metaketak berorren balioa jaitsarazi eta merkantzien diruzko prezioa igoarazi arte.
13 The Grounds of an Opinion, etab., 36. orr.
14 Bere lanaren beste alderdi batean, Malthus jaunak merkantziak ehuneko 25 edo 20 aldatzen direla laborea ehuneko 33,33 aldatzen denean suposatzen du.
15 Ekoizpen neto eta ekoizpen gordinari buruz Say jaunak honela hitz egiten du: "Ekoiztutako balio guztia ekoizpen gordina da; balio honi ekoizpen-kostua kendu ondorengoa, ekoizpen netoa da" (II. bolumena, 491. orr.). Beraz, Say jaunaren arabera, ezin daiteke ekoizpen netorik egon, ekoizpen-kostua errentak, alokairuek eta irabaziak osatzen dutelako. 508. orrialdean, honela dio: "Ekoizkin baten balioa, zerbitzu ekoizkor baten balioa, ekoizpen-kostuaren balioa, hauek guztiak, antzeko balioak dira, gauzak bere kasa eratzen uzten direnean". Guztitik guztia har ezazue, eta ez da ezer geratuko.
uiry, eta abar. "Herrialde aurrerakor guztietan laborearen batezbesteko prezioa ez da inoiz ekoizpenaren batezbesteko gehikuntza burutzeko behar dena baino altuagoa". Observations, 21. orr.
"Kapital berria lurrean enplegatzean, populazio hazkorraren beharrizanak horni daitezen, kapital berri hau lur berriak lantzen ipintzeko edo jadanik lantzen direnak hobetzeko bada ere, arazo nagusia kapital honetatik itxarondako errendimenduetan datza; eta ezin daiteke zatirik kendu irabazi gordinetatik, kapitala honela erabiltzeko motibazioa gutxitzeke. Prezioaren beherakada bakoitza, guztia eta berehala, ez bada behintzat etxaldean egiten diren gastu guztien murrizketa proportzional batekin orekatzen, lurrari buruzko zerga bakoitza, bertako abeltzantzari buruzkoa, edo nekazarientzako oinarrizko ondasunen gainekoa, kontutan hartuko dira kalkulu horiek egiterakoan; eta sarrera hauek guztiak kontutan hartu ondoren, ekoizkinaren prezioak ez badu kapital hori saritzen mozkin egoki batekin, irabazi-tasa orokorraren arabera, eta lurraren errenta ere gutxienez ez bada aurreko egoeran ordaintzen zen adinakoa, ezin daiteke egon nahikoa motibaziorik aurrikusitako hobekuntzak egiteko". Observations, 22. orr.
6 Ikus 92. orr.
7 Ikus 61. orr.
8 Ez dago aldiro esan beharrik, baina beti ulertu behar da, lehengaien prezioari eta errentaren gorakadari dagokienez emaitza berdinak emango direla, nahiz eta lur berri batean kopuru jakineko eta errentarik ordaintzen ez duen kapital gehigarria enplegatu, edo kapital hori jadanik lantzen diren lurretan enplegatu, bietan lortzen den ekoizkin-kantitate berdina baldin bada behintzat. Ikus 55. orr.
Say jaunak lan hau frantsesera itzuli zuenean zenbait ohar egin zizkion; eta ohar hauen arabera inoiz ez omen dago lantzen den lurrik errentarik ordaintzeke. Hau da behintzat frogatzen saiatu dena; bere ustez, lantzen diren lur guztiek errenta ordaintzen dute; eta hori demostratu duela uste duenez, doktrina horretatik ateratzen diren ondorio guztiak suntsitu egiten dituela deritzo. Adibidez, berak dioenez, ni ez nago zuzen labore eta beste lehengaiei buruzko zergek prezioa igotzen dutela, eta gero errentaren gain erori beharrean kontsumitzailearen gain erortzen direla esaten dudanean. Berak, honel gaohar honen hasiera, eta lan honen
51. eta 56. orrialdeak); ez da hau egiten saiatu. Bere oharretan ez du doktrina garrantzitsu hau arbuiatzen, ezta kontutan hartu ere. Frantseseko bigarren argitalpenean, 182. orrialdeari egiten dion oharrean ez da ikusten gai honi buruz jakinaren gainean dagoenik.
x
[[Kategoria:Ekonomia]]
[[Kategoria:Klasikoen Bilduma]]All content in the above text box is licensed under the Creative Commons Attribution-ShareAlike license Version 4 and was originally sourced from https://eu.wikisource.org/w/index.php?oldid=14141.
![]() ![]() This site is not affiliated with or endorsed in any way by the Wikimedia Foundation or any of its affiliates. In fact, we fucking despise them.
|